EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-03-06 Aldizkari honetan argitaratua: 2018046

51/2018 EBAZPENA, otsailaren 16koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita lankidetza-hitzarmen bat argitaratzea, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak eta Women In Black South Africa Mugimenduan Txertatutako Gei-Heis Collective erakundeak elkarrekin sinatua, Hegoafrikako Beltzez Jantzitako Emakumeen XVII. Nazioarteko Topaketa finantzatzeko dena.

Xedapenaren zenbakia: 201800051
Xedapenaren data: 2018-02-16
Hurrenkenaren zenbakia: 201801194
Maila: Ebazpena
Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak lankidetza-hitzarmena sinatu du, eta, eman behar zaion publikotasuna emateko, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea lankidetza-hitzarmen honen testua: Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak eta Women In Black South Africa Mugimenduan Txertatutako Gei-Heis Collective Erakundeak elkarrekin sinatutako lankidetza-hitzarmena, Hegoafrikako Beltzez Jantzitako Emakumeen XVII. Nazioarteko Topaketa finantzatzeko dena. Testu hori ebazpen honen eranskinean dago jasota.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko otsailaren 16a.
Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,
JUAN ANTONIO ARIETA-ARAUNABEÑA IBARZABAL.
ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN OTSAILAREN 16KO 51/2018 EBAZPENARENA
HITZARMENA, GARAPENERAKO LANKIDETZAREN EUSKAL AGENTZIAREN ETA WOMEN IN BLACK SOUTH AFRICA MUGIMENDUAN TXERTATUTAKO GEI-HEIS COLLECTIVE ERAKUNDEAREN ARTEKOA, HEGOAFRIKAKO BELTZEZ JANTZITAKO EMAKUMEEN XVII. NAZIOARTEKO TOPAKETA FINANTZATZEKO DENA
Vitoria-Gasteiz, 2017ko abenduaren 27a.
BILDU DIRA:
Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendari Paul Ortega Etcheverry jauna –urtarrilaren 22ko 117/2013 Dekretuan ezarritakoaren arabera–, zeinak Agentziaren izenean eta hura ordezkatuz jardun baitu, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia sortu eta arautzen duen 5/2008 Legearen 11.2 e) artikuluan eta aipatutako Agentziaren antolaketa eta funtzionamenduko erregelamendua onartzen duen 95/2010 Dekretuaren 11.1.e) artikuluan esleitutako eskumenen arabera.
Vanessa Ludwig andrea, programa-koordinatzailea den aldetik, Gei-Heis Collective erakundearen izenean eta hura ordezkatuz jarduteko ahalmena duena.
ADIERAZTEN DUTE:
Lehenengoa.– Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia sortzen duen araudian ezarrita dagoenez, Garapenerako Lankidetzari buruzko otsailaren 22ko 1/2007 Legean ezarritako printzipio- eta egitura-sarean txertatuta dagoen agentzia hori da, hain zuzen ere, Eusko Jaurlaritzaren garapenerako lankidetzari buruzko politikaren plangintza eratzeko ardura duen zuzenbide pribatuko entitate publikoa, baita hori koordinatu, kudeatu eta gauzatzeko ardura duena ere, herrialde pobreetan pobreziaren aurka borrokatzeko eta giza garapen iraunkorra sustatzeko.
Eusko Jaurlaritzaren Garapenerako Lankidetzaren 2014-2017 aldirako III. Plan Zuzentzailearen emaitzetako bat da Estatuan, Europan eta nazioartean ekimen estrategikoak abian jartzeko aliantzak egitea. Zeharkako ikuspegiei dagokienez, genero-ekitatea, tokiko gaitasunak sendotzea, parte-hartzea eta antolamendua proposatzen dira. Eta emakumeen ahalduntzea lehentasunezko sektoreetako bat da; hortik abiatuta, emakumeen gizarte- eta politika-arloko ahalduntzea sustatzea aurreikusten da. Era berean, Planean hainbat estrategia positibo biltzen dira desberdintasun-egoerak zuzentzeko edo aukerak parekatzeko, betiere honako aurrekontu-konpromiso hauen bitartez:
– Afrikan egindako lana indartzen jarraitzea; horrela, bada, 2017rako, banatu daitezkeen funtsen % 25, gutxienez, Afrikan garatuko diren ekimenetara bideratzeko konpromisoa bete nahi da.
– Banatu daitezkeen funtsen % 20, gutxienez, emakumeen ahalduntzean aurrerapenak egitea lehentasunezko helburutzat dituzten ekimenetara bideratzea. Ehuneko horretan sartzen da % 5a tokiko bazkideak erakunde feministak diren proposamenetarako izatea.
Bigarrena.– Women in Black (Beltzez jantzitako emakumeak) emakume bakezaleen mundu osoko sarea da eta bidegabekeriaren, gerraren, militarismoaren eta indarkeriaren mota guztien aurka egiten dute lan modu aktiboan. Mugimendua 1988. urtean sortu zen Jerusalemen, hamarnaka emakume judutarrek «okupazioari ez» esan ziotenean. «Gerraren aurkako emakumeen elkartasun-sarearen topaketak» urtero izaten ziren Serbian Balkanetan gerrak izan ziren bitartean, eta hor hasi zen mugimendua sendotzen. Jerusalemgo eta Belgrad-eko mugimenduez gain, gehiago ere sortzen hasi ziren eta 5 kontinenteetako 20 herrialdetan, gutxienez, egotea lortu zuten. Beraz, gerren aurka egiteko mugimendu globala da eta, modu baketsuan, kultura eta komunitate askoren eguneroko errealitatean gero eta gehiago errotzen ari diren indarkeria mota ugari horiek desagerrarazteko borrokatzen dute.
Women in Black nazioarteko sareak gerra edo gatazka bizi duten mugimendu zibilekin elkartasun-loturak sortzea izaten du xede, mugimendu horien bozgorailu izan eta bidegabekerien eta Giza Eskubideen urraketen aurrean konpromiso komuna indartzearekin batera. Women in Black sareak nazioarteko topaketa egiten du bi urtean behin; eztabaidarako eta hausnarketarako gune ez ezik, gerrek eta indarkeria mota guztiek bereziki emakumeengan izaten duen inpaktua salatzen jarraitzeko toki ere izaten da. XVII. Nazioarteko Topaketa Hegoafrikan izango da, 2018ko martxoan.
Hirugarrena.– Women in Black South Africa ekimena Lurmutur Hiriko emakume aktibistek antolatu dute. 2007. urtean hasi zen mugimendua, ikasle talde batek eta Western Cape-ko Unibertsitateko Genero Berdintasunaren Unitateak hautatutako langileek Nairobiko Munduko Foro Sozialean parte hartu ostean. Women in Black South Africa erakunde panafrikarra, feminista eta gerraren aurkakoa da. Egiturazko indarkeriaren, pobreziaren eta pobrezia sustatzen duten politika ekonomikoen aurka lan egiten du. 2015. urtean Indian izandako nazioarteko topaketan, Women in Black South Africa erakundeak XVII. Nazioarteko Topaketa antolatzeko ardura hartu zuen bere gain.
Laugarrena.– Gei-Heis Collective Hegoafrikako irabazi-asmorik gabeko erakundea da, 2012. urteaz geroztik dagokion erregistroan erregistratuta dago eta bere egitekoak dira giza eskubideak eta giza duintasuna defendatzea, pobreziaren eta indarkeriaren mota guztiak desagerraraztea eta planeta jasangarri bat bermatzea, emakumeen eta indigenen jakintza mobilizatuta.
Gei-Heis Collective erakundea Women in Black South África mugimenduaren barruan sartzen da, eta 2018ko martxoan Hegoafrikan egingo den Women in Black XVII. Nazioarteko Topaketa bultzatzen du.
Aurrekoak kontuan izanda, bi alderdiek hitzarmen hau sinatu dute, ondoren adieraziko diren klausulei jarraikiz,
KLAUSULAK
Lehenengoa.– Hitzarmenaren xedea.
Hitzarmen honen xedea 2018ko martxoan Hegoafrikan izango den Women in Black XVII. Nazioarteko Topaketa egiten laguntzea da.
Bigarrena.– Hitzarmenaren emaitzak.
1.– Hitzarmen honekin honako emaitza hauek lortu nahi dira:
1. emaitza: Women in Black-en Nazioarteko Sarea indartu da eta sarearen diskurtso- eta proposamen-gaitasuna areagotu da, herrialde eta testuinguru askotako emakumeen eta elkarteen esperientziak elkartrukatuta.
2. emaitza: Gerren edo gatazkako eta militarizazioko testuinguruen aurrean erresistentzia aktiboaren eta indarkeriarik gabearen jardunbideak eta diskurtsoak elkartrukatzea eta hedatzea sustatu da.
2.– Aurreko emaitzak lortzeko jarduerak eta emaitzak neurtzeko adierazleak erantsitako plangintzari buruzko matrizean zehaztu dira.
Hirugarrena.– Jarduerak egikaritzeko epea.
Jarduerak egikaritzeko epea 13 hilabetekoa izango da, 2017ko martxotik 2018ko apirilera bitartekoa.
Laugarrena.– Izenpetzen duten alderdien aurrekontu-ekarpenak.
Aurreko klausuletan adierazitakoa egiteko aurreikusitako kostua berrogeita hamabi mila bederatziehun eta berrogeita sei euro eta hirurogei zentimo da (52.946,60 euro), eta kopuru hori xehatuta ageri da erantsitako aurrekontu-taulan.
Gei-Heis Collective erakundeak bermatu beharko du Women in Black South Africa mugimenduak aurreko klausuletan xedatutako eta erantsitako plangintzaren matrizean bildutako ekintza guztien egikaritzapenaren eta kudeaketaren koordinazio teknikoaz arduratuko dela, eta zuzenean edo beste ekarpen batzuen bitartez, guztira hamabi mila bederatziehun eta berrogeita sei euro eta hirurogei zentimoko ekarpena egin beharko du (12.946,60 euro).
Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak berrogei mila euroko ekarpena egingo du (40.000,00 euro). Zenbateko hori honela ordainduko zaio Gei-Heis Collective erakundeari:
Erdia, (% 50), hau da, hogei mila (20.000,00) euro, hitzarmena sinatu ostean.
Gainerako % 50a, hau da, hogei mila (20.000,00) euro, diru-laguntzaren % 40ko edo hortik gorako zenbatekoa justifikatu ondoren. Horretarako, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziara dagokion txosten finantzarioa igorri beharko da.
Proiektuaren % 100 sei hilabeteko epean justifikatu beharko da, hitzarmenaren amaiera-datatik aurrera zenbatzen hasita.
Hitzarmen honetan aurreikusitako diru-laguntza bateragarria da beste edozein erakundek, publikoak nahiz pribatuak, helburu berarekin eman litzakeenarekin, betiere horren ondorioz, gainfinantzaketarik sortzen ez bada. Gainfinantzaketa egonez gero, diru-laguntza dagokion gehieneko mugaraino murriztuko da.
Bosgarrena.– Hitzarmenaren jarduera ekonomikoak egikaritzeko soilik erabili behar duen banku-kontua.
Gei-Heis Collective erakundeak 1153061813 zenbakiko banku-kontua (sukurtsala: 104609, BIC NEDSZAJJ) erabiliko du Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak hitzarmen hau egikarituz transferituko dizkion funtsak kudeatzeko kontu gisa (Hegoafrikako rand-etan).
Seigarrena.– Ondasunen jabetza eta jabetza intelektuala.
1.– Hitzarmen honetan aurreikusitako finantzaketarekin eskuratutako ondasunak Women in Black Nazioarteko Sarearenak izango dira.
2.– Hitzarmen honen finantzaketarekin garatutako dokumentu eta materialen jabetza intelektuala Women in Black Nazioarteko Sarearena izango da.
Zazpigarrena.– Jarraipen Batzorde Mistoa.
1.– Jarraipen Batzorde Misto bat eratuko da, hitzarmen honetan aurreikusitako jardueren jarraipena, gauzatzea eta koordinazioa bermatzeko; batzordea osatuko dutenak honako hauek dira:
Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren bi ordezkari, Zuzendaritzak izendatuak; haietako bat Batzordeko presidentea izango da, eta bestea, idazkaria.
Gei-Heis Collective erakundearen eta Women in Black South Africa mugimenduaren bi ordezkari, organo eskudunak izendatuak.
2.– Batzorde hori gutxienez behin bilduko da Women in Black XVII. Nazioarteko Topaketa hasi aurretik; eta ekitaldiaren ondoren beste behin.
3.– Salbuespenez, batzordekideek egokitzat ikusten dutenean eta, hala badagokio, batzordekide batek eskatzen duenean bildu ahal izango da Jarraipen Batzorde Mistoa.
4.– Jarraipen Batzordearen erregimen juridikoak Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean kide anitzeko organoei buruz jasotako arauei jarraituko die.
Zortzigarrena.– Hitzarmena suntsiarazteko arrazoiak.
Hitzarmen hau izenpetu duten alderdiek honako hau hartuko dute hitzarmena suntsiarazteko arrazoitzat: hitzarmenean bildutako estipulazioak eta indarrean dagoen legerian hitzarmenaren nondik norakoei buruz jasotako beste edozein estipulazio ez betetzea.
Bederatzigarrena.– Funtsezko aldaketak.
Gei-Heis Collective erakundeak baimena eskatu beharko du Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzian, proiektuan funtsezko aldaketak eta luzapenak egitea dakarren edozein aldaketa egin aurretik. Aldaketa horiek Jarraipen Batzorde Mistoaren esparruan aztertuko dira. Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziari dagokio proposatutako aldaketak onartzea.
Hamargarrena.– Hitzarmenaren iraupena eta aldaketa.
1.– Sinatu eta hurrengo egunetik hasiko da indarrean hitzarmena eta 2019ko ekainaren 30era arte luzatuko da.
2.– Hitzarmena bi alderdiak ados jarrita amaitu ahalko da.
3.– Era berean, hitzarmena izenpetu duen edozein alderdik bere kabuz eman ahal izango du amaitutzat hitzarmena, betiere idazki bidezko aurreabisua tarteko, eta gutxienez hiru hilabeteko aurrerapenarekin jakinaraziko zaio beste alderdiari.
4.– Hitzarmena bi alderdiak ados jarrita luzatu ahalko da lau urtera arte, hitzarmena amaitu baino hilabete bateko aurrerapenarekin gutxienez.
Bi alderdiek, ados daudela eta adierazitako guztia onartzen dutela erakusteko, dokumentu hau sinatu dute, bi aletan, idazpuruan adierazitako lekuan eta egunean.
Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendaria,
PAUL ORTEGA ETCHEVERRY JAUNA.
Gei-Heis Collective erakundeko programa-koordinatzailea,
VANESSA LUDWIG ANDREA.