EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-03-05 Aldizkari honetan argitaratua: 2018045

AGINDUA, 2018ko otsailaren 21ekoa, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuarena, nazioartean presentzia handia duten ETEei laguntzeko Sakondu programa arautzen duena eta horren deialdia egiten duena, 2018ko ekitaldirako.

Xedapenaren data: 2018-02-21
Hurrenkenaren zenbakia: 201801170
Maila: Agindua
Enpresen nazioartekotzea ez da kontzeptu berria Euskadin. 1980ko hamarkadatik hona Jaurlaritzak diseinatutako industria- eta lehiakortasun-plan guztietan agertu da, eta Euskadiko industria-jardueraren lehiakortasuna indartzen lagundu du. Azken urteotan jarduteko ardatz lehenetsi bilakatu da enpresen nazioartekotzea. 2017-2020 aldirako Enpleguaren eta Suspertze Ekonomikoaren aldeko Esparru Programaren oinarrietako bat da, bai eta indarrean dagoen 2017-2020 aldirako Industrializazio Planaren ardatz estrategikoetako bat ere.
Egungo abagunea bereziki egokia da nazioartekotzearen alorreko helburu berriei ekiteko. 2016an, Euskadiko ekonomiak 2008ko jarduera ekonomikoaren maila berreskuratu zuen, eta industriaren sektorea berriz ere hasi zen enplegu garbia sortzen. Esportazioek ekarpen handia egin diote susperraldi horri, eta nazioarteko jardueran hazteko eta lehiakor izateko aukera berriak aurkitu dituzten enpresa ugariren salbazioa izan dira. Ekonomia garatu nagusiek erakutsi dute itzulerarik gabeko bidea dela hori: nazioartean presentzia handia duten ETEen enpresa-ehuna dute, eta enpresen nazioartekotze-tasa are altuagoak lortzeko apustua indartu dute, batik bat industria-jardueretan, jarduera ekonomikoa eta enplegua sustatzeko.
Bestalde, munduko hazkundea beste eremu batzuetara mugitzen ari da modu mailakatuan, eta Europatik, hau da, euskal enpresen esportazioen helmuga nagusitik, urruntzen. Enpresek erronka bat dute aurrean: urruneko merkatuetan edo arriskua dutenetan nazioartekotzeko estrategiak definitzea, hain zuzen. Horrek esfortzu handiak egitea eskatzen du.
Eusko Jaurlaritzak bere gain hartzen du lidergoa, bai eta enpresa guztiei beren nazioartekotze-prozesuan laguntzeko erronka ere. Apustu egiten du, beraz, hala kanpoko merkatuetan lehen urratsak egiten ari diren enpresei laguntzearen alde nola dagoeneko esportatzen duten eta beren mundu mailako irismenean jauzi kualitatiboak egin nahi dituzten enpresei babesa ematearen alde.
Horrela, indarrean jarri da Sakondu programa, azken helburu bezala Euskadin kokaturiko enpresen lehiakortasuna hobetzen laguntzea duena, haien nazioarteko jardueran sakonduz.
Sakondu laguntzak diru-laguntza publiko ez-itzulgarrien bidez gauzatzen dira. Horien xedea da balio ekonomiko erantsi handiagoa duten zerbitzuen erabilera sustatzea, enpresak lehia-posizio proportzionalki ahulagoa duten merkatuetan sar daitezen, dagoeneko ohikotzat jotzen dituzten eta barne-merkatuaren garrantzi bera edo handiagoa duten kanpoko beste merkatu batzuen aldean.
Nazioartean presentzia handia duten enpresak izanik (guztizko fakturazioaren % 50 baino gehiago esportazioen bidez lortzen dute), planifikazioa haien barne-kulturaren parte dela ulertzen da, eta ondorioz asmoa ez da enpresen plan estrategikoaren edo nazioartekotze-planaren kalitatea baloratzea. Aitzitik, nazioartekotzeko helburuak eta jardueraren dibertsifikazio geografikoa modu positiboagoan haztatu nahi dira, bai eta bereziki zailak diren merkatuetan egindako urratsak ere, zailtasun horren arrazoia edozein izanik ere: gardentasun falta, banaketa-kanalen urritasuna, irisgarritasun fisikorako arazoak eta baita arrisku politikoa ere.
Aipatu beharra dago sektoreko elkarteek eta klusterrak dinamizatzeko erakundeek eskatzaile bezala jardun dezaketela, enpresa onuradunen izenean, hainbat enpresaren eskabideak bateratuz, merkatu berari buruzkoak direnean. Horrela, erakunde horiek enpresen arteko lankidetzaren alde egiten duten lanaren balioa ikusarazi nahi da.
Minimis diru-laguntzak metatzeari buruzko araubidea aplikatuko da, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari buruzko 2013ko abenduaren 18ko Batzordearen 1407/2013 (EB) Erregelamenduan ezarritakoaren arabera.
Horrenbestez, honako hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Lehiakortasuna hobetzeko Sakondu programaren diru-laguntzak arautzea eta haien deialdia egitea, 2018ko ekitaldirako, Euskadin kokatutako edo bertan ekoizpeneko instalazioa duten enpresentzat, beren nazioartekotzean sakontzearen bidez, hurrengo artikuluetan jasotako terminoetan.
2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.
1.– 1. artikuluko helbururako erabiliko diren diru-baliabideak 800.000,00 eurokoak dira, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan horretarako kontsignatutako aurrekontu-kredituetatik aterako dira.
2.– Emango diren diru-laguntzen guztizko zenbatekoa ez da izango aipatutako kontsignaziotik gorakoa edo hura berritzetik ateratzen denetik gorakoa, betiere kreditu-loturaren erregimenarekin edo indarrean diren legeetan aurreikusitako aurrekontu-aldakuntzarekin bat etorriaz, eta laguntzak ebatzi baino lehen. Inguruabar hori gertatuko balitz, horren berri emango luke Industriako sailburuordeak, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian ebazpen bat argitaratuz. Ez da laguntza berririk emango zenbateko hori agortzen denean, eta gertakari hori publiko egin ondoren jasotzen diren eskabideak ez dira onartuko.
3. artikulua.– Erakunde onuradunak.
1.– Erakunde onuradun izan ahalko dira Euskadin kokatuta dauden edo Euskadin ekoizpeneko instalazioa duten mikroenpresak eta enpresa txiki eta ertainak (ETEak), baldin eta indarreko nazioartekotze-plana badute, beren esportazioak guztizko fakturazioaren % 50etik gorakoak badira eta beren lehia-posizioa hobetu nahi badute guztizko esportazioen % 10etik beherako fakturazioa suposatzen duten merkatuetan.
2.– Agindu honetan jasotzen diren diru-laguntzak eskuratu ahal izateko, erakundeek ordainduta izan beharko dituzte Ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak, baita diru-laguntzak itzultzeagatiko betebeharrak ere.
3.– Diru-laguntzak jaso ahal izateko, enpresa eskatzaileak ezin izango du eduki zigor- edo administrazio-mailako zehapenik, laguntza publikoak edo diru-laguntzak eskuratzeko aukera galarazten dionik, eta, halaber, ezingo da horretarako gaitasuna kentzen dion legezko debekuren batean egon, ezta sexu-diskriminazioaren zioz sortu direnetan ere ez, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legeak (otsailaren 18ko 4/2005 Legeak) azken xedapenetatik seigarrenean ezarritakoaren arabera.
4.– Ezin izango dira agindu honetan araututako diru-laguntzen onuradun izan Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren (azaroaren 17ko 38/2003) 13. artikuluan aurreikusitako egoeretan dauden pertsonak edo erakundeak, Europar Batasuneko Batzordeak laguntza bat legez kanpokotzat edo merkatu erkidearekin bateraezintzat jo eta gero xedatzeke dagoen berreskuratzeko agindu baten eraginpean daudenak, ez eta krisialdian dauden enpresak ere; krisialdian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko estatuko laguntzei buruzko jarraibideetan emandako definizioarekin bat eginez (C249 EBAO, 2014-07-31koa).
5.– Onuradun izateko izaera diru-laguntzaren indarraldi osoan mantendu beharko da.
4. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak eta jarduerak.
Enpresek jarraian azaltzen diren jarduera motetako hiru egin beharko dituzte, gutxienez, eskatzen duten aldirako:
1.– Helmuga-merkatuan jardun ahal izateko gastuak, betiere eskatzaileak egiaztatzen badu SPRI - Enpresa-garapenerako euskal agentziak edo, dagokionean, Euskadiko Nazioartekotze Agentziak uko egin diotela zerbitzu horiek eskaintzeari:
– Merkatu-azterketak, gutxienez atal hauek izango dituena: Merkatu geografikoaren definizioa eta haren kuantifikazioa unitate fisikoetan edo diru-unitateetan; merkatu-segmentuen identifikazio; eragileen, tokiko eta nazioarteko lehiakideen, banaketa-sareen eta bezeroen identifikazioa. Helmuga bakoitzeko merkatu-azterketa bakarrerako diru-laguntza emango da.
– Produktuaren edo enpresa beraren homologazioak, enpresa kudeatzaile baten zerbitzuak barne.
– Agente komertziala edo ordezkaria hautatzeko gastuak.
2.– Merkatuak aztertzeko eta/edo enpresa bezero potentzialekin harremanetan jartzeko bidaiak. Laguntza helmugaren arabera kalkulatutako bidaia-poltsak izango dira (eranskina). Gehienez ere 3 bidaia-poltsarako diru-laguntza emango da helmugako merkatu bakoitzeko. Atzerriko azoketan erakustokiak jarriz gero, bidaia-poltsak ez dira zenbatuko, gehieneko poltsa-kopuruaren ondorioetarako.
3.– Alderantzizko misioak. Laguntza helmugaren arabera kalkulatutako bidaia-poltsak izango dira. Gehienez ere 3 egin ahal izango dira helmugako merkatu bakoitzeko, betiere hilabete desberdinetan egiten badira.
4.– Helmugako merkatuko hizkuntza ofizialean egindako promozio-materiala. Ez da onartuko gaztelaniaz egindako materialik.
5.– Publizitatea: publizitatea sortzea eta sektorearen komunikabideetan argitaratzea, helmugako merkatuko hizkuntza ofizialean.
6.– Atzerriko azoketan parte hartzea erakustokiak jarriz: espazioa alokatzea, erakustokia apaintzea eta bidaia-poltsa. Eskabide bakoitzean azoka bakarrerako diru-laguntza emango da, eta ekimen horiek nazioarteko izaera izaten dutenez, ez da eskatuko gainerako jarduerak egiten diren merkatu berean egitea, baina, edonola ere, azokak helmugako merkatuan duen eragina justifikatzeko eskatuko da.
7.– Ez da diru-laguntzarik emango erakunde publikoek prezio publikoetan emandako azterketa eta zerbitzuengatik.
8.– Diru-laguntza hau beharrezkoa den bezala pizgarria izan dadin, ekintzek hasi gabe egon beharko dute agindu hau argitaratzen denean.
5 artikulua.– Diru-laguntzen zenbatekoa.
1.– Enpresa onuradunei emandako laguntzak onartutako gastuaren % 30era artekoak izango dira eta, gehienez ere, 20.000,00 euro emango dira eskabide bakoitzeko. Eskabidea sektoreko elkarte batek edo klusterra dinamizatzeko elkarte batek egiten duenean, gehieneko zenbatekoa 25.000,00 euroko izango da.
2.– Artikulu honetan aurreikusitako laguntzen % 70 esleituko zaie 50 eta 59 puntu bitarteko balorazioa jasotzen duten proiektuei.
3.– Artikulu honetan aurreikusitako laguntzen % 80 esleituko zaie 60 eta 69 puntu bitarteko balorazioa jasotzen duten proiektuei.
4.– Artikulu honetan aurreikusitako laguntzen % 90 esleituko zaie 70 eta 79 puntu bitarteko balorazioa jasotzen duten proiektuei.
5.– Artikulu honetan aurreikusitako laguntzen % 100 esleituko zaie 79 puntutik gorako balorazioa jasotzen duten proiektuei.
6.– Baztertu egingo dira 50 puntura iristen ez diren proiektuak.
6. artikulua.– Diru-laguntzak emateko eta eskabideak aurkezteko prozedura.
1.– Itzuli beharrik gabekoak izango dira diru-laguntzak, eta publikotasun-, lehia- eta objektibotasun-printzipioei jarraituz emango dira. Ebazpenak espedienteak osatu ahala argitaratuko dira.
2.– Onuradun izateko eskabideak aurkeztu ahal izango dituzte agindu honen 3. artikuluan zehaztutako mikroenpresek eta enpresa txiki eta ertainek (ETEak). Sektoreko elkarteek eta klusterrak dinamizatzeko elkarteek eskabideak aurkeztu ahal izango dituzte enpresa horien izenean. Edonola ere, gainerako tramite guztiak zuzenean eta modu esklusiboan enpresekin egingo dira. Eskatzaileek bi eskabide aurkez ditzakete, dela beren kabuz dela dagokion elkartearen edo dinamizatzailearen bidez, baldin eta horien artean, gutxienez, 3 hilabeteko aldea badago.
3.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo eguneko 09:00etan hasiko da eskaerak aurkezteko epea; 2018ko urriaren 31n amaituko da, 12:00etan edo, 2. artikuluan arautzen den moduan, eskuragarri dauden funtsak agortzen direnean.
4.– Eskabideak, errekerimenduak, jakinarazpenak eta emakida-deialdi honetan jasotako gainerako kudeaketak bitarteko elektronikoen bidez egingo dira, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen (urriaren 1eko 39/2015 Legearen) 14.2 artikuluaren arabera.
Kanal elektronikoaren bitartez izapidetzeko zehaztapenak, baita eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak ere, www.euskadi.eus webgunearen bidez beteko dira.
5.– Behar bezala beteta aurkeztu behar da eskabidea, erakunde edo pertsona eskatzailearen sinadura aitortua daramala, eta hurrengo artikuluan adierazten diren agiriak izan behar ditu.
6.– Era berean, espedienterako sarbidea eta eskabidearen osteko gainerako izapideak kanal elektronikoaren bidez egingo dira, helbide honen bitartez: http://www.euskadi.eus.
7.– Laguntza jasotzeko eskabidea nahi den hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango da, eskatutako dokumentazioarekin batera. Ildo horretatik, eskatzaile bakoitzak hautatutako hizkuntza erabiliko da eskabidea aurkeztu ondoko jardueretan, prozedurak irauten duen bitartean, Euskararen erabilera normalizatzeko Oinarrizko Legearekin (azaroaren 24ko 10/1982) bat etorriz.
8.– Ez da nahitaezkoa izango dagoeneko Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren esku dauden indarreko agiriak aurkeztea. Kasu horretan, eskaeran bertan adierazi beharko da agiriok zein datatan eta zein organo edo bulegotan aurkeztu ziren.
9.– Diru-laguntzarako eskabiderik aurkezten bada, ekintza horren bidez eskatzaileak baimena emango dio organo emaileari zuzenean eskura ditzan zerga-betebeharren eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharren gaineko egiaztapenak. Hala ere, eskatzaileak berariaz uka dezake baimen hori, eta, halakorik egiten baldin badu, betebehar horiek betetzen dituela egiaztatzen duten agiriak aurkeztu beharko ditu.
7. artikulua.– Eskabideen edukia.
1.– Betetako eskabidean, pertsona eskatzailearen sinadura aitortuaz gain, honako agiri hauek ere jaso beharko dira:
– Indarreko plan estrategikoa edo nazioartekotze-plana, bertan alderdi hauek jasotzen direlarik: negozio-unitatearen inguruko hausnarketa, lehiakideen azterketa bat, negozio-unitatearen balio-eskaintza, lehiatzeko abantailak, sarbideen azterketa, merkatuen eta herrialdeen analisia, nazioartekotze-estrategia, merkatuen segmentazioaren analisia, salmenten proiekzioak eta planaren koherentzia.
– Enpresari buruzko informazio orokorra, merkatuaren araberako fakturazioaren xehetasunarekin eta diru-laguntzaren xede diren ekintzen zerrendarekin. Helmugako merkatuan egiten ez diren azoken kasuan, azokak merkatu horretan duen eragina justifikatu beharko da. Era berean, helmugako merkatuaren inguruko informazioa eman beharko da, haren konplexutasuna baloratu ahal izateko.
Eskabidea sektoreko elkarte batek edo klusterra dinamizatzeko elkarte batek aurkezten badu enpresa baten izenean, eskabidearekin batera nahitaez aurkeztu beharko da biek sinatutako dokumentu bat, non eskabidea aurkezteko baimena espresuki ematen baition enpresak elkarteari.
2.– Eskatzailearen ordezkaritza-ahalordearen kopia, salbu eta agiri hori Sailaren esku badago dagoeneko, eta indarrean.
3.– Erakundearen erantzukizunpeko adierazpena. Administrazio- nahiz zigor-araudiaren menpe geratuko da adierazpen hori, datu faltsuak eman ote diren egiaztatzeko honako alderdi hauei dagokienez:
• Mikroenpresa edo enpresa txiki edo ertain bezala duen izaera ETE kalifikazioaren baliokidea dela, Europar Batasuneko araudiaren arabera.
• Aurreko bi zerga-ekitaldietan eta unekoan jasotako de minimis laguntzak, de minimis laguntzei buruz Batzordeak emandako 1407/2013 (EB) Erregelamenduari lotuta daudenak, hain zuzen ere.
• Erakunde eskatzailea ez dela izan kondenatua laguntza edo diru-laguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarren epai irmo batez, delitu hauetakoren bat egiteagatik: prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoak bidegabe erabiltzea, influentzia-trafikoa, iruzurrak eta legearen aurkako ordainarazpenak edo hirigintza-delituak.
• Erakundeak ez duela eskatu borondatezko konkurtsoaren deklaraziorik, prozeduraren batean kaudimengabetzat ez dela jo, konkurtsoan deklaratuta ez dagoela, salbu eta horretan eraginkortasuna hartu badu hitzarmen batek, esku-hartze judizialaren pean ez dagoela edota ez dutela desgaitu Konkurtsoari buruzko Legearen (uztailaren 9ko 22/2003) arabera, konkurtsoaren kalifikazio-epaian ezarritako desgaikuntza-aldia amaitu ez bada.
• Kausaren batean errudun deklaratua izateagatik administrazioarekin egindako kontraturen baten suntsiarazpen irmorik ez duela eragin.
• Pertsona fisikoa, merkataritza-sozietateetako administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenak ez daudela honako lege hauetan jasotako kasuren batean: 3/2015 Legea, martxoaren 30ekoa, Estatuko Administrazio Orokorreko goi-kargudunen jarduna arautzen duena; 53/1984 Legea, abenduaren 26koa, administrazio publikoen zerbitzura dauden langileen bateraezintasunena; edo Hauteskunde Erregimen Orokorraren Lege Organikoan (ekainaren 19ko 5/1985) araututako kargu hautetsiak izatea, lege horretan edo gai horiek arautzen dituen Euskal Autonomia Erkidegoko araudian ezarritako baldintzetan.
• Zerga-egoitza ez duela erregelamenduz zerga-paradisu gisa kalifikatutako herrialde edo lurralde batean.
• Diru-laguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta dituela.
• Diru-laguntzak lortzeko aukera galtzeko zehapena jaso ez duela ebazpen irmo baten bidez.
• Honako enpresa hauei ere eragiten dieten diru-laguntzak jasotzeko debekurik ez duela: zuzendaritzan dauden pertsonei edo bestelako inguruabarrei erreparatuz, presuntzioa ezar badaiteke debekua jaso duten beste enpresa batzuen jarraipena edo ondorena direla, eraldatze, bategite edo ondorengotza bitartez.
4.– Zerga-betebeharren eta Gizarte Segurantzarekikoen ordainketa egunean duela egiaztatzen duten ziurtagiriak (sailari horiek eskatzeko baimena ematen ez badio soilik).
5.– Sozietateen gaineko zergaren eta ez-egoiliarren errentaren gaineko zergaren aurkeztutako azken formularioa (200. eredua); bertan adierazi beharko da eskatzailea ETE bat dela.
6.– Behar beste agiri, honako alderdi hauek egiaztatzeko: helmugako merkatura egiten diren esportazioak, enpresaren tamaina, emakumeek eskatzailearen zuzendaritza-organoetan duten parte-hartzea, lankidetza beka-programekin eta gizarte-erantzukizuna. Horien bidez eskabidea baloratuko da, hurrengo artikuluan zehaztutako irizpideak aplikatuz.
7.– Eskabideak ez badira osorik betetzen, edo haiekin batera ez bada adierazitako dokumentazioa aurkezten, erakunde eskatzaileari hamar egun balioduneko epea emango zaio (bitarteko elektronikoen bidez eskatuko zaio) hutsegitea bitarteko berak erabiliz konpontzeko edo behar diren dokumentuak aurkezteko. Horrez gain, adieraziko zaio hori egin ezean eskabidean atzera egin duela ulertuko dela.
8.– Nolanahi ere, laguntza hauen organo kudeatzaileak (Nazioartekotzeko zuzendaria) beste edozein agiri edo informazio eskatu ahal izango die erakunde eskatzaileei, beharrezkotzat jotzen badu haiek aurkeztutako eskabidea behar bezala ulertu, ebaluatu eta tramitatu ahal izateko. Arau honetan berariaz aurreikusi ez diren gaietan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legean (urriaren 1eko 39/2015 Legean) xedatutakoa aplikatuko da.
8. artikulua.– Balorazio-irizpideak.
Onuradun izateko baldintzak betetzen dituztela egiaztatzen dituzten mikroenpresei eta enpresa txiki eta ertainei (ETEak) emango zaizkie laguntzak, betiere honako balorazio-irizpide hauen arabera:
a) 1. irizpidea: Plan estrategikoa. Nazioartekotze-estrategia 5 kontinenteetan presente egotean oinarritzen duten enpresek 30 puntu jasoko dituzte. Bestela, 5 puntu kenduko dira presentziarik gabeko kontinente bakoitzeko.
2. irizpidea: Helmugako merkatuaren konplexutasuna. Urruntasuna, merkatuaren gardentasuna, banaketa-kanal egonkorrak egotea eta tankerako gaiak izango dira kontuan. Horretarako, Munduko Bankuaren urteroko
Helmugako herrialdearen puntuazioa:
a) 50 puntu baino gutxiago, 25 puntu.
b) 50 eta 61 puntu bitartean, 20 puntu.
c) 61 eta 80 puntu bitartean, 10 puntu.
d) 80 puntu baino gehiago, 0 puntu.
c) 3. irizpidea: esportazioen zifra helmugako merkatuan.
a) % 1 baino gutxiago, 20 puntu.
b) % 1 eta % 3 bitartean, 10 puntu.
c) % 3 baino gehiago, 5 puntu.
d) 4. irizpidea. Enpresaren tamaina.
a) 50 langiletik behera: 10 puntu.
b) 50 eta 149 langile artean: 5 puntu.
c) 150 langiletik gora: 1 puntu.
e) 5. irizpidea: Emakumearen parte-hartzea erakunde eskatzaileko zuzendaritza-organoetan. Emakumeek zuzendaritza-batzordean edo antzeko organo batean duten presentziaren ehunekoa % 40koa edo altuagoa bada: 10 puntu.
f) 6. irizpidea: Eusko Jaurlaritzaren Nazioartekotze Beken programari edo nazioartekotzea sustatzen duten beste agentzia batzuen antzeko programekin erakunde eskatzaileak duen lankidetza
a) Ez dauka bekadunik, eta ez du bekadun izandakorik kontratatu: 0 puntu.
b) Bekadunak izan ditu 2017an, edo bekadunak ditu 2018an: 1 puntu.
c) Bekadun izandakoak kontratatu ditu 2017an edo 2018an: 3 puntu.
g) 7. irizpidea: Gizarte-erantzukizuna. Erakundearen konpromisoa euskararekin, ingurumenarekin, lanaren eta bizitza pertsonala bateragarri egitearekin eta, oro har, gizarte-erantzukizuna osatzen duten alderdiekin, bai eta konpromisoa helmugako merkatuarekin: 2 puntu.
9. artikulua.– Diru-laguntzak emateko ebazpena.
1.– Emateko edo ukatzeko ebazpena ematea Nazioartekotzeko zuzendariari dagokio; bertan berariaz adieraziko da minimis laguntzak direla, eta honako hauek jasoko dira gutxienez:
– Lortutako balorazioa.
– Diruz lagundutako jarduerak eta horien kostua.
– Diru-laguntzaren zenbatekoa.
– Justifikazio-fasea amaitu arte egin behar diren urratsen eta fase horretan aurkeztu behar diren agirien zerrenda.
2.– Eskabide bat ukatzen bada, ebazpenean uko horren oinarriak zehaztuko dira.
3.– Prozedura ebazteko eta ebatzitakoa erakunde interesdunei jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izango da, eskabidea behar bezala beteta aurkeztu eta hurrengo egunetik hasita. Epe hori igarota ebazpenik jakinarazi ez bada, eskaera baietsi dela ulertu beharko dute erakunde interesdunek, organo eskudunak diru-laguntzaren inguruan ebazpena espresuki emateko duen betebeharraren kalterik gabe, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen (urriaren 1eko 39/2015) 24 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.
4.– Ebazpenak ez dio amaierarik emango administrazio-bideari, eta, haren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dezakete erakunde interesdunek organo eskudunaren aurrean, hala ezarrita baitago Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen (urriaren 1eko 39/2015) 121. eta 122. artikuluetan.
5.– Ebazpena banan-banan jakinaraziko zaie erakunde interesdunei. Nolanahi ere, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian ere argitaratuko da erakunde onuradunen eta emandako diru-laguntzen zerrenda, jendeak oro har horren berri izan dezan.
6.– Agindu honetan ezarritako diru-laguntzen erakunde onuradunei ez zaie laguntzarik emango, ez emandakoa ordainduko, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorrak eta beraren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan itzultze- edo zehatze-prozeduraren bat izapidetzen ari bazaie eta oraindik amaitu gabe badago.
10. artikulua.– Laguntzak ordaintzea eta justifikatzea.
1.– Diru-laguntza bi zatitan ordainduko da, organo kudeatzailearen aginduz, era honetan:
a) Lehen ordainketa bat, emandako diru-laguntzaren zenbatekoaren % 25, diru-laguntza emateko ebazpena jakinarazi ondoren egingo da, hamabost egunetan laguntzari espresuki uko egiten ez bazaio.
b) Bigarren ordainketa batean diru-laguntzaren gainerako zatia ordainduko da, eta aldez aurretik, bitarteko elektronikoak erabilita, diru-laguntza jaso duten jarduerak egin direla egiaztatzeko agiriak aurkeztu ondoren likidatuko da.
2.– Diru-laguntza justifikatzeko agiriak erakunde onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta aurkeztu beharko dira, 2019ko otsailaren 15a baino lehen, eta honako hauek izango dira:
– Diru-laguntzarekin finantzatu diren jarduerak bete izana justifikatzeko memoria.
– Egindako jardueren eta lortutako emaitzen zerrenda xehatua.
– Jarduera bakoitzaren gastuen eta zenbatekoen zerrenda sailkatua (BEZ kanpo). Horiekin batera, dagozkien fakturak ere aurkeztuko dira, jaulkitze-datarekin eta hartzekodunaren identifikazioarekin (erakunde edo enpresa hornitzailearen IFZ eta izen soziala), bai eta ordainketa-dokumentuak ere, zenbatekoa (BEZ banakatua) eta ordaintzeko data adierazita.
Egindako bidaiak justifikatzeko aski izango da garraioaren txartelak edo ostatuetako fakturak aurkeztea joan-etorria egiaztatzeko.
3.– Ezin izango da diru-laguntzaren ordainketarik egin, baldin eta erakunde onuradunak ez baditu egunean bere zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, edo dirua itzuli behar duela dioen ebazpenen batean zordun bada.
4.– Organo kudeatzaileak beharrezkotzat jotzen dituen agiri eta argibide osagarriak eska ditzake edozein momentutan, erakunde onuradunak aurkeztutako agirien eta datuen egiatasuna frogatze aldera.
5.– Likidazio-fasean, diru-laguntzak ordaindu aurretik, organo kudeatzaileak egiaztatuko du artikulu honen 2. puntuko faktura eta ordainketen koadroan zehaztutako gastuak egiazkoak direla. Enpresa onuradunei jatorrizko fakturak eta ordainketen egiaztagiriak eskatuko zaizkie, eta zerbitzu teknikoek aztertuko dituzte.
11. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.
Erakunde onuradunek betebehar hauek izango dituzte:
1.– Emandako diru-laguntza onartzea. Onuradunak ez badio berariaz eta idatziz uko egiten diru-laguntzari hura eman zaiola jakinarazi ondorengo hamabost eguneko epean, diru-laguntza onartu duela ulertuko da.
2.– Diru-laguntza eman den jardueretarako erabiltzea.
3.– Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak egoki jotzen dituen egiaztapen-lan guztiak egingo ditu aztertzeko nola garatu eta betetzen diren diruz lagundutako proiektuak. Nolanahi ere, aurreko artikuluaren xedea betetzeko beharrezko irizten den informazio guztia emateko betebeharra dute enpresa onuradunek.
4.– Enpresa onuradunak aurkeztutako fakturak eta ordainketen egiaztagiriak artxibatuta eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eskura gordeko dira, 5 urtez.
5.– Enpresa onuradunen betebeharra izango da Ekonomia Garapen eta Azpiegitura Sailak, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak euren eginkizunen jardunean laguntza horiei buruz eskatzen dieten informazio oro ematea.
6.– Helburu bera badute, edozein administrazio edo erakunde publiko zein pribatutatik jaso dituzten diru-laguntzen eta laguntzen, diru-sarreren eta baliabideen berri ematea.
7.– Nazioartekotze Zuzendaritzari diru-laguntza emateko kontuan hartutako edozein gorabehera objektiboren zein subjektiboren aldaketa jakinaraztea.
8.– Xede bera duten eta bestelako administrazio edo erakunde publiko zein pribatuetatik jasotako diru-laguntza edo laguntzen, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea Nazioartekotze Zuzendaritzari; «minimis araubidearen» pean eman direnen zenbatekoa ere adierazi beharko da.
9.– Diruz lagun daitezkeen edozein motatako kontratuen finantzaketaren izaera publikoaren publizitate egokia egitea, Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren (azaroaren 17ko 38/2003) 18.4. artikuluan xedatutako baldintzei jarraikiz.
10.– Bere egitea, halaber, Administrazioarekin kontratuak eta hitzarmenak egiten dituzten erakundeei eta harengandik diru-laguntzak jasotzen dituztenei Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko Legeak (otsailaren 18ko 4/2005 Legea) ezartzen dizkien betebeharrak, hala nola tratu berdinean oinarritutako printzipioaren mende jardun beharra, aukera-berdintasuna eta langileen aniztasunari eta diferentziei zor zaien errespetua.
11.– Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bateginaren 50.2 artikuluan (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutakoa), Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren (azaroaren 17ko 38/2003) 14. artikuluan eta horiek garatzeko arauetan aurreikusitakoaren arabera eska daitekeen beste edozein betebehar.
12. artikulua.– Diru-laguntzen bateragarritasunei eta laguntzak metatzeari buruzko araubidea.
1.– Laguntza hauek bateraezinak dira xede berarekin beste erakunde publiko edo pribatuk ematen dituzten beste laguntza edo diru-sarrerekin eta, bereziki, administrazio honek nazioartekotzearen alorrean ematen dituen beste laguntza guztiekin.
2.– Aurrekoaren kalterik gabe, minimis diru-laguntzak metatzeari buruzko araubidea aplikatuko da, Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 Erregelamenduan (EB) xedatutakoaren arabera. Erregelamendu hori Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak minimis diru-laguntzei aplikatzeari buruzkoa da eta, sarreraren 3) puntuan eta 3. artikuluan xedatutakoaren arabera, enpresa bakar batek jaso beharreko minimis diru-laguntzen guztizko zenbatekoa ez da izango 200.000,00 eurotik gorakoa hiru zerga-ekitaldiko edozein alditan (dagokion zerga-ekitaldia eta aurreko bi zerga-ekitaldiak).
13. artikulua.– Diru-laguntzak aldatzea.
1.– Diru-laguntza emateko kontuan izan diren baldintzak aldatzen badira edota beste edozein Administraziotatik edo erakunde publiko nahiz pribatutatik diru-laguntza gehiago lortzen bada edota bestelako diru-sarrerak badaude helburu bera lortzeko, diru-laguntza emateko ebazpena alda daiteke; betiere, agindu honetan onuradun izateko ezarritako gutxieneko baldintzak betetzen badira.
2.– Eskaera egitean aurkezturiko memorian jasota dauden jarduerak gauzatu behar dira. Nolanahi ere, Nazioartekotzeko zuzendariak aldaketak baimendu ditzake, aldez aurretik hala eskatu bazaio diru-laguntza kudeatzeko zuzendaritzari, eta erakunde onuradunak behar bezala justifikatzen baditu jarduerak amaitu aurretik, betiere jardueren helburuak eta nondik norakoa desitxuratzen ez badira.
3.– Aldaketek ez dute inolaz ere handituko hasieran emandako diru-laguntzaren zenbatekoa.
14. artikulua.– Ez-betetzeak.
Erakunde onuradunak betetzen ez baditu agindu honetan ezarritako betekizunak, Diru-laguntzei buruzko Legearen (azaroaren 17ko 38/2003) 37. artikulukoak eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan ezarritakoak, organo eskudunak, ez-betetze espedientea egin eta interesdunari entzun eta gero, administrazio-ebazpen bidez deklaratuko du onuradunak laguntza jasotzeko eskubidea galdu duela eta, hala badagokio, jasotako diru-laguntzaren tronkoa eta berandutze-interesak Euskal Herriko Diruzaintza Nagusiari bi hilabeteko epean itzuli behar dizkiola, betiere honako xedapen hauetan ezarritakoari jarraituz: Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 53.1 artikulua; eta 698/1991 Dekretua, abenduaren 17koa, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duena, 4.1 artikulua. Aipatutako diru-kopuruak diru-sarrera publikotzat hartuko dira lege-ondorio guztietarako.
Guztizko ez-betetzearen arrazoien artean egongo dira onartutako aurrekontuaren % 25etik gorako desbideratzeak, salbu eta organo kudeatzailearen iritziz behar bezala justifikatu bada desbideratze hori, betiere ebazpen batean jasotzen bada.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean izango ditu ondorioak.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Agindu honek administrazio-bidea agortzen du, eta, beronen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuari, hilabeteko epean. Bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Kasu bietan, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko dira epeak.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko otsailaren 21a.
Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua,
MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.