EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-04-09 Aldizkari honetan argitaratua: 2018067

ERABAKIA, 2018ko martxoaren 15ekoa, UPV/EHUren Gobernu Kontseiluarena, zeinaren bidez onartzen baita 2018-2019 ikasturtean Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko graduko ikasketetara sartu eta ikasketetan onartua izateko prozedura.

Xedapenaren data: 2018-03-15
Hurrenkenaren zenbakia: 201801819
Maila: Akordioa
Hezkuntzaren Kalitatea Hobetzeko abenduaren 9ko 8/2013 Lege Organikoak (LOMCE) aldatu zituen graduko ikasketa ofizialetan sartu eta horietan onartuak izateko baldintzak batxilergoko titulua edo baliokidea duten ikasleentzat; lanbide heziketako goi mailako teknikariaren titulua, diseinu eta arte plastikoetako goi mailako teknikariaren titulua, edo goi mailako kirol teknikariaren titulua duten ikasleentzat; eta atzerriko hezkuntza sistemetatik datozen ikasleentzat.
2014ko ekainaren 7an argitaratu zen BOEn ekainaren 6ko 412/2014 Errege Dekretua, graduko unibertsitate ikasketa ofizialetan ikasleak onartzeko prozeduren oinarrizko arautegia ezartzen duena.
Abenduaren 26ko 1105/2014 Errege Dekretuak, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaren eta Batxilergoaren oinarrizko curriculumak zehazten ditu, eta, bestalde, irailaren 6ko 127/2016 dekretuak, Batxilergoko curriculuma zehaztu eta Euskal Autonomia Erkidegoan ezartzen du.
Abenduaren 9ko 5/2016 Legegintzako Errege Dekretua, hezkuntzaren kalitatea hobetzeko abenduaren 9ko 8/2013 Lege Organikoa ezartzeko egutegia zabaltzeko premiazko neurriei buruzkoa.
Urtarrilaren 25eko ECD/42/2018 Aginduak, besteak beste, Unibertsitatera Sartzeko Batxilergoaren Ebaluazioaren ezaugarriak, diseinua eta edukia zehazten ditu.
Gainera, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoko 38. artikuluaren idazketa berriaren arabera, unibertsitateek xedatzen dituzte unibertsitatera sartzeko titulua daukaten ikasleak onartzeko prozedura eta balorazio irizpideak.
Horregatik guztiagatik, eta Graduko eta Graduondoko Ikasketen arloko errektoreordearen proposamenari jarraituta, Gobernu Kontseiluak honako hau
ERABAKI DU:
Onartzea 2018-2019 ikasturtean Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko graduko ikasketetara sartu eta onartua izateko prozedura, eranskinean jasota dagoen moduan.
Leioa, 2018ko martxoaren 15a.
Errektorea,
NEKANE BALLUERKA LASA.
Idazkari nagusia,
PEDRO MARÍA IRIONDO BENGOA.
UPV/EHUKO GRADUKO IKASKETETARA SARTU ETA IKASKETETAN ONARTUA IZATEKO PROZEDURA
2018-2019 IKASTURTEA
Proposamenak oinarri daukan legedia:
– Abenduaren 9ko 8/2013 Lege Organikoa, Hezkuntzaren kalitatea hobetzekoa.
– Ekainaren 6ko 412/2014 Errege Dekretua, graduko unibertsitate ikasketa ofizialetan ikasleak onartzeko prozeduren oinarrizko arautegia ezartzen duena.
– Uztailaren 29ko 310/2016 Errege Dekretua, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko azken ebaluazioko probaren ezaugarriak arautzen dituena.
– Hezkuntzaren Kalitatea hobetzeko abenduaren 9ko 5/2016 Legegintzako Errege Dekretua, abenduaren 9ko 8/2013 Lege Organikoa ezartzeko zehaztutako egutegia zabaltzeko premiazko neurriei buruzkoa.
– Urtarrilaren 25eko ECD/42/2018 Agindua, zehazten dituena 2017-2018 ikasturterako Unibertsitatera Sartzeko Batxilergoaren Ebaluazioaren ezaugarriak, diseinua eta edukia, eta ebaluazioa egiteko eta kalifikazioak berrikusteko prozeduraren epeak, 2017-2018 ikasturteari begira.
I. KAPITULUA
UNIBERTSITATERAKO SARBIDEA
1.1.– LOMCE Batxilergo titulua 2018an lortu duten ikasleak.
1.1.1.– Hezkuntzako agintariek unibertsitatearekin lankidetzan antolatuko dute Unibertsitatera Sartzeko Ebaluazioa (USE). Ebaluazioak bi fase izango ditu:
1) Sarbide fasea.
Fase hau gainditzea ezinbestekoa izango da unibertsitatera sartzeko.
Fase honetako azterketak Batxilergoko 2. mailan ikasitako enborreko irakasgaienak izango dira, modalitatearen araberakoak. Batxilergoan ikasleak modalitate bi edo gehiago egin baditu, probarako horietako bat aukeratu beharko du.
● Euskara eta Literatura II.
● Gaztelania eta Literatura II.
● Espainiako Historia.
● Atzerriko Lehen Hizkuntza II (alemana, frantsesa edo ingelesa).
● Beste irakasgai bat gehiago Batxilergoan ikasi eta probarako aukeratu den modalitatearen arabera:
○ Zientziak: Matematika II.
○ Giza eta Gizarte Zientziak.
– Giza Zientziak bidea: Latina II.
– Gizarte Zientziak bidea: Gizarte Zientziei Aplikatutako Matematika II.
○ Arteak: Artearen Oinarriak II.
2) Onarpen fasea.
Fase hau borondatezkoa da eta gradu baterako onarpen nota hobetzea dauka helburu. Ikasleak gehienez lau gai aukeratu ahal izango ditu: hautazko enborrekoak izanik Batxilergoan aukeratutako modalitatekoak ez direnak.
– Biologia.
– Marrazketa Teknikoa II.
– Fisika.
– Geologia.
– Matematika II.
– Kimika.
– Enpresa Ekonomia.
– Geografia.
– Grekoa II.
– Artearen Historia.
– Filosofiaren Historia.
– Latina II.
– Gizarte Zientziei Aplikatutako Matematika II.
– Arte Eszenikoak.
– Ikus-entzunezko Kultura II.
– Diseinua.
– Artearen Oinarriak II.
– Ingelesa.
– Alemana.
– Frantsesa.
1.1.2.– USE probetako kalifikazioa.
Azterketa bakoitzaren kalifikazioa 0tik 10era bitartekoa izango da.
Sarbide faseko kalifikazioa enborreko bost gai orokorren batez besteko aritmetikoa izango da; kalifikazioa adierazteko era: 0tik 10era bitarteko eskalan hiru dezimalekin, milarenera biribilduta. Gutxien dela 4 puntu lortu behar dira.
Unibertsitaterako sarrera nota era honetara zehaztuko da:
USN = 0,4 x SFK + 0,6 x BK
SFK: Sarbide faseko kalifikazioa; BK: Batxilergoko kalifikazioa Gutxien dela 5 puntu lortu behar dira.
Gradu batean onartua izateko nota era honetara zehaztuko da:
GON = USN + C1 x M1 + C2 x M2+ C3 x M3
C1, C2 eta C3: haztapen koefizienteak; M1, M2 eta M3: gainditutako irakasgaien kalifikazioak, UPV/EHUk bere ikasketetan onartua izateko ezarritako irizpideei jarraituz.
1.1.3.– USErako datak.
Ohiko deialdia: ekainaren 6, 7 eta 8an.
Ezohiko deialdia: uztailaren 4, 5, eta 6an.
1.1.4.– Probetako hizkuntza.
Hizkuntza koofizialetako edozeinetan egin ahal izango da.
1.1.5.– Azterketa berrikusteko prozedura.
1) Azterketa berrikusteko eskaria eginez gero, berrikuspena lehenengo zuzenketa egin ez duen zuzentzaile batek egingo du.
2) Lehenengo eta behin, egiaztatuko du nota kalkulatzean ez dela errakuntzarik egin eta galdera guztiak zuzendu eta kalifikatu direla.
3) Errakuntzarik ez badago, azterketa zuzenduko du. Kalifikazioa lehenengo kalifikazioaren eta bigarrenaren arteko batez besteko aritmetikoa izango da. Lehenengo eta bigarren zuzenketaren arteko aldea bi puntutik gorakoa bada, hirugarren zuzenketa egingo da ofizioz. Azken kalifikazioa hiru kalifikazioen arteko batez besteko aritmetikoa izango da.
4) Errakuntzarik badago, zuzendu egingo ditu eta, ondoren, errakuntzarik ez daukan partea zuzenduko du. Azken nota honakoa izango da: errakuntzarik izan duen partean lehenengo eta bigarren zuzenketan lortutako kalifikazioen batez bestekoa, gehi errakuntzak zuzentzean lortutako puntuazioa.
5) Berrikusketa denez, behin betiko nota hasiera bateko nota baino txikiagoa edo handiagoa izan daiteke, edo berdina. Eta, hain zuzen ere, errakuntzak zuzentzean litekeena da nota okerragoa lortzea.
6) Epaimahaiak behin betiko nota jasotzeko erabakia emango du eta erreklamazio egileari jakinaraziko dio.
7) Azterketak berrikusteko prozesua behin bukatuta, epea irekiko da berrikusitako azterketak ikusteko eskaria egiteko.
1.2.– Aurreko ikasturteetako ikasleak.
1.2.1.– Kasuan kasuko ikasturtean unibertsitatera sartzeko indarrean zeuden probak gaindituta izan behar dituzte.
1.2.2.– USNa proba horietan lortutako izango da.
1.2.3.– Onarpen nota hobetzeko, aukera izango du aztergai diren gaietako edozeinetara aurkeztea. USNa hobetzeko, sarbide faseko azterketa guztiak egin beharko ditu, bere garaian egin zituen probei dagozkien Batxilergoko modalitate berean.
1.3.– Goi mailako heziketa zikloetako ikasleak.
1.3.1.– Goi mailako heziketa zikloko tituluak unibertsitatera sartzeko eskubidea emango dio ikasleari. USNa zikloko batez besteko nota izango da.
1.3.2.– Onarpen nota hobetzeko, aukera izango du aztergai diren gaietako edozeinetara aurkezteko, lau gehienez, enborreko orokorrak barne. GONa kalkulatzeko era Batxilergoko ikasleentzako bera izango da.
1.3.3.– Lehentasuna izango dute graduaren jakintza adarrarekin lotutako profesioetako heziketa zikloren bat egin duten ikasleek.
1.4.– EBko herrialdeetan edo elkarrekikotasun hitzarmena sinatua daukaten herrialdeetan egindako ikasketak.
1.4.1.– Unibertsitatera sartzeko aukera dute, baldin eta kasuan kasuko herrialdean unibertsitatera sartzeko baldintzak betetzen badituzte.
1.4.2.– USNa UNEDek emandako agirian jasotakoa izango da.
1.4.3.– GONa kalkulatzeko kontuan hartuko da edozein unibertsitatetan egindako USEko onarpen fasea eta/edo UNEDek ziurtatutako proba espezifikoetako kalifikazioak.
1.5.– Elkarrekikotasun hitzarmena sinatua ez daukaten herrialdeetan egindako ikasketak.
1.5.1.– Batxilergo titulua behin homologatuta, unibertsitatera sartzeko eskubidea daukate.
1.5.2.– UNEDek edo beste unibertsitate batek antolatutako USEra aurkez daitezke. Homologazio agirian agertzen den batxilergoko modalitatera aurkeztuko dira. Ez bada agertzen batxilergoko modalitaterik, nahi duten USEra aurkeztu ahal izango dira.
1.5.3.– Ez badute unibertsitatean sartzeko probarik gainditu, azkenak izango dira graduan ikasleak onartzeko zerrendan.
II. KAPITULUA
UPV/EHUKO GRADUETAN IKASLEAK ONARTZEKO PROZEDURA
2.1.– Lehentasunak Batxilergoaren arabera.
Zientzietako Batxilergoak lehentasuna izango du honako graduetan:
Jakintza adarra: Zientziak
– Biologia.
– Biokimika eta Biologia Molekularra.
– Bioteknologia.
– Ingurumen Zientziak.
– Elikagaien Zientzia eta Teknologia.
– Fisika.
– Geologia.
– Matematika.
– Kimika.
Jakintza adarra: Ingeniaritza eta Arkitektura
– Arkitektura Teknikoa.
– Ingurumen Ingeniaritza.
– Ingeniaritza Zibila.
– Ingeniaritza Elektrikoa.
– Ingeniaritza Elektronikoa.
– Industria Elektronikaren eta Automatikaren Ingeniaritza.
– Energia Berriztagarrien Ingeniaritza.
– Automobilgintzaren Ingeniaritza.
– Informatikaren Ingeniaritza.
– Kudeaketaren eta Informazio Sistemen Informatikaren Ingeniaritza.
– Industria Antolakuntzaren Ingeniaritza.
– Ingeniaritza Mekanikoa.
– Ingeniaritza Kimikoa.
– Industria Kimikaren Ingeniaritza.
– Telekomunikazio Teknologiaren Ingeniaritza.
– Industria Teknologiaren Ingeniaritza.
Gainontzeko graduek ez dute lehentasunezko batxilergorik.
2.2.– Lehentasunak heziketa zikloen arabera.
Lehentasuna izango dute graduaren jakintza adarrarekin lotutako profesioetako heziketa zikloren bat egin duten ikasleek.
2.3.– Sarrera notaren eta graduko onarpen notaren kalkulua.
2.3.1.– Sarrera nota.
1) Unibertsitatera Sartzeko Ebaluazioa (USE) gainditu duten ikasleen kasuan: Unibertsitateko sarrera nota era honetara kalkulatuko da:
(0,4 x SFK) + (0,6 x batxilergoko batez besteko nota)
SFK: USEko sarbide faseko kalifikazioa
2) Honako titulu ofizialen bat daukaten ikasleak: Espainiako Hezkuntza Sistemako Lanbide Heziketako goi mailako teknikariaren titulua, Diseinu eta Arte Plastikoetako goi mailako teknikariaren titulua, edo goi mailako kirol teknikariaren titulua, edo, titulu horien pareko diren titulu, diploma edo ikasketak edo titulu horiekin homologatutako titulua: zikloko batez besteko nota.
3) Europar Batasuneko estatuetako hezkuntza sistemetatik datozen ikasleak edo arlo honetan aplikagarriak diren nazioarteko elkarrekikotasun hitzarmenak dituzten beste estatu batzuetako hezkuntza sistemetatik datozen ikasleak (aurrerantzean, Europar Elkartekoak), Batxilergo titulu, diploma edo ikasketak badituzte edo Europar edo Nazioarteko Batxilergoa badute: UNEDek emandako agirian jasotako nota.
4) Europar Batasuneko estatuetako hezkuntza sistemetatik datozen ikasleak edo arlo honetan aplikagarriak diren nazioarteko elkarrekikotasun hitzarmenak dituzten beste estatu batzuetako hezkuntza sistemetatik datozen ikasleak, baldin eta titulua, diploma edo ikasketak ez badira Espainiako Hezkuntza Sistemako Batxilergoko, Lanbide Heziketako goi mailako teknikariaren, Diseinu eta Arte Plastikoetako goi mailako teknikariaren edo goi mailako kirol teknikariaren tituluren pareko, eta kasuan kasuko hezkuntza sistemako unibertsitateetara sartzeko baldintzak betetzen badituzte: UNEDek emandako agirian jasotako nota.
5) Espainiako Hezkuntza Sistemako Batxilergo tituluarekin homologatutako titulua, diploma edo ikasketak dituzten ikasleak, Europar Batasunekoak ez diren edo Batxilergo titulua elkarri onartzeko nazioarteko hitzarmenik sinatuta ez duten estatuetako hezkuntza sistemetan lortua edo egina badute (aurrerantzean Europako Elkartetik kanpokoak): UNEDek zehaztutakoa curriculuma aztertu ondoren edo batxilergoko titulu homologatuan agertzen dena (*ikus garapena «Plazak esleitzeko era» 2.4 atalean).
6) Espainiako antzinako Hezkuntza Sisteman Batxilergoa ikasita izanik unibertsitatera sartzeko eskubidea lortu zuten ikasleak: garai hartan unibertsitatera sartzeko eskubidea eman zien nota.
7) Sarrera notak ez du epemugarik izango.
2.3.2.– Gradurako onarpen nota.
1) Era honetara zehaztuko da:
GON = USN + C1XM1 + C2XM2 + C3XM3
C1, C2 eta C3: haztapen koefizienteak; M1, M2 eta M3: gainditutako irakasgaien kalifikazioak, UPV/EHUk bere ikasketetan onartua izateko ezarritako haztapen parametroei eta irizpideei jarraituz.
2) Gainditutako gaiak baino ez dira kontuan hartuko.
3) Graduari lotutako gaien kalifikazioa era honetara lortuko da:
a) Unibertsitatera Sartzeko Ebaluazioa (USE).
b) Atzerriko ikasketak dituzten ikasleen kasuan, kasuan kasuko herrialdean egindako pareko probetakoa, UNEDen agiriarekin; edo UNEDen xede horrekin egindako probakoa, baldin eta 5,0 edo hortik gorako kalifikazioa badute.
4) Gradu bakoitzean graduari loturako gehienez ere hiru gai hartu ahal izango dira kontuan, 0,1etik 0,3ra arteko haztapenarekin.
5) Onarpen faseko gaien kalifikazioak bi ikasturterako balio epea izango du, azterketa hauek gainditu direnetik kontatzen hasita.
2.4.– Plazak esleitzeko era.
Lehenengo:
1) USEa gainditu duten ikasleak, eta gradurako lehentasuna daukan Batxilergoa egin dutenak.
2) Graduaren jakintza adarrarekin lotutako profesioetako goi mailako heziketa zikloren bat egin duten ikasleek.
3) Europako Batxilergo titulua edo nazioarteko Batxilergo titulua duten ikasleak, titulu hori graduan lehentasuna daukan Batxilergo tituluaren pareko bada.
4) Europako Elkartean atzerriko ikasketak eginak dituzten ikasleak, ikasketa horiek graduan lehentasuna daukan Batxilergo tituluaren pareko badira eta kasuan kasuko herrialdean unibertsitatean sartzeko eskubidea badute.
5) Europako Elkartean atzerriko ikasketak eginak dituzten ikasleak, ikasketa horiek graduaren jakintza adarrarekin lotutako profesioetako goi mailako heziketa zikloren baten pareko badira eta kasuan kasuko herrialdean unibertsitatean sartzeko eskubidea badute.
Europako Elkartetik kanpoko ikasketak eginak izanik Batxilergoa homologatua daukaten ikasleak, ikasketa horiek graduan lehentasuna daukan Batxilergo tituluaren pareko badira, eta unibertsitatera sartzeko proba gaindituta badute. Proba UNEDen prozesu bidez egitea aukeratuz gero, proba gainditutzat jotzeko, beharrezkoa izango da interesduna irakasgai hauetara aurkeztu izana: Gaztelania eta Literatura II, Espainiako Historia, Atzerriko Lehen Hizkuntza II, eta modalitateko beste irakasgai batera: Matematika II edo Latina III edo Matematika Gizarte Zientzien Aplikatua II edo Artearen Oinarriak II. Lau irakasgai horien artean, batez beste, 4,0 lortu beharko da eta formula hau aplikatzean unibertsitaterako sarrera nota gutxienez 5,0 izan beharko da.
USN = 0,4 × (aipatutako lau irakasgaien batez besteko nota) + 0,6 × batxilergo titulu homologatuko nota edo UNEDek ziurtatutako pareko ikasketak.
6) Espainiako antzinako Hezkuntza Sisteman Batxilergoa ikasita izanik unibertsitatera sartzeko eskubidea lortu zuten ikasleak, eta batxilergo hori graduan lehentasuna daukan batxilergoaren pareko bada.
Bigarrenik:
Aurreko egoeraren batean egonik, graduan lehentasunik ez daukan ikasketaren bat duten ikasleak.
Hirugarrenik:
Aurreko ataletan zehaztutako baldintzak indarreko ikasturteko ezohiko deialdian bete dituzten ikasleak.
Laugarrenik:
1) Europako Elkartean atzerriko ikasketak eginak dituzten ikasleak, kasuan kasuko herrialdean unibertsitatean zuzenean sartzeko eskubiderik izan gabe.
2) Europako Elkartean atzerriko ikasketak eginak dituzten ikasleak, Batxilergoa homologatua izanik unibertsitatera sartzeko proba gainditu gabe dutenak.
2.5.– Tituludunen kupoa.
Unibertsitateko tituludunak (unibertsitateko lehenengo edo bigarren zikloko, graduko edo masterreko titulua):
Onarpen nota tituluko batez besteko nota izango da (1125/2003 EDaren arabera zehaztua).
Atzerriko titulua daukatenek, tituluaren homologazio egiaztagiria aurkeztu beharko dute.
2.6.– 25 urtetik gorakoen, 45 urtetik gorakoen eta lan esperientzia daukaten 40 urtetik gorakoen kupoa.
2.6.1.– 25 urtetik gorakoentzako USPa.
Onarpen nota proban lortutako nota izango da.
Lehenik, lehentasuna izango dute proba unibertsitate honetan egin duten hautagaiek; bigarrenik, probako fase espezifikoan graduarekin lotura daukan jakintza adarra aukeratu dutenek.
2.6.2.– 45 urtetik gorakoentzako USPa.
Onarpen nota proban lortutako nota izango da.
Hautagaiek unibertsitate honetan egindako sarrera proba izan behar dute gaindituta.
2.6.3.– Lan arloko esperientzia daukaten 40 urtetik gorakoentzako USPa.
Onarpen nota balorazioko nota izango da.
Hautagaiek unibertsitate honetan egindako sarrera proba izan behar dute gaindituta.
2.7.– Goi mailako eta errendimendu handiko kirolarien kupoa.
Goi mailako eta errendimendu handiko kirolariak: onarpen notaren arabera, sarbide mota kontuan hartuta. Goi mailako kirolariek lehentasuna izango dute errendimendu handikoen aldean, eta horien artean, 971/2007 EDak zehaztutako lehentasun-irizpideak ezarriko dira.
Ohiko deialdian talde honetarako gordetako plazaren bat bete gabe geratuz gero, ezohiko deialdirako gordeko da.
2.8.– % 33ko ezgaitasuna edo hortik gorakoa daukaten pertsonen kupoa.
% 33ko ezgaitasuna edo hortik gorakoa daukaten pertsonak onarpen notaren arabera sartuko dira, sarbide mota kontuan hartuta.
Ohiko deialdian talde honetarako gordetako plazaren bat bete gabe geratuz gero, ezohiko deialdirako gordeko da.
3.– Eskuordetzea.
Graduko eta Graduondoko Ikasketen arloko errektoreordeari eskuordetzen zaio prozedura hau ezartzean sor daitezkeen gorabeherak interpretatu eta ebazteko ahalmena.