EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-04-16 Aldizkari honetan argitaratua: 2018072

49/2018 DEKRETUA, apirilaren 10ekoa, ADECO (Laguntasuna, Garapena eta Kooperazioa) Elkartea onura publikokoa dela aitortzeko dena.

Xedapenaren zenbakia: 201800049
Xedapenaren data: 2018-04-10
Hurrenkenaren zenbakia: 201801976
Maila: Dekretua
Euskadiko Elkarteei buruzko ekainaren 22ko 7/2007 Legearen 42. artikuluak dioenez, Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean inskribatuta dauden elkarteak herri-onurakotzat aitortu ahal izango dira, baldin eta elkarteok, beren jardueren bitartez, interes orokorra edo guztien ongia lortzen laguntzen badute, eta, horretarako, eskuzabaltasun-, altruismo-, elkartasun- eta aniztasun-balioak nabarmen bultzatzen badituzte.
Lege horren babesean, ADECO (Laguntasuna, Garapena eta Kooperazioa) Elkarteak aitorpen hori eman dakiola eskatu du, bere ustez onura publikoko erakundea dela aitortzea merezi duelako egiten duen lanagatik.
ADECO (Laguntasuna, Garapena eta Kooperazioa) Elkartea Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean inskribatu zen 1991ko martxoaren 27an (erregistro zenbakia: AS/B/02592/1991).
Elkarteak Euskal Autonomia Erkidegoan betetzen ditu nagusiki bere egitekoak.
Bere estatutuen 2. artikuluan ezarritakoaren arabera, ADECO (Laguntasuna, Garapena eta Kooperazioa) Elkarteak –lankidetzarako, sentsibilizaziorako eta garapenera bideratutako hezkuntzarako EAEko gobernuz kanpoko erakundea, irabazi-asmorik gabea– honako helburu hauek ditu nagusiki:
Herrien garapena sustatzea gizarte-, osasun-, hezkuntza- eta ekonomia-alorrean, batik bat herri eta lurralde txirotuenetan, betiere giza eskubideak lehenetsi eta genero-berdintasuna sustatu eta bultzatuko dituzten eraldaketak lortzeko helburuarekin.
Bete dira honako arau hauetan ezarritako betekizunak: Euskadiko Elkarteei buruzko ekainaren 22ko 7/2007 Legean, Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Errolda Nagusiaren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 29ko 145/2008 Dekretuan, eta Onura Publikoko Elkarteei eta beren Babesletzari buruzko Erregelamendua onartzen duen uztailaren 29ko 146/2008 Dekretuan.
7/2007 Legearen 45.2 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, onura publikoaren deklarazioa Gobernu Kontseiluak erabakitako dekretu baten bidez egingo da, kasuan kasuko sailek –gaiaren arabera– proposatuta.
Artikulu horretan eta Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko apirilaren 11ko 71/2017 Dekretuaren 3.2.f) artikuluan ezarritakoaren arabera, dagokion espedientea instruitu da eta sailei eta instituzioei eskatu zaizkien txostenak erantsi zaizkio espedienteari.
Horren ondorioz, Lehendakariaren eta Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuaren proposamenez, eta Gobernu Kontseiluak 2018ko apirilaren 10ean egindako bilkuran proposamena aztertu eta onartu ondoren, honako hau
XEDATZEN DUT:
Artikulu bakarra.– ADECO (Laguntasuna, Garapena eta Kooperazioa) Elkartea, Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean AS/B/02592/1991 zenbakiarekin inskribatua, onura publikokoa dela aitortzea, bere jardueraren bidez interes orokorraren alde egiten duela uste baita.
Vitoria-Gasteizen, 2018ko apirilaren 10ean.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,
JOSU IÑAKI ERKOREKA GERVASIO.