EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-03-05 Aldizkari honetan argitaratua: 2018045

176/2018 EBAZPENA, otsailaren 14koa, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiarena. Horren bidez onetsi dira Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zerbitzu sanitarioetako erakundeetan destinoa daukaten Goi-mailako teknikarien Lanbide-taldeko Goi-mailako tituludun/ Letradun kategorian (Letradu eta Goi-mailako teknikari juridikoaren lanpostu funtzionalak) lotura estatutario finkoa eskuratzeko hautaketa-prozesua arautuko duten oinarri espezifikoak.

Xedapenaren zenbakia: 201800176
Xedapenaren data: 2018-02-14
Hurrenkenaren zenbakia: 201801159
Maila: Ebazpena
Sekzioa: AGINTARIAK ETA LANGILERIA (Oposaketak eta lehiaketak)

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2018/02/08an argitaratutako 2018/02/05eko 201800103 EBAZPENA

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiaren 2018ko otsailaren 5eko 103/2018 Ebazpenaren bitartez onetsi ziren Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuan lotura estatutario finkoa eskuratzeko 2016an eta 2017an deitutako hautaketa-prozesuak arautuko dituzten oinarri orokorrak.
Hautaketa-prozesu bakoitza gauzatzeko, beharrezkoa da kategoria bakoitzeko destinoen deialdia arautuko duten oinarri espezifikoak argitaratzea.
Horregatik, kontuan izanda Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren 8/1997 Legea, ekainaren 26koa; Osasun-zerbitzuetako estatutupeko langileen Esparru-estatutuaren 55/2003 Legea, abenduaren 16koa; Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren testu bategina onartzen duen 5/2015 Legegintzako Errege Dekretua, urriaren 30ekoa; Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren lanpostu funtzionalak arautzen dituen 186/2005 Dekretua, uztailaren 19koa; Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua Ente Publikoaren Estatutu Sozialak ezartzen dituen 255/1997 Dekretua, azaroaren 11koa, eta indarrean dauden eta aplikagarriak diren gainerako xedapenak.
EBATZI DUT:
Lehenengoa.– Oinarri hauei dagozkien hautaketa-probetarako deia egitea.
Bigarrena.– I. eranskinean jasotako oinarri espezifikoak onartzea; horien bidez arautuko da Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zerbitzu sanitarioetako erakundeetan destinoa daukaten Goi-mailako teknikarien Lanbide-taldeko Goi-mailako tituludun/ Letradun kategorian (Letradu eta Goi-mailako teknikari juridikoaren lanpostu funtzionalak) lotura estatutario finkoa eskuratzeko hautaketa-prozesua.
Hirugarrena.– Ebazpen honekin batera argitaratutako II. eranskinean eskainitako destinoen zerrenda onartzea.
Laugarrena.– Ebazpen honen III. eranskinean jasotako merituen baremoa onartzea.
Bosgarrena.– Kategoriako gai-zerrenda onartzea, Ebazpen honen IV. eranskinean jasotakoa.
Seigarrena.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak, Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren ekainaren 26ko 8/1997 Legeak, eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Estatutu Sozialak ezartzen dituen azaroaren 11ko 255/1997 Dekretuak ezartzen dutenaren arabera, Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dakioke Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Administrazio Kontseiluari hilabeteko epearen barruan, ebazpena EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko otsailaren 14a.
La Directora General de Osakidetza-Servicio vasco de salud,
MARÍA JESÚS GEMMA MÚGICA ANDUAGA.
I. ERANSKINA
OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUKO ZERBITZU SANITARIOETAKO ERAKUNDEETAN DESTINOA DAUKATEN GOI-MAILAKO TEKNIKARIEN LANBIDE-TALDEKO GOI-MAILAKO TITULUDUN/ LETRADUN KATEGORIAN (LETRADU ETA GOI-MAILAKO TEKNIKARI JURIDIKOAREN LANPOSTU FUNTZIONALAK) LOTURA ESTATUTARIO FINKOA ESKURATZEKO HAUTAKETA-PROZESUA ARAUTZEKO OINARRI ESPEZIFIKOAK
1.– Deialdiko destinoak.
1.1.– Deialdi honen xede dira Goi-mailako tituludun/ Letradun kategorian (Letradu eta Goi-mailako teknikari juridikoaren lanpostu funtzionalak) destinoak.
1.2.– Deitutako destinoen artean, II. eranskinean jasotakoak, % 7 gordeko da desgaitasun bat duten langileek bete ditzaten, oinarri orokorren 1.3. oinarrian ezarritako banaketaren arabera.
2.– Izangaien eskakizunak.
Honen bidez araututako prozesuan parte hartzeko, izangaiek, oinarri orokorretan aurreikusitako salbuespenak kenduta, aurkezteko epearen azken egunean bete beharreko eskakizunez gain, oinarri orokorretan jasota daudenak eta kasuan kasu esleitzen den destinoa jabetzan hartu arte bete beharrekoak, beste eskakizun hauek ere bete beharko dituzte:
a) Oinarri orokorretako 6.2.c) atalean adierazitakoari jarraiki, Hezkuntza eta Zientzia Ministerioak igorritako Zuzenbidean lizentziatuaren titulazioa edo horren baliokidea izatea, eskuratzen den lanpostu funtzionalean aritzeko eskatzen dena, Osakidetza Ente Publikoko lanpostu funtzionalak arautzen dituen uztailaren 19ko 186/2005 Dekretuaren I. eranskinaren arabera.
b) Kasu orotan bete beharko dira eskuratu nahi den lanpostuaren eskakizunak, Osakidetza Ente Publikoko lanpostu funtzionalak arautzen dituen uztailaren 19ko 186/2005 Dekretuaren I. eranskinaren arabera, bai eta indarrean dagoen legeriak ezarritako beste edozein.
c) Eskabideak aurkezteko epearen barruan, izena emateko eskubideengatik dagokion tasa ordaindu izana, eskainitako destinoen Lanbide-taldearen arabera:
A1 taldea (A taldea zena): 25 euro.
3.– Oposizio-lehiaketaren nondik norakoa.
3.1.– Oposizioaldia.
1.– Oposizioaldian ariketa hauek egin beharko dituzte:
a) Lehenengo ariketa: Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeari (IVAPi) egokituko zaio proba teorikoa egitea, eta epaimahaiari iraupena zehaztea. Idatzizko proba izango da; zehazten den gehieneko denbora-tartean, izangaiek gai-zerrenda orokor eta komuneko IV. eranskineko programako gaiei buruzko galdetegi bat erantzun beharko dute.
Esandako Eranskinean, gainera, proba prestatzeko beharrezkoa den bibliografia agertzen da.
b) Bigarren ariketa: epaimahaiak proposatutako ariketa praktikoak egin beharko dituzte, galdetegiei erantzunez zein beste modalitateen bidez.
Ariketak destinoen funtzio espezifikoekin lotuta egongo dira eta haien helburua izangaiek destino horietan aritzeko dituzten gaitasunak, abileziak, ezagutzak eta ahalmen profesionala baloratzea izango da.
3.2.– Oinarri orokorren 14. atalean aurreikusitako puntuazio-ordenaren araberako izangaien behin-behineko zerrenda argitaratu ostean, I. eranskinean proposatutako izangaiek, 14.2 oinarrian zehaztutako dokumentazioaz gain, beste hauen fotokopia konpultsatua aurkeztu beharko dute:
– Hezkuntza eta Zientzia Ministerioak igorritako Zuzenbidean lizentziatuaren tituluaren edo horren baliokidearen fotokopia konpultsatua edo notario-lekukotza, eskuratzen den lanpostu funtzionalean aritzeko eskatzen dena, Osakidetza Ente Publikoko lanpostu funtzionalak arautzen dituen uztailaren 19ko 186/2005 Dekretuaren I. eranskinaren arabera.
3.3.– Lehiaketaldia.
Egiaztatutako merituak III. eranskineko merituen baremoaren arabera balioztatuko dira, oinarri orokorretan ezarritako irizpideen arabera.
II. ERANSKINA
DESTINOEN ZERRENDA. KATEGORIA: JUSTIZIAKO GOI-MAILAKO TEKNIKARIA
Osakidetzako zuzendari nagusiaren 103/2018 Ebazpenak onetsitako oinarri orokorren 1. oinarrian ezarritakoaren arabera, honako destino hauek deitu dira:
● Barne-sustapeneko txandaren deialdia: 2 destino.
Sarbide orokorra: 2.
Desgaitasuna duten langileentzako erreserba-kupoa: 0.
– Adimen-desgaitasuna dutenentzako erreserba-kupoa: 0.
– Bestelako desgaitasuna dutenentzako erreserba-kupoa: 0.
● Txanda irekiaren deialdia: 3 destino.
Sarbide orokorra: 3.
Desgaitasuna duten langileentzako erreserba-kupoa: 0.
– Adimen-desgaitasuna dutenentzako erreserba-kupoa: 0.
– Bestelako desgaitasuna dutenentzako erreserba-kupoa: 0.
Adimen-desgaitasuna duten langileentzako destinoak hautaketa-prozesua gainditzen duten izangai nahikorik ez egoteagatik betetzen ez badira, destino horiek desgaitasuna duten langileentzako erreserba-kupora gehituko dira.
Desgaitasuna duten langileentzako destinoak hautaketa-prozesua gainditzen duten izangai nahikorik ez egoteagatik betetzen ez badira, destino horiek dagokion txandako (barne-sustapena edo txanda irekia) sarbide orokorreko lanpostuetara gehituko dira.
2. oinarrian ezarritakoaren arabera, deialdi honen xede diren zerbitzu sanitarioetako erakundeetako destinoak hautaketa-prozesua gainditu duten izangaien zerrenda argitaratzean zehaztuko dira.
III. ERANSKINA
OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUKO ZERBITZU SANITARIOETAKO ERAKUNDEETAN DESTINOA DAUKATEN GOI-MAILAKO TITULUDUN / LETRADUN KATEGORIAREN (LETRADU ETA GOI-MAILAKO TEKNIKARI JURIDIKOA LANPOSTUAK) MERITUEN BAREMOA
1) Esperientzia profesionala (gehienez, 60 puntu).
Eskabideak aurkezteko azken egunera arte izangaiek aitortuta duten zerbitzu-denbora zenbatuko da.
1.– Osakidetzako, Gizarte Segurantzako eta autonomia-erkidegoetako zerbitzu sanitarioetako erakundeetan, edozein herri administraziotan, baita Europar Batasuneko beste estatuetako sare publikoko zerbitzu sanitarioetan ere Goi-mailako Tituludun/ letradun gisa (Letradu eta goi-mailako Teknikari Juridikoa lanpostuak) eta/edo zerbitzu orokorretako arloko kudeaketa-lanpostuetan lan egindako hilabete bakoitzeko: 0,24 puntu.
2.– Erakunde sanitario publikoetan goi-mailako kudeaketako lanpostuetan lan egindako hilabete bakoitzeko: 0,05 puntu.
Zenbaketa osoa lan egindako egun naturaletan oinarrituta egingo da, eta baztertu egingo dira hilabetetik beherako soberakinak. Honetarako, hilabetetzat 30 egun naturaleko multzoa hartuko dugu.
Barne-sustapeneko txandaren bidez aurkezten diren langileei horrela zenbatuko zaizkio emandako zerbitzuak:
a) E taldean langileek emandako zerbitzuak: 0,02 puntu/hilabeteko.
b) D taldean langileek emandako zerbitzuak: 0,03 puntu/hilabeteko.
c) C taldean langileek emandako zerbitzuak: 0,04 puntu/hilabeteko.
d) B taldean langileek emandako zerbitzuak: 0,05 puntu/hilabeteko.
e) A taldean langileek emandako zerbitzuak: 0,10 puntu/hilabeteko.
f) Langileek A taldean eskuratu nahi duten lanpostu berean emandako zerbitzuak: 0,24 puntu/hilabeteko.
Zerbitzu-eginkizunean edo goragoko kategoriako funtzioetan eskainitako zerbitzuak egondako lanpostuaren arabera zenbatuko dira.
Era berean, jatorrizko lanpostuan zerbitzu berezietako egoeran emandako zerbitzuak zenbatuko dira.
2) Prestakuntza, irakaskuntza eta ikerkuntza (20 puntu, gehienez).
Atal honen barruan ondokoaren arabera egiaztatzen den prestakuntza baloratuko da:
a) Graduatu aurreko prestakuntza:
Espediente akademikoaren balorazioa honela lortuko da ondorengo hipotesien kasuan:
Ez dira ebaluatuko eta, horrenbestez, ez dira zatitzailean agertuko ondorengo ikasgaiei dagozkien kalifikazioak edo baliozkotze ofizialaren helburu izan direnak: erlijioa, heziera politikoa, heziketa fisikoa, hizkuntzak, edo deitutako lanpostu funtzionala eskuratzeko eskatzen den titulazioaren ikasketen oinarrizko edukiarekin lotura nabarmenik ez duten beste ikasgai batzuk.
b) Gradu ondoko prestakuntza:
– Cum laude doktorea: 10 puntu.
– Doktorea: 9 puntu.
– Gradu ondoko masterra: 6 puntu.
– Unibertsitate-aditua edo –espezialista: 5 puntu.
– Ikertzeko nahikotasuna edo Diploma ikasketa aurreratuetan: 4 puntu.
– Deitutako lanpostu funtzionala lortzeko eskatutako graduko titulazioa (bikain edo ohorezko matrikula): 3 puntu.
– Doktoretza-ikastaroa, ikastaro bakoitzeko (10 ikastaro gehienez): 0,25 puntu.
– Lotutako beste unibertsitate-titulu batzuk: 2,5 puntu.
Cum laude doktorearen puntuazioa esleitzen bada, ez da Doktorearen puntuazioa esleituko. Cum laude doktorea edo Ikertzeko nahikotasuna edo Diploma ikasketa aurreratuetan lortzeko balio izan duten programetako doktoretza-ikastaroek ez dute punturik emango.
c) Etengabeko prestakuntza:
Eskatutako destinoko kategoriarekin zerikusia duten ikastaroetara joateagatik:
– 9 ordura arte: 0,25 puntu.
– 10-19 ordu: 0,75 puntu.
– 20-29 ordu: 1,25 puntu.
– 30-49 ordu: 2 puntu.
– 50-99 ordu: 3 puntu.
– 100-249 ordu: 4 puntu.
– 250-599 ordu: 5 puntu.
– 600 ordu edo gehiago: 6 puntu.
Ikastaroen ziurtagirietan kreditu kopurua besterik adierazten ez den kasuetan, puntuazioa emateko orduan, era honetan erabakiko da kreditu eta orduen arteko baliokidetasuna:
– ECTS Europako kreditu sistemako kreditu bakoitzeko: 25 ordu.
– Etengabeko Prestakuntzako Batzordearen kreditu bakoitzeko: 10 ordu.
Alderantziz, kreditu eta orduen arteko baliokidetasun hori bestelakoa denean, edo ikastaroaren ziurtagirian adierazitako kredituak ez direnean aurreko atalean zehaztutako berak, edota agirian ez bada zehazten ikastaroaren iraupena edo kreditu kopurua, epaimahaiak, aurkeztu zaizkion ziurtagiriak eta ikastaroaren edukiak aztertu ondoren, dagokion puntuazioa emango dio izangaiari; betiere, 0,25ekoa edo hortik gorakoa.
Erakunde ofizialek, unibertsitateek, erakunde sanitarioek, eta, hala badagokio, elkargo profesionalek eta elkarte zientifikoek egiaztatutako/ziurtatutako ikastaroak balioztatuko dira, baita edozein administrazio publikok hitzartutako etengabeko prestakuntzako akordioen arabera eman eta egiaztatutako/ziurtatutako ikastaroak ere, betiere titulazio ofizial bat lortzeko ikasketa-plan baten barrukoak ez badira.
e) Irakaskuntza jarduera:
Fakultateko / Unibertsitate Eskolako katedraduna (urteko): 1 puntu.
Fakultateko / Unibertsitate Eskolako irakasle titularra edo elkartua (urteko): 0,50 puntu.
Hala denean, dena delako espezialitatean egoiliarrentzako irakaskuntzan akreditatutako tutorea (urteko): 0,750 puntu.
Irakaskuntza etengabeko prestakuntzako programa ofizialetan (orduko): 0,050 puntu.
f) Jarduera zientifikoak eta ezagutza hedatzekoak:
Eskatutako destinoko lanpostu funtzionalarekin zerikusia duten lan zientifikoak, txosten-aurkezpenak, komunikazioak, hitzaldiak edo mahai-inguruak egiteagatik:
– Eskualde mailako txosten bakoitzeko: 0,50 puntu.
– Estatu mailako txosten bakoitzeko: 2 puntu.
– Nazioarte mailako txosten bakoitzeko: 3 puntu.
– Eskualde mailako Ahozko komunikazio/Poster bakoitzeko: 0,30 puntu.
– Estatu mailako Ahozko komunikazio/Poster bakoitzeko: 1,20 puntu.
– Nazioarte mailako Ahozko komunikazio/Poster bakoitzeko: 2 puntu.
– Eskualde mailako mahai-inguru bakoitzeko: 0,40 puntu.
– Estatu mailako mahai-inguru bakoitzeko: 1,50 puntu.
– Nazioarte mailako mahai-inguru bakoitzeko: 2,50 puntu.
– Argitalpen bakoitzeko (lehen egilea): 2 puntu.
– Argitalpen bakoitzeko (beste egile batzuk): 1 puntu.
– Liburu bakoitzeko (lehen egilea): 4 puntu.
– Liburu bakoitzeko (beste egile batzuk): 2 puntu.
– Kapitulu bakoitzeko (lehen egilea): 2 puntu.
– Kapitulu bakoitzeko (beste egile batzuk): puntu 1.
– Tesina bakoitzeko: 3 puntu.
Ez da baloratuko atal honetan zehaztu ez den meriturik.
g) Hizkuntzak (3 puntu, gehienez):
Ingelesa: 1,5 puntu, gehienez.
Frantsesa: 1,5 puntu, gehienez.
Alemana: 1,5 puntu, gehienez.
h) Informatika ezagutzak (2 puntu, gehienez).
3) Euskara.
– 3. HE: 27 puntu.
– 2. HE: 18 puntu.
– 1. HE: 9 puntu.
IV. ERANSKINA
GOI-MAILAKO TEKNIKARI JURIDIKOA - LETRADUA
I.– Gai-zerrenda orokorra.
1.– 1978ko Espainiako Konstituzioa. Aurretiko titulua. Funtsezko eskubideak eta betebeharrak. Askatasunen eta oinarrizko eskubideen bermea eta eskubideak eta askatasunak etetea.
2.– Euskadiko Autonomia Estatutua: Atariko titulua. Izena eta eraketa. Lurraldea: Kontzeptua. Euskal lurraldea. Beste lurralde batzuk integratzeko aukera. Erakunde komunen egoitza. Euskal Herriko hiritarren eskubideak. Euskara. Euskal Herriko Komunitate Autonomoaren konpetentziak: Esklusiboak, aurrerabide legislatiboa eta beronen betearazteari buruzkoak, eta betearaztekoak. Estatutoaren erreforma. Osasun arloko konpetentziei buruzko erreferentzia berezia Autonomia Estatutuan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Erakunde Komunen eta Lurralde Historikoetako Foru-organoen arteko harremanei buruzko Legean.
3.– Eusko Legebiltzarra: Osaera eta eginkizunak. Eusko Legebiltzarraren Erregelamendua.
4.– Arartekoa. Herri Kontuen Euskal Epaitegia.
5.– Eusko Jaurlaritza: Osaera, eskumenak eta funtzionamendua. Lehendakaria. Estatutua eta izendapena. Eskumenak eta ahalmenak. Kargua uztea eta ordezkatzea. Lehendakariordea. Euskal Herriko Administrazioko sailburuak eta goi karguak.
6.– Administrazio-zuzenbidearen iturriak: Legea. Kontzeptua eta motak. Lege-indarra duten arauzko xedapenak: Lege Dekretuak eta Legegintzako Dekretuak.
7.– Erregelamendua: Kontzeptua. Izaera. Motak. Erregelamenduak egiteko ahalaren titulartasuna eta bere mugak. Erregelamenduen baliozkotze eta aurkaratzea.
8.– Administrazioaren jarrera Zuzenbidearekiko: legezkotasunaren printzipioa. Administrazioaren diskrezionalitatea. Administrazioaren botere neurrigabeak. Autotutoretza.
9.– Sektore Publikoaren Araubide Juridikoa. Xedapen orokorrak. Administrazio publikoetako organoak. Zehatzeko ahala. Administrazio publikoen ondare-erantzukizuna. Sektore publikoaren funtzionamendu elektronikoa. Lankidetza-hitzarmenak. Estatuko Administrazio Orokorra. Sektore publiko instituzionalaren antolamendua eta funtzionamendua. Administrazio-arteko harremanak. Beste xedapen batzuk.
10.– Administrazio-prozedura. Xedapen orokorrak. Prozeduran interesdun direnak. Administrazio publikoen jarduera. Administrazio-egintzak. Administrazio prozedura erkidea. Prozeduraren antolamendua. Egintzak administrazio-bidetik berrikustea. Legegintza-ekinbidea eta erregelamenduak emateko ahala eta beste xedapen batzuk.
11.– Administrazio kontratazioa. Administrazio Publikoetako kontratuak: Betekizunak. Administrazio-kontratu motak. Esleitze prozedurak. Publizitatea.
12.– Osasun-zerbitzuetako pertsonal estatutarioaren Estatutu Markoa. Arau orokorrak. Pertsonal estatutarioaren sailkapena. Pertsonalaren plangintza eta antolamendua. Eskubideak eta betebeharrak. Pertsonal estatutario finkoaren izaera lortzea eta galtzea. Lanpostuak hornitzea, hautaketa eta barne-sustapena. Langileen mugikortasuna. Karrera profesionala. Ordainsariak. Lanaldia, baimenak, lizentziak. Pertsonal estatutarioaren egoerak. Diziplina-araubidea. Bateraezintasunak. Ordezkaritza, parte-hartze eta negoziazio kolektiboa.
13.– Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutua. Xedea eta aplikazio-eremua. Eskubideak eta betebeharrak. Enplegatu publikoen jokabide-kodea. Zerbitzu-harremana eskuratzea eta galtzea. Jarduera profesionalaren antolamendua. Administrazio-egoerak. Diziplina-araubidea. Administrazio Publikoen arteko lankidetza. Beste xedapen batzuk.
14.– Euskal Funtzio Publikoari buruzko Legea. Euskal Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langilegoaz. Funtzio Publikoa Egituratzeaz eta Antolatzeaz. Bitarteko Funtzionariez, Lan-itunepeko eta Behin-behingo Langileez. Hizkuntz Normalkuntza. Ordezkaritza eta Partaidetza, Lan-baldintzak zehaztekoan. Beste xedapen batzuk.
15.– Gizarte Segurantza. Araubide orokorra. Afiliazioa eta kotizazioa. Babes-jarduna. Gertagarriak eta prestazioak.
16.– Osasunaren Lege Orokorra: Osasuna babesteko eskubidea. Osasun-sistema. Herri-administrazioen eskumenak. Osasun-sistema publikoaren egitura.
17.– Osasun Lanbideen Antolamenduari buruzko Legea: Arau orokorrak. Osasun-lanbideetan aritzea. Garapen profesionala eta horren aitortza.
18.– Osasun Sistema Nazionalaren kohesio eta kalitateari buruzko Legea. Xedapen orokorrak. Prestazioak. Profesionalak. Ikerketa. Informazio sanitarioko sistema. Kalitatea. Plan integralak. Parte-hartze soziala. Lurraldearteko Kontseilua. Goi Ikuskaritza.
19.– Pazientearen Autonomia eta Informazio eta Dokumentazio Klinikoaren arloko Eskubide eta Betebeharrak arautzen dituen Oinarrizko Legea: Printzipio orokorrak. Informazio sanitariorako eskubidea. Intimitaterako eskubidea. Pazientearen autonomiaren errespetua. Historia klinikoa. Alta-txostena eta bestelako dokumentazio klinikoa.
20.– Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren Legea: Xedapen orokorrak. Euskadiko Osasun-sistema. Antolamendua eta herritarren eskubide eta betebeharrak. Sistemaren finantza-arauketa: Kontratu-programa. Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua Ente Publikoaren konfigurazioa. Araubide juridikoa. Zuzendaritza-antolakuntza. Gestio-araubidea. Baliabide materialak. Pertsonalaren araubidea.
21.– Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua Ente Publikoaren Estatutu Sozialak: Definizioa. Helbidea. Xedeak. Nortasun juridikoa eta jarduteko gaitasuna. Araubide juridikoari buruzko arauak. Zuzendaritza-antolakuntza. Antolakunde nagusia. Zerbitzu-erakundeak. Gestio-araubidea.
22.– Osasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala.
23.– Pertsonen eskubideak eta betebeharrak Euskadiko osasun-sisteman.
24.– Aurretiazko Borondateen araudia eta bizitzaren azken prozesuan dauden pertsonen duintasunari buruzkoa euskal osasungintzaren arloan.
25.– Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua Zuzenbide Pribatuko Ente Publikoko lanpostu funtzionalei buruzko araudia.
26.– Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko langileriaren lan-baldintzak arautzen dituen Akordioa.
27.– Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioaren Legea. Administrazioarekiko auzien jurisdikzio-ordena. Eremua. Organoak eta haien eskumenak. Epaitegi eta auzitegien lurralde-eskumena. Administrazioarekiko auzien salen osaera eta jarduera. Auzi-banaketa. Alderdiak: Gaitasun prozesala. Legitimazioa. Alderdien ordezkaritza eta defentsa. Errekurtsoaren objektua: Aurkaratu daitekeen administrazio-jarduera. Alderdien auziak. Metatzea. Errekurtsoaren munta. Administrazioarekiko auzien prozedura: Lehen auzialdiko edo auzialdi bakarreko prozedura. Prozedura laburtua. Probidentzia, auto eta epaien aurkako errekurtsoak. Epaien exekuzioa. Prozedura bereziak. Xedapen erkideak: epeak, kautela-neurriak. Intzidenteak eta egintza prozesalen baliogabetasuna. Prozesuaren kostuak. Xedapen gehigarriak eta iragankorrak eta azken xedapenak.
28.– Prozedura Zibilaren Legea. Ordezko izaera. Deklinatoria. Abstentzioa eta ezespena. Epaiketa-jarduna. Jardun judiziala bukatzea eta auzialdiaren iraungitzea. Kostuen tasazioa. Prozesuko onustea. Froga: Agiriak, irizpenak, txostenak, eta beste baliabide eta tresna batzuk aurkeztea. Idazki eta agirien kopiak, eta horiek helaraztea. Frogaren xedapen orokorrak. Frogabideak eta presuntzioak. Alderdien galdeketa. Agiri publikoak. Agiri pribatuak. Adituen irizpena. Azterketa judiziala. Lekukoen galdeketa. Hitza, soinua eta irudia erreproduzitzea, eta prozesurako zein datu garrantzitsu izan, eta horien artxiboa eta ezagutza ahalbidetzen duten tresnak. Presuntzioak.
29.– Zigor Kodea. Zigor Kodea. Xedapen Orokorrak. Arau-hauste penala. Delitu dagokienez erantzukizun kriminala duten pertsonak. Zigorrak. Segurtasun-neurriak. Delituen ondorioz sorturiko erantzukizun zibila. Prozesuko kostuak. Zigorrari erantsitako ondorioak. Erantzukizun kriminala azkentzea eta horren ondoreak. Giza hilketa. Abortua. Lesioak. Fetuari eragindako lesioak. Manipulazio genetikoari buruzko delituak. Legearen aurkako atxiloketak eta bahiketak. Mehatxuak. Derrigortzeak. Osotasun moralaren aurkako delitua. Sexu-jazarpena. Sorospen-eginbeharra ez betetzea. Sekretuak ezagutarazi eta agertaraztea. Ohorearen aurkako delituak. Kalumnia, iraina eta guztietarako xedapenak. Langileen eskubideen aurkako delituak. Agiri-faltsutzeak. Eginkizun publikoen usurpazioa eta intrusismoa. Herri administrazioaren aurkako delituak. Funtzionario publikoen prebarikazioa eta zuzenak ez diren beste portaera batzuk. Destinoa uztea eta delituak pertsegitzeko eginbeharraren ez-betetzea. Desobeditzea eta laguntzarik ez ematea. Desleialtasuna agirien zaintzan, eta sekretuak urratzea. Funtzionario-eroskera. Eragimen-trafikoa. Bidegabeko eralgitzea. Iruzurrak eta legearen aurkako ordainarazpenak. Funtzionario publikoek debekatuta dituzten negoziazioak eta jarduerak, eta funtzionarioek euren funtzioan aritzean egindako abusuak.
30.– Prozedura Kriminalaren Legea. Xedapen Orokorrak. Atarikoak. Arlo kriminaleko epaile eta auzitegien eskumena. Nori dagokion delitu eta falten ondoriozko akzioak egikaritzea. Defentsa-eskubidearen egikaritza. Probidentziak, autoak eta epaiak nola eman, eta desadostasunak nola ebatzi. Jakinarazpenak, zitazioak eta epatzeak. Suplikatorioak, exhortoak eta manamenduak. Epe-muga judizialak. Auzitegiek eta instrukzio-epaileek emandako ebazpenen aurkako errekurtsoak. Prozesuko kostuak. Salaketa. Kereila. Auzipetuek egindako adierazpenak. Lekukoek egindako adierazpenak. Lekukoen eta auzipetuen arteko bekaldurak. Adituaren txostena. Zitazioa. Fidantzak eta enbargoak. Ahozko epaiketa. Delituaren kalifikazioa. Aurretiaz erabaki beharreko artikuluak. Ahozko epaiketa egitea. Prozedura laburtua: Xedapen orokorrak. Polizia judizialaren eta Fiskaltzaren jarduna. Aurretiazko eginbideak. Ahozko epaiketa prestatzea. Ahozko epaiketa eta epaia. Epaia aurkaratzea. Epaiak betearaztea. Delitu jakin batzuk azkar epaitzeko prozedura. Gora jotzeko errekurtsoa, kasazio-errekurtsoa eta berrikuspen-errekurtsoa. Epaiak betearaztea.
31.– Botere Judizialaren Lege Organikoa. Botere judiziala eta jurisdikzio-ahala baliatzea. Jurisdikzio-gatazkak eta eskumen-gatazka eta –arazoak. Jurisdikzio-organoen osaera eta eskudantziak. Jarduketa judizialetarako denbora balioduna. Jarduketa judizialak.
32.– Ikerketa biomedikoaren Legea. Xedapen Orokorrak. Gizakiengan prozedura inbaditzaileak erabiltzen dituzten ikerketak. Giza enbrioi eta fetuak edo horien zelulak, ehun edo organoak ematea eta erabiltzea. Giza enbrioia jatorri duten zelula eta ehunak eta antzeko beste zelula batzuk lortzea eta erabiltzea. Analisi genetikoak, lagin genetikoak eta biobankuak. Arau-hausteak, zehapenak eta kalteengatiko konpentsazioak. Espainiako Bioetika Batzordea. Ikerketa biomedikoaren sustapena eta koordinazioa Osasun Sistema Nazionalean.
33.– Datu pertsonalen babesa.
34.– Administrazio-gardentasuna.
35.– Gizarte Laguntza. Tutoretza, kuradoretza eta egitatezko zaintza Kode Zibilean eta Borondatezko jurisdikzioaren uztailaren 2ko 15/2015 Legean.
36.– 12/2008 Legea, abenduaren 5ekoa, Euskadiko Gizarte Zerbitzuei buruzkoa.
37.– Adin txikikoaren babes juridikoa.
38.– Emakumearen babesa.
39.– Euskararen erabileraren normalkuntzarako Oinarrizko Legea.
40.– Osakidetzan euskararen erabilera normalizatzeko Dekretua.
II.– Gai-zerrenda komuna.
1.– Osasun Sailaren Ildo Estrategikoak 2017-2020.
2.– Osasun Plana. Euskadiko Osasun Politikak 2013-2020.
3.– Osakidetzaren Erronka eta Proiektu Estrategikoak 2017-2020.
4.– Pazientearen Segurtasunaren Estrategia Osakidetzan 2013-2016.
5.– Arreta Soziosanitarioko Lehentasun Estrategikoak 2017-2020.
6.– Osakidetzan euskararen erabilera normalizatzeko jardun-eremuak eta neurriak: Osakidetzan euskararen erabilera normalizatzeko 2. Plana. 2013-2019: Irudia eta Komunikazioa eta Kanpo-harremanak.
GAI-ZERRENDA OROKORRAREN BIBLIOGRAFIA
1.– 1978ko Espainiako Konstituzioa. BOE, 311. zk., 1978ko abenduaren 29koa.
2.– 3/1979 Lege Organikoa, abenduaren 18koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutua onartzen duena. BOE, 306 zk., 1979ko abenduaren 22koa.
3.– 27/1983 Legea, azaroaren 25ekoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Erakunde Komunen eta Lurralde Historikoetako Foru-organoen arteko harremanei buruzkoa. BOE, 92. zk., 2012ko apirilaren 17koa.
4.– Eusko Legebiltzarraren Erregelamendua. Eusko Legebiltzarraren Aldizkari Ofiziala, 187. zk., 2008ko abenduaren 29koa.
5.– 3/1985 Legea, otsailaren 27koa, Arartekoaren erakundea sortu eta arautzen duena.
6.– 1/1998 Legea, otsailaren 5ekoa, «Tribunal Vasco de Cuentas Públicas-Herri Kontuen Euskal Epaitegia»-rena.
7.– 7/1981 Legea, ekainaren 30ekoa, Jaurlaritzari buruzkoa.
8.– Curso de derecho administrativo. Egilea: Eduardo García De Enterría.
I. liburukia, 2015. 17. edizioa. Argitaletxea: S.L. Civitas Ediciones. ISBN: 9788447053193.
II. liburukia, 2015. 14. edizioa. Argitaletxea: S.L. Civitas Ediciones. ISBN: 9788447053223.
9.– 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzkoa.
10.– 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena.
11.– 9/2017 Legea, azaroaren 8koa, Sektore Publikoko Kontratuena, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko otsailaren 26ko 2014/23/EB eta 2014/24/EB zuzentarauen transposizioa egiten duena Espainiako ordenamendu juridikora.
12.– 55/2003 Legea, abenduaren 16koa, osasun-zerbitzuetako pertsonal estatutarioaren Estatutu Markoarena.
13.– 5/2015 Legegintzako Errege Dekretua, urriaren 30ekoa, Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen testu bategina onartzen duena.
14.– 6/1989 Legea, uztailaren 6koa, Euskal Funtzio Publikoari buruzkoa.
15.– 8/2015 Legegintzako Errege Dekretua, urriaren 30ekoa, Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bategina onartzen duena.
16.– Osasunari buruzko 14/1986 Lege Orokorra, apirilaren 25ekoa.
17.– 44/2003 Legea, azaroaren 21ekoa, osasun lanbideen antolamenduari buruzkoa.
18.– 16/2003 Legea, maiatzaren 28koa, Osasun Sistema Nazionalaren kohesio eta kalitateari buruzkoa.
19.– 41/2002 Legea, azaroaren 14koa, pazientearen autonomiari eta informazio eta dokumentazio klinikoaren arloko eskubide eta betebeharrei dagokiena.
20.– 38/2012 Dekretua, martxoaren 13koa, historia klinikoari eta osasun-arloko paziente eta profesionalek dokumentazio klinikoaren arloan dituzten eskubide eta obligazioei buruzkoa.
21.– 8/1997 Legea, ekainaren 26koa, Euskadiko Antolamendu Sanitarioarena.
22.– 255/1997 Dekretua, azaroaren 11koa, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua Ente Publikoaren Estatutu Sozialak ezartzen dituena.
23.– 147/2015 Dekretua, uztailaren 21ekoa, Euskadiko osasun-sistemako pertsonen Eskubideei eta Betebeharrei buruzko Adierazpena onartzen duena.
24.– Eusko Legebiltzarraren 7/2002 Legea, abenduaren 12koa, Osasun Arloko Aurretiazko Borondateena.
25.– 270/2003 Dekretua, azaroaren 4koa, Aurretiazko Borondateen Euskal Erregistroa sortu eta arautzen duena.
26.– 11/2016 Legea, uztailaren 8koa, Bizitzaren amaierako prozesuan pertsonen eskubideak eta duintasuna ziurtatzeari buruzkoa.
27.– 186/2005 Dekretua, uztailaren 19koa, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua zuzenbide pribatuko Ente Publikoko lanpostu funtzionalak arautzen dituena.
28.– 235/2007 Dekretua, abenduaren 18koa, 2007., 2008. eta 2009. urteetarako Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko langileen lan-baldintzak arautzen dituen Akordioa onartzen duena.
29.– 106/2008 Dekretua, ekainaren 3koa, 2008ko martxoaren 14ko bileran Mahai Sektorialean lortutako Akordioa onartzen duena.
30.– 29/1998 Legea, uztailaren 13koa, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duena.
31.– 1/2000 Legea, urtarrilaren 7koa, Prozedura Zibilarena.
32.– 10/1995 Lege Organikoa, azaroaren 23koa, Zigor Kodeari buruzkoa.
33.– 1882ko irailaren 14ko Errege Dekretua, Prozedura Kriminalaren Legea onartzen duena.
34.– 6/1985 Lege Organikoa, uztailaren 1ekoa, Botere Judizialarena.
35.– 14/2007 Legea, uztailaren 3koa, Ikerketa biomedikoari buruzkoa.
36.– 2016/679 Erregelamendua (EB), 2016ko apirilaren 27koa, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa, eta 95/46/CE Zuzentaraua indargabetzen duena (Datuak babesteko erregelamendu orokorra).
37.– 15/1999 Lege Organikoa, abenduaren 13koa, Datu Pertsonalen Babesari buruzkoa.
38.– 2/2004 Legea, otsailaren 25ekoa, Titulartasun Publikoko Datu Pertsonalen Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa sortzeari buruzkoa.
39.– 19/2013 Legea, abenduaren 9koa, gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzkoa.
40.– 39/2006 Legea, abenduaren 14koa, Norbere autonomia sustatzeari eta menpekotasun-egoeran dauden pertsonen arretari buruzkoa.
41.– Errege Dekretua, 1889ko uztailaren 24koa, Kode Zibila argitaratzen duena.
42.– 15/2015 Legea, uztailaren 2koa, Borondatezko Jurisdikzioari buruzkoa.
43.– 12/2008 Legea, abenduaren 5ekoa, Gizarte Zerbitzuei buruzkoa.
44.– 1/1996 Lege Organikoa, urtarrilaren 15ekoa, Adingabearen Babes Juridikoarena, Kode Zibila eta Prozedura Zibileko Legea hein batean aldatzen dituena.
45.– 3/2005 Legea, otsailaren 18koa, haurrak eta nerabeak zaintzeko eta babestekoa.
46.– 1/2004 Lege Organikoa, abenduaren 28koa, Genero-indarkeriaren aurka oso-osoko babesa emateko neurriei buruzkoa.
47.– 4/2005 Legea, otsailaren 18koa, Emakumeen eta gizonen berdintasunerako dena.
48.– 10/1982 Oinarrizko Legea, azaroaren 24koa, Euskararen erabilera normalizatzeari buruzkoa.
49.– 67/2003 Dekretua, martxoaren 18koa, Osakidetzan euskararen erabilera normalizatzeko dena.
GAI-ZERRENDA KOMUNAREN BIBLIOGRAFIA
1.– Osasun Sailaren Ildo Estrategikoak 2017-2020.
Http://www.euskadi.eus/contenidos/informacion/publicaciones_departamento/eu_def/adjuntos/stp/ildo-estrategikoak.pdf
2.– Osasun Plana. Euskadiko Osasun Politikak 2013-2020.
Http://www.euskadi.eus/contenidos/informacion/plan_salud_2013_2020/eu_def/adjuntos/Osasun_plana_2013_2020%20Euskera.pdf
3.– Osakidetzaren Erronka eta Proiektu Estrategikoak 2017-2020.
Http://www.osakidetza.euskadi.eus/contenidos/informacion/buen_gob_planes/eu_def/adjuntos/PE_2017_2020_web_EUS.pdf
4.– Pazientearen Segurtasunaren Estrategia Osakidetzan 2013-2016.
Https://www.osakidetza.euskadi.eus/contenidos/informacion/osk_publicaciones/eu_argital/adjuntos/publikoa/SeguridadPacienteEu.pdf
5.– Arreta Soziosanitarioko Lehentasun Estrategikoak 2017-2020.
Http://www.osakidetza.euskadi.eus/contenidos/informacion/publicaciones_informes_estudio/eu_pub/adjuntos/Prioridades_estrategicas_17_20_eus.pdf
6.– Osakidetzan euskararen erabilera normalizatzeko 2. Plana. 2013-2019.
Https://www.osakidetza.euskadi.eus/contenidos/informacion/publicaciones_euskera/eu_osk/adjuntos/euskararenPlanaEu.pdf