EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-04-12 Aldizkari honetan argitaratua: 2018070

ERABAKIA, Herri-Kontuen Euskal Epaitegiaren Osokoak 2018ko urtarrilaren 25a bilkuran hartua, Eusko Trenbideak, SA sozietate publikoaren 2016ko ekitaldiko fiskalizazio-txostena behin betiko onesten duena.

Xedapenaren data: 2018-01-25
Hurrenkenaren zenbakia: 201801910
Maila: Akordioa
Herri-Kontuen Euskal Epaitegiaren Osokoak 2018ko urtarrilaren 25an egindako bilkuran,
ERABAKI DU:
Eusko Trenbideak, SA sozietate publikoaren 2016ko ekitaldiko fiskalizazio-txostena behin betiko onestea. Txostena erabaki honen eranskin modura ageri da.
HKEEren 1/1988 Legearen 13.2 artikuluak aurreikusten duena betez, txostenaren ondorioak dagozkion aldizkari ofizialetan argitaratzeko xedatzea.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko urtarrilaren 25a.
HKEEren lehendakaria,
JOSÉ LUIS BILBAO EGUREN.
HKEEren idazkari nagusia,
JULIO ARTETXE BARKIN.
ERANSKINA
EUSKO TRENBIDEAK, SA SOZIETATE PUBLIKOAREN 2016KO EKITALDIKO FISKALIZAZIO-TXOSTENA
Laburdurak:
AGK.– Kapitaleko Errenten gaineko Zerga.
BEZ.– Balio Erantsiaren gaineko zerga.
BFA.– Bizkaiko Foru Aldundia.
BGP.– Bizkaiko Garraio Partzuergoa.
EAE.– Euskal Autonomia Erkidegoa.
EB.– Espainiako Konstituzioa.
ETS.– Euskal Trenbide Sarea.
GFA.– Gipuzkoako Foru Aldundia.
SPKLTB.– Sektore Publikoaren Kontratuei buruzko Legearen testu bategina onesten duena.
TJM.– Tituluak Jaulkitzeko Makinak.
XG.– Xedapen Gehigarria.
I..– Sarrera.
Herri-Kontuen Euskal Epaitegiaren urteko lan programak Eusko Trenbideak, SA sozietate publikoaren 2016ko ekitaldiko fiskalizazio lana besarkatzen du (aurrerantzean, Sozietatea edo Euskotren).
Sozietatea HKEEk azken aldiz 2012ko ekitaldian fiskalizatu zuen eta 1982ko ekainean izenpetutako eskritura publiko bidez sortu zen. 1982ko maiatzaren 24ko 105/1982 Dekretu bidez onartu zen Euskotren sortzea eta estatutuak onartzea. 2016ko azaroaren 29ra bitartean Ingurumen eta Lurralde Politika Sailari atxikia dago eta orduz geroztik Ekonomia Garapen eta Azpiegituren Sailari.
Sozietatearen helburu nagusia tren bidezko garraio zerbitzuak ematea da, bai bidaiariena, bai salgaiena eta gurpildun materialaren zaintza lanak ez ezik, tren bidezko garraioari lotutako edo haren osagarri diren beste zerbitzu batzuena ere besarkatzen du. Bereziki, sozietateak zeinahi xedapen juridiko edo arauemailek agintzen dion heinean, EAEri abuztuaren 25eko 2488/1978 Dekretu bidez eta abenduaren 18ko 371979 Lege Organiko bidez eskualdatutako trenbide-lerroen ustiapena gauzatu ahal izango du.
Gainera, Gobernu Kontseiluak 2006an onartutako estatutuen aldaketa partzialari jarraikiz, martxoaren 21eko 67/2006 Dekretuaren babesean, sozietatea sortzen duen Dekretuaren hirugarren aldaketari buruzkoan, Sozietateak ororen intereseko Trenbide Sarean bildutako lineen gainean trenbidezko garraio zerbitzu oro eman ahal izango du.
Sozietatearen helburu da, halaber, jarduera nagusiarekiko izaera osagarriarekin:
a) kable, tranbia, funikular edo errepide bidezko garraio-zerbitzuak ematea.
b) Arestian aipatutakoez bestelako baliabideen bitartez bidaiari zein salgaien garraio zerbitzua ematea.
c) Garraio zerbitzuaren prestazioaren gaineko azterlana eta aholkularitza ez ezik, zuzendaritza, ikuskaritza eta kontrol teknikoa ere egitea.
d) Garraioarekin loturiko jabetza publikoko museoen kudeaketa-lana.
e) Agindu dakizkion loturiko bestelako zeinahi eginkizun betetzea.
Aurreikusitako jarduera nagusia eta osagarriak Sozietateak zuzenean garatu ahal izango ditu edo zuzenbidean onartutako bestelako zeinahi moldetan, helburu bereko edo antzeko beste erakunde batzuetan bazkide izaerarekin esku hartuta, esate baterako.
Legezko xedapenek sozietatearen helburu den jardueretakoren bat gauzatzeko lanbide-titulu, administrazioaren baimen edo erregistro publikoetan izen-ematea eskatuko balute, jarduera horiek lanbide-titulu hori duen pertsonak gauzatu beharko ditu eta, kasua balitz, ezin abiaraziko dira harik eta eskatutako administrazioko baldintzak bete arte.
Fiskalizazioaren helburua.
Lanaren mamia honako hau izan da:
– 2016ko ekitaldian Sozietateari ezargarria zaion legeria bete dela egiaztatzea, honako atal hauetan: aurrekontu, zorpetze eta eragiketa finantzarioetan eta langilerian. Berebat, txosten honen xede izan da obra, hornidura eta zerbitzuen kontratazioari ezargarria zaion araudia bete dela egiaztatzea eta horretarako, Sozietateak 2016ko ekitaldian egin dituen esleipen nagusien lagin bat aztertu dugu.
– 2016ko ekitaldiko Urteko Kontuak fiskalizatzea. Sozietatea urtero auditatzen da; honenbestez, gure lana auditoreen lan paperak berrikustera mugatu da eta hala behar izan denean, egoki iritzitako proba osagarriak egin ditugu.
Lanaren zabalak ez du gastuaren eraginkortasun eta efizientziari buruzko azterlanik besarkatzen. Nolanahi ere, azaleratutako hutsak «Kudeaketaren alderdiak eta Gomendioak» idazpuruan xehetasunez jaso ditugu.
II.– Iritzia.
II.1.– Legea betetzeari buruzko iritzia.
1.– Euskotrenek lan hitzarmeneko 63.b) artikuluari jarraikiz erretiro aurreratua borondatez hartu duten 2 langileri 2016an 73.882 euroren kalte-ordaina ordaindu dizkie. Kalte-ordain honek EAEren 2016rako Aurrekontuei buruzko 9/2015 Legearen 19. artikuluaren 13. atala urratzen du, zeinak borondatezko erretiroaren ordainsari, kalte-ordain edo bestelako prestazio ordainezkoak arautzen dituzten hitzarmenetako artikulu eta klausula oro baliogabe uzten dituen, zeinahi dela ere hartzen duten izena.
2.– Langileak hautatzeko enpresa batek egindako bi deialditan, hitzarmenez kanpo hiru langileren kontratazio mugagabea euskarritzen duen dokumentazioak ez du egiaztatzen uzten berdintasun, merezimendu eta gaitasun printzipioak bete direla.
Epaitegi honen ustetan, Sozietateak, aurreko paragrafoetan aipatutako lege hausteak alde batera, zuzentasunez bete du 2016ko ekitaldian ekonomia-finantzaren jarduera arautzen duen lege arautegia.
II.2.– Kontuei buruzko iritzia.
1.– Sozietateak urteko galerak izan ditu eta galera horiek, finkatutako finantziazio baliabideen arabera, ustiaketari emandako diru-laguntza bidez estaltzen dira ekitaldiko galeren zenbatekoan, eta nagusiki, ibilgetuko amortizazioetarako zuzkidurak kenduta; horiek guztiak ekitaldiko galera-irabazien kontuan «Ustiaketako beste diru-sarrera batzuk» modura erregistratzen dira. Ezargarria zaion finantza informazioko araudiari jarraiki eta Sozietatearen ondarean eraginik ez badu ere, ustiaketaren mentsak berdintzeko jasotako diru-laguntzak «galerak berdintzeko bazkideek egindako ekarpenak» kontuan erregistratu behar dira, balantzeko «Funts Propioak» idazpuruan. Honenbestez, 2016ko abenduaren 31n Sozietateak ekitaldian erregistratu dituen galerak eta «Galerak berdintzeko bazkideen ekarpenak» kontuaren saldoak 37,3 milioi euroren balio txikiagoa dute.
2.– 2016ko abenduaren 31n Sozietateak ez du pasiboaren zerga geroratua erregistratu, 64,9 milioi euro egin dituena, kapitaleko diru-laguntzak «Ondare garbia» idazpuruan kontabilizatzetik sortutakoa. Geroratutako zergak eragindako pasibo honek, erregistratu izan balitz, aldi berean zerga geroratuak eragindako kopuru bereko aktibo baten erregistroa eragingo zukeen, konpentsatzeko dauden oinarri zergagarri negatiboak daudelako, diru-laguntza horiei lotutako zerga geroratuak eragindako pasiboen epe berean eragin daitezkeenak.
Honenbestez, nahiz ez duen atxikitako balantzean ageri den Ondare garbiaren saldoan eraginik, 2016ko abenduaren 31n Ondare garbian jasotako «Kapital diru-laguntzak» idazpuruari balio handiegia eman zaio eta «Zerga geroratuaren pasiboak» kontuari, berriz, 64,9 milioi euro gutxiagokoa. Berebat, «Zerga geroratuaren aktiboak» idazpuruak aipatutako 64,9 milioi euroen balio txikiagoa dauka 2016ko abenduaren 31n; horietatik 59,2 milioi euro aurreko ekitaldietakoak dira eta honenbestez, Erreserbak idazpuruan abonatu behar lirateke eta gainerako 5,8 milioi euroak, berriz, 2016ko ekitaldiko diru-sarrera bati legozkioke.
Epaitegi honen iritzira, aurreko paragrafoetan adierazitako salbuespenak alde batera, honekin baterako Urteko Kontuek alderdi esanguratsu guztietan 2016ko abenduaren 31n ondarearen eta finantza egoeraren isla zuzena erakusten dute; baita, data horretan amaitutako urteko ekitaldiari dagozkion bere eragiketen eta eskudiruzko fluxuen emaitzena ere, ezargarria den finantza informazioaren arau-esparruaren arabera eta, zehazki, bertan jasotako kontularitzako printzipio eta irizpideen arabera.
III.– Barne kontrolerako sistemei eta kudeaketa prozedurei buruzko irizpenak.
Atal honetan ekonomia-finantza jarduera arautzen duten printzipioak gehiegi eragiten ez dituzten akatsak ez ezik, kudeaketa hobetzeko azpimarratu nahi diren prozedurazko alderdiak ere azaleratu dira.
III.1.– Ondasun eta zerbitzuen erosketa.
2016an esleitutako 9 kontratu nagusien lehia, esleipena eta egikaritza aztertu ditugu, ekitaldian egindako esleipen guztien gainean ehuneko 71,2 egiten duena, hona hemen alderdi azpimarragarrienak:
2016an esleitutako kontratuak.
– Euskotrenek eskaintzak balioztatzeko baliatutako formula objektiboa eta publikoa den arren, murriztu egiten du hasiera batean aurreikusitako haztapena, puntuazioa ematen baitie lizitazio aurrekontua berdintzen duten eskaintzei.
– Berrikusi ditugun kontratuetatik 5tan (4, 5, 6, 8 eta 9 espedienteak), 12,7 milioi euroren zenbatekoan esleitu zirenetan, balio-judizioari meneratutako balorazio irizpideak orokorrak dira (SPKLTBren 150.1 eta 4 artikuluak).
– 3,9 milioi euroan esleitutako kontratu batean (2. esped.) Pleguek kontratuan aldaketak aurreikusten dituzte, zein baldintzetan egin ahal izango diren modu argi eta zehatzean adierazi gabe, ez eta horien zabala eta mugak (SPKLTBren 106. artikulua).
– Guztira 12,9 milioi euroan esleitutako 4 kontratutan (1, 5, 6 eta 8 espedienteak) kaudimenarekin lotutako ezaugarriak balioztatu dira, gizataldea esaterako, eta Pleguan ez da zehaztu eskatutako gutxienekoa (SPKLTBren 150.1 artikulua).
– Guztira 10,1 milioi euroan esleitutako 2 kontratutan (5 eta 6 espedienteak) klausula sozialak balioztatzen dira esleipen irizpide modura; ordea, horiek kontratua betetzeko faseari soilik dagozkio (apirilaren 7ko 3/2016 legearen 4.2 artikulua, kontratazio publikoan zenbait klausula sozial barne hartzeko).
Zatikapena.
– Gure lanean hainbat hirugarreni dagozkien gastuak azaleratu zaizkigu, 409.374 eurorenak, eta komenigarria litzateke antzeko kontzeptuen arabera multzokatzea, hartara, SPKLTBren eta Kontrataziorako Barne Aginpideen arabera, dagozkion kontratazio prozedurak jarraikiz lizitatu ahal izateko.
III.2.– Langileria.
Euskotrenek txandakako lan-kontratu bati loturik erretiro partziala hartu zuten 4 langilerekin ordu osagarriak egiteko hitzarmena izenpetu du, lanaldia ehuneko 85 murriztuz; alabaina, Langileen Estatutuaren 12.5 artikuluak kontratu horiek izenpetzeko aukera lanaldi partzialeko kontratuetara mugatzen du, betiere ohiko lanaldia baino ehuneko 25eko lanaldi txikiagoa egin gabe.
IV.– 2015 eta 2016-ko ekitaldietako urteko kontuak.
2015 eta 2016ko ekitaldietako urteko kontuak 1514/2007 ED bidez onartutako Kontabilitate Plan Orokorraren arabera aurkeztu dira, abenduaren 2ko 602/2016 EDk aldarazitakoa.
2016 eta 2015eko abenduaren 31n amaitutako ekitaldiei dagozkien Galera eta irabazien kontua.
2016ko abenduaren 31n amaitutako ekitaldiari dagokion ondare garbian aldaketen egoera.
2016ko abenduaren 31n amaitutako urteko ekitaldiari dagozkion aitortutako sarrera eta gastuen egoera.
2) Ondare garbian aldaketen egoera guztira.
2016ko abenduaren 31n amaitutako ekitaldiari dagokion eskudiruzko fluxuen egoera
EUSKO TRENBIDEAK – FERROCARRILES VASCOS SA-REN 2016KO EKITALDIKO FISKALIZAZIOAREN EMAITZEN INGURUKO ALEGAZIOAK
I.– Sarrera.
Eusko Trenbideak – Ferrocarriles Vascos SAren 2016ko ekitaldiko fiskalizazioaren emaitzei erantzuteko, txosten honetan, sozietateak erreferentziazko gaiaren inguruan egin dituen eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoan zentralizatu diren alegazioak eta justifikazioak aurkezten dira.
II.– Iritzia.
II.1.– Legeak betetzeari buruzko iritzia.
«Euskotrenek, lankidetza-hitzarmenaren 63.b) artikuluarekin bat, 2016an 73.882 euroko kalte-ordaina ordaindu die euren borondatez erretiro aurreratua hartu duten bi langileri. Kalte-ordain horrek ez du betetzen 2016rako EAEko Aurrekontuen 9/2015 Legearen 19. artikulua; artikulu horrek, hain zuzen ere, eten egiten zituen borondatezko erretiroagatiko sariak, kalte-ordainak eta izen guztietako edozein diru-prestazio konpentsagarri arautzen dituzten artikuluak eta klausulak».
Alegazioa.
2016an Euskotrenen indarrean zegoen hitzarmen kolektiboak hau ezartzen zuen 63.b) artikuluan:
«Borondatezko erretiroa 61 urtetik gora izango da. Urte horiek bete eta bere borondatez erretiratu nahi duen langileak sei hilabete lehenago jakinarazi beharko du.
Kasu honetan ordainduko den kalte-ordaina hileroko antzinatasunaren zenbatekoa eta 64 urte betetzeko falta zaizkion hilabeteak biderkatzearen emaitza izango da. Kalkulu honetan dagokion proportzioan aparteko ordainsarian ordaintzen den antzinatasuna ere sartzen da. Baina 61 urte betetzen dituzten hil berean erretiratzen diren langileek Hitzarmen hau sinatu eta gero antzinatasunagatik 175 hilebete kobratuko dituzte. Antzinatasunaren zenbatekoak II. eranskinean agertzen direnak dira.
Enpresan 1987. urteko urtarrilaren 1a baino lehenago sartu diren langileei zerbitzuan gutxienez 25 urteko antzinatasuna bermatuko zaie».
Halaber, EAEko 2016. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen 9/2015 Legearen 19. artikuluko 13. atalak honako hau esaten du:
«Autonomia Erkidegoko Administrazioko, erakunde autonomoetako, sektore publikoko partzuergoetako eta zuzenbide pribatuko erakunde publikoetako enplegatu publikoei eta orobat haien mendeko sozietate publiko eta fundazio publikoetakoei dagozkien akordio, hitzarmen edo itunak etenda geratuko dira beren aplikazioan artikulu honetako aurreikuspenak betetze aldera, baldin eta haien aplikaziotik ehuneko 1etik gorako lansari-gehikuntzak eratortzen badira 2016 ekitaldirako, eta, hortaz, artikulu honen aurka doazen klausulak aplikaezin bihurtuko dira.
Etenda geratuko dira beren aplikazioan, orobat, borondatezko erretiroagatiko sariak, kalte-ordainak eta izen guztietako edozein diru-prestazio konpentsagarri arautzen dituzten artikuluak eta klausulak.
Etete horrek eragina izango du ondorio-data 2016ko urtarrilaren 1aren eta 2016ko abenduaren 31ren artean daukaten enplegatu publikoen borondatezko erretiroetan.
Etenda geratuko dira, berebat, ordainsari-gutxitzerik gabe lanaldia aldatzeko eskubidea ematen duten adinagatiko ordutegi-baimenak, betiere ez baldin badagozkie urriaren 30eko 5/2015 Legegintzako Errege Dekretuak onartzen duen Langile Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren testu bateginaren 48. eta 49. artikuluetan jasotako kasuei».
Hitzarmen kolektiboaren artikuluatua, indarrean badago, legea da, definizioz, hitzarmena sinatu duten alderdien artean eta, ondorioz, nahitaez eta aitzakiarik gabe bete behar da, hau da, betetzea ez da borondatezkoa.
Hala ere, 2016an aplikatu behar zen hitzarmen kolektiboaren 63.b) artikulua etenda egon da, eta ez da modu orokor eta nahitaezkoan aplikatu.
Euskotrenen, 2016. urtean, guztira hogeita bederatzi langilek hartu dute erretiroa, hainbat modalitatetan, eta horietatik bi baino ez dira borondatezko erretiroak izan.
Bi kasu horiek banan-banan aztertu dira, eta erabaki da komenigarria zela langile horiekin akordio bat erdiestea, hitzarmen kolektibo hori etenda zegoela eta enpresak hori betetzeko beharrik ez zuela kontuan hartu gabe.
Ez zen akordio bat erdietsi hitzarmenaren 63.b) artikuluaren ondorioak ezarri zirelako eta enpresak hori aplikatu behar izan zuelako, baizik eta, etenda egon arren, enpresak bi langile horiekin akordio bat erdiestea erabaki zuelako.
73.882 euroko zenbateko osoa bi langileei ordaindutako zenbatekoa da; zehazki, bati 60.558,75 euro ordaindu zitzaizkion eta, besteari, berriz, 13.322,93 euro.
Lehen langileak 2016ko abuztuaren 31n deuseztatu zuen bere lan-harremana Euskotrenekin, eta 1955ko irailaren 12an jaio zen; beraz, lan-harremana bukatu zen unean 61 urte zituen. Euskotreneko zuzendaritzaren eta langilearen artean erdietsitako akordioa alderdien borondatearen emaitza da, eta langile horien egoeraren araberakoa. Hain zuzen ere, langile horrek maniobra-lanak egin ditu hainbat bosturtekoz, gaueko txandan, Durangoko egoitzan. Hartu diren antolakuntza- eta ekoizpen-neurriak direla eta, kategoria hori desagertu egin da, eta tren-agente kategoriarekin elkartu; ondorioz, langile horrek ordura arte egiten zituen lanak egiteari eta gaueko txandan aritzeari utzi zion. Esan dugun moduan, urte luzeak zeramatzan lan horiek txanda horretan egiten. Legearen arabera egindako eta alde sozialarekin hitzartutako aldaketa horrek ondorio fisiko eta psikikoak izan zituen langilearengan, eta ia lau hilabeteko aldi baterako lanerako ezintasunak eragin zizkion, ez baitzen gai izan lan-egoera berrira (bidaiariak garraiatzea) egokitzeko. Aurreko egoerara itzultzea ezinezkoa zenez eta langile horrek ezin zuenez beste lanposturen bat bete, tren-agente lanak egiteko prestakuntza baino jaso ez baitzuen, bi alderdiek erabaki zuten lan-harremana bukaraztea. Eta enpresaren erabakia nabarmen onuragarria izan da harentzat ikuspegi guztietatik, baita alderdi ekonomikoari dagokionez ere. Hirurogei urte baino gehiago zituen langile bat zen, tren-agente kategoria zuena eta duela gutxi ia lau hilabetez bajan egona zena, baldintza berrietara egokitzeko gai izan ez zelako. Gainera, langile horrek ez zuen prestakuntzarik beste lanpostu hutsen batean aritzeko. Hori dela eta, harekin akordio bat erdietsi zen eta 60.558,75 euro ordaindu zitzaizkion. Eta esan dugu akordio hori enpresarentzat ere onuragarria dela honako arrazoi hauek direla eta: 4 urte falta zitzaizkion 65 urte bete arte, eta antzinatasuna dela-eta jada 20.767,04 euro aurreztu dira (hilean 370,84 euro bider hamalau lansari, bider bost urte), baita bost urteko soldaten 153.618,08 euro ere (2.743,18 euro bider hamalau paga, bider lau urte). Egoera horrek langilea denbora luzez postuan ez egotea zekarren, eta hori ez zen onuragarria enpresarentzat, beharrezkoa baitzen zerbitzu publikoa emateko hura ordezkatzea; ondorioz, lan-harremana bukatzea erabaki zen. Hori dela eta, langilearekin adostutakoa gainerako 39.791,71 euro horiek justifikatuta daude. Are gehiago, enpresa honi igorritako Lan Ikuskaritzaren eta Gizarte Segurantzaren txosten batean hau esaten zen, egindako kontsulta baten harira: «Indarrean dagoen araudiak inolaz ere onartzen ez duena da langilearen osasun-egoera ezagututa horrekin bateraezina den lanpostu bat esleitzea, horrek langilearen osasuna edo osotasun fisikoa arrisku larrian edo oso larrian jarriko badu. Kasu horretan enpresak izan litzakeen lege-erantzukizunak oso larriak izan litezke».
Bigarren langileari dagokionez, ordaindutako zenbatekoa, 13.322,93 euro, jubilatu arte lan egiten jarraituz gero jasoko lukeena baino nabarmen baxuagoa da, soilik antzinatasunaren kontzeptua kontuan hartuta; hain zuzen ere, antzinatasunagatik hilean 370,84 euro jasotzen zituen eta hori hamalau lansarirekin biderkatuta urtean 5.191,76 euro ziren. Horrek esan nahi du bi urte eta erdi gehiagoz lan eginez soilik, ordaindutako zenbatekoa baino gehiago irabaziko zituela kontzeptu horrengatik. Ondorioz, lan-harremana deuseztatzeko unean, hau da, 2016ko urrian, zuen adina kontuan hartuta (61 urte), akordioa ekonomikoki onuragarria da enpresarentzat, argi eta garbi.
Hala ere, beste kasu batean langileak borondatezko erretiroa hartzeko egindako eskaera ez da aintzat hartu, eta enpresak ez du eskaera onartu beharrik izan, etenda zegoen 63.b) artikulu horren aplikazioari jarraikiz. Ez da hori lortzeko erreklamazio judizialik egin. Eskaeraren kopia bat erantsi da (Eranskina).
Hori dela eta, ondorioztatu beharra dago Euskotrenek ez duela urratu 63.b) artikuluaren aplikazioa eteteko betebeharra, nahiz eta bi langilerekin akordioak erdietsi dituen; izan ere, hori kasuaren arabera aplikatu da, unean-unean egon diren baldintzen arabera, eta ez modu orokortu eta nahitaezkoan.
Beste alde batetik, gastu horren eraginkortasuna eta efizientzia aztertzen badira, ondorio hau baino ezin da atera: printzipioetara egokituta dago eta ez da gabeziatzat hartu behar.
Lehenengo kasuan ziurrenik dirua aurreztuko da, langilea lanpostura ez bertaratzeko aukera handiak zeudelako eta ekoizpenera egokitzeko arazoak zeudelako. Ezintasun iraunkor osoa aitortu behar izateko aukera saihestu da; izan ere, langilea babesteko neurriak nahikoak izan ez direla esaten bada, baliteke prestazioetan errekargu bat izatea. Horrez gain, Lan Ikuskaritzaren jarduketa zehatzailea ere saihestu da, langilea bere osasuna kaltetzen duen postu batean mantentzeagatik.
Bigarren kasuari dagokionez, aurreztea bistakoa da; ez dago horren inguruko zalantzarik.
Hori dela eta, ondorioztatu beharra dago Euskotrenek ez duela urratu 63.b) artikuluaren aplikazioa eteteko betebeharra; izan ere, hori kasuaren arabera aplikatu da, unean-unean egon diren baldintzen arabera, eta ez modu orokortu eta nahitaezkoan.
«Hiru langileri, hitzarmenetik kanpo, langileak hautatzeko enpresa batek egindako deialdien bidez, egindako kontratu mugagabeak justifikatzeko eskuragarri dagoen dokumentazioak ez du ahalbidetzen berdintasun-, meritu- eta gaitasun-printzipioak bete direla egiaztatzea».
Alegazioa.
Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren dokumentuaren II.1 kapituluko 2. atalean ageri denari dagokionez, hau da, hiru langileri kontratu mugagabeak egiterakoan berdintasun-, meritu- eta gaitasun-printzipioak bete direla egiaztatu ez izanari dagokionez, adierazi behar da 2016. urtean Laneko Segurtasunaren Koordinazioaren arduradun, Barne Kontrolaren arduradun eta Aurrekontuaren Kudeaketaren eta Kontabilitatearen arduradun postuak, hirurak ala hirurak hitzarmenetik kanpoko langileei zegozkienak, zegokien hautaketa-prozesua izan zutela.
Prozesu horiek gauzatzeko ardura zuten enpresak Sektore Publikoko Kontratuen Legean eta Euskotrenen Kontratazioari buruzko Barne Araudian ezarritakoaren arabera hautatu ziren, eta enpresa horiek enplegu publikoa eskuratzeko printzipioen jakitun ziren.
Publizitate-printzipioa hiru kasuetan bete zen; izan ere, deialdia irakurle gehien dituzten hiru egunkarietan eta horretarako kontratatutako enpresen webguneetan argitaratu zen.
HKEEaren izenean fiskalizazioa egin duten langileek eskatu dituzten agiri guztiak jaso dituzte, besteak beste hiru kontratazio horiei erreferentzia egiten dieten Euskotrenen bulegoetako espedienteak. Eta berdintasun-, meritu- eta gaitasun-printzipioak zalantzarik gabe bete zirela egiaztatzeko, Euskotreneko arduradunek kontratazio-prozesuak gauzatu zituzten enpresei eskatu zieten erreferentziako espedienteak igortzeko; halaxe egin zen eta, ondoren, jasotako dokumentazioaren kopia bana igorri zitzaien fiskalizazioaz arduratzen ziren langileei. Espediente horien edukitik zalantzarik gabe ondorioztatzen da kasu guztietan bete egin zirela berdintasun-, meritu- eta gaitasun-printzipioak. Halaxe adierazten dute Kontuen Euskal Epaitegiari helarazi zitzaizkion agiriek eta interesdunek nahiz hiru kontratazio-prozedura horietako alderdi sozialak inpugnaziorik aurkeztu ez izateak. Hala, irakurle asko dituzten EAEko paperezko hiru egunkaritan argitaratu ziren hiru deialdien iragarkiak. Kontratatutako enpresek banan-banan aztertu zituzten hautagaitzak, hiru postu horietarako eskatzen ziren baldintzak betetzen zituzten egiaztatzeko. Baldintzak betetzen ez zituzten hautagaiak baztertu zituzten, eta betetzen zituzten hautagaiak ontzat eman zituzten. Jarraian, probak egin ziren. Horien emaitzak kontuan hartuta, enpresari jakinarazi zitzaion zein ziren eskatutako profilera hobekien egokitzen ziren hautagaiak. Ondoren, Euskotrenek horien artetik deialdiaren xede ziren postuetara hobekien egokitzen zirenak aukeratu zituen, elkarrizketak egin ondoren. Hori guztia agirien bidez frogatuta dago.
Beraz, hizpide ditugun hiru kontratazio horietan Euskotrenek hiru printzipio horiek eta publizitatearen printzipioa zorroztasun osoz bete ditu; gainera, kontuan hartu beharra dago berdintasun-, meritu- eta gaitasun-printzipioak betetzeko beharra jurisprudentziarik berrienak ere jorratu duela. Ildo horretatik, berariaz aipatu nahi dugu enpresa-erakunde publikoetan berdintasun-, meritu- eta gaitasun-printzipioak aplikatzeari buruzko intereseko gaiei dagokienez 2017ko ekainaren 19an Balear Uharteetako Auzitegi Nagusiko Lan Arloko Salak emandako epaia. Adierazi da enplegu publikoa eskuratzeko prozesuak arautzen dituzten berdintasun-, meritu- eta gaitasun-printzipioak ezin direla zorroztasun berdinarekin aplikatu zuzenbide pribatuaren mendeko erakunde publiko instrumentaletan; izan ere, hasteko, erakunde horien izateko arrazoia administrazio-prozedura zurrunak gainditu ahal izatea da, askotan horiek bateraezinak baitira zerbitzuak emateko esparruan garatzen den eta zuzenbide pribatuaren mendekoa den jarduera batekin. Erakunde instrumental horien kontratazioak ez dakar inolako diru-sarrerarik funtzio publikoan, eta langile horiek ez dira administrazio publikoko langileak izaten; ondorioz, pertsona horiei ezin zaizkie aplikatu langile publikoentzat ezarritako hainbat berme, besteak beste bidegabeko kaleratzeetan langile finkoak berriz onartzeko araua, eta, beraz, langile horiek ezin dute beste lanposturik eskuratu, ez goragoko mailetan ezta beheragoko mailetan, kontratatu dituen erakundetik kanpo.
Horrez gain, Auzitegi Gorenaren 2016ko uztailaren 6ko Epaia hizpidera ekarri da. Epai horretan, Auzitegi Gorenaren 2014ko irailaren 18ko Epaia aipatzen da, eta honako hau jasotzen da, Auzitegiaren hausnarketak ardatz hartuta:
1.– Konstituzioaren 23.2 eta 103. artikuluek erreferentzia egiten diote funtzio publikora sartzeari, baina hori ezin da kasu honetan aplikatu, sozietate-forma duen enpresa-erakunde batekin lan-harreman komuna dutelako. Konstituzioak hau baino ez du jasotzen: herritarrek eskubidea dute funtzio eta kargu publikoak eskuratzeko aukera-berdintasuna izateko. Funtzio-publikoak eskuratzea baino ez da aipagai diren printzipio konstituzional horien mendekoa.
XXXSA ez dago behartuta funtzio publikoak eskuratzeko printzipio konstituzionaletara, errekurtsoan planteatutako baldintzetan. Ikuspegi horretatik, ezin da esan hitzarmeneko araudiak herritarren eskubide bat (erakunde horretan lanpostu bat lortzea) urratzen duenik.
2.– Konstituzio-doktrinak eta Laugarren Salaren epaiak adierazten dute ezin zaiola enplegu publikoa lortzeko erregimena aplikatu XXXSAren laneko kontratazioari. Hala ere, horrek ez du kentzen desiragarria eta logikoa denik printzipio horien arabera jokatzea, inpugnatu den hitzarmen kolektiboan egiten den moduan.
3.– Argigarria da Ministerio Fiskalak egindako txostena gogora ekartzea: Negoziazio kolektiboaren esparruan, enpresako eta sindikatuetako ordezkariek akordio bat erdietsi dute hutsik dauden postuak betetzeko. Hala, postuak betetzeko lehentasuna eman zaie aldizkako langile finkoei eta duela denbora gutxi sei hilabetez lanean aritu direnei. Akordio horrek, berez, ez du inolako muga edo oztoporik jartzen lanpostu horiek eskuratzeko orduan.
4.– Enpresaren jarduera nagusia ikusita (larrialdiei erantzutea, basoko suteei aurrea hartzea eta horiek itzaltzea, ingurumena babestea etab.), egokitzat jo daiteke aipatu diren zerbitzu horiek gauzatzeko beharrezko prestakuntza duten langileak erabiltzea, eta horrek ez luke Konstituzioak araututako betebeharrik urratuko.
Errekurtsoa jarri duenak ahalegin dialektiko handia egin badu ere, ezin da XXXSA enpresa Administrazio Publikoarekin identifikatu, harreman pribatuak arautzen dituzten baino betebehar zorrotzagoak betetzera behartzeko.
5.– Hitzarmen kolektiboan berdintasun-eskubidea eta diskriminaziorik ez jasateko eskubidea errespetatu behar badira ere, horiek ezin dute beste testuinguru batzuetan duten irismen bera izan; izan ere, hitzarmen publikoa harreman pribatuen arloan gauzatzen da, eta bertan oinarrizko eskubideak, besteak beste berdintasun-eskubidea, ñabardurekin aplikatu behar dira, borondatearen autonomiaren printzipioa oinarri duten beste balio batzuekin bateragarria izan dadin.
Konstituzioak eskatzen duena tratu-desberdintasuna objektiboki justifikatzea da, eta proportzionaltasunaren judizioa gainditzea Konstituzioari dagokionez hartutako neurriaren, lortutako emaitzaren eta hasierako xedearen artean.
6.– Beste alde batetik, errekurtsoan barne-kontraesan bat dago: kolektibo «pribilegiatuek» lehenik proba batzuk gainditu behar izan dituzte egoera horretara iristeko, eta ez da horri buruzko hausnarketarik egin.
Edo horietan ez ziren Konstituzioak eskatzen zituen baldintzak betetzen, eta, kasu horretan, ezin izango litzateke azaldu hortik eratorritako ondorio bat, eta ez nagusia, zalantzan jartzea. Edo berme horiek ikusi dira eta, ondorioz, ez dauka zentzurik berriz ere horiek eskatzeak.
Aldizkako langile finkoei dagokienez, enpleguaren egonkortasun-baldintzek eta kontratazioaren izaerak talka egingo lukete langile horiei lehentasuna eman ordez enpresatik kanpoko pertsonei lehentasuna ematearekin (ikus indarrean dagoen Langileen Estatutuaren 16.2 artikulua).
7.– Aurreko hitzarmenek beste sistema bat izatea ez da inolaz ere nahikoa argumentu egungoaren baliagarritasuna zalantzan jartzeko.
Beste alde batetik, XXXSA enpresako lanpostuak lortzeko publizitate- eta berdintasun-printzipioak errespetatu behar direla ulertzen den neurrian, hitzarmena printzipio horiek betetzen dituela aintzat hartuta interpretatu behar da. 26. artikuluan hutsik dauden postuak betetzeko prozesu konplexu baten 3. fasea nola garatzen den azaltzen da, eta ez hasierako enplegua nola eskuratu (erreferentziako bi kolektiboetako kide dela aintzat hartuta). Are gehiago, hitzarmen kolektiboko 23. artikuluan («Enplegu egonkortasuna») hainbat berme ezartzen dira, «unean-unean gai honi buruz erreferentziako araudiak sektore publikoaren zerbitzura lan egiten duten pertsonentzat ezarritakoa eragotzi gabe».
Hala, doktrina jurisprudentzial horri jarraikiz, funtzio publikoa atzitzeari buruzko Konstituzioko 23.2 eta 103.3 artikuluak ezin dira kasu honetan aplikatu; izan ere, sozietate-izaera duen enpresa-erakunde batekin lan-harremana duten langileak dira, nahiz eta Euskotrenek zorroztasun osoz bete dituen printzipio horiek.
Beste alde batetik, gure ustez, egitate bat fiskalizatzeaz arduratzen diren pertsonek uste izateak egitate hori ez dela behar bezala frogatu, ez du esan nahi legea urratu denik. Ez ditugu ezagutzen bete ez diren legezko aginduak, ez baitigute horren berri eman, enplegu publikoa atzitzeko printzipio generikoak ustez ez betetzeaz gain, nahiz eta printzipio horien aplikazioak ñabardurak dituen, ikusi dugun moduan, sozietate anonimo izaera eta kapital publikoa duten enpresetan.
Bukatzeko, prozesu horiek gauzatzerakoan publizitate-, berdintasun-, meritu- eta gaitasun-printzipioak zorrotz errespetatu zirela behar bezala frogatu ez bada, are froga gutxiago dago esateko prozesu horietan printzipio horiek bazter utzi zirela eta, ondorioz, legea urratu zela.
III.– Barneko kontrol-sistemei eta kudeaketa-prozedurei buruzko oharrak.
III.1.– Ondasunak eta zerbitzuak kontratatzea.
2016an esleitutako kontratuak.
«Berrikusi ziren kontratuetatik bostetan (horien esleipena 12,7 milioi eurokoa izan zen), balio-judizioen mendeko balorazio-irizpideak generikoak ziren».
Alegazioa.
Enpresa lizitatzaileek kontratazio-prozeduretan dituzten agiriak hauek dira: Administrazio Baldintza Orokorren Plegua eta bere karatula, eta Preskripzio Teknikoen Plegua.
Operadore interesdunek agiri horiek kontuan hartu behar dituzte eskaintzak egiteko.
Baldintza Orokorren Pleguaren karatulan balorazio-irizpideak zerrendatzen dira, baina horien interpretazioa, irismena eta xehetasunak, oro har, Preskripzio Teknikoen Pleguan ageri dira.
Kontratazio-prozeduran interesa duten enpresei, eskaintzak baldintza berdinetan egin ahal izan ditzaten, balorazio-irizpideen zerrenda duen Baldintza Orokorren Pleguaren karatula emateaz gain, prozedurari eragiten dieten gainerako agiriak ere ematen zaizkie, besteak beste Plegu Teknikoa eta horren eranskinak.
Plegu Teknikoan zehazten da irismena, eta bertan adierazten da irizpide bakoitzerako zer eskatzen den.
SPKLTBren 150. artikuluak, Administrazio Publikoetako balorazio-irizpideak arautzen dituenak, ez du adierazten irizpideek zenbateko xehetasun-maila izan behar duten.
Bistakoa denez, irizpideak generikoak ez izateko baldintzaren xedea arbitrariotasunak saihestea da, irizpideen irismena mugatua izatea eta enpresa lizitatzaileek irismen hori behar bezala ezagutu ahal izatea, kontrataziorako administrazio-printzipioak betetzen direla bermatzeko.
Txostenean aipatzen diren kontratazioen kasuan, enpresa lizitatzaile edo interesdun guztiek, Plegu Teknikoan adierazitako zehaztasun teknikoei esker, jada xehetasunez eta zehaztasunez ezagutzen dute kontratazioaren xedea eta balorazioa; era horretan bermatzen da Euskotrenek ez duela arbitrariotasunez jokatuko balorazioak egiterakoan eta enpresa guztiek aukera berdinak dituztela euren eskaintzak egiterakoan.
Ondorioz, Administrazio Pleguko karatulan ageri diren balorazio-irizpideak ez daude kontratazio-prozedurako gainerako agirietatik isolatuta, baizik eta agiri horien bitartez lizitatzaileek beharrezko xehetasunak eta zehaztasunak eskuratzen dituzte baloratuko den horri buruz.
Garbiketari dagokion kontratuan (6. zenbakia du txostenean), Baldintza Orokorren Pleguaren Karatulan (BOPK), honako hauek agertzen dira aztertu beharreko balorazio-irizpide gisa:
Baldintzen pleguan zehazten da balorazio-irizpide horien irismena. Zehazki, 10. eta hurrengo orrialdeetan hau agertzen da:
6.– Eskaintza teknikoa.
Eskaintzak honako zehaztapen hauei jarraituta aurkeztuko dira:
6.1.–Laneko plana.
Enpresa lizitatzaileek zerrenda kuantitatiboa eta zerbitzuak emango dituzten langileen kategorien zerrenda aurkeztuko dituzte. Zehazki, honako hauek jaso behar dira:
– Egunero egin beharreko operazioen deskribapena, egun motaren arabera bereizita (lanegunak, larunbatak, igandeak eta jaiegunak).
– Eguneko eta asteko ordutegien banaketa.
– Zeregin bakoitzari lotutako langileak, lanaldiak eta egutegia zehaztuta; proposatutako taldean emakumeak egotea baloratuko da, batez ere arduradunen lanpostuak direnean.
– Kokapena, garbiketa-egoitzen arabera; bestalde, langilearen hileko orduen kuantifikazioa.
6.2.– Baliabide teknikoak.
Enpresa lizitatzaileek honako hauek jasotzen dituen zerrenda bat entregatuko dute, eta identifikazioak erabatekoa izan beharko du: garbiketa-plan bakoitzean aurreikusitako zerbitzuak gauzatzeko tresnak, makineria eta baliabide osagarriak; bestalde, horien ezaugarriak, funtzioak eta esku-lanaren emankortasunean duten eragina jasotzen dituen txostena aurkeztu beharko da.
6.3.– Material eta kontsumigarrien zerrenda.
Enpresa lizitatzaileek erabiliko diren materialen eta garbiketa-produktuen zerrenda bat emango dute (9.2. puntuan adierazitako formatuan bete beharko da, ezaugarri tekniko eta toxikologikoei buruzko datuak jasota).
Zerrenda horretan honako produktu eta kontsumigarri hauek jasoko dira, besteak beste:
– Garbiketa-planetan jasotako instalazio guztietako komun eta aldageletako xaboia eta komuneko papera.
– UTetako komunetako xaboia eta komuneko papera. Kasu honetan, erabili beharreko produktuak Euskotrenek zehaztuko ditu (taulan adierazi dira, nahiz eta idazki honetan ez den taula sartu).
– Lebarioko, Gernikako, Lutxanako, Arasoko eta Gasteizko garbiketa-tuneletako garbiketa-produktuak. Kasu honetan, erabili beharreko produktuak Euskotrenek zehaztuko ditu (taulan adie-
– Gutxieneko materialen zerrenda hau hobetzen duen eskaintzak balorazio positiboa izango du.
Beste alde batetik, atal honetan aipatutako espediente batean ez da Plegu Teknikoan baloratuko denaren irismena eta edukia zehazten: Administrazio Pleguaren karatulan bertan zehazten dira balorazio-irizpideak eta azpi-irizpideak, xehetasun eta zehaztasun handiz zehaztu ere. Txostenean 9. zenbakiarekin adierazitakoaz ari gara (Gipuzkoako autobus-lineen zerbitzuei lotutako kontratua); beraz, ez gaude ados esaten denean esleipen-irizpideak generikoak direla. Irakurtze hutsarekin ikusten da ez dela hala (kontratazio-prozeduraren karatulan daude).
Honako hauek dira autobus-lineen zerbitzuei lotutako kontratuan aztertzeko ezartzen diren irizpideak (Administrazio Pleguaren karatulan agertzen dira):
Material mugikorra mantentzeari (5. espedientea) eta Bilboko tranbiaren bideo-zaintzako sistema berritzeari (8. espedientea) lotutako kontratazioetan, balorazio-irizpideen irismena, jada adierazitako gainerako kontratazioetan bezala, zehaztuta agertzen da plegu teknikoetako zehaztapenetan. Plegu luzeak dira eta ez dira transkribatu, alegazio hau ez dadin behar baino gehiago luzatu.
Azken batean, uste dugu kasu gehienetan balorazio-irizpideak administrazio pleguen karatulan zehazten direla, eta irismena, garapena eta xehetasunak plegu teknikoetan agertzen dira. Plegu horiek kontratazio-prozeduren dokumentazioaren osagarri dira: operatzaile ekonomikoek jaso dute eta aintzat hartu behar izan dute euren eskaintzak egitean, aukera-berdintasunez eta defentsarik ezarako tarterik gabe.
Are gehiago, aipatzen diren prozeduretan enpresa interesdunek ez zuten inolako eragozpenik, erreklamaziorik edo helegiterik aurkeztu balorazio-irizpideei edo irizpide horien ustezko izaera generikoari lotuta.
«3,9 milioi euroan esleitutako kontratu batean, pleguek kontratu-aldaketak eta -gorabeherak aurreikusten dituzte, argi eta zehatz zehaztu gabe zein egoeratan egin ahal izango diren eta zer-nolako irismena eta mugak izango dituzten».
Alegazioa.
2. espedientea da, bidaiariak errepidetik garraiatzeko zerbitzuetako autobusen flota berritzeari buruzkoa (Euskotren da emakidaduna).
Bizkaiko Foru Aldundia eta Gipuzkoako Foru Aldundia dira, dagozkien lurraldeetan, Euskotrenek ustiatzen dituen emakiden titularrak.
Emakida-kontratuetan honako hauek zehazten dira: beharrezko ibilgailu kopurua eta mota, bizitza erabilgarriari dagozkion parametroak. Hain zuzen ere, emakidadunak bete beharrekoak dira, emakida-kontratua indarrean dagoen artean (8 urte inguru).
Autobus flotaren berritze aurreikusitakoaz aparte, aldundiek zehazten dute unean-unean, denbora igaro ahala lurraldeko bidaiarien garraioan atzemandako beharrizanen arabera, hala zerbitzuak emateko aurreikusitako autobus mota aldatu nola flota handitzeko aukera.
Hau da, bidaiariak garraiatzeko zerbitzu publikoa emateko ibilgailuek eskatzen dutena eta ibilgailuek dituzten ezaugarriak emakiden hasieran ezartzen dira, baina ez dira aldagaitzak kontratuak dirauen denbora-tarte guztian (8 urte inguru); izan ere, aldundiek horiek aldatzeko aukera dute, atzemandako garraio-beharrizanen arabera.
Azken batean, hornidura-kontratuaren gorabehera eta aldaketak Euskotrenez kanpoko gertakizunen ondorio dira: dagokion aldundiak ezartzen ditu, garraio-eskariari dagozkion beharrizan aldakorrak oinarri hartuta, eta horrek zaildu egiten du pleguetan aurreikusi ahal izatea sor daitezkeen aukera guztiak. Halaber, zaildu egiten du kontratazio-araudian aldaketak egiteko aurreikusitako betekizunak eta aldundiek unean-unean transmititzen dituzten garraio publikoaren beharrizanak uztartzea.
Nolanahi ere den, hurrengo kontratazio-prozedurei begira (autobusen flotari dagokionez) baloratu egingo dira Kontu Epaitegiak egindako oharrak, ahalik eta modu egokienean eta zehatzenean definitze aldera kontratazioan eta horren mugetan egin daitezkeen handitzeak eta aldaketak.
«12,9 milioi euroan esleitutako 4 kontratuetan kaudimenarekin lotutako alderdiak aztertzen dira, giza taldea, besteak beste. Pleguan ez da zehazten gutxieneko kopururik».
Alegazioa.
Adierazitako kontratuetan eta Euskotrenen kontratazio-prozeduretan, akatsak edo kasu isolatuak daudenean izan ezik, giza taldea ez da balorazio-irizpide gisa jasotzen; izan ere, ez dira baloratzen enpresa lizitatzaileek kontratua gauzatzeko baliatuko dituzten pertsonen kualifikazioak, titulazioak edo esperientzia.
Kontratazioa pertsona gehiagorekin edo gutxiagorekin egiteak ez du zertan garrantzitsua izan, azkenean era egokian edo eraginkorrean antolatzen ez badira.
Era honetako irizpideen bidez (giza taldea, baliabide materialak...) baloratzen dena kontratuaren xedeari aplikatutako antolakuntza zehatza da, horniduraren eta/edo zerbitzuaren kudeaketa eta koordinazio egokia egin ahal izateko; aitzitik, ez da baloratzen ez kopurua, ez esperientzia zehatza.
Esate baterako, hala adierazten da MEATen (1. espedientea) hornidurari eta instalazioari lotutako kontratuaren plegu teknikoan, 12. orrialdean: kontratuaren antolakuntza-egiturari eta prestazio egokia bermatzeko proposatutako rolei dagokie.
SPKLTBaren 150. artikuluak, balorazio-irizpideei buruzkoak, kontratazioaren xedearekin lotura izan behar dutela ezartzen du.
Gure ustez, ez dago zalantzarik: antolakuntza-modu zehatza (kontratuaren xedea gauzatzeko giza taldearena zein baliabide materialena izan) kontratazioaren xedearekin lotutako irizpidea da, eta, zalantzarik gabe, eragina izango du egikaritzearen egokitasunean. Berretsi egiten dugu ez garela ari langileen titulazioez eta esperientziaz.
Halere, aintzat hartuko dira Epaitegiak egindako oharrak, hurrengo kontratazio-prozedurak hobetzeko.
«10,1 milioi euroan esleitutako 2 kontratutan klausula sozialak baloratzen dira esleipen-irizpide gisa, nahiz eta horiek kontratuaren egikaritze-faseari bakarrik lotu ahal zaizkion».
Alegazioa.
Gure ustez, gai horri dagokionez honako hauek hartu behar dira aintzat:
Lehenengoa.– Sektore Publikoko Kontratuen Legearen testu bateratuaren 150. artikuluak hau xedatzen du:
150. artikulua.– Eskaintzak baloratzeko irizpideak.
1.– Proposamenak baloratzeko eta ekonomiaren aldetik eskaintzarik onuragarriena zein den zehazteko, kontratuaren objektuari zuzenean dagozkion irizpideak hartuko dira kontuan; esate baterako, kalitatea, prezioa, obra erabiltzeari edo zerbitzua emateari dagozkion ordainsariak berrikusteko erabiliko den formula, prestazioa gauzatzeko edo entregatzeko epea, erabiltze-kostua, ingurumen-ezaugarriak edo baldintza sozialei erantzutearekin zerikusia dutenak (baldintza sozial horiek bat etorri behar ote duten kontratuaren espezifikazioetan definitutako beharrizanekin, kontratatu behar diren prestazioen erabiltzaile edo onuradun izango direnen gizarte-maila bereziki behartsuenen beharrizanekin, alegia), errentagarritasuna, balio teknikoa, ezaugarri estetikoak edo funtzionalak, ordezko piezen erabilgarritasuna eta kostua, mantentze-lanak, laguntza teknikoa, saldu osteko zerbitzua edo beste antzeko zerbitzu batzuk.
Xedapen hori Estatuko oinarrizko legegintza da, eta administrazio guztietan aplikatzekoa da, Lege horren xedapen gehigarrietan bigarrenean adierazten denez.
Bestalde, uraren, energiaren, garraioen eta posta-zerbitzuen sektoreetako kontratazio-prozedurei buruzko urriaren 30eko 31/2007 Legearen 60. artikuluak hau xedatzen du:
1.– Eskaintza ekonomiko onenari dagokionez, esleipena irabaziko du osotasunean proposamen onena egiten duen lizitatzaileak, pleguan eta iragarkian ezartzen diren irizpide objektiboen arabera.
Proposamenak baloratzeko eta ekonomiaren aldetik eskaintzarik onuragarriena zein den zehazteko, kontratuaren objektuari zuzenean dagozkion irizpideak hartuko dira kontuan; esate baterako, kalitatea, prezioa, obra erabiltzeari edo zerbitzua emateari dagozkion ordainsariak berrikusteko erabiliko den formula, prestazioa gauzatzeko edo entregatzeko epea, erabiltze-kostua, ingurumen-ezaugarriak edo baldintza sozialei erantzutearekin zerikusia dutenak (baldintza sozial horiek bat etorri behar ote duten kontratuaren espezifikazioetan definitutako beharrizanekin, kontratatu behar diren prestazioen erabiltzaile edo onuradun izango direnen gizarte-maila bereziki behartsuenen beharrizanekin, alegia), errentagarritasuna, balio teknikoa, ezaugarri estetikoak edo funtzionalak, ordezko piezen erabilgarritasuna eta kostua, mantentze-lanak, laguntza teknikoa, saldu osteko zerbitzua edo antzeko beste zerbitzu batzuk.
Arau hori ere administrazio guztietan aplikatu beharreko oinarrizko legegintza da. (Lege horren xedapen gehigarrietan bigarrena).
Aurrekoaren ondorioz, Kontratazio publikoan klausula sozial jakin batzuk gehitzeari buruzko apirilaren 7ko 3/2016 Legea aipatutako artikuluetan xedatutakoa gordeta interpretatu behar da.
3/2016 Legearen 4. artikuluak hau xedatzen du:
4. artikulua.– Klausula sozialak kontratazio publikoan.
1.– Administrazio-klausula berezien agirietan sartu ahal izango dira, kontratua gauzatzeko moduari dagokionez, kontratuaren ezaugarriekin bat datozen izaera sozialeko eskakizun xehatuak, hala nola luzaroko langabeei lana emateko betebeharra, kontratistak bere ardurapean izatea gazte eta langabeentzako prestakuntza-jarduerak antolatzea, genero-berdintasuna sustatzeko neurriak edo etorkinak integratzeko neurriak hartzea, kontratua exekutatzeko pertsona desgaituak kontratatzea legeak ezartzen duen kopuruaren gainetik, eta antzeko beste eskakizun batzuk.
2.– Eskakizun horiek ezin daitezke izan ezkutuko espezifikazio teknikoak, hautaketa-irizpideak edo esleipen-irizpideak, eta, halaber, ezin izango dira diskriminatzaileak izan, kontratua gauzatzeko kaudimen tekniko nahikorik duen edozein lizitatzailek eskakizun horiek bete ahal izan ditzan.
Aipatutako 3/2016 Legearen 4. artikuluan xedatutakoa ezin da interpretatu esanaz kontratuaren xedearekin lotutako genero-berdintasuneko neurriak ezin direla erabili balorazio-irizpide gisa; izan ere, interpretazio horrek zuzenean egingo luke aipatutako 150. eta 61. artikuluen aurka, eta, ikusi dugunez, xedapen horiek oinarrizko legegintza dira eta administrazio guztiei aplikatu behar zaizkie. Uste dugu kontratuaren xedearekin loturarik baldin badago, genero-berdintasunarekin lotutako balorazio-irizpideak eta antzekoak erabil daitezkeela, horretarako babesa ematen baitute 150. eta 61. xedapenek.
3/2016 Legean xedatutakoaren interpretazioa da, adierazitako oinarrizko legegintzari dagokionez, kontratuaren egikaritzeari lotutako betekizunak ezin direla izan balorazio-irizpide ostenduak. Alabaina, ezerk ez du eragozten balorazio-irizpide gisa ezartzea, zuzenean, genero-berdintasuneko edo ingurumenari lotutako irizpideak, kontratuaren xedearekin lotuta badaude. Nolanahi ere, horrek ez du inoiz ekarriko balorazio-irizpide ostenduak erabiltzea.
Bereizi behar dira kontratuaren egikaritze-eskakizunak (ezin dituzte balorazio-irizpideak ostendu) eta kontratuaren xedearekin lotutako balorazio-irizpideak zehaztea.
Bigarrena.– Bestalde, Europako Parlamentuaren Kontratazio publikoari buruzko 2014ko otsaileko 2014/24 Zuzentarauaren 67. artikuluak hau xedatzen du:
1.– Zenbait horniduraren prezioari edo zerbitzu jakin batzuen ordainketari lotutako lege-, araudi- edo administrazio-xedapenetan eragin gabe, botere esleipendunek eskaintza ekonomiko onuragarrienaren irizpidea aplikatuko dute kontratu publikoak esleitzeko.
2.– Botere esleitzailearen ikuspegitik eskaintza ekonomiko onuragarriena ezartzeko, prezioa edo kostua hartuko da oinarri, eta erabiltzen den planteamenduak kostua-eraginkortasuna lotura hartuko du aintzat, hala nola bizitza-zikloaren kostuaren kalkulua 68. artikuluaren arabera. Orobat, kalitatea-prezioa lotura har daiteke aintzat, eta, ebaluatzeko, dagokion kontratu publikoaren xedeari atxikitako alderdi kualitatiboak, ingurumenari dagozkionak eta/edo sozialak jasotzen dituzten irizpideak erabiliko dira. Irizpide horien artean daude honako hauek, besteak beste:
a) Kalitatea (balio teknikoa barne), ezaugarri estetiko eta funtzionalak, irisgarritasuna, diseinua erabiltzaile guztiei begira, ezaugarri sozialak, ingurumen-ezaugarriak eta berritzaileak, eta merkaturatzea eta horren baldintzak.
b) Kontratua exekutatzeaz arduratzen diren langileen antolakuntza, kualifikazioa eta esperientzia, erabilitako langileriaren kalitateak eragin nabarmena izan badezake kontratuaren egikaritzean.
c) Salmenta ondoko zerbitzua, laguntza teknikoa eta emate-baldintzak, hala nola emate-data, emate-prozesua eta emate-epea edo egikaritze-epea.
Kostua faktorea ere prezio edo kostu finko izan daiteke, eta oinarri, operatzaile ekonomikoak kalitate-irizpide hutsen arabera lehia daitezen.
Estatu kideek xedatu ahal izango dute botere esleitzaileek ahalmenik ez izatea prezioa edo kostua esleipenerako irizpide bakarra izan daitezen; bestela, irizpide horren aplikazioa mugatu ahal izango dute botere esleitzaileen kategoria jakin batzuetara edo kontratu-mota jakin batzuetara.
3.– Esleipen-irizpideak kontratu publikoaren xedera lotuta daudela esango da kontratu horren arabera egin edo eman beharreko obra, hornidura edo zerbitzuei dagozkienean, edozein alderditan eta bizitza-zikloaren edozein etapatan, honako hauetan eragiten duten faktoreak barne:
a) obra, hornidura edo zerbitzuen ekoizpen-, emate- edo merkaturatze-prozesu espezifikoan, edo
b) bizitza-zikloko beste etapa baten prozesu espezifikoan, are faktore horiek izate materialaren osagai ez direnean ere.
Aipatutako Zuzentaraua 2015. urtean moldatu behar zen Estatuko Antolakuntza Juridikora; baina, orduan egokitu ez zenez, xedapenetako batzuek zuzeneko eragina dutela esan daiteke, 2015etik bertatik, hala nola hitzez hitz aipatutako 67. artikuluaren kasuan.
Zuzentarauaren artikulu horren zuzeneko eragina (2015az geroztikoa) onesten du Kontratazio Publikoko Administrazio Epaitegiek onetsitako agiri honek: «Los efectos jurídicos de las directivas de contratación pública ante el vencimiento del plazo de transposición sin nueva ley de contratos del sector público». Agiria Euskadiko Kontratuen inguruko Errekurtsoen Administrazio Organoaren webgunean argitaratu zen.
Horrenbestez, aipatutako Zuzentarauaren 67. artikulua zuzenean aplikatuta, kontratuen esleipen-irizpideen artean ager daitezke irizpide sozialak. Bestalde, Kontratazio publikoan zenbait klausula sozial txertatzeko apirilaren 7ko 3/2016 Legea interpretatzean errespetatu egin beharko da aipatutako Zuzentarauko 67. artikuluaren zuzeneko aplikazioa.
Zatikatzea.
«Egindako gastuak, hirugarren batzuei dagozkienak. Guztira 409.734 euro dira, eta komeniko litzateke antzeko kontzeptuen arabera multzokatzea, dagozkion kontratazio-prozesuen bidez lizitatzeko».
Alegazioa.
Epaitegiak aipatzen dituen kontratuak, oro har, aurreikusi gabeko zenbait lan eta hornidurari dagozkie, edo sozietate honek dituen mantentze-lanetako eta hornidurarako kontratuetatik bazter geratzen direnei.
Kasu gehienetan, gremio edo enpresa berberak zerbitzuaz edo horniduraz arduratzeak ez dakar lanak, aurrez ikusteko modukoak izateaz gain, antzekoak izatea edo pleguetan eraginkortasunez jasotzeko aukera izatea.
Esate baterako, galdaragintzaren esparruan egindako lanei dagokienez, ezustean egin dira eta, gainera, intentsiboak dira esku-lanari dagokionez; beste batzuetan, berriz, material jakin batzuetan egin da lan. Beste adibide bat piezen mekanizatuei dagokie: 15 material baino gehiago erosi dira. Azkenik, nabarmendu dezakegu trenak eta autobusak mantentzeko artikuluen hornidura, non, kasu batzuetan, ia ezinezkoa den sozietate honentzat behar besteko bermez aurreikustea beharrezko diren artikuluen aniztasuna eta heterogeneitatea, eta kontsumoaren bolumen zenbatetsia, betekizun teknikoen plegu egokia egin ahal izateko.
Beste alde batetik, esan behar dugu Kontu Epaitegiak bere txostenean aintzat hartutako zenbatekoa egindako gastua baino handiagoa dela, BEZa jasotzen baitu.
Aurreko guztiak esanda, aintzat hartu eta baloratu egingo dira Kontu Epaitegiak egindako oharrak Euskotrenek ordu osagarrien inguruko itunak sinatu ditu errelebo-kontratu bati lotutako zati bateko , era honetako kontratazioen izapideak hobetzen jarraitzeko.
III.2.– Langileak.
«Erretiroa onartu zuten lau pertsonarekin, ehuneko 8,5eko lanaldi-murrizketarekin, nahiz eta Langileen Estatutuko 12.5 artikuluak mugatu egiten duen era horretako itunak egiteko aukera; zehazki, halakoak baliatu ahal izango dira lanaldi partzialeko kontratuak daudenean eta lanaldia ohiko lanaldiaren ehuneko 25etik beherakoa ez denean».
Alegazioa.
Euskotrenen hitzarmen kolektiboaren 63.c artikuluak, erretiro partzialari eta errelebo-kontratuari buruzkoak, langileak erretiroa hartzera behartzen ditu; zehazki, gehienez baimendutako ehunekoan (ehuneko 85). Halaber, lanaldi partzialeko kontratu bat sinatzera behartzen ditu, gainerako lanaldirako (ehuneko 15). Bestalde, enpresak derrigor kontratatu behar du erreleboa hartuko duen langilea (lanaldiaren ehuneko100). Gai hau erabilezina da Euskotrenentzat eta Euskontreneko langileentzat.
Bestela esanda, Euskotrenek ez ditu erretiratu partzialekin formalizatu lanaldi partzialeko lan-kontratu horiek, lanaldia ehuneko 15ekoa dutenak, interes ekonomikoarekin edo iruzurra egiteko asmoarekin, hori baitzen erretiro partzialera sarbidea ahalbidetzeko adostutako modua.
Euskotrenen 2016. urtean zehar erretiroa hartu zuten, erretiro-modalitate ezberdinak aintzat hartuta, hogeita bederatzi langilek. Horietatik hamazazpik erretiro partziala baliatu dute, horiei dagokien errelebo-kontratuarekin.
Hamazazpi pertsona horien artean bi egoera landu dira batez ere 2016an. Zehazki, enpresak ezinbestean behar zuen EVA sistemaren arduradun-lanpostuaren eta Material mugikorraren mantentze-lanen arduradun atxikiaren lanpostuaren titularrek (aurreko urteetatik zetozen beste biekin batera: aurrekontu-kudeaketako arduraduna izeneko lanpostuaren titularrarena eta Staff zuzendari nagusia lanpostuaren titularrarena) araudiak zehaztutako ehunekotik gorako lanaldia izatea, hala amaitu beharreko lanen ondorioz eta lanpostu berezi eta jakin horietan ezagutzaren transferentzia bermatzeko. Kasu guztietan lortu da adostasuna langileekin lanaldi handiagoa egin zezaten eta, jakina, ordain ziezaieten. Berretsi egiten dugu hori guztia aurreikusitako lanaldia gainditzearen ondorio dela.
Kasu honetan, zaila zen Euskotreneko errelebo-kontratuaren ohiko esparrua eta ordu osagarrien beharrizana uztartzea Langileen Estatutuan ordu osagarrietarako eta lanaldi partzialeko kontratuetarako aurreikusitakoarekin. Nolanahi ere, ukitutako langileekin adostasuna lortu da, hain zuzen ere bi alderdien interesak batuz. Gerta daitekeen urratze formaletik harago, ez zaie ezelako galerarik edo kalterik eragin hirugarrenei.