EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-03-08 Aldizkari honetan argitaratua: 2018048

57/2018 EBAZPENA, otsailaren 22koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita argitara ematea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Donostiako Udalaren artean sinatutako lankidetza-hitzarmena, Giza Eskubideen Arloko Pedagogia Baliabideen Aieteko Zentroaren fase pilotua babesteko.

Xedapenaren zenbakia: 201800057
Xedapenaren data: 2018-02-22
Hurrenkenaren zenbakia: 201801265
Maila: Ebazpena
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak hitzarmena sinatu duenez gero, zabalkunde egokia izan dezan, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Donostiako Udalaren artean sinatutako lankidetza-hitzarmena, Giza Eskubideen Arloko Pedagogia Baliabideen Aieteko Zentroaren fase pilotua babesteko.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko otsailaren 22a.
Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,
JUAN ANTONIO ARIETA-ARAUNABEÑA IBARZABAL.
ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN OTSAILAREN 22KO 57/2018 EBAZPENARENA
EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIO OROKORRAREN, GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIAREN ETA DONOSTIAKO UDALAREN ARTEKO HITZARMENA, GIZA ESKUBIDEEN ARLOKO PEDAGOGIA BALIABIDEEN AIETEKO ZENTROAREN FASE PILOTUA BABESTEKO
Donostia, 2018ko otsailaren 19a.
ESKU HARTZEN DUTE:
Batetik, Jonan Fernandez Erdozia, Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren idazkari nagusia, Gobernu Kontseiluaren 2017ko abenduaren 26ko Erabakiak eskumena ematen diolako egintza honetan parte hartzeko.
Bestetik, Markel Olano Arrese, Gipuzkoako diputatu nagusia, Diputatuen Kontseiluaren 2018ko urtarrilaren 16ko Erabakiak eskumena ematen diolako egintza honetan parte hartzeko.
Eta bestetik, Eneko Goia Laso, Donostiako Udaleko alkate-udalburua.
Bi aldeek, bakoitzak bere erakundearen ordezkari modura, hitzarmen hau sinatzeko behar besteko gaitasuna aitortu diote elkarri.
ADIERAZTEN DUTE:
I.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Donostiako Udalak, dagozkien eskumenak baliatuz, giza eskubideak, bakearen kultura eta bizikidetza sustatzeko lan egiten dute.
EAEko Administrazio Orokorraren eskumenak Lehendakariaren 2016ko azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuaren 4.1k) artikuluan du oinarria. Dekretu horrek Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen ditu eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen ditu.
EAEko Administrazio Orokorraren barruan hitzarmen hau sinatzeko eskumena duena Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren idazkari nagusia da, kontuan hartuta 70/2017 Dekretuaren 3.3 artikuluak eta 4/2014 Legearen hirugarren xedapen gehigarriak xedatutakoa.
Gipuzkoako Foru Aldundiak arlo honetan duen eskumena finkatuta dago Foru Aldundiaren departamentuak eta horiei dagozkien jardun esparruak eta eginkizunak finkatzen dituen 2015eko ekainaren 24ko 3/2015 Foru Dekretuaren 4. artikuluan.
Foru Aldundiaren barruan, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiari dagokio erakundeen arteko koordinazioa sustatzea giza eskubideei buruzko politika publikoak diseinatu eta ezartzeko, 15/2016 Foru Dekretuak, uztailaren 19koak, Diputatu Nagusiaren Alorraren egitura organikoari eta funtzionalari buruzkoak, 8. artikuluan xedatutakoaren arabera.
Udalak, berriz, Euskadiko Toki Erakundeei buruzko 2016ko apirilaren 7ko 2/2016 Legearen 16. artikuluan aitortzen zaion eskumena baliatuz sinatzen du hitzarmen hau.
Testuinguru horretan, Pedagogia Baliabideen Zentroaren proiektuak xedetzat du funtzio espezifiko, praktiko eta zehatz bat betetzea: pedagogia baliabideak sistematizatzea, giza eskubideen dibulgaziorako. Aieteko zentroa osagarri izango zaie Euskadin memoriarekin, bizikidetzarekin eta giza eskubideekin lotuta jada badauden azpiegiturei.
Proiektuaren helburua da ongi informatutako komunitate bat sustatzea, herritarrek beren eskubideak ezagutu eta ulertzeko aukera izan dezaten, eta eskubide horiek egunero baliatu ditzaten; era berean, bilatu nahi da gizartea jabetzea iraganeko eta gaur egungo eskubide urraketez eta injustiziez, eta gure gizartearen aniztasunean bizikidetza baketsua oinarri duen etorkizuneko erantzuna emateko gai izatea.
II.– Horretarako, EAEko Administrazio Orokorrak, Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren Idazkaritza Nagusiaren bidez, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Diputatu Nagusiaren Alorreko Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiaren bidez, eta Donostiako Udalak batera lan egingo dute, hiru erakundeek giza eskubideen eta bakegintzaren defentsari lotuta dituzten helburuek bat egiten baitute erabat Pedagogia Baliabideen Zentro honekin.
III.– Zentroa Donostiako Aiete Jauregian egongo da, bertan baitago Bakearen eta Giza Eskubideen Etxea, erreferente bat bakegintzaren eta giza eskubideen sustapenean.
IV.– Proiektu hau abian jartzeko, fase pilotu bat garatuko da lehendabizi (2018-2019). Fase pilotu horrek Zentroaren jardunerako eta lanerako oinarriak ezarriko ditu, eta hura amaitzean hiru erakundeek elkarrekin erabakiko dute ekimen honek etorkizunera begira dituen aukera desberdinak, egindako jardueren eta haien emaitzen ebaluazioan oinarrituta.
V.– Azaldutako guztiagatik, eta hiru aldeen nahia denez helburu hori lortzeko lankidetzan aritzea, erabaki dute Hitzarmen hau sinatzea, klausula hauei jarraikiz,
KLAUSULAK
I.– Xedea.
Hitzarmen honen helburua da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren (Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren Idazkaritza Nagusiaren bidez), Gipuzkoako Foru Aldundiaren (Diputatu Nagusiaren Alorreko Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiaren bidez) eta Donostiako Udalaren arteko lankidetza esparrua ezartzea, arautzeko zer konpromiso hartuko dituen aldeetako bakoitzak Giza Eskubideen Pedagogia Baliabideen Aieteko Zentroa (aurrerantzean Zentroa) proiektuaren fase pilotuaren garapenean.
II.– Jarduketak.
Fase pilotuak hainbat ardatz integratuko ditu: batetik, hiru eremutako ekintzak (informazioa biltzea, sortzea eta dibulgatzea); bestetik, eragileen parte-hartzea eta koordinazioa lortzeko ekimenak; eta, azkenik, Zentroaren beraren kudeaketa beharrei erantzutea.
Hitzarmen honen eranskinean ezarriko dira fase pilotuan zehar garatzea aurreikusten diren jarduketak eta ekintzak, eta baita horiek gauzatzeko kronograma ere.
Hitzarmenaren terminoetan edo haren eranskinaren edukian edozein aldaketa egin ahal izateko, aldaketa hori aho batez onartu behar dute hiru erakunde sinatzaileek.
III.– Sinatzaileen konpromisoak.
a) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren konpromiso ekonomikoak:
EAEko Administrazio Orokorrak 112.500 euroko ekarpena egingo du, 2018tik 2019ra bitartean Zentroaren proiektuaren fase pilotuko jarduerak gauzatzeko, 17.0.1.01.31.0000.4.454.99.46210.018/K kontu sailaren kargura, urtekako banaketa honen arabera:
2018: 75.000 euros.
2019: 37.500 euros.
b) Gipuzkoako Foru Aldundiaren konpromiso ekonomikoak:
Gipuzkoako Foru Aldundiak 67.500 euroko ekarpena egingo du, 2018tik 2019ra bitartean Zentroaren proiektuaren fase pilotuko jarduerak gauzatzeko, urtekako banaketa honen arabera:
5.0140.400.461.01.05.2018: 45.000,00 euros.
5.0140.400.461.01.05.2019: 22.500,00 euros.
c) Donostiako Udalaren konpromisoak:
Donostiako Udalak konpromiso hauek hartzen ditu:
Hitzarmen honen II. klausulan aipatzen diren jarduketei lekua emango die, bere jabetzako espazio edo instalazioetan, edo berak kudeatutakoetan, Aieteko Jauregiaren edo Aieteko Kultur Etxearen barruan.
– Bere langileekin, bereziki Giza Eskubideen arloari atxikitakoekin, Hitzarmen honen II. klausulan aipatzen diren jarduketak egoki garatu eta inplementatzeko laguntzea.
– 86.493,39 euroko zenbatekoa izango duen partida bat bideratzea, udalak proiektuari egiten dion ekarpen gisa, Hitzarmen honen II. klausulan aipatzen diren jarduketak gauzatzeko, urtekako banaketa honen arabera:
2018: 57.662,26 euros.
2019: 28.831,13 euros.
– Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren ekarpen ekonomikoak jasotzea, eta hitzarmenaren xedeari aplikatzea.
– Hitzarmen honen II. klausulan aipatzen diren jarduketak gauzatzea, baita jarduketa horiek garatzeko beharrezkoak diren kontratuak lizitatzea ere, Kudeaketa Zuzendaritzaren esparruan urte bakoitzerako aurkeztu eta adostutako jarduera eta kronograma zehatzen arabera.
– Urteko gastuaren estimazioa egitea, adieraziz ekitaldian zehar erakunde bakoitzaren ekarpenen kargura egingo den gastua, urte horretan egitea adosten diren jarduketak garatzeko.
d) Hiru aldeen konpromisoak:
– Bermatzea hizkuntza eta oro har komunikazioa ez direla modu sexistan erabiliko; halaber, saihestu egin beharko da hitzarmen honen xede diren jardueretan emakumeen irudi baztertzaileak eta estereotipo sexistak erreproduzitzea.
– Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizialen erabilera bermatzea proiektuaren inguruan argitaratzen diren materialetan eta egiten diren hedapen jardueretan, publiko nahiz pribatuetan.
IV.– Kontu ematea.
Donostiako Udalak, ekitaldi amaieran, urtean zehar izandako diru-sarreren eta gastuen kontu emango du Kudeaketa Zuzendaritzaren aurrean; era berean, erakundeek egindako ekarpenen egoeraren berri emango du.
Horretarako, Udalak memoria bat aurkeztuko du, non azalduko diren hitzarmenean jasota dauden eta urtean zehar garatu diren jarduerak. Memoriarekin batera agiri hauek ere aurkeztuko dira:
– Egindako gastuen zerrenda, jarduketaka sailkatuta. Bertan zehaztuko dira: hartzekoduna, kontzeptua, zenbatekoa, fakturaren igortze data eta fakturaren ordainketa data.
– Haiei dagozkien fakturen zerrenda.
– Hitzarmenean jasotako jarduketak finantzatu dituzten diru-sarreren edo laguntzen zerrenda xehakatua, identifikatuz zein diren finantzatutako jarduketa zehatzak, jasotako zenbateko zehatzak eta zenbateko horien jatorria.
V.– Kudeaketa zuzendaritza.
Hitzarmen hau gauzatzeko eta haren jarraipena egiteko, erakunde arteko koordinazioa kudeaketa zuzendaritza baten bidez egingo da. Organo horrek sei kide izango ditu, bi proiektuan parte hartzen duen erakunde bakoitzeko. Donostiako Udalaren ordezkarietako bat izango da zuzendaritzako buru, eta erakunde horren beste ordezkaria, berriz, zuzendaritzako idazkari.
Hitzarmen honetan aurreikusten ez den guztian, Kudeaketa Zuzendaritzari aplikatzekoa izango zaio 2015eko urriaren 1eko 40/2015 Legeak, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarenak, kide anitzeko organoentzat ezarritako araubidea, funtzionamendu hori Zuzendaritzako kide guztiek aho batez hartutako erabakiaz ezartzen denean salbu.
Kudeaketa Zuzendaritzari dagozkio, besteak beste, egiteko hauek:
– Hitzarmenaren eranskinean jasotako jarduketen garapenean, urte bakoitzari dagozkion jarduketa eta kronograma zehatzen proposamena onartzea.
– Urteko gastuen estimazioa onartzea, eta ekarpenen araubidea ezartzea.
– Urteko kontu ematea onartzea.
– Hitzarmena sinatu duten erakundeek Zentroaren pedagogia baliabideak erreproduzitu eta dibulga ditzaten baimena ematea.
– Hitzarmena edo eranskina interpretatzerakoan sor litezkeen arazoak konpontzea.
VI.– Emaitzen titularitatea.
Edozein tituluren bidez eskuratutako pedagogia baliabideak nahiz Zentroak proiektu pilotua garatzeko sortutakoak eskura izango dituzte hiru erakundeek, eta erreproduzitu eta dibulgatu egin ditzakete, Kudeaketa Zuzendaritzak aldez aurretik baimenduta. Baliabide horien guztien etorkizuna fase pilotuaren ebaluazioa egitean erabakiko da, betiere 2019an Hitzarmen hau iraungi baino lehen.
VII.– Kanpo komunikazioa.
Proiektuko jardueren inguruan egiten diren kanpo komunikazio guztietan hiru erakundeen aipamena jasoko da, dagozkien logoen bidez identifikatuz, inplikatutako hiru erakundeen korporazio-identitaterako eskuliburuetako azalpenak jarraituz.
VIII.– Hitzarmena iraungitzea.
Hitzarmen hau iraungiko da edo helburua bete delako, edo ondoren zehazten diren iraungitze arrazoietakoren bat gertatu delako.
Hala bada, gorabehera hauetakoren bat gertatzen bada hitzarmena desegintzat emango da:
a) Hilabete lehenago abisatu ondoren, sinatzaileek hitzarmena desegitea adosten badute.
b) Aldeetakoren batek ez baditu bere konpromisoak betetzen.
c) Zuzenbidearen araberako beste edozein arrazoi gertatzen bada.
Alderdiren batek ez baditu bere gain hartutako konpromisoak betetzen, aldeetakoren batek alde urratzaileari errekerimendua bidal diezaioke, epe jakin baten barruan urratutzat jotako betebeharrak edo konpromisoak betetzeko. Errekerimendu hori Kudeaketa Zuzendaritzari eta gainerako sinatzaileei jakinaraziko zaie.
Errekerimenduan adierazitako epea igarotzean urraketak jarraituko balu, errekerimendua egin duenak alde sinatzaileei jakinaraziko die hitzarmena deuseztatzeko kausak bere horretan dirauela eta hitzarmena deuseztatu egingo da.
Indarrik gabe utziz gero, alderdiek zehaztuko dituzte gauzatze bidean diren jarduerak amaitu eta ordaintzeko baldintzak.
IX.– Berme klausula.
Hitzarmen honetan ezarritako finantza-konpromisoak beteko direla bermatzeko klausula bat jasoko du hitzarmen honek, hala xedatzen baitu Euskadiko Tokiko Erakundeen 2/2016 Legeak, apirilaren 7koak, 24. artikuluan.
Klausula horren arabera –ordainketak ezarritako eran egiten ez direnerako–, baimena emango zaio Herri Dirubideen Euskal Kontseiluari sistema bat erabaki dezan aurreko ekitaldian EAEko Administrazio Orokorrak edo Gipuzkoako Foru Aldundiak Donostiako Udalari egin ez dizkioten finantza-transferentziak atxikitzeko eta, hurrengo ekitaldian, dagokien udalerriei esleitzeko. Ordaintzeko betebeharra bete ez zen aurrekontu-ekitaldiaren ondoz ondoko ekitaldiaren lehen hiru hilabeteetan konpentsatu beharko da transferentzia hori.
X.– Hitzarmenaren indarraldia.
Sinatu eta berehala sartuko da indarrean hitzarmen hau, eta indarrean egongo da 2019ko ekainaren 30era arte; ondoren, hiru aldeek berariaz eta aho batez hala erabakitzen badute, lau urtez luzatu ahal izango da, gehienez, betiere nahikoa aurrekontu hornidura egonez gero.
Hitzarmenaren indarraldia amaitu aurretik, fase pilotuaren emaitza ebaluatuko da, erakunde sinatzaileek proiektuaren etorkizunaren inguruan egoki irizten diotena erabaki dezaten.
XI.– Hitzarmenaren izaera eta araubide juridikoa.
Hitzarmen honek izaera administratiboa du, eta administrazio arteko hitzarmenen kategorian dago, hala xedatzen baitu Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren 2015eko urriaren 1eko 40/2015 Legeko 47.2.a) artikuluak. Eztabaida Kudeaketa Zuzendaritzaren barruan konpontzerik ez badago, administrazioarekiko auzi jurisdikzioa izango da hitzarmen honetatik erator daitezkeen auziak ebazteko eskuduna.
Hitzarmen honetan xedatutakoaz gain, aplikatzekoak izango dira 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoko Araubide Juridikoarena, eta herri administrazioen araubide juridikoa arautzen duten gainerako arauak, hitzarmen hau sinatzen duten erakundeei aplikatzen zaizkienak.
Eta guztiarekin ados daudela adierazteko, hiru aldeek hitzarmen hau sinatzen dute, goian aipatutako lekuan eta egunean.
Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren idazkari nagusia,
JONAN FERNÁNDEZ ERDOZIA.
Gipuzkoako diputatu nagusia,
MARKEL OLANO ARRESE.
Donostiako Udaleko alkate-udalburua,
ENEKO GOIA LASO.
HITZARMENAREN ERANSKINA.
FASE PILOTUA (2018-2019)
Giza eskubideen aldeko pedagogia baliabideen eta herritarren partaidetzarako zentroaren lehenengo urteak direnez, helburuak izango dira, batetik, proiektua zentratu eta testatzea, arreta jarriz baliabideak bildu, sortu eta dibulgatzeko zerbitzuetan, eta, bestetik, zeregin horiek garatzeko behar diren laguntza premiak identifikatzea. Fase pilotu honek oinarri sendoak emango dizkigu, Zentroak 2019tik aurrera zer etorkizun izango duen erabakitzeko.
Biltzea
Sortzea
Dibulgatzea
Parte-hartzea
Kudeatzea