EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-03-07 Aldizkari honetan argitaratua: 2018047

EBAZPENA, 2018ko otsailaren 19koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez egiten baita Elorrioko Hiri Antolamenduko Plan Orokorreko Goieta eta Azpikoerrota Mendebaldea eremuen Hiri Antolamenduko Plan Bereziari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa.

Xedapenaren data: 2018-02-19
Hurrenkenaren zenbakia: 201801236
Maila: Ebazpena
AURREKARIAK
2017ko urriaren 6an, Elorrioko Udalak Elorrioko Hiri Antolamenduko Plan Orokorreko Goieta eta Azpikoerrota Mendebaldea eremuen Hiri Antolamenduko Plan Bereziari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa hasteko eskabidea osatu zuen. Eskaerarekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu zituen, hala nola planaren zirriborroa eta ingurumen-agiri estrategikoa, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikuluan ezarritako edukia zuela. Gainera, ingurumen-agiri estrategikoan, agiri hori egin duten pertsonak aipatzen dira, sinatuta dago eta amaiera-data dauka.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikulua betetzeko, 2017ko azaroaren 3an, egoki iritzitako oharrak egiteko eskatu zien Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak zenbait erakunderi, ohar horiek oinarritzat hartuta ingurumen-organo horrek ingurumen-txosten estrategikoa egin zezan. Zehazki, kontsulta egin zitzaien Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzari eta Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzari –biak Eusko Jaurlaritzakoak–, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritzari, Kantauriko Konfederazio Hidrografikoari eta Bizkaiko Ekologistak Martxan elkarteari. Era berean, Elorrioko Udalari izapidearen hasieraren berri eman zitzaion.
Halaber, espedientean jasotzen diren agiriak eskuragarri ipini ziren Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumen arloan egoki iritzitako oharrak egiteko.
Behin abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan ezarritako epea amaituta, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara eta Kulturako Sailaren, eta Kantauriko Konfederazio Hidrografikoaren eta Uraren Euskal Agentziaren txostenak jaso dira, eta espedientean bertan islatu da haien emaitza.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, lege horren helburua da ingurumenean ondorio adierazgarriak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautu behar duten oinarriak ezartzea. Eta, horrenbestez, ingurumenaren babes-maila handia bermatzen du lege horrek, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.
Era berean, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, beste helburu batzuen artean, plangintza-prozesuaren lehen faseetan ingurumenaren gaineko ondorioen analisia txertatzea, aukerarik egokienak hautatzeko, jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak aintzat hartuta.
Ebazpen honetan aztergai den Elorrioko Hiri Antolamenduko Plan Orokorreko Goieta eta Azpikoerrota Mendebaldea eremuen Hiri Antolamenduko Plan Berezia ez dago Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren IA eranskineko kasuen barruan –ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren aplikazio-eremua ezartzen du–, ez baitu ezartzen legez ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioa egin behar zaien proiektuak etorkizunean baimentzeko esparrurik eta ezin baitie eragin Natura 2000 Sareko guneei ezta ondare naturalari eta biodibertsitateari buruzko oinarrizko legeria edo Euskal Autonomia Erkidegoko natura zaintzeko legeria aplikatuz emandako arau-xedapen orokorrek edo nazioarteko hitzarmenek eragindako ingurumen-babeserako erregimenen bat duten eremuei ere, lekuaren kudeaketarekin loturarik izan gabe.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan aurreikusten da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasa behar diren planak eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo planen edo programen gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra, haiek ingurumenerako eragin nabarmenak ekar litzaketelako.
Aipatutako 6.2 artikuluan honako hau zehazten da, besteak beste: planak eta programak, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren eremuan egon ez baina proiektuak etorkizunean baimentzeko esparrua ezartzen dutenak izanik, ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatu batetik pasa beharko dira, zeinaren prozedura 29. artikulutik 32.era bitartean arautzen baita; guztia ere, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen V. eranskinean ezarritako irizpideekin bat etorriz.
Aztertuta geratu dira Elorrioko Goieta eta Azpikoerrota Mendebaldea eremuen Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko txostenak eta agiri teknikoak, eta kontuan hartu da ingurumen-agiri estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdiekin bat datorrela. Horrenbestez, txosten horiek aintzat hartuta, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak –ingurumen-arloko organo eskuduna den aldetik, otsailaren 27ko 3/1998 Legearen eta Ingurumen eta Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera– judizio-elementu nahikoa dauka, eta, beraz, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du, zeinak Planaren proposamenean ingurumen-arloko alderdiak sartzearen alde egiten baitu eta Plana aplikatzearen ondorio adierazgarrien aipamena jasotzen baitu, baita sartu behar diren azken oharrak ere, soilik ingurumen arlokoak.
Hauek guztiak aztertu dira: 3/1998 Legea, otsailaren 27koa, Orokorra Euskal Herriko Ingurugiroa Babestekoa; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoko Araubide Juridikoari buruzkoa eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Elorrioko Hiri Antolamenduko Plan Orokorreko Goieta eta Azpikoerrota Mendebaldea eremuen Hiri Antolamenduko Plan Bereziari buruzko (aurrerantzean, Plana) ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea, Elorrioko Udalak sustatua, jarraian adierazten diren zehaztapenekin:
A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.
Elorrioko HAPOren zehaztapenak betez idazten da plana, zeinak A?3.5 Goieta eremua ezartzen baitu eta gerora Hiri Antolamenduko Plan Berezi bat idazten denerako uzten baitu haren antolamendu xehatua. A-3.5 eremua hiri-lurzoru finkatugabe bat da, eta bi azpieremuk osatzen dute: bata, Goieta izeneko azpieremua, gutxi gorabehera 31.037 m
Planaren xedea da alde zaharraren alboko bizitegi-eremu berri baten garapena ahalbidetzea, eta eremu horretan zonifikazio xehatua zehazten du, zeina sektoreko murrizketekin bateragarria baita. Goieta kalea zabalduko da, HAPOn aurreikusitako bide eraztun periferikoaren parte izateko, udalerriaren hego-ekialdean, eta espazio berdeen eta zuzkidura-espazioen sare bat sortuko da eremu guztian. Azkenik, bere ezaugarriekin bat egiten duen urbanizazio-tratamendu batez hornituko da Zumelegi errekaren bazterrean, eremu horren uholde-arriskugarritasun baldintzak hobetzeko xedearekin.
B) Proposatutako planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluarekin bat etorriz, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira, Planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez zehazteko.
1.– Planaren ezaugarriak. Bereziki arlo hauek hartuko dira kontuan:
a) Planak zer neurritan ezartzen duen proiektuetarako esparrua. Planak eremuaren antolamendu xehatua egiten du, eta ez du baldintzatzailerik, besteak beste, kokapen, ezaugarri, neurri edo funtzionamenduari dagokionez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legedian zerrendatutako kategorietako baten batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.
b) Beste plan edo programa batzuekiko eragina: plana bat dator eremuari eragiten dioten sektoreko lurralde-planekin. Bereziki kontuan hartuko dira EAEko Ibai-ertzak eta Erreka-ertzak Antolatzeko Lurralde Plan Sektorialean jasotako baldintzak.
c) Plana egokia den edo ez ingurumen-oharpenak integratzeko, bereziki garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin bat eginik. Finkatutako hiri-lurzoruari eta ondare eraikiari buruzko esku-hartzeei ematen die lehentasuna Planak, eta, beraz, lurzoruaren kontsumoa gutxitzen du. Bestalde, Eraikingintzaren Kode Teknikoan isolamendu akustikorako ezarritako neurriak kontuan hartuta diseinatu dira eraikinak, eta, horrek eraikinaren efizientzia energetikoa hobetuko du. Hori dela eta, Plana egokia da garapen jasangarria sustatzen duten ingurumenaren arloko kontsiderazioak integratzeko.
d) Planarekin lotutako ingurumen-arazo esanguratsuak. Ez da hauteman Plana gauzatzearen ondoriozko ingurumen-arazo adierazgarririk, betiere, besteak beste, segurtasuna eta osasunari, ingurumenari, natura-ondareari, kultura-ondareari, paisaiari eta kutsadura akustikoari eta urei dagokienez indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira eraginpeko eremuarekin lotutako esku-hartze eta jarduerak.
e) Plana egoki jotzen da ingurumen arloko EAE edo Espainia mailako legeria txertatzeko.
2.– Ondorioen eta eragina jasan lezakeen gunearen ezaugarriak:
Eraginen eta eragina jasan lezakeen gunearen ezaugarriei dagokienez, eraginpeko lekuaren inguruan ez da hauteman ez naturagune adierazgarririk, ez alda daitekeen eremu ingurumen-baliodunik edo -kalteberarik, eta ez du Planaren aplikazioagatik larriagotu litekeen ingurumen-arriskurik.
3.– Neurri babesle eta zuzentzaileak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, Ingurumen Txosten Estrategikoak formulatzen duen ebazpenean adierazitakoarekin bat, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, Ingurumen Agiri Estrategikoan eta Planean bertan jasotakoarekin bat. Hauek dira neurri horiek, besteak beste:
– Obrako langileek erabiltzeko jardunbide egokien gidaliburua.
– Fauna eta landare-multzo autoktonoentzako habitatak babestea.
Sastrakak kentzea saihestuko da Azpikoerrote Mendebaldea eremuaren ibaiertzeko landarediaren zerrendan.
Ibaiertzeko landarediaren lotura-funtzioari eusteko, ibilguarekiko paralelo den instalazio lerrozuzen oro saihestuko da. Bestalde, haltzadi kantauriarraren serieko espezie autoktonoekin egingo da Azpikoerrota Mendebaldea eremuaren birlandatze-jarduera oro.
Eremu berdeak lorategi bihurtzeko, bereziki zainduko da inbasio-prozesua eragin lezaketen espezie aloktono apaingarriak ez sartzea. Lorategi eta eremu berde jasangarriak diseinatzeko gidaliburua hartuko da aintzat.
Ekainaren 19ko 118/2006 Foru Dekretuaren bidez, Bisoi Europarraren –Mustela lutreola (Linnaeus, 1761)– Kudeaketa Plana onetsi zen, Bizkaiko Lurralde Historikoan, galtzeko arriskuan dagoen espeziea baita eta babesteko neurri bereziak behar baititu. Bada, foru-erakundearen aurretiazko baimena beharko du interes bereziko guneetako jarduera orok, baldin eta jarduera horrek espezieak ugaltzeko edo babes gisa erabilitako habitataren ezaugarriak aldatzea badakar. Halakoetan, dagokion baimenean ezarritako baldintzak hartuko ditu Obra Planak. Bestalde, faunarentzat deserosoak diren obra-unitateak jarduera biologiko minimoko garaietan egingo dira, eta, edonola ere, udaberria saihestuko da.
– Kultura Ondarea babestea:
Azpikoerrota Mendebaldea azpieremuan, azterketa arkeologiko bate egin beharko da edozein obra-proiektu baino lehen, eta Kulturako Foru Departamenduari horri buruzko kontsulta egin beharko zaio.
Baldin eta, lur-mugimenduak egitean, material arkeologikoak edo aztarnategi ezezagunak atzematen badira, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 48. artikuluan xedatutakoaren arabera jardungo da.
– Lurrak eta soberakinak kudeatzea: obrak hasi aurretiko jarduketa gisa, landare-lurren geruza kenduko da aldatuko diren guneetan. Baimendutako soberakin-biltegira eramango dira proiektuan sortutako indusketa-soberakinak, eta indarreko legerian ezarritakoaren arabera kudeatuko dira.
– Azaleko urak babestea: lurrak mugitzearen ondorioz sortzen diren solido esekiak saihesteko, eta eraikuntza-hondakinen edo olio-hondarren isurketa posibleak saihesteko, aldi baterako dekantazio-putzuak eta sedimentuei eusteko barrerak ezarriko dira, zeinetatik baitabil jariatze-ura, eta plataforma iragazgaitzak ezarriko dira dekantazio-putzuei eta koipea kentzeko tangei lotutako tresnak garbitzeko.
– Induskatutako lurzoruak kontrolatzea: Elorrioko Udalari eta Ingurumen Sailburuordetzari jakinarazi beharko zaizkie lur susmagarriak hautemateagatiko kutsadura-arrasto guztiak, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikulua betetzeko.
– Hondakinak sortzea eta kudeatzea: obrak egin eta garbiketa-kanpainak dirauen bitartean sortutako hondakinak kudeatzeko, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta berariazko arauetan xedatutakoa beteko da.
Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko uztailaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira eraikuntza- eta eraispen-hondakinak.
Hondakin arriskutsuak dituzten ontziek Hondakin toxikoei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko araudia onartzen duen uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak bete beharko dituzte.
Olio erabiliak, berriz, industrian erabilitako Olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuan eta EAEn erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen irailaren 29ko 259/1988 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.
– Airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babestea: Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustikoari, kalitate-helburuari eta isuri akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen isuri akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-isuriak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatua) eta arau osagarrietan ezarritakora.
Halaber, eguneko lan-ordutegian jardungo da, eta kamioiak obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo kaleak erraztatzeko makina mekanikoak erabiliko dira.
– Eraikigintza eta eraikuntza jasangarria: IV. Ingurumen Esparru Programa 2020 egitasmoak eraikigintza eta eraikuntza jasangarriagoa sustatzea ezarri zuen lehentasun gisa, baliabideak euren bizi-ziklo osoan erabiltzea eta ostean ere sortutako hondakinak aprobetxatzea lehenetsiz [2017rako lehentasuna]. Horrenbestez, eraikinetan energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko eta energia berriztagarriak sustatzeko, kontuan izan beharko dira eraikuntza jasangarriko dagokion gidan jasotako gomendioak.
Neurri horiek, gutxienez, alderdi hauetan eragin beharko dute:
– Materialak. Berriztagarriak ez diren lehengaien kontsumoa murriztea.
– Energia. Berriztagarriak ez diren iturrien bidez sortutako energia-kopurua edo/eta -kontsumoa murriztea.
– Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa gutxitzea.
– Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.
– Atmosfera. Gas, hauts, bero eta argi gutxiago isurtzea.
– Barne-kalitatea. Barruko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasungarritasuna hobetzea.
Bigarrena.– Ingurumen-agiri estrategikoan eta ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoa oinarri hartuta, zehaztea, ez dela aurreikusten Elorrioko Hiri Antolamenduko Plan Orokorreko Goieta eta Azpikoerrota Mendebaldea eremuen Hiri Antolamenduko Plan Bereziak ingurumenean eragin garrantzitsurik izaterik, eta, beraz, ez dela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik egin behar.
Hirugarrena.– Ebazpen honen edukiaren berri ematea Elorrioko Udalari.
Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko otsailaren 19a.
Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,
IVAN PEDREIRA LANCHAS.