EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-03-09 Aldizkari honetan argitaratua: 2018049

AGINDUA, 2018ko otsailaren 28koa, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuarena, zeinaren bidez indargabetzen baitira, batetik, Elkartzen programa arautzen duen 2005eko martxoaren 15eko Agindua (Elkartzen programaren bidez, laguntzak ematen zaizkie irabazi-asmorik gabeko erakundeei, kanpo sustapenerako jarduerak egin ditzaten), eta, bestetik, Euskal Autonomia Erkidegoko kluster-erakundeei laguntzeko programa arautzen duen Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuaren 2016ko apirilaren 13ko Agindua.

Xedapenaren data: 2018-02-28
Hurrenkenaren zenbakia: 201801297
Maila: Agindua

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2005/04/20an argitaratutako 2005/03/15eko AGINDUA [200501995]
  • 2016/05/02an argitaratutako 2016/04/13ko AGINDUA indargabetzen du [201601799]

Elkartzen programak irabazi-asmorik gabeko erakundeei laguntzak ematen dizkie, kanpo sustapenerako jarduerak egin ditzaten, eta Industria, Merkataritza eta Turismoko sailburuaren 2005eko martxoaren 15eko Aginduan araututa dago. Arau hori, hala ere, beste batek aldatu zuen, Industria, Merkataritza eta Turismoko sailburuaren 2012ko ekainaren 13ko Aginduak egokitu nahi izan baitzuen laguntza-programa sortu ziren beharrizan berrietara. Hala, ordura arte onartuta ez zeuden gastu-kontzeptu batzuk onartu ziren, eta laguntzen gehieneko mailak areagotu, besteak beste.
Kontuan hartuta 2012ko ekainaren 13ko Aginduaren bidez egindako aldaketa garrantzitsuak, eta une honetan beharrezkotzat jotzen direnak, komeni da Industria, Merkataritza eta Turismoko sailburuaren 2005eko martxoaren 15eko Agindua indargabetzea, eta, hala badagokio, egintza berri bat idaztea, gaur egun EAEko enpresak nazioartekotzeko eremuan duen egoera aurreikusiko duena.
Bestalde, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuaren 2016ko apirilaren 13ko Aginduan, Euskal Autonomia Erkidegoko kluster-erakundeei laguntzeko programa arautzen zen, eta, erakunde horien kasuan, beharrezkoa da laguntza-programaren irismena eta finantziazioa hedatzea, babes-tresna bakar baten barruan sar daitezen orain arte Elkartzen programaren bidez ematen ziren nazioartekotze-laguntzak. Plangintza horren ondorioz, beharrezkoa da araudi berri bat ezartzea, autonomia-erkidego honetan klusterrak dinamizatzen dituzten erakundeei eman beharreko diru-laguntzetarako.
Ondorioz, honako hau
XEDATZEN DUT:
Lehenengo artikulua.– Indargabetuta geratzen da Industria, Merkataritza eta Turismoko sailburuaren 2005eko martxoaren 15eko Agindua, Elkartzen programa garatzen duena. Programa horren bidez laguntzak ematen zaizkie irabazi-asmorik gabeko erakundeei, kanpo sustapeneko jarduerak egin ditzaten.
Bigarren artikulua.– Indargabetuta geratzen da Euskal Autonomia Erkidegoko kluster-erakundeei laguntzeko programa arautzen duen Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuaren 2016ko apirilaren 13ko Agindua.
XEDAPEN IRAGANKORRA
Indargabetzen den araudiaren arabera izapidetutako espedienteek oraindik ere araudi hori beteko dute, amaitzen diren arte.
AZKEN XEDAPENA
Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko otsailaren 28a.
Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua,
MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.