EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-03-23 Aldizkari honetan argitaratua: 2018059

ERABAKIA, Herri-Kontuen Euskal Epaitegiaren Osokoak 2018ko urtarrilaren 25eko bilkuran hartua Ihobe-Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoa, SAri buruzko fiskalizazio txostena, 2016koa, behin-betiko onesten duena.

Xedapenaren data: 2018-01-25
Hurrenkenaren zenbakia: 201801596
Maila: Akordioa
Herri-Kontuen Euskal Epaitegiaren Osokoak 2018ko urtarrilaren 25ean egindako bilkuran
ERABAKI DU:
Ihobe-Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoa, SAri buruzko fiskalizazio txostena 2016koa, behin-betiko onestea. Erabaki honen eranskin modura ageri da.
HKEEren 1/1988 Legearen 13.2 artikuluak aurreikusten duena betez, txostenaren ondorioak dagozkion aldizkari ofizialetan argitaratzeko xedatzea.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko urtarrilaren 25a.
HKEEren lehendakaria,
JOSÉ LUIS BILBAO EGUREN.
HKEEren idazkari nagusia,
JULIO ARTETXE BARKIN.
ERANSKINA
IHOBE – INGURUMEN JARDUKETARAKO SOZIETATE PUBLIKOA SARI BURUZKO FISKALIZAZIO TXOSTENA 2016
Laburdurak
EAE: Euskal Autonomia Erkidegoa.
EAE: Euskal Autonomia Erkidegoa.
EJ: Eusko Jaurlaritza.
Ihobe: Ingurumenaren Kudeaketarako Sozietate Publikoa, Ihobe, SA.
I.– Sarrera.
Herri-Kontuen Euskal Epaitegiak (aurrerantzean Epaitegia) otsailaren 5eko 1/1988 Legean eta Epaitegiaren Osoko bilkurak onartutako Lanerako Planean jasotakoari jarraikiz, Ingurumenaren Kudeaketarako Sozietate Publikoa, Ihobe, SAren 2016ko Urteko Kontuak fiskalizatu ditu.
Fiskalizazioak honako alderdi hauek besarkatzen ditu:
– Legezkoak: aurrekontu, diru-sarrera, langileria, diru-laguntzen emakida eta ondasun eta zerbitzu kontratuetan ezargarria den arautegia bete dela egiaztatzea.
– Kontularitzakoak: urteko kontuak ezargarri zaizkion kontularitzako printzipioekin bat datozela egiaztatzea. Ihobe auditatua izan da; honenbestez, gure lana auditoreen lan paperak berrikustera mugatu da eta hala behar izan denean, egoki iritzitako proba osagarriak egin ditugu.
– Lanaren zabalak ez du gastuaren eraginkortasun eta efizientziari buruzko azterlanik besarkatzen. Nolanahi dela ere, azaleratutako hutsak «Barne kontrolerako sistemari eta kudeaketa prozedurei buruzko irizpenak» idazpuruan xehetasunez jaso ditugu.
Fiskalizazio lana sektore publikoari ezargarriak zaizkion auditoriako printzipio eta arauen arabera gauzatu da eta kasu bakoitzean beharrezko iritzitako hautazko probak, prozeduren azterketa eta auditorian ohiko diren gainerako teknikak baliatu dira txostenean jasotako iritzia defendatzeko, baita kanpoko auditoreek egindako urteko kontuen auditoria euskarritzen duten lan paperen azterketa ere.
Ihoberen akzio guztiak EAEren Administrazio Orokorraren jabetzakoak dira eta honenbestez, sozietate publiko izaera du. Sozietatearen helburua honakoa da:
– Ingurumen gaietan eskumena duen Sailaren aginpideei jarraikiz, EAEn egungo eta etorkizuneko ingurumen politika garatzen eta iraunkortasunaren kultura hedatzen laguntzea, batik bat klima-aldaketa, biodibertsitate, lurraren eta airearen kalitate, hondakin, ekoizpen eta kontsumo iraunkor eta hiriko ingurumen gaietan.
– Ingurumen gaietan eskumena duen sailari babesa eman ingurumen politikak diseinatu eta finkatzeko; baita, ingurumena kudeatu, kontrolatu eta berreskuratzeko gaietan gauzatu beharreko ekintzetan ere.
– EAEn ingurumenaren ezagutza sortu eta hedatu eta eko-berrikuntza sustatu.
– EAEren esparruan erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen irailaren 29ko 259/1998 Dekretuaren 21.2 artikuluak aurreikusten dituen egitekoak egikaritu.
– Ingurumen gaietan eskumena duen Sailaren erakunde laguntzaile den aldetik, Sailak ematen dituen diru-laguntzak kudeatu, indarreko araudia betez.
– EAEn ingurumena babestu eta hobetzearekin zerikusirik duen bestelako zeinahi ekintza gauzatu.
II.– Iritzia.
II.1.– Legea betetzeari buruzko iritzia.
1.– Zuzendari nagusia 2016ko abenduaren 22an kargugabetu zen eta aurre-abisurik eman ez zitzaiolako 17.445 euroren kalte-ordaina jaso du. Kopuru hau abuztuaren 1eko 1382/1985 Errege Dekretuan goi zuzendaritzako kontratuentzat izaera orokorrarekin finkatutako aurre-abisurako (3 hilabete) gutxieneko epeari dagokio, goi zuzendaritzako langileen izaera bereziko lan-harremana arautzen duena; ordea, uztailaren 6ko 3/2012 Legeak, lan merkatuaren erreformarako presako neurriei buruzkoak, 2016an indarrean zegoenak, sektore publikoko goi zuzendaritzako kontratuentzat 15 eguneko aurre-abisu epea bereizten du eta horren arabera, kalte-ordaina 2.907 eurorena zatekeen.
Epaitegi honen ustetan, aurreko paragrafoan aipatutako lege haustea alde batera, Ihobek zuzentasunez bete du 2016ko ekitaldian ekonomia-finantzaren jarduera arautzen duen lege arautegia.
II.2.– Urteko kontuei buruzko iritzia.
Epaitegi honen iritzira, Ihoberen 2016ko ekitaldiko Urteko Kontuek alderdi esanguratsu guztietan 2016ko abenduaren 31n ondarearen eta finantza egoeraren isla zuzena erakusten dute; baita, data horretan amaitutako urteko ekitaldiari dagozkion bere eragiketen eta eskudiruzko fluxuen emaitzena ere, ezargarria den finantza informazioaren arau-esparruaren arabera eta, zehazki, bertan jasotako kontularitzako printzipio eta irizpideen arabera.
III.– Barne kontrolerako sistemei eta kudeaketa prozedurei buruzko irizpenak.
Atal honetan ekonomia-finantza jarduera arautzen duten printzipioak gehiegi eragiten ez dituzten akatsak ez ezik, kudeaketa hobetzeko azpimarratu nahi diren prozedurazko alderdiak ere azaleratu dira.
– 2016an Ihobek aldi baterako lan kontratu bidez pertsona bat kontratatu du, zeinak 2011n lanbide-praktiken programa batean parte hartu zuen eta orduz geroztik aldian behin kontratatzen dena. Komenigarria litzateke Ihobek lan-poltsa propioak deitzea lan-beharrizanei aurre egiteko.
IV.– Urteko Kontuak.
A.– Egoeraren Balantzeak 2016 eta 2015eko abenduaren 31n.
B.– 2016 eta 2015eko ekitaldietako Galera-Irabazien Kontuak.
C.– 2016 eta 2015eko ekitaldietako Ondare Garbian Aldaketen Egoera.
D.– 2016 eta 2015eko ekitaldietako Eskudiruzko Fluxuen Egoerak.