EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-04-25 Aldizkari honetan argitaratua: 2018079

EBAZPENA, 2018ko apirilaren 16koa, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez hautaketa-prozedura baterako deia egiten baita, Ertzaintzaren Oinarrizko Eskalako karrerako funtzionarioentzat Brigada Mugikorrean Espezializatzeko Ikastaroetan sartzeko dena.

Organo emailea: SEGURTASUN SAILA
Xedapenaren data: 2018-04-16
Hurrenkenaren zenbakia: 201802292
Maila: Ebazpena
Deialdia egiteko, honako hauetan xedatutakoa hartu da aintzat: Euskadiko Segurtasun Publikoaren Sistema Antolatzeko ekainaren 28ko 15/2012 Legea; Euskal Herriko Poliziari buruzko uztailaren 17ko 4/1992 Legea; eta Euskal Herriko Poliziaren hautaketa- eta prestakuntza-araudia onartzen duen uztailaren 19ko 315/1994 Dekretua, eta horren gainean maiatzaren 21eko 111/2002 Dekretuak eta otsailaren 17ko 36/2004 Dekretuak egindako aldaketak.
Halaber, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako Kontseilu Errektoreak ere onartu du deialdia, eta, hartara, Segurtasuneko sailburuordeak egindako eskabideari erantzun zaio.
Horretan guztian oinarrituta, zuzendari honek erabaki du Ertzaintzaren Oinarrizko Eskalako karrerako funtzionarioentzat Brigada Mugikorrean Espezializatzeko ikastaroetan sartzeko hautaketa-prozedurarako deialdia egitea, honako oinarriekin bat etorriz.
OINARRIAK
Lehenengoa.– Deialdiaren xedea.
1.– Ertzaintzaren Oinarrizko Eskalako Karrerako funtzionarioei begira, Brigada Mugikorreko Espezializazio Ikastaroetan oposizio bidez sartzeko hautaketa prozedurarako deia egiten da.
2.– Deitutako plazak 80 dira guztira.
3.– Hautaketa-prozedura horren fase bat gehiago gisa osatuko da prestakuntza-ikastaro batekin batera.
4.– Deitutako plaza kopurua handitu daiteke sortzen diren plaza hutsen arabera, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez. Ebazpen hori Euskal Herriko Poliziaren hautaketa- eta prestakuntza-araudia onartzen duen uztailaren 19ko 315/1994 Dekretuaren 40.2 artikuluan aurreikusitakoarekin bat etorriz argitaratuko da.
Lanpostu-gehikuntza hori 10. oinarriko 3. zenbakian aurreikusitako izapidea gauzatu aurretik ezarri beharko da.
Bigarrena.– Izangaien betekizunak.
1.– Hautaketa-prozeduran onartuak izateko honako baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Aldez aurretik eskaera egitea.
b) Ertzaintzaren karrerako funtzionario izaera edukitzea.
c) Ertzaintzaren Oinarrizko Eskalako agente kategorian jarduneko zerbitzu administrazio-egoeran izatea.
d) Euskal Herriko Poliziari buruzko uztailaren 17ko 4/1992 Legearen 65.5 artikuluaren arabera, lanean gutxieneko aldia egon beharra ezarriko duen lanpostuari atxikita ez egotea izangaia.
e) Brigada Mugikorreko Espezializazioan hiru deialdi baino gehiagotan parte hartu gabe egotea. Deialdi bat agortutzat emango da, eta zenbagarritzat joko da, funtzionarioa ikastaroan parte hartzeko ontzat ematen den kasuan. Ez ordea, deia egiten duen organoak ikusten badu, nahi gabeko kausa dela-eta, izangaia ikastarora ez dela bertaratu edo ikastaroa ez duela amaitu. Hala denean, behar bezala justifikatuta egon beharko du.
f) Deialdi honetako I. eranskinean aipatutako baztertzeko osasun-kasuen taulan ez egotea.
2.– Hautaketa-prozeduran parte hartzeko aurreko atalean ezarritako baldintza guztiak bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea amaitu aurretik.
3.– Hautaketa-prozeduran onartua izateko eta parte hartzeko, nahikoa izango da izangaiek, beren eskabide orrian, eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela adieraztea, beti ere, eskabideak aurkezteko epea bukatzen denerako bete beharko dituzte. Bi aldeok ziurtatzea deitzen duen organoaren eginkizuna izango da eta ofizioz ziurtatuko du dagokionean Segurtasun Sailak eskatuz.
Horren kaltetan izan barik, hautaketa-prozeduran zehar, prozedura horretan parte hartzen duenari, Ebazpen honetako 2. oinarriko 1.f) puntuan adierazitako baztertze medikuen taularen barruan dagoela egiaztatzeari begira, beharrezkotzat jotzen diren azterketa medikoak egingo zaizkio. Egiaztatze hori horretarako izendatutako Epaimahai medikoak egingo du.
4.– Hautaketa-prozeduraren edota uneren batean, onartutako eta baztertzeko zerrenda egiten duen eskudun organoak jakingo balu izangaietako bati deialdian parte hartzeko eskatutako baldintzen bat falta zaiola, hautaketa prozesutik kanpo utziko luke, eta hala badagokio, prestakuntza ikastarotik baztertu egingo luke, beti ere, interesdunari entzun ondoren.
Hirugarrena.– Eskabideak.
1.– Hautaketa-prozeduran parte hartu nahi dutenek sailen arteko intraneten bitartez –Gurenet– eta horretan azaltzen den eskabide eredua erabiliz egin beharko dute eskabidea.
2.– Eskabideak aurkezteko epea 20 egun baliodunekoa izango da, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita.
3.– Eskabidean zehaztu egin beharko dute oposizioko probak zein hizkuntzatan egin nahi dituzten banakako, gazteleraz edo euskaraz.
4.– Izangaiak eskabidean aipatu egin beharko du eskatutako baldintza guztiak betetzen dituela eskabidea aurkezteko epea bukatzen den egunerako.
Laugarrena.– Izangaiak onartzea.
1.– Eskabideak aurkezteko epea bukatu ondoren, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiak onartuko du onartutakoen eta bazter utzitakoen behin-behineko zerrenda, eta zerrenda hori 15. oinarrian aurreikusitakoaren bat etorriz argitaratuko da.
2.– Behin-behineko zerrendan baztertuta agertzen diren izangaiei dagozkien arrazoiak adieraziko zaizkie, eta interesdunek 10 egun balioduneko epea izango dute erreklamazioak aurkezteko eta eskabideak izan ditzakeen hutsak zuzentzeko.
3.– Aurkeztutako erreklamazioak Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiaren Ebazpenean izango dira onartuak edo baztertuak, eta, horren bitartez, 15. oinarrian aurreikusitakoaren bat etorriz, behin betikoa izango da argitaratuta agertuko den onartutakoen eta baztertutakoen zerrenda.
Bosgarrena.– Epaimahai Kalifikatzailea.
1.– Epaimahai Kalifikatzaile bat eratuko da, eta beraren helburua izango da oposizio-lehiaketako probak zehaztea, garatzea eta ebaluatzea eta izangaiak hautatzea, Euskal Herriko Poliziari buruzko uztailaren 17ko 4/1992 Legearen eta uztailaren 19ko 315/1994 Dekretuaren aurreikuspenen arabera. Epaimahai horrek epaimahaiburua eta bi bokal izango ditu. Bokaletako batek idazkari lanak egingo ditu.
Epaimahai Kalifikatzailea osatzen duten kideen eta ordezkoen izendapena 15. oinarrian aurreikusitakoaren bat etorriz argitaratuko da eta Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendariaren Ebazpenaren bitartez egingo da. Otsailaren 28ko 4/2005 Legean xedatutakoarekin bat etorriz, orekatua izango da emakumezkoen eta gizonezkoen kopurua.
2.– Epaimahai Kalifikatzailearen jardunak aintzat hartuko ditu organo kolegiatuen funtzionamenduko araudi erregulatzailean indarrean diren xedapenak.
Epaimahai Kalifikatzailea osatzen duten kideei Sektore Publikoko Araubide Juridikoko 40/2015 Legearen 23. eta 24. artikuluetan bildutako abstentzio eta errefusatze kausak ezarriko zaizkie.
Epaimahai kalifikatzailean parte hartzeagatik legez ezarritako kalte-ordainak jasoko dira.
3.– Hautaketa sistema osatzen duten proben garapena eta ebaluaketa Epaimahai Kalifikatzaileari dagozkio, eta horrek, jarduteko autonomia osoa izango du. Prozeduraren objektibotasunaz Epaimahai Kalifikatzailea arduratuko da, eta deialdiko oinarriak betetzen direla bermatu du.
4.– Epaimahai Kalifikatzaileak, bere jardunerako, –hautaketa sistema osatzen duten probetarako–, aholkulari edo adituen laguntza izan dezake. Horien lana, beren berezitasun-jarduna ikusirik, aholkatzea eta modu teknikoan laguntzea izango da.
5.– Deialdiaren oinarrietan aurreikusten ez diren alderdiei dagokienez, hautatzeko sistema burutzeko beharrezko jotzen dituzten neurriak hartu, eta oinarri horiek ulertu eta ezartzerakoan sortzen diren arazo guztiak erabaki ahal izango ditu epaimahaiak, baita bere funtzioetako jarduna ere.
6.– Epaimahaiak ezingo ditu hautagai gehiago hautatu, deialdiko lanpostu kopurua baino. Muga hori hausten duten proposamen guztiak erabat deusezak izango dira.
7.– Epaimahai kalifikatzailearen erabakiak 15. oinarrian aurreikusitakoaren bat etorriz argitaratuko dira.
8.– Epaimahai kalifikatzaileari zuzendutako idatziak honako posta elektroniko honetara bidali beharko dira:
2018brigadamugikorra@seg.euskadi.eus
Epaimahaiak bide horretatik erantzungo die jasotako idatziei, beti ere, Ertzaintzako funtzionarioen posta elektroniko korporatiboko norbanako helbidera zuzendutakoei.
Seigarrena.– Hautatzeko sistema.
1.– Hautaketa prozesua oposizio bitartez izango da. Oposizio horretan izangaien gaitasuna eta beraien arteko lehentasun hurrenkera zehaztuko dira.
2.– Oposizioko guztirako puntuazioa hori osatzen duten ariketa edo proba desberdinetan lortutako gehiketatik lortutakoa izango da, eta hala dagokionean, euskararen ezagutza merezimendu gisa ebaluatuko da. Puntuazio horrek zehaztuko du izangaien lehentasun ordena.
Zazpigarrena.– Oposizioa.
Oposizioan segidan honako proba hauek egin beharko dira:
1.– Lehenengo proba. Derrigorrezkoa eta baztertze izaerakoa. Gaitasun fisikoa neurtzeko proba, 0tik 40ra bitartean baloratuko da. Ebazpen honetako II. eranskinean adierazten diren ariketa fisikoak egingo dira.
Izangaiek euren ardurapean bakarrik egingo dituzte ariketa fisikoak eta horretarako egokia den kirol ekipoaz horniturik bertaratu beharko dute.
Lehenengo proba honetan bi ataletan banaturiko lau (4) ariketa egin beharko dira.
Lehen atalean hiru ariketa egin beharko dira, indarra neurtzekoak. Atal hau osatzen duten hiru ariketok 0tik 10 puntura bitartean baloratuko dira. Atal hau gainditzeko gutxienez 18 puntu lortu beharko dira. Era berean, hiru ariketotatik bitan gutxieneko bost puntuak ez lortzea ere proba ez gainditutzat joko da. Betekizun horietako bat ez gainditzea atal hori ere ez gainditzea adieraziko luke.
Bigarren atalean ariketa bakarra egin beharko da, erresistentzia aerobikoa neurtzeko izango dena. Ariketa hau 0tik 10 puntura bitartean baloratuko da. Atal hau ez gainditutzat joko da ariketa honetan gutxienez bost puntu lortzen ez badira.
Gaitasun fisikoaren proba gainditzeko proba hori osatzen duten atal bakoitza gainditu beharko da.
2.– Bigarren proba. Derrigorrezkoa eta baztertze izaerakoa. Test psikoteknikoa egingo da eta 0tik 20 puntura bitartean baloratuko da. Proba honetan gutxienez 10,00 puntu lortzen ez duena modu automatikoan baztertuta geratuko da. Bigarren proba honetan Brigada Mugikorraren eginkizunetarako gaitasunak baloratuko zaizkie izangaiei.
Idatzizko test psikotekniko bati erantzun beharko zaio honako aldagaiak ebaluatzeari begira: hitzezko gaitasunak, arrazoitze-gaitasunak eta gaitasun espazialak.
Test erako galdetegiko galdera bakoitzean lau erantzun aukera izango dira. Lau aukera horietatik bat bakarrik izango da erantzun zuzena.
Proba honetan gaizki emandako erantzun bakoitza erantzun zuzen bakoitzari emandako baliotik % 0,333rekin zigortuko da. Erantzun bat baino gehiagoko galderak erantzun gabetzat hartuko dira. Erantzun gabeko galderak ez dira zigortuko.
Hautaketa sistemaren hurrenkera onari begira, Epaimahai kalifikatzaileak, eskatu beharreko gutxiengo maila kontuan izanik, proba honetan erakutsitako ezagutza-maila eta hautagaien identitatea jakin baino lehen, ariketa bakoitza gainditzeko beharrezko gutxieneko puntuazioa non ezarri erabaki ahal izango du eta akordio hori argitaratuko du. Horrelakoan, ariketa bakoitzeko puntuazioa lortzeko, aurreko paragrafoan xedatutakoarekin bat etorriz, Epaimahai kalifikatzaileak honako formula aplikatuko du:
HAP = (APgeh / 2) x (1 + (PZ - m) / (PZgeh - m))
Hau da:
HAP = Hautagaiak lortutako azken puntuazioa.
APgeh = Ariketan gehienez lor daitekeen azken puntuazioa (deialdiaren oinarrien arabera, ariketan lor daitekeen puntuazio altuena: 20 puntu).
PZ = Hautagaiak lortutako puntuazio zuzena:
PZ = Erantzun zuzenak - (errore kopurua x 0,333).
m = Epaimahaiak ezarritako ariketa gainditzeko gutxienez lortu beharreko puntuazioa.
3.– Hirugarren proba. Derrigorrezkoa eta baztertze izaerakoa. Proba honetan, nortasun ezaugarriak eta orekarik ez izatearen beste adierazle batzuk ebaluatuko dira eta izangaiaren jokaeraren eta izaeraren egokitasunak zehaztuko dira. Proba hau honako bi ariketek osatuko dute:
a) Nortasun-testa: ariketa honen helburua da ebaluatzea hautaketa-prozeduran parte hartzen dutenen nortasun-ezaugarri nagusiak eta asaldura eta moldatu ezina neurtzeko adierazleak. Proba honetan, 0 puntutik 10era emango dira, eta kanpoan utziko dira gutxienez 5 puntu lortzen ez dutenak.
Test psikologikoa aurrez aurreko elkarrizketa baino lehen egingo eta zuzenduko da.
b) Aurrez aurreko elkarrizketa, lan-jardunarekin zerikusia duten jokabideak neurtzekoa. Ariketa 0 puntutik 10era baloratuko da, eta gutxienez 5 puntu lortzen ez duena modu automatikoan baztertuta geratuko da.
Elkarrizketaren ariketa egin aurretik, prozesuan parte hartzen dutenek curriculum vitae sinplifikatu bat bete beharko dute, eskuratuko zaien eredu normalizatuaren arabera. Curriculum hori ez da puntuagarria izango, eta elkarrizketa egiteko oinarri gisa baino ez da erabiliko.
Zortzigarrena – Oposizioko proben garapena.
1.– Lehenengo azterketa noiz, zein ordutan eta non egingo den gutxienez zazpi egun natural lehenago iragarriko da Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako iragarki-oholean. Ondorengo azterketak noiz, zein ordutan eta non egingo diren gutxienez hirurogeita hamabi ordu lehenago iragarriko dira Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako iragarki-oholean.
2.– Epaimahai Kalifikatzaileak deialdi honetan ezarritakoa ez bezala egin ahal izango ditu proba edo oposizioa osatzen duten ariketa desberdinak; hau da, ordena desberdinean eta egun berean proba bat baino gehiago egin edo ez egin. Azken honetan, emaitzak agertuko dira aurreko proba gainditu duten neurrian.
3.– Epaimahaiak derrigorrezko probak edota ariketak egiteko finkatutako tokian, datan eta orduan agertzen ez diren izangaiak hautaketa prozeduratik baztertuta utziko ditu behin betiko, baztertzearen arrazoia ezinbestekoa izan arren. Arau bera aplikatuko zaie edozein derrigorrezko probetara edo ariketetara berandu bertaratzen diren izangaiei.
4.– Oposiziogileek identitatea egiaztatzen duten agiria eraman beharko dute proba guztietara, Epaimahai Kalifikatzaileak noizbait eska baitiezaieke hori erakusteko.
5.– Proben emaitzak, Epaimahai Kalifikatzailearen Akordio bitartez, 15. oinarrian aurreikusitakoaren bat etorriz argitaratuko dira.
Bederatzigarrena.– Euskararen ezagutza baloratzea.
1.– Eskabideak aurkezteko epe-mugan Ertzaintzaren 1. hizkuntza-eskakizuna egiaztatuta daukatenei 8,00 puntu aitortuko zaizkie.
2.– Hautaketa-prozesuaren garapenean ez da euskararen ezagutza egiaztatzeko inolako probarik egingo.
3.– Aipatutako egiaztagiriak Epaimahai kalifikatzaileak konprobatu eta baloratuko ditu ofizioz.
Hamargarrena.– Azken kalifikazioa.
1.– Oposizioko guztirako kalifikazioa, proba edo ariketa desberdinetan lortutako puntuaketaren batuketa izango da, eta hala dagokionean euskararen ezagutza merezimendu gisa ebaluatzetik gehitzen dena, guzti horrek zehaztuko duelarik izangaien lehentasun-hurrenkera.
2.– Lehentasun-hurrenkerako puntuazioen berdinketa honako irizpide hauekin bat etorriz ebatziko dira eta honako ordena honi jarraituz:
a) Emakumeen eta Gizonen berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legea.
b) Euskararen ezagutzan lortutako puntuazio altuena.
c) Gaitasun fisikoaren proban (oposizioko lehen proba) lortutako puntuazio altuena.
3.– Hautaketa sistemaren kalifikazioa amaitzen denean, 5. oinarrian aurreikusitako Epaimahai kalifikatzaileak, 15. oinarrian aurreikusitakoarekin bat etorriz, honako hauek onartu eta argitaratuko ditu eta Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiari igorriko dizkio:
a) Oposizioa gainditu duten izangaien zerrenda. Puntu gehien lortu dituenetik gutxien lortu dituenera antolatuta egongo da.
b) Hautaketa sistema gainditu ondoren eta sailkapen hurrenkerari jarraituz, deitutako plaza kopuruan sartzen diren pertsonen zerrenda.
c) Hautaketa sistema gainditu ondoren eta sailkapen hurrenkerari jarraituz, deitutako plaza kopuruan sartzen ez direnen zerrenda.
4.– Eraginkortasun-printzipioa aplikatuz, hautatutako izangaien zerrendetan edozein arrazoirengatik sor daitezkeen bete gabeko lanpostuak bete ahal izango dira Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiaren Ebazpenaren bitartez, deitutako plaza guztiak bete arte, aurreko puntuko c atalean ezarritako lehentasun-hurrenkera jarraituz, Kategoria horretako lanpostu hutsa hurrengo dauden izangaiekin bete arte. Erabaki horiek 15. oinarrian aurreikusitakoarekin bat etorriz argitaratuko dira.
Hamaikagarrena.– Brigada Mugikorreko Espezializazio ikastaroak.
1.– Hautatuek 10. oinarrian dioenaren arabera, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiak deituko ditu Ebazpenaren bidez, Brigada Mugikorreko Ikastaroak egiteko.
2.– Ikastaro desberdinetan atxikitzeko 10.3.a) Oinarrian ezarritako lehentasun-hurrenkera izango da kontuan.
3.– Interesdunei ikastaroetan sartzeko Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiak jakinaraziko die Giza Baliabideen Zuzendaritzaren bitartez.
4.– Prestakuntza-ikastaroak horien Ikasketa Planarekin bat etorriz garatuko dira.
5.– Brigada Mugikorreko Espezializazio Ikastaroak Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademian egingo dira edo zuzendari nagusiak erabakitzen duen egoitzan.
6.– Familia- eta Lan-bizitza uztartzeari buruzko Legea ezarriz aldagarria izango da prestakuntza-ikastaroetan sartzeko eskubidea; ezkontza eta erditzea, erditze aurretiko eta erditze ondorengo egoeretatik sortutakoak izango dira kontuan. Inguruabar horiek aintzat hartzeko eragindako pertsonek Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiari igorri beharko dizkiote halako alegazioak. Familia- eta Lan-bizitza uztartzeari buruzko Legea ezartzetik sortutako inguruabarren ezarpenean –ezkontza eta erditzea, erditze aurretiko eta erditze ondorengo egoeretatik sortutakoak– ikastaro batera atxikitako prestakuntza-ikastaroa egingo duen izangaiari dagokionez, 10.3.a) oinarrian ezarritakoaren lehentasun-hurrenkeraren arabera, ez da bere azken kalifikaziorik argitaratuko eta aurreko postuko izangaiaren prestakuntza-ikastaroaren kalifikazioa argitaratu arte bertan behera geratuko da.
7.– Prestakuntza-ikastaro bakoitzaren azken emaitzak 15. oinarrian aurreikusitakoarekin bat etorriz argitaratuko dira.
8.– Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiak erabakiko du prestakuntza-ikastaroa gainditu ez dutenak baztertzea.
9.– Prestakuntza-ikastaroaren edozein momentutan ikusiko balitz ikaslearen espedientetik prestakuntza-aldia ezin izango lukeela gainditu Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiak bazter utzi ahal izango du prozesutik, betiere, interesdunari entzun ondoren.
Hamabigarrena.– Baztertzeko osasun-kasuen taula.
1.– Hautaketa-prozeduran zehar, bere osotasunean hartuta, izendatutakoei beharrezko jotzen diren proba medikoak egin ahal izango zaizkie, ebazpen honetako 2. oinarriko 1.f) atalean aurreikusitako baztertzeko osasun-kasuetan ez daudela egiaztatze aldera.
2.– Aurreko zenbakian aurreikusitakoaren xedeetarako, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiak epaimahai mediko bat izendatuko du eta izendapen hori 16. oinarrian aurreikusitakoarekin bat etorriz argitaratuko da.
3.– Epaimahai hori mahaiburu batek, bi bokalek eta idazkari batek osatuko dute.
4.– Hautaketa-prozesutik eta prozeduratik baztertzeko motiboren bat aurkitu bada, epaimahai medikoak ematen dituen txostenak arrazoituak izango dira, eta jarraitzen den prozeduran betiere bermatuko da eragindako pertsonak entzuna izateko duen eskubidea.
5.– Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiari dagokio baztertzeko osasun-kasuen taulako kasuren bat dela-eta hautagai bat kanporatzeko agintzeko eskumena.
6.– Oinarri honetan aurreikusitako Epaimahai medikoari aplikagarri zaizkio 5. oinarriko 2. eta 7. paragrafoetan bildutako arauak.
Hamahirugarrena.– Araubide juridikoa.
1.– Izangaiak prestakuntza-ikastaroetan Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako Barne Erregimenaren Araudian ezarritako diziplinazko erregimenaren arauak begiratu beharko dituzte eta gertatutakoaren inguruan irakaskuntza arloko diziplinazko Polizia kidegoen diziplinazko erregimena izango da aplikagarri.
2.– Izangaiei prestakuntza-aldian zehar lizentzia bat emango zaie, lanean diren lanpostuari dagokionez.
3.– Brigada Mugikorrean Espezializatzeko ikastaroa gainditzeak bere horretan ez du aitortuko halako lanpostu baterako atxikipena edota espezialitate hori betekizun moduan duten lanpostuei esleitutako betekizunak burutzera. Hala ere, gainditzen duten pertsonek behartuta izango dira aukeraketa hori egitera lehen deialdia egiten denean; hala egin ezean, 4/1992 Legearen 65. artikuluan agertzen diren ohiko sistemen edo 72. artikuluan agertzen den aparteko sistemaren arabera, prestakuntza eta jasotako ezagutzak eskatzen dituzten lanpostu huts guztietara atxikituak izan baitaitezke ezinbestean. Azken kasu horretan ez da inolako diru-konpentsaziorik izango.
4.– Prestakuntza ikastaroak derrigorrezkoak eta baztertzekoak dira, eta eurotara ez bertaratzeak edo ez gainditzeak ondorio hauek izango ditu izangaientzako: hautaketa-prozesutik berehalakoan bazter uztea eta kategorian sartzeko lituzkeen eskubide guztiak galtzea. Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiak egingo du bazter uzteko den deklarazioa.
Aurreko lerroaldean xedatutakoa kontutan izanda ere, gaindiezinezko kausaren bat dela-eta, pertsona batzuk ez badira agertzen ikastarora edo amaitzen ez badute, hauek egin daitezen hurrengoren batean egin ditzakete izangaiok: baldin eta aurrekoa ezinezko egiten zituzten zirkunstantziak desagertuz gero, eta interesdunaren aldez aurretiko eskaririk bada. Baztertzearen adierazpena Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiak egingo du, berak hartuko baitu bidezko erabakia.
Hamalaugarrena.– Pertsonen identifikazioa hautaketa prozeduran.
Hautaketa prozedura honetan parte hartuko duten pertsonak, prozeduran (hautaketa prozesua, ikastaroaren prestakuntza-aldia eta praktika-aldia), eskaerako identifikaziorako lanbide zenbakiaren bitartez identifikatuko dira.
Hamabosgarrena.– Argitalpenak.
Hala adierazten den kasuetan izan ezik, argitalpenak Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako iragarki-oholean egingo dira, Gurenet korporazioko intranetean ere kontsultatu ahal izango direlarik. Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako iragarki-oholeko argitalpen datak mugatzaileak izango dira epe-konputuetarako.
Hamaseigarrena.– Deialdiaren zenbaketa.
Euskal Herriko Poliziari buruzko hautapen- eta prestakuntza-erregelamendua onesten duen uztailaren 19ko 315/1994 Dekretuaren 56. artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, deialdia agortutzat joko da eta kontagarria izango da funtzionarioa horretan parte hartzera onartuta dagoenean, hautaketa prozesuan ez agertzea edo prozesua ez amaitzea borondatez kontrakoa ez bada eta behar bezala justifikatutakoa bada. Halakoetan, prozesurako deia egiten duen organoak hartuko du erabakia era askean.
Azken kasu horretan, eragindako pertsonak, 10.3.a) oinarrian aurreikusitakoa baino lehen, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiari eskatuko dio deialdia konputagarria ez izatea, zuzendari nagusiari zuzendutako idazki baten bitartez.
Hamazazpigarrena.– Kalte-ordainak.
Izangaien aldetik barneko edozein hautaketa prozesutako deialdietara aurkeztea borondatezkoa denez gero, izangaiek ez dute inolako eskubiderik izango hautaketa aldian, ikastaroaren prestakuntza-aldian eta praktika-aldian sor daitezkeen bidaia gastuen edo beste batzuen gainean, eta, beraz, Administrazioak ez du gastuok ordaintzeko obligaziorik.
Hemezortzigarrena.– Errekurtsoak.
Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2005 Legearen 123. eta 124. artikuluetan ezarritakoarekin bat etorriz, deialdi honen aurka –bide administratiboari amaiera ematen baitio– interesdunek aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako Zuzendaritzari, hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritza Aldizkarian argitaratuta agertu eta hurrengo egunetik hasita, edo administrazioarekiko auzietako jurisdikzio-ordenaren aurrean zuzen-zuzenean aurkatu ahal izango dute.
Aukerako berraztertze-errekurtsoa azalduz gero, ezin izango da jo bide jurisdikzionalera hori espresuki erabaki arte, edo presuntziozko gaitzespena gertatu arte administrazioaren isiltasuna dela-eta.
Interesdunak bide jurisdikzionala aukeratuz gero, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri beharko du Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998ko Legearen 14. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, eskumena duen Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzenduta, bi hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritza Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.
Deialdi honetan, epaitegien jardunean edo Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren jardunean ematen diren egintza administratiboei aurka egiteko, interesdunek administrazio prozedura erkidearen araubidean ezarritako kasuak eta erak erabili behar izango dituzte.
Arkauti, 2018ko apirilaren 16a.
Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusia,
MALENTXO ARRUABARRENA JULIÁN.
I. ERANSKINA
BAZTERTZEKO OSASUN-KASUEN TAULA
LEHENENGO ZATIA: «ANTROPOMETRIA»
1.– Gorputz masari dagokionez, baztertu egingo dira (GMI) 28tik gorako indizea duten eta koipetan % 23 baino gehiagoko duten gizonezkoak; emakumezkoetan, % 31 baino gehiagokoa dutenak geratuko dira kanpoan, hori guztia inpedantzia bioelektrikoaren bitartez eginik. Bi kasuetan, aipatutako gorputz masaren indizea (GMI) ezin izango da 18tik beherakoa.
GMI formula honekin lortuko da:
Pisua barne-jantzitan neurtuko da.
BIGARREN ZATIA: «MEDIKU AZTERKETA»
A) Bazterketa orokorra.
1.– Mediku-epaimahaiaren iritziz, Brigada Mugikorraren poliziaren egitekoa betetzeko mugak jartzen dituzten gaixotasun, sindrome eta gorputz-akatsak izatea.
Era berean, alterazio horiek baztertzeko arrazoitzat jo ahal izango dira hautaketa prozeduraren edozein alditan (hautaketa, prestakuntza) agertzen direla ere.
2.– Inguruabarreko baztertzetzat joko dira, azterketa egiterakoan bazterketa-taulan sartuta egon arren, bidezko tratamendu mediku-kirurgikoaren bidez zuzen daitezkeen gaixotasun eta lesio aktiboak. Kasu horietan, mediku-epaimahaiak beste epe bat jarri ahal izango du, ikasturtea hasi urretik, izangaiaren osasun-egoera egiaztatzeko. Hori, egin ondoren, inguruabarreko baztertze-arrazoiak desagertu diren ziurtatuko du.
B) Ikusmena.
3.– Zuzenketarik gabeko begi-zolitasuna: ez da ikusmen arruntaren 8/10 baino txikiagoa izango begi bakoitzean.
4.– Ikusmen-eremuaren murrizketa aipagarriak.
5.– Koloreak ikusteko alterazioa.
6.– Mediku-epaimahaiaren iritziz, Brigada Mugikorraren poliziaren egitekoa oztopatzen duten bestelako oftalmologia-prozesuak.
C) Entzumena.
7.– Entzumen-zolitasuna (entzuteko protesirik gabekoa).
7.1.– Estapedektomiagatiko otoesklerosi-zirugia osasun aurrekariak.
7.2.– Patologia neurosensoriala, entzumen-zolitasun binauralaren galtzea gutxienez % 20a denean, ondorengo formularen arabera ikusita.
7.3.– Edozein belarritan % 20tik gorako entzumen-zolitasun monoauralaren galtzea, ondorengo formularen arabera ikusita.
7.4.– Alde bat kaltetua; 500, 1000 eta 2000 Hz bataz bestekoa belarririk onenean 25 dB baino gutxiago eta belarririk okerrenean 60 dB baino gehiago denean.
7.5.– Alde bat kaltetua; elkarren ondoko bi frekuentzietan bataz bestekoa 45 dB-ko elkarren arteko asimetria aurala.
8.– Bertigo-sindromea.
9.– Mediku-epaimahaiaren iritziz, Brigada Mugikorraren poliziaren egitekoa betetzea eragozten duten bestelako otorrinolaringologia prozesuak.
D) Nerbio-sistema.
10.– Epilepsia zein gaixotasun horren aurrekariak. Fitxatu gabeko konbultsioak. Edozein etiologiako dardara.
11.– Nerbio sistema zentralaren edo ingurukoaren eritasunak, gorputz, zentzumen edo koordinazio funtzioen galtzea edo gutxitzea eragin ditzaketenak.
12.– Brigada Mugikorraren poliziaren egitekoa betetzea eragozten duten bestelako neurologia prozesuak.
E) Gogamen-egoera.
13.– Toxikapen exogenoa adierazten duten sintomak zein zantzu kliniko biologikoak (Gernuan legez kanpoko droga-metabolitoak antzematea). Toxikomaniak. Alkoholismoa.
14.– Mediku-epaimahaiaren iritziz, Brigada Mugikorraren poliziaren egitekoa betetzea eragozten duten bestelako buru nahaste eta jokabide nahasteak.
F) Lokomozio-aparatua.
15.– Brigada Mugikorraren poliziaren egitekoa normal betetzeko beharrezko den edozein giltzadurako muga funtzionala.
16.– Mediku-epaimahaiaren iritziz, Brigada Mugikorraren poliziaren egitekoa betetzea eragozten duen lokomozio-aparatuko beste edozein prozesu.
G) Bihotz eta zirkulazio-sistema.
17.– Patologia iskemikoa edo horren aurrekariak.
18.– Bihotz-arritmiak, atentzio galerak edo zorabioak sor ditzaketenak.
19.– Sendagai bidezko tratamendua eskatzen duen arteri hipertentsioa.
20.– Brigada Mugikorraren poliziaren egitekoa betetzea mugatzen duten gorputz-adarretako bena eta linfa-zirkulazioaren asaldura kronikoa.
21.– Brigada Mugikorraren poliziaren egitekoa normal burutzea mugatzen duten bihotz eta zirkulazio- aparatuko bestelako alterazioak.
H) Giltzurrun-sistema.
22.– Giltzurrun-gutxiegitasuna. Giltzurrun-gutxiegitasunera jo dezaketen giltzurrunetako gaixotasunak.
23.– Mediku-epaimahaiaren iritziz, Brigada Mugikorraren poliziaren egitekoa normal burutzea eragozten duten bestelako giltzurrun prozesuak.
I) Arnas-aparatua.
24.– Arnas-funtzioan ondorio iraunkorrak edo noizbehinkakoak dituzten arnas-gaixotasunak.
25.– Brigada Mugikorraren poliziaren egitekoa burutzea mugatzen duen bronkioetako asma.
26.– Mediku-epaimahaiaren iritziz, Brigada Mugikorraren poliziaren egitekoa betetzea mugatzen duen bestelako edozein arnas-patologia.
J) Liseri-aparatua.
27.– Hesteetako hantura-gaixotasun kronikoak.
28.– Brigada Mugikorraren poliziaren egitekoa betetzea eragozten duten liseri-hodiaren edozein tarteko erauzketak, apendizektomiak izan ezik.
29.– Mediku-epaimahaiaren iritziz, Brigada Mugikorraren poliziaren egitekoa betetzea mugatzen duen bestelako edozein liseri-prozesu.
K) Hematologia.
30.– Odoleko eta organo hematopoietikoetako gaixotasunak, kronikoak edo eboluzio progresiboa dutenak, mediku-epaimahaiaren iritziz, Brigada Mugikorraren poliziaren egitekoa burutzea eragozten dutenak.
L) Bestelako patologiak.
31.– Diabetes mellitus.
32.– Neoplasia prozesuak.
33.– Immunologia eta erreuma gaixotasunak.
34.– Eritasun infekto-kutsagarriak.
35.– Mediku-epaimahaiaren iritziz, Brigada Mugikorraren poliziaren egitekoa betetzea eragozten duen bestelako edozein patologia prozesu.