EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-03-27 Aldizkari honetan argitaratua: 2018061

68/2018 EBAZPENA, martxoaren 9koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez argitaratzen baita Nekazaritza Bermatzeko Espainiako Funtsak, Itsas eta Arrantzako Europako Funtsaren (IAEF) ziurtapen-agintaritza den heinean, eta Euskal Autonomia Erkidegoak sinatutako hitzarmena; hitzarmen horren bidez agintzen zaio EAEri zenbait funtzio betetzeko, ziurtapeneko bitarteko organismoa delako.

Xedapenaren zenbakia: 201800068
Xedapenaren data: 2018-03-09
Hurrenkenaren zenbakia: 201801652
Maila: Ebazpena
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak aipatutako hitzarmena sinatu du, eta publikotasun egokia emateko, hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Nekazaritza Bermatzeko Espainiako Funtsak, Itsas eta Arrantzako Europako Funtsaren (IAEF) ziurtapen-agintaritza den heinean, eta Euskal Autonomia Erkidegoak sinatutako hitzarmena, EAEri agintzen diona zenbait funtzio kudeatzeko, ziurtapeneko bitarteko organismoa den heinean.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko martxoaren 9a.
Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,
JUAN ANTONIO ARIETA-ARAUNABEÑA IBARZABAL.
ERANSKINA, MARTXOAREN 9KO 68/2018 EBAZPENARENA
NEKAZARITZA BERMATZEKO ESPAINIAKO FUNTSA O.A.–K, ITSAS ETA ARRANTZAREN EUROPAKO FUNTSAREN (IAEF) ZIURTAPEN-AGINTARITZA GISA, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOARI, ZIURTAPENEKO BITARTEKO ORGANISMOARI, ZENBAIT FUNTZIO KUDEATZEKO AGINDUA EMATEKO HITZARMENA
Madrilen, 2017ko urriaren 2an.
BILDU DIRA:
Alde batetik, Miguel Ángel Riesgo Pablo jauna, Nekazaritza Bermatzeko Espainiako Funtsa OAko (aurrerantzean NBEF), zeina Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioaren mendeko erakunde autonomoa den, presidentea. Kargu horretarako izendatu zuten abenduaren 16ko 696/2016 Errege Dekretuaren bidez (BOE, 2016-12-17).
Parte hartu du NBEFen Estatutuaren (abenduaren 21eko 1441/2001 Errege Dekretuak onetsia) 4.2 artikuluak eman dizkion eskumenak betetzeko.
IAEFen ziurtapen-agintaritza (aurrerantzean, ZA) gisa aritu da NBEF.
Bestetik, María Aranzazu Tapia Otaegui andrea, Euskal Autonomia Erkidegoko (aurrerantzean, Autonomia Erkidegoa) Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburua. Kargu horretarako izendatu zuten azaroaren 26ko Lehendakariaren 27/2016 Dekretuaren bidez, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegiturako sailburua izendatzekoa. (2016ko azaroaren 28ko EHAA, 226. zenbakia).
IAEFen ziurtapeneko bitarteko organismo (aurrerantzean, ZBO) gisa aritu da Autonomia Erkidegoa.
Bi aldeek hitzarmen hau sinatzeko gaitasun nahikoa onartzen diote elkarri, eta, horretarako, hau
ADIERAZTEN DUTE:
I.– Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1303/2013 Erregelamenduak (EB), Eskualde Garapenerako Europako Funtsari, Europako Gizarte Funtsari, Kohesio Funtsari, Landa Garapenerako Nekazaritzako Europako Funtsari eta Itsas eta Arrantzako Europako Funtsari buruzko xedapen arruntak zein Eskualde Garapenerako Europako Funtsari, Europako Gizarte Funtsari, Kohesio Funtsari eta Itsas eta Arrantzako Europako Funtsari buruzko xedapen orokorrak ezartzen eta Kontseiluaren 1083/2006 Erregelamendua (EE) indargabetzen duenak, Batasunaren kide diren estatuek kudeaketa-, ziurtapen- eta ikuskapen-agintaritzak izendatzeko aukera jasotzen duela.
126. artikuluan ziurtapen-agintaritzaren funtzioak zehazten dira, eta, 123. artikuluko 6. zenbakian bitarteko organismo bat edo batzuk egokitzeko aukera jasotzen da, haren ardurapean, ziurtapen-agintaritzaren zereginak egin ditzaten. Ziurtapen-agintaritzaren eta bitarteko organismoen arteko akordio egokiak idatziz erregistratuko dira formalki.
II.– Europako Parlamentuaren eta Batzordearen 1303/2013 Erregelamendua (EB) aplikatzeko arau zehatzak ezartzen dituen 2014ko irailaren 22ko Batzordearen 1011/2014 Exekuzio Erregelamenduak (EB), Batzordeari informazio jakina aurkezteko ereduei zein onuradunen eta kudeaketa-agintaritzen, ziurtapen-agintaritzen, ikuskapen-agintaritzen eta bitarteko organismoen artean informazioa trukatzeko arau zehatzei dagokienez, ordainketa eskatzeko eredua ezartzen duela, bai eta, ziurtapeneko bitarteko organismoek prestatutako eta igorritako informazioaren arabera, ziurtapen-agintaritzak aurkeztu behar dituen kontuen eredua ere.
III.– NBEFen Estatutuaren 3.12 artikuluak, abenduaren 21eko 1441/2001 Errege Dekretuak onetsitakoak, organismoari ematen dizkiola «Arrantzaren Europako Funtsaren (AEF) baliabideen ziurtagiriak egiteko eta kontrolatzeko funtzioak, ziurtapen-agintaritza den heinean, bai eta arrantzaren sektorearen egitura hobetzeko Europar Batasuneko beste funts batzuenak ere». Horrez gain, Europar Batasunak IAEFen ziurtapen-agintaritza gisa aitortu duela 2014-2020 aldirako IAEFen Espainiarako Programa Operatiboaren 11.1 artikuluan; Europako Batzordeak onartu zuen 2015eko azaroaren 13an.
IV.– Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saileko Zerbitzu Zuzendaritza IAEFen ziurtapeneko bitarteko agintaritza gisa aitortu duela Europar Batasunak 2014-2020ko aldirako IAEFen Espainiarako Programa Operatiboaren 11.1 artikuluan; Europako Batzordeak onartu zuen 2015eko azaroaren 13an.
V.– Eraginkortasun- eta operatibitate-arrazoiak direla medio, ziurtapen-agintaritza denez gero NBEFi egokitutako zenbait funtzio Autonomia Erkidegoaren ziurtapeneko bitarteko organismoak, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren Zerbitzu Zuzendaritzak, egin behar dituela; eta, horregatik, kudeaketa-mandatu hau formalizatzeko proposamena egin du Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 11.3. b) artikuluaren babesarekin.
VI.– Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 141. artikuluak arautzen duela administrazio publikoen betebeharra, beren artean lankidetzan aritzekoa; eta horiei guztiei agintzen die, 1.d) zenbakian, nork bere eremuan laguntza emateko gainerako administrazioei, beren eskumenak betetzeko behar badute. Halaber, lege horren 11. artikuluaren lehenengo zenbakiak ezartzen du administrazio-organoen eskumeneko jarduera materialak edo teknikoak haren beste organo edo erakunde batzuei agindu ahalko zaizkiela, bai eta beste administrazio batekoei ere, eraginkortasun-arrazoiak direla medio. Bestalde, 3.b) apartatuan ezartzen du, kudeaketa-mandatua administrazio ezberdinetako organoen eta zuzenbide publikoko erakundeen artean egiten denean, hura formalizatuko dela beren arteko hitzarmena sinatuz.
Aurrekari horiekin bat eginez, alde biek kudeaketa-mandatuko hitzarmen hau sinatu dute, eta honako hauei helduko diete:
KLAUSULAK
Lehenengoa.– Hitzarmenaren helburua.
Hitzarmen honen helburua da NBEFen zereginak egiteko baldintzak ezartzea, hura ziurtapen-agintaritza den aldetik. Horiek Autonomia Erkidegoari egokitu zaizkio, ziurtapeneko bitarteko organoa den heinean; 2013ko abenduaren 17ko Europako Parlamentuaren eta Batzordearen 1303/2013 Erregelamenduaren (EB) 123.6 artikuluan aurreikusitako ezaugarriei jarraikiz.
Zeregin horietatik at utzi dira berariaz aipatutako Erregelamenduaren 126. artikuluaren a) eta b) letretan jasotakoak. Autonomia Erkidegoa lankidetzan arituko da ziurtapen-agintaritzarekin horiek egoki egikaritzeko.
Bigarrena.– Ziurtapen-agintaritzaren betebeharrak.
Ziurtapen-agintaritzak honako hauek egingo ditu:
1.– Ziurtapeneko bitarteko organismoak aurkeztutako ordainketa-ziurtagirietatik eta -eskaeretatik abiatuta, kontabilitate-ekitaldian zehar IAEFen finantzazioari atxiki ahal zaizkion bitarteko ordainketa-eskaerak prestatu eta Europako Batzordeari helaraziko dizkio aldizka. Aurreko kontabilitate-ekitaldia amaitu denean, azken bitarteko ordainketa-eskaera aurkeztuko da, beranduenez, urte bakoitzeko uztailaren 31n.
Halaber, kontabilitate-ekitaldian izandako gastuen kontuak egingo ditu urtero. Prozesu horretan, Batzordeari aurkeztu beharreko kontuak egokitu ahal izango dira ikuskapen-agintaritzak edo haren ardurapean egindako kontu-ikuskapenen emaitzen arabera, aztertutako ekitaldiaren gastuari dagokionez, hondar-gastuaren % 2ko edo gutxiagoko indizea bermatzeko eta ezer gordetzen ez duen ikuskapen-irizpen bat lortzeko.
2.– Bere prozedurekin bat eginez, bitarteko ordainketa-eskaerari buruz jaso duen informazioak gastuen ziurtagiria egiteko oinarri egokia osatzen duela ziurtatuko du, Europako Parlamentuaren eta Batzordearen 2013ko abenduaren 17ko 1303/2013 Erregelamenduaren (EB) 126. artikuluak ezartzen duen moduan.
3.– Ziurtapeneko bitarteko organismoari ziurtagiria jaso duen gastuaren eta Europako Batzordeari aurkeztu zaion egunaren berri emango dio, bai eta igorritako ordainketa-ziurtagirien eta -eskaeren inguruan Europako Batzordeak adierazitako intzidentzien berri ere.
4.– Kontuan gehitu behar diren erretiratutako, berreskuratutako, oraindik berreskuratu behar diren edo berreskuraezintzat jo diren zenbatekoei dagokienez, Europako Batzordeari ziurtapeneko bitarteko organismoaren aldetik aurrez jasotako informazioa helaraziko zaio, nazio-mailan egiaztatu eta finkatu ondoren.
Hirugarrena.– Ziurtapeneko bitarteko organismoaren betebeharrak.
1.– Ziurtapen-prozedura.
Ziurtapeneko bitarteko organismoak honako hauek egingo ditu:
1.1.– Hau ziurtatuko du:
a) Ziurtapen-agintaritzari igorritako bitarteko ordainketa-eskaeren proposamenak kontabilitate-sistema fidagarrien emaitzak direla, eta egiazta daitezkeen eta bitarteko kudeaketa-organismoak egiaztatu dituen justifikazio-dokumentuetan oinarritzen direla. Kudeaketa-organismo hori da Autonomia Erkidegoko unitatea, kudeaketa-agintaritzak Europako Parlamentuaren eta Batzordearen 2013ko abenduaren 17ko 1303/2013 Erregelamenduaren (EB) 125. artikuluan zehaztutako funtzioak eskuordetzan jaso dituena, haren ardurapean eta 123. artikuluaren 6. zenbakiarekin bat eginez.
b) Deklaratutako gastuak arlo horretako xedapen nazionaletara eta Europar Batasunekoetara egokitu direla, Espainiarako Programa Operatiboari aplikatu ahal zaizkion irizpideei jarraikiz finantzazioa jasotzeko hautatu diren operazioekin lotuta, arau nazionalak eta Europar Batasunekoak betetzeko. ZBOk bitarteko ordainketa-eskaeren txosten bat egingo du, deklaratutako gastuen osotasuna, zehaztasuna eta egiazkotasuna ziurtatzeko.
1.2.– Bitarteko ordainketa-eskaeren proposamena aurkeztuko dio ziurtapeneko agintaritzari, eskumena duen agintaritzak (hori da bitarteko organismoaren arduradun gorena) sinatuta. Horretarako, Batzordearen irailaren 22ko 1011/2014 Erregelamenduaren (EB) VI. eranskineko ereduari jarraituko zaio, eta aurkezpena NBEFen 7/2016 Jarraibide Orokorrean eta programa operatiboa garatu bitartean beharbada izan dituen aldaketetan ezarritako epeen barruan egingo da.
2.– Ziurtapen-baldintzak.
Ziurtapeneko bitarteko organismoak, gastuen ziurtagiria egiteko, kontuan hartuko ditu honako hauek:
2.1.– Eragiketa bakoitzaren kontabilitateko erregistroen erregistro- eta biltegiratze-sistema informatizatuak izango ditu, ordainketa-eskaeren proposamena eta kontuak egiteko behar diren datuak jasoko dituena, bereziki, berreskura daitezkeen zenbatekoen, berreskuratutako zenbatekoen eta eragiketa bat osorik edo haren zati bat indargabetu eta gero erretiratutako zenbatekoen erregistroak.
2.2.– Ordainketa-eskaeren proposamenak eratze eta igortze aldera, ziurtatuko du bitarteko kudeaketa-organismoak behar bezala jakitera eman dizkiola gastuarekin lotuta egindako prozedurak eta egiaztapenak.
2.3.– Ordainketa-eskaeren proposamenak eratzean eta ziurtapeneko agintaritzari igortzean, aintzat hartuko ditu ikuskapen-agintaritzak egindako kontu-ikuskapenen emaitzak edo haren ardurapean egindakoak, eta, kontrol horien emaitzak aldekoak ez badira, dagokion moduan jardungo du.
2.4.– Deklaratutako eta ziurtapeneko agintaritzari igorritako gastuen eta onuradunei ordaindutako kontribuzio publikoaren kontabilitateko erregistroak egingo ditu euskarri elektronikoan.
2.5.– Berreskura daitezkeen zenbatekoen eta erretiratutakoen kontu bat izango du, operazio baten kontribuzio osoa edo haren zati bat deuseztatu eta gero. Informazio hori eman beharko zaio ziurtapeneko agintaritzari, Batzordearen 1011/2014 Erregelamenduaren (EB) VII. eranskinean jasotako ereduari jarraikiz. Honako zehaztapen hauek jasotzen ditu:
a) Kontabilitate-ekitaldian zehar erretiratutako eta berreskuratutako zenbatekoak.
b) Kontabilitateko ekitaldia amaitu baino lehen berreskuratu beharreko zenbatekoak.
c) Ekitaldian zehar 1303/2013 Erregelamenduaren (EB) 71. artikuluari jarraikiz berreskuratu diren zenbatekoak.
d) Ekitaldiaren amaieran berreskuraezinak diren zenbatekoak.
3.– IAEFen aplikazioa.
Nekazaritza eta Arrantza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioaren Arrantzako Idazkaritza Nagusiak emandako APLIIAEF aplikazio informatikoaren bidez, bere zereginak betetzeko ziurtapen-agintaritzak ziurtapeneko bitarteko organismoari eskatutako informazioa gordeko da. Gainera, komunikazioa trukatzeko beste bide batzuk ezarri ahal izango dira.
Laugarrena.– Ziurtapeneko bitarteko organismoen jarduketak egiaztatzea.
NBEF, ziurtapeneko agintaritza den heinean, ziurtapeneko bitarteko organismoak egindako ziurtagirien arduradun nagusia izango da, eta ziurtagiri horien fede eman eta egiaztatuko du organismo horrek funtzioak betetzen dituela Europar Batasuneko eta nazio-mailako aplikazioko araudiari jarraikiz. Xede horrekin, ziurtapen-agintaritzak kontroleko urteko plana egingo du. Ziurtapeneko bitarteko organismoak laguntza emango dio kudeaketa-mandatuaren kalitate-kontrola egoki betetzeko, eta ziurtapen-agintaritzak egindako gomendioak ezarriko ditu.
Bosgarrena.– Finantzazioa eta erantzunkidetasun finantzarioa.
Hitzarmen honetan aurreikusitako jarduketek ez dute kosturik eragingo, ez eta alderdi sinatzaileen arteko kontraprestazio finantzariorik ere. Horrek, bestalde, ez dio eragingo beren kudeaketaren ondoriozko jarduketek ekarri ahalko liokeen erantzukizunari, ez eta zuzenketa finantzarioak eragingo lituzketen Europar Batasuneko araudiaren ez-betetzeei ere. Aipatutako zuzenketa horietarako, aplikatzekoa izango da Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra.
Seigarrena.– Ez-betetzeak dakartzan ondorioak eta jarraipenerako, zaintzarako eta kontrolerako mekanismoak.
Alde sinatzaileek bere gain hartu dituzten betebeharrak eta konpromisoak betetzen ez badituzte, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 51.2.c) artikuluan ezarritakoarekin bat eginez, alde bietako edozeinek aukera izango du hitzarmena hautsi duen aldeari errekerimendu bat egiteko, epe jakin batean ustez hautsi dituen betebeharrak edo konpromisoak bete ditzan. Errekerimenduaren berri eman beharko dio beste aldeari.
Jarraipen Batzordeari ere jakinaraziko zaio errekerimenduaren berri. Batzorde hori, bestalde, hitzarmen hau zaintzeko eta gauzatzen dela kontrolatzeko zein haren interpretazioaren eta betetzearen inguruan sor daitezkeen arazoak konpontzeko 40/2015 Legearen 49.f) artikuluan jasotakoaren arabera osatu da. Alde bakoitzeko bi kidek osatuko dute jarraipen-batzordea.
Errekerimenduan adierazitako epea igaro ondoren ez-betetzeak bere horretan jarraitzen badu, hura bideratu zuen aldeak beste alde sinatzaileari jakinaraziko dio hitzarmena baliorik gabe uzteko arrazoi bat dagoela, eta hitzarmena indargabetutzat joko da.
Edonola ere, jarraipen-batzordearen bitartez, aldeek behar diren neurriak hartuko dituzte abian diren prozedurak amaitzen direla ziurtatzeko.
Zazpigarrena.– Hitzarmenaren iraupena.
1.– Mandatu-hitzarmen honek ondoreak izango ditu sinatzen denetik 2020ko abenduaren 31ra arte.
2.– Aurreko epea amaitu aurretik, aldeek edozein unetan adostu ahal izango dute beste hiru urte luzatzea, 2014-2020 aldirako IAEFen Espainiarako programa operatiboaren indarraldian zehar.
3.– Nolanahi ere, hitzarmenaren iraupena guztira, luzapenak kontuan hartuta, zazpi urte izango da.
Zortzigarrena.– Aldatzea.
Mandatu-hitzarmeneko baldintzak aldatzeko aukera izango dute aldeek ados egonez gero, hitzarmena formalizatzeko erabilitako prozedura beraren bidez.
Bederatzigarrena.– Lege-araubidea.
Kudeaketa-mandatu honen hitzarmena formalizatuko da Sektore Publikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen atariko tituluaren 11. artikuluan eta VI. kapituluan xedatutakoari jarraikiz. Hitzarmen administratiboa da, eta salbuetsita dago azaroaren 14ko 3/2011 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Sektore Publikoko Kontratuen Legearen testu bateginaren aplikazio-esparrutik, haren 4.1.c) artikuluan ezarritakoarekin bat eginez. Horrek ez du esan nahi lege horretako printzipioak eta irizpideak aplikatuko ez direnik sortzen diren zalantzak eta hutsuneak ebazteko.
Jarraipen-batzordeak ebatzi ez dituen auzigaiak administrazioarekiko auzien jurisdikzioaren eraginpean jarriko dira administrazio-bidea agortu eta gero.
Aipatutakoarekin ados daudela adierazteko, hitzarmen honen bi ale sinatzen dituzte.
Nekazaritza Bermatzeko Espainiako Funtsa O.A.–ren aldetik.
Presidenteak,
MIGUEL ÁNGEL RIESGO PABLO.
Euskal Autonomia Erkidegoaren aldetik.
Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua,
MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.