EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-03-20 Aldizkari honetan argitaratua: 2018056

65/2018 EBAZPENA, martxoaren 8koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita argitara ematea Euskal Herriko Unibertsitatearekin sinatutako lankidetza-hitzarmen bat, batxilergoko eta lanbide heziketako, arte irakaskuntzetako eta kirol irakaskuntzetako goi mailako graduko prestakuntzako zikloetako ikasleek jarduera praktikoak egin ditzaten, eta Bigarren Hezkuntzako etapara zuzendutako bestelako orientazio jarduerak bideratzeko dena.

Xedapenaren zenbakia: 201800065
Xedapenaren data: 2018-03-08
Hurrenkenaren zenbakia: 201801482
Maila: Ebazpena
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak lankidetza-hitzarmen hori sinatu du; beraz, zabalkunde egokia izan dezan, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Euskal Herriko Unibertsitatearekin sinatutako lankidetza-hitzarmen bat, batxilergoko eta lanbide heziketako, arte irakaskuntzetako eta kirol irakaskuntzetako goi mailako graduko prestakuntzako zikloetako ikasleek jarduera praktikoak egin ditzaten, eta Bigarren Hezkuntzako etapara zuzendutako bestelako orientazio jarduerak bideratzeko dena. Eranskinean dago testua.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko martxoaren 8a.
Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,
JUAN ANTONIO ARIETA-ARAUNABEÑA IBARZABAL.
ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN MARTXOAREN 8KOA 65/2018 EBAZPENARENA
HITZARMENA, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIO OROKORRAREN ETA EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEAREN ARTEKOA, BATXILERGOKO ETA LANBIDE HEZIKETAKO, ARTE IRAKASKUNTZETAKO ETA KIROL IRAKASKUNTZETAKO GOI MAILAKO GRADUKO PRESTAKUNTZAKO ZIKLOETAKO IKASLEEK JARDUERA PRAKTIKOAK EGIN DITZATEN, ETA BIGARREN HEZKUNTZAKO ETAPARA ZUZENDUTAKO BESTELAKO ORIENTAZIO JARDUERAK BIDERATZEKO
Vitoria-Gasteizen, 2018ko otsailaren 2an.
BILDU DIRA:
Batetik, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra, eta haren ordezkari Cristina Uriarte Toledo andrea, Euskal Autonomia Erkidegoko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua, lehendakariak azaroaren 26ko 21/2016 Dekretuaren bidez izendatua (azaroaren 28ko EHAA; 226 zk.) (aurrerantzean Eusko Jaurlaritza).
Bestetik, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatea, eta haren ordezkari Nekane Balluerka Lasa andrea, Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko errektorea, lehendakariak 250/2016 Dekretuaren bidez izendatua (2017ko urtarrilaren 11ko EHAA; 7 zk.) (aurrerantzean, UPV/EHU).
ADIERAZTEN DUTE:
1.– UPV/EHU goi hezkuntzako ikastegia da, eta bere gain hartzen duela ikasleak prestatzearen ardura, karrera emankorra egin dezaten eta pertsona arduratsu izan daitezen prestakuntza emanez. Bestalde, ikerketa zientifiko, tekniko, humanistiko eta artistikoa sustatzeko eragile da, baita unibertsitatean eta euskal gizartean ikertzaileak prestatzeko sustatzaile ere, sortutako ezagutza gizarte horretan zabalduz.
2.– UPV/EHUren balioak dira:
– Gestio zintzoa eta gardena.
– Elkarrizketa, partaidetza, konfiantza eta erantzukizun konpartitua.
– Kalitatearen eta etengabeko hobekuntzaren aldeko konpromisoa.
– Konpromisoa unibertsitatean bizikidetza baketsua izateko, oinarri hartuta berdintasuna, justizia, askatasuna eta errespetua.
– Bokazioa mundura irekitzeko, elkartasunerako eta aniztasunaren errespeturako.
3.– Eusko Jaurlaritzaren ustea da unibertsitateko hezkuntza inbertsio estrategikoa dela garapena bermatzeko. Horrek zientziaren eta gizartearen arteko ikuspegi berri baten premia dauka, herritarrek zientziaren, teknikaren, humanistikaren eta artearen arloko kultura egokia izan dezaten eta horren bidez gai izan daitezen eguneroko bizimodua ulertu eta administratzeko eta garapen zientifiko eta teknologikoan murgildutako munduan aritzeko.
4.– Ezinbestekoa da irakasleek ulertzea zein garrantzitsua den zientziaren, teknologiaren, humanistikaren eta artearen arloko hezkuntza pertsonen prestakuntzan. Zientzia, teknologia, gizarte eta ingurugiroaren arteko interakzioak ikaslearen jarrera hobetzeko eta ikasleak zientzia, teknologia, humanitate eta artearekiko daukan interesa sustatzeko bide dira, baina, horrez gain, herritar arduratsu legez parte hartze demokratikoa izateko gaitasunaren bultzatzaile ere badira.
5.– Hitzarmen honen helburu diren jarduerak egitea onuragarri da Eusko Jaurlaritzak erabakiak hartzeko beharrezko duen ikerketarako, hain zuzen ere, unibertsitatetik kanpoko ikastetxeak UPV/EHUra hurbiltze aldera zehaztu beharreko euskal eremua artikulatzeko.
6.– Eusko Jaurlaritzaren eta UPV/EHUren arteko harremanak etengabeko onura dakarkie bi erakundeei eta, era berean, harreman hori sendotzea eta indartzea onuragarri da gizartearentzat.
7.– Bi erakundeek interesa daukate unibertsitateaz kanpoko eta unibertsitateko munduaren arteko distantzia murrizteko, azken finean, hitzarmen honen xede direnek unibertsitatean bukatuko baitute beren prestakuntza, eta bi erakundeen ustez gizarteko, politikaren arloko, hezkuntzako eta arlo ekonomikoko erakunde guztien zeregina da akordioak eta oinarrizko lankidetza hitzarmenak bultzatzea eta ezartzea unibertsitatetik lan mundura sartzeko prozesua errazteko.
8.– Hori guztia oinarri hartuta bi erakundeek proiektu bat zehaztu eta ezarriz gero, eragindako ikasleek, orientabideko langileek eta irakasleek ulertuko dute arduraz hartzen dugula unibertsitatera sartzeko prozesua, eta lan mundura ahalik eta baldintzarik onenetan heltzea; izan ere, enpresa munduarekiko lotura horretan parte aktibo garela ikusiko dute eta lotura horretan bitartekari, balio erantsi handiko zerbitzuak garatzen baititugu beren garapen pertsonal eta profesionala bideratzeko lagungarri izango direnak.
9.– Horregatik guztiagatik oso positiboa da UPV/EHUk eta Eusko Jaurlaritzak bere baliabideak partekatzea eta beren artean lankidetzan aritzea, bitarteko izanik irakaskuntzako eta ikerketako munduaren artean, eta horren helburu izanik eraginkorragoak izatea partekatzen dituzten helburuak lortze aldera; horiek horrela, lankidetza hitzarmen hau sinatzea adostu dute klausula hauei jarraituz.
KLAUSULAK
Lehenengoa.– Hitzarmenaren xedea.
Hitzarmen honen helburua da baldintzak arautzea Bigarren Hezkuntzako ikasle, orientatzaile eta irakasleen unibertsitate ikasketekiko interesa sustatzeko Eusko Jaurlaritzak eta Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU) lankidetzan jardun dezaten. Horrela bultzatu egingo da ezagutza zientifiko, tekniko, sozial, humanistiko eta artistikoen garapena, eta, batez ere, hurbildu egingo da unibertsitate munduaren errealitatea.
Bigarrena.– Hartzaileak.
Jarduera praktikoak zuzenduta daude batxilergoko eta lanbide heziketako, arte irakaskuntzetako eta kirol irakaskuntzetako goi mailako graduko prestakuntza zikloetako ikasleei eta etapa horiek ematen dituzten irakasle eta orientazioko langileei. Jarduera horiek UPV/EHUko fakultate eta eskolek proposatu eta antolatuko dituzte, landu beharreko gaiaren arabera.
Horrez gain, hitzarmen honen barne egongo dira Bigarren Hezkuntzako etapara zuzendutako orientazioko beste jarduera batzuk.
Hirugarrena.– Istripuak ordaintzea.
Derrigorrezko Eskola Aseguruak (1953ko uztailaren 17ko Legea) bere gain hartuko du Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako, Batxilergoko eta Lanbide Heziketako, Arte Irakaskuntzetako eta Kirol Irakaskuntzetako Goi Mailako Graduko Prestakuntza Zikloetako ikasleek egin beharreko jardueran pairatu ahal dituzten kalteen ardura.
Laugarrena.– Helburuak.
Lau dira egin beharreko jardueren helburuak:
– Ikasleei aurkeztea jarduera egiten duen Fakultatean edo Eskolan lantzen den ezagutza arloa.
– Azaltzea jarduera bakoitzari dagozkion unibertsitateko ikasketen garrantzia egungo gizartean.
– Bokazioak sortzea.
– Bigarren Hezkuntzako orientatzaileei eta irakasleei UPV/EHU eta unibertsitateko ikasketak hobeto ezagutzeko aukera ematea, unibertsitate aurreko ikasleekin egiten duten orientazio lana errazteko.
Bosgarrena.– Prozedura.
UPV/EHUko fakultate eta eskolen parte hartzea hitzarmen honetan jasotako praktika jardueretan barnetik artikulatuko da, kasuan kasuko errektoreordetzak koordinatutako deialdi baten bidez. Horren bitartez, ikastegi bakoitzak parte hartzeko bere eskaera eta eskaintza egingo ditu.
UPV/EHUk, kasuan kasuko errektoreordetzaren bitartez, Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari jakinaraziko dizkio fakultateen edo eskolen eskaintzak, eta Zuzendaritza horrek eskaintzaren berri emango die Bigarren Hezkuntzako Zentroei, zentro horiek euren lehentasunak adieraz ditzaten.
Bigarren Hezkuntzako ikasleek, orientazioko langileek eta irakasleek kasuan kasuko errektoreordetzara bidaliko dituzte eskariak horretarako zehaztutako prozedurari jarraituz, eta errektoreordetzak eskariak eta eskaintza egokituko ditu. UPV/EHUko zehaztuko du eskariak aukeratzeko prozedura eta horren arabera onartuko dira eskainitako plazak agortu arte.
Kasuan kasuko errektoreordetzak eskari onartuen eta baztertuen berri emango die Bigarren Hezkuntzako ikastetxeei, eta ikastetxeekin batera koordinatuko ditu egin beharreko jarduerak.
Era berean, horren berri emango dio Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari, onartutako ikastetxeak, zein jardueratan parte hartuko duten, eta jarduera horiek zein eskola edo fakultatetan garatuko diren zehaztuz.
Seigarrena.– Aldeen betebeharrak.
Eusko Jaurlaritzaren konpromisoak:
– Ekarpen orokor bat egingo du urtero. Ekarpen hori bat etorriko da Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorretan horretarako izendatutakoarekin, hitzarmen honen babespeko jarduerak egiterakoan eman beharreko zerbitzuek eragingo dituzten gastuak finantzatzeko.
Jarduera praktikoak egiteko aipatutako ekarpen ekonomikoaren bi hereneko kopurua bideratuko da, eta, edozelan ere, gutxienez, 50.000 euro, edo, aurrekontuko zenbatekoa kopuru hori baino txikiagoa izanez gero, ekarpen osoa bideratuko da. Gehienez ere, 2.000 euro emango dira titulazioko. Ordainketa jarduerak egiten dituzten ikasleen kopuruaren arabera egingo da. Horiek horrela, 10 ikaslek edo gutxiagok parte hartzen badute, 800 euro emango dira, gehienez; 10 ikaslek baino gehiagok eta 20k edo 20 baino gutxiagok parte hartzen badute, 1.200 euro, gehienez; eta 20 ikasle baino gehiagok parte hartzen badute, 2.000 euro, gehienez, jarduera praktiko horiek egiteko aurrekontuko zenbatekoa agortu arte. Gainera, unibertsitateak irizpide gehiago ezarri ahal izango ditu baliabideak hobeto aprobetxatzeko.
– Bestelako orientazio jarduerak egiteko, ekarpen ekonomikoaren herena erabiliko da, aurreko paragrafoan jasotako salbuespenarekin.
UPV/EHUren konpromisoak:
– Instalazioak, azpiegitura, materiala eta irakasleak hornituko ditu, jarduerak aurrera eramateko beharrezko direnak.
– Hitzarmenaren jarraipenari buruzko urteko memoria egingo du, eta Jarraipen Batzordeari igorriko dio.
Zazpigarrena.– Ordaintzeko era.
Eusko Jaurlaritzak UPV/EHUri ordainduko dio jarduera horiek egitean emandako zerbitzuengatik behar den zenbatekoa, hitzarmenaren garapenari buruzko urteko Memoria onartu ondoren.
Zortzigarrena.– Klausula partikularra.
Hitzarmen hau berak eragindako betebeharrak finantzatzeko behar besteko kreditu egokia egotearen eten baldintzaren menpe dago.
Bederatzigarrena.– Kontrol eta jarraipen Batzordea.
1.– Kontrol eta Jarraipen Batzordea eratuko da, hitzarmen honetan zehaztutako konpromisoak bete egiten direla zaintzeko ardura izango duena. Bere ardura izango da hitzarmena gauzatzea eta administratzea, eta helburuak lortzeko behar den koordinazio eta lankidetzaz arduratuko da; bestalde, batzorde honen zeregina izango da hitzarmena interpretatu eta gauzatzeko orduan sor daitezkeen eztabaidak ebaztea.
2.– Honakoak izango dira batzordeko kide:
– Hezkuntza Berriztatzeko zuzendaria edo hark eskuordetutako pertsona.
– Unibertsitateen zuzendaria edo hark eskuordetutako pertsona.
– Ikasleen arloko errektoreordea edo hark eskuordetutako pertsona.
– Ikasleen zuzendaria edo hark eskuordetutako pertsona.
– Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzako teknikari bat; hitza izango du, baina botorik ez.
– UPV/EHUko teknikari bat; hitza izango du, baina botorik ez.
3.– Batzordeko burua urte batean erakunde batekoa eta hurrengoan bestekoa izango da; lehenengo urtean, UPV/EHUko kide bat izango da. Batzordeko burua urte horretan kargu hori dagokion erakundeak aukeratuko du. Bozketan berdinketa dagoenean, batzordeko buruak kalitate botoa izango du.
Horrez gain, idazkaria UPV/EHUko teknikaria izango da. Idazkariaren eginkizuna izango da Jarraipen Batzordearen bileretarako deia egitea eta bileren akta egitea.
4.– Honakoak dira batzordearen eginkizunak:
– Hitzarmenenaren edukia eta aplikazioa interpretatzea.
– Zein heinean betetzen den eta nola hobetzen den ebaluatzea.
– Arrazoitutako proposamenak helaraztea, hitzarmenaren helburuak zabaltzeko aukerak direla-eta.
– Hitzarmena sinatzen duen aldeetako batek hitzarmeneko edozein klausula bete ez dela salatuz gero, horren berri ematea.
– Hitzarmenaren garapenari buruzko urteko Memoria onartzea eta sinatzaileei helaraztea.
Hamargarrena.– Hitzarmena deuseztatzeko arrazoiak.
Hauetako edozein izan daiteke hitzarmena deuseztatzeko arrazoi:
1.– Aldeen elkarren arteko adostasunez, haiek adierazitako terminoetan.
2.– Hitzarmena ez betetzeagatik edo irregulartasun larriak egoteagatik.
3.– Aldeetako batek denuntzia aurkeztu duelako; denuntzia hitzarmena indarrik gabe utzi nahi den data baino gutxienez hilabete lehenago egin behar da.
4.– Indarreko legediak zehazten dituen gainontzeko arrazoiengatik.
Edonola ere, hitzarmena deuseztatu aurretik hartutako konpromisoek indarrean jarraituko dute konpromiso horiek bukatu arte.
Hamaikagarrena.– Indarraldia.
Hitzarmen honek urtebeteko indarraldia izango du sinatzen den unetik aurrera, eta, besterik gabe, urterik urte luzatuko da, gehienez ere beste lau urtean. Hori horrela izango da, ez bada aldeetako batek adierazten duela, indarraldia bukatu baino gutxien dela hilabete lehenago, ez duela hitzarmena berritu nahi; adierazpen hori idatziz egin beharko du eta modu egiaztagarrian jakinarazi.
Eta jasota gera dadin hala dagozkion ondorioetarako, hitzarmen hau sinatu dute hasieran zehaztutako lekuan eta egunean.
Hezkuntzako sailburua,
CRISTINA URIARTE TOLEDO.
Euskal Herriko Unibertsitateko errektorea,
NEKANE BALLUERKA LASA.