EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-03-15 Aldizkari honetan argitaratua: 2018053

EBAZPENA, 2018ko otsailaren 8koa, Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren zuzendariarena, Amorebieta-Etxanoko (Bizkaia) lurretan kokatutako Abadiño-Sidenor lineako Luminabaso azpiestazio elektriko berriko sarrerako eta irteerako energia elektrikoa garraiatzeko zirkuitu sinpleko eta 220 kV-eko aireko linearen administrazio-baimena, egikaritze-proiektua eta onura publikoaren deklarazioa onartzeko dena.

Xedapenaren data: 2018-02-08
Hurrenkenaren zenbakia: 201801392
Maila: Ebazpena

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2011/06/27an argitaratutako 2011/05/16ko IRAGARPENA [201103324]
  • Ikus 2012/06/01ean argitaratutako 2012/03/28ko EBAZPENA [201202473]

Espedientea: 48-AT-H-2011-00040.
Espedientea ebazterakoan beharrezkoa da honako hauek aintzat hartzea eta aipatzea:
AURREKARIAK
Lehenengoa.– Red Eléctrica de España SAk, aurrerantzean REE, 2011ko martxoaren 22an eskatu zuen Amorebieta-Etxanoko lurretan kokatutako Abadiño-Sidenor lineako Luminabaso azpiestazio elektriko berriko sarrerako eta irteerako energia elektrikoa garraiatzeko zirkuitu sinpleko eta 220 kV-eko aireko linearen administrazio-baimena, egikaritze-proiektua, onura publikoaren deklarazioa eta ingurumen-inpaktuaren adierazpena onartzeko.
Bigarrena– Abenduaren 3ko 282/2002 Dekretuko 10. artikuluan (2002-12-23ko EHAA) eta abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuko 144. artikuluan (2000-12-27ko EHAA) ezarritakoa betez, bat eginez ezartzen duenarekin testu beraren azken xedapenetako lehenengoan, 1957ko apirilaren 26ko Nahitaezko Desjabetze Legearen Erregelamenduko 17. artikuluan, Sektore elektrikoari buruzko azaroaren 27ko 54/1997 Legearen 53. artikuluan eta urtarrilaren 11ko 1/2008 Errege Dekretu Legegilearen 9. artikuluan, proiektuen ingurumen-eragina ebaluatzeari buruzko Legearen testu bategina onartzen duena (2008-01-26ko BOE) Euskal Autonomia Erkidegoko ingurugiroa babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Legean xedatutakoari dagokionez (1998-03-27ko EHAA), hilabete bateko informazio publikoko epea bete zuten aipatutako proiektuak, eskatzaileak nahitaez desjabetu behar direla uste duen ondasunen eta eskubideen zerrenda zehatzarekin eta banakakoarekin, eta ingurumen-inpaktuaren azterketak.
Hirugarrena.– Informazioa jendaurrean jartzeko izapidea betetzeko, iragarkia argitara eman zen Amorebieta-Etxanoko Udaleko iragarki-taulan 2011ko ekainaren 21etik uztailaren 23ra, 2011ko uztailaren 24ko BAOn, 2011ko uztailaren 27ko EHAAn eta 2011ko uztailaren 30eko «El Correo» egunkarian.
Laugarrena.– Aldi berean, zegokion txostenak eskatuz separatak bidali zitzaizkien Amorebieta-Etxanoko Udalari, Lemoako Udalari, Larrabetzuko Udalari, Galdakaoko Udalari, Bediako Udalari, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailari (Garraio eta Herri Lan Sailburuordetza), Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailari (Kultura Ondarearen Zuzendaritza), Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Antolamendu, Nekazaritza eta Arrantza Sailari (Ingurumen Plangintzako Zuzendaritza), Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Antolamendu, Nekazaritza eta Arrantza Sailari (Ingurumen Sailburuordetza eta Lurralde Antolamenduko Zuzendaritza), URA Uraren Euskal Agentziari, Iberdrola Distribución Eléctrica SAUri eta Bizkaiko Foru Aldundiari (Errepideen Zuzendaritza).
Honako erakunde hauei ere bidali zitzaizkien proiektua eta ingurumen-inpaktuaren azterketa informazio gisa: Amorebieta-Etxanoko Udala, Lemoako Udala, Larrabetzuko Udala, Galdakaoko Udala, Bediako Udala, URA Uraren Euskal Agentzia, Bizkaiko Foru Aldundia (Errepideen Zuzendaritza), Bizkaiko Foru Aldundia (Nekazaritzako eta Abeltzaintzako Zuzendaritza Nagusia), Bizkaiko Foru Aldundia (Kulturako Zuzendaritza Nagusia), Bizkaiko Foru Aldundia (Ingurumen Saila), Bizkaiko Foru Aldundia (Mendietako eta Naturaguneetako Zuzendaritza Nagusia), Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Antolamendu, Nekazaritza eta Arrantza Saila (Lurralde Antolamenduko Zuzendaritza), Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Antolamendu, Nekazaritza eta Arrantza Saila (Ingurumen Sailburuordetza, Biodibertsitate eta Ingurumen Partaidetzarako Zuzendaritza), Bizkaiko Osasun Lurraldeko Bulegoa (Osasun Publikorako Zuzendariordetza), Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Antolamendu, Nekazaritza eta Arrantza Saila (Nekazaritza eta Landa Garapeneko Sailburuordetza, Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza), Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Antolamendu, Nekazaritza eta Arrantza Saila (Nekazaritza eta Landa Garapeneko Sailburuordetza, Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko Zuzendaritza), Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Antolamendu, Nekazaritza eta Arrantza Saila (Ingurumen Sailburuordetza, Lurralde Antolamenduko Zuzendaritza) eta Eusko Jaurlaritzako Kultura Saila (Kultura Ondarearen Zuzendaritza).
Bosgarrena.– Sektore elektrikoari buruzko 54/1997 Legearen 36.3 artikulua eta 1955/2000 Errege Dekretuaren 114. artikulua jarraituz, 2012ko urrian txosten bat eskatu zitzaion Ministerioko Energia Politikako eta Meategietako Zuzendaritza Nagusiari. 2012ko azaroaren 14an emandako erantzunean, Zuzendaritza Nagusiak txostena egiteko lanak eten zituen aipatutako instalazioa plangintza berrian sartuta egon arte.
Seigarrena.– Kontsultatutako administrazioek aurkeztutako txostenak eskatzaileari bidali zitzaizkion, eta honek txostenak kontuan izan eta bertako baldintzak onartu zituen.
Zazpigarrena.– Amorebieta-Etxanoko Udalak alegazioak aurkeztu zituen 2011ko uztailaren 11n aurreikusitako kokalekuarekin lotuta. Alegazioak REEri bidali zitzaizkion eta honek kokapena justifikatu zuen adieraziz instalazioa Kontseilu Ministroak onartutako plangintzan sartuta dagoela eta, beraz, interes orokorrekoa dela eta auziak lurralde-antolamenduari eragiten diola gehiago arlo urbanistikoari baino. Hori dela eta, REEk uste du toki-korporazioek euren antolamendu bitartekoetan instalaziook hartzeko beharrezko aldaketak sartu behar dituztela. Baldintza orokorrak onartzen dituela ere badio. Bada, 2011ko azaroaren 14an informazio hori helarazi zitzaion aipatutako udalari.
Zortzigarrena.– Bizkaiko Foru Aldundiko Herri Lan eta Garraio Sailak proiektuari alegazioak aurkeztu zizkion 2013ko urtarrilaren 17an. Aldiz, REErekin hainbat negoziazioren ostean, 2016ko azaroaren 15ean instalazioak bideragarriak zirela jakinarazi zuen.
Bederatzigarrena.– 2012ko martxoaren 28an, Ingurumen Sailburuordetzak ingurumen-inpaktuaren adierazpenaren ebazpena eman zuen REEk sustatutako Luminabaso 220 kV-ko azpiestazio elektrikoaren eta Abadiño-Sidenor 220 kV-ko konexio elektrikoko linearen proiektuari buruz.
Hamargarrena.– REEk izapidetzea berriro ere martxan jartzea eskatu zuen 2016ko maiatzaren 25ean, baimendu beharreko azpiegitura Industria, Energia eta Turismoko Ministerioaren Plangintza Zuzendariordetza Nagusiaren «Planificación Energética, Plan de Desarrollo de la Red de Transporte de Energía Eléctrica 2015-2020» dokumentuan jasota baitzegoen dagoeneko. Dokumentu hori Ministro Kontseiluak onartu zuen 2015eko urriaren 16an.
Hamaikagarrena.– 2017ko irailaren 8an, Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren zuzendariak espedientea berrartzeko eskatu zion Energia, Turismo eta Agenda Digitaleko Ministerioko Energia Politikako eta Meategietako Zuzendaritza Nagusiari. Eta 2017ko urriaren 11n aipatutako Zuzendaritza Nagusiaren aldeko txostena jaso zen abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 35.2 artikuluan aurreikusitako ondorioetarako.
OINARRI JURIDIKOAK
Lehenengoa.– Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren zuzendaria da ebazpen hau emateko eskuduna, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 74/2017 Dekretuan ematen zaizkion ahalmenez baliatuta (2017-04-21eko EHAA).
Bigarrena.– Sektore elektrikoari buruzko 54/1997 Legearen 39. artikuluak ezartzen duenez, energia elektrikoa banatzeko instalazioak martxan jartzeko, aldatzeko, eskualdatzeko eta behin betiko ixteko, aldez aurretik administrazioaren baimena beharko da.
Hirugarrena.– Abenduaren 3ko 282/2002 Dekretuaren bidez, honako instalazio hauek eraikitzeko, aldatzeko, ustiatzeko, eskualdatzeko eta ixteko administrazio-baimenerako prozedurak arautzen dira: energia elektrikoa ekoitzi, garraiatu nahiz banatzeko Euskal Autonomia Erkidegoko instalazioak, baita kontsumitzaileak konektatzeko harguneak, zuzeneko lineak eta instalazioak ere.
Laugarrena.– Sektore Elektrikoari buruzko 54/1997 Legearen 52. artikuluak herri-onurakotzat deklaratzen ditu energia elektrikoa ekoitzi, garraiatu eta banatzeko instalazioak, horiek instalatzeko beharrezko diren ondasun eta eskubideen nahitaezko desjabetzea egiteko eta igarobide zorra ezarri eta erabiltzeko, eta, deklarazio horrek berez dakar ondasun eta eskubide horien okupazioa eta presaz okupatu beharra, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluaren ondorioetarako.
Bosgarrena.– Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legearen xedapen gehigarrietako bigarrengoan ezartzen denez, legea indarrean jarri aurretik hasitako instalazio elektrikoen baimentze-prozedurak aurreko araudiari jarraituz izapidetuko dira, ebatzi arte.
Seigarrena.– Euskal Herriko ingurugiroa babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorrak zehazten duenez, I. eranskineko B) apartatuan jasotako proiektuetan banakako ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egin behar da.
Zazpigarrena.– Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen lehengo xedapen iragankorrak ezartzen duenez, aipatutako legea indarrean sartu aurretik argitaratutako ingurumen-inpaktuaren adierazpenen indarraldia bertan behera geratzen da proiektuak ez badira adierazpenak indarrean sartu eta sei urteko gehieneko epean egikaritzen hasi.
Zortzigarrena.– Espedientea bideratzean, administrazio-prozedurari buruzko arauetan zein arestian aipatutako legerian aurreikusitako prozedura-baldintzak eta izapideak kontuan hartu eta bete dira.
Bederatzigarrena.– Proiektuak betetzen ditu aplikagarriak diren segurtasun-araudietan biltzen diren eskakizun teknikoak.
Aipatutako lege-aginduak, eta oro har eta haiekin bat etorriz aplikatzekoak diren gainerako xedapenak aztertu ondoren, honako hau
EBAZTEN DUT:
Red Eléctrica de España SAri baimena ematea Amorebieta-Etxanoko lurretan kokatutako Abadiño-Sidenor lineako Luminabaso azpiestazio elektriko berriko sarrerako eta irteerako energia elektrikoa garraiatzeko zirkuitu sinpleko eta 220 kV-eko aireko lineari dagozkion instalazioak jartzeko.
Jarraian zehaztutako ezaugarri nagusiak dituen egikaritze-proiektua onartzea:
Egungo linea 127. eta 128. euskarrien artean zirkuitu sinpleko eta 220 kV-eko linea batera aldatzea, eta bi euskarri berri instalatzea: 127b eta 128b. Euskarri berriotatik sartuko eta irtengo da energia elektrikoa Luminabaso azpiestazio elektriko berrian, eta aldaketaren luzera 688 metrokoa izango da guztira.
127b eta 128b euskarrien artean behin-behineko zati bat eraikitzea egungo lineari jarraipena emateko, 93 metrokoa zehazki.
Kokapena: Amorebieta-Etxanoko lurrak.
Aurrekontua: 396.328 euro.
Helburua: Inguruan energia elektriko eskaeran izandako hazkundeari erantzuna ematea.
Baimentzen den instalazioa onura publikokoa dela deklaratzea, eta deklarazioak, Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 55. artikuluan xedatutakoarekin bat eginik, honako hauek dakartza berekin: ondasunak okupatu eta eraginpeko eskubideak hartu beharra, eta okupazioa, gainera, presaz egin beharra. Deklarazioak, halaber, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko 1954ko abenduaren 16ko Legearen 52. artikuluan presaz okupatzeko deklarazioari dagokionez ezartzen diren ondorioak dakartza, 53. artikuluan zehaztutako erregistro-ondorioekin.
Abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuan, abenduaren 3ko 282/2002 Dekretuan eta jarraian zehaztutako baldintzekin bat eginez ematen da ebazpen hau:
Onartutako proiektuarekin bat egin beharko dira obrak, eta, halakorik bada, eskatzen eta baimentzen diren aldakuntzekin bat.
Martxan jartzeko epea hiru urtekoa izango da, ebazpen honen egunetik aurrera.
Obrak amaitzean, instalazioen jabeak Bizkaiko Lurralde Ordezkaritzari jakinarazi beharko dio lanen amaiera, behin betiko onarpena eman eta abiarazte-akta egin ahal izateko.
Ebazpen hau emateak ez dakar berarekin udal, probintzia edo beste edonon lortu beharreko obrak egiteko baimenak edo lizentziak lortu behar ez izatea, hau da, eskatzaileak nahitaez lortu beharko ditu baimen horiek guztiak ere. Halaber, hirugarrenen eskubideei kalterik egin gabe eta jabetza-eskubideari eutsiz ematen da.
Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beronen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke Industria Sailburuordetzaren aurrean, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hasita, hala ezarrita baitago Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko otsailaren 8a.
Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren zuzendaria,
AITOR PATXI OREGI BAZTARRIKA.