EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-04-04 Aldizkari honetan argitaratua: 2018064

EBAZPENA, Laneko eta Gizarte Segurantzako zuzendariarena, zeinaren bidez erregistratu, gordailutu eta argitaratzen baita ikus-entzunezkoen ekoizpenaren alorreko EAEko akordioa, gai jakin bati buruzkoa.

Organo emailea: LAN ETA JUSTIZIA SAILA
Xedapenaren data: 2018-03-15
Hurrenkenaren zenbakia: 201801745
Maila: Ebazpena
AURREKARIAK
2018ko martxoaren 1ean, REGCON erregistroan aurkeztu dute enpresaren eta sindikatuen ordezkariek sinatutako ikus-entzunezkoen ekoizpenaren alorreko EAEko akordioari buruzko dokumentazioa, gai jakin bati buruzkoa.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Lehenengoa.– Lan-agintaritza honi dagokio Langileen Estatutuari buruzko Legearen testu bateginaren 90.2 artikuluan aurreikusitako eskumena (urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretua, 2015-10-24ko BOE), halaxe xedatzen baitu Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuak; dekretu horren 16. artikuluan xedatutakoaren arabera sortzen da Lan eta Justizia Saila, eta lehen xedapen iragankorrak ezartzen du erregelamendu organikoen indarraldia. Aplikagarriak dira, halaber, apirilaren 9ko 191/2013 Dekretuaren 11.1.i) artikulua, urtarrilaren 25eko 9/2011 Dekretuari dagokionez, eta hitzarmen kolektiboen erregistroari buruzko maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretua.
Bigarrena.– Akordioa sinatu dute, batetik, AVESATek eta, bestetik, ELA, LAB, CCOO eta UGTk, Langileen Estatutuari buruzko Legearen 83.3 artikuluan eta hurrengoetan xedatutako eskakizunekin bat etorriz.
Hori dela eta, hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Akordio hau Euskadiko Hitzarmen eta Akordio Kolektiboen Erregistroan inskribatu eta gordailutzeko agintzea, eta alderdiei jakinaraztea.
Bigarrena.– Hitzarmena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko martxoaren 15a.
Laneko eta Gizarte Segurantzako zuzendaria,
MARÍA ELENA PÉREZ BARREDO.
IKUS-ENTZUNEZKOEN EKOIZPENAREN ALORREKO EAE-KO AKORDIOA, GAI JAKIN BATI BURUZKOA
1. artikulua.– Alderdiak zehaztea.
Akordio hau sinatu dute, batetik, AVESATek eta, bestetik, ELA, LAB, CCOO eta UGTk, langileen ordezkaritzan.
Alderdi biek akordio hau sinatzeko legitimazioa aitortzen diote elkarri, martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutako Langileen Estatutuari buruzko Legearen testu bateginaren 87. eta 88. artikuluetan xedatutakoaren arabera (aurrerantzean, Langileen Estatutua).
2. artikulua.– Eremu funtzionala.
Ikus-entzunezko Ekoizpeneko Euskal Autonomia Erkidegoko Enpresa guztien eta haien langileen arteko lan-harremanak arautzen ditu akordio honek, hitzarmen kolektibo honen berezko berezitasunekin eta 4. artikuluan xedatutako esklusioekin (Langileak).
Hitzarmen honi dagozkion ondorioetarako, ikus-entzunezko ekoizpeneko enpresa izango da funtsezko xede sozial hauek dituen merkataritza-konpainia oro: ikus-entzunezkoak ekoiztea (edizioa, errealizazioa, idaztea, edukiak zuzentzea, etab.) edota ikus-entzunezkoen aurre-ekoizpeneko, ekoizpeneko edota ekoizpen-osteko zerbitzu partzial edo osoak eskaintzea, hala nola, edozein formatutako ikus-entzunezko eta multimediako ekoizpenetarako audio- eta bideo-zerbitzuak, modalitatea ezein dela ere (grabazio-platoak, dekoratuak eraikitzea, bikoizketa-zerbitzuak, ENG zerbitzuak, argiztapena, casting-a, makillajea, ile-apainketa, jantziak, eta abar), ikus-entzunezkook zineman edo telebistan emanak izan daitezen, baita legeek aurreikusitako ezein baliabide tekniko eta komertzialetan ustia daitezen ere.
Hitzarmen honetatik kanpo geratzen dira beren-beregi, ikus-entzunezko ekoizpeneko enpresen eta enpresa horiei zerbitzua ematen dien langileen arteko lan-harremanak film edo film laburren gisako ikus-entzunezko lanak ekoizten direnean, baldin eta zinema-aretoetan ematea bada horien lehenengo ustiapena.
3. artikulua.– Lurralde-eremua.
Ikus-entzunezko Ekoizpeneko Euskal Autonomia Erkidegoko Enpresetako lan-zentroetan eta autonomia-erkidego honen eremuan jarduten dutenetan aplikatuko dira akordio honetako arauak.
4. artikulua.– Langileak.
Ikus-entzunezko Ekoizpeneko Euskal Autonomia Erkidegoko Enpresetan lan-kontratu bidezko zerbitzuak ematen dituzten langile guztiei aplikatu zaie akordio hau.
Hitzarmen honen aplikazio-eremutik kanpo geratuko dira, berariaz:
a) Langileen Estatutuen 2.1.a) artikuluan aipatzen diren goi-mailako zuzendaritzako langileak.
b) Merkataritzako edo publizitateko agenteak eta, oro har, zerbitzuak emateko kontratuen bidez hitzarmen honen esparruaren peko enpresei atxikitako profesional liberalak, aholkulariak eta kolaboratzaileak.
c) Hitzarmen honen esparruaren peko enpresekin lan konkretuak edo espezifikoak egiteko kontratu zibil edo merkataritzazko baten ondoriozko harremana duten langileak.
d) Jabetza Intelektualari buruzko Legearekin edo haien kontratuetan hitzartutakoarekin bat, autore-izaera duten langileak, mendekotasun-lotura duten gidoigileak izan ezik, azken horiek hitzarmen kolektibo honen baldintzen mende egongo baitira.
e) Aktoreak, horiei aktoreen hitzarmen kolektiboan ezarritakoa aplikatuko zaie haiek ikus-entzunezko ekoizpeneko enpresekin dituzten lan-harremanei.
f) Emanaldi zehatzetarako kontratatzen diren musikariak, kantariak, orkestrak eta musika-taldeak, eta, oro har, aurreko paragrafoan sartzen ez diren langile artistikoak, horiei haien kontratuetan eta aplikatzekoak zaizkien berariazko arauetan hitzartutakoa aplikatuko zaie.
5. artikulua.– Denbora-eremua.
Hitzarmen hau 2018ko urtarrilaren 1ean jarriko da indarrean ondorio guztietarako. Data horretatik aurrera 4 urte iraungo du, hau da, 2021eko abenduaren 31ra arte.
Hitzartutako aldia amaituta, akordioa automatikoki salatua geldituko da, eta, akordioa berritzeko, negoziaketak hasi beharko dituzte alderdiek, hiruhileko epe luzaezinean.
Berariaz erabakitzen da, LEren 86.3 artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako, amaiera salatuta eta hitzartutako epea amaituta, akordioak indarrean jarraituko duela, harik eta bi alderdiek ordezko hitzarmen bat sinatu arte.
6. artikulua.– Subrogazioa.
LEren 83.3 artikuluan ezarritakoaren babesean, gai zehatz gisa subrogazioa arautzea adosten dute alderdiek.
Kasu hauetan guztietan, hala nola «kontratua» amaitu, galdu, deuseztatu, laga, edo berreskuratzen denean (aurrerantzean kontratu hitzak, oro har, edozein kontratu-mota –nola publikoa hala pribatua– bilduko du, eta enpresa, elkarte, edo erakunde publiko jakin batek beteko duen jarduera zehatzari dagokio), baita dagokien jarduera betetzen duten erakundeak, pertsona fisikoak edo juridikoak ordeztea eragiten duen beste edozein figura edo motari dagokionez ere, zerbitzua beteko duen enpresa edo erakunde berriari atxikiko zaizkio utzi duten enpresaren edo erakundearen eraginpeko langileak, eta langileek ordeztutako enpresan zituzten laneko eskubideak eta betebeharrak errespetatuko ditu enpresa berriak. Horiek horrela, kontratuaren xede den jardueran gutxienez hiru hileko antzinatasunez diharduten langile guztien subrogazioaren mendean geratuko da prestazioa, eta enpresaburu berria subrogatuta geratuko da aurreko enpresaburuaren laneko eta Gizarte Segurantzaren eskubide eta betebeharrei eta pentsioen konpromisoei dagokienez, dagokion berariazko araudian aurreikusitako baldintzen arabera, eta, oro har, lortutako gizarte-babes osagarriari dagokionez, zeuzkan betebehar guztietan.
7. artikulua.– Egitura.
Esparru-akordio hau 2017ko urtarrilaren 17an izenpetutako EAEren eremuko negoziazio kolektiboaren egiturari dagokion lanbide-arteko akordioaren babesean sinatzen da, eta bere 3. artikuluari eta aipatu artikuluaren 1., 2. eta 3. apartatuei egiten die erreferentzia beren-beregi.
Aipatu artikulua 2017ko otsailaren 16an argitaratu zen Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian. Horren babesean, honela arautzea erabaki da:
a) Sektoreko negoziazio kolektiboa eta hitzarmen kolektibo probintzialen aplikazioa lehenestea EAEren eremuan.
Akordio honen sinatzaileek uste dute, LEren 83.2 artikulua kontuan hartuz, lehentasunez aplikatu behar direla alderdi legitimatuek negoziazio-eremu horretan sina ditzaketen hitzarmenak, indarrean dauden edo izenpetu daitezkeen estatu osorako hitzarmen edo akordioren gainetik.
Horregatik, akordio honen oinarrizko xedea da hitzarmen kolektibo probintzialak edo autonomikoak lehenestea EAEko ikus-entzunezko ekoizpenaren sektorean.
Hortaz, LEren 83.2 artikuluan ezarritakoari jarraituz, honako arau hauek adostu dira:
1.– Ikus-entzunezko Ekoizpenaren alorreko EAEko Esparru Akordioa.
Aplikazioari dagokionez, esparru-akordio hau hobetsiko da estatu-mailako beste edozein sektoreko esparru-akordio edo lanbide artekoen gainetik, baita ikus-entzunezko ekoizpenaren edozein sektoreko negoziazio kolektiboaren egiturari dagokionez sektoreko beste edozein hitzarmen kolektibotan xedatutakoaren gainetik ere, akordio hau izenpetu aurrekoak zein ondorengoak izan.
2.– Aplikatzeko lehentasuna.
Esparru-akordio honek, LEren 83.2 artikuluan xedatutakoari jarraituz, bermatzen du EAEn izenpetu diren eta gai guztietan egun indarrean dauden lurralde hitzarmen kolektibo probintzialak edo autonomikoak aplikatuko direla lehentasunez, estatu- edo autonomia-mailako beste edozein hitzarmen edo akordio kolektibo sektorialen gainetik, horiek akordio hau izenpetu aurrekoak zein ondorengoak izan. Ondorio horietarako, eremu probintzialeko gai propio eta esklusibotzat, eta, ondorioz, eremu horretara atxikitakotzat, hartzen dira ikus-entzunezko ekoizpeneko hitzarmen kolektibo probintzialek araututako gaiak, hargatik eragotzi gabe estatu-mailari dagokionez LEren 84.4 artikuluan eta enpresa-hitzarmenei dagokienez LEren 84.2 artikuluan xedatutakoa.
Negoziazio-esparru berean, egun indarrean daudenen ordez etorkizunean sinatzen diren ikus-entzunezko ekoizpeneko hitzarmen kolektiboek, izenpetzen direnetik, aurreko paragrafoan ezarritakoaren arabera aplikatzeko lehentasuna izango dute.
Etorkizunean negoziazio-eremu berrietan hitzar daitezkeen ikus-entzunezko ekoizpeneko hitzarmen kolektibo probintzialek, izenpetzen direnetik, lehenengo paragrafoan ezarritakoaren arabera aplikatzeko lehentasuna izango dute, baldin eta negoziaziorako legitimazioa duten alderdiek hori aho batez adosten badute, betiere.
Nolanahi ere, indarreko lan-legeriak legitimatutako subjektuek esparru-akordio honen eremu funtzionalean sartutako negoziazio sektorial, probintzial edo autonomikoaren eremu berriak susta ditzaten, akordio honen berri eman beharko diote Batzorde Mistoari.
8. artikulua.– Batzorde misto paritarioa.
Erabaki da batzorde paritario bat ezartzea, akordio hau eta horren inguruan sortzen diren arazoak interpretatu eta ikuskatzeko, betiere horien gaineko eskumena legez edo aplika dakizkiokeen ondorengo erabakien bidez esleitu bazaio.
Akordioa izenpetu duten sindikatu bakoitzeko ordezkari batek eta patronalaren ordezkarien beste hainbeste ordezkarik osatuko dute Batzorde Paritarioa.
Batzorde Mistoaren egoitza soziala Lan Harremanen Kontseiluak Bilbon duen egoitzan ezartzea erabaki da (Urkixo zumarkalea 2, 3. solairua).
Batzorde horrek aholkularitza-zerbitzuak erabili ahalko ditu bere eskumeneko gaietan, zeinak alderdi bakoitzak askatasun osoz izendatu ahalko baititu, eta alderdi bakoitzaren gehiengoz hartuko ditu bere erabakiak. Erakunde bakoitzak batzorde negoziatzailean izan zuen ordezkaritza-indar bera izango du, modu proportzionalean.
Batzorde Mistoaren egoitzan idazki bat jasotzen bada, jaso duenak Batzorde Mistoko kideei deituko die bilera egiteko.
Bilbao, 2018ko otsailaren 27a.