EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-03-22 Aldizkari honetan argitaratua: 2018058

44/2018 EBAZPENA, martxoaren 15ekoa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita Energia, Turismo eta Agenda Digitalaren Ministerioarekin sinatutako Protokoloa argitaratzea, Turismoaren Mundu Erakundearen Kontseilu Betearazlearen 108. bilera antolatzeko.

Xedapenaren zenbakia: 201800044
Xedapenaren data: 2018-03-15
Hurrenkenaren zenbakia: 201801556
Maila: Ebazpena
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak sinatu du protokolo hori, eta hitzarmenari dagokion publikotasuna emateko asmoz, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Energia, Turismo eta Agenda Digitalaren Ministerioarekin sinatutako Protokoloa (eranskina), Turismoaren Mundu Erakundearen Kontseilu Betearazlearen 108. bilera antolatzeko.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko martxoaren 15a.
Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,
JUAN ANTONIO ARIETA-ARAUNABEÑA IBARZABAL.
ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN MARTXOAREN 15EKO 44/2018 EBAZPENARENA
ENERGIA, TURISMO ETA AGENDA DIGITALAREN MINISTERIOAREKIN TURISMOAREN MUNDU ERAKUNDEAREN KONTSEILU BETEARAZLEAREN 108. BILERA ANTOLATZEKO IZENPETUTAKO LANKIDETZA-PROTOKOLO OROKORRA
Bilbao, 2018ko otsailaren 12a.
BILDU DIRA:
Alde batetik, Álvaro Nadal Belda jauna, Espainiako Gobernuko Energia, Turismo eta Agenda Digitaleko ministroa, haren izendapena xedatzen duen 2016ko azaroaren 4ko 417/2016 Errege Dekretuari jarraikiz, eta, bestetik, Alfredo Retortillo Paniagua jauna, Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburua, haren izendapena xedatzen duen 2016ko azaroaren 26ko 33/2016 Dekretuari jarraikiz, eta honako hau
ADIERAZI DUTE:
Energia, Turismo eta Agenda Digitalaren Ministerioa («MINETAD» aurrerantzean) Estatuko turismo-politikak gauzatzeaz eta, Kanpo Arazoetako eta Lankidetzako Ministerioarekin koordinatuta, nazioarteko turismo-lankidetza bultzatzeaz arduratzen den saila da, Energia, Turismo eta Agenda Digitalaren Ministerioaren oinarrizko egitura organikoa garatzen duen urriaren 13ko 903/2017 Errege Dekretuaren 7. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.
Eusko Jaurlaritzak, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren bitartez, onartu egin du Energia, Turismo eta Agenda Digitalaren Ministerioak Turismoaren Mundu Erakundearen («TME» aurrerantzean) Kontseilu Betearazlearen 108. bilera Donostian antolatzeko egindako gonbidapena, eta bilera hori antolatzeko interesa agertu du, TMEren Kontseilu Betearazlearen 94. bileran hartutako CE/DEC/11(XCIV) Erabakian horretarako ezarritako betekizunei jarraikiz.
Alde guztiak Kontseilu Betearazle horren 108. bilera bide onetik joan dadin nahi dutela kontuan hartuta, eta ekitaldia Euskadi osoaren eta, bereziki, Donostiaren ezaugarri bereizgarria den abegi onarekin egiteko, TMEren eta MINETADen arteko Nazioarteko Administrazio Akordioa izapidetzen hasi da dagoeneko, Espainiako Erresumaren eta TMEren artean Madrilen, 2015eko ekainaren 25ean izenpetutako egoitza-hitzarmenaren (2015eko uztailaren 31ko BOE) 13. artikuluan aurreikusitakoari jarraikiz, eta, beraz, honako hau:
ADOSTU DUTE:
Lehenengoa.– Aldeek adierazi dute Donostian 2018ko maiatzaren 23tik 25era bitarte TMEren Kontseilu Betearazlearen 108. bileraren antolaketan lankidetzan jarduteko borondatea dutela.
Horretarako, alde bakoitzak bere gain hartu beharreko jardunak eta konpromisoak zehaztuko dituen Nazioarteko Administrazio Akordio bat sinatuko da MINETADen eta TMEren artean, ekitaldia behar bezala antola dadin.
Bigarrena.– Lankidetza Protokolo honek ez du Nazioarteko Zuzenbide Publikoko betebeharrik sortzen.
Eta arestian adierazitakoarekin ados daudela erakusteko, aldeek Lankidetza Protokolo hau sinatu dute, gaztelaniazko bi kopiatan, arestian adierazitako lekuan eta egunean.
Energia, Turismo eta Agenda Digitaleko ministroa,
ÁLVARO NADAL BELDA.
Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburua,
JOSÉ ALFREDO RETORTILLO PANIAGUA.