EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-04-03 Aldizkari honetan argitaratua: 2018063

72/2018 EBAZPENA, martxoaren 15ekoa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita argitara ematea Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoarekin sinatutako lankidetza-hitzarmen bat, Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoari ematen diona, salbuespenezko eta iraupen mugatuko izaeraz, langabezia-babesa agortzen duten pertsonen Prestakuntzazko Eguneratze Profesionalaren gaineko Programan jasotako laguntzak emateko eta ordaintzeko kudeaketa.

Xedapenaren zenbakia: 201800072
Xedapenaren data: 2018-03-15
Hurrenkenaren zenbakia: 201801712
Maila: Ebazpena
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak lankidetza-hitzarmen hori sinatu du; beraz, zabalkunde egokia izan dezan, honako hau
XEDATZEN DUT:
Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoarekin sinatutako lankidetza-hitzarmen bat, Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoari ematen diona, salbuespenezko eta iraupen mugatuko izaeraz, langabezia-babesa agortzen duten pertsonen Prestakuntzazko Eguneratze Profesionalaren gaineko Programan jasotako laguntzak emateko eta ordaintzeko kudeaketa. Eranskinean dago testua.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko martxoaren 15a.
Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,
JUAN ANTONIO ARIETA-ARAUNABEÑA IBARZABAL.
ESTATUKO ENPLEGU ZERBITZU PUBLIKOAREN ETA EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOAREN ARTEKO HITZARMENA, ESTATUKO ENPLEGU ZERBITZU PUBLIKOARI EMATEN DIONA, SALBUESPENEZKO ETA IRAUPEN MUGATUKO IZAERAZ, LANGABEZIA-BABESA AGORTZEN DUTEN PERTSONEN PRESTAKUNTZAZKO EGUNERATZE PROFESIONALAREN GAINEKO PROGRAMAN JASOTAKO LAGUNTZAK EMATEKO ETA ORDAINTZEKO KUDEAKETA
Vitoria-Gasteizen, 2018ko otsailaren 7an.
BILDU DIRA:
Alde batetik, Julio Ángel Martínez Meroño jauna, Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoko zuzendari nagusia, urtarrilaren 20ko 36/2017 Errege Dekretuaren bidez izendatua. Hitzarmen hau sinatzeko eskumena dauka Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 48.2 artikuluak ezarritakoari jarraituz eta Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren egitura organikoa eta erakundezko parte-hartzea onartzen duen abuztuaren 1eko 1383/2008 Errege Dekretuaren 6. artikuluarekin bat etorriz. Beste aldetik, Marcos Muro Nájera jauna, Enplegu eta Gazteriako sailburuordea. Gobernu Kontseiluaren 2018ko otsailaren 6ko Erabakiaren bidez dago gaituta egintza honetarako.
Aldeek, bakoitzak bere kargua baliatuz eta betetzen duten ordezkari-lana eginez, gaitasun juridiko nahikoa aitortzen diote batak besteari hitzarmen hau sinatzeko aipatutako ordezkaritzari dagokionez eta, helburu horrekin, hau
ADIERAZTEN DUTE:
Lehenengoa.– Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 48.1 artikuluak ezartzen du administrazio publikoek, haiei lotutako edo haien mendeko organismo publikoek eta zuzenbide publikoko entitateek eta unibertsitate publikoek, zeinek bere eskumenen barruan, hitzarmenak sinatu ahalko dituztela zuzenbide publikoko eta pribatuko subjektuekin, baina horrek ezin duela ekarri eskumenaren titulartasuna lagatzea.
Sektore Publikoko Kontratuen Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 14ko 3/2011 Legegintzako Errege Dekretuaren 4.1. c) artikuluak lege horren aplikazio-eremutik kanpo uzten ditu Estatuko Administrazio Orokorrak autonomia-erkidegoekin egindako lankidetza-hitzarmenak.
Ondorioz, Estatuko Administrazio Orokorra, Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren bidez –Enplegu eta Gizarte Segurantza Ministerioaren menpe dagoen erakunde autonomo bat da– eta Euskal Autonomia Erkidegoa, Enplegu eta Gazteria Sailburuordetzaren bidez, gaituta daude hitzarmen hau sinatzeko, eta hitzarmena sektore publikoko kontratuen legearen aplikazio-eremutik kanpo geratuko da, zalantzak argitzeko eta azal daitezkeen hutsuneak konpontzeko izan ezik, halakorik sortuz gero lege horretan bildutako printzipioak aplikatuko baitira.
Bigarrena.– Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoa (aurrerantzean, SEPE deituko diogu) Estatuko Administrazio Orokorreko erakunde autonomo bat da, eta, Enpleguaren Legearen testu bategina onartzen duen urriaren 23ko 3/2015 Legegintzako Errege Dekretuak ezarritakoaren arabera, bere ardura da lege horretan ezarritakoaren esparruan enplegu-politikaren programa eta neurriak xedatzea, garatzea eta haien jarraipena egitea.
Hirugarrena.– Azaroaren 5eko 1441/2010 Errege Dekretuaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatu zaizkio Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak lanaren, enpleguaren eta enplegurako lanbide-heziketaren esparruan lan-arloko legeria betearazteko burutzen zituen eginkizun eta zerbitzuak. Eskualdatze hori 2011ko urtarrilaren 1ean hasi zen ondorioak izaten.
Laugarrena.– Enplegu egonkorrerako trantsizioa sustatzeko eta langabeen lanbide-prestakuntza eguneratzeko premiazko neurriei buruzko otsailaren 11ko 1/2011 Errege Lege Dekretuak, egoerari lotuta, aldi baterako programa bat ezarri zuen, sei hilabetekoa, langabeziagatiko babesa agortua dutenentzat, enplegagarritasuna hobetzeko ekintzetan eta laguntza ekonomiko osagarria jasotzean oinarritzen dena.
Lan-merkatuaren egoera eta hartzaileen beharrak ikusita, hainbat luzapen egin zitzaizkion programari; azkenekoa Enplegua Aktibatzeko Programa luzatzen duen apirilaren 15eko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren azken xedapenaren bidez. Horrek aldatu egin zuen Langabezia-prestazioa agortzen zaien pertsonen lanbide-prestakuntza eguneratzeko programa luzatzen duen eta langabeen enplegurako eta babes sozialerako premiazko beste neurri batzuk ezartzen dituen urtarrilaren 25eko 1/2013 Errege Lege Dekretuaren bigarren xedapen gehigarria, eta programa sei hilero berez luzatzeko aukera eman zuen, dagokion luzapena hasi aurreko Biztanleria Aktiboaren Inkestaren arabera langabezia-tasa ehuneko 18 baino handiagoa denean, eta, betiere, luzatzen den aldi horren barruan abuztuaren 24ko 23/2012 Errege Lege Dekretuan ezarritako baldintzak betetzen badira.
Bosgarrena.– Eusko Jaurlaritzak urtarrilaren 25eko 1/2013 Errege Lege Dekretuaren aurka jarritako konstituzio-kontrakotasuneko errekurtsoari erantzunez Konstituzio Auzitegiak 2017ko uztailaren 20an emandako 100/2017 Epaiak ezarri du langabeziagatiko babesa agortu duten langabeentzako laguntza ekonomiko osagarria Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak kudeatzeak urratu egiten duela enplegu-gaietako eskumen-banaketaren konstituzio-ordena.
Seigarrena.– Beharrezkoa da programari jarraipena ematea, langabeziagatiko babesa agortzen zaion kolektiboari kalte egin diezaiokeen luzamendurik ez gertatzea eta autonomia-erkidegoek diru-laguntzak etengabe kudeatzea, haiek baitira laguntza horiek kudeatzeko eskumena dutenak. Horregatik, Enplegu eta Gizarte Gaietako Sektore Konferentziak, 2017ko irailaren 18an egindako bileran, aho batez erabaki zuen aldi batez Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoari ematea laguntza ekonomiko osagarria onartu, eman eta ordaintzeko eskudantzia. Egoera eta erabaki horrek, Enpleguaren Legearen testu bategina onartzen duen urriaren 23ko 3/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 18.h) 2 artikuluak ezarritakoaren arabera, ahalbidetzen du Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak jarraitzea aipatutako zereginak betetzen.
Zazpigarrena.– Urriaren 6ko 14/2017 Errege Lege Dekretuaren bidez, langabezia-babesa agortzen zaien pertsonen lanbide-prestakuntza eguneratzeko programa ohiz kanpo eta aldi jakin baterako berraktibatu da, eta SEPEri eman zaio programa hori kudeatzeko eskudantzia.
Zortzigarrena.– Gobernuaren asmoa da gaur egun langabeziagatiko babesaren osagarri diren programak berraztertzea, gizarte-elkarrizketaren esparruan eta autonomia-erkidegoen laguntzarekin, –Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bategina onartzen duen urriaren 30eko 8/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren III. tituluak arautzen du babes hori–, helburutzat hartuta programa horiek berrantolatzea, haien estaldura hobetzea, indarrean dagoen eskumen-esparrura oso-osorik egokitzea eta estatuak eta autonomia-erkidegoek kudeatzen dituzten programen bateraezintasunak desagerraraztea, betiere aipatutako elkarrizketa-prozesuan erabakitzen den baldintzetan.
Aurreko guztia kontuan hartuta, Estatuko Administrazio Orokorrak eta Euskal Autonomia Erkidegoak pentsatzen dute beharrezkoa dela langabezia-babesa agortzen zaien pertsonen lanbide-prestakuntza eguneratzeko programa ohiz kanpo eta aldi jakin baterako berraktibatzea eta Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoari ematea laguntza ekonomiko osagarriak esleitu eta ordaintzeko eskuduntza, salbuespenez eta denbora jakin baterako.
Planaren berraktibazioa justifikatuta dago, zalantzarik gabe beharrezkoa delako programaren hartzaile diren langabeen kolektibo hain kaltebera babesten jarraitzea, langabeak laneratzeko aukerak hobetzeko eta, era berean, langabeziagatiko babesa osatzeko, gaur egun dauden programak berraztertu eta berrantolatzen diren bitartean.
Bestalde, alde sinatzaileek uste dute laguntza ekonomiko osagarria eman eta ordaintzeko eskudantzia aldi baterako SEPEri ematea dela plan honen estaldura bermatzeko modu bakarra, langabeak laneratzeko aukerak hobetzeko gaur egun dauden programak berraztertu eta berrantolatzen diren bitartean eta Konstituzio Auzitegiak autonomia-erkidegoei aitortzen dizkien eskumenei kalterik egin gabe. Eskudantzia emate hori aldi baterako izango litzateke, eta arrazoi honengatik egingo litzateke: premiazkoa delako programaren jarraipena bermatzea eta langabeziagatiko babesa agortu duen kolektiboari kalte egin diezaiokeen luzamendurik ez gertatzea. Hori dena, urriaren 6ko 14/2017 Errege Lege Dekretuan ezarritako baldintzetan.
Aipatutako egoerek eta erabakiak, Enpleguaren Legearen testu bategina onartzen duen urriaren 23ko 3/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 18.h) 2. artikuluak ezarritakoaren arabera, ahalbidetzen diote Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoari laguntza ekonomiko osagarria onartu, eman eta ordaintzeko zereginak salbuespenez eta denbora-muga betekin kudeatzen jarraitzea.
Bederatzigarrena.– Hitzarmen hau urriaren 1eko 40/2015 Legearen 47.2.a) artikuluan ezarritako motakoa da: administrazio publiko biren edo gehiagoren artean sinatutako administrazio arteko hitzarmena, edo organismo publiko edo zuzenbide publikoko entitate biren edo gehiagoren artean sinatutakoa, eskumen propioak edo delegatuak baliatzeko.
Hamargarrena.– Betetzen dira aipatutako urriaren 1eko 40/2015 Legearen 50. artikuluak ezartzen dituen nahitaezko izapideak eta aplikatu beharreko gainontzeko arauak.
Adierazitako guztiagatik, aldeek hitzarmen hau sinatzea erabaki dute. Klausula hauek izango ditu hitzarmenak:
KLAUSULAK
Lehenengoa.– Hitzarmenaren helburua.
Hitzarmen honen helburua da Euskal Autonomia Erkidegoan bizita langabeziagatiko babesa agortzen zaien pertsonen lanbide-prestakuntza eguneratzeko programako laguntzak emateko eta ordaintzeko eskudantzia salbuespenez eta denbora-muga batekin Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoari ematea, hitzarmena indarrean jartzen denetik 2018ko apirilaren 30 arte.
Bigarrena.– Aldeen egitekoak.
1.– Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak salbuespenez egingo du Euskal Autonomia Erkidegoan bizita langabeziagatiko babesa agortzen zaien pertsonen lanbide-prestakuntza eguneratzeko programako laguntzak eman eta ordaintzearen kudeaketa, hitzarmena indarrean jartzen denetik 2018ko apirilaren 30 arte.
Langabezia Babesa Agortzen zaien Pertsonen Lanbide Prestakuntza Eguneratzeko Programa ohiz kanpo eta aldi jakin baterako berraktibatzea onartzen duen urriaren 6ko 14/2017 Errege Lege Dekretuak eta programa hori arautzen duten gainontzeko indarreko arauek ezarritakoarekin bat etorriz egingo du kudeaketa Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak.
2.– Euskal Autonomia Erkidegoak SEPEren kudeaketa erraztuko du, hitzarmen honetan adierazten den eran.
3.– Erabakitako jarduerak betetzen ez diren kasuetan, bosgarren klausulan ezarritakoa beteko da.
Hirugarrena.– Koordinazio eta Jarraipen Batzordea.
Hitzarmen honen betearazpenaren segimendua egiteko eta hitzarmena zaindu eta kontrolatzeko, hitzarmenaren Koordinazio eta Jarraipen Batzordea eratuko da. Batzorde hori paritarioa izango da eta sei pertsonek osatuko dute: alde bakoitzeko hiruk.
Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren aldetik, Enplegu Politika Aktiboen zuzendariordetza Nagusiko, Antolaketa eta Baliabideen zuzendariordetza Nagusiko eta Finantza Kudeaketako zuzendariordetza Nagusiko titularrak izango dira partaideak, edo haiek eskuordetutako pertsonak. SEPEren egitura organikoa aldatuz gero, zuzendari nagusiak izendatuko ditu hiru ordezkariak, erakundeko zuzendariorde nagusien artetik.
Euskal Autonomia Erkidegoaren aldetik, honako hauek izango dira partaideak: Enpleguko eta Gizarte Politiketako Saileko Zerbitzu Zuzendaritzako, Enplegu eta Gizarteratze Zuzendaritzako eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Zuzendaritzako titularrak, edo haiek eskuordetutako pertsonak.
Batzordearen funtzionamendu-araubideak oinarri hauek izango ditu:
– Batzordea hiru hiletik behin bilduko da gutxienez; bai eta edozein aldek eskatzen duen bakoitzean ere. Batzordeko kideek teknikariak eraman ahal izango dituzte bileretara, baina haiek ez dute izango ez hitz egiteko eta ez botoa emateko eskubiderik.
Batzordeak bi lekutan izango du egoitza: SEPEren zerbitzu zentraletan eta Eusko Jaurlaritzaren egoitzan, Lakua Ien.
– Batzordeburutza txandaka aldatuz joango da, eta lehenengo bileran Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoari tokatuko zaio batzordeburu-lanak egitea.
– Idazkaria Batzordeburutzak izendatzen duen enplegatu publikoa izango da, eta hark ez du ez hitz egiteko eta ez botoa emateko eskubiderik izango.
Koordinazio eta Jarraipen Batzordeak zeregin hauek izango ditu:
– Hitzarmenean aurreikusitako helburuen betearazpena bermatzea.
– Hitzarmenaren jarraipena eta ebaluazioa egitea.
– Administrazio sinatzaileen koordinazio egokia egitea.
– Sortzen diren interpretazio- eta betearazpen-arazoak konpontzea.
– Onuradunen informazioa eta programaren kudeaketari buruzko informazio ekonomikoa ematea Euskal Autonomia Erkidegoari, kontuan hartuta izaera pertsonaleko datuei buruzko arauak.
Atal honetan espresuki arautzen ez den guztian, urriaren 1eko 40/2015 Legearen eranskin bakarrean eta 15.etik 19.era arteko artikuluetan aurreikusten dena aplikatuko da.
Laugarrena.– Hitzarmenaren indarraldia.
Hitzarmen hau indarrean jarriko da urriaren 1eko 40/2015 Legearen zazpigarren xedapen gehigarrian aipatzen den estatuko sektore publikoko Lankidetza Organo eta Tresnen Estatuko Erregistro Elektronikoan inskribatzen denean eta aldi berean «Estatuko Aldizkari Ofizialean» eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denean; eta 2018ko apirilaren 30 arte egongo da indarrean.
Hortik aurrera, EAEk kudeatuko ditu programa horiek, eta 1441/2010 Errege Dekretua betez finantzatuko dira, indarrean dagoen eskumen-esparruaren arabera, Konstituzio Auzitegiaren jurisprudentzia berriarekin bat etorriz, langabeen babes-baldintzak hobetuz eta autonomia-erkidegoko eta estatuko programak osagarriak izatea ahalbidetuz, bai eta gizarte-elkarrizketaren eta autonomia-erkidegoekin hitz egiteko prozesuaren esparruan erabakitzen den eran ere.
Hitzarmen hau indarrean dagoen bitartean legeak hala aginduta bestelako eduki edo zehaztapenak dituen hitzarmen berri bat idatzi beharko balitz, hitzarmen hau azkendu egingo da itundutako iraunaldia kontuan hartu gabe, hitzarmen berria indarrean sartzen den unean bertan.
Langabezia babesa agortzen zaien pertsonen lanbide-prestakuntza eguneratzeko programa luzatzen bada, hitzarmen honek bere indarraldia galduko du.
Bosgarrena.– Hitzarmena azkentzeko arrazoiak.
1.– Hitzarmena azkendu egingo da bere helburua betetzeko jarduerak betez gero edo suntsiarazteko arrazoiren bat egonez gero.
2.– Hauek dira hitzarmena suntsiarazteko arrazoiak:
a) Hitzarmenaren indarraldia bukatzea.
b) Sinatzaile guztiek aho batez hala erabakitzea.
c) Sinatzaileren batek ez betetzea bere gain hartutako betebeharrak eta konpromisoak.
Horrelako kasuetan, edozein aldek jakinarazi ahal izango dio ez-betetzea egin duen aldeari errekerimendu bat, epe jakin batean bete ditzan bete gabetzat jotako betebehar edo konpromisoak. Errekerimendu hori Koordinazio eta Jarraipen Batzordeko buruari eta beste alde sinatzaileari jakinaraziko zaie.
Errekerimenduan adierazitako epea igarotakoan, ez-betetzeak jarraitzen badu, hura bidali zuen aldeak sinatzaileei jakinaraziko die hitzarmena suntsiarazteko arrazoi bat dagoela, eta, beraz, suntsitutzat joko da hitzarmena.
d) Hitzarmena deuseza dela adierazten duen erabaki judizial bat egotea.
e) Hitzarmenean edo legeetan aurreikusten den eta goian jaso ez den beste edozein arrazoi egotea.
Seigarrena.– Eduki ekonomikoa.
Hitzarmen honek ez dauka aldeen arteko kontraprestazio ekonomikorik.
Gasturik eragin gabe eta aldeen arteko diruzko kontraprestaziorik gabe egingo dira alde sinatzaileek hitzarmena gauzatzeko egiten dituzten jarduerak eta, bereziki, Euskal Autonomia Erkidegoan bizita langabeziagatiko babesa agortzen zaien pertsonen lanbide-prestakuntza eguneratzeko programan jasotako laguntzak eman eta ordaintzeko helburuz Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak egiten duen kudeaketa.
Zazpigarrena.– Jurisdikzioa.
Hitzarmen hau administrazio-hitzarmena da, eta, Sektore Publikoko Kontratuen Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 14ko 3/2011 Legegintzako Errege Dekretuaren 4.1.c) artikuluak ezarritakoaren arabera, arau horren aplikazio-eremutik kanpo dago. Hala ere, bertan bildutako printzipio eta irizpideak aplikatu ahal izango dira sortzen diren zalantzak eta hutsuneak argitzeko.
Eztabaidarik sortuz gero, aldeen arten konponduko dira, ados jarrita, laugarren klausulan aurreikusten den batzordean. Halakoren ezean, administrazioarekiko auzien ordenako jurisdikzio-organoek izango dute hitzarmen honen betearazpenak sor litzakeen gatazkak konpontzeko eskumena.
Eta aurreko guztiarekin ados daudela erakusteko, aldeek hitzarmen honen bi ale sinatzen dituzte, goiburuan adierazitako leku eta egunean.
Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoko zuzendari nagusia,
JULIO ÁNGEL MARTÍNEZ MEROÑO.
Enplegu eta Gazteriako sailburuordea,
MARCOS MURO NÁJERA.
HITZARMENAREN ERANSKINA
KOORDINAZIO ETA JARRAIPEN BATZORDEAREN FUNTZIONAMENDU-ARAUAK
A.– Batzordeburutza.
A.1.– Batzordeburutza txandaka aldatuz joango da. Lehenengo bileran, Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoko Enplegu Politika Aktiboen zuzendariorde nagusia izango da batzordeburua. Hurrengo bileretan, aldeen artean txandakatuz joango da kargua.
SEPEri tokatzen zaionean, Enplegu Politika Aktiboen zuzendariorde nagusia izango da batzordeburua.
Autonomia-erkidegoari tokatzen zaionean, berriz, Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailaren Enpleguko eta Gizarteratze zuzendaria izango da batzordeburua.
A.2.– Zeregin hauek izango ditu batzordeburuak:
a) Organoaren ordezkari izatea.
b) Ohiko eta ezohiko bilkuretarako deialdiak egiteko erabakiak hartzea eta gai-zerrendak zehaztea, gainerako kideek egindako eskaerak kontuan izanda, eskaera horiek behar adinako aurrerapenarekin egiten badituzte.
c) Bileretan buru izatea, eztabaidak bideratzea, eta eztabaida horiek etetea, bidezko arrazoirik badago.
d) Berdinketak bere botoarekin ebaztea, erabakiak hartzeko.
e) Legeak betetzen direla ziurtatzea.
f) Aktak eta organoaren erabakien egiaztagiriak ontzat ematea.
g) Organoko buru izateak berekin dakartzan beste zeregin guztiak.
Batzordeburuaren kargua hutsik dagoenean, batzordeburua falta denean, gaixo dagoenean edo bestelako legezko arrazoirik dagoenean, batzordeburutza tokatzen zaion alde sinatzaileak izendatzen duen pertsonak hartuko du haren lekua.
B.– Idazkaria.
Batzordeburutza bere gain duenak izendatuko du idazkaria.
Batzordeko kide izan gabe idazkari lanetan ari den pertsona batzordeko kide batek ordezten badu, azken horrek bere eskubide guztiei eutsiko die.
Idazkariari dagokio:
a) Bileretara joatea, hitz egiteko eskubidearekin eta botoa emateko eskubiderik gabe. Organoko idazkaria batzordeko kidea bada, orduan hitz egiteko eta botoa emateko eskubidea izango du.
b) Bilkuretarako deiak egitea batzordeburuaren aginduz, eta batzordeko kideentzako zitazioak egitea.
c) Batzordeko kideen komunikazioak jasotzea: jakinarazpenak, datu-eskaerak, zuzenketak edo berak ezagutu beharreko beste edozein motatako idazkiak.
d) Gai eta kontuen bidalketak prestatzea, eta bilkuretako aktak idatzi eta baimentzea.
e) Onartutako kontsulta, irizpen eta erabakien ziurtagiriak egitea.
f) Batzordearen jarduketen legezkotasun formala eta materiala zaintzea, haren jarduketak ziurtatzea eta eraketarako nahiz erabakiak hartzeko prozedura eta erregelak errespetatzen direla bermatzea.
g) Idazkari den aldetik dagozkion beste zeregin guztiak.
C.– Deialdiak eta bilkurak.
Batzordea eratzea, bileretarako deiak egitea, bilkurak egitea, erabakiak hartzea eta aktak bidaltzea modu presentzialean eta urrutitik egin ahal izango da.
Urrutitik egiten diren bilkuretan, batzordeko kideak toki desberdinetan egon daitezke, baldin eta bitarteko elektronikoz –telefonoak eta ikus-entzunezko bitartekoak erabiliz– honako hauek bermatzen badira: kideen identitatea edo haien ordezkoena; adierazpenen edukia; adierazpen horiek noiz egiten diren; kideen arteko interaktibitatea eta komunikazioa denbora errealean egitea, eta bilkuretan bitartekoak erabilgarri egotea. Bitarteko elektroniko hauek onartuko dira, besteak beste: posta elektronikoa, audiokonferentziak eta bideokonferentziak.
Organoa balio osoz eratzeko, hau da, bilkurak egiteko, eztabaidatzeko eta erabakiak hartzeko, batzordeburuak eta idazkariak bilkuran egon behar dute, modu presentzialean edo urrutitik, edo, bestela, haien ordezkoek egon beharko dute, bai eta gutxienez kideen erdiek ere.
Idazkaria eta batzordeko kide guztiak, edo haien ordezkoak, bilduta badaude, modu presentzialean zein urrutitik, balio osoz eratuta geratuko da batzordea, bilkurak egiteko, eztabaidak egiteko eta erabakiak hartzeko, aurretik deialdirik egin beharrik izan gabe, kide guztiek hala erabakitzen badute.
Ezinezkoa denean izan ezik, deialdiak bitarteko elektronikoz bidaliko zaizkie kideei, eta hau dena azalduko da deialdi horietan, gai-zerrendaz gain: eztabaidarako beharrezkoa den dokumentazioa, ahal denean; bilkura zer baldintzetan egingo den; konexio-sistema, eta, hala badagokio, bilerara joan eta bertan parte hartzeko bitarteko teknikoak erabilgarri dituzten lekuak.
Ezingo da eztabaidatu edo erabakirik hartu gai-zerrendan sartuta ez dauden gaiei buruz, salbu eta batzordeko kide guztiak bertan badaude eta gaia presakotzat jotzen bada gehiengoaren aldeko botoaz.
Erabakiak botoen gehiengoarekin hartuko dira. Urrutitik parte hartuz gero, ulertuko da batzordeak egoitza duen tokian hartu direla erabakiak, eta, halakorik ezean, batzordeburutza kokatuta dagoen tokian.
Organoko kideek aurkako botoa ematen badute edo abstenitu egiten badira, ez dute beren gain hartuko erabakietatik erator daitekeen erantzukizunik.
D.– Aktak.
Bilkura bakoitzeko akta egingo du idazkariak eta, bertan, honako hauek jasoko ditu nahitaez: bertaratutakoak, bilerako gai-zerrenda, bilera non egin den eta zenbat iraun duen, eztabaidetako argudio nagusiak eta hartutako erabakien edukiak.
Egiten diren bilkurak grabatu ahal izango dira. Grabaketaren fitxategia, idazkariak grabaketaren benetakotasuna eta osotasuna egiaztatzeko egiten duen ziurtagiria eta bilkuran erabiltzen diren euskarri elektronikoko dokumentu guztiak bilkurako aktari erantsi ahal izango zaizkie, eta kasu horretan ez da beharrezkoa izango eztabaiden puntu nagusiak aktan jasotzea.
Bilkura bakoitzaren akta bileran bertan onar daiteke, edo egiten den hurrengo bileran. Idazkariak egingo du akta, batzordeburuaren oniritziarekin, eta bitarteko elektronikoz helaraziko die batzordeko kideei. Akta onartzeko, kideek, bitarteko horiek berak erabiliz, testuarekiko adostasuna edo eragozpenak adierazi ahal izango dituzte, eta, adostasuna adieraziz gero, bilkuran bertan onartutzat joko da akta.
Egindako bilkurak grabatzea edo euskarri elektronikoko agiriak erabiltzea erabakiz gero, fitxategi elektronikoak benetakoak eta osoak direla bermatzeko moduan gorde beharko dira, bai eta batzordeko kideek eskuratzeko moduan ere.
Batzordeko kideek:
a) Bileren deialdiak, gai-zerrenda eta guzti, gutxienez bi egun lehenago jaso behar dituzte. Gai-zerrendan azaltzen diren gaiei buruzko informazioa epe berdinean egongo da kideek eskuratzeko moduan.
b) Bilkuretako eztabaidetan parte hartu behar dute.
c) Botoa emateko eskubideaz baliatu behar dute, boto partikularra eman behar dute eta botoaren esanahia eta arrazoiak azaldu behar dituzte.
d) Galdera eta eskaerak egin behar dituzte.
e) Esleitzen zaizkien eginkizunak betetzeko behar beste informazio eskuratu behar dute.
f) Kideei berez dagokien beste edozein eginkizun bete behar dute.
Kideek ezingo dituzte bere egin batzordeari aitortzen zaizkion ordezkaritza-zereginak, salbu eta batzordeak arauren baten edo balio osoz hartutako erabakiren baten bidez eskuduntza hori ematen badie kasu jakinen baterako.
Batzordeko titularrak ez badaude edo gaixo badaude eta, oro har, justifikatutako arrazoiren bat dagoenean, haien ordezkoek ordezkatuko dituzte, ordezkorik baldin badute.
Kideren batek eskatzen badu, aktan jasoko da erabaki denaren aurka eman duen botoa, abstentzioa eta bataren zein bestearen arrazoiak, edo erabaki denaren alde eman duen botoaren esanahia.
Era berean, edozein kidek eskubidea du bere esku-hartzea edo proposamena transkriba dadila eskatzeko, baldin eta aktari erantsitako grabaziorik ez dagoen kasuan une horretan bertan edo batzordeburuak adierazten duen epean aurkezten badu bere hitzekin guztiz bat datorren testua. Aktan horixe zehaztuko da eta idazkiaren kopia bat erantsiko da.
Gehiengoaren erabakiarekin bat ez datozen kideek boto partikularra eman ahal izango dute, idatziz, bi eguneko epean, eta boto hori erantsiko zaio onartutako testuari.
Aktak bilkura berean edo hurrengoan onartuko dira. Nolanahi ere, hartutako erabakien ziurtagiria egin ahal izango du idazkariak, akta geroago onartzen bada ere. Akta bilkuran bertan onartutzat joko da bileraren ondoren kideei banatzen zaienean eta kideek onartzen dutenean idazkariak adierazi eta jasota utzitako edozein bitartekoren bidez.
Akta onartu aurretik egiten diren ziurtagirietan, espresuki adierazi behar da akta onartu aurretik eginak direla.