EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-04-09 Aldizkari honetan argitaratua: 2018067

40/2018 DEKRETUA, martxoaren 27koa, zeinaren bidez arautzen baitira genero-berdintasunaren aldeko antolaketa-aldaketako prozesuak bultzatzeko lankidetza-erakundeei eman beharreko laguntzak.

Organo emailea: LEHENDAKARITZA
Xedapenaren zenbakia: 201800040
Xedapenaren data: 2018-03-27
Hurrenkenaren zenbakia: 201801818
Maila: Dekretua

Aurreko erreferentziak:
  • 2008/12/09an argitaratutako 2008/11/25eko 200800197 DEKRETUA indargabetzen du

Garapenerako Lankidetzari buruzko otsailaren 22ko 1/2007 Legeak giza garapen iraunkorreko eredu baten aldeko apustu irmoa egiten du, eta eredu hori lortzeko helburu besterenezin bihurtzen du genero-berdintasuna lortzea.
Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia sortu eta arautzen duen ekainaren 19ko 5/2008 Legeak, halaber, haren eginkizunen artean ezartzen du lankidetzako eragileei laguntzea eta babesa ematea, eta gehitzen du emakume eta gizonen berdintasuneko helburua modu aktiboan kontuan izanik garatuko direla eginkizun horiek.
Bestalde, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeak ezartzen du generoaren ikuspegia sartu behar dela euskal botere publikoen diru-laguntzak jasotzen dituzten erakundeetan.
Premisa horietatik abiatuz, azaroaren 25eko 197/2008 Dekretuak arautu zituen erakundeetan genero-berdintasunaren aldeko antolaketa-aldaketako prozesuak sustatzeko lankidetza-erakundeei eman beharreko laguntzak. Lankidetza-erakundeetako genero-desberdintasunak kentzea da prozesu horien helburua, barruan gauzak egiteko eta pentsatzeko dauzkaten moduak eraldatzeko ekintzen bidez.
Eraldaketa horiek ez diete erakundeen alderdi formalei edo egiturazkoei bakarrik eragiten, antolaketa-kulturan aldaketak egiteari ere lotuta daude. Antolaketa-kulturatzat hartzen dugu iritzi partekatuen multzo bat, zeinak itxaropenak sortzen baititu, erakundearen funtzionamenduan zer onartzen den eta zer balioesten den mugarritzen baitu, eta erakundearen barruan femeninotzat eta maskulinotzat zer ulertzen den definitzen baitu. Hortaz, erakundeen barruan sustatu eta bereganatu behar diren aldaketez ari gara, eta, horregatik, prozesuetan ezinbestekoa da langile guztien inplikazioa.
Urte batzuk pasa dira laguntzen programa onartu zenetik, eta zenbait deialdiren ebazpenetik ikasitakoa eta tresna arauemailea ebaluatu ondoren egindako gomendioak kontuan hartuta, agerian geratu da beharrezkoa dela programa horren arauketa aldatzea. Arauketa hau aurreko dekretuak zuen premisa beretik abiatzen da; alegia, modu bakarra dago erakundeen jardueran genero-ikuspegia sartzeko: ikuspegi hori erakundeen barne-izaeraren parte izatea. Beraz, tresna arauemaile berriak kontzeptu-esparru berari eusten badio ere, egokia dela ikusi baita, praktikan sakonago jokatzea du helburua. Horrez gain, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren antolaketa-egoerara egokitzen dira laguntza-programaren prozedura, funtzionamendua eta kudeaketa.
Egindako aldaketen artetik, nabarmendu beharra dago jarduera-mota gehiagok jaso dezaketela orain antolaketa-aldaketak egiteko diru-laguntza. Orain arte, Generoaren Partaidetza Diagnostikoa eta Genero Berdintasunaren Aldeko Ekintza Plan Estrategikoa egiteko ematen ziren diru-laguntzak, eta, orain, Genero Berdintasunaren Aldeko Ekintza Plan Estrategikoa inplementatzeko ekintzak egiteko eta horren egikaritzea ebaluatzeko ere emango dira.
Bestalde, betekizun berriak ezartzen dira antolaketa-aldaketen prozesuen parte diren jardueren bideragarritasunerako. Betekizun horien artetik, hauek nabarmentzen dira:
– Antolaketa-kulturarekin zerikusia duen ekintza bat, gutxienez, sartu behar da planetan, dimentsio hori landu gabe gera ez dadin.
– Erakundeetako zuzendaritzek nahitaez hartu behar dute parte generoaren arloko barne-taldean, prozesuak legitimatzeko eta bultzatzeko.
– Erakundeek prozesuko fase guztietan genero-egiturei –erreferentea eta barne-taldea– eusteko konpromisoa hartu behar dute, egitura horiek ahuldu ez daitezen.
– Aukera egon behar da erakundeek pertsona erreferentearen soldataren zati bat genero-berdintasunaren aldeko barne-prozesuekiko konpromisoa bultzatzeko laguntzen kontura ordaintzeko.
Azken batean, laguntzen programako alderdi batzuk eguneratuta, garapenerako lankidetzako erakundeetan berdintasuna lortzeko apustua sendotu nahi da, eta, horrez gain, erakundeetan genero-berdintasunaren aldeko antolaketa-aldaketako prozesuetan sakontzeko tresna eraginkor bat eskaini.
Horrenbestez, lehendakariak proposatuta, eta Gobernu Kontseiluak 2018ko martxoaren 27an egindako bilkuran eztabaidatu eta onetsi ondoren, hau
XEDATZEN DUT:
I. KAPITULUA
DIRU-LAGUNTZAREN HELBURUA
1. artikulua.– Helburua.
1.– Dekretu honek arautzen ditu garapen-lankidetzarako euskal erakundeetan genero-berdintasunaren aldeko antolaketa-aldaketako prozesuei eman beharreko laguntzak. Laguntza horiek generoaren partaidetza-diagnostikoak, genero-berdintasunaren aldeko ekintza-plan estrategikoak eta genero-berdintasunaren aldeko ekintza-plan estrategikoen inplementazioa eta ebaluazioa finantzatzeko emango dira.
2.– Genero-berdintasunaren aldeko antolaketa-aldaketaren prozesuak erakundeetan gogoeta eginez eta ekintzak martxan jarriz gauzatzen dira. Ekintza horiek ekarriko dute gaur egun dauden egiteko eta pentsatzeko moduak aldatzea, erakundearen funtzionamendu-eremu guztietan (estrategiak, egiturak, lan-sistemak, politikak, antolaketa-kultura eta abar) gertatzen diren genero-desberdintasunak desagerrarazteko.
2. artikulua.– Jarduketa finantzagarriak.
1.– Antolaketa-aldaketek lau fase izaten dituzte, eta gehienez bi fasetarako diru-laguntza eskuratu ahal izango da, baldintza hauek betez gero:
a) Generoaren Partaidetza Diagnostikoa egitea, eta Genero Berdintasunaren Aldeko Ekintza Plan Estrategikoa prestatzea.
– 3.a) artikuluan ezarritako eskakizunak betetzen dituen generoaren partaidetza-diagnostiko bat daukaten erakundeek Genero Berdintasunaren Aldeko Ekintza Plan Estrategikoa prestatzeko bakarrik eskatu ahal izango dute finantzaketa, betiere ez badira bi urte baino gehiago pasa diagnostikoa egiten den egunetik eskaera aurkezten den egunera.
b) Genero Berdintasunaren Aldeko Ekintza Plan Estrategikoa inplementatzea, eta, ondoren, plana ebaluatzea.
– Plana 3.c) artikuluan adierazitako moduan inplementatuta daukaten erakundeek inplementazio hori ebaluatzeko bakarrik eska dezakete finantzaketa, betiere ez bada urtebete pasa planaren egikaritzea bukatzen den egunetik eskaera aurkezten den egunera.
– Dena den, gehienez ere sei hilabetekoa izango da ekintza-plan estrategikoa inplementatzen hasteko epea plan hori onartzen denetik.
2.– Dekretu honetan aurreikusitako ondorioetarako, definizio hauek hartuko dira kontuan:
a) Generoaren Partaidetza Diagnostikoak erakundearen ikuspegi osoa eskaini behar du generoaren ikuspegitik. Erakunde batean nagusi diren osagai, harreman eta sinesmen guztiak sistematikoki berrikusteko prozesu parte-hartzailea da, eta erakunde horretan gertatzen diren genero-desberdintasunak zer modu zehatz eta espezifikotan gertatzen diren antzematea du helburu. Diagnostiko hori da Genero Berdintasunaren Aldeko Ekintza Plan Estrategikoa definitzeko abiapuntu eta oinarri-lerroa.
b) Diagnostikoan atzemandako genero-desberdintasunak desagerrarazteko, genero-zeharkakotasuna garatzeko eta erakundeen barruan emakumeen ahalduntzea bultzatzeko ikuspuntua, gidalerroak eta ekintzak deskribatzen ditu Genero Berdintasunaren Aldeko Ekintza Plan Estrategikoak.
c) Genero Berdintasunaren Aldeko Ekintza Plan Estrategikoa inplementatzeko, plan horren barruko neurriak jartzen dira martxan, izan ere neurri horiek erantzuna ematen diete diagnostikoan atzemandako desberdintasunei.
d) Genero Berdintasunaren Aldeko Ekintza Plan Estrategikoaren inplementazioaren ebaluazioa jarduera programatua eta sistematikoa da, eta, genero-ikuspegiari jarraikiz eta, ahal dela, metodologia parte-hartzailean oinarrituta, plan estrategikoaren egokitasuna, efikazia, efizientzia, iraunkortasuna eta inpaktua nahiz langileek berdintasunaren aldeko ekintzetan duten parte-hartzea balioesten du, eta ikaskuntzak, ondorioak eta gomendioak ekartzen ditu, gero lankidetza-erakundeen etengabeko hobekuntza ahalbidetzen duten erabakiak hartzeko.
3. artikulua.– Genero-berdintasunaren aldeko antolaketa-aldaketako prozesuen betekizunak.
Baldintza hauek bete beharko dituzte euskal lankidetza-erakundeek aurkezten dituzten genero-berdintasunaren aldeko antolaketa-aldaketetarako proposamenek:
a) Generoaren Partaidetza Diagnostikoa.
1.– Erakundeko genero-desberdintasunak atzemateko analisia egin behar du, genero-ikuspegia sartuz eta Tichy-ren esparruan oinarrituta. Diagnostikoak erakundearen dimentsio eta alor zehatz hauek aztertu behar ditu:
– Politikak: erakundearen balioak definitzen eta haren jarduketak kokatzen dituzten agiri gidariak.
– Berdintasunaren alde aurretik egindako lan-ibilbidea: genero-berdintasunaren alde egindako lanaren eragin handiko faktoreak, ahaleginak, zailtasunak, mehatxuak, indarguneak eta aukerak.
– Antolaketa-kultura: botere-tipologia, lanaren eta enpleguaren nozioa, maskulinitate hegemonikoaren eredua eta beste faktore batzuk.
– Lanaren barne-prozesuak: zereginen eta erantzukizunen banaketa, prozedurak eta lana planifikatzeko eta koordinatzeko prozesuak.
– Erabakiak hartzea: nola parte hartzen den eta lehentasunak nola ezartzen diren deskribatzen duten sistemak, prozesuak eta jarraibideak.
– Komunikatzea eta ikastea: erakundearen lanean genero-ikuspegia sustatzeari buruzko informazio-kanalak, komunikaziorako espazioak eta ezagupenak eskuratzeko moduak.
– Pertsonak kudeatzea: erakundeko giza lantaldea aukeratzea eta kudeatzea, zereginak eta erantzukizunak definitzea, prestakuntza, promozioa eta kontziliazio-neurriak.
– Jarrerak: berdintasunaren alde egindako antolaketa-aldaketako prozesuaren aurrean erakundeak dituen portaerak edo jarrera-hartzeak, erresistentziak eta planifikatutako jarduketei emandako esanahiak.
2.– Diagnostikoa egiteko, partaidetzazko metodologiak erabili beharko dira, eta erakundeko langileen esku-hartzea bermatzen duten neurriak hartu.
b) Genero Berdintasunaren Aldeko Ekintza Plan Estrategikoa.
1.– Ekintza-plan estrategikoak neurri zehatzak eta egituratuak ezarri behar ditu erakundean dauden genero-desberdintasunak eraldatzeko, eta ezaugarri hauek izan behar ditu:
– Diagnostikoak adierazitako erakunde-errealitatearekin zuzenean lotuta egon behar du, eta harreman zuzen eta arrazoitua eduki behar du haren emaitzekin.
– Atzemandako genero-desberdintasunak gutxitzera bideratuta dauden berdintasunaren aldeko ekintzak zehaztuko ditu, genero-zeharkakotasuna sartuko du, eta emakumeen ahalduntzea bultzatuko du erakundean. Ezarritako ekintzetako batek gutxienez zerikusia izan beharko du antolaketa-kulturaren dimentsioarekin.
– Planean bildutako ekintzak egikaritzeko epea ezin da izan 24 hilabetetik beherakoa.
2.– Egitura hau izango du Genero Berdintasunaren Aldeko Ekintza Plan Estrategikoak:
– Erreferentziazko esparru teorikoa, diagnostikoa oinarri hartuta lehentasuna eman zaien arazoen laburpena eta arazo horiek konpontzeko hartutako estrategia.
– Helburu espezifikoak.
– Espero diren emaitzak.
– Emaitza horiek lortzeko aurreikusten diren berdintasunaren aldeko ekintzak.
– Ezarritako helburu eta emaitzei buruzko prozesu– eta amaiera-adierazleak –kuantitatiboak eta kualitatiboak–.
– Egikaritzeko kronograma.
– Ekintza bakoitza gauzatzeko behar diren giza baliabideak eta baliabide materialak.
– Zein diren aurreikusitako ekintzak gauzatzeko ardura izango duten pertsonak eta arloak.
– Kalkulatutako aurrekontua.
– Planaren beraren jarraipena eta ebaluazioa egiteko sistema.
c) Genero Berdintasunaren Aldeko Ekintza Plan Estrategikoaren inplementazioa.
1.– Genero Berdintasunaren aldeko Ekintza Plan Estrategikoa inplementatzeko, plan bat eduki behar da prestatuta, eta, hala badagokio, aurretik diagnostiko bat egin behar da. Bai planak eta bai diagnostikoak aurreko a) eta b) letretan aurreikusten diren baldintzak bete behar dituzte.
2.– Finantzaketa zer ekintzatarako eskatzen den zehaztu behar du planak. Ekintzak honako hauek izan daitezke: esperientzien trukea, argitalpenak, sistematizazioak eta prestakuntzak. Prestakuntzen kasuan, erakundeak dituen gabezietan edo beharrizanetan eta berdintasunaren aldeko erakunde-prozesuei lotutako alderdietan oinarritu behar dira prestakuntzak, eta ez da kontuan hartuko prestakuntza generikorik edo lankidetza-ekimenetan genero-ikuspegia txertatzeko prestakuntzarik.
d) Genero Berdintasunaren aldeko Ekintza Plan Estrategikoaren inplementazioa ebaluatzea.
1.– Ebaluazioak Genero Berdintasunaren Aldeko Ekintza Plan Estrategikoaren diseinua, martxan jartzea eta emaitzak ebaluatu eta balioetsi behar ditu, eta, horrez gain, gomendioak ere eman behar ditu gai horiei buruz.
2.– Gainera, genero-desberdintasunak desagerrarazteko eta genero-zeharkakotasunerako eta emakumeen ahalduntzea bultzatzeko ekintzen emaitzak eta eragina deskribatuko ditu.
4. artikulua.– Egikaritzeko epeak.
1.– Generoaren Partaidetza Diagnostikoa eta Berdintasunaren Aldeko Ekintza Plan Estrategikoa egiteko epea ez da 24 hilabetetik gorakoa izango, ezta 6 hilabetetik beherakoa ere. Plana egiteko bakarrik eskatzen bada finantzaketa, epea ez da 9 hilabetetik gorakoa izango, ezta 6 hilabetetik beherakoa ere.
2.– Genero Berdintasunaren Aldeko Ekintza Plan Estrategikoa inplementatzea, eta, ondoren, plana ebaluatzea:
a) Planaren egikaritzea osorik estaltzen badu diru-laguntzak, epea ez da 36 hilabetetik gorakoa izango, ez eta 27 hilabetetik beherakoa ere.
b) Planaren egikaritzea zati batean estaltzen badu diru-laguntzak, epea ez da 18 hilabetetik beherakoa izango.
c) Ebaluaziorako bakarrik eskatzen bada finantzaketa, epea ez da 6 hilabetetik gorakoa izango.
3.– Hala ere, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak, erakunde onuradunaren eskariz, epe horiek luzatzeko aukera izango du prozesuaren garapenean gorabeherarik egonez gero. Luzapen hori 6 hilabetekoa izango da gehienez ere, eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendariak ebazpen arrazoitua eman beharko du aldez aurretik.
5. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.
1.– Dekretu honetan arautzen diren laguntzen deialdietarako esleitzen diren funtsen zenbatekoek bat etorri beharko dute une bakoitzean indarrean dagoen garapenerako lankidetzaren gida-planak aurreikusten dituen zenbatekoekin.
2.– Dagokion deialdi-ebazpenean zehaztuko da genero-berdintasunaren aldeko antolaketa-aldaketako prozesuen fase diruz lagungarri bakoitzerako zehaztutako zenbatekoa.
3.– Prozesuaren barruan diruz lagundu daitekeen beste faseren bati esleitu ahal izango zaio behar adina eskabidek gutxieneko puntuazioa ez lortzeagatik, eskatutako baldintzak ez betetzeagatik edo erabilgarri dagoen aurrekontu-zuzkidurarako eskabide-kopuru nahikorik ez jasotzeagatik prozesuko faseren bati esleitu ezin zaion zenbatekoa.
4.– Aurreko zenbakian adierazitako esleipena egin ondoren esleitu gabeko zenbatekorik geratzen bada eskaera-kopuru nahikorik jaso ez delako, zenbateko hori Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak aurrekontu-ekitaldirako duen beste laguntza-programa baterako erabili ahal izango da.
6. artikulua.– Diru-laguntzen zenbatekoa.
Diru-laguntzaren gehieneko zenbateko hau emango zaio erakunde eskatzaile bakoitzari genero-berdintasunaren aldeko antolaketa-aldaketako prozesuen fase bakoitzerako:
1) Generoaren Partaidetza Diagnostikoa egiteko eta Genero Berdintasunaren Aldeko Ekintza Plan Estrategikoa prestatzeko, 42.000 euro arte.
2) Genero Berdintasunaren Aldeko Ekintza Plan Estrategikoa prestatzeko, 16.000 euro arte.
3) Genero Berdintasunaren Aldeko Ekintza Plan Estrategikoaren inplementatu, eta, ondoren, plana ebaluatzeko, 40.000 euro arte.
4) Genero Berdintasunaren aldeko Ekintza Plan Estrategikoaren inplementazioa ebaluatzeko, 7.000 euro arte.
II. KAPITULUA
ERAKUNDE ONURADUNAK
7. artikulua.– Diru-laguntza eskuratzea.
1.– Laguntzak eskuratzeko, baldintza hauek bete beharko dituzte erakunde eskatzaileek:
a) Euskal Autonomia Erkidegoko Garapenerako Lankidetzako Eragileen Erregistroan formalki izena emanda egotea.
b) Kontratatutako hiru pertsonako plantilla gutxienez izatea erakundeak.
c) Erakundeko pertsona bat izendatzea antolaketa-aldaketaren prozesuko erreferentetzat.
d) Generoaren arloko barne-talde bat eratzea erakundeko pertsonekin, berdintasunaren aldeko aldaketa-prozesua dinamiza dezan. Erakundearen arlo desberdinak ordezkatu behar ditu talde horrek, eta nahitaezkoa izango da erakundeko batzorde edo patronatuko pertsona batek gutxienez parte hartzea bertan.
e) Pertsona erreferentea, generoaren arloko barne-taldea eta prozesuan parte hartzen duten erakundeko langileak haien eginkizunetatik liberatzeko sistema espezifiko eta zehatz bat ezartzea.
f) Prozesuaren eraginak erakundearen barruan sozializatzea, eta ematen diren urratsak, barrukoak nahiz erakundearen ingurukoak, jakitera ematea.
g) Pertsona erreferenteak eta generoaren arloko barne-taldeak prozesu osoan jarraituko dutela bermatzea.
h) Ezin izango dute laguntzarik eskuratu Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluaren 2. eta 3. zenbakietan aurreikusten diren egoeraren baten eraginpean dauden erakundeek.
2.– Modu honetara egiaztatu behar dira 1. zenbakian aurreikusten diren betekizunak:
a) Laguntza kudeatzen duen organoak ofizioz egiaztatuko du a) letran aurreikusitako eskakizuna, laguntza eskatzen duen erakundearen ordezkariak aurretik horretarako berariazko adostasuna emanda. Adostasun hori egon ezean, edo organo kudeatzaileak ezin badu ofizioz egiaztatu, adostasuna egiaztatzen duten agiriak eskatu ahal izango zaizkio pertsona horri.
b) Lan-kontratuen kopia digitalizatua aurkeztuz egiaztatuko da b) letran aurreikusitako betekizuna.
c) Eskaera-eredu normalizatuan zehaztu beharko dira c), d), e), f) eta g) letretan aurreikusten diren betekizunak.
d) Laguntzak kudeatzen dituen organoak automatikoki egiaztatuko du ea betetzen diren dagokion foru-ogasunarekiko zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko ordainketa-betebeharrak (Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2.e) artikuluan ezartzen dira betebehar horiek). Edonola ere, erakunde eskatzailearen ordezkariak berariaz uko egin ahal izango dio adostasun inplizitu horri laguntza-eskabidean, eta, kasu horretan, dagokion ziurtagiria aurkeztu beharko du.
e) Aurreko 1.h) letran adierazitako gainerako egoerak betetzen direla egiaztatzeko, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluaren 2. eta 3. zenbakietan aurreikusitako debekurik ez daukala adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko du erakunde eskatzaileak, laguntza-eskaera egiteko unean.
III. KAPITULUA
GASTU DIRUZ LAGUNGARRIAK
8. artikulua.– Gastu diruz lagungarriak.
1.– Generoaren Partaidetza Diagnostikoa egiteko eta Genero Berdintasunaren Aldeko Ekintza Plan Estrategikoa prestatzeko finantzaketa eskatuz gero, gastu hauek jaso dezakete diru-laguntza:
a) Diagnostikoa bideratzeko zerbitzuak: erakunde eskatzailetik kanpoko pertsona fisiko edo juridiko bat edo batzuk kontratatzeak dakartzan gastuak.
b) Plana bideratzeko zerbitzuak: erakunde eskatzailetik kanpoko pertsona fisiko edo juridiko bat edo batzuk kontratatzeak dakartzan gastuak.
c) Antolaketa-aldaketaren prozesuko pertsona erreferentearen kostu laboralak: erakundeko pertsona erreferentearen soldata eta gizarte-gastuak. Dedikazioaren % 50ekoa izango da finantzatutako prozesuari egozteko gehieneko portzentajea.
d) Zeharkako kostuak: berdintasunaren aldeko antolaketa-aldaketaren prozesua kudeatzeko eta haren jarraipena egiteko, erakunde onuradunak izaten dituen gastuak. Diru-laguntzaren kostu zuzenen zenbateko osoaren % 10ekoa izango da egozteko gehieneko portzentajea.
2.– Plana prestatzeko bakarrik eskatuz gero finantzaketa, ez dira kontuan hartuko diagnostikoa bideratzeko zerbitzuaren gastuak.
3.– Genero Berdintasunaren Aldeko Ekintza Plan Estrategikoa inplementatzeko eta gero plana ebaluatzeko eskatuz gero finantzaketa, gastu hauek jaso ahal izango dute diru-laguntza:
a) Prestakuntza: unean uneko prestakuntzak eragiten dituen gastuak, 3. artikuluan ezarritako baldintzetan.
b) Esperientziak trukatzeko bidaiak eta egonaldiak: EAEko pertsonen bidaiak, ostatua eta mantenuak eragindako gastuak, baita EAEra gonbidatu beharreko beste pertsonenak ere, berdintasunaren aldeko erakunde-prozesuen trukeko esperientzietan parte hartzeko.
c) Argitalpenak eta sistematizazioak: kontzeptu horiekin zerikusia duten zerbitzuak eta langileak kontratatzea. Sortutako materialaren kasuan, Eusko Jaurlaritzaren sostengua jasotzen duela agerrarazi beharko du erakunde onuradunak, haren irudi korporatiboa eta «Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia» azpititulua ikusteko moduan jarriz, betiere dagozkien jarraibide teknikoei jarraituz.
d) Antolaketa-aldaketaren prozesuko pertsona erreferentearen kostu laboralak: erakundeko pertsona erreferentearen soldata eta gizarte-gastuak. Dedikazioaren % 50ekoa izango da finantzatutako prozesuari egozteko gehieneko portzentajea.
e) Kanpo-ebaluazioko zerbitzua: erakunde eskatzailetik kanpoko pertsona fisiko edo juridiko bat edo batzuk kontratatzeak dakartzan gastuak.
f) Zeharkako kostuak: berdintasunaren aldeko antolaketa-aldaketaren prozesua kudeatzeko eta haren jarraipena egiteko, erakunde onuradunak izaten dituen gastuak. Diru-laguntzaren kostu zuzenen zenbateko osoaren % 10ekoa izango da egozteko gehieneko portzentajea.
4.– Planaren inplementazioa ebaluatzeko soilik eskatuz gero finantzaketa, kanpo-ebaluazioko zerbitzuaren gastuak eta zeharkako kostuak bakarrik hartuko dira kontuan.
5.– Gastuak justifikatzea: kostuak faktura bidez justifikatuko dira. Salbuespena egingo da lan-kostuekin, horiek dagozkion nominak aurkeztuz justifikatuko baitira.
9. artikulua.– Azpikontratazioa.
1.– Erakunde onuradunak hirugarrenekin itundu ahal izango du diruz lagundutako jarduera egikaritzea, betiere diruz lagundutako jardueraren zenbatekoaren % 50 gehienez, azpikontratu guztien prezioak gehituta.
2.– Dena den, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 29. artikuluan ezarritako mugak eta betebeharrak aplikatuko zaizkie erakunde onuradunari eta kontratistari.
IV. KAPITULUA
LAGUNTZAK EMATEKO PROZEDURA
10. artikulua.– Laguntzak emateko prozedura.
Laguntzak lehiaketa-prozeduraren bidez esleituko dira, dekretu honetan zehaztutako hautaketa-prozesuarekin eta balioespen-irizpideekin bat etorriz. Ezarritako eskakizun guztiak betetzen dituzten eskabideak bakarrik onartuko dira, eta, horien artetik, 100 puntutik 50eko puntuazioa gainditzen dutenak, dagokion deialdiaren ebazpenean ezarritako aurrekontu-zuzkiduraren mugara iritsi arte, gehienez ere. Aurrekontu-zuzkidura izango lukeen azken eskabidean eskatutako zenbatekoa ekarpen horren arabera dagoen soberakina baino txikiagoa bada, eskabidearen zati bat onartu ahal izango da.
11. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.
1.– Bitarteko elektronikoak baliatuz soilik izapidetuko da prozedura. Beraz, erakunde eskatzaile interesdunek telematikoki egin beharko dituzte eskaerak, kontsultak eta izapide guztiak.
2.– Bitarteko elektronikoak erabiltzeko prozedura eta jarraibideei dagokienez, dagokion deialdiaren ebazpenean ezarritakoaren arabera jokatuko da.
12. artikulua.– Deialdia.
1.– Laguntzen deialdia aldian-aldian egingo da, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren zuzendariaren ebazpen baten bidez.
2.– Deialdiaren ebazpenean alderdi hauek azaldu beharko dira: deialdiaren helburua, laguntzen zenbatekoa, fase diruz lagungarri bakoitzaren gehieneko zenbatekoa, Hautaketa Batzordeko kideen izenak eta eskabideak aurkezteko modua eta epea.
3.– Deialdiaren ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, eta, zabalkunde orokorra izan dezan, baita www.elankidetza.euskadi.net eta www.euskadi.net web-orrietan ere.
13. artikulua.– Aurkeztutako eskabideetan egindako akatsak zuzentzea.
Diru-laguntza eskabideak guztiz beteta ez badaude, edo 7. artikuluan adierazitako agiriak aurkezten ez badira, 10 eguneko epean okerra konpon dezan edo aurkeztu beharreko agiriak aurkez ditzan eskatuko dio Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak erakunde interesdunari; eta adieraziko zaio, hala egiten ez badu, eskaerari uko egin diola ulertuko dela, eta horrek Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. eta 68. artikuluetan aurreikusitako ondorioak izango dituela.
14. artikulua.– Laguntzak kudeatzeko organoa.
Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako Koordinazio Teknikoko Zerbitzuaren eginkizuna izango da laguntzen azterketa teknikoa egitea eta kudeaketa-zereginak betetzea.
15. artikulua.– Hautaketa Batzordea.
1.– Merezimenduen balioespena Hautaketa Batzordeak egingo du, 16. artikuluan ezarritako irizpideen arabera. Kide hauek izango ditu batzordeak:
a) Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako Koordinazio Teknikoko arduraduna; batzordeko lehendakaria izango da.
b) Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako goi-mailako bi teknikari; bietako batek egingo ditu batzordeko idazkari-lanak.
2.– Deialdiaren ebazpenean ordezkapenak aurreikusi ahal izango dira, karguak hutsik badaude, titularrak bertaratzen ez badira, gaixo badaude edo legezko beste kausaren bat gertatzen bada ordezkoak izateko.
3.– Hautaketa Batzordeak, behar izanez gero, teknikari espezialisten laguntza izan dezake. Teknikari horiek batzordean hitz egiteko eskubidea izango dute, baina botoa emateko eskubiderik ez.
4.– Batzordeak edozein erabaki hartzeko, batzordekideen gehiengoaren aldeko botoa beharko da. Berdinketa gertatuz gero, batzordeko lehendakariak kalitateko botoa izango du.
16. artikulua.– Balorazio-irizpideak.
1.– Generoaren Partaidetza Diagnostikoa egiteko eta Genero Berdintasunaren Aldeko Ekintza Plan Estrategikoa prestatzeko, hauek izango dira irizpideak:
a) Aurkeztutako proposamenaren kalitatea (60 puntu arte). Hau aztertuta: prozesuan erakundeko langileen parte-hartzea ziurtatuko duten neurrien multzoa (30 puntu, gehienez); proposatutako genero-egituren egokitasuna (25 puntu, gehienez), eta aurreikusitako lan-plana (5 puntu, gehienez).
b) Kanpo-dinamizazioa egiten duen pertsonaren edo pertsonen egokitasuna (40 puntu arte). Hau aztertuta: berdintasunaren, garapen-lankidetzaren eta parte-hartzeko metodologien alorreko prestakuntza (15 puntu, gehienez); gizarte-erakundeetako lan-esperientzia, berdintasun-diagnostikoak eta -planak lantzen eta antzeko prozesuen kudeaketan (15 puntu, gehienez); Emakunderen homologazioa duten enpresei eta erakundeei emakumeen eta gizonen berdintasunerako laguntza teknikoa emateko aholkularitza-erakunde gisa (10 puntu, gehienez).
2.– Irizpideak berak izango dira 3. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituen generoaren partaidetza-diagnostiko bat egina duten erakundeentzat.
3.– Genero Berdintasunaren Aldeko Ekintza Plan Estrategikoa inplementatzeko, eta, ondoren, plana ebaluatzeko, hauek izango dira irizpideak:
a) Aurkeztutako proposamenaren kalitatea (70 puntu arte). Hau aztertuta: kanpo-laguntza eskatzen duten ekintzen justifikazioa eta deskripzioa kanpo-laguntza (15 puntu, gehienez); ekintza horien bideragarritasun teknikoa eta ekonomikoa, baliabideei, metodologiari, egutegiari eta aurrekontuari dagokienez (40 puntu, gehienez) eta ebaluazioaren deskripzio orokorra (15 puntu, gehienez).
b) Kanpo-laguntza egiten duen pertsonaren edo pertsonen egokitasuna (30 puntu arte). Hau aztertuta: berdintasunaren, garapen-lankidetzaren, parte-hartzeko metodologien eta genero ikuspegiarekin egindako ebaluazioaren alorreko prestakuntza (12 puntu, gehienez); gizarte-erakundeetako lan-esperientzia, berdintasun-diagnostikoak eta -planak lantzen eta antzeko prozesuen kudeaketan eta genero ikuspegiarekin egindako ebaluazioetan (12 puntu, gehienez); Emakunderen homologazioa duten enpresei eta erakundeei emakumeen eta gizonen berdintasunerako laguntza teknikoa emateko aholkularitza-erakunde gisa (6 puntu, gehienez).
4.– Plana jada egikaritu duten eta finantzaketa egikaritze hori ebaluatzeko bakarrik eskatzen duten erakundeen kasuan, hauek izango dira irizpideak:
a) Ebaluazio-proposamenaren kalitatea (60 puntu arte). Hau aztertuta: metodologia parte-hartzaileak erabiltzea ebaluazioa egiteko (20 puntu, gehienez), eta aurkeztutako erreferentzia-baldintzak deskribatzea (40 puntu, gehienez).
b) Ebaluatzailearen edo ebaluatzaileen egokitasuna (40 puntu arte) Hau aztertuta: berdintasunaren, garapen-lankidetzaren, parte-hartzeko metodologien eta genero ikuspegiarekin egindako ebaluazioaren alorreko prestakuntza (16 puntu, gehienez); gizarte-erakundeetako lan-esperientzia, berdintasun-diagnostikoak eta -planak lantzen eta antzeko prozesuen kudeaketan eta genero ikuspegiarekin egindako ebaluazioetan (16 puntu, gehienez); Emakunderen homologazioa duten enpresei eta erakundeei emakumeen eta gizonen berdintasunerako laguntza teknikoa emateko aholkularitza-erakunde gisa (8 puntu, gehienez).
5.– Balioespenean 50 puntutik gora lortzen duten eskabideak puntuazio handienetik txikienera ordenatuko dira, eta baremazio horren emaitza Garapenerako Euskal Agentziako zuzendariari helaraziko zaio.
17. artikulua.– Esleipen-ebazpena.
1.– Hautaketa Batzordearen proposamena ikusita, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendariak emango du eskatutako laguntzak emateko edo ukatzeko ebazpena.
2.– Ebazpen horrek ez dio bukaera ematen administrazio-bideari, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako lehendakaritzari, ebazpen hori jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.
3.– Deialdi bakoitza argitaratzen den egunetik sei hilabeteko epean eman eta jakinarazi beharko zaie ebazpena erakunde interesdunei. Horrez gain, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta www.elankidetza.euskadi.eus eta www.euskadi.eus web-orrietan argitaratuko da, zabalkunde orokorra izan dezan.
4.– Epe hori pasata, ez bada berariazko ebazpenik jakinarazi, eskaerak ezetsi zaizkiela ulertu beharko dute erakunde interesdunek, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.
18. artikulua.– Diru-laguntza onartzea.
1.– Erakunde onuradunak 10 eguneko epea izango du emandako laguntza onartzeko.
2.– Laguntza onartzeko agiria laguntza esleitzeko ebazpenarekin batera bidali beharko da. Datu hauek izango ditu agiri horrek:
a) Onartutako antolaketa-aldaketaren prozesua hasi eta bukatzeko behin betiko datak.
b) Laguntzaren zenbatekoa eta ordaintzeko modua.
c) Banku-kontuaren zenbakia.
3.– Erakunde onuradunak ez badu laguntza onartzeko agiria sinatzen, laguntza ez duela onartu ulertuko du Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak.
4.– Agindu honetan araututako diru-laguntzen erakunde onuradunek artikulu hauetan xedatutako betebeharrak bete beharko dituzte: Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.2 artikulua, eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikulua.
19. artikulua.– Diru-laguntzak ordaintzea.
1.– Baldin eta Generoaren Partaidetza Diagnostikoa egiteko faseetarako eta Genero Berdintasunaren Aldeko Ekintza Plan Estrategikoa prestatzeko bada emandako diru-laguntza, epe hauetan ordainduko da:
a) Lehenengo ordainketa, diru-laguntzaren zenbatekoaren % 60 arte, laguntza onartu eta gero.
b) Bigarren eta azken ordainketa, diru-laguntzaren zenbateko osoaren % 40 arte, emandako diru-laguntzaren % 40 gauzatu izanaren txostena egin eta agirien bidez justifikatu eta gero.
2.– Baldin eta Genero Berdintasunaren Aldeko Ekintza Plan Estrategikoaren prestakuntza-faserako bakarrik bada emandako diru-laguntza, ordainketa bakarrean ordainduko da laguntza onartu ostean emandako diru-laguntza osoa.
3.– Baldin eta Genero Berdintasunaren Aldeko Ekintza Plan Estrategikoa inplementatzeko eta ondoren ebaluatzeko bada emandako diru-laguntza, epe hauetan ordainduko da:
a) Lehenengo ordainketa, diru-laguntzaren zenbatekoaren % 60 arte, laguntza onartu eta gero.
b) Bigarren eta azken ordainketa, diru-laguntzaren zenbateko osoaren % 40 arte, emandako diru-laguntzaren % 40 gauzatu izanaren txostena egin eta agirien bidez justifikatu eta gero.
4.– Baldin eta Genero Berdintasunaren Aldeko Ekintza Plan Estrategikoaren inplementazioaren ebaluazio-faserako bakarrik bada emandako diru-laguntza, ordainketa bakarrean ordainduko da laguntza onartu ostean emandako diru-laguntza osoa.
V. KAPITULUA
JUSTIFIKATZEA ETA JARRAIPENA EGITEA
20. artikulua.– Ez-betetzeak.
Egiaztatuz gero ez dela betetzen diru-laguntza ematea eragin zuten baldintzaren bat, jasotako kopuruak eta sortutako berandutze-interesak itzuli beharko zaizkio Euskal Herriko Diruzaintza Nagusiari, hala agintzen baitute azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak –Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duenak– eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak –Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duen eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituenak–. Itzultzeko modua ere aipatutako dekretuetan dago jasota. Horrez gain, bidezko diren gainerako ekintzak abiaraziko dira. Zehatzago esanda, azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 37. artikuluan jasotzen diren gertakariek eta egoerek eragingo dute dirua itzuli beharra.
21. artikulua.– Dirua itzultzeko prozedura.
Ezarritako baldintzak edota betebeharrak betetzen ez badira, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan agindutakoari jarraituko zaio emandako diru-laguntza itzultzeko. Hau ezartzen du azken dekretu horrek:
a) Prozeduraren hasiera eta prozedura oinarritzeko arrazoiak jakinaraziko dizkio Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendariak erakunde onuradunari, eta 15 egun balioduneko epea emango dio egoki iritzitako alegazioak aurkezteko.
b) Alegazioak jaso ondoren, edo epea alegaziorik egin gabe bukatu ondoren, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendariak bukatutzat joko du prozedura, ebazpen baten bidez.
c) Ez-betetzeren bat egon dela adierazten badu ebazpenak, diru-laguntza jasotzeko eskubidea galdutzat joko da, eta jasotako zenbatekoak eta aplikatu beharreko legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzultzeko aginduko da ebazpenean bertan. Jakinarazpena egiten den egunetik bi hileko epea bukatu baino lehen itzuli beharko da dirua. Epe hori borondatez ordaintzeko epetzat joko da.
d) Borondatez ordaintzeko epean itzulketarik egiten ez bada, horren berri emango zaio Eusko Jaurlaritzaren Ogasun eta Ekonomia Saileko organo eskudunari, hark premiamendu-bideari ekin diezaion, aplikatzekoa den legezko araudian xedatuari jarraituz.
e) Hamabi hilekoa izango da aplikatzekoak diren arauak ez betetzeagatik diru-laguntzak itzultzeari buruz artikulu honetan araututako prozedura ebazteko eta jakinarazteko epea.
22. artikulua.– Beste diru-laguntza batzuekiko bateragarritasuna.
Bateragarria izango da laguntza hauek ematea eta funts publiko edo pribatuen kargura helburu bererako jasotzen diren beste edozein laguntza eskuratzea. Hala ere, helburu bererako jasotako laguntzen zenbateko osoa gehi deialdi honetan emandako diru-laguntzaren kopurua handiagoa bada azken kostu osoa baino, gehiegizko kopuru hori kenduko zaio emandako laguntzari.
23. artikulua.– Genero-berdintasunaren aldeko erakunde-aldaketako prozesuetan aldaketak egitea.
1.– Erakunde onuradunak Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziari baimen-eskaera bidali beharko dio arlo hauetan aldakuntza nabarmenak eragiten dituzten aldaketak egiteko: dinamizazioan, generoaren arloko barne-taldearen osaeran, prozesuko pertsona erreferentean, erabili beharreko metodologian, aurreikusten diren helburu eta emaitzetan, prozesuaren luzapenetan eta diruz lagundu daitekeen gastu bakoitzean jasotako diru-laguntzarekin alderatuta % 20tik gorako aldea dakarten aldaketetan.
2.– Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak emango du proposatutako aldaketei buruzko ebazpena, eta, aldaketa-eskaera ukatuz gero, hasieran ezarritako baldintzetan jarraitu beharko du prozesuarekin erakunde onuradunak.
24. artikulua.– Jarraipena egiteko sistema eta justifikazioa.
1.– Finantzatutako prozesu bakoitzean, jarraipeneko batzorde misto bat ezarriko da prozesuen garapena aztertzeko, eta gutxienez kide hauek izango ditu batzorde horrek: Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako ordezkari bat, erakunde onuraduneko beste ordezkari bat eta kanpo-dinamizazioko beste ordezkari bat. Batzorde hori prozesu bakoitzaren hasieran bilduko da, eta beste zenbait aldiz ere bai prozesuan zehar, ondoren zehazten den bezala.
2.– Baldin eta Generoaren Partaidetza Diagnostikoa egiteko eta Genero Berdintasunaren Aldeko Ekintza Plan Estrategikoa prestatzeko bada finantzaketa:
a) Diru-laguntzaren bigarren ordainketa eskuratzeko eskakizun gisa, tarteko narrazio– eta finantza-txosten bat aurkeztu beharko ditu erakunde esleipendunak, baita prestatutako Partaidetza Diagnostikoa ere. Narrazio-atala deskripzio-txosten bat da, zeinetan adieraziko baita prozesuaren egoera; finantza-atalean, berriz, egindako gastuen egiaztagiriak sartuko dira, eta, ezarritako portzentajera heltzen direnean egingo da horiei dagokien ordainketa. Jarraipeneko Batzorde Mistoak orduan egingo du lehenengo bilera, prozesuaren egoera elkarrekin baloratzeko eta planaren hurrengo lanketa-fasea aurkezteko. Bilera hori nahitaezko eskakizun da bigarren ordainketa izapidetzeko.
b) Amaierako narrazio– eta finantza-txosten bat ere aurkeztu beharko du erakunde esleipendunak, eta, bertan, emandako diru-laguntza osoaren % 100 justifikatu beharko du, egindako gastuen egiaztagiriak barne hartuta. Txosten hori 6 hileko epean aurkeztu beharko da, prozesua amaitzeko egunetik hasita. Orduan egingo da Jarraipeneko Batzorde Mistoaren bigarren bilera, eta, bertan aurkeztuko da Genero Berdintasunaren Aldeko Ekintza Plan Estrategikoa.
3.– Genero Berdintasunaren Aldeko Ekintza Plan Estrategikoa prestatzeko bakarrik bada diru-laguntza, 24.2.b) artikuluan zehaztutakoa izango da horri jarraipena egiteko sistema.
4.– Genero Berdintasunaren Aldeko Ekintza Plan Estrategikoa inplementatzeko eta ondoren ebaluatzeko eskatuz gero finantzaketa:
a) Diru-laguntzaren bigarren ordainketa eskuratzeko eskakizun gisa, tarteko narrazio– eta finantza-txosten bat aurkeztu beharko du erakunde esleipendunak, baita Genero Berdintasunaren Aldeko Ekintza Plan Estrategikoaren inplementazioaren memoria bat ere. Narrazio-atala deskripzio-txosten bat da, zeinetan adieraziko baita prozesuaren egoera; finantza-atalean, berriz, egindako gastuen egiaztagiriak sartuko dira, eta, ezarritako portzentajera heltzen direnean egingo da horiei dagokien ordainketa. Jarraipeneko Batzorde Mistoak orduan egingo du lehenengo bilera, prozesuaren egoera elkarrekin baloratzeko eta Genero Berdintasunaren Aldeko Ekintza Plan Estrategikoa inplementatzearen hurrengo ebaluazio-fasea aurkezteko. Bilera hori nahitaezko eskakizun da bigarren ordainketa izapidetzeko.
b) Amaierako narrazio– eta finantza-txosten bat ere aurkeztu beharko du erakunde esleipendunak; bertan, emandako diru-laguntza osoaren % 100 justifikatu beharko du, eta egindako gastuen egiaztagiriak sartuko ditu. Txosten hori 6 hileko epean aurkeztu beharko da, prozesua amaitzeko egunetik hasita. Jarraipeneko Batzorde Mistoak orduan egingo du bigarren bilera, eta bertan aurkeztuko da Genero Berdintasunaren Aldeko Ekintza Plan Estrategikoaren inplementazioaren ebaluazioa.
5.– Genero Berdintasunaren Aldeko Ekintza Plan Estrategikoaren inplementazioa ebaluatzeko bakarrik bada diru-laguntza, 24.2.b) artikuluan zehaztutakoa izango da horri jarraipena egiteko sistema.
6.– Nolanahi ere, batzordea bertako kideek nahi adina aldiz bilduko da.
25. artikulua.– Kontrola.
1.– Garapen Lankidetzarako Euskal Agentziako langileek genero-berdintasunaren aldeko antolaketa-aldaketako prozesuaren prestaketa eta kudeaketa aztertu ahal izango dute hura egikaritzen ari den bitartean.
2.– Erakunde onuradunak behartuta daude dagokion deialdiaren kargura jasotzen dituzten diru-laguntzen inguruan Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak, beren zereginak betetzen ari direla, eskatzen dieten informazioa ematera.
3.– Prozesuaren garapenaren egiaztapen bat hastera doanean, erakunde onuradunak bermeak eta erraztasunak emango ditu ekintza egiten ari den tokira eta higiezinetara sartzeko, baita ekintzari dagozkion liburu, kontu eta egiaztagiriak eskuratzeko ere.
XEDAPEN GEHIGARRIA
Dekretu honetako laguntzek edo diru-laguntzek arau hau bete beharko dute: Europako Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 Erregelamendua, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa (2013-12-24ko EBAO, L 352. zk.). Laguntza hauek minimis motako laguntzatzat jotzen dira; izan ere, pertsona fisiko edo juridiko jakin bati emandako laguntzaren guztizkoak ez du gaindituko 200.000 euroko kopurua, hiru ekitaldi fiskaleko edozein epetan. Ulertzen da muga horretatik beherako diru-laguntzek ez diotela eragiten merkataritzari edo ez dutela lehiakortasuna faltsutzen, eta, ondorioz, ez dira sartzen Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107.1 artikuluaren aplikazio-eremuan.
XEDAPEN IRAGANKORRA
Euskal Autonomia Erkidegoko Garapenerako Lankidetzako Eragileen Erregistroa martxan jartzen denera arte, erregistro horretan izena emanda egoteko eskakizuna betetzat emateko, informazio hau egiaztatzen duten agiriak aurkeztu beharko dituzte erakunde eskatzaileek:
a) Nortasun juridikoa eta jarduteko lege-gaitasuna duten erakundeak dela.
b) Ez duela irabazi-asmorik.
c) Erakundeen helburuetako bat, haiek onartutako estatutuen edo agirien arabera, garapenerako lankidetza dela.
XEDAPEN INDARGABETZAILEA
Indargabetuta geratzen dira bai azaroaren 25eko 197/2008 Dekretua, zeinak lankidetza-erakundeei eman beharreko laguntzak arautzen baititu, erakundeetan genero-berdintasunaren aldeko antolaketa-aldaketako prozesuak sustatzeko, eta bai dekretu honetan ezarritakoaren aurka dauden maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak ere.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Dekretu honetan berariaz aurreikusten ez den guztian, arau hauek aplikatuko dira: 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena; 1/1997 Legegintzako Dekretua, azaroaren 11koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena, eta 38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Diru-laguntzei buruzkoa.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteizen, 2018ko martxoaren 27an.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.