EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-03-19 Aldizkari honetan argitaratua: 2018055

AGINDUA, 2018ko martxoaren 8koa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, antzerki-produkziorako 2018. urtean diru-laguntzak emateko arauak ezarri eta deialdia egiten duena.

Xedapenaren data: 2018-03-08
Hurrenkenaren zenbakia: 201801462
Maila: Agindua
Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuaren arabera, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren eskumenekoak dira arte- eta kultura-jarduerei dagozkien zereginak eta jardun-arloak. Eskumen horiek Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari esleitzen dizkio apirilaren 11ko 82/2017 Dekretuak, Kultura eta Hizkuntza Politika.
Kultura Sustatzeko Zuzendaritzak egoki deritzo, bere eskumenen baitako zeregina den aldetik, izaera profesionala duten antzerki-jarduerak sustatzeko aukera emango duen bidea antolatzeari. Horretarako, diru-laguntzak emango zaizkie antzerki-konpainia profesionalei egiten dituzten antzezlanen produkzioa ahalbidetzen duten prozesu desberdinak finantzatzeko. Neurri horren bitartez, euskal antzerki-konpainien sorkuntza-lana bultzatzeko formula lortu nahi da eta, bide batez, konpainia horien ahalegina aitortzeaz gain, beren lanak beste merkatu batzuetara zabaltzeko aukerak eskaini, beren finantzabideak ugaritu daitezen.
Halaber, agindu hau Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak onartu duen eta sailaren web orrian argitaratu den Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren 2018-2020 epealdiko Diru Laguntzen Plan Estrategikoaren barnean dago sartuta.
Ondorioz, honako hau
EBAZTEN DUT:
I. KAPITULUA
ARAU OROKORRAK
1. artikulua.– Xedea.
Agindu honen xedea, 2018. urtean zehar burutuko edo hasiko diren antzerki-jarduera profesionaletarako diru-laguntzak emateko arauak ezartzea da.
2. artikulua.– Modalitateak eta diru-baliabideak.
1.– Diru-laguntza horietarako, guztira, 880.00 euro erabiliko dira, baina kopuru hori handitu ahal izango da, beharrezkoa izanez gero, lehenengo xedapen gehigarrian ezarritako eran.
2.– Zenbateko globala honela banatuko da deialdi honetako modalitateen artean:
a) 60.000 euro, sormen egonaldiak egiteko.
b) 150.000 euro, produkzioak egiteko.
c) 220.000 euro, hitzartutako zirkuituetako produkzioak egiteko.
d) 450.000 euro, antzerki-konpainien bi urteko jardunetarako.
3.– Modalitate bakoitzean adierazitako zuzkidura dena dela ere, eskabiderik ez dagoelako, eskakizunak betetzen ez dituztelako edo aurkeztutako proiektuen kalitatea eskasa delako, modalitateetako batean ezarritako diru-kopurua agortzen ez bada, Balorazio Batzordeak, arrazoiak emanez, beste modalitaterako diru-laguntzaren zenbatekoa handitzea proposatuko dio Kulturako sailburuordeari, betiere delako modalitate hori artean erabaki gabe badago. Zenbatekoa handitzearen onarpenaren berri eman beharko da Kulturako sailburuordearen ebazpen baten bitartez.
Eskatutako diru kopuru orokorra eta hasierako kopuruaren arteko desoreka handien duen modalitateak lehentasuna izango du.
3. artikulua.– Pertsona edo erakunde onuradunak.
1.– Agindu honetan modalitate bakoitzerako ezartzen diren bestelako berariazko eskakizunez gain, laguntza hauek eskatu ahal izateko, nahitaezkoa izango da baldintza hauek betetzea: pertsona fisiko edo juridiko pribatuak izatea, Europar Batasuneko estatu kide batean ezarrita egotea eta behin diru-laguntza emanez gero establezimendu egonkor bat Euskal Autonomia Erkidegoan izatea.
Pertsona fisiko edo erakunde batek establezimendu egonkor baten bidez diharduela zehazteko, Euskadiko Autonomia Erkidegoko Kontzertu Ekonomikoa onartzen duen maiatzaren 23ko 12/2002 Legearen 21.2 artikuluak zer dioen hartuko da aintzakotzat.
2.– Gainera, eskabidea aurkezten duten momentuan, pertsona fisiko eta erakundeak jarduera ekonomikoen zergako antzerki-jardueretarako epigrafean alta hartuta egon beharko dute. Eta pertsona juridikoen kasuan, estatutuetan haien helburu edo xede sozial gisa antzerki-jarduerak garatzea izan beharko dute.
3.– Agindu honetan aurreikusitako laguntzak jaso ahal izateko, beharrezkoa da zerga-betebeharrak egunean izatea, baita Gizarte Segurantzakoak ere.
Deialdi honen organo kudeatzaileak egiaztatuko du, automatikoki, behar hainbat aldiz, diru-laguntza eskatu duten pertsonek Gizarte Segurantzarekiko baldintzak betetzen dituztela, eta horretarako ez du pertsona horien oniritzia beharko, halaxe xedatzen du-eta Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak. Hala ere, eskatzaileak baimen hori berariaz ukatu dezake, baina, kasu honetan, dagozkion egiaztagiriak aurkeztu beharko ditu.
4.– Ezingo dituzte deialdi honetako diru-laguntzak jaso:
a) Kultura-elkarte edo fundazioaren izaera juridikoa duten eskatzaileek ezingo dituzte jaso diru-laguntza hauek.
b) Laguntza publikoak lortzeko zigor administratibo edo penalik dutenek, ezta horretarako gaitasuna kentzen dion legezko debekua dutenek, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legezko azken xedapenetako seigarrena urratuz sexu diskriminazioa egiteagatik debeku horrekin zigortuta daudenak barne.
c) Diru-laguntzak itzultzeko prozeduren ondorioz sortutako betebeharrak edo zorrak ordaindu gabe dituzten pertsonek edo erakundeek.
d) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 eta 13.3 artikuluetan jasotako ezein egoeratan dauden pertsona edo entitateak.
4. artikulua.– Diru-laguntzak emateko prozedura.
Deialdi honen kargura emango diren diru-laguntzak lehiaketa-prozeduraren bidez esleituko dira. Laguntzak emateko, eskabideak alderatu egingo dira, euren artean lehentasuna ezartzeko. Lehentasuna laguntza modalitate bakoitzean ezarritako balorazio-irizpideei jarraituz ezarriko da, eta laguntzak emango dira harik eta deialdian esleitutako kredituak agortu arte.
5. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.
1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita.
2.– Pertsona fisikoek eskabideak aurrez aurre edo bide elektronikoa erabiliz aurkeztu ahalko dituzte:
– Aurrez aurre: eskabideak, Zuzenean Zerbitzuko bulegoetan, EAEko erregistro laguntzaileetan (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomiadunen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan jasotakoak) edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako organoen aurrean aurkeztu ahal izango dira.
– Bide elektronikoa: eskabideak aurkeztu ahalko dira, euskadi.eus gunean artikulu honetako 4. atalean adierazitako helbidean.
Eskabidea egiteko eta dokumentazioa aurkezteko bide horietako bat erabiliz gero –presentziala edo elektronikoa–, horrek ez du esan nahi bidez aldatu ezin denik prozeduraren ondorengo izapideetan, alegia, edonoiz aldatu daiteke bidea.
3.– Pertsona juridikoek eskabideak bide elektronikoa erabiliz aurkeztuko dituzte, aurretik adierazitako helbide elektronikoan.
4.– Eskaerak nola tramitatu aurrez aurre edo bide elektronikoa erabiliz, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak azaltzen dituzten argibideak euskadi.eus-en honako helbide honetan daude ikusgai: ehttps://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2018/antzerki_jarduera/y22-izapide/eu/
Eskabidearen ondoko izapideak, bide elektronikoa erabiliz, hemen egin daitezke: http://www.euskadi.eus/nirekudeaketak
5.– Pertsona edo erakunde eskatzaileek Euskal Autonomia Erkidegoko zeinahi hizkuntza ofizialetan aurkeztu ahal izango dute eskaera, atxikitako egiaztagiriekin batera. Halaber, eskabidearen ondoriozko jardunetan, eta prozedura osoan, pertsona edo erakunde eskatzaileak aukeratutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen erabilera Normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.
6.– Eskabideak aurkezteak esan nahi du berariaz eta formalki onartzen direla deialdi honen oinarrietan zehaztutako baldintzak.
6. artikulua.– Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.
1.– Eskatzaileari buruzko agiriak.
a) Pertsona fisikoa izanez gero:
– Eskaera sinatu duenaren identitatea egiaztatzeko agiriak.
b) Pertsona juridikoa izanez gero.
Administrazio honetako erregistroetan dauden erakundeak:
– Eskabidean adieraziko dute zein erregistrotan dauden eta ez dute erregistro horren agiririk aurkeztu beharko.
Beste administrazioetako erregistroetan dauden erakundeak egiaztatu beharko dute bere nortasun juridikoari dagokion legezko eraketa, ordezkaria den pertsonaren identitatea eta daukan legezko ordezkaritzako ahalmena honako dokumentazio honen bitartez:
– Sortze-eskritura eta estatutuak eta dagozkion erregistro publikoetan izena emanda dagoela egiaztatzen duen agiria.
– Identifikazio Fiskalaren Zenbakiaren txartela.
– Pertsona juridikoaren legezko ordezkariaren identitatea eta daukan legezko ordezkaritzako ahalmenaren egiaztagiriak.
2.– Proiektuari dagokion dokumentazioa. Dokumentazio hau formatu elektronikoan aurkeztu beharko da:
a) Egin nahi den unitate-produkzioaren edota antzerki jardueraren garapenari buruzko azalpena. Antzezlanaren izenburua eta testuez gain, proposamen eszenografikoa, tratamendu dramaturgikoa, eta egile, zuzendari, produktore exekutibo, eszenografo, argiztatzaile eta antzezle guztien identifikazioa eta curriculuma aurkeztu beharko dira. Dokumentazio hau formatu digitalean aurkeztu beharko da.
b) Euskadi.eus webgunean aurkituko duzun laguntza-modalitate bakoitzari dagokion inprimakia behar bezala beteta.
c) Egile-eskubideen jabe izatea kreditatzen duen agiria.
d) Ekoizpenkidetza-kontratuak hala behar izanez gero.
e) Eskaera baloratzeko aurkeztu nahi diren agiri gehigarriak.
3.– Aurkeztuko diren dokumentu elektronikoak, erabilitako bidea (presentziala edo elektronikoa) edonolakoa dela ere, ondorengo ezaugarriak izan beharko dituzte:
a) Deskargatzeko ereduak erabiliko dira holakoak daudenean. Bestelako kasuetan, ahal bada dokumentazioa PDF formatuan aurkeztuko da.
b) Dokumentazio elektroniko guztiaren gehienezko tamaina 30 Mb izango da.
c) Bideoak web helbide baten bidez aurkeztu ahal izango dira.
7. artikulua.– Erantzukizunpeko adierazpenak.
Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginak ezartzen duenaren arabera (1997ko azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartua), erantzukizunpeko adierazpen bidez egiaztatuko dira honako betebehar hauek:
– Xede bera duten eta bestelako administrazio edo erakunde publiko zein pribatuei eskatutako eta, hala badagokio, haietatik jasotako diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea.
– Pertsona edo erakunde eskatzaileak ez izatea zigor administratibo edo penalik laguntza publikoak lortzeko, ezta ere horretarako gaitasuna kentzen dion legezko debekurik.
– Eskabidean eta dokumentazioan jasotako datuak egiazkoak direla adieraztea, eta laguntza hauen onuradun izateko indarrean den araudian ezarritako betekizunak konplitzen dituela adieraztea.
8. artikulua.– Diru-laguntzen kudeaketa.
Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari dagokio deialdi honen bidez emango diren diru-laguntzak kudeatzeko lanak egitea.
9. artikulua.– Egindako akatsak zuzentzea.
1.– Aurkeztutako dokumentazioa aztertu ondoren, ikusten bada zerbait falta dela edo errakuntzak daudela, eskatzaileari eskatuko zaio akatsa zuzendu dezan edo falta diren dokumentuak aurkez ditzan, eta horretarako hamar egun balioduneko epea emango zaio, dagokion jakinarazpena jasotzen den egunaren biharamunetik kontatuta. Era berean, ohartarazi egingo zaio ezen, epe hori igaro eta zuzenketarik egin ez bada, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela, aurrez jakinaraziko zaion ebazpen baten bidez, edo dagokion izapidea egiteko eskubidea galduko duela.
2.– Pertsona juridikoek eskaera aurrez aurre egiten badute aurkezpen elektronikoaren bitartez» zuzen dezala eskatuko zaie eta ondorio horietarako, zuzenketa hori egin den eguna joko da eskaeraren aurkezpen-datatzat.
10. artikulua.– Balorazio Batzordea.
1.– Modalitate hauetara aurkeztutako eskabideak aztertzeko eta ebaluatzeko, Balorazio Batzorde bakar bat eratuko da. Hauek izango dira kideak:
– Batzordeburua: Kultura Sustatzeko zuzendaria.
– Bokalak: gutxienez 6 kide eta gehienez 8, Kulturako sailburuordeak izendatuak, agindu honetako xedean aditu diren pertsonen, programatzaileen eta arte eszenikoekin zerikusia duten Euskal Autonomia Erkidegoko lanbide elkarteen ordezkarien artean.
– Idazkaria: Kultura Sustatzeko Zuzendaritzako teknikari bat izango da, zuzendariak izendatua. Hitza izango du baina botorik ez.
2.– Beste eginkizunen artean, Idazkariak Balorazio Batzordearen jarduketen legezkotasun formala eta materiala zaindu beharko du
3.– Balorazio Batzordearen osaera Kulturako sailburuordearen ebazpen baten bidez jakinaraziko da, Batzordea eratu aurretik, interesdunek errefusatzeko duten eskubidea erabil ahal izan dezaten, legez ezarritako zehaztapen eta baldintzetan.
4.– Balorazio Batzordeko kideak izendatzerakoan Gizonen eta Emakumeen arteko Berdintasunerako 2005eko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 3.7 artikuluan xedatutakoa beteko da.
5.– Eskaria egin duten pertsona edo erakunde guztiek izango dute aukera, hala eskatzen badute euskadi.eus webgunean horretarako dagoen inprimakia erabiliz, beren proiektua batzordearen aurrean defendatzeko. Proiektu bakoitzari ez zaio 15 minutu baino gehiago eskainiko.
6.– Batzorde horrek, ezarritako irizpideak kontuan hartuta, ebazpen proposamenak egingo dizkio Kulturako sailburuordeari.
11. artikulua.– Ebazpena.
1.– Deialdi honetan aurreikusitako modalitate bakoitzeko diru-laguntzak esleitzeko ebazpena Kulturako sailburuordeak emango du Balorazio Batzordearen proposamena ikusita.
2.– Ebazpen horrek ez du administrazio-bidea agortuko. Haren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, jakinarazpena jaso eta biharamunetik zenbatzen hasiko den hilabeteko epean. Horrela xedatu da Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121 eta 122. artikuluetan.
3.– Proposamen horietan ordezko onuradunak izendatu ahal izango dira, gerta baitaiteke hautatutakoek deialdi honetan zehaztutako baldintzei uko egitea edo horiek ez bete edo ez onartzea. Gorabehera horietako bat suertatuz gero, ordezkoak jasoko duen diru-laguntzaren zenbatekoa hasieran onuradun izendatu zenari ordaindu gabe geratzen dena izango da.
4.– Hartutako Ebazpenak banan-banan jakinaraziko zaizkie pertsona onuradunei. Dena den, jendeak horren berri izan dezan, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian ere argitaratuko dira. Lehenik egin zaionarena hartuko da jakinarazpen-datatzat.
5.– Eskaerak ebazteko eta pertsona interesdunei jakinarazteko epeak sei hilabete iraungo du gehienez, agindu hau argitaratu zen egunetik zenbatzen hasita. Ebazteko epea amaituta, inolako jakinarazpenik egin gabe, interesdunek eskabidea errefusatutzat jo dezakete, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1 artikuluan ezarritako ondorioetarako.
12. artikulua.– Diru-laguntzen bateragarritasuna.
1.– Deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak eta beste edozein erakunde publikok edo pribatuk emandakoak batera erabili daitezke helburu berbererako, betiere gainfinantzaketarik gertatzen ez bada. Gainfinantzaketarik badago, diru-laguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da, dagokion gehienezko mugaraino.
2.– Halere, deialdi honetan aurreikusten diren diru-laguntzak ez dira bateragarriak izango Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak emandako diru-laguntzekin: ez proiektu bera egiteko, ez proiektuaren zatiren bat egiteko. Diru-laguntzak, berriz, izendunak, zuzenak, edota musika, dantza, ikus-entzunezko, antzerki, ikusizko arte, liburugintza eta literatura alorretako aginduen babesean emandakoak izan daitezke.
3.– Deialdi honetako edozein modalitateko diru-laguntzen onuradunek ezingo dute beste hiru modalitateetan araututako diru-laguntzarik jaso. Muga hori ez da aplikatuko honako kasu hauetan:
a) Agindu honetako 30.artikuluan jasotzen diren koprodukzio publikoetarako laguntzak, bateragarriak izango baitira gainontzeko modalitateetako laguntzekin.
b) Produkzioetarako eta hitzartutako zirkuitua duten produkzioetarako laguntzak, bateragarriak izango baitira bi laguntzen batura 60.000 euroko muga gainditzen ez duten bitartean.
4.– Modalitate bakoitzean pertsona edo entitate eskatzaile bakoitzari proiektu bakarragatik baino ez zaio diru-laguntza emango.
13. artikulua.– Pertsona edo erakunde onuradunen betebeharrak.
Deialdi honetan arautzen diren diru-laguntzen pertsona edo erakunde onuradunek betebehar hauek izango dituzte:
a) Emandako diru-laguntza onartzea. Alde horretatik, pertsona/entitate onuradunek diru-laguntza eman zaiela adierazten duen jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean berariaz uko egiten ez badiote, onartu egin dutela ulertuko da.
b) Diruz lagundutako proiektua deialdirako aurkeztu diren baldintzetan garatzea. Dena den, aldaketak ere egin ahal izango dira, baldin eta aldaketok funtsezkoak ez badira eta ez badute bideragarritasun ekonomikoa eragiten. Aldaketa horiek idatziz jakinaraziko zaizkio Kulturako sailburuordeari eta hark, jakinarazpena jasotzen duen egunetik hamabost eguneko epea izango du horiek onartu edo gaitzesteko. Epea inolako jakinarazpenik gabe igaroz gero, aurkeztu den aldaketa onartu dela ulertuko da.
c) Ogasuna eta Ekonomia Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari diru-laguntzen fiskalizazio-lanetan behar duten informazio guztia ematea.
d) Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren babesa berariaz aipatzea katalogo, egitarau, iragarki-kartel, argazki eta gainerako material grafikoan. Material hori euskaraz egingo da, eta beste hizkuntza batzuetan ere egin ahal izango da.
e) Agindu honetan ezartzen diren betebehar eta baldintzak betetzea, eta baita Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargurako diren laguntza eta diru-laguntzak jaso ahal izateko ezartzen direnak ere. Halaber, onuradunek, Diru-laguntzen 38/2003 Lege Orokorrak bere 14. artikuluan jasotako betebeharrak izango dituzte.
14 artikulua.– Diru-laguntza ordaintzea.
Deialdi honetako diru-laguntzak honela ordainduko dira:
a) Diru-laguntzaren % 50 diruz lagundutako jarduerari dagozkion lanak hastean. Onuradunak aldez aurretik jakinarazi beharko du, berariaz, noiz hasiko diren aipatutako lanok.
b) Diru-laguntzaren beste % 40, lehenengo ordainketan emandako diruari dagozkion gastuak (% 50) justifikatu ondoren eta, betiere, 2019ko urtarrilaren 1etik aurrera.
c) Diru-laguntzaren gainerako % 10a, diru-laguntza osoa hurrengo artikuluan zehaztutako eran justifikatu ondoren.
15. artikulua.– Diru-laguntzaren justifikazioa eta likidazioa.
1.– Diru-laguntza jasotzen duten pertsona/entitate onuradunek, lagundutako jarduera bukatu eta hiru hilabeteko epean eta, betiere, 2019ko abenduaren 31 baino lehen honako dokumentazioa aurkeztu beharko dute:
a) Diru-laguntza eskuratzeko eskabide-orriarekin batera aurkeztutako jardueraren gaineko memoria, ahalik eta zehatzena, non haren exekuzioa, betetze-maila eta ebaluazioa ere jaso behar baitira.
b) Antzezlanak estreinatu direla justifikatzeko, kontratatzaileak egindako egiaztagiria, kontratua bera edo leihatilako orria.
c) Diruz lagundutako jardueraren behin betiko exekuzio-aurrekontua (gastuak eta diru-sarrerak), ahalik eta zehatzena, erantzukizunpeko aitorpen bidez, euskadi.eus webgunean horretarako dagoen inprimakia erabiliz.
Diru-sarreren atalean honako datu hauek, besteak beste, zehaztu beharko dira:
– Entitate onuradunaren behin betiko ekarpena.
– Beste administrazio edo entitateen ekarpenak, publikoenak eta pribatuenak. Entitate onuradunak Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak emandakoaz gain bestelako diru-laguntzarik jaso ezik, hori horrela dela adierazten duen zinpeko aitorpena ere aurkeztu beharko da.
– Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak emandako diru-laguntza.
d) Diruz lagundutako programa edo jardueraren exekuzioa dela-eta ordaindutako nomina guztiak edota sortarazitako gastuen faktura edo ordainagiri guztiak jasotzen dituen zerrenda sailkatua, euskadi.eus webgunean horretarako dagoen inprimakia erabiliz. Antzerki-konpainien bi urteko jardunetarako diru-laguntzen modalitatean zerrenda sailkatu horretan soilik enpresaren egituraren eta produkzioaren gastuak jasoko dira.
Kultura Sustatzeko Zuzendaritzak laginketa-tekniken bidez egiaztatuko ditu diruz lagundutako jardueraren ziurtagiriak, hain zuzen ere egoki irizten dituenak, diruaren kopuru osoak, diru-laguntzen kopuruak zuzenak direla eta diru-laguntzak eurak ondo erabili direla ziurtatzeko.
Hala ere, Kultura Sustatzeko Zuzendaritzak artikulu honetako lehenengo paragrafoan ezarritako epearen barruan hala eskatzen badu, pertsona onuradunek konpromisoa hartuko dute aurkeztutako aurrekontu osoa justifikatuko duten egiaztagiriak Zuzendaritzaren eskura uzteko.
e) Katalogo, egitarau, iragarpen-kartel, argazki eta gainontzeko material grafiko edo soinuzkoaren hizkuntz bertsio desberdinetako aleak, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren babesa espresuki adierazita dutelarik.
2.– Pertsona fisikoek justifikazioak aurrez aurre edo bide elektronikoa erabiliz aurkeztu ahalko dituzte:
– Aurrez aurre aurkeztu ahal izango dituzte Zuzenean Zerbitzuko bulegoetan, EAEko erregistro laguntzaileetan (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomiadunen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan jasotakoak) edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako organoen aurrean.
– Justifikazioak bide elektronikoaren bidez ere aurkeztu ahalko dituzte, http://www.euskadi.eus/nirekudeaketak gunean
3.– Pertsona juridikoek justifikazioak bide elektronikoa erabiliz aurkeztuko dituzte, aurretik adierazitako helbide elektronikoan.
4.– Justifikazioak, bai bide presentziala erabiliz bai bide elektronikoa erabiliz, nola tramitatu behar diren azaltzen dituzten argibideak euskadi.eus-en egongo dira ikusgai, agindu honetako 5 artikuluan adierazitako helbideetan.
16. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.
1.– Agindu honetan ezarritako ondorioetarako, honako gastuak lagun daitezke diruz: diruz lagundutako jarduera motari erantzuten diotenak, baldin eta ezinbestekoak badira eta oinarri arautzailea hauetan eta laguntzak emateko ebazpenean ezarritako epearen barruan burutzen badira. Diruz lagun daitezkeen gastuen kontua ez da izango, sekula ere, merkatuan duten baliotik gorakoa.
2.– Sormen egonaldiak, produkzioak eta hitzartutako zirkuitua duten produkzioak egiteko laguntzen modalitateetan aurkeztutako produkzio proiektuaren barruan sorturiko honako gastu hauek izango dira diru-laguntza jasotzeko modukoak:
a) Produkzio-gastu zuzenak:
– Egileak.
– Antzezleak.
– Talde artistikoa eta teknikoa.
– Materialak (fabrikazioa, erosketa eta alokatzea).
– Komunikazioa.
– Bidaiak eta garraioak.
– Lokalak (gastu Orokorrak ez dirá egoztekoak).
– Beste produkzio-gastu zuzenak.
b) Produkzioari egotzitako enpresa-gastu orokorrak.
– Egotzitako zeharkako kostuak ez du gaindituko, orotara, diruz lagundutako proiektuaren gastu osoaren % 25. Zeharkako kostuen artean sartzen dira bai onuradunak garatzen dituen jarduerei egotzitako aldagaiak, bai jarduera zehatz bai ezin egotzitakoak izanik ere jarduera burutzeko beharrezko diren egitura-kostuak ere.
c) Bitartekotza jarduerei egotzitako gastuak (sormen egonaldien modalitaterako soilik).
3.– Antzerki-konpainien bi urteko jardunetarako laguntzen modalitatean aurkeztutako antzerki jardueraren proiektuaren barruan sorturiko honako gastu hauek izango dira diru-laguntza jasotzeko modukoak:
a) Enpresaren egitura-gastuak.
b) Produkzio-gastu zuzenak.
c) Erakusketa-gastu zuzenak.
4.– Edozein kasutan, agindu honen harira diru-laguntza jaso dezaketen gastutzat joko dira diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan esandakoarekin bat datozenak.
5.– Ezin izango da diruz laguntzeko moduko gastutzat hartu BEZaren zenbateko kengarria, erakunde eskatzaileak zerga horren aitorpena egin beharra duenean. Halako kasuetan egotzi ahal izango den gastu kopurua, justifikazio-agirien zerga oinarriari dagokiena izango da.
17. artikulua.– Azpikontratazioa.
1.– Onuradunak hirugarren batzuekin azpikontratatzen duen jarduera, diruz lagundutako jardueraren % 75era iritsi ahal izango da, azpikontratu guztien prezioak batuta.
Azpikontratazio horien kasuan, diruz lagun daitekeen gastuaren zenbatekoak Sektore Publikoko Kontratuei buruzko urriaren 30eko 30/2007 Legeak kontratu txikietarako ezarritako kopuruak gainditzen dituenean, onuradunak gutxienez hiru eskaintza eskatu beharko dituela beste hainbeste hornitzaileri, delako obra egiteko, zerbitzua emateko edo ondasuna entregatzeko konpromisoa kontratatu aurretik betiere, non eta kontratu-gaiaren izaera bereziaren ondorioz merkatuan ez dagoen behar beste hornitzailerik edota gastua ez den diru-laguntza baino lehenago gauzatua.
2.– Kontzeptu honetatik kanpo geratzen dira onuradunak diru-laguntza jaso duen jarduera bere kabuz egiteko egin behar dituen gastuen kontratazioa.
3.– Edozein kasutan, onuradunei eta kontratistei Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 29. artikuluan ezarritako muga eta betebeharrak aplikatuko zaie.
18. artikulua.– Aldaketa-ebazpena.
Diru-laguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira –betiere, diru-laguntzaren xedea bete bada– edo beste entitate publiko zein pribatuetatik beste laguntzarik jaso bada, laguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da. Horretarako, Kulturako sailburuordeak aldaketa-ebazpena emango du, emandako diru-zenbatekoak doitzeko.
19. artikulua.– Ez-betetzeak.
1.– Hauek izango dira ez-betetzeak:
a) Jasotako laguntzak, osorik zein zatika, aurreikusitako jardueretarako erabili beharrean, beste zerbaitetarako erabiltzea.
b) Agindu honetan edo laguntza emateko egintzan adierazitako betebeharrak ez betetzea.
c) Diru-laguntzaren likidazioa egiteko ebazpenean adierazitako zenbatekoa epearen barruan ez itzultzea (hala badagokio).
d) Diru-laguntzekin lotutako xedapen orokorretan nahitaez bete beharrekotzat jotako beste edozer ez betetzea.
2.– Ez betetzeren bat gertatuz gero, jasotako zenbatekoak eta legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio, betiere azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren arabera (hurrenez hurren, Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua eta Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua).
II. KAPITULUA
SORMEN-EGONALDIETARAKO LAGUNTZAK
20. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen arloak.
1.– Kapitulu honetan aurreikusitako laguntzak Euskal Autonomia Erkidegoan egiten diren sormen- eta ekoizpen-proiektuei zuzenduta daude, baldin eta baldintza hauek betetzen badituzte:
a) 2018ko ekitaldian hasten diren eta asko jota 2019ko abenduaren 31n amaitzen diren sormen- eta ekoizpen-proiektuak izatea.
b) proiektuan gune eszeniko publiko batek edo batek baino gehiagok parte hartzea. Gune horrek (edo gune horiek) espazioak edo baliabide teknikoak eta giza-baliabideak utziz eta proiektua erakutsiz edo hedatuz hartuko du parte.
Eszenikoak ez diren kulturguneek eta gune eszeniko pribatuek ere izango dute parte hartzeko aukera, betiere gutxienez gune eszeniko publiko batek parte hartzen duela bermatzen bada.
c) proiektuaren barnean bitartekaritza-programa baten oinarriak aurkeztea, tokiko eragileen parte-hartzearekin garatzeko.
d) talde artistikoaren, hau da, zuzendaritzaren eta aktoreen batez besteko adina 35 urtetik beherakoa izatea, edo 5 ekoizpen eszeniko baino gutxiagotan parte hartu izana.
Antzezlaneko pertsonaia baten papera egiteko ezinbestekoa bada baldintza horiek betetzen ez dituen aktore bat, parte hartzeko aukera izango du, bere adina edo lana kontuan hartu gabe.
21. artikulua.– Pertsona edo entitate onuradunak.
Laguntza hauek eska ditzakete 3. artikuluan zehaztutako baldintzak betetzeaz gain antzerkigintzako ekoizpenetan bost urte baino gehiagoz ibili ez direnek.
Horretarako, ez dira antzerki-konpainia berritzat hartuko sortu berriak izan arren izatez ala legez beste talde zaharrago baten ondorengoak diren konpainiak.
Edozein kasutan, eskatzaileak ezin izango ditu, araututako laguntzak jasotzeko eskubidea izan duen 5 urte horietan, 3 diru-laguntza baino gehiago jaso.
22. artikulua.– Laguntzen zenbatekoak eta mugak.
1.– Sormen-egonaldien laguntzen zenbatekoa 60.000 eurokoa da.
2.– Aukeratutako proiektu bakoitzak jaso ahal izango duen gehienezko diru-kopurua 15.000 eurokoa izango da.
3.– Laguntza ekonomikoaz gain, onuradunak orientazioa eta aholkularitza jasotzeko eskubidea izango du, proiektuaren kudeaketarekin lotura duen guztiarekin.
23. artikulua.– Hautatzeko eta zenbatzeko irizpideak.
1.– Diru-laguntzen ebazpen-proposamena egiteko, Balorazio Batzordeak honako irizpide hauek izango ditu kontuan:
a) Aurkeztutako proiektuaren kalitatea, interesa eta berrikuntza. Horretarako, proiektuaren osotasuna baloratuko da, testua, dramaturgia, eszenaratzeko proiektua eta inplikatutako talde artistiko eta teknikoak kontuan hartuta (guztizko puntuazioaren % 50: kalitateak 20 puntu, interesak 10 eta berrikuntzak 20).
b) Parte hartzen duen gune eszenikoaren inplikazioa, bai kuantitatiboki bai kualitatiboki (guztizko puntuazioaren % 30: gune eszeniko parte-hartzaileen kopuruak 15 puntu, parte hartzearen balorazioak 15 puntu).
c) Proiektua inskribatzen den eremuko publikoekin egingo den bitartekaritza-programa (guztizko puntuazioaren % 10). Kontuan hartuko dira parte hartuko duten eragileak eta proposaturiko jardueren egokitasuna.
d) Euskararen erabilera proiektuan (guztizko puntuazioaren % 10).
Irizpide hau ez da aplikatuko testu batean oinarriturik ez dauden antzerki-proposamenenetan; beraz, proiektu horien balorazio orokorra egiteko, formula hau erabiliko da:
Lortutako puntuazioa X 100/90
2.– Artikulu honetan ezarritako balorazio-baremoko puntuen % 50 lortzen ez duten proiektuak baztertu egingo dira eta ez dira hautaketan sartuko.
3.– Proiektu bakoitzari dagokion diru-laguntzaren zenbatekoa finkatzeko, 4. artikuluan ezarritako prozedurari jarraituz, banaketa-sistema bat ezarriko da, eta, horren arabera, ezarritako irizpideen araberako balorazioan proiektu bakoitzak lortu dituen puntuen proportzioan banatuko da modalitaterako ezarritako diru-zuzkidura.
III. KAPITULUA
PRODUKZIOETARAKO DIRU-LAGUNTZAK
24. artikulua.– Diru-laguntza jaso dezaketen alorrak.
Kapitulu honetan aurreikusitako laguntzak deialdiaren onuradunak diren pertsonek edo entitateek Euskal Autonomia Erkidegoan 2018ko ekitaldian zehar garatuko edo hasiko dituzten eta 2018ko urtarrilaren 1etik 2019ko abenduaren 31ra bitartean estreinatuko dituzten produkzioetara bideraturik daude.
25. artikulua.– Diru-laguntzen zenbatekoak eta mugak.
1.– Produkzioetarako laguntzen zenbatekoa 150.000 eurokoa izango da.
2.– Produkzioetarako diru-laguntzak aurkeztutako proiektu edo jarduera bakoitzaren onartutako aurrekontu garbiaren (zergak kenduta) % 49ra irits daitezke, gehienez. 27. artikuluan erregulatzen diren diru-sariak jasoko dituzten produkzio elebidun edo euskara hutsezkoen kasuan, muga hori % 55 izango da.
3.– Diru-laguntza koprodukzio baterako eskatzen bada, eskatzaileak gutxienez ekoizpenaren % 33ko parte-hartzea izan beharko du. Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntzak ez du inoiz gaindituko produktore eskatzailearen parte-hartzearen % 49.
4.– Herri administrazio desberdinetatik jasotako diru-laguntza guztiek ezingo dute gainditu diruz lagundutako jardueraren kostuaren % 70.
5.– Proiektu bakoitzari emandako diru-laguntzaren gehienezko zenbatekoa 60.000 eurokoa izango da.
26. artikulua.– Hautapena eta kuantifikazioa egiteko irizpideak.
1.– Diru-laguntzei buruzko ebazpen-proposamena egiteko, Balorazio Batzordeak irizpide hauek aplikatuko ditu:
a) Aurkeztutako proiektuaren kalitatea, interesa eta berrikuntza. Irizpide hau erabiltzerakoan proiektua bere osotasunean hartuko da eta honako alderdi hauek baloratuko dira, besteak beste: testua, dramaturgia, proposamen eszenikoa, eta inplikatutako ekipo artistiko eta teknikoak (guztizko puntuazioaren % 50: kalitateak 30 puntu, interesak 10, berrikuntzak 10).
b) Proposatutako proiektuaren bideragarritasun ekonomikoa. Bereziki hartuko da kontuan aurrekontuaren egokitasuna, erabiliko diren enpresa-baliabideak, proiektuaren kalitatea/prezioa erlazioa egokia izatea eta proposatutako ustiapen eta amortizazio plana (guztizko puntuazioaren % 10).
c) Euskararen erabilera proiektuan (guztizko puntuazioaren % 10: euskarazko bertsioa badu 5 puntu, euskararen erabilpenaren balorazioak 5 puntu).
Irizpide hau ez da aplikatuko testu batean oinarriturik ez dauden antzerki-proposamenenetan; beraz, proiektu horien balorazio orokorra egiteko, formula hau erabiliko da:
Lortutako puntuazioa X 100/90
d) Pertsona edo entitate eskatzailearen ibilbidea. Ildo horretatik, alderdi hauek hartuko dira kontuan: orain arte ekoitzitako ikuskizunen kalitatea eta kantitatea, horietako bakoitzak izan duen zabalkundea eta non programatu diren (guztizko puntuazioaren % 15: egindako produkzioen kopuruak 2 puntu, azken hiru urteetan eginiko emanaldietatik EAE-n 2 puntu, estatuan 2 puntu, atzerrian 2 puntu, ibilbidearen balorazioak 7 puntu).
Koprodukzioak direnean beste produktoreen ibilbideak ere hartuko dira kontuan, betiere ekoizpenaren % 33ko parte-hartzea gainditzen badute.
e) Enpresaren antolaketa-egitura. Kontuan hartuko dira haren enpresa-jarduera eta lanpostuen sorreran egin duen ekarpena (guztizko puntuazioaren % 15: aurreko jardunaldiko salmenta bolumenak 9 puntu, aurreko jardunaldiko langileen gastuak 6 puntu).
Koprodukzioak direnean beste produktoreen datuak ere hartuko dira kontuan, betiere ekoizpenaren % 33ko parte-hartzea gainditzen badute.
2.– Artikulu honetan ezarritako balorazio-baremoaren % 50 lortzen ez duten proiektuak baztertu egingo dira, eta ezingo dira sartu aukeratutakoen artean.
3.– Proiektu bakoitzari dagokion diru-laguntzaren zenbatekoa finkatzeko, 4. artikuluan ezarritako prozedurari jarraituz, banaketa-sistema bat ezarriko da, eta, horren arabera, ezarritako irizpideen araberako balorazioan proiektu bakoitzak lortu dituen puntuen proportzioan banatuko da modalitaterako ezarritako diru-zuzkidura.
27. artikulua.– Euskarazko produkzioetarako laguntzak.
1.– Diru-laguntza merezi duten proiektuak hautatu ondoren, modalitate honetara bideratutako guztizko kopurutik 25.000 euro banatuko dira, euskarazko bertsioa duten produkzioetarako pizgarri gisa.
2.– Nahitaezko baldintza izango da ikuskizuna haurrentzat ez izatea. Gainera, kontzeptu honengatik, proiektu bakoitzari gehienez 5.000 euro emango zaizkio Euskal Autonomia Erkidegoan lana lehenengo euskaraz estreinatzen bada, eta 2.500 euro gaztelaniaz estreinatzen bada. Bigarren kasu horretan, bertsio bien estreinaldien artean ezin dira sei hilabete baino gehiago igaro, eta 2019ko abenduaren 31 baino lehen egin beharko da.
3.– Edozein modutan, onuradun bakoitzari dagokion zenbatekoa kalkulatzeko orduan kontuan hartuko da ateratako puntuazioa, betiere aurreko paragrafoan eta 25. artikuluan ezarritako zenbatekoak gainditzen ez badira.
IV. KAPITULUA
HITZARTUTAKO ZIRKUITUA DUTEN PROIEKTUETARAKO DIRU-LAGUNTZAK
28. artikulua.– Diru-laguntza jaso dezaketen alorrak.
1.– Kapitulu honetan aurreikusitako laguntzak deialdiaren onuradunak diren pertsonek edo entitateek Euskal Autonomia Erkidegoan 2018ko ekitaldian zehar garatuko edo hasiko dituzten eta honako baldintza hauek betetzen dituzten produkzio hauetara bideraturik daude:
a) proiektuen estreinaldia 2018ko uztailaren 1etik 2019ko abenduaren 31ra bitartean izatea. Kalean programatzeko diseinatutako proiektuen estreinaldia 2017ko maiatzaren 16tik aurrera izango da.
b) Euskal Antzokien Sarearekin hitzartutako antzerki-bira aurkeztea, SAREAko antzoki batean estreinaldia egin eta lau hilabeteko epean egitekoa.
2.– Lau hilabete horiek kontatzerako orduan honako xehetasun hauek hartuko dira kontuan:
– Bira egiteko dauden lau hilabeteko epe horren barruan urteko azken eta lehen astea geratzen direnean, epea 15 egunetan luzatuko da.
– Ikuskizunaren estreinaldia, aretokoa bada, uztailan ala abuztuan izaten denean bira egiteko epea abenduaren 31an bukatuko da.
3.– Sarearekin hitzartutako emanaldiak behar bezala egiaztatuta egotea kontratu bidez, aurrekontratu bidez, kontratua egiteko hitzemate bidez edo zuzenbidean baliagarria den beste edozein behartze-dokumenturen bidez.
29. artikulua.– Diru-laguntzen zenbatekoak eta mugak.
1.– Produkzioetarako laguntzen zenbatekoa 220.000 eurokoa izango da.
2.– Produkzioetarako diru-laguntzak aurkeztutako proiektu edo jarduera bakoitzaren onartutako aurrekontu garbiaren (zergak kenduta) % 49ra irits daitezke, gehienez.
3.– Diru-laguntza koprodukzio baterako eskatzen bada, eskatzaileak gutxienez ekoizpenaren % 33ko parte-hartzea izan beharko du. Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntzak ez du inoiz gaindituko produktore eskatzailearen parte-hartzearen % 49.
4.– Herri administrazio desberdinetatik jasotako diru-laguntza guztiek ezingo dute gainditu diruz lagundutako jardueraren kostuaren % 70.
5.– Proiektu bakoitzari emandako diru-laguntzaren gehienezko zenbatekoa 60.000 eurokoa izango da.
30. artikulua.– Koprodukzio publikoei laguntzak.
Modalitate honetarako zuzendutako diru-kopurutik 60.000 euro erabiliko dira 28.artikuluan ezarritako baldintzak betetzeaz gain honako hauek ere betetzen dituzten produkzioak laguntzeko:
a) Gutxienez Euskal Autonomia Erkidegoko bi antzokik parte hartzen duten koprodukzio-publiko-pribatua izatea. Antzokien partaidetza ez da aurrekontuaren % 50a baino txikiagoa izango.
b) Koprodukzioaren aurrekontua guztira 120.000 eurokoa baino handiagoa izango da.
31. artikulua.– Hautapena eta kuantifikazioa egiteko irizpideak.
1.– Sareako antzoki batekin hitzartutako emanaldi behar bezala egiaztatutako bakoitza puntu batez baloratuko da.
Aurreko irizpidea aplikatzerakoan ezingo dira kontuan hartu 3 emanaldi baino gehiago antzoki bakoitzeko.
2.– Diru-laguntzen ebazpen-proposamena lantzeko, lortu dituzten puntuen arabera ordenatuko ditu proiektuak Balorazio Batzordeak.
3.– Balorazio-baremoaren arabera produkzioaren estreinalditik lau hilabetera egindako emanaldiengatik 12 puntu gutxienez lortzen ez dituzten proiektuak baztertu egingo dira, eta ezingo dira sartu aukeratutakoen artean.
Gutxieneko puntuazioa 9 puntutakoa izango da honako kasuetan:
a) Produkzioaren katxeta 6.000 euro baino gehiagokoa denean.
b) Kalean bakarrik programatuko diren produkzioak direnean.
4.– Proiektu bakoitzari dagokion diru-laguntzaren zenbatekoa finkatzeko, 4. artikuluan ezarritako prozedurari jarraituz, banaketa-sistema bat ezarriko da, eta, horren arabera, ezarritako irizpideen araberako balorazioan proiektu bakoitzak lortu dituen puntuen proportzioan banatuko da modalitaterako ezarritako diru-zuzkidura.
V. KAPITULUA
ANTZERKI-KONPAINIEN BI URTEKO JARDUNETARAKO DIRU-LAGUNTZAK
32. artikulua.– Diru-laguntza jaso dezaketen alorrak.
Kapitulu honetan aurreikusitako laguntzak 2018-2019 urteetan gauzatuko diren antzerki-proiektuetara daude bideratuta. Proposatzen den planari dagokionez, produkzio baten estreinaldia, gutxienez, 2018ko urtarrilaren 1etik 2019ko abenduaren 31ra egin beharko da, eta birak egiteko plan bat aurkeztu behar da, kontuan hartuta bai Euskadiko Autonomia Erkidegoko merkatua, bai kanpokoa.
33. artikulua.– Pertsona edo erakunde onuradunak.
Laguntza hauek eskatu ahal izateko, 3. artikuluko baldintzez gain, hauek ere bete beharko dira:
a) Azken 10 urteotan, etengabe jardun izana arte eszenikoetako ikuskizunak sortzen eta taularatzen.
Egindako jarduera neurtzeko, bat-egite edo eraldatze-prozesuen aurreko ibilbideak hartuko dira kontuan, baldin eta entitate eskatzaileak egitatez edo zuzenbidez lehen zeudenen ondorengotza eratzen badu.
b) Kudeaketa, produkzio eta banaketa talde oinarrizko bat izatea, gutxienez bi pertsonak osatua.
34. artikulua.– Diru-laguntzen zenbatekoak eta mugak.
1.– Antzerki-konpainien bi urteko jardunetarako laguntzen zenbatekoa 450.000 eurokoa izango da.
2.– Diru-laguntzak aurkeztutako proiektu edo jarduera bakoitzaren aurrekontu garbiaren (zergak kenduta) % 49ra iritsi daitezke, gehienez.
3.– Herri administrazio desberdinetatik jasotako diru-laguntza guztiek ezingo dute gainditu diruz lagundutako jardueraren kostuaren % 70.
4.– Proiektu bakoitzari emandako diru-laguntzaren gehienezko zenbatekoa 120.000 eurokoa izango da.
35. artikulua.– Hautapena eta kuantifikazioa egiteko irizpideak.
1.– Diru-laguntzei buruzko ebazpen-proposamena egiteko, Balorazio Batzordeak irizpide hauek aplikatuko ditu:
a) Aurkeztutako proiektuaren kalitatea, interesa eta berrikuntza. Irizpide hau erabiltzerakoan proiektua bere osotasunean hartuko da eta honako alderdi hauek baloratuko dira, besteak beste: testua, dramaturgia, proposamen eszenikoa, eta inplikatutako ekipo artistiko eta teknikoak (guztizko puntuazioaren % 25: kalitateak 15 puntu, interesak 5, berrikuntzak 5).
b) Pertsona edo entitate eskatzailearen ibilbidea. Ildo horretatik, alderdi hauek hartuko dira kontuan: orain arte ekoitzitako ikuskizunen kalitatea eta kantitatea, horietako bakoitzak izan duen zabalkundea eta non programatu diren (guztizko puntuazioaren % 30: egindako produkzioen kopuruak 4 puntu, azken hiru urteetan eginiko emanaldietatik EAE-n 4 puntu, estatuan 4 puntu, atzerrian 4 puntu, ibilbidearen balorazioak 14 puntu).
c) Enpresaren antolaketa-egitura. Kontuan hartuko dira haren enpresa-jarduera eta lanpostuen sorreran egin duen ekarpena (guztizko puntuazioaren % 35: aurreko jardunaldiko salmenta bolumenak 21 puntu, aurreko jardunaldiko langileen gastuak 14 puntu).
d) Proposatutako jardueran euskara erabiltzea (guztizko puntuazioaren % 10: euskarazko ikuskizun kopuruak 7 puntu, euskararen erabilpenaren balorazioak 3 puntu).
Irizpide hori ezin izango da arabili sartutako ikuskizunetako % 80tik gora testurik ez daukaten proiektuetan. Proiektu horiek baloratzeko honako formula hau aplikatuko da:
Lortutako puntuazioa X 100/90
2.– Artikulu honetan ezarritako balorazio-baremoaren % 50 lortzen ez duten proiektuak baztertu egingo dira, eta ezingo dira sartu aukeratutakoen artean.
3.– Proiektu bakoitzari dagokion diru-laguntzaren zenbatekoa finkatzeko, 4. artikuluan ezarritako prozedurari jarraituz, banaketa-sistema bat ezarriko da, eta, horren arabera, ezarritako irizpideen araberako balorazioan proiektu bakoitzak lortu dituen puntuen proportzioan banatuko da modalitaterako ezarritako diru-zuzkidura.
XEDAPEN GEHIGARRIA
Interesdunek eskabideetan emandako datuak Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren Kultura Sustatzeko Zuzendaritzaren titulartasuneko fitxategi batean sartuko dira, hala ezarritako baitago Izaera Pertsonaleko Datuak babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan. Fitxategiak «Kultura sortzeko eta hedatzeko laguntzak eta diru-laguntzak» du izena, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren 2015eko abenduaren 2ko Aginduaren bidez araututa dago eta haren xedea da laguntza-espedienteak kudeatzea. Datuak Babesteko Euskal Bulegoari lehendik eman zaio fitxategi horren berri, eta datuen segurtasun osoa bermatzeko beharrezko diren segurtasun-neurriak ditu; datu horiek ez zaizkie hirugarrenei jakinaraziko, legez agindutako kasuetan izan ezik.
Izaera pertsonaleko datuak babesteari buruzko araudiarekin bat etorriz, datuok eskuratu, zuzendu, ezeztatu eta datuoi aurka egiteko eskubideez baliatu ahalko da Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren Zerbitzu Zuzendaritzaren aurrean. Horretarako, honako helbide honetara jo beharko da: Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.
Kultura Sustatzeko Zuzendaritzak ere aztertu eta egiaztatu ahalko ditu emandako datuak, laguntzak zuzen esleitzeko.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Agindu honek administrazio-bidea amaitzen du. Beraz, beraren aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari hilabeteko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, edo bestela administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko jurisdikzio horretako salan bi hilabeteko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sortuko ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko martxoaren 8a.
Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,
BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.