EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-04-17 Aldizkari honetan argitaratua: 2018073

EBAZPENA, 2018ko apirilaren 3koa, Enplegu eta Gizarte Politiken Saileko Gizarte Zerbitzu zuzendariarena, zeinaren bidez Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saileko Administrazioko eta Zerbitzu Orokorretako sailburuordeari eskuordetzen baitzaio Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren menpeko administrazio-zentroak goi- eta behe-tentsioko energia elektrikoz eta gas naturalez hornitzeko kontratazioa.

Xedapenaren data: 2018-04-03
Hurrenkenaren zenbakia: 201802011
Maila: Ebazpena
Administrazioko eta Zerbitzu Orokorretako Sailburuordetzari dagokio kudeaketa bateratuaren arloan eta kudeaketa bateratuko deklaratutako higiezinen arloan kontratazioa egitea, hala ezarrita baitago Euskal Autonomia Erkidegoko Sektore Publikoaren kontratazio-araubidea onartzen duen uztailaren 27ko 116/2016 Dekretuaren 15. eta 17. artikuluetan eta Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala onartzen duen apirilaren 11ko 71/2017 Dekretuaren 19.d) artikuluan.
Bestalde, 116/2016 Dekretuak 20. artikuluan ezartzen duenez, kontratazio zentralizatukotzat deklaratu ahal izango dira Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoaren erakundeek orokorrean eta ezaugarri nagusi bertsuekin kontratatzen dituzten hornidura, obra eta zerbitzuak.
Badira urte batzuk modu zentralizatuan kontratatzen dela goi- eta behe-tentsioko energia elektrikoaren hornidura eta gas naturalaren hornidura kudeaketa bateratuko eraikinetan, Administrazioko eta Zerbitzu Orokorretako Sailburuordetzaren eskumeneko sare korporatiboaren telekomunikazio-zerbitzuetan, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko gainerako sailei eta haren erakunde autonomo eta sozietate publikoei atxikitako eraikinetan eta, sektore publikokoak izanik, Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoaren parte ez diren beste zenbait erakunderi atxikitakoetan. Hartara, zerbitzuak hobeto kudeatzeaz gainera, gastu publikoa arrazionalizatu egiten da.
Egun, kontuan hartuta aurrerago dekretu bat onartuko dela, energia elektrikoaren eta gasaren horniduren kontratazioa modu zentralizatuan erostea xedatuko duena, kontratazioa modu zentralizatuan egiteko bide egokiena 40/2015 Legearen 9. artikuluan eskumenak eskuordetzan emateko ezarritakoa da (urriaren 1eko 40/2015 Legea, Sektore Publikoko Araubide Juridikoarena):
«1.– Herri-administrazioetako organoek beste organo batzuei beren eskumenak eskuordetzan eman diezazkiekete, baldin eta organo horiek administrazio berekoak badira, nahiz eta bata bestearen mendekoak ez izan,...».
Hori dela eta, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 75/2017 Dekretuak Zerbitzu zuzendariari eskumena ematen dio, besteak beste, kontratazio-organo moduan joka dezan.
EBAZTEN DUT:
I.– Administrazioko eta Zerbitzu Orokorretako sailburuordearen esku uztea I. eta II. eranskinetan adierazten diren eraikinak goi- eta behe-tentsioko energia elektrikoz eta gas naturalez hornitzeko kontratazioaren eskumena 2019rako. Eskuordetze hori luzatu egingo da harik eta erosketa zentralizatuko prozeduraren ondoriozko kontratua indarrean jarri arte (kontratu hori erosketa zentralizatua deklaratzeko aurrerago onartuko den dekretuaren bidez gauzatuko da).
II.– Sektore Publikoko Kontratuei buruzko azaroaren 8ko 9/2017 Legean aurreikusitako arlo hauetara zabalduko da eskuordetzea, betiere kontratuari aplikatzekoak badira:
– Kontratua prestatzea (II. liburua, I. titulua, I. kapitulua, 1. atala).
– Kontratua esleitzea (II. liburua, I. titulua, I. kapitulua, 2. atala).
– Administrazioren prerrogatibak: aldatzea, azkentzea, lagapena eta azpikontratazioa (II. liburua, I. titulua, I. kapitulua, 3. atala).
– Kontratua formalizatzea (II. liburua, I. titulua, I. kapitulua).
Eta, bereziki, II. liburuan, II. tituluko IV. kapituluan, hornidura-kontratuari buruz aurreikusitakoa.
III.– Eskumena ematen duen organoaren barruan jarraituko dute kontratazio-organoari dagozkion gainerako eskumenek, eta, bereziki, egindako zerbitzuen betetzeari onespena emateko eta haien ordainketa agintzeko eskumenek.
IV.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da eskuordetze hau, eta argitara eman eta biharamunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko apirilaren 3a.
Zerbitzu zuzendaria,
IÑAKI ARRIZABALAGA ORMAECHEA.