EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-03-22 Aldizkari honetan argitaratua: 2017058

EBAZPENA, 2017ko abenduaren 29koa, Etxebizitzako sailburuordearena, zeinaren bidez ebazten baita etxebizitzak eta eraikinak era efizientean birgaitzeko Renove Programaren 2017ko deialdia, Euskal Autonomia Erkidegoko ondare eraikian esku hartzeko proiektuak egiteko eta horien ondoriozko obrak gauzatzeko dena.

Xedapenaren data: 2017-12-29
Hurrenkenaren zenbakia: 201801561
Maila: Ebazpena

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2016/12/30rean argitaratutako 2016/12/28ko AGINDUA [201605624]

Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuaren 2016ko abenduaren 28ko Aginduaren bidez, etxebizitzak eta eraikinak era efizientean birgaitzeko Renove Programaren 2017ko deialdia egin eta arautzen da, Euskal Autonomia Erkidegoko ondare eraikian esku hartzeko proiektuak egiteko eta horien ondoriozko obrak gauzatzeko. Aipatutako agindu hori 2016ko abenduaren 30eko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zen (248. zk.).
Programa honetako laguntzak, energia-eraginkortasunari lotuak, Eusko Jaurlaritzak eta Europar Batasunak (EGEF Eskualde Garapeneko Europako Funtsaren bidez) finantzatzen dituzte % 50ean, Euskadiko 2014-2020 EGEF Programa Operatiboaren barnean eta, zehatzago, sektore guztiak karbono baxuko ekonomiara igaro daitezela errazteko helburuaren barnean.
EGEF funtsekin ere finantzatuta dagoenez, emakida-jakinarazpena da 1303/2013 Erregelamenduaren (EB) 125.3.c) artikuluak eskatutako Laguntzaren Baldintzak ezartzen dituen Agiria. Horrenbestez, ebazpen honetan, 2016ko abenduaren 28ko Aginduan jasotako alderdiez gain, finantzaketa bateratu horren ondoriozko alderdi espezifikoak ere jaso beharko dira.
2016ko abenduaren 28ko Aginduaren 7. artikuluak ezartzen duenez, balioespen-batzorde bat egin behar da aurkeztutako eskabideak aztertu eta ebaluatzeko. Batzorde hori Etxebizitzako zuzendariak, Proiektu, Obra eta Ikuskapeneko zerbitzuburuak eta Etxebizitza Zuzendaritzako teknikari batek osatuko dute.
Etxebizitzako sailburuordearen 2017ko urriaren 6ko Ebazpenaren bidez izendatu zen Etxebizitza eta Arkitekturako Zuzendaritzako Proiektu, Obra eta Ikuskapeneko zerbitzuburuaren ordezko gisa arituko den pertsona, bai eta idazkari gisa arituko den Etxebizitza eta Arkitekturako Zuzendaritzako teknikaria ere. Ebazpen hori prozedurako interesdun guztiei jakinarazi zitzaien.
2016ko abenduaren 28ko Aginduak ezartzen duenez, balioespen-batzorde horrek, arauan zehaztutako esleipen-irizpideak oinarri hartuta, dagokion proposamena helaraziko dio Etxebizitzako sailburuordeari.
Ikusi da Balioespen Batzordeak aurkeztutako akta, eta aintzat hartu da Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuaren 2016ko abenduaren 28ko Agindua, zeinaren bidez egiten eta arautzen baita etxebizitzak eta eraikinak era efizientean birgaitzeko Renove Programaren 2017rako laguntzen deialdia, Euskal Autonomia Erkidegoko ondare eraikian esku hartzeko proiektuak egiteko eta haien ondoriozko obrak gauzatzeko dena. Gauzak horrela, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Onestea Donostiako Pio Baroja 8 helbideko jabekide-erkidegoko ordezkariak eginiko eskabidea atzera botatzea, eta beren eskabidean atzera botatzat jotzea ebazpen honen III. eranskinean jasota dauden jabekide-erkidegoak, eskatutako dokumentazioa zuzendu edo aurkeztu ez dutelako.
Bigarrena.– Diru-laguntzak ematea ebazpen honen I. eranskinean zehaztuta dauden jabekide-erkidegoei, bertan jasota dauden proiektuetarako eta bertan zehaztutako zenbatekoan eta urteko kuotekin.
Laguntzen xede diren jarduketek amaituta egon beharko dute 2020ko uztailaren 31 baino lehen, eta, hori egiaztatzeko, obren harrera-akta edo amaitu izanaren ziurtagiria aurkeztu beharko dute. Erakunde onuradunaren asmoaz haragoko kausak gertatzen direnean eta kausa horiek behar bezala justifikatzen badira, erakundeak epea luzatzeko eska dezake, gauzatze-epea amaitu baino lehen. Epea ez da onuradunak justifikatutako atzerapenaren aldia baino gehiago luzatuko eta ez da 2020ko abenduaren 30a baino beranduago bukatuko. Gainera, Etxebizitzako sailburuordearen ebazpen bidez onetsi beharko da.
Hirugarrena.– Eskatutako diru-laguntzen emakida ukatzea ebazpen honen II. eranskinean identifikatutako jabekide-erkidegoei. II. eranskin horretan zehaztuta daude ukatzeko arrazoiak.
Laugarrena.– Ebazpen honetan adierazi gabe dauden alderdi guztietarako, onuradunek laguntzak arautzen dituen 2016ko abenduaren 28ko Aginduan xedatutakoari eta, zehazki, bertako 11. artikuluan (Onuradunen betebeharrak) jasotakoari jarraitu behar diote.
Bat etorriz 11. artikulu horretako 2.b) atalean xedatutakoarekin, Etxebizitza Zuzendaritzak proiektua onestea beharrezko eta ezinbesteko baldintza izango da obren lizitazioa egin baino lehen eta obrak hasi aurretik. Onespen hori emateko, lehenengo egiaztatuko du agiria bat datorrela 2016ko abenduaren 28ko Aginduaren helburuekin eta bete egiten duela Eraikuntzarako Kode Teknikoa, sutea fatxadatik bertikalki zabaltzeko arriskua mugatzeko neurriak barne.
Bosgarrena.– Onuradunek idatziz eginiko kontratuak eduki beharko dituzte laguntzaren xede diren jarduketak gauzatzeko. Kontratu horiek egiteko baimena eman beharko du aldez aurretik laguntzak kudeatzen dituen organoak.
Onuradunek ezin dute inola ere diruz lagundutako jarduerak osorik edo partzialki gauzatzeko hitzarmenik egin honako hauekin:
a) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan zehaztutako debekuetako bat duten pertsona edo erakundeekin.
b) Kontratuaren xede den jarduera egiteko beste diru-laguntza batzuk jaso dituzten pertsona edo erakundeekin.
c) Bitartekari edo aholkulariekin, horiei ordaindu beharrekoak eragiketaren kostu totalaren ehuneko jakin gisa definitzen badira; non eta ordainketa hori ez dagoen justifikatuta egindako lanak edo emandako zerbitzuak merkatuan daukan balioarengatik.
d) Onuradunarekin loturaren bat daukaten pertsona fisikoekin edo juridikoekin, inguruabar hauek gertatzen direnean izan ezik:
1.– Erakunde emailearen berariazko baimena aldez aurretik lortzea.
2.– Diruz laguntzeko zenbatekoa ez izatea lotutako erakundeak izandako gastua baino handiagoa. Kostua egiaztatzeko, onuradunaren gastuak egiaztatzeko ezarritako baldintza berberak jarraitu beharko dira.
e) Deialdi edo programa berean laguntza eskatu, baina betekizunak betetzen ez dituztelako edo beharrezko balioespena lortu ez dutelako laguntzarik gabe geratu diren pertsonekin edo erakundeekin.
Seigarrena.– Diru-laguntzen programa hau honela sartzen da Euskadiko 2014-2020 EGEF Programa Operatiboan:
– Helburu tematikoa: 4HT. - Sektore guztiak karbono baxuko ekonomiara igaro daitezela erraztea.
Inbertsio-lehentasuna: 4.c IL - Azpiegitura publikoetan (eraikin publikoak barne) eta etxebizitzetan energia berriztagarrien erabilera, energiaren kudeaketa adimenduna eta eraginkortasun energetikoa sustatzea.
– Helburu espezifikoa: 4.c.1 HE - Eraikuntzan eta azpiegitura nahiz zerbitzu publikoetan energiaren eraginkortasuna hobetzea eta CO
– Esku-hartzearen kategoria: 014 – Egungo erakinen energia-efizientzia berritzea, erakusketa-proiektuak eta laguntzeko neurriak.
– Ibilbide finantzarioa duen erakundea: Eusko Jaurlaritza.
Zazpigarrena.– EGEFren Programa Operatiboaren baterako finantzaketaren ondorioz, honako betebehar hauek bete beharko dira, gutxienez:
– Kontrol, erantzukizun, zehapen-araubide eta ez-betetzeei dagokienez, onuradunak legedi nazional eta komunitarioa bete beharra dauka. Horrez gain, diru-laguntzei buruzko arau nazionalak eta komunitarioak bete beharko ditu.
– Diruz lagundutako obretan argitaratu beharko da Euskadiko 2014-2020 EGEF Programa Operatiboaren esparruko baterako finantzaketa jasotzen dutela, bat etorriz 1303/2013 Erregelamenduaren (EB) 115. artikuluko 3. atalean eta XII. eranskineko 2.2 atalean ezarritakoarekin. Diruz lagundutako obrei buruz informazio- eta komunikazio-ekintzak egiten badira, hedapenari lotutako material edo euskarrietan berariaz aipatu beharko da EGEFren bidezko baterako finantzaketa komunitarioa dutela, Batasunaren enblema eta Europar Batasunaren erreferentzia txertatuta; eta eragiketa egiten den bitartean, haren deskribapen laburra egingo da bere webgunean, Batasunaren diru-laguntza jasotzen duela nabarmenduta, eta proiektuari buruzko informazio-kartel bat jarriko da gutxienez, A3 tamainakoa edo handiagoa, eta Batasunaren diru-laguntza jasotzen duela aipatuko da erraz ikusteko leku nabarmen batean (IV. eranskinean atxiki da).
– Laguntzak arautzeko oinarrietan adierazten da zer metodo erabili behar den zehazteko zein diren eragiketaren kostuak eta diru-laguntzak ordaintzeko baldintzak.
– Diruz lagundutako jarduketari buruzko informazioa eman behar du onuradunak, hala eskatzen zaionean eta eskatzen zaion formatuan.
– Diruz lagundutako jarduketei buruzko kontabilitate bereizi bat izan beharko du, edo, bestela, erraz identifikatzeko moduko kodeak dituen kontabilitate bat.
– Aukeratutako eragiketaren inguruko finantza- eta administrazio-informazioa eta haren garapenaren jarraipenari buruzko informazioa artxibatzea, eragiketaren gastuak jasota dauden kontuak aurkeztu ondoko abenduaren 31tik hiru urte igaro bitartean, eta agintari eskudunei ematea eskatzen dutenean.
– Eragiketari lotutako produktibitate-adierazleetan nolako maila lortu den jakinaraztea, bai eta gastuak justifikatzea ere.
– EGEF laguntzari baiezkoa emanez gero, onartu egingo da Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1303/2013 Erregelamenduaren (EB) 115. artikuluko 2. atalean jasotako eragiketen zerrenda publikoan sartzea.
– Iruzurraren kontrako proportziozko neurri eraginkorrak hartzea bere kudeaketa-eremuan, finantzaketa bikoitza saihestea, dokumenturik ez faltsutzea, eta abar, bai eta arrisku posibleak hautemateko informazioa ematea ere. - Neurri horien ondorioz, arriskuak saihesteko prozedura berrikusi ahal izango da, eta, iruzur egiteko arrisku handia dagoela ebazten bada, laguntza ukatzeko edo dagoeneko kobratutako laguntza erretiratzeko aukera ere aplikatu ahal izango da.
– Obrak Europako Egitura eta Inbertsio Funtsetako bat edo gehiagoren laguntza edo Batasuneko programa baten edo askoren eta beste tresna batzuen laguntza jasotzen badu, Europako Egitura eta Inbertsio Funtsetako batengatik dirua itzultzeko ordainketa-eskabide bateko gastu-partidak ezin izango du Batasunaren beste funts edo tresna baten diru-laguntza jaso, ezta funts berarena ere, beste programa baten barruan (1303/2013 Erregelamenduaren 65. artikuluaren 11. puntua).
Zortzigarrena.– Erakunde interesdun guztiei jakinarazi behar zaie ebazpen hau, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu behar da.
Bederatzigarrena.– Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beraren aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoari jarraikiz.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko abenduaren 29a.
Etxebizitzako sailburuordea,
PEDRO JAVIER JAUREGUI FERNÁNDEZ.
I. ERANSKINA
EMANDAKO DIRU-LAGUNTZEN ZERRENDA
II. ERANSKINA
EZEZTATUTAKO DIRU-LAGUNTZEN ESKABIDEEN ZERRENDA
III. ERANSKINA
UKO EGINDAKOTZAT JOTAKO DIRU-LAGUNTZEN ESKABIDEEN ZERRENDA
IV. ERANSKINA
LAGUNTZA-ARAUBIDEETAKO EGEFREN PUBLIZITATERAKO JARRAIBIDEAK