EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-04-06 Aldizkari honetan argitaratua: 2018066

EBAZPENA, 2018ko martxoaren 19koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Barakaldoko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren Aldaketa Puntualari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa EQ/T-1 Urban Galindo eremurako.

Xedapenaren data: 2018-03-19
Hurrenkenaren zenbakia: 201801791
Maila: Ebazpena
AURREKARIAK
2017ko azaroaren 8an, Barakaldoko Udalak EQ/T-1 Urban Galindo eremurako Barakaldoko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren (aurrerantzean, Plana) Aldaketa Puntualari buruzko ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura hasteko eskaera egin zion ingurumen-organoari, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoaren arabera. Eskaerari Planaren zirriborroa eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikuluan ezarritakoaren araberako edukia duen ingurumen-dokumentu estrategiko bat atxiki zitzaizkion. Gainera, ingurumen-agirian, agiri hori egin duten pertsonak identifikatu dira, sinatuta dago eta amaiera-data dauka.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikulua betetzeko, 2017ko azaroaren 30ean, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak egoki iritzitako oharrak egiteko eskatu zien zenbait erakunderi, ohar horiek oinarritzat hartuta ingurumen-organo horrek ingurumen-txosten estrategikoa egin zezan. Zehazki, honako hauei egin zitzaien kontsulta: Eusko Jaurlaritzako Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritza, Kultura Ondarearen Zuzendaritza eta Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritza; Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Zuzendaritza eta Ingurumen Zuzendaritza; URA Uraren Euskal Agentzia, Ihobe Ingurumen Kudeaketako Sozietate Publikoa; Nekazaritza eta Arrantza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioko Kostaldearen eta Itsasoaren Jasangarritasun Zuzendaritza Nagusia, eta, herritar interesdun gisa, Bizkaiko Ekologistak Martxan.
Halaber, espedientean jasotzen den dokumentazioa eskuragarri ipini zen Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumen arloan egoki iritzitako oharrak egiteko.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan ezarritako epea amaituta, honako hauen txostenak jaso dira: Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritza; Ingurumen Zuzendaritza Nagusia eta Ondare Kulturaleko Zerbitzua, biak Bizkaiko Foru Aldundiarenak; Ura Uraren Euskal Agentzia; Ihobe Ingurumen Kudeaketako Sozietate Publikoa; eta Nekazaritza eta Arrantza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioko Kostaldearen eta Itsasoaren Jasangarritasun Zuzendaritza Nagusia.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, lege horren helburua da ingurumenean ondorio adierazgarriak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautu behar duten oinarriak ezartzea, eta, horrenbestez, ingurumenaren babes-maila handia bermatzen du lege horrek, garapen jasangarria sustatzea helburu izanik.
Era berean, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, besteak beste, plangintza-prozesuaren lehen faseetan ingurumenaren gaineko ondorioen analisia txertatzea, aukerarik egokienak hautatzeko, jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak aintzat hartuta.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan aurreikusten da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasa behar diren planak eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo planen edo programen gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra, haiek ingurumenerako eragin nabarmenak ekar litzaketelako.
Aipatutako 6.2 artikuluak zehazten duenez, besteak beste, udal-mailan azalera txikiko eremuen erabilera ezartzen duten plan eta programei (6.1 artikuluan aipatuak) ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egin beharko zaie. Horren prozedura 29. artikulutik 32. artikulura bitartean arautzen da. Guztiarekin ere, V. eranskinean ezarritako irizpideak bete beharko dira.
Dokumentazio teknikoa eta Planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko txostenak aztertuta, eta ikusirik hasierako dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak (eskumena duen organoa otsailaren 27ko 3/1998 Legearen eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera) ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du, zeinak Planaren proposamenean ingurumen-arloko alderdiak sartzearen alde egiten baitu eta Plana aplikatzearen ondorio adierazgarrien aipamena jasotzen, baita sartu behar diren azken oharrak ere, soilik ingurumen arlokoak.
Hauek ikusi dira: Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra; Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legea; Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren Egitura Organikoa eta Funtzionala ezartzeko apirilaren 11ko 77/2017 Dekretua; Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen hirugarren xedapen iragankorra; Sektore Publikoko Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legea, eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Barakaldoko Udalak sustatutako EQ/T-1 Urban Galindo eremurako Barakaldoko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren Aldaketa Puntualari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea, jarraian adierazten diren zehaztapenekin:
A.– Planaren deskribapena: Helburuak eta jarduketak.
Planaren xedea da «EQ/T-1» eremuari –lehenago, EQ-1 deitzen zena– aplikatzekoak diren antolamendu-baldintza batzuk egokitzea, non ezartzen baitira ekipamenduaren eta titulartasun pribatuko hirugarren sektoreko erabileren eremua. Helburua da haren garapen-baldintzak malgutzea eta zatika gauzatzeko aukera ahalbidetzea, sustapenaren arriskuak gutxituz.
Aisialdiko parkea hartuko duen lurzatiaren zatiezintasun-baldintza kentzea nahi da; aurreikusitako azpi-zatiketarako oinarrizko baldintzak arautzen dira eta hiri-antolamenduko plan berezi bat idazten denerako uzten du derrigorrez haren antolamendu zehatza.
Halaber, beste arau-aurreikuspen batzuk eguneratzen dira, betiere errealitate fisikoaren, egindako obren eta jarduketa-aurreikuspenen arabera. Zehazki esanda:
– Zonakatze orokorra errealitate fisikora, egindako obretara eta jarduketa-aurreikuspenera egokitzen da (Larreako biribilguneko sarbideek erasandako lurzoruak barne hartzen dira).
– Antolamendu zehatza trenbide-legeriaren aurreikuspen batzuetara egokitzen da.
– Titulartasun pribatuko eraikigarritasunak eraikigarritasun urbanistiko gisa identifikatzen dira.
– Adierazten da izapidetu beharreko plan bereziak definitu dezakeela zuzkidura izaerako ekipamendu publikoen beste erabilera batzuetarako eraikigarritasun fisikoaren balizko handitzea.
B.– Planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluaren arabera, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aplikatuko dira plan edo programa bati ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar zaion zehazteko.
1.– Planaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:
a) Planak zer neurritan ezartzen du proiektu eta beste jarduera batzuetarako esparrua. Planak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapen, ezaugarri, neurri edo funtzionamenduari dagokionez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legerian zerrendatutako kategorietako batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko, eta, hiri-antolamenduko plan berezi bat idazten denerako uzten du derrigorrez haren antolamendu zehatza. Euskadiko ingurumena babesteari buruzko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren IB eranskinaren arabera, eremuan aurreikusten diren hektarea bat edo gehiagoko azalera duten urbanizazio-proiektuak ezingo dira kokatu, osorik zein zati batean, ingurumen aldetik kalteberak diren guneetan, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua aplikatu behar ez izateko.
Hori dela eta, ingurumen aldetik kaltebera den heinean, Planaren xedearen eremuak itsaso-lehorreko jabari publikoko lurrak hartzen ditu eta zati batean babes-zorguneko eremuak erasaten dio. Eremu horietan, honako xedapen hauetan ezarritakoa bete beharko da: Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren Planaren (2015-2021) 45. eta 47. artikuluak; Kosten uztailaren 28ko 22/1988 Legea; eta lege hori garatzeko erregelamendua ezartzen duen urriaren 10eko 876/2014 Errege Dekretua. Nekazaritza eta Arrantza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioko Kostaldearen eta Itsasoaren Jasangarritasun Zuzendaritza Nagusiak uste du Planean jasota dauden mugaketa-lerroek zenbait zehaztugabetasun dituztela eta zuzendu egin beharko direla Euskal Herriko Kostaldeen Mugapenak –aurretik eskaria eginda– emango dituen datuen arabera.
Era berean, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko Kultura Ondarearen Zuzendaritzak dio Planaren eremuan Euskal Kultura Ondarearen Inbentario Orokorrean sartzea proposatu den elementu bat dagoela jasota: konpainia franko belgikarreko 39-1 karga-habea; eta ibaiko mineralak kargatzeko tokiak babesteko irizpideak proposatzen dituzte, espedientean jasota daudenak.
b) Zenbaterainoko eragina duen Planak beste plan edo programa batzuetan: Planaren xedea da garapen-baldintzak malgutu eta zatika egiteko aukera izatea, sustapenaren arriskuak gutxitzeko; horretarako, beste plan edo programa batzuengan eraginik ustez ez duten zehaztapen batzuk egokitzen ditu.
c) Plana egokia den ala ez ingurumen-gogoetak integratzeko, garapen jasangarria sustatzearren, bereziki. Badira Planaren alderdi batzuk ingurumen-gogoetaren integrazioa hobetu dezaketenak:
– Planaren garapenean zehaztasunez aztertu beharko dira dauden beharrak eta aurreikusitako garapenak gehiegi handitzea edo gutxi erabiltzea saihesteko. Proposamenak mugatu beharko dira beharren eta programazio-epeen arabera.
– Plana aplikatzea ibaiaren ondoko eremuetan natura berpizteko aukera izan daiteke, eremu horretako ekosistema natural propioak berreskuratuz, esaterako padurak edo ibai-ertzak eta ibilguak. Eremu horiek, udalerriko azpiegitura berdea izango liratekeenak, garrantzizko egitekoa izan dezakete ibaiaren eremuaren funtzionalitatea leheneratzeko, igarobide ekologiko gisa, ibaiaren ingurunean biodibertsitatea hobetzeko edo klima-aldaketaren ondoriozko egoeretan uholdeak izateko arriskuei aurre egiteko.
– Etorkizuneko aisialdiko parkeko sarbiderako mugikortasun jasangarria bultzatu beharko da, garraio pribatua erabili ordez garraiobide jasangarrien erabilera sustatuz.
– Planak aintzat hartu beharko du garapen-plangintzan Aisialdiko Parkearen paisaia-integrazioko azterlana dokumentazio gehigarri modura jasotzeko aukera, Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde-antolamenduan paisaia babestu, kudeatu eta antolatzeari buruzko ekainaren 3ko 90/2014 Dekretuaren 7. artikuluan ezarritakoari jarraituz.
d) Ez da hauteman Plana gauzatzearen ondoriozko ingurumen-arazo adierazgarririk, betiere, besteak beste, segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, paisaiari, kutsadura akustikoari eta kultura-ondarearen babesari dagokienez indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira ukitutako eremuarekin lotutako esku-hartzeak eta jarduerak. Horretarako, honako hau hartu beharko da aintzat:
– Kontuan hartu da lurzati bat dagoela (kodea: 48013-00017) Lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak dituzten edo izan dituzten lurzoruen inbentarioari buruzko irailaren 30eko 165/2008 Dekretuaren inbentarioan eta eguneratzeko zirriborroan identifikatuta dagoena metalurgiaren eremuko jarduera batzuk burutzeagatik. Horregatik, esku hartu aurretik, lurzoruaren kalitatearen ikerketa bat egiteko eskatu beharko da. Alde horretatik, Ihobe Ingurumen Kudeaketako Sozietate Publikoak aditzera eman du lurzati horretan hainbat jarduketa burutu direla, RES-AL 10 Galindo AHV eta BI-3739-Puente Rontegi (Urban Erreketa) (SC-22/09-IL(SC-15/03)) izeneko espedienteek eremu honi erasan diotelarik.
– Itsasoko eta lurreko jabari publikoa babesteko zortasun-eremuan kokatutako jarduketei dagokienez, Uraren Euskal Agentziaren administrazio-baimena beharko dute, hor aztertuko baitira jarduketen ezaugarriak eta eragin zehatzak, eta kasu bakoitzari dagozkion arauak ezarriko.
e) Era berean, Plana egokitzat jotzen da ingurumen arloko erkidego- edo nazio-mailako legeria ezartzeko.
2.– Eraginen ezaugarriei eta ziurrenik ukituko den eremuari dagokienez, eraginpeko lekuaren inguruan ez da identifikatu ez naturagune adierazgarririk, ez eremu ingurumen-baliodunik edo kalteberarik.
3.– Neurri babesle eta zuzentzaileak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, ebazpen honetan adierazitakoarekin bat, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, Ingurumen Agiri Estrategikoan eta Planean bertan jasotakoarekin bat; hauek dira neurri horiek, besteak beste:
– Obrako langileek erabiltzeko jardunbide egokien eskuliburua.
– Lurrak eta soberakinak kudeatzea: obrak hasi aurretiko jarduketa gisa, landare-lurren geruza kenduko da aldatuko diren guneetan. Baimendutako soberakin-biltegira eramango dira proiektuan sortutako indusketa-soberakinak, eta indarreko legerian ezarritakoaren arabera kudeatuko dira.
– Hondakinak sortzea eta kudeatzea:
● Obrak egin bitartean sortutako hondakin guztiak eta indusketaren, eraispenen eta garbiketa-kanpainaren soberakinak kudeatzeko, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta berariazko araudietan aurreikusitakoa beteko da.
● Eraikuntza- eta eraispen-hondakinak Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko den uztailaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.
● Hondakin arriskutsuentzako ontzietarako, uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako arauak bete beharko dituzte (Hondakin Toxiko eta Arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko oinarrizko araudia onartzen du dekretu horrek), eta itxita egongo dira baimendutako kudeatzaileak jaso arte, isuri edo lurrundu ez daitezen.
● Olio erabiliak, berriz, industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuan eta EAEn erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen irailaren 29ko 259/1988 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.
– Airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babestea: Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta isuri akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-isuriei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-isuriak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatua) eta arau osagarrietan ezarritakora.
– Urak babestea: Ibaizabal ibaiko urak babesteko neurri gisa, pilaketa-eremuak eta instalazio osagarrien eremuak ibaiaren ibilgutik ahalik eta urrunen egongo dira, eta areka perimetral bidez urak biltzeko sistemak izango dituzte: areka perimetral horrek jariatze-urak zolatatik kutxatila bateraino bideratu ditu, eta kutxatila horri urak isuri baino lehen tratatuko dituen hidrokarburo-filtro bat konektatuko zaio. Ibaiaren eremu hurbilenekoetan eta lurrak mugitzen hasi baino lehen, hirigintza-proiektuak aurreikusiko du neurriak ezartzea solidoak (dekantazio-tangak, sedimentu-tranpak edo filtroak, kasu) ibai-sarera arrastatzea minimizatzeko.
– Fauna eta landaredia babestea: Landarediarekin zerikusia duten neurriei dagokienez, obrak amaitu eta gero, zolatu gabeko eremuak eta obrek kaltetutakoak landareztatuko dira. Landareztatu beharreko inguruneko berezko landarediaren espezie autoktonoekin egingo da landareztatzea. Batik bat haltzadi kantauriarreko beste espezie batzuk landatuko dira erasandako ibai-ertzetan. Era berean, eremua lorategi bihurtzeko Lorategi eta eremu berde jasangarriak diseinatzeko gidaliburuan ezarritako gomendioak hartuko dira aintzat (Udalsarea 21 koadernoa, 20B zk., Ihobe Eusko Jaurlaritzaren sozietate publikoak argitaratua). Beharrezko landareztatzeak gorabehera, neurri prebentibo eta zuzentzaile batzuk deskribatzen dira landarediaren gaineko eragina minimizatzeko; esaterako, honako hauek:
● Obrak hasi baino lehen eta horien zuinketak dirauen artean, ibilbide sakon bat egingo da erasandako azaleran honako hauek detektatu eta markatzeko, baldin eta halakorik balego: aurreikusitako lanak oztopatzen ez dituzten zuhaitzak eta, behar bezala babestuz gero, kontserba daitezkeenak edo, behar izanez gero, birlandatu daitezkeenak.
● Ahal dela baliabide mekanikoak erabiliz kenduko dira sastrakak, herbiziden erabilera minimizatuz.
● Flora inbaditzaileari dagokionez, eremuan asko zabalduta dagoen Cortaderia selloana espezie inbaditzailea eta identifika daitezkeen beste espezie batzuk errotik kentzeko jarduketak egingo dira. Bizkaiko Foru Aldundiko Jasangarritasun eta Ingurune Naturalaren Saileko Natura Ondarea Zaintzeko Zerbitzuaren gomendioei jarraituko zaie, haien barreiadura saihesteko.
Halaber, ibai-ekosistemen gaineko inpaktuak minimizatzeko, indarreko sektoreko araudia bete beharko da. Gainera, Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusiak adierazi duenez, Kadagua ibaian igaraba europarraren presentzia egiaztatu da –EAEn desagertzeko arriskuan dagoen espezie moduan katalogatuta dagoena– jarduketa-eremutik hurbil dagoen gune batean, eta, beraz, ibai-ertzeko edo paduretako ekosistemen leheneratze ekologikoari ekin beharko zaio.
Bigarrena.– Ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoarekin bat, zehaztea ez dela aurreikusten EQ/T-1 Urban Galindo eremurako Barakaldoko HAPOaren aldaketa puntualak eragin garrantzitsurik izatea ingurumenean, eta, beraz, ez dela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik egin behar.
Hirugarrena.– Barakaldoko Udalari ebazpen honen edukia jakinaraztea.
Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko martxoaren 19a.
Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,
IVAN PEDREIRA LANCHAS.