EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-03-06 Aldizkari honetan argitaratua: 2018046

AGINDUA, 2018ko otsailaren 27koa, Lan eta Justiziako sailburuarena, zeinaren bidez bermatzen baita 2018ko martxoaren 8rako deitutako greba orokorrak dirauen bitartean gizarteari eman behar zaizkion ezinbesteko zerbitzuak beteko direla.

Organo emailea: LAN ETA JUSTIZIA SAILA
Xedapenaren data: 2018-02-27
Hurrenkenaren zenbakia: 201801189
Maila: Agindua
2018ko martxoaren 8rako –Emakumearen Nazioarteko Eguna–, hainbat erakunde sindikalek greba orokorrerako deialdia egin dute, hainbat helburu eta ordu-tarterekin, zeinak jarraian zehazten baitira, deialdi bakoitzean.
ELA, LAB, ESK eta STEILAS erakunde sindikalek greba orokorrerako deialdia egin dute 2018ko martxoaren 8rako, 11:00etatik 15:00etara eta 18:00etatik 22:00etara. Deialdia egin dutenek adierazitakoaren arabera, «deialdi horrek barnean hartzen ditu Euskal Autonomia Erkidegoaren eremu geografikoaren barruko enpresa eta erakunde guztietako langile eta enplegatu publikoek betetzen dituzten lan- eta funtzionario-jarduera guztiak, alde batera utzita zer enpresa edo administrazioren mende dauden. Lanuzteak enpresa eta zerbitzu publikoei ere eragingo die». Hauek dira greba orokorraren helburuak, deialdia egin dutenen arabera:
«1.– Lan-arloan emakumeek jasaten dituzten lan-diskriminazio eta -prekarietateko egoerak salatzea: behin-behinekotasun handiagoa, lanaldi partzialeko kontratazioa, soldata-arraila... 2) Erakundeei eta enpresei benetako neurriak eskatzea arazo hori konpondu ahal izateko: - emakumeen enpleguaren kalitatea hobetzeko neurriak, prekarietate-egoerei amaiera emateko, eta - soldata-arraila zuzentzeko neurri eraginkorrak.»
Confederación Intersindical sindikatuak greba-deialdia egin du 2018ko martxoaren 8rako, 00:00etatik 24:00etara, eta «Espainiako estatuko langile guztiei eragingo die, funtzionarioei zein lan-kontratudunei, produkzio-sektore eta lantoki guztietan; izan ere, langile horiek euren lan-jarduna geldituko dute egunean zehar». Hauek dira grebaren helburuak, deialdia egin dutenen arabera:
«a) emakumeen lan-baldintzak hobetzea eta lan-desparekotasuna amaitzea, soldata-arraila eta kristalezko sabaia ezabatuz; horrez gain, pentsioetan berdintasuna lortzea. b) familia eta bizitza pertsonala bateragarri egitea sustatzea, hitzarmen kolektiboetan bi arlo horiek bateragarri egiteko neurriak sartuz, lan-araudian ezarritako gutxieneko eskubideak hobetzeko, ezarritako ordutegiak malgutasunez aplikatuz, eta lana eta familia bateragarri egiteko eskubideak erabili dituztenen lanbide-prestakuntza- eta -sustapena bultzatuz. c) emakumeen langabezia-tasa murriztea, eta lana lortzeko jasaten duten diskriminazioa desagertzea. d) egoera hauen aurkako borroka eraginkorra: sexu-jazarpena lan-esparruan, lan-prekarietatea eta lanaldi partzialeko edo iraupen laburreko kontratuen tasa handia. e) berdintasun-planak egitea eta aplikatzea exijitzea. Emakumeen eta gizonen berdintasun eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoaren 45. artikuluaren arabera, enpresek lan-esparruan tratu- eta aukera-berdintasuna errespetatzeko betebeharra dute, eta, helburu horrekin, neurriak hartu beharko dituzte emakumeen eta gizonen artean lan-izaerako edozein bereizkeria-mota saihesteko; halako neurriak negoziatu beharko dituzte, eta, hala badagokio, adostu, langileen lege-ordezkariekin, lan-legerian ezarritakoaren arabera. f) halaber, Estatuko gobernuari exijitzen zaio indarkeria matxisten aurkako estatu-itun bat garatu eta adostea oposizioko taldeekin, kolektibo feministekin eta gizarte-eragileekin».
Halaber, Sindicato de Comisiones de Base (co.bas) sindikatuak greba orokorrerako deialdia egin du 2018ko martxoaren 8rako, 00:00etatik aurrera 24 orduko iraupenarekin, «eta Espainiako lurraldeko enpresa pribatu eta publiko guztiei eragingo die. Txandakako sistema duten lantokietan, greba-deialdia egun horretako 00:00ak aurretiko azken txandan hasiko da, eta greba-deialdia egiten den egun horretan hasiko den azken txandara arte hartuko du; era berean, aipatutako egunean hasiko den azken txanda ere hartuko du, eta txanda hori amaitzen denean bukatuko da, hurrengo egunean». Hauek dira grebaren helburuak, deialdia egin dutenen arabera:
«a) Gobernuak onartzea gizonen eta emakumeen arteko soldata-berdintasuna nahitaezko egingo duen larrialdi-lege bat Gorteetan aurkeztu eta onestea. b) gaur egungo desparekotasun-mailak, prekarietatea eta soldata baxuak eta gizonen eta emakumeen arteko soldata-arraila eragin dituzten azken lan-erreformak indargabetzea. c) pentsioen sistema publikoa defendatzea eta emakumeen eta gizonen arteko pentsioen berdintasuna bultzatzea, bai eta 1.080 euroko gutxieneko pentsioa ezartzea ere. d) exijitzea gastu sozialaren arloko aurrekontu-murrizketak amaitzea eta 2012ko errege-dekretuek eragindako murrizketen ondorioak lehengoratzea. Gastu sozialetarako aurrekontuko partidak handitzea exijitzen dugu. Gure ustez, baliabide material eta giza baliabide gehiago jarri behar dira genero-indarkeriaren aurkako sarea indartzeko, bai tratu txarrak jasaten dituzten emakumeen kasuan bai horiei arreta ematen dieten gizarte-langileen kasuan. 2017an, indarkeria matxistak 56 emakume hil zituen. Aurrekontuen eta baliabide materialen gabeziaren ondorioz, alferrikakoak dira «estatu-ituna» edo beste edozein lege, horiek bideragarri egiteko baliabide materialez eta giza baliabideez hornitzen ez badira. e) Gobernuak onartzea mendekotasunaren arloko ez-betetzeari konponbidea ematea; izan ere, horrek 1,3 milioi pertsona baino gehiagoren eta horiekin bizi direnen oinarrizko beharrei eragiten die. Arlo horretan, murrizketen eraginez, 40.000 pertsona hil ziren 2016an; izan ere, pertsona horiek, mendekotasuna eta arretarako eskubidea izanda, ez zituzten jaso zegozkien prestazio eta zerbitzuak. 34.000 pertsonak baino gehiagok zorigaiztoko egoera bera jasan zuten 2017an, urte horren itxierako zenbatespenen arabera.»
Lanaren Konfederazio Orokorrak, estatuan, eta Euskadiko Confederación General del Trabajo-Lanaren Konfederakunde Nagusia (CGT/LKN) erakundeak, Euskal Autonomia Erkidegoan, greba orokorrerako deialdia egin dute 2018ko martxoaren 8rako, 00:00etatik 24.00etara, eta deialdi horrek «sektore-esparru guztietako –publikoak eta pribatuak– langileei eta estatuko funtzionarioei eragingo die». «Txandakako sistema duten lantokietan, greba-deialdia egun horretako 00:00ak aurretiko azken txandan hasiko da, eta egun horretan hasiko den azken txandara arte hartuko du, eta txanda hori amaitzen denean bukatuko da, hurrengo egunean. Halaber, lanaren berehalako ondorioak 2018ko martxoaren 8an izan behar dituzten sektoreetako langileek eta funtzionarioek deialdiaren aurreko eguneko lanaldian egingo dute greba, sektoreok produktuak eta ondasunak ekoizteko, zerbitzuak emateko eta banaketak egiteko direla ere». Hauek dira grebaren helburuak, deialdia egin dutenen arabera:
«1) Indarkeria matxisten aurkako neurri zehatz eta eraginkorrak exijitzea Gobernuari. 2) Soldata-arraila eta pentsioetako desparekotasunak ezabatzea. 3) Lanbide-sustapena berdintasunez lortu ahal izatea. 4) Emakumeen langabezia-tasa murriztea, eta lana lortzeko jasaten duten diskriminazioa desagertzea. 5) Lan-prekarietatea: laneko sexu-jazarpena desagerraraztea, bai eta behin-behinekotasuna eta lanaldi partzialeko kontratuen tasa handia ere.6) Lana, familia eta norberaren bizitza benetan bateragarri egiteko neurriak.7) Emakume migratzaile eta errefuxiatuen benetako berdintasun materiala. 8) Etxeko langileen benetako parekatzea. 9) Ordainsariak eta ordaindutakoaren araberako prestazio independenteak jasotzeko eskubidea ematen duen lantzat hartzea zainketa-lanak. 10) Gizonezko eta emakumezko funtzionario publikoen arteko benetako berdintasuna.»
Langile Komisioak (CCOO) sindikatu-konfederazioak eta Langileen Batasun Orokorra (UGT) sindikatu-konfederazioak greba orokorrerako deialdia egin dute, eta deialdi horrek hauei eragingo die: «Espainiako estatuko esparru geografiko eta juridikoaren barruan ezarrita dauden enpresa eta erakundeetako langileek eta enplegatu publikoek betetzen dituzten lan- eta funtzionario-jarduera guztiak. Espainiako kanpo-zerbitzuan langile kontratatuek eta funtzionarioek eginiko lan- eta funtzionario-jarduerak sartzen dira, hau da, bulego eta lantoki guztiei eragiten die, kontuan hartu gabe langile publikoa zer ministerio, organismo edo erakunde publikotakoa den eta estatuko kanpo-administrazioan zer destino duen». Greba bi ordukoa izango da 2018ko martxoaren 8ko lan-txanda bakoitzean. Lanaldi zatituetarako eta goizeko txandako lanaldi jarraituetarako, greba 11:30etik 13:30era izango da; arratsaldeko txandako lanaldi jarraituetarako, greba 16:00etatik 18:00etara izango da, eta, gaueko txandako lanaldi jarraituetarako, greba egingo da martxoaren 8an hasten den gaueko txandako lehenengo bi orduetan, berariaz beste ordutegi bat jakinarazten duten esparru, sektore edo enpresetan izan ezik. Hauek dira grebaren helburuak, deialdia egin dutenen arabera:
«1) Lan-merkatuan emakumeek jasaten dituzten desparekotasuna eta diskriminazioa gaitzestea, eta, zehazki, soldata-arraila gaitzestea: 1.1 Espainian, modu iraunkorrean mantentzen da emakumearen desparekotasun- eta diskriminazio-egoera lan-merkatuan, eta, horren ondorioz, emakumeak laneratze okerragoa jasan behar izaten du, baldintza okerragoekin eta soldata txikiagoekin.1.2 Gizonen (25.993 euro) eta emakumeen (20.052 euro) urteko batez besteko irabazien arteko soldata-arraila 5.941 eurokoa izan zen 2015ean. 1.3 Lanaldi partzialeko kontratu ez-borondatezkoak eta horien eragina lan-prekarietatean. 1.4 Soldata-osagarriek soldata-arrailaren erdia azaltzen dute. 1.5 Beharrezkoa da genero-desberdintasunaren kausen gainean eragitea.
2) Emakumeen langabeziaren kronifikazioa gaitzestea.
3) Irmo gaitzestea, batetik, indarkeria matxista, eta, bestetik, arlo guztietan genero-indarkeriaren biktimak babesteko neurri nahikorik ez egotea, bereziki lan-arloan.
4) Gobernuak ezarritako genero-berdintasunerako politikak gaitzestea.»
Alternativa Sindical de Trabajadores (AST) sindikatuak greba-deialdia egin du 2018ko martxoaren 8rako, 00:00etatik 24:00etara, «estatu osoko eta sektore-esparru publiko eta pribatu guztietako langileentzat. Jarduera txandaka egiten duten lantokietan, greba-deialdia deialdiaren eguneko, hau da, martxoaren 8ko 00:00ak aurretiko azken txandan hasiko da, eta hurrengo egunean txanda hori amaitzen denean bukatuko da». Grebarako deialdia egin dutenen arabera, hauek dira grebaren helburuak:
– «Gobernuek 2010ean eta 2012an egin zituzten bi lan-erreformak indargabetzea; izan ere, erreforma horiek soldata-desparekotasunak handitu eta lan-baldintzak prekariotzen dituzte.
– Gobernuak aldarrikatzea gizonen eta emakumeen arteko benetako soldata-berdintasuna nahitaezko egingo duen larrialdi-lege bat, Espainiako Konstituzioaren 14. artikulua betez lan-arloan, eta, zehazki, soldata-arraila ezabatzeko xedearekin.
– Gobernuari exijitzea mendekotasun-legea betetzea ahalbidetuko duen aurrekontu-zuzkidura ezar dezala; izan ere, arlo horretan izan diren aurrekontu-murrizketen ondorioz, azken urteetan hainbat milaka lagun –mendekotasuna zuten pertsonak– hil dira eskubidez zegozkien prestazioak jaso gabe.
– Gobernuari exijitzea gizarte-gastuetarako soldata-aurrekontua handitu dezala, eta murrizketak eta zerbitzu publikoen pribatizazioa geldiaraz ditzala.
– Gobernuari exijitzea genero-indarkeriaren aurkako lege- eta arau-neurri eraginkorrak ezar ditzala; besteak beste, aurrekontua handitzea tratu txarrak jasan dituzten emakumeei eta horien seme-alabei laguntzeko tresnak eta neurriak indartzeko (baliabide materialak eta giza baliabideak).
– Gobernuari, patronalari eta jurisdikzio-organoei exijitzea lana eta familia bateragarri egiteko legea eta berdintasun-legea bete ditzatela.
– Pentsioen sistema publikoa defendatu eta mantentzea, eta emakumeen eta gizonen arteko pentsioen berdintasuna bultzatzea.
– 1.080 euroko gutxieneko pentsioa ezartzea, eta etxeko lana eta/edo zaintzaile-lana ordaindutako lan gisa aitortzea.»
Langile Sindikal Batasuna - Unión Sindical Obrera (LSB-USO) sindikatuak greba-deialdia egin du 2018ko martxoaren 8rako, 12:00etatik 16:00etara (4 ordu), eta deialdi horrek hauei eragingo die: «Espainiako estatuko esparru geografiko eta juridikoaren barruan ezarrita dauden enpresa eta erakundeetako langileek eta enplegatu publikoek betetzen dituzten lan- eta funtzionario-jarduera guztiak.» Hauek dira grebaren helburuak, deialdia egin dutenen arabera: «1) Gobernuari exijitzea apustu serioa eta berariazko arautzea egin ditzala lan-arloan, helburu hauekin: lan-merkatuan emakumeak bizi duen errealitateari heltzea, eta enpresa eta erakundeetan genero-arrazoiengatiko desberdintasunak ezabatzea, lan-merkatuan emakumeen eta gizonen arteko aukera-berdintasuna lortzeko, eta soldata-arraila eta kristalezko sabaia ezabatzeko. 2) Emakumeen kontratazioaren prekarietatearekin eta emakumeen langabezia-tasa handiarekin amaitzea. Espainian, guztizko langabezia-tasa % 16,38koa da; emakumeen langabezia-tasa, berriz, % 18,21ekoa da, jarduera-tasa txikiagoa izan arren. 3) Genero-ikuspegia jasoko duen negoziazio kolektiboaren beste eredu bat ezartzea, eta enpresetan negoziatutako berdintasun-planak zorrotzago kontrolatzea. 4) Emakumeen eta gizonen berdintasun eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoaren aplikazio eragingarriagoa eta aurrekontu-laguntza handiagoa lortzea. Aukera-berdintasunerako funtsezkoa den erantzunkidetasuna sustatzeko, amatasun- eta aitatasun-baimenen erreforma exijitzen dugu, berdinak eta besterenezinak eta % 100ean ordainduak izan daitezen, Plataforma por Permisos Iguales e Intransferibles de Nacimiento y Adopción (PPIINA) izeneko elkarteak proposatzen duen diseinuarekin. 5) Lan-ordutegiak modu arrazoizkoago batean egokitzea eskola-ordutegietara, eta Europako gainerako herrialdeetako ordutegiekin orekatuago egotea.»
Lanaren Konfederazio Nazionala (CNT) erakunde sindikalak greba-deialdia egin du 2018ko martxoaren 8rako; egun horretako 00:00etan hasiko da, eta 24:00etan amaitu. Hainbat lan-txanda dituzten enpresa, administrazio eta erakundeetan, greba lehenengo txandan hasiko da –nahiz eta txanda hori martxoaren 8ko 00:00ak baino lehenago hasi–, eta azken txanda amaitzen denean bukatuko da –nahiz eta txanda hori martxoaren 8ko 24:00ak baino geroagora arte luzatu–. Halaber, martxoaren 8ko 00:00ak baino lehen hasten den lan-txanda bakarra duten enpresa, administrazio eta erakundeetan, lanuztea lan-jarduna hasteko orduan hasiko da, eta martxoaren 8an txanda amaitzen den orduan bukatuko da.
Grebak honako hauei eragingo die: «enpresa pribatuetako langileek eta sektore publikoko enplegatuek –funtzionario-, estatutu- zein lan-lotura dutenek– eginiko jarduera guztiak, bai eta familia-etxeko zerbitzuaren izaera bereziko lan-harremana arautzen duen azaroaren 14ko 1620/2011 Dekretuan jasotakoak ere, Espainiako Estatuko lurralde-eremuan.» Hauek dira grebaren helburuak, deialdia egin dutenen arabera: «Genero-arrazoiengatiko lan-diskriminazio oro ezabatzea. Diskriminazio hori zeharka gertatzen den neurrian –sektore feminizatuetan dauden edo familia-kargak dituzten gizonezkoek jasaten dute diskriminazioaren eragina–, bigarren puntuan adierazitako langile guztiei (emakume zein gizon) egiten zaie deialdia.
Grebaren helburuak lau ardatz nagusitan banatzen dira:
1.– Soldata-arraila ezabatzea.
2.– Laneratzeko eta lanbide-sustapenerako oztopoak kentzea (lurzoru itsaskorra eta kristalezko sabaia).
3.– Familia eta lana bateragarri egiteko oztopoak kentzea, erantzunkidetasunaren ikuspegitik.
4.– Familia-etxeko zerbitzuko lanean ematen den diskriminazio oro ezabatzea.»
Euskadiko CCOO sindikatu-konfederazioak greba-deialdia egin du 2018ko martxoaren 8rako, 11:00etatik 14:00etara eta/edo 16:00etatik 19:00etara. Langile edo enplegatu publiko bakoitzak 2 orduz egin ahal izango du greba, aukeran, deialdiko ordutegiaren barruan. Deialdiak honako hauek hartzen ditu barruan: «Euskal Autonomia Erkidegoan ezarrita dauden enpresa pribatu eta erakunde eta administrazio publiko guztietako langile eta enplegatu publiko guztiak.» Hauek dira grebaren helburuak, deialdia egin dutenen arabera: «1) Lan-merkatuan emakumeek jasaten dituzten desparekotasuna eta diskriminazioa gaitzestea, eta, zehazki, soldata-arraila gaitzestea. 2) Emakumeen langabeziaren kronifikazioa gaitzestea. 3) Irmo gaitzestea, batetik, indarkeria matxista, eta, bestetik, arlo guztietan genero-indarkeriaren biktimak babesteko neurri nahikorik ez egotea, bereziki lan-arloan. 4) Gobernuak ezarritako genero-berdintasunerako politikak gaitzestea.»
Bazkuna erakunde sindikalak greba orokorra deitu du 2018ko martxoaren 8rako, hain zuzen ere 11:00etatik 15:00etara eta 18:00etatik 22:00etara. Deitzaileen arabera, deialdiak «Gipuzkoako foru-administrazioetako langileen eta funtzionarioen jarduera guztietan eragingo du». Grebaren helburuak, berriz, honako hauek dira: «1) Emakumeek lan eremuan jasaten dituzten diskriminazio- eta prekarietate-egoerak salatzea, hala nola behin-behinekotasun handiagoa, lanaldi partzialeko kontratazioa, soldata-arraila... eta 2) Erakundeei eta enpresei arazo hau konpontzeko neurri errealak eskatzea, hala nola emakumeen enpleguaren kalitatea hobetzeko neurriak, prekarietate-egoerei amaiera emateko, eta soldata-arraila zuzentzeko neurri eraginkorrak».
Grebaren esparrua kontuan izanik, Euskal Autonomia Erkidegoari dagokionez, bertako gobernu-agintaritzari dagokio Euskal Administrazio Publikoak eta gainerako erakunde, entitate edo enpresek ematen dituzten ezinbesteko zerbitzuak ematen direla ziurtatzeko bermeak ezartzea zerbitzu publikoetan edo behar-beharrezkoak eta atzeraezinak direnetan, Lan Harremanei buruzko martxoaren 4ko 17/1977 Legegintzako Errege Dekretuaren 10. artikuluko bigarren paragrafoan xedatutakoari jarraikiz.
Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikuluak langileen greba-eskubidea onartzen du, langileek beren interesak defenda ditzaten, horixe baita egungo zuzenbide-estatu sozial eta demokratikoak oinarri dituen oinarrizko eskubideetako bat. Konstituzioak, beraz, berdin babesten ditu greba-eskubidea eta beste zenbait eskubide garrantzitsu, hala nola: bizia, osotasun fisikoa, osasuna, hezkuntza, joan-etorri askea, informazio-askatasuna eta benetako babes judiziala, besteak beste. Hain zuzen, Konstituzioak bete-betean babesten ditu, bai eskubide horiek guztiak, baita greba egiteko eskubidea ere.
Beraz, greba egiteko eskubidea herritarren gainerako oinarrizko eskubideen kontrakoa izan daitekeenez, eta Konstituzioaren 28. eta 37. artikuluetan xedatuta dagoenaren arabera, gizartearentzako ezinbesteko zerbitzuak mantentzen direla ziurtatzeko neurri egokiak hartu behar dira, auzitan dauden eskubideetako bat bera ere gauzatu gabe gera ez dadin.
Hala ere, aurreko premisa gorabehera, begien bistakoa da ezen, oinarrizko eskubideak mugatzen dituen edozein neurri konstituzionala izan dadin, proportzionaltasunaren printzipioa zorroztasunez aplikatuz hartu behar dela, eta horretarako hiru baldintza bete behar ditu neurri horrek: neurria aplikatuz proposatutako helburua lortu ahal izatea, hots, «egokitasun-judizioa» deritzona; egitatea aztertuta, ondorioztatu izana ez dagoela neurri apalagoren bat helburu hori eraginkortasun berarekin lortzeko, hau da, «beharrizanezko judizioa» deritzona; eta, azkenik, neurria edo konponbidea orekatua edo neurtua izatea, haren aplikazioaren ondorioz guztion intereserako onura edo abantaila gehiago eragiten direlako auzian dauden beste ondasun edo balioetarako eragiten diren kalteak baino, hau da, «proportzionaltasun-judizioa, zentzu hertsian». Gai horri buruz hainbat aldiz erabaki du Konstituzio Auzitegiak, honako epai hauen bitartez, besteak beste: 122/1990, 123/1990, 8/1992 eta 126/2003.
Erabaki horietatik ondorioztatu behar dugu gizartearentzako ezinbesteko zerbitzuak emango direla ziurtatzeak mugatu egiten duela grebarako eskubidea baliatzeko aukera, eta, ondorioz, nahitaezkoa dela interes desberdinak kontuan hartuta egoki orekatuz jokatzea. Hori dela-eta, ziurtatzeak berme gisa balio behar du, eskubide kontrajarrien ezinbesteko koordinaziotik abiatuta; betiere ulertuta grebalarien eskubidea mugatu beharko dela –amore eman, Konstituzio Auzitegiaren hitzetan–, haien eskubideak grebaren bidez babesteak ezinbesteko zerbitzua jasotzeko eskubidearen komunitate/pertsona titularrari eragiten dion edo eragin liezaiokeen kaltea larriagoa bada grebalarien errebindikazio edo eskakizunen arrakastarik ez izateak eragingo lukeena baino. Horregatik, greba-deialdi honen aurrean, haren garapenak dituen ezaugarri zehatzak hartu beharko dira kontuan; eta, zehazki, grebaren denbora-eremua. Iraupen desberdineko lanuzteak egingo dira, martxoaren 8ko deialdietako bakoitzak ezarritakoaren arabera, eta grebaren jarduera-esparruak barnean hartuko ditu Euskal Autonomia Erkidegoan ezarritako enpresa eta erakunde guztietako lan- eta funtzionario-jarduera guztiak.
Adierazitakoa dela-eta, Konstituzioaren 15. eta 43.1, 19., 20., 27., 35. eta 24. artikuluetan, bizia, osotasun fisikoa eta morala, osasuna, hezkuntza, lurraldeko joan-etorri askea, lana, informazioa eta benetako babes judizialerako eskubidea babesten dira. Hain zuzen ere, botere publikoei dagokie eskubide horiek bermatzea, prebentzio-neurriak ezarriz eta beharrezko zerbitzuak emango direla ziurtatuz. Greba egiteko eskubidea zilegi bada ere, eskubide horiek guztiak ezin daitezke babesik gabe geratu. Horren ondorioz, Euskal Autonomia Erkidegoko Gobernuak gutxieneko zerbitzuak ezarri behar ditu, erkidegoan ezinbesteko zerbitzuak bermatzeko, ondoren adierazten diren eta agindu honetan zehaztuta geratzen diren sektoreetan.
Osasun-sektorea.
Osasuna babestea oinarrizko eskubideetako bat da zuzenbide-estatu guztietan. Egun, herritarrek gutxieneko prestazio sanitarioak eskatzeko duten eskubide gisa ulertzen da eskubide hori, aintzat hartuz giza duintasuna eta estatu bakoitzaren gizartearen eta ekonomiaren garapen-maila. Hala, Giza Eskubideen Adierazpenak (NBE, 1948) 25.1 artikuluan dioenez, «pertsona orok du osasuna eta ongi izatea edukitzeko eskubidea, eta batez ere, mediku sorospena eta gizarte-zerbitzuak»; ildo berekoak dira Europako Kontseiluaren Europako Gutun Sozialaren 11. artikulua (Turin, 1961) eta Ekonomia-, Gizarte- eta Kultura-eskubideen Nazioarteko Itunaren 12. artikulua (NBE, 1966).
Hortaz, greba-eskubidearen eta Konstituzioaren 15. eta 43.1 artikuluetan jasotako beste zenbait eskubideren arteko gatazkan (bizitzeko eskubidea, osotasun fisiko eta moralerako eskubidea eta osasuna babestekoa), ezinbesteko baldintza da azken horiek bermatu beharra. Osasun-zerbitzu publiko nahiz pribatuek pertsonen osasuna eta bizia zaindu behar dute. Horren ondorioz, eta greba-deialdiari dagokionez, ez da argudiorik behar edo argudio gutxi behar da larrialdiko zerbitzuak bete-betean mantentzea behar-beharrezkoa dela adierazteko; izan ere, zerbitzu horietan berehala esku hartu ezean, gerta daiteke norbaiten bizia arrisku larrian egotea. Orobat, «ospitaleratutako pazientea behar bezala artatu ahal izateko», ospitaleratutako paziente bakoitzari behar bezala eman behar zaizkio botikak, higiene-egoera egokia bermatu behar zaio, eta jaten eman behar zaio, otorduak errespetatuz; esan nahi baita, beharrezko asistentzia eman behar zaio, bere osotasun fisiko eta morala honda ez dadin.
Osasun-arloko lehen mailako arretari dagokionez, arazorik gabe hartzen da oinarrizko zerbitzutzat, ospitalez kanpoko larrialdiei estaldura ematen dien heinean batez ere. Jarduera-sektore honetan gutxieneko zerbitzuak ezartzeari dagokionez, esan behar da, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzien salak emandako epai batzuen ondotik (2012ko urriaren 3koa, deuseztzat jo zituena 2012ko martxoaren 29an 24 orduko greba orokorra egiteko 2012ko martxoaren 23ko Aginduaren bidez ezarri ziren lehen mailako arretarako gutxieneko zerbitzuak; eta 2013ko martxoaren 5ekoa, deuseztzat jo zituena 2012ko azaroaren 14an eta 2013ko maiatzaren 30ean 24 orduko greba orokorrak egiteko 2012ko irailaren 19ko Aginduaren bidez ezarri ziren lehen mailako arretarako gutxieneko zerbitzuak; eta 2016ko ekainaren 14ko greba-deialdia, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko langileentzat egina, txanda guztietarako bi orduko ordu-tarteetan –ez dago jasota haien aurka egin zenik, ez administrazio-bidetik, ez auzibidetik–), gobernu-agintariek erabaki zuten larunbatetako lanaldiari dagokiona –eta larunbatetako ohiko ordutegia– ezarriko zutela lehen mailako arretarako gutxieneko zerbitzu gisa, greba-egunerako aurreikusita zegoen langile-kopuruarekin; horrenbestez, eutsi egin zaie zerbitzu horiei.
Larrialdi-zerbitzuei eta etengabeko arretaguneei dagokienez, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzien salaren 2012ko urriaren 3ko Epaiak ezetsi zuen errekurtsogileak larrialdi-zerbitzuetarako eta etengabeko arretaguneetarako ezarritako gutxieneko zerbitzuen inguruan zuen asmoa, hau da, zerbitzu horiek gehiegizkotzat jotzea (% 100eko zerbitzuak ezarri ziren), arrazoi hau aipatuta: «larrialdi-zerbitzuen izaerak berak eta etengabeko arretaguneen helburuak justifikatu egiten dute, aztergai dugun eremuan (osasunaren eremuan) eta osotasun fisikoa eta bizitzeko eskubidea ahaztu gabe, errekurtsoa jaso duen aginduan bildutako gutxieneko zerbitzuak ezartzea»; horrenbestez, eutsi egin zaie zerbitzu horiei.
Osasun-sektore horretan bertan, kontuan hartu behar da 2011ko uztailean funtsezko erreforma bat egin zela erabiltzaileen arretan: Call Center izeneko sistema. Sistema horrek, osasun-arreta bere horretan ematen ez badu ere, zerbitzu hori benetan ematea ahalbidetzen du, erabiltzaileak arreta horrekin duen lehen harremana baita; zerbitzu hori bereziki nabarmena da osasun-aholkuari dagokionez. Izan ere, telefono-zerbitzua da, eta lehen mailako arretako erizaintzako langileek ematen dute. Bertan, erabiltzaileen premiak balioesten dituzte eta, haien egoeraren arabera, dagokion zerbitzura bideratu. Zehazki, larrialdi-zerbitzura (bizilekura anbulantzia bat bidalita) edo etengabeko arretagunera (bizilekurako abisua zuzenean kudeatuta) bidera daitezke. Garbi dago, beraz, Call Center izenekoa osasun-larrialdietara bidera daitezkeen deien iragazkia dela, osasun-aholkuan gerta litekeen kolapsoa saihesten duela, eta osasun-lehentasuna duten deiak eta dei arruntak bereizten dituela. Horrez gain, beste zerbitzu batzuk egiten ditu, hala nola aurrez ordua eskatzeko deiak hartzea, IVR telefono-sistema bidez operadore birtual gisa jardutea, zenbaki generikoetatik aurrez ordua eskatzeko iristen diren deiak hartzea, zerbitzuei buruzko informazio orokorra ematea, etab. Azkenik, Autonomia Erkidegoko zentro guztietako O-Sarean barruko zerbitzu eta aplikazioen funtzionamenduari lotutako barne-gorabehera teknikoak kudeatzen ditu. Sistemaren funtzionamendu teknikoaren berme horrek eta osasun-aholkuak bultzatu dute gobernu-agintaritza hau zerbitzu hori bermatu beharreko ezinbesteko zerbitzutzat hartzera, bizitzeko eta osasunerako eskubideari lotuta dagoen heinean.
2014. urtean, Call Center Korporatibo zentralizatua bi sistemarekin ordeztu da:
a) Osasun-erakunde batzuetan, telefono-jauziko dei-sistema bat ezarri da anbulatorioen artean, eta ez da beharrezkoa izango gutxieneko zerbitzu espezifikorik finkatzea sistema horretan.
b) Eta Arabako Eskualdeko erakunde sanitarioetan, Donostialdea ESIan, Ezkerraldea-Enkarterri-Gurutzetako ESIan, Bilbo-Basurtu ESIan, Uribe ESIan, Debabarrena ESIan, Tolosaldea ESIan eta Bidasoa ESIan, lehengo Call Center Korporatiboaren funtzio berak betetzen dituen baina erakunde horietako bakoitzera mugatuta dagoen call center sistema bat ezarri da.
Bigarren call center mota honetan gutxieneko zerbitzuak ezartzeko beharra honako hauek arrazoitzen dute: batetik, lehengo call center korporatiboaren funtzio berak betetzen ditu, erakunde sanitario bakoitzera mugatuta bada ere; eta, bestetik, telefono bidezko arreta oso garrantzitsua da; izan ere, arreta hori funtsezkoa da osasun-antolamenduan, herritarrek osasun-sistemarekin harremanetan jartzeko gehien erabiltzen dituzten bideetako bat baita. Sistema horren bidez, gainera, telefonoz ordua aurrez eskatzeko eskariaren banaketa orekatuagoa lortzen da eguneko orduetan. Horri esker, zerbitzuek ez dute gainezka egiten lehen orduetan, eta telefonoz bideratzen ez diren pertsonek ez dute nahitaez osasun-zentrora joan behar.
Ezarri beharreko gutxieneko zerbitzu zehatzei dagokienez, kontuan hartu behar da aurreko Call Center Korporatiboan urteko egun guztietan egiten zela lan, nahiz eta astelehenetik ostiralera bitarte jarduteko plantilla bat eta larunbaterako beste bat egon. Egungo Call Center zerbitzua antolatuta dagoen moduan, berriz, ez da zerbitzurik ematen larunbatetan. Beraz, gutxieneko zerbitzuak larunbatetako zerbitzuetara mugatzea zerbitzurik ez ezartzea izango litzateke, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzien salak 2013ko maiatzaren 29ko Autoan erabaki eta 2013ko irailaren 25eko Epaiak berretsi zuenez. Hori guztia dela-eta, Osakidetzaren Zuzendaritzak emandako informazioaren arabera, egungo plantillaren % 50 behar da zerbitzu hori betetzeko, eta, hortaz, lan horiek egin ohi dituzten langileen ehuneko hori ezartzen da gutxieneko zerbitzu gisa.
Zirkunstantzia horietan guztietan oinarrituta, deialdi honen aurre-aurreko greba-deialdietan –aipatutako zerbitzuari eragiten ziotenetan–, 2014ko azaroaren 4ko Agindua, 2015eko apirilaren 21eko Agindua eta 2016ko ekainaren 10eko Agindua eman ziren eta, haien bidez, ehuneko hori ezarri zen gutxieneko zerbitzu gisa.
Bestalde, garraio sanitarioko enpresek egiten dituzten zerbitzuei dagokienez, zerbitzu horiek erabat gelditzen badira, osasun-arreta behar duten herritar asko ezin izango lirateke lekualdatu, eta horrek lehendik aipatu dugun osasunerako edo bizitzeko eskubideari erasotzen dio; izan ere, gaixorik dauden pertsonen lekualdaketan behar bezain azkar ez bada jarduten, pertsona horien heriotza ere gerta daiteke, beharrezko osasun-arreta ez jasotzeagatik. Arrazoi horiek guztiak kontuan hartuta, gizartearentzako ezinbestekotzat jo behar da sektore horrek ematen duen zerbitzua, eta, hortaz, behar-beharrezkotzat eta atzeratu ezintzat, argi eta garbi.
Larrialdien eta segurtasunaren sektorea.
Gizarteak larrialdiei aurre egiteko eta bide-segurtasuneko zerbitzuetarako duen eskubidea (SOS DEIAK, larrialdiei aurre egiteko eta meteorologia zerbitzuak, suhiltzaileak, larrialdietako igorleak eta komunikazioak, errepideen mantentzea –neguko bide-plana barne–, urtegi, ibai eta mendietako larrialdi-zerbitzua, Babes Zibila, Euskadiko Trafikoa Kudeatzeko Zentroa eta abar) eta Segurtasun Sailaren eta Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren komunikazio- eta informatika-arloa jendearentzako ezinbestekotzat hartzen dira, larrialdia ezbehar bihur ez dadin egiten baitira zerbitzu horiek. Konstituzioaren 15. eta 43.1 artikuluetan, bizia, osotasun fisikoa eta morala eta osasuna babesten dira. Hain zuzen ere, botere publikoei dagokie eskubide horiek bermatzea, prebentzio-neurriak ezarriz eta beharrezko zerbitzuak emango direla ziurtatuz. Greba egiteko eskubidea zilegi bada ere, eskubide horiek guztiak ezin daitezke babesik gabe geratu. Beraz, gizartearentzako ezinbestekotzat jo behar da sektore hori, eta, hortaz, zerbitzu hori behar-beharrezko langileekin ematea ezinbestekotzat eta atzeratu ezintzat jo behar da. Horretarako, jaiegun batean bezainbeste langile arituko dira lanean. Nolanahi ere, neguko bide-planaren zerbitzua zehazteko, aintzat hartuko da fenomeno meteorologikoen ondorioz ezar litezkeen alerta-mailak.
SOS-Deiak zerbitzuak aipamen berezia merezi du. Kasu honetan, ezinbesteko zerbitzu hori emateko gutxieneko zerbitzu egokiak ezartzeko, kontuan hartu behar da zerbitzu horietako telefono-arretaren ohiko tamaina pentsatuta dagoela normaltasun-egoeran eguneko dei-kopuruari erantzuteko. Beraz, zerbitzua emateko gutxieneko edo oinarrizko pertsona-kopurua hartzen da kontuan, larrialdi-egoerak ezin direlako ez aurreikusi ez planifikatu. SOS-Deiak Larrialdiak Koordinatzeko Zentroek urtean 1.400.000 dei erantzuten dituzte, eta 171.000 gorabehera baino gehiago koordinatzeko lanetan parte hartzen dute.
Hori guztia dela-eta, zerbitzua mantentzeko eskatu beharreko gutxieneko zerbitzuak ohiko egun baterako planifikatutako kopurura iritsi behar dira. Izan ere, kopuru txikiagoa ezartzen bada, gerta daiteke herritar baten deia ez jasotzea lineak edo operadoreak gainezka daudelako, eta, ondorioz, gerta daiteke giza biziak (pertsona batena, zenbaitena edo askorena) salbatzeko baliabideak atzeratzea edo ez mugiaraztea. Ezinezkoa da zain dauden deiak zerrendatzea, eta alertarik ez galtzea lortu behar da; izan ere, alertaren bat galtzen bada, larrialdi-zerbitzuek ez dute izango esku hartzeko behar duten informaziorik. Horrez gain, baliteke beharrezkoa izatea, zerbitzuaren ohiko kopurua egoteaz gain, unean-uneko laguntza ere eskatzea, larrialdi-plan bat aktibatu delako edota greba-egunean larrialdi-kasu larriak gertatu direlako. Beraz, beharrezkoa eta ezinbestekoa da greba-egunean ohiko egun baterako aurreikusitako langileen % 100 estaltzea, bai operadoreen lanpostuetan bai gainbegiraleenetan; izan ere, gainbegiraleek, koordinazio-lana egiteaz gain, telefono bidezko arreta ere ematen dute, eta lan-txandatik hurrengo errelebora transferentzia egiteko arduradunak dira, lehenago ere azaldu den bezala. Baliteke zerbitzuaren tamaina horri laguntzaren bat gehitu behar izatea, gerora sortutako larrialdi-egoera larrietan. Euskal Autonomia Erkidegoko contact center sektorean eta Larrialdiak Koordinatzeko Zentroan egin diren azken greba-deialdietan, 2017ko martxoaren 3ko Agindua eta 2017ko martxoaren 15eko Agindua eman ziren, hurrenez hurren, eta ohiko egun baterako aurreikusitako langileen % 100 ezarri zen gutxieneko zerbitzu gisa.
Gizarte-zerbitzuen sektorea.
Gizarte-zerbitzuak, bestalde, babes-neurrien multzo gisa daude eratuta, mendekotasuna duten edo kalteberatasun-egoeran dauden pertsonei bizitzeko gutxienezko baldintza duinak eta kalitatezkoak bermatzeko. Konstituzioaren 15. eta 43.1 artikuluetan, bizia, osotasun fisikoa eta morala eta osasuna babesten dira. Hain zuzen ere, botere publikoei dagokie eskubide horiek bermatzea, prebentzio-neurriak ezarriz eta beharrezko zerbitzuak emango direla ziurtatuz. Greba egiteko eskubidea zilegi bada ere, eskubide horiek guztiak ezin daitezke babesik gabe geratu. 10.1 artikuluak xedatzen duenez, gizabanakoaren duintasuna ordena politikoaren eta gizarte-bakearen oinarri da. Halaber, Konstituzioaren 49. artikuluak xedatzen duenez, botere publikoek «aurreneurri-, tratamendu-, bizkortze- eta gizarteratze-politika egingo dute urritu fisiko eta psikikoentzat eta zentzumen-urrituentzat; horiei, eurek behar duten arreta berezia emango zaie, eta bereziki babestuko dira, titulu honek herritar guztiei ematen dizkien eskubideak egikaritu ahal izateko».
Ezin da ukatu honako hauetan lan egiten dutenen jarduera oso garrantzitsua dela gizartearentzat: egoitza-zerbitzuak (tutoretzapeko apartamentuak, etxebizitza komunitarioak eta egoitzak), eguneko zentroak –desgaitasun fisikoak eta psikikoak dituztenei arreta emanez–, etxeko laguntza-zerbitzuak eta telelaguntza-zerbitzuak, adingabeen etxebizitza komunitarioak eta egoitzak, eta esku-hartze sozialeko zentroak. Zerbitzu horien beharra duten pertsonek ezin dute beren kabuz jardun, haien egoera subjektibo eta pertsonala dela-eta. Beraz, sektore honetan gutxieneko zerbitzuak finkatu ezean (nahiz eta greba launa orduko edo bina orduko bi ordu-tartetan eta gaueko txandaren lehenengo bi orduetan egin, edo lanaldi osokoa izan 2018ko martxoaren 8an), baliteke kalte nabarmen larriagoak eragitea, eta, hartara, grebaren helburuak lausotuta geratzea; izan ere, egoera horietan, pertsona batzuen osasuna eta segurtasuna arriskuan jar daitezke.
Hala eta guztiz ere, kontuan hartu behar da zerbitzu horien prestazioan garatzen diren egiteko guztiak ez direla ezinbestekoak. Ezinbesteko egitekotzat ulertu beharko dira «zuzeneko arretako zerbitzuak»; zerbitzu horien xedea da arreta jasotzen dutenen norberaren zainketa oinarrizkoak mantenduko direla bermatzea. Zuzeneko arretako zerbitzuen barruan, arreta sanitarioaz eta geriatrikoaz gain, beste hauek ere baditugu: otorduen prestaketa eta otordu-zerbitzua, hidratazioak, botika-hornidurak, siesta terapeutikoak eta, mendekotasun-egoeraren arabera, higiene pertsonala eta altxatzeko, garbitzeko, janzteko edo jateko laguntza. Era berean, eremu biopsikosozialaren mantentze eta kontserbaziotzat hartzen dena ere bermatu beharko da.
Zentro horien ohiko funtzionamenduak intentsitate-maila desberdinak ditu egunean zehar, pertsonen jarduera funtzionalaren eta ziklo biologikoaren arabera, eta jarduera handiagoa dago goizeko lehenengo orduan (jaiki, higiene pertsonala, jantzi, medikazioa, gosaria eta abar), eguerdiko otorduan eta eguneko azken orduetan (afaria, oheratu, pixoihala aldatu, medikazioa eta abar); beraz, ordu horietan arreta pertsonalizatu handiagoa behar da zaintzaileen aldetik. Horren ondorioz, ordu horietan, beharrezkoa da langile horietako gehiago egotea, egoitzetako bezeroen beharrizanei erantzuteko jarduera txikiagoa den gainerako orduetarako ezarritako oinarrizko langileei laguntzeko.
Zahar-egoitzetan egin diren greba-deialdietan, zuzeneko arreta ematen duten gerokultoreen edo parekatuen % 70 ezarri izan da, bazkariaren ohiko ordutegian eta 08:00etatik 10:30era eta 20:00etatik 22:00etara izan ezik, orduan ehuneko hori % 10 gehituko baita.
Soil-soilik erabiltzaileen % 70ek baino gehiagok II. eta III. graduko mendekotasun aitortua duten zentroetan, gerokultoreen eta parekatuen ehunekoa % 80koa izango da.
Gaueko txandan, zuzeneko arretako langileen % 100ek lan egin beharko du, baina «zuzeneko arreta» moduan zehaztutako lanak baino ez dituzte egingo.
Zuzeneko arretaren ezinbestekotasunaren irizpide bera aplikatu behar zaie, baita ere, mendekotasuna duten adinekoentzako eguneko zentroei, zeinetan, oro har, langile gutxiago izaten baitira egoitzetan baino; urriaren 17ko 202/2000 Dekretuaren bidez arautzen dira zentro horiek, eta baimentzeko irizpideak 7. artikuluan araututa daude, I. eranskinari dagokionez (8. apartatua, hain zuzen, langileei buruzkoa da). Zuzeneko arretako zerbitzuak mantenduko dira zuzeneko arreta hori ematen duten gerokultoreen edo parekatuen % 50arekin, baina gosaltzeko eta bazkaltzeko ohiko orduan ehuneko hori % 10 handituko da.
Zentro horiei dagokienez, Madrilgo Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salaren ekainaren 28ko 558/2011 Epaiak xedatzen duenez, «greban zehar haiek ixtea bateraezina da dekretuak zerbitzu zehatz horiei ematen dien oinarrizko izaerarekin. Gu ere bat gatoz oinarrizko izaera horrekin; izan ere, eguneko zentroei eta desgaitasuna duten pertsonen arretarako zentroei dagokienez, egunean zehar adinekoekin eta desgaitasuna duten pertsonekin duen harremanean oinarritzen da izaera. Pertsona horiek lanegunean egiten den greban zehar haien ardura duten helduen zaintzapean geratu beharko lukete, eta horrek heldu horien askatasuna eta autonomia murriztuko luke beharrezkoak diren beste jarduera batzuk gauzatzeko, funtsean lan-jarduera, lanegun bat baldin bada».
Zentro horietan ezinbesteko zerbitzutzat hartu behar da, gainera, mendekotasun-egoeran dauden erabiltzaileen garraioa, horien desplazamenduak (aurreko paragrafoan aipatutako ezinbesteko zerbitzuak jaso ahal izateko) ezin badira egin haien mugikortasun-gaitasunera egokitutako bestelako garraiobideen bitartez. Bestela, pertsona horiek ezin izango lituzkete jaso prebentziorako, mantentzerako eta «eguneroko bizitzarako oinarrizko jarduerak» izenekoak hobetzeko beharrezkoak diren arreta eta zerbitzu asistentzialak, terapeutikoak eta sanitarioak (Autonomia Pertsonala Sustatzeari eta Mendetasun Egoeran dauden Pertsonak Zaintzeari buruzko abenduaren 14ko 39/2006 Legearen 24. artikuluan bermatzen diren moduan).
Gai horri buruz, gobernu-agintaritza honek ehuneko jakin bat zehaztu gabe ezarri izan ditu gutxieneko zerbitzuak, nahikotzat jo baitu zerbitzuaren «helburuak» zehaztea, adierazi den moduan. Hala ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren 2013ko irailaren 25eko Epaiak, zeina 2013ko maiatzaren 30eko greba orokorrerako ezarritako gutxieneko zerbitzuei buruzko aginduarekin lotuta eman baitzen, zerbitzua ezinbestekoa zela onartu bazuen ere, ulertu zuen xedapen hori arrazoitu beharra zegoela «zerbitzuak eman behar dituzten enplegatuen greba-eskubidea mugatzearen proportzionaltasunaren ikuspuntutik», eta, beraz, garraio-zerbitzu horiek eman behar zituzten langileen ehunekoa adierazi behar zela.
Izan ere, erabiltzaileen desgaitasunengatik zerbitzua gidari batek eta begirale edo laguntzaile batek ematea behar-beharrezkoa den neurrian, ezin da % 100etik beherako ehunekorik eman. Bestalde, kasu horietan ezin da, ezta ere, egin beharreko garraioaren murrizketa portzentualik ezarri, zerbitzua eman arren zerbitzu hori txikiagoa izateko moduan, langileek egin beharreko lanaldia ohi baino gehiago luzatzea ekarriko bailuke horrek. Beraz, egoera honetan, garraio bereziaren bidez ematen den ezinbesteko zerbitzua bermatzeko, litekeena da langile horietako batzuei, zerbitzua eman dezaketen bakarrak direnez, dagokien greba-eskubidea guztiz murriztea, erabiltzaileen mugikortasunerako gaitasunei behar bezala egokituta dauden beste garraiobide batzuk ez baldin badaude behintzat.
Etxeko Laguntza Zerbitzua gizarte-zerbitzu bat da, Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legearen 22.1.2. artikuluan jasotzen dena, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren katalogoan sartuta dauden zerbitzuen eta prestazio ekonomikoen artean. Barne hartzen ditu laguntza pertsonaleko, orientazioko eta egunerokotasuneko oinarrizko jarduerak zuzenean egiteko arreta-zerbitzuak, hala nola ohetik jaikitzea eta oheratzea, janztea, etxea garbitzea, arropa garbitu eta lisatzea, ontziteria garbitzea, eguneroko higiene pertsonala, elikadura, medikazioa kontrolatzea, mugitzea eta joan-etorriak egitea, familiaren antolaketan laguntzea, elikagaiak erostea, janaria prestatzea. Horiez gain, beste jarduera osagarri eta beharrezko batzuk ere egiten dira, zerbitzuaren xedeak lortzeko beharrezkoak direnak, bai eta etxetik eguneko zentroetara edo osasun-zentroetara joaten lagundu ere. Zerbitzu horien onuradun dira, maila ezberdinetan, bakarrik dauden edadetuak edo mendekotasun-egoeran daudenak, eta, beraz, babes berezia jaso behar dute, Konstituzioaren 15. eta 43.1 artikuluetan jasotako bizirako, osotasun fisiko eta moralerako eta osasunerako eskubideak bermatze aldera. Hain zuzen ere, botere publikoei dagokie eskubide horiek bermatzea, prebentzio-neurriak ezarriz eta beharrezko zerbitzuak emango direla ziurtatuz. Greba egiteko eskubidea zilegi bada ere, eskubide horiek guztiak ezin daitezke babesik gabe geratu.
Halaber, greba-deialdia dela eta, telelaguntzako zerbitzu publikoari dagokionez, Gobernuak neurri egokiak hartu behar ditu, telelaguntza ematerakoan ezinbesteko zerbitzuari eusten zaiola ziurtatzeko, hala ezarrita baitago, batetik, Autonomia pertsonala sustatzeari eta mendetasun-egoeran dauden pertsonak zaintzeari buruzko abenduaren 14ko 39/2006 Legearen 15. artikuluan –telelaguntza-zerbitzua jasota dago lege horretan– eta, bestetik, Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legean; izan ere, azken lege horren 22. artikuluan, prestazio- eta gizarte-zerbitzuen katalogoa ezartzen da, eta, zerbitzu horien artean, lehen mailako gizarte-zerbitzuetan, telelaguntza-zerbitzua jasota dago; lege horren 40.3 artikuluan, Eusko Jaurlaritzari esleitzen zaio dagozkion prestazio eta zerbitzuak ematea. Greba honetarako gutxieneko zerbitzu gisa, agindu honetako ebazpen-zatian finkatutako langile eta egitekoak ezartzen dira.
Adingabeen egoitzei, etxebizitza komunitarioei eta esku-hartze sozialeko zentroei dagokienez, egoiliarren bizia, osasuna, hezkuntza, segurtasuna eta osotasuna bermatu beharko dira, eta, horrenbestez, eskubide konstituzional horiek bermatzen duten gutxieneko zerbitzuak mantenduko dira greban. Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren 2013ko maiatzaren 29ko autoak ordeztu egin zituen bakarrik dauden adingabeen zentroetarako eta esku-hartze sozialeko zentroetarako lanegun bateko gutxieneko zerbitzuak –2013ko maiatzaren 27ko Aginduaren bidez jarriak–, eta, horien ordez, jaiegun batekoak ezarri zituen. Bestalde, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren 2013ko irailaren 25eko 480/2013 epaiaren bidez, deuseztzat jo ziren 2013ko maiatzaren 27ko Aginduan lagunduta dauden adingabeentzako egoitzetarako ezarri ziren gutxieneko zerbitzuak –lanegun bateko gutxieneko zerbitzuak ezarri ziren–, eta bidezkotzat jo zen gutxieneko zerbitzuak asteburu batekoak izan behar zirela.
Hezkuntza-sektorea.
Hezkuntzaren arloari dagokionez, premisa gisa hartu behar da hezkuntzarako eskubidea Konstituzioaren 27. artikuluan onartutako oinarrizko eskubidea dela, zentzu zabalean hartuta, unibertsitate-hezkuntza barne, Auzitegi Konstituzionalak 26/1987, FJ 4., a) epaian adierazi zuen bezala: «hezkuntzarako oinarrizko eskubidearen tratamendua, unibertsitate-arloan, ez da geratzen ezinbesteko zerbitzuen zehaztapenetik kanpo ikastetxe horietan lan egiten duten langileak greba-eskubideaz baliatzen diren kasuan. Horren ondorioz, ezin da baieztatu ezinbesteko zerbitzu horiek zehazteak Espainiako Konstituzioaren 28. artikulua (Grebarako eskubideari buruzkoa) urratzen duenik».
Aipamen berezia egin behar da hezkuntza bereziko zentroei buruz. Izan ere, hezkuntza-zentroak diren arren, bereziki babesgabea eta kaltebera den kolektibo bati zuzenduta daude, eta, horregatik, hezkuntza-zentro horiek asko hurbiltzen dira gizarte-zerbitzu izatera; ondorioz, esparru guztietan tratamendu berezia eman behar zaie.
Bermatu beharreko ezinbesteko zerbitzuak zeintzuk diren zehazteko, eta, beraz, hezkuntza-eremuan gutxieneko zerbitzuak ezartzeko, kontuan hartu behar da greba-deialdiak hezkuntza-zentro guztietan eta hezkuntza-arloko funtzioak eta eskumenak garatzen dituzten langile guztiengan –funtzionarioak nahiz lan-kontratudunak– duela eragina.
Eginiko greba-deialdiaren eremua kontuan izanik, hezkuntza-zerbitzuaren esparruaren barruan, sektore publikoko enplegatu publiko eta lan-kontratudun langile ez publiko guztiak barne hartzen ditu horrek, hezkuntza-egitekoak eta -eskumenak garatzen baldin badituzte, baita besteren konturako langileak eta autonomoak ere, hezkuntzari lotutako egitekoak eta lanak egiten baldin badituzte. Zehazkiago, eragin-esparrua hau izango litzateke: Unibertsitateaz kanpoko hezkuntza arautua, ikastetxe publikoak zein itunpekoak eta pribatuak; Haurreskolak Partzuergoa eta udal-titulartasuneko haurtzaindegiak; unibertsitateak, Musikene Goi Mailako Musika Ikastegia eta udal-titulartasuneko musika-eskolak eta Hizkuntza Eskola Ofizialak.
Deialdian adierazitako ordu-tarteetan egunean zehar egingo diren lanuzte partzialak edo egun osokoak direla kontuan izanda ere, nahitaezkoa eta beharrezkoa da zentroak irekitzea greba egiten ez duten langileek lanerako eskubidea –Konstituzioaren 35. artikuluan onartua– gauzatu ahal izan dezaten. Horregatik, gobernu-agintaritzak gutxieneko zerbitzutzat jotzen du ikastetxeetarako eta lotutako eraikinetarako sarrera-kontrola bermatzea, gutxienez grebarako eskubidea ez baliatzea erabakitzen duten langileen sarrera bermatze aldera, baita ikasleen sarrera ere, hain zuzen ere zentroak irekiko ez balira, lanerako eta hezkuntzarako eskubide korrelatiboa guztiz eta bidegabeki eragotziko litzatekeelako.
Unibertsitateaz kanpoko ikastetxeak irekitzeko beharrizan bakarra ez da «ikastetxea irekitzea» jarduera material gisa; aitzitik, irakaskuntza-egitekoaren edo -jardueraren ezinbesteko «funtzionamendu-errutinak» gauzatu behar dira (gutxieneko zerbitzuen izaera murriztaileagatik eskatzen direnak), ikastetxe horietan instalazioak edo materialak zaintzeko eta ikasleak zaintzeko egiten direnen artean; izan ere, ikastetxe haietara ikasle adingabeak joaten direnez –adingabeei ezin zaie helduei eskatzen zaien heldutasun-maila bera eskatu haien jardunean, eta horren ondorioz, ikastetxearen erantzukizuna ezin da guztiz baztertu (Auzitegi Gorenaren 2002ko apirilaren 14ko Epaia)–, berebiziko arreta eskatzen da ekiditeko modukoak diren arriskuak ezabatzeko edo murrizteko, instalazioak behar bezala edukiz eta mantenduz, baita zaintzeko eta kontrolatzeko lanak eginez ere–irakaskuntza- edo prestakuntza-jarduerak garatzen diren egoitza batean adingabeak edo ezinduak zaintzeko ardurak hartzen badira [ ...] arreta berezia jarri behar da haiek nozitu lezaketen edozein lesio edo kalte saihesteko. Valentziako Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren urriaren 23ko Epaia, 1526/2009 zenbakikoa (Administrazioarekiko Auziak, 1. atala)–. Horren ondorioz, ikastetxe horietan, gutxieneko zerbitzu gehigarri gisa, aginte- eta/edo zuzendaritza-ahalmena duten pertsonak egotea ezarri beharko da, prebentzio eta segurtasunerako arreta ikastetxe horietara joaten diren adingabeentzat ikuspuntu objektibo batetik arriskutsuak izan litezkeen guneetara zuzentzeko ardura beren gain har dezaten.
Azkenik, eta bereziki unibertsitate-irakaskuntzari dagokionez, bide jurisdikzionalean nabarmendu denez, azpimarratu behar da deialdian jasotako greba-eguna ikasleen ebaluazioak, probak eta azterketak egiteko garaian izan daitekeela, zeinak ikasketa-egutegietan jakinarazi baitzaizkie. Kasu hauetan, gutxieneko zerbitzuak finkatzeko premia ez da zehaztuko jarduera akademikoen, irakaskuntzakoen eta ikerketakoen edukien arabera, ezta garatu beharko diren moduaren arabera ere, baizik eta hezkuntzarako eskubidea kaltetuta gera ez dadin eten edo gelditu ezin den jarduera horien zatiaren arabera; zati horren barruan biltzen dira, esate baterako, ikasturtearen azken ebaluazioko probak, jurisprudentziak adierazi duenaren arabera, besteak beste Auzitegi Gorenaren 2001eko urriaren 16ko epaian.
Haurreskolak Partzuergoa osatzen duten zentroak eta udal-haurtzaindegiak zabaldu beharrari dagokionez, grebarekin bat egiten ez duten langileen lanerako eskubidea babesteaz gain, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren 2009ko urriaren 28ko Epaian adierazitakoari jarraikiz, ezinbesteko zerbitzua da, bai Konstituzioaren 27. artikuluak aitortzen duen hezkuntzarako oinarrizko eskubidearen ikuspegitik, bai lan-bizitza eta familia-bizitza uztartzeko zailtasunaren ikuspegitik; gainera, lan egiteko eskubidearekin lotuta dago, gizarte-harremanen bilakaera-izaera dela-eta.
Garraio-sektorea.
Askatasunez zirkulatzeko eskubidea (Konstituzioaren 19. artikulua) oinarria da oinarrizko beste zenbait eskubide baliatzeko, hala nola: bizia, osotasun fisikoa eta osasuna babesteko beharrezkoa den laguntza jasotzeko eskubidea edo hezkuntza-jarduerak edo lana bera garatzeko zentroetara joatekoa. Izan ere, halako eskubideak ezin dira babesik gabe utzi, greba eskubidea baliatzea zilegi bada ere. Arrazoi horrengatik, aintzat hartu behar da bidaiarien garraioa gizartearentzat ezinbesteko zerbitzua dela, zerbitzu horiek guztiz gelditzeak leku batetik bestera mugitzeko erabateko ezintasuna eragingo lukeelako herritar askorentzat, eta horrek adierazitako zirkulazio-askatasunerako eskubidea urratuko luke.
Horrez gain, kontuan hartu behar da bidaiarien garraio-linea batzuk bakarrak direla eta bestelako garraio-aukerarik ez dutela, hala nola Lurreko Garraioaren Antolamenduari buruzko uztailaren 30eko 16/1987 Legearen 72. artikuluan xedaturikoaren arabera ezarritakoak. Halaber, kontuan hartu behar da linea horien erabiltzailearen profila honako hau dela: ibilgailu partikularrik ez duen pertsona, adineko pertsona edo desgaitasuna duena, edo zonalde isolatuetan bizi dena eta bestelako garraiobideetara iristeko baliabide gutxi dituena.
Bestalde, herri-administrazioek bidaiak egiteko garraio publikoaren erabilera sustatu dute herritarren artean, horretarako sektorea baliabide berriekin hornituz (metroa, tranbia, eta abar) eta jada ezarritako baliabideen (trena eta autobusa, nagusiki) lineak eta zerbitzuak sustatuz, horrela garapen egokiagoa eta jasangarriagoa lortzeko, eta hiriarteko trafikoaren kolapsoa saihesteko, batez ere eguneko trafikoaren kasuan, aukera bakarra garraiobide pribatuaren erabilera izan ez zedin. Jarduera horri esker, zerbitzu publiko horiek erabiltzeko eskaria nabarmen handitu da.
Zirkunstantzia horrek, beste faktore batzuekin batera, ezarri beharreko gutxieneko zerbitzuak % 30ean finkatzea dakar. Hona hemen faktore horietako batzuk: hiru Lurralde Historikoetako hiriburuen eta udalerri mugakideen (horiek guztiak biztanle askorekin) arteko komunikazioa bermatzea, udalerri mugakideen arteko lotura modu esklusiboan eta lanerako, hezkuntzarako, osasunerako eta abarrerako elkarrekiko mendekotasun sozioekonomiko handiarekin, eta bidaiarien garraio-zerbitzu edo garraio-linea batzuk herritarren bidaietarako ezinbestekoak edo bakarrak izatea –bestelako aukerarik ez izateagatik, edo kudeatzen dituen beste garraiobide batzuekiko aukera izateagatik–. Era berean, ezinbestekotzat jo behar dira garraiobideen koordinazioko eta kontroleko zerbitzuak, horien segurtasun-arloko zereginak, instalazioenak nahiz bertan dauden pertsonenak eta larrialdi-egoeretan jarduteak greba-egoera batean bermatu behar diren oinarrizko eskubideekin lotura dutelako. Zerbitzu horiek gutxieneko langile kopuru batekin eman beharko dira.
Horretaz aparte, greba hasi orduko zenbait zerbitzu hasita egongo dira, eta horrek –gutxieneko zerbitzurik jarri ezean– zerbitzu horiek finkatutako orduan berehala geldiaraztea ekarriko luke, eta bukatu gabe utziko lieke beren ibilbidea une horretan zerbitzuok erabiltzen ari direnei. Halaber, lanuztea bukatzen denean, hau da, zerbitzua berrabiarazterakoan, aipatutako geldiarazte horrek zailago bihurtuko luke garraiobideen erritmoak eta maiztasunak berreskuratzea eta horrek, era berean, grebaren eraginak deituta dagoen denbora-mugatik harago luzatzea ekar lezake.
Era berean, bide-zirkulazioa bermatu behar da ordainpeko autobide eta tuneletan, eta horretarako, ordainlekuetako igarobidea bermatu behar da, bide automatikoen nahiz eskuzko bideen elementu erregulatzaile gisa, langileen gutxieneko presentziarekin, joan-etorrien ondorioz sor daitezkeen arrisku-egoeren intentsitatearen arabera modulatzeko, eta zuzenean segurtasunari lotuta daudenez egon daitezkeen gorabeherak kontrolatu eta mantentzeko, laguntzeko eta seinaleztatzeko; hori dela medio, horiek guztiak ezinbestekotzat hartu behar dira.
Bestalde, ibilgailuentzako erregaia hornitzea gaur egun ezinbestekoa da pertsonen eta salgaien zirkulazio askea ahalbidetzeko, baita gizartean beharrezkoak diren zerbitzuak eskaintzeko ere, hala nola: anbulantziak, suhiltzaileak, babes zibila eta Larrialdikotzat jotzen diren zerbitzu guztiekin lotutakoak, izan ere, pertsonen bizia, osasuna eta osotasun fisikoa nahiz morala bermatzen eta zaintzen baitute.
Energiaren eta telekomunikazioen sektorea.
Halaber, energia elektrikoa eta gasa produzitu eta banatzen eta ura arazten eta banatzen duten enpresak eta erakundeak ezinbestekotzat jo behar dira, oinarrizko eta/edo premia larriko ondasunak eta zerbitzuak sortzen dituzten azpiegiturei eta produkzio-prozesuei ekarpen erabakigarria egiten dietelako. Bada, enpresa horietako langileek greba eginez gero, baliteke pertsonen osasunari ezin konponduzko kalteak eragitea; hortaz, hain beharrezkoak ditugun ondasun horien hornikuntzak bermatuta egon beharko du grebaldian.
Euskal Autonomia Erkidegoan diharduten telekomunikazio-enpresei dagokienez, ematen duten zerbitzuaren zati baten ezinbestekotasuna Telekomunikazioei buruzko azaroaren 3ko 32/2003 Lege Orokorrean ezarrita dago, zerbitzu horrek komunikazio pertsonal, profesional eta komertzialetan duen eraginean oinarrituta. Era berean, Interneterako sarbide funtzionala bermatu behar da, Europar Batasunaren Zerbitzu Unibertsalari buruzko Zuzentarauan ezarritakoari jarraikiz (2002ko otsailaren 22an onartutako zuzentarau hori Telekomunikazioei buruzko Lege Orokorreko 22. artikuluaren bitartez txertatu zen gure ordenamendu juridikoan).
Euskal Irrati Telebista / Radio Televisión Vasca (EITB).
Euskal Irrati Telebista sortzeari buruzko maiatzaren 20ko 5/1982 Legearen arabera, Euskal Irrati Telebistak eskaintzen duen zerbitzuak ezinbesteko zerbitzu publikoaren izaera du. Kasu honetan, eta EITBk edozein hedabideren bitartez egiazko informazioa komunikatu eta emititzeko funtsezko eskubideen erabilera azpimarratzen duenez, Konstituzioaren 20.1.d) artikuluari jarraikiz, eduki instituzionala, politikoa edo soziala duten albistegiak emitituko ez balira, herritarren eskubideen eta askatasunen erabilera mugatuta geratuko litzateke.
Administrazio publikoak.
Herritarren eta administrazioaren arteko harremanei dagokienez, kontuan izan behar da horietako asko araututa daudela. Arau horietan ezarritako epeak oso garrantzizkoak dira herritarrek euren interesak defenda ditzaten, baita benetako babes judizialerako eskubidea ere. Hain zuzen ere, idazki, dokumentu nahiz espediente jakin bat administrazioan dagokion epearen barruan sartu dela egiaztatzen dute administrazioaren erregistroek, zeren, bestela, gerta baitaiteke herritarren eskubide batzuk urratzea. Horrela, bada, autonomia-erkidegoan egun batean zehar ordu-tarte zehatz batzuetarako edo egun oso baterako greba orokorraren deialdia egiteak ez du esan nahi egun hori edo ordu horiek baliogabeak direnik. Hortaz, administrazio publikoak gutxienez dokumentuak erregistratzeko zerbitzua irekita eduki beharko du, herritarren oinarrizko eskubideak bete ahal izateko.
Ildo beretik, kontuan izan behar da EJIE Eusko Jaurlaritzaren Informatika Elkarteak bere informatika-zerbitzuak ematen dizkiela Eusko Jaurlaritzari eta erakunde guztiei, eta zerbitzu horietako batzuk ezinbestekoak direla. Horrela, bada, Ustiapen Zerbitzua ezinbestekotzat jotzen da haren jarduerak Jaurlaritzaren informazio-sistemak erabilgarri daudela bermatzen duelako, urteko 365 egunetan eta eguneko 24 orduetan, eta erabiltzaileei aukera ematen dielako edozein lekutatik edozein sistema informatikotara sartzeko. Horrez gain, azpiegituren eta aplikatiboen etengabeko monitorizazio-lanak egiten ditu. Gutxieneko zerbitzuak ezarri ezean, zerbitzu orokorra galdu liteke, eta horren ondorioz ezinezkoa izan liteke bai informatika-tresnak bai datu-biltegiratzea erabiltzea, baita PLATEA plataforma ere, zeinaren bidez bideratzen baitira gobernuak Interneten duen presentzia, izapidetze elektronikoa, dokumentuen kudeaketa eta gobernuaren eta kanpo-erakundeen arteko integrazio-prozesuak. Halaber, gorabeheraren bat izanez gero, informatika-sistema batek bermatzen du gobernuaren eraikinetarako sarbidea, bai funtzionarioena bai herritarrena; eta gai horri buruz azpimarratu behar da sistemak huts eginez gero, erregistrorako ezarritako gutxieneko zerbitzuak eraginik gabe gera litezkeela, aurreko paragrafoan azaldu den bezala. Azkenik, ezinbestekoa da, jakina, babeskopia egitea, egunean zehar landutako informazioa geroago inolako galerarik gabe berreskuratu ahal izateko.
Jurisdikzio-organoen jarduerak, konstituzioaren lehen mailakoak izaki, bermatu beharrekoak diren oinarrizko eskubide garrantzitsu jakin batzuei eragiten die. Horren ondorioz, jarduera hori ezinbestekotzat jo behar da greba-kasuetan, eta ez bakarrik oinarrizko zenbait eskubideri –askatasun-eskubideari adibidez– eragiten dielako bereziki, baita ere jurisdikziora biltzea eta benetako babes judiziala lortzea ere kolokan jar dezakeelako, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren 2006ko urriaren 25eko 771. zenbakiko epaiak ezarri duen bezala.
2006ko urriaren 25eko epai horrek greba izanez gero ezarri beharreko gutxieneko zerbitzuak –langile-hornidurarekin zerikusia dutenak barnean direla– zehazteko irizpideak finkatzen ditu. Besteak beste, honako hauek dira: epaitegietan eta Auzitegi Medikuntzako Euskal Institutuan guardia-eginkizunetan diharduten langileen % 100 hornitzea; dokumentuak jaso eta erregistratzea; premiazkotzat jotako jardunak edo Legeak aldez aurretik ezarritako epemuga egun horretan dutenak, baldin eta ez-betetze horrek eskubideak galdu edo kaltetzea ekar badezake berekin; kautelazko, behin-behineko eta betearazpeneko neurriei eragiten dietenak, baldin eta, ondorengo egunetarako utziz gero, eraginkortasuna gal badezakete edo norbait espetxetik ateratzeko eguna atzera badezakete; eta greba-egunerako ezarritako epaiketa, agerraldi eta antzekoak, baldin eta, etenez gero, kalte larriak eragin baditzakete, ondorenean egiteko zailtasunak direla-eta, edota etenaldi horrek eragin litzakeen neurrigabeko kalteak direla-eta.
Gutxieneko zerbitzuak ezartzerakoan, kontuan hartu behar dira, halaber, barneratze-neurriak betearazten diharduten gazte justiziako zentroak; halakoetan, jaiegun bateko langileek jardun behar dute.
Arlo horretan, bereziki aipagarria da Zumarragako Ibaiondo zentroa. Hezkuntza-zentro hori, izan ere, jurisdikzio-bidean hartutako erabaki baten bidez eskubideak murriztuta dituzten adingabeei zuzenduta dago, eta, horregatik, tratamenduak banakakoa izan behar du. Dituen ezaugarri bereziengatik, gobernu-agintaritzak neurri egokiak hartu behar ditu, eskaintzen duen ezinbesteko hezkuntza- eta egoitza-zerbitzu publikoa mantentzen dela ziurtatzeko, bai eta instalazioen, langileen eta adingabeen euren segurtasuna ere. Era berean, egoiliarren bizitzeko eskubidea eta osasuna, hezkuntza, segurtasuna eta osotasuna izateko eskubidea ziurtatu behar dira.
Hori guztia ikusita, agindu honetan zehazten diren gutxieneko zerbitzuak ezartzen ditu gobernu-agintaritzak, auzitan dauden eskubideen funtsezko edukia bateragarri egiten saiatzeko.
Zerbitzu jakin batzuk ezinbestekoak dira, oinarrizko eskubide batzuk betetzen dituztelako, eta zerbitzu horiek bermatu ahal izateko, greba-eskubideari muga batzuk jarri behar zaizkio. Eta arlo horretan eskumen esklusiboa gobernu-agintaritzak edukitzeak zera bermatzen du, muga horiek zuzenbidearen arabera ezarriko direla, eta, ezarri ere, gobernatzeko erantzukizuna eta ahalmena duenak baino ez dituela ezarriko.
Hori dela-eta, Lan-harremanei buruzko martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege Dekretuaren 10.2 artikuluak aipatzen duen prozedura bideratu da.
Deitutakoaren antzeko iraupena duten greba orokorren kasuetan, Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuaren aginduak eman dira, hala nola 2009ko maiatzaren 18koa (2009ko maiatzaren 19ko EHAA, 93. zk.), 2010eko ekainaren 24koa (2010eko ekainaren 26ko EHAA, 121. zk.), 2010eko irailaren 24koa (2010eko irailaren 27ko EHAA, 186. zk.), 2011ko urtarrilaren 21ekoa (2011ko urtarrilaren 25eko EHAA, 16. zk.) , 2012ko martxoaren 23koa (2012ko martxoaren 24ko EHAA, 61. zk.), 2012ko irailaren 19koa (2012ko irailaren 24ko EHAA, 186. zk.), 2012ko azaroaren 8koa (2012ko azaroaren 12ko EHAA, 218. zk.), eta 2013ko maiatzaren 30ekoa (2013ko maiatzaren 27ko EHAA). Agindu horiek ez dira aurrekari lotesleak, baina, aplikatzerakoan izandako gorabeherak eta akatsak kontuan hartuta, aurrekari garrantzitsuak dira, bai eta 2017ko martxoaren 8ko greba orokorrari buruzko 2017ko martxoaren 7ko Agindua ere.
Lan eta Justizia Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 84/2017 Dekretuaren 3.1 artikuluak Lan eta Justiziako sailburuari ematen dizkio azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuan jasotako eskumenak (24/2016 Dekretua, azaroaren 26koa, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena). Dekretu horren 16. artikuluan, Lan eta Justizia Saila sortzen da, eta, beste egiteko eta jardun-arlo batzuen artean, lan-arloko legeriak lan-harremanei buruz ezartzen duena egikaritzeko egitekoa esleitzen zaio, eta, ekainaren 11ko 139/1996 Dekretuaren bidez eskuordetzen zaio zerbitzu publikoak edo premia biziko eta atzeraezineko zerbitzuak eskaintzeko ardura duten enpresa, entitate eta erakundeetan greba-eskubidea baliatzen dutenean autonomia-erkidegoko ezinbesteko zerbitzuei jardunean eutsiko zaiela ziurtatzeko beharrezko diren neurriak ezartzeko eskumena.
Horregatik guztiagatik, Lan eta Justiziako sailburuak, Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritza jasota, honako hau
EBAZTEN DU:
Lehenengoa.– Euskal Autonomia Erkidegoko herritarrei 2018ko martxoaren 8an greba egitera deitu diete zenbait erakunde sindikalek: ELA, LAB, ESK eta STEILASek, 11:00etatik 15:00etara eta 18:00etatik 22:00etara; Confederación Intersindical, Sindicato de Comisiones de Base (co. bas), Confederación General del Trabajo eta Confederación General del Trabajo- Lanaren Konfederakunde Nagusia (CGT/LKN), Sindicato Alternativa Sindical de Trabajadores (AST) eta Lanaren Konfederazio Nazionala (CNT) sindikatuek, berriz, 00:00etatik 24:00etara; Langile Komisioen Konfederazio Sindikalak eta Langileen Batasun Orokorraren Konfederazio Sindikalak, 11:30etik 13:30era eta 16.00etatik 18:00etara, eta lanaldi jarraituetan eta gaueko txandan, martxoaren 8an hasten den gaueko txandaren lehenengo bi orduetan; Langile Sindikal Batasunak (LSB), 12:00etatik 16:00etara (4 ordu), eta Euskadiko Langile Komisioen Konfederazio Sindikalak, 11:00etatik 14:00etara bitartean eta/edo 16:00etatik 19:00etara bitartean (langile edo enplegatu publiko bakoitzak 2 orduz egin ahal izango du greba, aukeran, deialdiko ordutegiaren barruan) eta Bazkunak 11:00etatik 15:00etara bitartean eta 18:00etatik 22:00etara bitartean. Bada, greba-eskubidea baliatzerakoan, kontuan hartuko beharko da ezinbesteko prestazioak eta haien ondoriozko gutxieneko zerbitzuak bete beharko direla, hurrengo ataletan ezarritakoari jarraituz.
Bigarrena.– Osasun-sektorea.
a) Osasun-zerbitzu publikoak nahiz pribatuak ematen dituzten enpresek eta erakundeek honako zerbitzu hauek bermatu beharko dituzte:
i) Ospitaleetan, jaiegunetako ohiko langileekin (alta medikoak eman ahal izango dira), larrialdiak, sukaldea, janari-banaketa, zerbitzu horien funtzionamendurako behar-beharrezkoa den garbiketa, eta ospitaleratutako gaixoak behar bezala zaintzea. Halaber, aurrez zehaztu diren eta geroraezinak diren tratamendu onkologikoak eta dialisi-prozesuak mantenduko dira.
ii) Lehen mailako arretaren eremuan, greba-egunerako aurreikusita zeuden langileak, lanaldi bati dagozkion zerbitzuak eta larunbatetako ohiko ordutegia.
iii) Larrialdi-zerbitzuen eta etengabeko arretako guneen % 100.
iv) Arabako Eskualdeko Call Center zerbitzuetan, Donostialdea ESIan, Ezkerralde-Enkarterri-Gurutzeta ESIan, Bilbo-Basurtu ESIan, Uribe ESIan, Tolosaldea ESIan, Debabarrena ESIan eta Bidasoa ESIan, zerbitzu horiek eman ohi dituzten langileen % 50.
b) Garraio sanitarioaren sektoreko enpresek honako hauek beteko dituzte:
i) Larrialdi-zerbitzuak. Larritzat edo urgentetzat hartuko da koordinazio-zentro batek eskatzen duen edo mediku-ziurtagiri batek halakotzat jotzen duen garraio sanitarioa.
ii) Hemodialisi- eta onkologia-tratamenduetarako eta eguneko ospitalerako programatutako garraioa, bai eta ospitale arteko larrialdiko garraioa eta Basurtuko ospitalean gertatzen diren larrialdi-garraioak ere, baldin eta: a) mediku-ziurtagiriaren bitartez egiaztatzen bada, b) ospitalean zerbitzu hori egiteko berezko langilerik ez badago, eta c) ohatila erabili behar bada. Era berean, ohatila erabiltzea eskatzen duten ospitaleko altek eragindako eta mediku-ziurtagiriarekin egiaztatzen den garraioa.
iii) Odolaren eta hemoderibatuen garraioa.
iv) Telefonia-zerbitzua, zerbitzu hori normalki egiten duten langileen % 25ek egin beharko du.
Hirugarrena.– Administrazio publikoetako bide-segurtasuneko zerbitzuek eta larrialdiei aurre egiteko zerbitzuek honako hauek mantenduko dituzte:
a) SOS-Deiak 1-1-2 zerbitzuen % 100, txanda bakoitzean zerbitzu horretan egon ohi diren langileek emanda.
b) Gainerako zerbitzuak (larrialdiei aurre egiteko eta meteorologiako zerbitzuak, suhiltzaileak, larrialdietako igorleak eta komunikazioak, errepideen mantentzea –neguko bide-plana barne– eta urtegi, ibai eta mendietako larrialdi-zerbitzua, Babes Zibila, Euskadiko Trafikoa Kudeatzeko Zentroa eta abar) eta Segurtasun Sailaren eta Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren komunikazio- eta informatika-arloa, jaiegun batean izan ohi dituzten langileekin egingo dira. Neguko bide-planaren zerbitzua zehazteko, aintzat hartuko da fenomeno meteorologikoen ondorioz ezar litezkeen alerta-mailak.
Laugarrena.– Gizarte-zerbitzuak.
a) Egoitzetan, arreta zuzena gauzatzen duten gerokultoreen edo parekatuen % 70 izango da lanean, bazkariaren ohiko ordutegian eta 08:00etatik 10:30era eta 20:00etatik 22:00etara izan ezik, orduan % 10 gehituko baita.
Soil-soilik erabiltzaileen % 70ek baino gehiagok II. eta III. graduko mendekotasun aitortua duten zentroetan, gerokultoreen eta parekatuen ehunekoa % 80koa izango da.
Gaueko txandan, zuzeneko arretako langileen % 100ek lan egin beharko du, baina «zuzeneko arreta» moduan zehaztutako lanak baino ez dituzte egingo.
Osasun-langileak: OLT/EUDen % 50ek lan egingo du.
Sukaldeko langileak: Langileen % 50ek lan egingo du. Greban, sukaldeko langileek elikagaiak prestatu beharko dituzte, baina ez dute egin beharko bestelako lanik.
Garbitzaileak: Langileen % 20k lan egingo du. Pertsonen osasunerako edo segurtasunerako berehalako arrisku larria izan dezaketen arloetan baino ez dira egingo garbiketa-lanak.
Ateko-harrerako langileak. Egoitzetako sarbide nagusiko atea zaintzeko eta kontrolatzeko bakarrik emango da zerbitzu hori. Pertsona bakarra egongo da txanda bakoitzean, zerbitzu hori emateko ohiko ordutegian.
b) Eguneko zentroetan, adinekoentzako etxebizitza komunitarioetan eta hezkuntza bereziko zentroetan, bai eta mendekotasun- edo desgaitasun-mailaren bat duten pertsonak barnean hartzen dituzten bestelakoetan ere, zuzeneko arretako zerbitzuak mantenduko dira zuzeneko arreta hori ematen duten langileen % 50arekin, gosaria, bazkaria eta afaria emateko ohiko ordutegian izan ezik; azken kasu horietan, ehuneko hori % 10 handituko da. Era berean, gutxieneko zerbitzu gisa ezartzen da langile sanitarioen eta sukaldeko langileen % 50. % 50 hori pertsona bat baino gutxiago bada, pertsona horrek zerbitzu horiek egin beharko ditu. Gaueko txandan, zuzeneko arretako langileen % 100ek lan egin beharko du, baina «zuzeneko arreta» moduan zehaztutako lanak baino ez dituzte egingo. Era berean, eguneko zentroetara joaten diren mendekotasuna duten pertsonen garraio berezia bermatuko da, zentro horietara joateko desplazamenduak (aurreko paragrafoan aipatutako ezinbesteko zerbitzuak jaso ahal izateko) ezin badira bestelako garraiobideen bitartez egin, eta/edo horiek ez badaude haien mugikortasun-gaitasunera egokituta.
c) Telelaguntza-sektorean, zerbitzu hau mantenduko da:
– TLO Teleoperadoreak. 6 langile goizeko txandan, eta beste 6 arratsaldekoan, honako egiteko hauek burutuko dituztenak:
– Sartzen diren deiak jasotzea, eta larrialdiekin edo premia sozialekin lotuta dauden dei guztiak igortzea.
– Ordutegi horien barruan ezinbestekotzat jotzen diren agendak igortzea (gogorarazte-oharrak).
– Telemonitorizazio-erabiltzaileen deiak kudeatzea, arrisku-pazientetzat hartzen direlako, eta osasun-aholkura bideratzea.
– Unitate mugikorrak mobilizatzea, deia eroriko baten ondoriozko larrialdia bada.
i) Gelako gainbegiralea: langile 1 goizeko txandan, eta beste 1 arratsaldekoan, honako egiteko hauek burutuko dituztenak:
– Larrialdiei aurre egiteko eta alarmak jasotzeko zerbitzua mantentzea.
ii.– Larrialdi medikoetako teknikariak - unitate mugikorreko teknikariak: 3 langile goizeko txandan, eta beste 3 arratsaldekoan:
– Lesiorik gabeko erorikoei arreta ematea Bizkaian.
iii.– Gainbegirale teknikoa: langile 1 goizeko txandan, honako eginkizunak bakarrik izango dituena:
– Larrialdiei aurre egiteko eta alarmak jasotzeko zerbitzuak mantentzea.
d) Etxeko laguntzaren sektorean, II. eta III. mendekotasun-gradua duten pertsonentzat bakarrik honako zerbitzu hauek egingo dira:
i) Janari-zerbitzua emango da. Ahal dela, aurretik egindako edo aurretik egiten diren elikagaietara joko da.
Ii) Zerbitzu hauek egingo dira: eguneroko higiene pertsonalean lagunduko da, bai eta komuna erabiltzen ere, eta, hala badagokio, maskuri- eta heste-hustuketa egingo da; jaikitzen, oheratzen eta janzten lagunduko da, eta sendagaiak eta elikagaiak hartzen direla gainbegiratuko da.
iii) Hitzordua aurretik ezarri bada eta atzeratu ezin badaiteke, osasun-zentroetara joaten lagunduko zaie erabiltzaileei.
iv) Halaber, eguneko zentroetara joaten lagunduko zaie.
v) Ohean dauden pertsonei dagokienez, behar diren jarrera-aldaketak egingo zaizkie.
e) Adingabeen etxebizitza komunitarioetan, hezkuntza-zentroetan eta egoitzetan, bai eta esku-hartze sozialeko zentroetan ere, jaiegun bati dagozkion zerbitzuak mantenduko dira.
Bosgarrena.– Hezkuntza-sektorea.
a) Irakaskuntza-zentroetan, ondoren adieraziko diren zerbitzuak emango dira, honako langile hauekin:
i) Unibertsitateaz kanpoko hezkuntza arautua, publikoa, itunpekoa eta pribatua: zentroetarako sarrera-kontrola bermatzeko, zentro publiko eta lotutako eraikin bakoitzeko: zuzendaritza-taldeko pertsona 1 eta mendekoen plantillako pertsona 1 goizeko txandarako eta beste bat arratsalderako.
ii) Haurreskolak Partzuergoa eta udal titulartasuneko haurtzaindegiak: zentroetarako sarrera-kontrola bermatzeko, zentro eta lotutako eraikin bakoitzeko: zuzendaritza-taldeko pertsona 1 eta koordinatzaile 1, ordezkatuko duen pertsona 1.
iii) Euskal Herriko Unibertsitatea:
– Zentroetarako eta horiei lotutako eraikin bakoitzerako sarrera-kontrola bermatzeko: zentro bakoitzeko eta/edo lotutako eraikin bakoitzeko, atezainen plantillako pertsona 1 goizeko txandarako eta beste bat arratsalderako.
– Egutegi akademikoan planifikatutako azterketak –azken ebaluazioaren maila dutenak– egiteko: azterketa egiteaz arduratuko den irakasle 1.
iv) Musikene Goi Mailako Musika Ikastegia eta udal-titulartasuneko musika-eskolak: zentroetarako eta haiei lotutako eraikin bakoitzerako sarrera-kontrola bermatzeko, atezainen plantillako pertsona 1, lotutako hiru eraikinetako bakoitzerako eta goizeko eta arratsaldeko txanda bakoitzerako.
v) Hizkuntza Eskola Ofizialak:
– Zentroetarako eta horiei lotutako eraikin bakoitzerako sarrera-kontrola bermatzeko: zentro bakoitzeko eta/edo lotutako eraikin bakoitzeko, atezainen plantillako pertsona 1 goizeko txandarako eta beste bat arratsalderako.
– Egutegi akademikoan planifikatutako azterketak –azken ebaluazioaren maila dutenak– egiteko: azterketa egiteaz arduratuko den irakasle 1.
Seigarrena.– Garraioa.
a) Autobusek, trenek, tranbiek, funikularrek eta ibaiko garraioek greba-deialdian zehaztutako ordu-tarteetan programatuta dituzten ohiko zerbitzuen % 30 mantenduko dute. Ehuneko hori banatzerakoan, lehentasuna emango zaie ordezko garraio-zerbitzurik ez duten edo osasun-zentroetara daramaten lineei. Halaber, estaldura berezia emango zaie lantokietako sarrera- eta irteera-ordutegiei. Greba hasi aurreko orduetan hasten diren zerbitzuek, horrelakorik egonez gero, ohiko ibilbidea amaitu arte jarraitu beharko dute. Era berean, aginteko, koordinazioko, kontroleko eta segurtasuneko zerbitzuak mantendu behar dira garraiobideetan, zerbitzu horietako lanpostu bakoitzeko eta txanda bakoitzeko pertsona batekin.
b) Ordainpeko autobide eta tuneletan, azpiegitura segurtasun-baldintza egokietan eta jaiegunetako langileekin funtzionamenduan egongo dela bermatuko da. Ordainleku-zerbitzua langileen % 30ekin emango da puntako orduetan (06:30etik 09:30era eta 17:30etik 20:30era) eta langileen % 15ekin gainerako ordu-tarteetan. Ehuneko horiek kasuren batean pertsona bat baino gutxiago badira, pertsona horrek zerbitzu horiek egin beharko ditu.
c) Errepideen mantentze-zerbitzuak jaiegun bati dagozkion langile eta zerbitzuekin lan egingo du.
d) EAEko gasolina-zerbitzuguneen % 20aren funtzionamendua bermatuko da. Lurralde bakoitzeko sektoreko patronalak erabakiko du zein izango diren, sektorean ordezkatuta dauden erakunde sindikalei entzun ondoren.
Zazpigarrena.– Energia, gasa, ura eta telekomunikazioak produzitu eta hornitzea.
a) Energia elektrikoa produzitu eta hornitzeaz, gasa produzitu eta hornitzeaz eta ura araztu eta hornitzeaz arduratzen diren enpresek eta organismoek zerbitzua bermatuko dute, jaiegun bati dagokion langile-kopuruarekin.
b) Telekomunikazio-enpresetan, mantentze-lanak egiteko, jaiegunetan langile-talde horretan lan egingo luketen langileek lan egingo dute.
Zortzigarrena.– Euskal Irrati Telebista / Radio Televisión Vasca (EITB).
Enpresan, bermatu beharreko zerbitzuak soilik eguneroko albistegiak dira, haien ohiko ordutegian.
Bederatzigarrena.– Sektore publikoa.
a) Administrazio publikoak. Hiru lurralde historikoetako hiriburuetan dokumentuak erregistratzeko zerbitzuek ere zerbitzua eman beharko dute, Zuzenean zerbitzuaren bidez, egoitza hauetan: Araba: Eusko Jaurlaritza, Donostia kalea 1, Vitoria-Gasteiz; eta Bizkaian eta Gipuzkoan Eusko Jaurlaritzak dituen lurralde-ordezkaritzetan: On Diego Lopez Haroko Kale Nagusia 85, Bilbao, eta Andia kalea 13, Donostia. Gutxienez langile batek lan egingo du egoitzako eta txandako.
b) Eusko Jaurlaritzaren Informatika Elkartea, EJIE. Jaiegunetako pertsonala egongo da, hau da, operadore bat txandako.
Hamargarrena.– Justizia Administrazioa.
Honako zerbitzu hauek mantenduko dira, agindu honetako I. eranskinean zehazten diren langileekin:
a) Guardia Zerbitzuaren berezko jardunak.
b) Dokumentuak jaso eta erregistratzea.
c) Urgentziazko gaiak organo judizialen artean banatzea.
d) Legeak aldez aurretik ezarritako epea amaitzen zaien jardun guztiak, baldin eta ez-betetzeak berekin ekar badezake eskubideak galtzea edo kaltetzea.
e) Ondorengo egunetarako utziz gero, eraginkortasuna gal dezaketen edo norbait espetxetik ateratzeko eguna atzeratzea ekar dezaketen kautelazko, behin-behineko eta betearazpeneko neurriak.
f) Instrukzioko edo prozesua bultzatzeko jarduera, baldin eta aurreko apartatuan aipatutako inguruabarretakoren bat gertatzen bada.
g) 2018ko martxoaren 8rako deitutako egintzak (epaiketak, agerraldiak eta abar), baldin eta etenez gero kalte larriak ekar baditzakete berekin, ondorenean egiteko zailtasunak direla-eta edo etenaldiak eragin litzakeen neurrigabeko kalteak direla-eta; besteak beste, honako hauek:
i) Zigor arloan, epaiketak edo apelazio-ikustaldiak, baldin eta tartean askatasunik gabeko pertsonak badaude edo urtebetetik gorako espetxealdia eskatzen bada.
ii) Arlo zibilean, hartzekodunen batzarrak konkurtso-prozeduretan, eta oso behin-behineko neurriak.
iii) Lan-arloan, kaleratzeengatiko epaiketak.
iv) Arlo guztietan, oinarrizko eskubideen tutoretza-prozesuetan deitutako egintzak, baldin eta etenaldiak azken ebazpena geroratzen badu.
h) Epea amaitzen zaien lurperatze-lizentziak eta erregistro-inskripzioak.
i) Itsasontzi-matxurekin, itsas protestekin eta errekisitoria-pertsonen egoera legeztatzearekin zerikusia duten jarduerak.
j) Pertsonak barneratzea.
k) Gazte-justiziako hezkuntza-zentroak:
i) Zumarragako Ibaiondo hezkuntza-zentroan, zerbitzu hauek mantenduko dira: 1) Zentroko arduraduna: langile 1. 2) Goizeko txanda (08:15etik 15:30era): 5 hezitzaile (1, hezkuntza-talde bakoitzeko). 3) Arratsaldeko txanda (14:00etatik 23:00etara): 10 hezitzaile (2, hezkuntza-talde bakoitzeko). 4) Arratsaldeko txanda (17:15etik 24:15era): 5 hezitzaile (1, hezkuntza-talde bakoitzeko). 5) Gaueko txanda (00:00etatik 12:00etara): 5 hezitzaile (1, hezkuntza-talde bakoitzeko).
ii) Barneratze-neurriak betearazteko gazte-justiziako gainerako hezkuntza-zentroetan, jaiegun bati dagozkion langileak mantenduko dira.
Hamaikagarrena.– Arestian aipatutako zerbitzuak greba-eskubidea erabiltzen ez duten pertsonek emango dituzte, langile horiekin ezarritako gutxieneko zerbitzuak bete ezin direnean izan ezik.
Langileen ordezkariei entzun eta gero, enpresetako nahiz administrazio publikoetako zuzendaritzak izendatuko ditu langileek bete beharreko eginkizunak. Nolanahi ere, agindu honetan eta indarrean dauden legeetan ezarritako mugak errespetatu beharko ditu.
Justizia Administrazioan, aurreko apartatuan adierazitako zerbitzuak greba-eskubidea erabiltzen ez duten langileek emango dituzte –langile horiekin ezarritako gutxieneko zerbitzuak bete ezin direnean izan ezik–, agindu honen eranskinean zehazten den bezala.
Justizia Administrazioaren esparru horretan, Justizia Administrazioko letraduak, fiskalburuei edo dagokion erakundeko buruari dagokio ezinbesteko zerbitzuak bete behar dituztenak izendatzea, baita gutxieneko zerbitzuak bete behar dituen funtzionarioak zer kidegotakoa izan behar duen zehaztea ere, halakorik zehaztu ez den kasuetan, dagokion organoaren berezko zereginaren barnean bildutako ezinbesteko zerbitzuak betez.
Hamabigarrena.– Agindu honen aurreko apartatuetan bildutako gutxieneko zerbitzuak ezin izango dira aldatu horiek egiteko izendatuta dauden langileen aldaketen edo lanuzteen ondorioz. Halakorik gertatuz gero, legez kontrakotzat joko dira eta horiek egiten dituztenak erantzule izango dira, eta erantzukizuna eskatuko zaie indarrean dagoen ordenamendu juridikoaren arabera.
Hamahirugarrena.– Aurreko artikuluetan xedatutakoa gorabehera, greba egiten duten langileen eskubideak, grebari buruzko araudiak aitortzen dituenak, ez dira inola ere murriztuko, ezta grebarako deia egin dutenen eskakizunen izapidetzea eta ondorioak mugatuko ere.
Hamalaugarrena.–. Jakinaraz bekie agindu hau grebaren deialdia egin duten erakunde sindikalei, Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde sindikal adierazgarrienei, Confebask erakundeari eta administrazio publikoei, bete dezaten.
Hamabostgarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean bertan jarriko da indarrean.
Hamaseigarrena Agindu honen berri eman behar zaie interesdunei, betiere Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 40. artikuluan xedatutako moduan; halaber, ebazpenak administrazio-bidea agortzen duela jakinarazi behar zaie, eta horren aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango dela Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren dagokion Salan, Ebazpena jakinarazten denetik kontatzen hasita 2 hilabeteko epean, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legean xedaturikoaren arabera.
Era berean, eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 123. eta 124. artikuluetan aurreikusitakoari jarraikiz, honako hau ere jakinarazi behar zaie: agindu honen aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez daitekeela lan-agintaritzan, agindua jakinarazi eta biharamunetik kontatzen hasita hilabeteko epean.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko otsailaren 27a.
Lan eta Justiziako sailburua,
MARÍA JESÚS CARMEN SAN JOSÉ LÓPEZ.