EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-04-04 Aldizkari honetan argitaratua: 2018064

EBAZPENA, 2018ko martxoaren 15ekoa, Portu eta Itsas Gaietako zuzendariarena, Debako portuan aisia-ontziak amarratzeko emakidak esleitzeko dena (7. zerrenda).

Xedapenaren data: 2018-03-15
Hurrenkenaren zenbakia: 201801740
Maila: Ebazpena

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2017/11/22an argitaratutako 2017/11/09ko EBAZPENA [201705646]

Lehenengoa.– 2017ko azaroaren 9ko Portu eta Itsas Gaietako zuzendariaren ebazpenaren bitartez, Debako portuan aisia-ontzien amarralekuak erabiltzeko emakidak emateko dei publikoa iragarri zen.
Bigarrena.– Ebazpenaren aurrekarietan zehazten da emakida horiek esleitzeko prozedura jasota dagoela 2017ko urriaren 19ko Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuaren Aginduan. Agindu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoaren portuetan eta portu-instalazioetan laketontzien titularrei amarralekuak erabiltzeko emakidak emateko prozedura eta erregimena arautzen da.
Hirugarrena.– Aipatu Aginduaren 15. artikuluak ezartzen duenaren arabera, Portu eta Itsas Gaietako zuzendariak ebazpen arrazoitua emango du Aginduaren beraren 14. artikuluko irizpideetan oinarrituta. Ebazpen horrek, kasuaren arabera, erabaki hauek jasoko ditu:
a) Amarralekua esleitzea.
b) Eskaera ukatzea ez baldin baditu eskatutako baldintzak betetzen.
c) Eskaera dagokion itxarote-zerrendan sartzea, hurrenkera zenbakia zehaztuta.
Laugarrena.– Aipatutako aginduaren 15.4 artikuluan jasotakoaren arabera, «Ebazpenean hamar eguneko epea emango zaie amarraleku bat erabiltzeko emakida jaso eta dagoeneko Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Nagusiaren titulartasuneko beste portu edo portu-instalazio batean ontzi berarentzako amarraleku bat erabiltzeko titulu gaitzailea zeukatenei, amarraleku bat erabiltzeko zein tituluri uko egiten dioten jakinaraz dezaten».
Bosgarrena.– Portu-jardueren erregelamenduak, urriaren 21eko 236/1986 Dekretuaren bidez onartuak, 3. artikuluan oraingo Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailari ematen dio portu-zerbitzuen antolaketa, kudeaketa eta kontrola egiteko eskumena, azken finean, Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumenekoak diren portuetan eta portu-instalazioetan garatzen diren jarduera guztiak.
Aurretik esandakoarekin bat etorriz, ikusita EKP, S.A.k egindako proposamena, eta Zuzendaritza honek dituen apirilaren 11ko Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen 74/2017 Dekretuaren 7.h) eta 23. b) eta c) artikuluetan jasotako ahalmenak baliatuta,
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– I. eranskineko zerrendan jasota dauden eskatzaileei amarraleku esleipenak onartzea, ondorioak izanik 2018ko apirilaren 15etik 2033ko apirilaren 15a arte.
Bigarrena.– Ematea 2018ko apirilaren 15etik maiatzaren 15a arteko epea esleitutako amarralekua okupatzeko.
Amarralekua EKPren langileak aurrean direla okupatuko da.
Hirugarrena.– II. eranskinean jasota dauden eskaerak itxarote-zerrendan sartzea, hurrenkera zenbakia zehaztuta.
Laugarrena.– Hamar eguneko epea ematea ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren titulartasuneko portu edo instalazioetan dagoeneko ontzi berbererako amarralekua erabiltzeko baimena dutenei, hain zuzen ere agindutako epean Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritzari jakinarazi diezaioten zein amarralekuri egiten dioten uko.
Bosgarrena.– Ebazpen honek ez dio bukaera ematen administrazio-bideari, eta, bere aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke Azpiegitura eta Garraioetako sailburuordearen aurrean edo ebazpena eman duenaren aurrean, hilabeteko epean, ebazpen hau argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
AZKEN XEDAPENA
Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko martxoaren 15a.
Portu eta Itsas Gaietako zuzendaria,
AITOR ETXEBARRIA ATUTXA.