EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-04-04 Aldizkari honetan argitaratua: 2018064

AGINDUA, 2018ko martxoaren 13koa, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuarena, zeinaren bidez aldatzen baita «Getariako Txakolina/Txakoli de Getaria/Chacolí de Getaria» jatorri-deituraren Erregelamendua.

Xedapenaren data: 2018-03-13
Hurrenkenaren zenbakia: 201801737
Maila: Agindua

Aurreko erreferentziak:
  • 2008/10/15ean argitaratutako 2008/09/17ko AGINDUA aldatzen du [200805700]

Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura sailburuaren 2008ko irailaren 17ko Aginduaren bidez, «Getariako Txakolina/Txakoli de Getaria/Chacolí de Getaria» jatorri-deituraren Erregelamendua Industria eta Elikagai Azoketako Zuzendaritzaren 2009ko azaroaren 30eko Ebazpenaren ondoren, agindu hori 2010eko urtarrilaren 2ko Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, 2. zenbakian.
2017ko otsailaren 10ean, Getariako Txakolina Jatorri Deituraren Kontseilu Arauemaileak Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailari eskatu zion jatorri-deituraren Erregelamendua aldatzeko. Zehatz esanda, bigarren xedapen gehigarriaren bigarren atalaren hirugarren paragrafoa aldatu nahi da. Hor, ardo apardunei buruz diharduela, oraingo testuak dio: «Oinarri-ardoa kalifikatutako ardo zuria izan behar da, eta honek gehienez ere 140 mg/l anhidrido sulforoso eduki ditzake guztira».
Testuak ardo aparduna egiteko ardo zuritik abiatu beharra dagoela esaten badu ere, jatorri-deituraren baldintza-agiriak ez du horrelako mugarik ezartzen, eta ez du zehazten ardo aparduna kalifikatutako ardo zuritik, gorritik edo beltzetik abiatuta egiten ote den. Baldintza-pleguak derrigortasun bakarra ezartzen du (8.v puntua): ardo aparduna jatorri-deitura duten upategietan inskribatutako mahastietako mahatsaz egina izatea.
Getariako Txakolina jatorri-deitura onartu zenean, txakolin guzti-guztia zuria zen, baina azken kanpainetan zati bat txakolin gorriarena izan da. Horrek bidea ematen du ardo aparduna txakolin gorri kalifikatu horretatik abiatuta egiteko. Hori dela eta, Kontseilu Arauemaileak bigarren xedapen gehigarria aldatzeko eskatu du, Getariako Txakolina jatorri-deituraren Erregelamenduan zehaztutako ardo kalifikatu mota guztietatik abiatuta ardo aparduna egiteari dagokionez.
Eskatzen den aldaketak ez du eraginik izango jatorri-deituraren baldintza-agirian. Hori dela eta, Getariako Txakolina jatorri-deituraren Erregelamenduan egin nahi den aldaketa ez da izapidetu behar urriaren 3ko 1335/2011 Errege Dekretuaren arabera (errege-dekretu horren bidez, jatorri-deitura babestuak erkidegoko erregistroan inskribatzeko eskabideak izapidetzeko eta horiei aurka egiteko prozedura arautzen da).
Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuaren abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren 10. artikuluaren 27. eta 28. zenbakiei jarraikiz, Euskal Autonomia Erkidegoak eskumen esklusiboa du jatorri-deituretan eta publizitatean, Estatuarekin elkarlanean, eta kontsumitzaileen eta erabiltzaileen babesean, muga berberekin.
«Getariako Txakolina/Txakoli de Getaria/Chacolí de Getaria» jatorri-deituraren Erregelamenduan egiteko den aldaketak nekazaritzako elikagaietako politikan eragiten du, eta eremu hori, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuaren 7.n) artikuluaren arabera, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailari dagokio.
Esandako guztiagatik, proposatutako aldaketa onartzeko derrigorrez egin behar diren izapide tekniko eta administratibo guztiak egin dira eta Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 74/2017 Dekretuak ematen dituen eskumenak baliatu dira.
Hori guztia dela eta, honako hau
XEDATZEN DUT:
Artikulu bakarra.– «Getariako Txakolina/Txakoli de Getaria/Chacolí de Getaria» jatorri-deituraren Erregelamendua aldatzen da.
Getariako Txakolina jatorri-deituraren Erregelamendua, «Getariako Txakolina/Txakoli de Getaria/Chacolí de Getaria» Jatorrizko Deituraren Arautegiaren testu bategina onesteko Nekazaritza, Arrantza eta Elikadurako sailburuaren 2008ko irailaren 17ko Aginduaren eranskin gisa agertzen dena, honela geratzen da:
Bigarren xedapen gehigarriaren bigarren atalaren hirugarren paragrafoa honela geratzen da:
– Oinarri-ardoa ardo kalifikatua izan behar da, ardo zuri eta gorrirako gehienez ere 180 mg/l anhidrido sulforoso eduki ditzakeena guztira, eta ardo beltzerako, ordea, 140 mg/l.
AZKEN XEDAPENA
Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko martxoaren 13a.
Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua,
MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.