EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-04-11 Aldizkari honetan argitaratua: 2018069

EBAZPENA, 2018ko martxoaren 21ekoa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez honen ingurumen-txosten estrategikoa egiten baita: «EG-13 Polloe» hirigintza-eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Berezia, Donostiako Udalak sustatua.

Xedapenaren data: 2018-03-21
Hurrenkenaren zenbakia: 201801893
Maila: Ebazpena
AURREKARIAK
Donostiako Udalak, 2017ko azaroaren 13an, eskabide bat aurkeztu zuen ingurumen-ebaluazioa estrategiko sinplifikatuaren prozeduraren izapideak egiten hasteko, honako plan honi dagokionez: «EG-13 Polloe» hirigintza-eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Berezia (aurrerantzean, Plana). Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu ziren, hala nola planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan xedatutako edukia zuena.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikulua betetzeko, 2017ko abenduaren 14an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak ekin zion eraginpeko administrazio publikoei eta interesdunei kontsulta egiteko izapideari, eta egoki irizten zieten oharrak egiteko eskatu zien, ohar horiek oinarritzat hartuta ingurumen-organo horrek ingurumen-txosten estrategikoa egin zezan. Zehazki, hauei guztiei egin zien kontsulta: Kultura Ondarearen Zuzendaritza, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritza, eta Uraren Euskal Agentzia (guztiak Eusko Jaurlaritzako erakundeak), Kultura, Turismo, Gaztedia eta Kirola Departamentua eta Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusia (biak Gipuzkoako Foru Aldundikoak), eta Ekologistak Martxan Gipuzkoa. Era berean, Donostiako Udalari ere jakinarazi zitzaion prozeduraren hasiera.
Halaber, espedientean jasotzen den dokumentazioa eskuragarri ipini zen Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webgunean, interesdun guztiek egoki iruditzen zitzaizkien ingurumen arloko oharrak egin zitzaten.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan ezarritako epea amaituta, Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak, Kultura Ondarearen Zuzendaritzak eta Uraren Euskal Agentziak (guztiak Eusko Jaurlaritzakoak) bidali dituzte txostenak. Espedientean daude horien emaitzak.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, lege horren helburua da ingurumenean ondorio adierazgarriak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautu behar duten oinarriak ezartzea. Eta, horrenbestez, ingurumenaren babes-maila handia bermatzen du lege horrek, garapen jasangarria sustatzeko helburua izanik.
Era berean, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, besteak beste, plangintza-prozesuaren lehen faseetan ingurumenaren gaineko ondorioen analisia txertatzea, aukerarik egokienak hautatzeko, jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak aintzat hartuta.
Ebazpen honetan aztergai den Donostiako «EG-13 Polloe» hirigintza-eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Berezia ez dago Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren IA eranskineko kasuen barruan –ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren aplikazio-eremua ezartzen du–, ez baitu ezartzen legez ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioa egin behar zaien proiektuak etorkizunean baimentzeko esparrurik eta ezin baitie eragin Natura 2000 Sareko guneei ezta ondare naturalari eta biodibertsitateari buruzko oinarrizko legeria edo Euskal Autonomia Erkidegoko natura zaintzeko legeria aplikatuz emandako arau-xedapen orokorrek edo nazioarteko hitzarmenek eragindako ingurumen-babeserako erregimenen bat duten eremuei ere, lekuaren kudeaketarekin loturarik izan gabe.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan aurreikusten da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasa behar diren planak eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo planen edo programen gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra, haiek ingurumenerako eragin nabarmenak ekar litzaketelako.
Aipatu 6.2 artikuluan, honako hauek zehazten dira, besteak beste: etorkizunean proiektuak baimentzeko esparrua ezartzen duten planak eta programak izanik, 1 artikuluan aipatutako betekizunak betetzen ez badituzte, ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatu batetik pasa beharko dira, zeinaren prozedura 29.etik 32.erako artikuluetan arautzen baita; guztia ere, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen V. eranskinean ezarritako irizpideekin bat etorriz.
Aztertuta geratu dira «EG-13 Polloe» hirigintza-eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko txostenak eta dokumentazio teknikoa, eta kontuan hartu da ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdiekin bat datorrela. Horrenbestez, txosten horiek aintzat hartuta, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak –ingurumen arloko organo eskuduna den aldetik otsailaren 27ko 3/1998 Legearen eta Ingurumen eta Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera– judizio-elementu nahikoa dauka, eta, beraz, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du, zeinak Planaren proposamenean ingurumen arloko alderdiak sartzearen alde egiten baitu eta Plana aplikatzearen ondorio adierazgarrien aipamena jasotzen baitu, baita sartu behar diren azken oharrak ere, soilik ingurumen arlokoak.
Hauek guztiak aztertu dira: Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra; Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legea; Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretua; Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; Sektore Publikoko Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legea eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– «EG-13 Polloe» hirigintza-eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziari dagokion ingurumen-txosten estrategikoa egitea (aurrerantzean, Plana), Donostiako Udalak sustatua, jarraian zehazten den moduan:
A.– Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.
Polloeko hilerriaren azalera 68.514 m² da. Lursail guztiak hiri-lurzoru finkatu gisa sailkatuta eta ekipamendu komunitarioko zona gisa kalifikatuta daude. Titulartasuna Donostiako Udalarena da.
Planaren helburua eremua Donostiako Hiri Antolamenduko Plan Nagusiaren xehetasunen arabera antolatzea da. Agiri horretan jasota dago 8.000 m
Planaren zehaztapenak honako hauek dira:
– Hilerriko eraikin nagusia handitzea (g.00-EG 13- 01 azpipartzela), eraikigarritasuna 500 m
– Errausketa-labea handitzea, eraikigarritasuna 500 m(t) handituz, errausketa-labe berri bat ezartzeko. (g.00-EG 13- 02 azpipartzela).
– Ehorzketa modu berriak eta hilerriaren jarduerari lotutako erabilera berriak egiteko lurzorua edukitzea. Horretarako, aurreikusita dago bi eraikin berri egitea. Batak gehienez ere 2.200 m
– 2.574 m
– Gabriel Aresti kaletik (hautsen lorategiaren ondotik) hilerrian sartzeko beste bide bat irekitzea.
– Eremuan ekipamenduaren erabilera berriak aurkitu eta antolatzea, hala nola aisialdirako erabilera, paseatzeko eta bertan egoteko lekutzat hartuta, hiri-parkearen modukoa izan dadin.
– Hilerriko kaleak berrurbanizatzea, oinezkoen ibilbideetako zoladurak aldatuz, irisgarritasun unibertsaleko arauetara egokitzeko.
– Interes arkitektonikoa edo historikoa duten hilobiak eta kaperak katalogatzea eta haietan esku hartzeko baldintzak erregulatuko dituzten arauak ezartzea.
B.– Proposatutako planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluarekin bat etorriz, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira, Planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez zehazteko.
1) Planaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:
a) Planak zer neurritan ezartzen duen proiektuetarako esparrua. Planak irizpideak ematen ditu ehorzketa zerbitzuei lotutako bi eraiki berri egiteko eta hilerriaren eraikin nagusia eta errausketa-labea handitzeko. Ez da inola ere aurreikusten Planaren garapenaren ondoriozko proiektuek legez bete beharko dutela ingurumen-inpaktua ebaluatzeko prozedura.
b) Planak zer eragin duen beste plan edo programa batzuetan: planak hiri-lurzoru finkatu bat antolatzen du eta bateragarria da lurraldeko eta sektoreko beste plan konkurrente batzuekin.
c) Plana egokia den edo ez bereziki garapen jasangarria sustatzeko egindako ingurumen-oharpenak integratzeko. Planaren garapenari aplika dakizkioke Donostiako Hiri Antolamenduko Plan Nagusiaren «1.2 Ingurumen-jasangarritasun Txostena» izeneko agirian zehaztutako neurri babesgarri, zuzentzaile eta konpentsagarriak. Hori dela eta, plana egokia da garapen jasangarria sustatzen duten ingurumen-oharpenak integratzeko.
d) Planarekin edo programarekin lotutako ingurumen-arazo garrantzitsu batzuk: planaren eremuak ez du ingurumen-babeseko araubidea duen espaziorik, ez eta bere kultura-balioengatiko edo ingurumen-arriskuengatiko elementu nabarmenik ere. Eremuan dauden kultura-baloreei dagokienez, Planaren helburuetako bat ondare arkitektonikoa eta historikoa duten elementuak hautatzea da, bai eta interes-mailaren arabera behar diren babes- eta kontserbazio-neurriak ezartzea ere.
Ez da atzeman Plana gauzatzearen ondoriozko ingurumen-arazo adierazgarririk, betiere, besteak beste, segurtasun eta osasunari, ingurumenari eta paisaiari dagokienez indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira eraginpeko eremuarekin lotutako esku-hartze eta jarduerak.
e) Plana egokitzat jotzen da ingurumen arloko legeria -Europakoa nahiz Espainiakoa- txertatzeko.
2.– Ondorioen eta eragina jasan lezakeen gunearen ezaugarriak:
Txikiak dira eraginpean gera daitekeen eremuaren ingurumen-balioa eta urrakortasuna. Hiri-lurzoru bat da, 1878az geroztik udal-hilerri gisa erabili izan dena. Ez dago natura-balioengatik edo ingurumen-arriskuengatik garrantzirik duen gunerik, baina bai kultura-ondareko elementuak. Hala ere, ez da aurreikusten elementu horien gaineko eraginik.
Errausketa-labe berri bat ezartzearen ondorioz isurtze atmosferikoak areagotuko dira. Errausketa-labe berria martxan jarri aurretik, atmosfera kutsa dezakeen jarduera izateko baimena lortu beharko da (APCA), Airea kutsa dezaketen jarduerak egiten diren instalazioak arautzeko abenduaren 27ko 278/2011 Dekretuari jarraikiz. Baimen horrek jasoko ditu jarduketa egiteko bete behar diren baldintzak, isurketaren muga-balioak eta instalazioan egin behar diren kontrolak.
Beste ingurumen-eragin neurrizko batzuk aurreikusita daude. Eragin horietarako, prebentzio- eta zuzentze-neurriak hartzea aurreikusita dago. Neurri horiek lotuta daude eraikinak handitzearen eta hilerriko kaleetako zoladura aldatzearen ondoriozko eraikitze- eta eraiste-hondakinak sortzearekin, bai eta, neurri txikiago batean, lur-mugimenduen eta makinen joan-etorrien ondoriozko zarata, hautsa eta abar handitzeak eragindako giza habitataren kalitatea gutxitzearekin ere.
Planteatutako jarduketak ikusita eta aintzat hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoan planteatutako neurriak eta ingurumen-txosten estrategiko honetan planteatzen direnak, ez da aurreikusten planak ingurumen-inpaktu negatibo nabarmenik sortuko duenik.
3.– Neurri babesle eta zuzentzaileak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, ebazpen honetan adierazitakoarekin bat, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, Ingurumen Agiri Estrategikoan eta Planean bertan jasotakoarekin bat; hauek dira neurri horiek, besteak beste:
– Atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoa eguneratzen eta hura ezartzeko oinarrizko xedapenak finkatzen dituen urtarrilaren 28ko 100/2011 Errege Dekretuaren arabera, hilotzak eta gorpuzkiak erraustea atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoan sailkatuta dago (B taldea, 09 09 epigrafea).
Halaber, errausketa-labe berri bat ezartzeko, Atmosfera kutsa dezaketen jarduerak burutzen dituzten instalazioak arautzen dituen abenduaren 27ko 278/2011 Dekretuaren 10. artikuluan xedatutako baimen-prozedurari jarraituko zaio.
Horrek ez du eragozten Hilotzen sanitate-alderdiei buruzko Erregelamendua betetzea, urriaren 19ko 202/2004 Dekretuaren bidez onetsi zena.
– Lorategietako jardueretan, bertako biodibertsitatea sustatzeko jarduerak bultzatuko dira, jasangarritasun-irizpideak lehenetsiz praktikan jarri bitartean, espezie inbaditzaileak sartzeko arriskua murrizteko. Horretarako, «Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua» argitalpenean jasotako gomendioak eta neurriak erabiliko dira. Eskuliburu hura Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak kaleratu zuen.
– Garatzeko planeamenduak bermatu beharko du jarduketak egitean ingurumen-jardunbide egokiak ezartzen direla. Honako arlo hauek hartu beharko dira kontuan: obrak egin bitartean kale-lasaitasunarentzako afektazio negatiboak txikiagotzea, babestu beharreko landaretza, hauts gutxiago altxatzea eta hondakinak kudeatzea.
Bigarrena.– ─ Ingurumen-dokumentu estrategikoan eta ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoa oinarri hartuta, honako hau zehaztea: aurrez ikusitakoaren arabera, «EG-13 Polloe» hirigintza-eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziak ez du eragin garrantzitsurik izango ingurumenean, eta, beraz, ez da ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik egin behar.
Hirugarrena.– ─ Ebazpen honen edukia Donostiako Udalari jakinaraztea.
Laugarrena.– ─ Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko martxoaren 21a.
Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,
IVAN PEDREIRA LANCHAS.