EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-03-12 Aldizkari honetan argitaratua: 2018050

63/2018 EBAZPENA, martxoaren 1ekoa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez Generalitat de Catalunyarekin sinatutako hitzarmen bat argitaratzen baita, Centre de Documentació delakoa eta HABE biblioteka bibliografia eta dokumentazio arloan lankidetzan aritzeko dena.

Xedapenaren zenbakia: 201800063
Xedapenaren data: 2018-03-01
Hurrenkenaren zenbakia: 201801329
Maila: Ebazpena
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak hitzarmen-marko hori sinatu du; beraz, zabalkunde egokia izan dezan, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Generalitat de Catalunyarekin sinatutako hitzarmen bat, Centre de Documentació delakoa eta HABE Liburutegia bibliografia eta dokumentazio arloan lankidetzan aritzeko dena. Hitzarmenaren testua eranskinean jasota dago.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko martxoaren 1a.
Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,
JUAN ANTONIO ARIETA-ARAUNABEÑA IBARZABAL.
ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN MARTXOAREN 1EKO 63/2018 EBAZPENARENA
LANKIDETZA-HITZARMENA GENERALITAT DE CATALUNYAREN ETA EUSKO JAURLARITZAREN ARTEKOA, CENTRE DE DOCUMENTACIÓ DELAKOARI ETA HABE LIBURUTEGIARI DAGOKIENA
BILDURIK
Alde batetik, Kataluniako Generalitateko Kulturako kontseilari Ferran Mascarell i Canalda jauna,
Eta, bestetik, Cristina Uriarte Toledo, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua eta HABEko presidentea, Eusko Jaurlaritzaren izenean,
DIHARDUTE:
Lehena, Catalunyako Generalitatearen Administrazioaren izenean, 2012ko abenduaren 27ko Gobernu Akordioaren arabera, eta Gobernuaren eta Generalitatearen Presidènciaren azaroaren 5eko 13/2008 Legearen 26.k) artikuluarekin bat, Gobernuak erabaki du hitzarmen hau sinatzea, eta Culturako kontseilaria baimentzen du Generalitatearen Administrazioaren izenean sinatzeko, aipatu 13/2008 Legearen 10.b) artikuluari jarraikiz.
Bigarrenak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren izenean, ekainaren 30eko 7/1981 Legeak 18.e) artikuluan xedatutakoari jarraikiz, Gobernu Kontseiluak 2014ko urriaren 14an hartu zuen erabakiaren arabera. Bertan, Gobernu Kontseiluak hitzarmen hau sinatzea erabaki du.
ADIERAZTEN DUTE:
A) Centre de Documentació de la Direcció General de Política Lingüísticari dagokionez.
1991. urtean sortua, soziolinguistikaren eta hizkuntza-politika eta hizkuntza-plangintzaren arloan Espainian dagoen dokumentazio-zentrorik garrantzizkoena da, baita Europar Batasuneko inportanteenetakoa ere.
Dokumentazio-zentroa honako gai hauetan dago espezializatua: soziolinguistikan, hizkuntza-politikan eta hizkuntza-plangintzan, hizkuntzalaritza aplikatuan, hizkuntzaren didaktika eta irakaskuntzan, hizkuntz zuzenbidean, geografia linguistikoan, antropologia linguistikoan eta hizkuntzarekin lotura duten bestelako diziplinetan.
Honako helburu hauek ditu: batetik, erabilera publikoa izango duen dokumentazio-funts egokia mantentzea, hizkuntz politika, soziolinguistika, hizkuntz zuzenbide eta hizkuntz plangintza bezalako gaien inguruan eta, bestetik, erantzuna ematea Direcció General de Política Lingüísticaren eta berarekin zuzeneko lotura duten beste erakundeetako dokumentazio- eta informazio-beharrei.
B) HABE Liburutegiari dagokionez, berriz.
Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailera atxikitako HABE erakundearen liburutegiak hasieratik bertatik, 1981tik, jarri izan die arreta berezia hizkuntzen eta eleaniztasunaren alde didaktiko, soziologiko, psikologiko eta hezkuntzazkoei.
Urte hauen buruan, HABE Liburutegiak funts bibliografiko zabala eta sendoa osatzeaz gain, eskura jarri ditu funtsok nola HABEren teknikari eta arduradunentzat, hala eskumen bera duten Eusko Jaurlaritzaren gainerako sailetako teknikari nahiz arduradunentzat. Halaber, euskaltegietako irakasleek eta gorago aipatu diren gaietan interesa duen Administraziotik kanpoko teknikari, irakasle eta ikerlariek ere baliatzen dituzte HABE Liburutegiaren zerbitzuak.
C) Bi zentroen artean gaur arte izandako lankidetzari dagokionez.
Aipagarria da azken 20 urteotan bi erakundeek elkarlanean izan duten harreman profesional ona.
Centre de Documentació-ko teknikariak, hainbatetan, HABE Liburutegiak duen egoitzan izan dira Donostian eta, era berean, HABE Liburutegiko teknikariak Centre-ren Bartzelonako egoitzan.
Denbora honetan guztian, maiz elkartrukatu dituzte esperientziak, informazioa eta dokumentazioa, nahiz eta ez aritu modu jarraian. Elkartrukatze horiek, gainera, modu egokian bideratu dituzte bi aldeek. Honegatik guztiagatik, begien bistakoa da elkarlanean sakontzeko beharra dagoela.
1998an elkarlan berezi bat gauzatu zen. Urte hartan, Centre de Documentació erakundea HABErekin batera aritu zen lanean hizkuntza ertain eta minorizatuei buruzko lehen CD-Romean: Lingua+. Egitasmo honetan, Euskal Herriko eta Kataluniako gobernuez gain, Alsazia, Galizia, Gales eta Nafarroakoek ere parte hartu zuten.
Goian esandako guztia kontuan hartuz, eta bi zentroen arteko lankidetzan sakontzeko borondatea berretsiz, hitzarmen hau gauzatzen da klausula hauei jarraikiz.
KLAUSULAK
Lehenengoa.– Helburua.
Hitzarmen honen helburu nagusia da Centre de Documentació erakundea eta HABE Liburutegia elkarlanean aritzea, bereziki bibliografia eta dokumentazioari dagokienean, eta komunak zaizkien jakintzagaien alorrean.
Ahal den neurrian, baliabide eta esperientziak trukatzea bultzatu eta bi zentroetako erabiltzaile-komunitateentzako baliabide komunak eskainiko dira.
Bigarrena.– Elkarlanaren eremua.
Eremu hauetara mugatuko da bi erakundeen arteko lankidetza:
1.– Zentro batek besteari egiten dizkion informazio- eta dokumentazio-eskariei ahalik eta azkarren eta modurik osatuenean erantzungo zaie.
2.– Liburu berrien erosketak eta aldizkarien harpidetzak era koordinatuan egin daitezke bi liburutegien artean, betiere, erosketen kapituluari dagokion gastuak jaisteko xedez.
3.– HABE Liburutegiaren Alertak zerbitzua erabili ahal izango dute Centre de Documentació-k eta Direcció General de Política Lingüística-ko teknikariek; zerbitzu honen bidez, Liburutegiaren espezializazio gaiak lantzen dituzten ia ehun aldizkari zientifikorako on-line sarbidea balia daiteke.
4.– Bi zentroek lehentasuna emango diote elkarri, beren soberakinak eskaintzeko garaian.
5.– Bi zentroon zerbitzu propio edo bateratuak sortzen laguntzeko, beharrezkoak diren agiriak eskuratzea erraztuko da.
6.– Bi zentroetako web guneetan bestearen webari eginiko lotura zuzena eskainiko da, toki nabarmenean eskaini ere.
Hirugarrena.– Jarraipen Batzordea.
Hitzarmen honen ezarpena bete eta ebaluazioa egiteko xedez, parekidea izango den Jarraipen Batzorde bat osatuko da Kataluniako Generalitatearen Direcció General de Política Lingüística-ko eta Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako bina ordezkariz osatua.
Jarraipen Batzordea urtean behin bilduko da, aurrez aurre ezin bada birtualki bederen, eta baita bi aldeetako batek eskatzen duenero. Jarraipen Batzordeak, hurrengo urtean aurrera eramango diren ekimenen aurreikuspena aztertuko du eta, hala berean, aurreko urtean burututako ekintzen ebaluazio-txostena.
Halaber, Hitzarmen honen ezarpenean zein interpretazioan sor daitezkeen eztabaidak era adiskidetsuan ebatziko dira, betiere, administrazioarekiko auzi epaiketa-bidea hartu aurretik.
Laugarrena.– Hutsaltzea.
Bosgarren klausulak aurreikusten duenari kalterik eragin gabe, Hitzarmen hau aldez aurretik eteteko arrazoiak dira:
1.– Lankidetza-hitzarmenean adostutako konpromisoak bi aldeetako batek ez betetzea.
2.– Bi aldeak ados jarri eta idatziz bideratzea.
3.– Hitzartutakoa betetzeko ezintasun legala edo materiala sortzea.
4.– Bi aldeetako batek salaketa jartzea, idatziz eta bi hilabete lehenagotik.
5.– Araudian aurreikus daitezkeen erabakiak hartzeko gainerako arrazoiak.
Bosgarrena.– Iraunaldia.
Hitzarmen hau sinatu eta biharamunean jarriko da indarrean, eta 2014ko abenduaren 31 arte luzatuko da. Hitzarmena automatikoki berrituko da urtero, urtearen hasieran, alderdietako batek espresuki salatzen ez badu behintzat, betiere hitzarmena amaitu baino hiru hilabete baino lehen.
Aurrekoarekin bat, sinatzaileek dauzkaten eskumenak baliatuz, hitzarmen hau bikoizturik sinatzen dute 2014ko abenduaren 2an.
Hezkuntza, Hizkuntz Politika eta Kulturako sailburua eta HABEko presidentea,
CRISTINA URIARTE TOLEDO.
Conseller de Cultura de la Generalitat de Catalunya,
FERRAN MASCARELL I CANALDA.