EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-03-21 Aldizkari honetan argitaratua: 2018057

AGINDUA, 2018ko otsailaren 26koa, Lan eta Justiziako sailburuarena, zeinaren bidez sortzen baitira Donostiako bulego judizialeko eta Gipuzkoako Probintzia Auzitegiko Zerbitzu Erkide Prozesal Orokorra eta Betearazpeneko Zerbitzu Erkide Prozesala.

Organo emailea: LAN ETA JUSTIZIA SAILA
Xedapenaren data: 2018-02-26
Hurrenkenaren zenbakia: 201801512
Maila: Agindua
Gizarteak Justizia Administrazioari arinago eta kalitate eta eraginkortasun handiagoarekin jarduteko egiten dion eskaerari erantzuteko xedez, Botere Judizialaren uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoa aldatzen duen abenduaren 23ko 19/2003 Lege Organikoak antolamendua berregituratu eta bulego judizial berria deritzona sortu du. Bulego judizial berriak birmoldaketa instrumentala ekarri du, eta epaile eta epaitegien jarduera jurisdikzionalari euskarria eta laguntza eskaintzen die. Bi unitate-motaz osatuta dago: alde batetik, epaitegiei zuzeneko laguntza emateko unitate prozesalak daude, eta, bestetik, zerbitzu erkide prozesalak. Lehendabizikoek zuzenean epaile eta magistratuei laguntzen diete dagozkien zereginak, organo judizialaren parte direnak, betetzen. Bigarrenak, aldiz, ez dira organo judizial zehatzetan txertatzen, eta lege prozesalak aplikatzearen ondoriozko kudeaketa- eta jarduera-zeregin zentralizatuez arduratzen dira.
Botere Judizialaren Lege Organikoak, gainera, 436. eta 438. artikuluetan onartu egiten du Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eskumena duela bulego judizialaren dimentsioa eta antolamendua zehazteko eta Euskadiko bulego judizialetako zerbitzu erkide prozesalak diseinatu, sortu eta antolatzeko. Eskumen horiek baliatuta, Eusko Jaurlaritzak, Gobernu Kontseiluaren 2008ko uztailaren 29ko bilkuran, onetsi zuen Euskadiko Justizia Administrazioaren Bulego Judizial eta Fiskaletako Antolamendu Plana (2008-2010), Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren aldeko txostena jaso ondoren. Bestalde, Eusko Jaurlaritzak, gizarte-elkarrizketaren eremuan, eta bulego judizial berria ezartzeko prozesua garatzeko baldintzak ezartzeko xedez, abuztuaren 31ko 223/2010 Dekretua onartu zuen; haren bidez, onartu zuen Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Administrazioko funtzionarioak eta Euskal Administrazio Orokorreko funtzionarioak parekatzeko IV. akordio arautzailea, bai eta Justizia eta Herri Administrazio Sailaren eta CCOO, ELA, CSI/CSIF, LAB eta UGT sindikatuen artean bulego judizial eta fiskala ezartzeko akordioa ere.
Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Administrazioaren Bulego Judizial eta Fiskaletako Antolamendu Planak hasiera batean hiru mota zeuzkan aurreikusita zerbitzu erkide prozesaletarako: Prozedura Antolatzeko Zerbitzu Erkide Prozesala, Betearazpeneko Zerbitzu Erkide Prozesala eta Zerbitzu Erkide Prozesal Orokorra. Donostiako bulego judizialari dagokionez, antolamendu-planak hiru zerbitzuak aurreikusi zituen; hala ere, Gipuzkoako Probintzia Auzitegirako berariaz zegoen aurreikusita zerbitzu erkide prozesal misto bat: Prozedura Antolatzeko eta Betearazpeneko Zerbitzu Erkide Prozesala, Donostiako bulego judizialeko Zerbitzu Erkide Prozesal Orokorrak emandako arretaz gain. Hala ere, auzialdiko epaitegiak sortzea aurreikusten denez, eta kontuan hartuta zuzeneko laguntza emateko unitate prozesalen dimentsio eta osaeran horrek izango duen eragina, –eta, ondorioz, Prozedura Antolatzeko Zerbitzu Erkide Prozesalean–, egokitzat jo da antolamenduko zerbitzuaren sorrera atzeratzea.
Botere Judizialaren Lege Organikoaren 438. artikuluarekin bat etorriz, Justizia Administrazioaren letradu batek zuzenduko ditu zerbitzu erkide prozesalak, eta funtzionalki haren mende egongo dira zerbitzuko lanpostuetan lanean ari diren Justizia Administrazioaren gainerako letraduak eta langileak.
Era berean, destinoa Zerbitzu Erkide Prozesal Orokorrean eta Betearazpeneko Zerbitzu Erkide Prozesalean duten Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Administrazioaren zerbitzuko langileak Justizia Administrazioko pertsonalaren arloko eskumen eskualdatuen ardura duen zuzendariaren mende daude organikoki.
Idazkari Judizialen Kidegoaren Araudi Organikoa onartu zuen abenduaren 30eko 1608/2005 Errege Dekretuaren 8. artikuluaren arabera, Justizia Administrazioaren letraduena da langileak antolatu, kudeatu, ikuskatu eta zuzentzeko eskumena, eta, zeregin horiek betetzeko, alderdi tekniko-prozesalei dagokienez, gobernu-idazkariak prozedurarako onartzen dituen jardun-protokoloak bete behar dituzte; protokolo horiek probintziako idazkari koordinatzaileak proposatuko ditu. Jardun-protokolo tekniko-prozesalek jarduteko irizpide orokorrak ezartzen dituzte, mota bereko zerbitzu erkide prozesal guztiek homogeneotasunez jardun dezaten; hala izateko, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak horretarako onartzen dituen irizpideak aplikatu behar dituzte. Horretaz gain, prozedurako jardun-protokoloak egokituko dira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak zerbitzu erkide prozesaletan ezarritako diseinura eta antolamendura, bai eta lanpostuen zerrendetan lanpostu bakoitzari ezarritako zereginetara ere.
Zerbitzu Erkide Prozesalaren jardueretan euskararen erabilera sustatzeko xedez, zerbitzu erkideak bi hizkuntza ofizialetan emateko lagungarriak diren ekimenak bultzatuko dira, Botere Judizialaren uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoaren 435. artikuluari jarraituz, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Administrazioko hizkuntza-normalkuntzari buruzko ekainaren 29ko 174/2010 Dekretuarekin bat.
Botere Judizialaren Lege Organikoaren 435. artikuluaren arabera, bulego judizialen funtzionamendu-irizpideak izango dira arintasuna, eraginkortasuna, efizientzia, lanaren arrazionalizazioa, kudeaketa arduratsua eta administrazioen arteko koordinazioa eta lankidetza, herritarrek hurbileko eta kalitateko zerbitzua izan dezaten. Ondorioz, funtsezkoa da Zerbitzu Erkide Prozesal Orokorra eta Betearazpeneko Zerbitzu Erkide Prozesala lehen adierazitako irizpideen arabera antolatzea kalitateko kudeaketa-sistema egituratu baten eremuan, irizpide horiek laguntzen baitute Bulego Judizialaren ezarpenean antolamendu-erreforma sakona gauzatzen eta Justiziaren aurrean Herritarrek dituzten Eskubideen Gutunetik eratorritako konpromisoak betetzen. Beraz, Zerbitzu Erkide Prozesal Orokorra eta Betearazpeneko Zerbitzu Erkide Prozesala antolatzeko esparru horretan, arreta berezia jarriko da kalitatea kudeatzeko sistemaren aplikazioan; Euskal Autonomia Erkidegoko Bulego Judizialaren arloko eskumena duen zuzendaritzak diseinatu eta koordinatuko du sistema hori bulego judizial berriaren ezarpenean inplikatuta dauden gainerako eragileekiko eta, bereziki, Justizia Administrazioaren letraduekiko eta Justizia Administrazioko langileekiko lankidetza estuan.
Bestalde, aipatutako 435. artikuluan ezarritako jardun-irizpideak lortzen laguntzeko, eta Jarduketa judizialen alderdi osagarriei buruzko 1/2005 Erregelamendua onartu zuen Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren Osoko Bilkuraren 2005eko irailaren 15eko Erabakiarekin bat eta haren 106. artikuluarekin bat (zerbitzu erkideak behar bezala koordinatzeko jarraipen-batzordeak eratzeko aukera aurreikusten du artikulu horrek), egokitzat jo da Koordinatzeko eta Hobetzeko Batzordea ezartzea. Kide hauek izango ditu batzorde horrek: Gipuzkoako Probintzia Auzitegiko lehendakaria, epaile dekanoa, Gipuzkoako idazkari koordinatzailea, Zerbitzu Erkide Prozesal Orokorreko eta Betearazpeneko Zerbitzu Erkide Prozesaleko ledradu zuzendariak, Justizia Administrazioko letradu bat jurisdikzio bakoitzeko (zuzeneko laguntza emateko unitate prozesalen ordezkari gisa), Justizia Administrazioko langileen ordezkari bat, eta Euskal Autonomia Erkidegoko bulego judizial eta fiskalaren arloko eskumena duen zuzendaritzaren ordezkari bat.
Justizia Administrazioko langileen lanpostuen zerrendan, Donostiako eta Gipuzkoako Probintzia Auzitegiko bulego judizialeko langileei dagokienez, zerbitzu erkide prozesaletako lanpostuez gain, zuzeneko laguntza emateko unitate prozesaletako lanpostuak ere azaltzen direnez, egokitzat jo da lanpostuen zerrenda bereiz onartzea eta dekretu baten bidez egitea, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren lanpostuen zerrenda onartzeko erabiltzen den tresna juridiko bera erabilita.
Azkenik, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Administrazioaren Bulego Judizial eta Fiskaletako Antolamendu Planak aurreikusten du ebazpen bidez zehaztuko direla barruti judizial bakoitzeko antolamendu xehatua eta zerbitzu erkideen funtzionamenduko oinarrizko arauak.
Horiek horrela, Herri Administrazio eta Justizia Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen abuztuaren 28ko 188/2013 Dekretuarekin eta Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Administrazioaren Bulego Judizial eta Fiskaletako Antolamendu Planarekin bat, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak txostena egin ondoren, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Gobernu Sala, Euskal Autonomia Erkidegoko Fiskaltza Nagusia, Gobernu Idazkaritza eta ordezkaritza handieneko sindikatuak jakinaren gainean jarri ondoren, hauxe
XEDATZEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
Sortzea Donostiako bulego judizialeko eta Gipuzkoako Probintzia Auzitegiko Zerbitzu Erkide Prozesal Orokorra eta Betearazpeneko Zerbitzu Erkide Prozesala. Zerbitzu horiek beren gain hartuko dituzte kudeaketa- eta laguntza-eginkizunak lege prozesalak aplikatzetik eratorritako jarduketetan, organo judizial zehatz batean integratuta egon barik.
2. artikulua.– Zerbitzu Erkide Prozesal Orokorra.
1.– Zerbitzu Erkide Prozesal Orokorrak honako hauei emango die zerbitzua.
a) Epaileei eta Magistratuei zuzeneko laguntza emateko unitate prozesalak.
b) Betearazpeneko Zerbitzu Erkide Prozesala.
c) Gipuzkoako bulego fiskala, eta Auzitegi Medikuntzako eta Auzitegi Zientzietako Euskal Institutuko Gipuzkoako Zuzendariordetza, jardun-protokoloekin bat datozen zerbitzu batzuk egiteko.
2.– Zerbitzu Erkide Prozesal Orokorra hiru ataletan egituratuta dago.
a) Komunikazio- eta betearazpen-egintzen atala.
b) Erregistro eta banaketaren atala.
c) Beste zerbitzu batzuen atala.
3.– Atalak zenbait taldetan antola daitezke, eta taldeak, berriz, zenbait lantaldetan.
4.– Zerbitzu Erkide Prozesal Orokorrak jardun-arlo hauetako zerbitzuak emango ditu.
a) Komunikazio- eta betearazpen-egintzak.
b) Erregistroa eta banaketa.
c) Epaiketetako espedienteak lurraldeko artxibategian gordetzea, eta konbikzioko efektu eta piezak gordetzea.
d) Herritarrei eta profesionalei informazioa eta arreta ematea.
e) Posta eta paketeria.
f) Erreprografia.
g) Salari laguntza ematea.
h) Epaile dekanoari laguntza ematea.
i) Bideokonferentzia pasiboak kudeatzea.
j) Apud aktako ahalordeak egitea.
k) Epaimahaikidegaien zerrendak egitea.
l) Erregistroko kontsulta-zerbitzua.
3. artikulua.– Betearazpeneko Zerbitzu Erkide Prozesala.
1.– Epaileei eta Magistratuei zuzeneko laguntza emateko unitate prozesalei emango die zerbitzua Betearazpeneko Zerbitzu Erkide Prozesalak.
2.– Betearazpeneko Zerbitzu Erkide Prozesalak Probintzia Auzitegiko sekzioei eta honako epaitegi hauei emango dizkie zuzeneko laguntza emateko unitate prozesalek emandako epaiak, autoak eta behin betiko dekretu irmoak betearaztearekin zerikusia duten zerbitzuak: lehen auzialdikoak, familiakoak, merkataritzakoak, lan-arlokoak, Administrazioarekiko auzietakoak, instrukziokoak, zigor-arlokoak, emakumeen aurkako indarkeriakoak.
3.– Betearazpeneko Zerbitzu Erkide Prozesala bi ataletan egituratuta dago.
– Atal zibila, soziala eta Administrazioarekiko auzietakoa.
– Zigor-arloko atala.
4.– Atalak zenbait taldetan antola daitezke, eta taldeak, berriz, zenbait lantaldetan.
4. artikulua.– Antolamendua.
1.– Zerbitzu Erkide Prozesal Orokorrak eta Betearazpeneko Zerbitzu Erkide Prozesalak Justiziaren Administrazioaren letradu bana izango dute zuzendari-lanak egiteko.
2.– Euren antolamenduan, Zerbitzu Erkide Prozesal Orokorrak eta Betearazpeneko Zerbitzu Erkide Prozesalak errespetatu eta bete beharko dituzte idazkari koordinatzaileek proposatuta gobernu-idazkariak une bakoitzean jarduera-arlo bakoitzerako ezartzen dituen jardun-protokoloak, baita Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak onartzen dituen homogeneotasun-irizpide orokorrak aplikatu ere. Horretaz gain, jardun-protokoloak egokituko dira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak zerbitzu erkide prozesaletan ezarritako diseinura eta antolamendura, baita lanpostuen zerrendetan lanpostu bakoitzari ezarritako zereginetara ere.
5. artikulua.– Langileen mendekotasun funtzional eta organikoa.
Zerbitzu Erkide Prozesal Orokorreko eta Betearazpeneko Zerbitzu Erkide Prozesaleko langileak, funtzionalki, Zerbitzu Erkidearen letradu zuzendariaren mendekoak izango dira; organikoki, berriz, Euskal Autonomia Erkidegoko bulego judizialaren arloko eskumena duen zuzendariaren mendekoak.
6. artikulua.– Euskararen erabilera sustatzea.
1.– Zerbitzu erkide prozesalen jardueretan euskararen erabilera sustatuko da, zerbitzu erkideak bi hizkuntza koofizialetan emateko lagungarriak diren ekimenen bidez.
2.– Zerbitzu erkide prozesaletara jotzen duten herritarrek eta erabiltzaileek euskaraz eta gaztelaniaz egin dezakete, ahoz zein idatziz. Bi hizkuntza ofizialetako edozeinetan aurkeztutako dokumentu guztiek erabateko balioa eta eraginkortasuna dute.
7. artikulua.– Kalitatea kudeatzeko sistema.
1.– Zerbitzu Erkide Prozesal Orokorra eta Betearazpeneko Zerbitzu Erkide Prozesala antolatzeko, ezinbestekoa izango da kalitatea kudeatzeko sistema aplikatzea; Euskal Autonomia Erkidegoko bulego judizial eta fiskalaren arloko eskumena duen zuzendaritzak diseinatu eta koordinatuko du sistema hori, inplikatuta dauden gainerako eragileekiko eta, bereziki, Justizia Administrazioaren letraduekiko eta Justizia Administrazioko langileekiko lankidetza estuan.
2.– Kalitatea kudeatzeko sisteman, plangintza, helburuen lorpenen neurketa, elkarlana eta jakintza partekatua sustatuko dira; horrek aukerak sortuko ditu eguneroko lanean sortzen diren arazoak hobetu edo konpontzeko, eta neurri zuzentzaileak hartu ahal izateko, zerbitzu erkide prozesalen etengabe hobetzen joateko.
8. artikulua.– Koordinatu eta Hobetzeko Batzordea.
1.– Koordinatzeko eta Hobetzeko Batzordea ezartzen da, eta hauek osatuko dute: probintzia-auzitegiko lehendakaria, epaile dekanoa, Gipuzkoako idazkari koordinatzailea, Zerbitzu Erkide Prozesal Orokorreko eta Betearazpeneko Zerbitzu Erkide Prozesaleko letradu zuzendariak, Justizia Administrazioko letradu bat jurisdikzio bakoitzeko (zuzeneko laguntza emateko unitate prozesalen ordezkari gisa), Justizia Administrazioko langileen ordezkari bat, eta Euskal Autonomia Erkidegoko bulego judizial eta fiskalaren arloko eskumena duen zuzendaritzaren ordezkari bat.
2.– Koordinatzeko eta Hobetzeko Batzordea lankidetza-tresna gisa eratu da, eta haren helburua da bulego judizialean sartutako alderdi garrantzitsuenen arteko jarduera koordinatu bat bultzatzea, eta, hartara, zerbitzu erkide prozesalen etengabeko hobekuntza ahalbidetzea.
3.– Koordinatu eta Hobetzeko Batzordearen bileretan parte-hartzeak ez dakar diru-konpentsaziorik.
4.– Epaimahai kideak izendatzeko orduan, kontuan izango da Euskal Autonomia erkidegoko bi hizkuntza ofizialetan duten hizkuntza gaitasuna. Era berean, epaimahai kalifikatzailea osatzeko, gizonen eta emakumeen arteko oreka bilatuko da, betiere Gizon eta Emakumeen Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 3.7 eta 23. artikuluetan xedatutakoarekin bat.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Donostiako bulego judizialeko eta Gipuzkoako Probintzia Auzitegiko Zerbitzu Erkide Prozesal Orokorraren eta Betearazpeneko Zerbitzu Erkide Prozesalaren antolamendu xehatua eta funtzionamendu-arauak zehazteko, ebazpena emango du Euskal Autonomia Erkidegoko bulego judizial eta fiskalaren arloko eskumena duen zuzendariak.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Zerbitzu Erkide Prozesal Orokorra eta Betearazpeneko Zerbitzu Erkide Prozesala zabaltzeko data ere Euskal Autonomia Erkidegoko bulego judizial eta fiskalaren arloko eskumena duen zuzendariak finkatuko du, ebazpen bidez, Justizia Administrazioko langileen egokitze-prozesua amaitu ondoren.
AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA
Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko otsailaren 26a.
Lan eta Justiziako sailburua,
MARÍA JESÚS CARMEN SAN JOSÉ LÓPEZ.