EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-03-16 Aldizkari honetan argitaratua: 2018054

AGINDUA, 2018ko martxoaren 8koa, Ogasun eta Ekonomiako sailburuarena, «Non ikusten duzu Europa Euskadin?» argazki-lehiaketaren zazpigarren edizioaren deialdia egiten duena.

Organo emailea: OGASUN ETA EKONOMIA SAILA
Xedapenaren data: 2018-03-08
Hurrenkenaren zenbakia: 201801434
Maila: Agindua
Ekonomia eta Plangintza Zuzendaritzak «Non Ikusten duzu Europa Euskadin?» argazki-lehiaketaren VII. edizioa jarri nahi du abian. Europa euskal gazteriari hurbiltzea da ekimenaren asmoa, eta, horretarako, Europak haien ingurunearen garapenean nola lagundu duen argazki batean irudikatzera gonbidatzen ditu euskal gazteak.
Lehiaketa Facebook plataformaren bitartez egingo da. Han, interesa duten gazteek beren argazkiak argitara ditzakete eta horrela Europari buruz daukaten ikuspegia gainerako gazteekin konpartitu dezakete sormenaren bidez. Gainera, beste parte-hartzaileen argazkiak zer iruditu zaizkien ere baloratzeko aukera izango dute.
Lehiaketaren aurreko edizioak oso arrakastatsuak izan dira, eta agerian geratu da erkidego mailan komunikaziorako jardunbide egokia izan dela, ekimenaren helburuak lortzeko; hau da, batez ere, euskal gazteei Eskualde Garapenerako Europar Funtsen (EGEF) berri emateko. Zazpigarren edizio honen % 50, aurrekoetan bezala, EGEF funtsekin finantzatuko da.
Lehiaketaren VII. edizioaren helburua, beraz, aurreko urteetan egindako komunikazio-ekintzei jarraipena ematea da, eta, zehazki, helburu hauek lortzea:
– EAEk EGEF funtsaren garapenean duen parte-hartzeari buruzko informazioa ematea Euskal Autonomia Erkidegoko gazteei. Gure autonomia-erkidegoaren garapen ekonomikoari bultzada ematen dioten inbertsio-jarduerak, proiektuak eta egindako ekimenak finantzatzen ditu funts horrek.
– Europarekin loturiko alderdietan eta gaietan gazteen interesa piztea, hurbilekoa zaien hizkuntza teknologikoa erabiliz.
– Gizarte-sareen erabilera finkatzea gazteen artean, Europaren berri eta Europako egituraren berri zabaltzeko hedabide diren aldetik.
– Mezu publikoen hedapenean erreferentzia bihurtzea, komunikazio-jardueretan elementu berritzaileak gehituz.
Hori dela eta, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren VI. tituluan, Diru-laguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren laguntza eta diru-laguntzei aplikatu beharreko gainerako xedapenetan xedatutakoaren babespean, eta Ogasun eta Ekonomia Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen ekainaren 13ko 168/2017 Dekretuaren 3.1 artikuluak emandako eskumena erabiliz, hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Deialdia.
«Non ikusten duzu Europa Euskadin?» argazki-lehiaketaren zazpigarren edizioaren deialdia egitea, agindu honen eranskinean onartu eta zehazten diren oinarrien arabera.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA.– Aplikatu beharreko araubidea.
Agindu honetan aurreikusita ez dagoenerako, honako hauek aplikatuko dira: azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina, Diru-laguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra, Lege horren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 88/2006 Errege Dekretua, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA.– Errekurtsoak.
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute interesdunek Ogasun eta Ekonomiako sailburuaren aurrean, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 123. eta 124. artikuluetan ezarritakoaren arabera. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete zuzenean EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua aldizkari ofizial berean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10.1.a) eta 46. artikuluetan ezarritakoa betez.
AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko martxoaren 8a.
Ogasun eta Ekonomiako sailburua,
PEDRO MARÍA AZPIAZU URIARTE.
ERANSKINA, AGINDU HONENA: «NON IKUSTEN DUZU EUROPA EUSKADIN?» ARGAZKI-LEHIAKETAREN ZAZPIGARREN EDIZIOAREN DEIALDIA EGITEN DUEN OGASUN ETA EKONOMIAKO SAILBURUAREN AGINDUA
LEHIAKETAREN OINARRIAK
Lehenengoa.– Antolaketa eta xedea.
Ogasun eta Ekonomia Saileko Ekonomia eta Plangintza Zuzendaritzak (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz) «Non ikusten duzu Europa Euskadin?» gazteentzako argazki-lehiaketaren zazpigarren edizioa antolatu du. Lehiaketaren xedea da Euskal Autonomia Erkidegoan EGEF funtsaren edo Europako beste laguntza batzuen eskutik finantzaketa jaso duten ekimen edo proiektuak argazkien bidez erakustea eta komunikatzea.
Zazpigarren edizio honen % 50, aurrekoetan bezala, EGEF funtsekin finantzatuko da.
Bigarrena.– Partaideek bete beharreko baldintzak.
1.– Lanak aurkezteko datan, parte-hartzaileek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Euskal Autonomia Erkidegoan erroldatuta egotea.
b) 14 eta 25 urte bitarteko adina izatea, biak barne (1993ko urtarrilaren 1etik 2004ko abenduaren 31ra bitartean jaiotakoak).
c) Sexu-arrazoiengatik diskriminatzeagatik zigor administratibo edo penala betetzen edo debeku horrekin zigortuta ez egotea, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean ezarritakoaren arabera.
d) Zerga-betebeharren eta Gizarte Segurantzarekikoen ordainketa egunean izatea, Diru Laguntzen azaoaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2.e artikuluan ezarritakoari jarraituz.
2.– 18 urtetik beherako parte-hartzaileek beren amaren/aitaren edo tutorearen aldez aurreko baimena izan beharko dute (parte-hartzaileak ez badu arau hori betetzen, antolatzaileek ez dute horren erantzukizunik izango).
3.– Diru-laguntzen izaera kontuan izanda, parte-hartzaileek ez dute bete beharrik izango Diru Laguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 artikuluan ezarritako gainerako eskakizunak.
4.– Parte-hartzaileak espresuki aurka agertu ezean, Ekonomia eta Plangintza Zuzendaritzak, bere elkarreragingarritasun-zerbitzuak erabiliz, egiaztatuko du pertsona horrek 2.1.a) eta 2.1.b) oinarri-arauetan ezarritako eskakizunak betetzen dituela. 38/2003 Legearen 13.2.e) artikuluan ezarritakoari jarraituz, zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituela egiaztatzeko, berriz, lehiaketan parte hartzeko inprimakia betetzearekin eta datuak ematearekin baimena emango zaio Ekonomia eta Plangintza Zuzendaritzari datu horiek elkarreragingarritasun-zerbitzuen bidez ere eskuratzeko. Edozein kasutan ere, espresuki aurka agertzen bada, parte-hartzaileak dagozkion egiaztagiriak aurkeztu beharko ditu.
Gainerako betekizunak justifikatzeko, parte-hartzaileek I. eranskina erabili ahal izango dute erantzukizunpeko adierazpentzat.
Hirugarrena.– Aurkeztu nahi diren argazkiek bete beharreko baldintzak.
1.– Euskal Autonomia Erkidegoan EGEFek emandako finantzaketa edo Europako beste laguntza batzuk jaso dituzten proiektuak edo ekimenak erakutsi beharko dituzte argazkiek. Ekimen eta proiektu horien berri ezagutzeko, interesdunek kontsultatu ahal izango dute Ekonomia eta Plangintza Zuzendaritzak Eskualde Garapeneko Europako Funtsari (EGEF) buruz ematen duen informazioa, Euskadi.eus-en honako webgune honetan: http://www.euskadi.eus/fondo-de-desarrollo-regional/web01-a2ogaeko/es/
Argazkiarekin batera testu bat aurkeztu ahal izango da. Ekimenaren edota proiektuaren eta Europatik jasotako laguntzen arteko erlazioa azalduko da testu horretan.
2.– Argazkiek formatu digitala izango dute, eta eskakizun hauek errespetatuko dituzte:
a) Gailu digitalarekin egindakoak izatea.
b) JPG artxiboak izatea.
c) Artxiboaren pisua gehienez ere 5 megabytekoa (MB) izatea.
3.– Lehiaketan parte hartuko duten argazkiek originalak izan behar dute.
4.– Ez da onartuko egileak egindakoa ez den eta egilearen jabetzakoa ez den argazkirik.
5.– Parte-hartzaile bakoitzak gehienez bost argazki aurkez ditzake.
6.– Baztertu egingo dira gustu txarreko argazkiak edo irudiko protagonistentzat iraingarriak izan daitezkeenak. Orobat, baztertu egingo dira edonolako indarkeria justifikatzen, horri garrantzia kentzen edo horretara bultzatzen duten edukiak.
7.– Baztertu egingo dira pertsonak, sexu batekoak edo bestekoak izateagatik, giza duintasun gutxiago edo gehiago dutela, edota sexu-objektu soil gisa ageri dituzten argazkiak.
Laugarrena.– Argazkiak aurkezteko modua eta lehiaketaren garapena.
1.– Facebook-eko EGEF Euskadiren orrian (www.facebook.com/feder.ejgv.euskadi.eus) lehiaketak duen aplikazioaren bitartez edo Instagramen eta Twuitterren bitartez kargatutako argazkiek soilik hartuko dute parte lehiaketan.
2.– Lehiaketan parte hartzeko eta argazkiak aurkezteko, Facebooken helbide horretara jo eta han ageri den parte-hartze formularioa bete beharko da, bai eta orri horretan bertan ageri den erantzukizunpeko adierazpena ere. Formulario horretan, parte-hartzaileak datu hauek eman beharko ditu:
a) Lehiakidearen izen-abizenak.
b) Jaioteguna.
c) Helbide elektronikoa.
d) Telefonoa.
e) Lehiaketaren berri zer bidetatik izan duen.
Twitterren eta Instagramen kasuan, parte-hartzaileek modu publikoan izan behar dute profila, eta argitalpen berriekin parte hartu, lehiaketaren epeen barruan. #FederArgazki18 traola erabili behar da, eta @FederEuskadi aipatu. Nolanahi ere, azken fasera pasatzeko boto baliodun eta beharrezko bakarrak Feder Euskadik Facebooken duen web-orrialdeko aplikazioan emandakoak izango dira. Hona orrialdea: https://www.facebook.com/feder.ejgv.euskadi.eus/
3.– Era berean, parte hartzeko eskaerak modu presentzialean aurkeztu ahal izango dira, Zuzenean Herritarrentzako Arreta Zerbitzuan: Bizkaia (Kale Nagusia 85, 48011 Bilbao), Gipuzkoa (Andia kalea 13, 20003 Donostia) eta Áraba (Ramiro de Maeztu kalea 10 behea, 01008 Vitoria-Gasteiz). Bulego horietan, gainera, laguntza eskatu ahal izango da argazkiak lehiaketaren web-orriaren bidez aurkezteko. Eskaerak aurkezteko, halaber, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako edozein bitarteko eta organo baliatu ahal izango da. Horretarako, interesduna II. eranskineko formularioa erabili beharko du, eta I. eranskinarekin batera bete.
4.– Parte-hartzailea adingabea baldin bada, amaren/aitaren edo tutorearen aldez aurreko baimena duela erakutsi beharko du.
5.– Lehiaketan parte hartu duten argazki guztiak erakutsiko dira Facebook-eko orrian. Horretarako, lehiaketan parte hartzearekin, lehiakideak onartu egiten du bere argazkiak lehiaketaren kanal sozialetan ikustea: Facebook, Twitter eta Instagram.
6.– Irudiak lehiaketaren kanal sozialetan ikusi ahal izango dira, eta bisitariek libreki balioetsi ahal izango dituzte.
7.– Deialdi honetan adierazitako betekizunak betetzen ez dituzten parte-hartzaileak automatikoki kanporatuko dira lehiaketatik.
Bosgarrena.– Argazkiak aurkezteko epea.
Argazkiak 2018ko martxoaren 19tik apirilaren 22ra bitartean (egun biak barne) jasoko dira.
Seigarrena.– Sariak.
1.– Hiru sari emango dira:
– Lehen saria argazki onenari, epaimahaiak emana, lehen sailkatuarentzat: Reflex Nikon D3300 kamera bat (edo antzekoa, eskuragarri dagoenaren arabera), 18-55 eta 55-200 VR objektibo birekin, 625 euroko gehieneko zenbatekoagatik.
– Bigarren saria bigarren argazki onenari, epaimahaiak emana, bigarren sailkatuarentzat: Go Pro Hero kamera digital bat, 360 euroko gehieneko zenbatekoagatik.
– Hirugarren saria argazki bozkatuenari, herritarrek emana: Facebook-eko orrian zaleen boto gehien izan duen argazkiarentzat: E-Book bat (gehienez ere, 120 eurokoa). Argazki bozkatuena hautatzeko, lehen eta bigarren saria jaso duten argazkiak alde batera utziko dira botoen zenbaketan, hala badagokio.
2.– Pertsona bati ez zaio emango sari bat baino gehiago, eta sari horiek aurreko atalean zehaztutako ordenaren arabera emango dira.
3.– Lehenengo tokian sailkatutako argazkiaren egileak seigarren oinarri honetako 1. paragrafoan aipatutako sarietako edozein aukeratu ahal izango du; era berean, bigarren tokian sailkatutako argazkiaren egileak bigarren eta hirugarren sarien artean aukeratu ahal izango du. Bi kasu horietan, beheragoko mailako sariren bat aukeratuz gero, ezin izango da sarien arteko diru-diferentzia jaso.
4.– Sariak ematen dituen Administrazioak bere gain hartuko du pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren konturako ordainketaren kostua, saridunei dagokiena.
Zazpigarrena.– Lehiaketaren epaimahaia eta saritutako argazkiak hautatzeko irizpideak.
1.– Hiru kidek osatuko dute epaimahaia:
a) Epaimahaiburua: Rosanna Micciche, Programme Managerra; DG Regional and Urban Policy-ren ordezkari jardungo du (Europako Batzordea).
b) Mikel Arrazola Arregi, Gobernu Irekiaren Zuzendaritzako irudi-teknikaria (Eusko Jaurlaritza); epaimahaiko idazkaria izango da.
c) Ana Maria Iglesias Franco, Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia Saileko ordezkaria.
2.– Argazkiak aurkezteko epea amaituta, oinarri-arau honetako 3. apartatuan aurreikusitako irizpideei jarraituz, lehiaketa honen hirugarren oinarrian ezarritakoa betetzen duten 2 argazki hautatu beharko ditu epaimahaiak, Feder Euskadi Facebook orrian lehiaketaren aplikazioan boto gehien eskuratu dituzten 30 argazkietatik. Boto gehien eskuratu duten argazkien artean parte-hartzaile batek argazki bat baino gehiago baditu, boto gehien izan dituena hautatuko da finalerako. Boto-berdinketarik gertatzen bada, epaimahaiak hautatuko du finalera joango den pertsonaren argazkia.
3.– Argazkiak aukeratzeko, honako irizpide hauek hartuko dira kontuan:
a) Agerian jartzea Europar Batasunak egindako ekarpenaren garrantzia (20 puntu, gehienez).
b) Argazkien kalitate teknikoa: konposizioa, araztasuna, esposizioa, teknika edo baliabide fotografiko berritzaileak erabiltzea (10 puntu, gehienez).
c) Originaltasuna gaiari heltzeko orduan (10 puntu, gehienez).
d) Eragin eta erakargarritasun bisuala (10 puntu, gehienez).
e) Emakumeen parte-hartze aktiboa eta bi sexuen presentzia orekatua eta irudi plurala erakustea, estereotipo sexistak alde batera utziz (10 puntu, gehienez).
Zortzigarrena.– Saria ematea ebaztea, hautatutako pertsonei jakinaraztea eta sariari uko egitea.
1.– Saiak emateko erabakia Ekonomia, Finantza eta Aurrekontuetako sailburuordearen ebazpen bidez hartuko da 2018ko maiatzaren 9a baino lehen. Egun horretan egingo da sariak emateko ekitaldia. Hautatu diren pertsonek eta boto gehien jaso dituen argazkiaren egileak oinarri hauetan ezarritako betekizunak betetzen dituztela egiaztatu ondoren egingo du bere aukeraketa epaimahaiak, eta hori hartuko du kontuan sailburuordeak ebazpena egiteko.
2.– Lehiaketaren Facebookeko orrian jakinaraziko da sariak emateko hartutako ebazpena. Gainera, hiru irabazleei zuzenean jakinaraziko zaie, mezu pribatu bidez. Era berean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako eran ere jakinaraziko zaie irabazleei eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian ere argitaratuko da.
3.– Irabazleek saria onartzen dutela adierazi behar dute, III. eranskinean jasotako formularioaren bidez. Onarpen hori, era berean, lehiaketaren Facebook-eko orriaren bitartez mezu pribatu bat bidalita ere egin ahal izango dute. Saria onartze dutela adierazten ez badute, uko egiten diotela ulertuko da.
4.– Saria jasotzeari uko eginez gero, arrazoia edozein dela ere, saridunak ez du bestelako ordainik jasotzeko eskubiderik izango. Uko eginez gero, puntuen hurrenkeran hurrengo dagoen argazkiari emango zaio saria.
5.– Partaideek emandako datuetan akatsen bat baldin badago eta, horren ondorioz, haiek identifikatzea ezinezkoa bada, Eusko Jaurlaritzak ez du izango inolako erantzukizunik.
6.– Izaera Pertsonaleko Datuak Babesteko 15/1999 Lege Organikoan aurreikusitako ondorioetarako, irabazleek saria onartzeak berekin dakar Eusko Jaurlaritzari baimena ematea sustapen honi lotutako edozein zabalkunde edo ekintza publikotan haien izenak eta abizenak erabil ditzan, baina horrek ez du sortuko sariaz aparteko bestelako ordainsaririk edo onurarik jasotzeko eskubiderik. Baimen horri ezezkoa emateak sariari uko egin beharra ekarriko du.
Eusko Jaurlaritzak esanbidezko adostasuna eskatuko dio saridunari, oinarri hauen III. eranskinean jasotako inprimakiaren bidez, zortzigarren oinarriko 6. atalean aurreikusitako ondorioetarako.
Bederatzigarrena.– Sari-banaketa.
1.– Sariak ekitaldi batean emango dira, eta irabazleek han izan beharko dute. Garaiz jakinaraziko zaie noiz eta non egingo den ekitaldia. Justifikatutako arrazoi bat dela eta joaterik ez badaukate, irabazleek beste pertsona bat izenda dezakete haien ordez saria har dezan ekitaldi horretan.
2.– Sariak emateko ekitaldian, argazki finalista guztiak erakusketa-areto baten izango dira ikusgai, formatu fisikoan edo digitalean. Argazkien egileei jakinaraziko zaie zehazki noiz eta non erakutsiko diren argazkiak.
3.– Saria emateko orduan, irabazlea adingabea bada, Eusko Jaurlaritzak esanbidezko adostasuna eskatuko die haren gurasoei edo legezko tutoreei, lehiaketako saria jasotzeko eta horrek berekin dakartzan betebeharrak betetzeko; horretarako, oinarri hauen V. eranskinean dagoen formularioa bete beharko dute.
Hamargarrena.– Saritutako argazkien jabetza.
1.– Parte-hartzaileak, lehiaketara aurkeztu duen argazkiaren egile-eskubide guztien titular bakarra denez, erabateko erantzukizuna izango du aurkeztutako lanaren gain hirugarrenek eskubiderik ez izateko edo hirugarrenen batek irudi-eskubideen ondorioz jar ditzakeen erreklamazioen aurrean.
2.– Saritutako lanen ustiapen-eskubideak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari emango zaizkio, modu ez-esklusiboan, eta 3 urterako gehienez ere. Ustiapen-eskubide horiek saritutako lanak erreproduzitzeko, banatzeko, haien komunikazio publikoa egiteko, eraldatzeko eta egokitzeko baliatuko dira, lan horiek lehiaketa honekin lotutako zabalkunde jarduera publikoetan erabiltzeko.
Hamaikagarrena.– Betebeharrak eta erantzukizunak.
1.– Lehiaketan parte hartzeak berekin dakar oinarri-arau hauek eta epaimahaiaren erabakia onartzea, bai eta Diru-laguntzen 38/2003 Lege Orokorreko 14.1 artikuluan ezarritako betebeharrak betetzea ere. Oinarri hauek (batzuk edo guztiak) ez direla onartzen adierazteak parte-hartzailea kanporatzea ekarriko du, eta horren ondorioz, administrazioa libre da parte-hartzaile horrekiko hartutako obligazioa betetzetik.
2.– Facebookek ez du babesten, abalatzen edo administratzen inola ere lehiaketa hau. Eusko Jaurlaritzak baino ez du jasoko parte-hartzaileak Facebooken edo mezu pribatuen bitartez ematen duen informazioa, eta lehiatzailearen parte-hartzea izapidetzeko eta, irabazle suertatuz gero, sariaren berri emateko erabiliko du soilik.
Hamabigarrena.– Sariak errebokatzea eta itzultzea.
1.– Emandako sariak errebokatu egingo dira, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorraren kontura emandako diru-laguntzen bermeen eta itzulketen jardunbide orokorra arautzen duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan edo hori ordezkatuko duen arauan, eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginean aurreikusitakoaren arabera, baldin eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37.1 artikuluan aurreikusitako arrazoiren bat tarteko bada, eta, zehazki, oinarri hauetan ezarritako betebeharrak betetzen ez badira.
2.– Ekonomia, Finantza eta Aurrekontuetako sailburuordearen ebazpen bidez errebokatuko da saria, eta ebazpen horretan, adieraziko da zergatik errebokatu den eta errebokatzeak zer ondorio ekarriko duen.
Hamahirugarrena.– Bateragarritasuna.
Lehiaketa honetan parte hartzeak ez du esan nahi ezin direla argazki berberak antzeko beste lehiaketa batzuetan aurkeztu, eta ez dago eragozpenik lan berberarengatik sariak edo aitorpenak jasotzeko.
Hamalaugarrena.– Datu pertsonalen babesa.
Izaera Pertsonaleko Datuak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoak xedatutakoa betez, eskabidean agertzen diren datuak Ogasun eta Ekonomia Sailaren «Ekonomia arloko ekimenen hedapena» izeneko fitxategian sartuko dira. Fitxategi hori Ogasun eta Ekonomia Sailaren eta Euskal Estatistika Erakundea eta Lehiaren Euskal Agintaritza erakunde autonomoen datu pertsonalen fitxategiei buruzko Ogasun eta Ekonomiako sailburuaren 2018ko otsailaren 6ko Aginduan dago araututa. Aldez aurretik, Datuak Babesteko Agentziari eman zaio horren berri, eta datuen segurtasun osoa bermatzeko behar diren segurtasun-neurriak ezarrita ditu. Fitxategiaren datuak, bestalde, ez zaizkie beste pertsona batzuei jakinaraziko, legeak bideratutako kasuetan izan ezik Datu pertsonalak babesteko indarrean dagoen araudiari jarraituz, datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezerezteko eta aurka egiteko eskubideak erabil daitezke. Horretarako, Ogasun eta Ekonomia Sailera jo beharko da: Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.
I. ERANSKINA
BALDINTZAK BETETZEARI BURUZKO ERANTZUKIZUNPEKO ADIERAZPENA
Izen-abizenak: jaun/andreak
NAN/AIZ/Pasaportea: ..........................................
Honako hau den aldetik:
ADIERAZTEN DU, «Non ikusten duzu Europa Euskadin?» argazki-lehiaketaren bigarren oinarrian jasotako ondorioetarako,
– Ez dela zigor administratibo edo penalik betetzen ari sexu-arrazoiengatik diskriminatzeagatik, eta ez dagoela debeku horrekin zigortuta, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 4/2005 Legean ezarritakoaren arabera.
– Amaren/aitaren edo tutorearen aldez aurreko baimena duela, lehiaketan parte hartzeko (*)
Lekua, data eta sinadura.
(*) 18 urtetik beherako parte-hartzaileentzako ezinbestekoa.
II. ERANSKINA
PARTE HARTZEKO FORMULARIOA
Izen-abizenak: jaun/andreak
Jaioteguna: .....................................................................
Posta-helbidea:
Helbide elektronikoa:
eta telefonoa: ............................................
ESKATZEN DU parte hartzea «Non ikusten duzu Europa Euskadin?» argazki-lehiaketaren zazpigarren edizioan, eta lehiaketaren oinarriak onartzen ditu.
– Lehiaketaren berri zer hedabideren bidez jaso duen.
– Egun honetatik aurrera, zer komunikazio-bide erabiliko duen administrazioarekin:
a) Telematikoa.
b) Posta bidezkoa.
Lekua, data eta sinadura
III. ERANSKINA
SARIA ONARTZEA
Izen-abizenak: jaun/andreak
NAN/AIZ/Pasaportea: ..........................................
Honako hau den aldetik:
ADIERAZTEN DU, «Non ikusten duzu Europa Euskadin?» argazki-lehiaketaren 8.3 oinarrian jasotako ondorioetarako, ONARTU egiten duela saria.
Lekua, data eta sinadura
IV. ERANSKINA
IZAERA PERTSONALEKO DATUEI BURUZKO BAIMENA
Izen-abizenak: jaun/andreak
NAN/AIZ/Pasaportea: ..........................................
Honako hau den aldetik:
BAIMENA ematen dio Eusko Jaurlaritzari «Non ikusten duzu Europa Euskadin?» argazki-lehiaketarekin erlazionatutako jarduera-publiko edo hedapen-jardueretan bere izena eta abizenak erabiltzeko, sariaz aparteko bestelako eskubiderik, ordainketarik edo onurarik jasotzeko eskubiderik izan gabe.
Lekua, data eta sinadura
V. ERANSKINA
SARIA JASOTZEKO BAIMENA (ADINGABEEN KASUAN BAKARRIK)
Izen-abizenak: jaun/andreak
NAN/AIZ/Pasaportea: ..........................................
.......................................................................................................................... adingabearen aita/ama/turore denak
BAIMENA ematen dio «Non ikusten duzu Europa Euskadin?» argazki-lehiaketaren saria jasotzeko, eta adierazten du ezagutzen dituela lehiaketaren oinarriak eta oso-osorik onartzen dituela.
Lekua, data eta sinadura