EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-04-03 Aldizkari honetan argitaratua: 2018063

75/2018 EBAZPENA, martxoaren 20koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez argitaratzen baita Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren eta Geogarapen, Euskal Kostaldeko Geoparkearen Kudeaketarako Elkartearekin sinatutako hitzarmena; hitzarmen horren bidez lan-ildoak ezartzen dira EAEko Geodibertsitate Estrategia-2020aren eta Euskadiko Biodibertsitate Estrategia-2030aren barruko jarduketak garatzeko.

Xedapenaren zenbakia: 201800075
Xedapenaren data: 2018-03-20
Hurrenkenaren zenbakia: 201801714
Maila: Ebazpena
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak sinatu du hitzarmen hori, eta hitzarmenari dagokion publikotasuna emateko asmoz, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren eta Geogarapen, Euskal Kostaldeko Geoparkearen Kudeaketarako Elkartearekin sinatutako hitzarmena; hitzarmen horren bidez lan-ildoak ezartzen dira EAEko Geodibertsitate Estrategia-2020aren eta Euskadiko Biodibertsitate Estrategia-2030aren barruko jarduketak garatzeko.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko martxoaren 20a.
Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,
JUAN ANTONIO ARIETA-ARAUNABEÑA IBARZABAL.
ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN MARTXOAREN 75EKO 10/2018 EBAZPENARENA
INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILAREN ETA GEOGARAPEN, EUSKAL KOSTALDEKO GEOPARKEAREN KUDEAKETARAKO ELKARTEAREN ARTEKO LANKIDETZA-HITZARMENA, EAE-KO GEODIBERTSITATE ESTRATEGIA-2020AREN ETA EUSKADIKO BIODIBERTSITATE ESTRATEGIA-2030AREN BARRUKO JARDUKETAK GARATZEKO
Vitoria-Gasteiz, 2017ko abenduaren 7a.
BILDU DIRA:
Alde batetik, Ignacio María Arriola Lopez, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburua.
Bestetik, Pedro Bengoetxea Loiola, Geogarapen Euskal Kostaldeko Geoparkearen kudeaketarako Elkartearen presidentea.
ADIERAZI DUTE:
Lehenengoa.– Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak, besteak beste, baliabide naturalak antolatzeko eta Euskal Autonomia Erkidegoko natura kontserbatzeko lanak egiten ditu.
Bigarrena.– Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezarri dituen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuarekin bat eginez, sail horrek, besteak beste, honako funtzio hauek betetzen ditu: baliabide naturalak antolatzea eta natura kontserbatzea. Bestalde, Ingurumen Sailburuordetzaren bitartez, natura-ondarea babesteko arloetan aritzen da. Halaber, garapen jasangarria bermatu eta sustatzen du, eta ingurumenaren inguruko informazioa, parte-hartzea, sentsibilizazioa, hezkuntza eta prestakuntza ematen ditu.
Hirugarrena.– Geogarapen Euskal Kostaldeko Geoparkearen kudeaketarako Elkartearen xedeen artean honako hauek daude: Euskal Kostaldeko Geoparkeko lurraldearen garapen jasangarria eta orekatua, haren balio geologiko, natural eta kulturalei babes berezia emanda; ondare geologikoa babestea eta kontserbatzea; Lurraren zientziak sustatzea ikerkuntza-, hezkuntza eta hedapen-arloetan, eta beste zientzia natural eta ingurumen-zientzia batzuk bultzatzea; ingurumen-hezkuntza sustatzea; eta Elkartearen xedeak bultzatzen lagundu dezaketen beste erakunde batzuekin batera ekintzak egitea eta horiek suspertzea.
Laugarrena.– Eusko Jaurlaritza Geogarapen Elkartearen kide da, eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak eta Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak ordezkatzen dute bertan.
Bosgarrena.– Ingurumen Sailak 2014an emandako diru-laguntza izendunaren eremuan, Geogarapen Elkarteak, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailarekin batera, natura-ondarea kontserbatzeko jarduerak egin ditu, bereziki, geodibertsitateari dagokionez. Jarduera horiek EAEko 2020rako Geodibertsitate Estrategiaren garapenarekin eta III. Ingurumen Esparru Programarekin lotuta daude.
Seigarrena.– Alde biek asmoa dute, hitzarmen hau sinatuz, EAEko 2020rako Geodibertsitate Estrategiak eta Euskadiko 2030erako Biodibertsitate Estrategiak planteatutako helburuei erantzuna emateko. Horrela, Euskal Autonomia Erkidegoko 2020rako IV. Ingurumen Esparru Programa garatzen lagunduko dute. Programa horren xedea da «natura-kapitala babestea, kontserbatzea eta lehengoratzea, ekosistemek ematen dizkiguten zerbitzuak gordetzeko».
Adierazitakoagatik guztiagatik, erakunde bien artean aipatutako lankidetza gauzatzeko helburuz, dokumentu honetan biltzen den lankidetza-hitzarmena sinatzea erabaki dute bi aldeek. Hona hemen hitzarmenaren klausulak:
KLAUSULAK
Lehenengoa.– Xedea.
Hitzarmen honen xedea da Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren eta Geogarapen Euskal Kostaldeko Geoparkearen kudeaketarako Elkartearen arteko lankidetza arautzea, lan-ildoak garatzeko (horien edukia eta irismena hitzarmen honen eranskinean zehaztu dira). Ildo horiek garatzeko egiten diren ekintzak esperientzia pilotutzat jo ahal izango dira, aurrerantzean, autonomia-erkidegoaren eremura esportatzeko. Lan-ildoak honako hauek izango dira:
EAEko 2020rako Geodibertsitate Estrategiaren testuinguruan:
1.– Parte-hartze publiko eta soziala geodibertsitatea eta ondare geologikoa kudeatzeko.
2.– Tresnak eta baliabide praktikoak definitzea ondare geologikoa aktiboki kontserbatzeko.
3.– Geodibertsitatearen eta ondare geologikoaren erabilera jasangarria sustatzea.
4.– Geodibertsitatea eta ondare geologikoa kontserbatzeko hezkuntza eta prestakuntza, eta nazioarteko esparruan zabaltzea.
Euskadiko 2030erako Biodibertsitatearen Estrategiaren testuinguruan:
1.– Ekosistemak babestea eta leheneratzea.
2.– Europako 2000 Natura Sarea sustatzea aukerarako tresna gisa.
3.– Naturaren ezaguera eta kultura sustatzea.
4.– Lurraldearen eta natura-ondarearen kudeaketan eraginkortasuna eta efizientzia.
Egiten diren jarduketak 2020rako lehen ekintza-planerako adierazitakoekin koordinatu beharko dira, eta aintzat hartu beharko dira Arno, Izarraitz eta Urola ibaiko KBEak eta Deba-Zumaia kostaldeko biotopoa kudeatzeko dokumentu ezberdinetan jasotako helburuak eta neurriak, leku horiek guztiz edo zati batean Euskal Kostaldeko Geoparkearen barnean baitaude.
Bigarrena.– Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza sailaren konpromisoak.
Honako hauek dira Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak hitzarmen honi dagokionez hartuko dituen konpromisoak:
● Geogarapen Elkartearekin kolaboratzea hitzarmen honen xedea betetzeko egin behar diren jarduketetan, bosgarren klausulan aurreikusitako jarraipen-batzordeak onartutako jarduketen urteko planarekin bat eginez.
● Geogarapen Elkartearen jarduerak finantzatzea, hitzarmen honen xedearekin lotutakoak; hitzarmen honen seigarren klausulan adierazitakoarekin bat eginez. Finantzazioa aurrekontu-erabilgarritasunaren araberakoa izango da.
Hirugarrena.– Geogarapen Elkartearen konpromisoak.
Honako hauek dira Geogarapen Elkarteak hitzarmen honi dagokionez hartuko dituen konpromisoak:
● Hitzarmen honen xedearekin lotutako egin beharreko jarduketak egitea, hitzarmenaren eranskineko edukiarekin eta irismenarekin zein seigarren klausulan aurreikusitako jarraipen-batzordeak onartutako urteko jarduketa-planarekin bat eginez. Halaber, hala badagokio, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak emandako jarraibideei jarraituko zaie.
● Bosgarren klausulan araututako jarraipen-batzordeari aurreko urteko kontuak aurkeztea, onar ditzan. Gastu eta diru-sarrera guztiak justifikatu behar dira, bai eta hurrengo ekitaldian egin beharreko jarduerak eta hari dagokion aurrekontua ere.
● Urte bakoitzaren amaieran, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailean aurkeztea egindako jarduerei buruzko txostena, sortutako dokumentu guztiak (azterketak, lanak, bestelako materialak, etab.) eta egindako ekitaldien justifikazioa (ikastaroak, lantegiak, mintzaldiak, hitzaldiak, etab.).
Laugarrena.– Geogarapen elkartearen arduraduna.
Geogarapen Elkartearen kudeatzaileak izango du haren jarduera sustatzeko ardura, eta hark zuzenduko du urteko jarduera-programaren gauzatzea, hauek barne: prestakuntza-ikastaroak, zabalkunde-ekintzak eta ikerketa-proiektuak, baita Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailari lankidetza eta laguntza emateko jarduerak ere.
Gainera, aurreko urteko kontuak aurkeztu beharko dizkio jarraipen-batzordeari, onartuak izan daitezen, baita hurrengo ekitaldian garatuko diren jarduerak eta dagokien aurrekontua ere.
Halaber, Geogarapen Elkartearen arduradunak egindako jarduerei buruzko txostena prestatuko du urte bakoitzaren amaieran. Txostena Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailari bidaliko zaio.
Bosgarrena.– Jarraipen-batzordea.
Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak eta Geogarapen Elkarteak erabaki dute jarraipen-batzorde baten bidez egitea hitzarmen honen jarraipena, hitzarmenean adierazitako helburuak betetzen direla bermatzeko helburuarekin.
Jarraipen-batzordea Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren 3 ordezkariz eta Geogarapen Elkarteko 2 ordezkariz osatuko da, eta haren presidentzia beteko du alde bakoitzak urte batez eta txandaka. Lehenik, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak beteko du.
Jarraipen-batzordeak zeregin hauek izango ditu, besteak beste:
● Hitzarmen honen helburua betetzen dela ziurtatzea.
● Hitzarmen honetan jasotako Geogarapen Elkartearen urteko jarduketa-plana xehatua onartzea.
● Hitzarmen honetan jasotako Geogarapen Elkartearen urteko aurrekontua onartzea.
● Eduki teknikoa gainbegiratzea eta onartzea eta landu beharreko lanen aurrekontu-edukia gainbegiratzea.
● Hitzarmen honetan jasotako aurrekontuaren urteko aurrekontu-betearazpena onartzea.
● Hitzarmen honen helburua betetzeko interpretaziotik eta betekizunetik erator daitezkeen arazoak konpontzea, X. klausulan ezarritakoaren kalterik gabe.
● Aurreikusitako lanen bat egin ezin denean, haren ordez gauzatuko den edo diren ordezko lanak onestea. Ordena hori gordeta, Geogarapen Elkarteak egin beharreko ordezko lanak proposatu beharko dizkio jarraipen-batzordeari, eta lehenengo lanak egitea galarazi duten baldintzak arrazoitu beharko ditu. Batzordeak kausa horiek baloratuko ditu, eta, hala badagokio, ordezko proposamena onartuko du.
● Eranskinean jaso ez diren jarduera edo proiektu berriak gehitzeko beharra edo eranskinean jasotakoen iraupena luzatzeko beharra baloratzea. Horiek hitzartutako klausulen eraginpean egongo dira, aurrekontu-xedapenen barruan.
Jarraipen-batzordea urtean behin bilduko da gutxienez. Jarraipen-batzordean presidente diharduenak egingo ditu deialdiak; gutxienez, bat egingo du urteko aurreneko hiruhilekoan, kontu-ematea, jarduerak eta aurrekontuak onartzeko. Aldeetako batek modu justifikatuan eskatzen duen bakoitzean ere egingo ditu deialdiak.
Jarraipen-batzordearen izaera kontuan izanda, hitzarmen hau sinatu duten bi erakundeen ordezkariek egon beharko dute aurrekontua onartzeko bileran, horren eraginkortasuna bermatzeko, non eta aldeetako batek ez duen deialdiarekin batera bidalitako proposamena onartzen eta hala idatziz adierazten saioa hasi baino lehen.
Jarraipen-batzordeko idazkari-lanak beteko ditu Geogarapen Elkarteko ordezkarietako batek.
Emakumeen eta Gizonen benetako Berdintasunerako Lege Organikoan (martxoaren 22ko 3/2007) ezarritakoaren arabera, jarraipen-batzordearen osaera orekatua izan beharko da emakumeen eta gizonen arteko proportzioari dagokionez.
Seigarrena.– Alde sinatzaileen ekarpenak.
Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren ekarpena.
Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak, gehienez, 2017ko ekitaldiko aurrekontuko 70.000 euro emango ditu, hitzarmen honetan aurreikusitako ekintzak egiteko. Halaber, aurreikusi duenez, 2018ko, 2019ko eta 2020ko ekitaldietako aurrekontuetan ekarpen ekonomiko bera beharko da, betiere aurrekontu-esleipena egin bada.
Beraz, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak gehienez ere zenbateko hori, 70.000 euro, hartuko du bere gain. Zenbatekoa behin betikoa da, eta ezingo da eguneratu, ez eta doitu ere. Hori horrela, Elkarte horrek ez du finantzatuko aurrekontu-desbideratzerik, klausula honetan adierazitako zenbatekoa handitzea dakarrenik.
Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren ekarpen ekonomiko hau bateragarria izango da beste edozein administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatuk –izan Estatukoa, izan Europar Batasunekoa edo izan nazioartekoa– eman litzakeen helburu bereko diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideekin, betiere, diruz lagundutako jardueren kostua gainditzen ez bada eta aldi berean jaso daitezkeen diru-laguntzen araudiak gaiari buruz ezar dezakeenaren kalterik gabe.
Geogarapen Elkartearen ekarpena.
Geogarapen Elkarteak jarduerak egiten lagunduko du langile prestatuak eta horiek egiteko behar den toki fisikoa emanez, bai eta azpiegitura ere.
Zazpigarrena.– Finantzatzeko tresna.
Hitzarmen honen xede diren jarduerak Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak finantzatuko ditu. Aurreko klausulan ezarritakoaren arabera, urteko diru-laguntza izendunen bidez egingo da, eta horiek aurrekontuan esleitu beharko dira aldez aurretik.
Zortzigarrena.– Publizitatea eta hedatzea.
Geogarapen Elkarteak Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak irudi korporatiboaren inguruan ezartzen dituen adierazpenak errespetatuko ditu.
Tresna honen bidez partzialki edo osorik finantzatuta eratzen dituen material guztietan eta Geogarapen Elkarteak egiten dituen ekitaldi eta jarduera guztietan logotipo propioak eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailarenak ageriko dira, Eusko Jaurlaritzaren Nortasun Korporatiboko Gidaliburuan xedatutakoari jarraikiz. (http://www.euskadi.net/contenidos/informacion/v2_simbolos/es_simboide/adjuntos/manual_id_corporativa.pdf), tamaina- eta adierazgarritasun-ezaugarri antzekoekin. Horrek ez du esan nahi beste erakunde edo instituzio kolaboratzaileen batzuen logoak ezin direnik ageri.
Eranskinean aurreikusitako jarduerak betetzen ez badira, edukiak ezingo dira argitaratu, ez osorik ez zati bat. Gainera, ezingo dira beste era batera erabili, eta ezingo da ekintzei buruzko adierazpen publikorik egin, jarraipen-batzordeak egiten ari diren ekintzak hedatzeko edo hirugarrenei informatzeko baimenik eman ez badu.
Jarduketen ondoriozko txostenak, datuak eta argitalpenak alde biek erabiliko dituzte eurek kudeatzen duten jardueraren oinarri gisa. Horrek ez du galaraziko horien titulartasuna Geogarapen Elkarteak izatea.
Bederatzigarrena.– Indarraldia.
Hitzarmen hau sinatzen den unetik 2020ko abenduaren 31ra egongo da indarrean. Hitzarmenaren sinatzaileek aho batez adostu ahal izango dute beste lau urteko luzapena ala hori amaitu baino lehen edozein momentutan iraungitzea, urriaren 1eko 40/2015 Legearekin bat etorriz. Berrituz gero, indarrean egongo da, baldin eta kreditu egoki eta nahikorik badago.
Hamargarrena.– Izaera eta interpretazioa.
Hitzarmen hau administrazio-hitzarmena da, eta administrazio-zuzenbidearen bidez interpretatu eta garatuko da.
Hitzarmen honen interpretazioak, aldaketek, ondorioek eta ebazpenak sor ditzaketen auzigaiak administrazioarekiko auzien jurisdikzioaren ardurapekoak izango dira, hamaikagarren eta hamabigarren klausuletan ezarritakoaren kalterik gabe.
Hamaikagarrena.– Ebazpena.
Alde sinatzaileetako edozeinek hitzarmena ez betetzea hitzarmena suntsiarazteko arrazoi izango da. Hitzarmena suntsiarazteko, beste aldeari gutxienez hilabete lehenago jakinarazi beharko zaio, idatziz.
Hitzarmen hau sinatzen duten aldeentzat hauek izango dira hitzarmena suntsiarazteko arrazoiak: hitzarmeneko klausulak eta hitzarmenaren izaeraren ondorioz indarrean dagoen legedian dagoen beste edozein klausula ez betetzea.
Nolanahi ere, aldeek konpromisoa hartzen dute hitzarmenaren salaketa jakinarazten duten unean hasita dauden ekintzak bukatzeko.
Hamabigarrena.– Aldaketak.
Hitzarmen honi edozein aldaketa egiteko, aurrena Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailari eta Geogarapen Elkarteari jakinarazi eta haiek oniritzia eman beharko diote eta, horrez gain, bi erakundeetako dagokien organoek onartu beharko dute.
Aldeek, ados daudela adierazteko, hitzarmen honen bi ale sinatu dituzte, goiburuan aipatutako leku eta datan.
HITZARMENAREN ERANSKINA
EAEKO 2020RAKO GEODIBERTSITATE ESTRATEGIARI DAGOKIONEZ EGIN BEHARREKO JARDUKETAK
EUSKADIKO 2030ERAKO BIODIBERTSITATEAREN ESTRATEGIA TESTUINGURUAN EGIN BEHARREKO JARDUKETAK