EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-03-05 Aldizkari honetan argitaratua: 2018045

120/2018 EBAZPENA, otsailaren 14koa, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiarena. Horren bidez onetsi dira Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zerbitzu sanitarioetako erakundeetan destinoa daukaten Fakultatibo mediko eta teknikoen Lanbide-taldeko Immunologo kategorian (Immunologiako Fak. Esp. Mediko eta Teknikoaren lanpostu funtzionala) lotura estatutario finkoa eskuratzeko hautaketa-prozesua arautuko duten oinarri espezifikoak.

Xedapenaren zenbakia: 201800120
Xedapenaren data: 2018-02-14
Hurrenkenaren zenbakia: 201801147
Maila: Ebazpena
Sekzioa: AGINTARIAK ETA LANGILERIA (Oposaketak eta lehiaketak)

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2018/02/08an argitaratutako 2018/02/05eko 201800103 EBAZPENA

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiaren otsailaren 5eko 103/2018 Ebazpenaren bitartez onetsi ziren Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuan lotura estatutario finkoa eskuratzeko 2016 eta 2017 urteetan deitutako hautaketa-prozesuak arautuko dituzten oinarri orokorrak.
Hautaketa-prozesu bakoitza gauzatzeko, beharrezkoa da kategoria bakoitzeko destinoen deialdia arautuko duten oinarri espezifikoak argitaratzea.
Horregatik, kontuan izanda Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren 8/1997 Legea, ekainaren 26koa; Osasun-zerbitzuetako estatutupeko langileen Esparru-estatutuaren 55/2003 Legea, abenduaren 16koa; Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren testu bategina onartzen duen 5/2015 Legegintzako Errege Dekretua, urriaren 30ekoa; Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren lanpostu funtzionalak arautzen dituen 186/2005 Dekretua, uztailaren 19koa; Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua Ente Publikoaren Estatutu Sozialak ezartzen dituen 255/1997 Dekretua, azaroaren 11koa, eta indarrean dauden eta aplikagarriak diren gainerako xedapenak.
EBATZI DUT:
Lehenengoa.– Oinarri hauei dagozkien hautaketa-probetarako deia egitea.
Bigarrena.– I. eranskinean jasotako oinarri espezifikoak onartzea; horien bidez arautuko da Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zerbitzu sanitarioetako erakundeetan destinoa daukaten Fakultatibo Mediko eta Teknikoen Lanbide-taldeko Immunologo kategorian (Immunologiako Fak. Esp. Mediko eta Teknikoaren lanpostu funtzionala) lotura estatutario finkoa eskuratzeko hautaketa-prozesua.
Hirugarrena.– Ebazpen honekin batera argitaratutako II. eranskinean eskainitako destinoen zerrenda onartzea.
Laugarrena.– Ebazpen honen III. eranskinean jasotako merituen baremoa onartzea.
Bosgarrena.– Kategoriako gai-zerrenda onartzea, Ebazpen honen IV. eranskinean jasotakoa.
Seigarrena.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak, Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren ekainaren 26ko 8/1997 Legeak, eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Estatutu Sozialak ezartzen dituen azaroaren 11ko 255/1997 Dekretuak ezartzen dutenaren arabera, Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dakioke Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Administrazio Kontseiluari hilabeteko epearen barruan, ebazpena EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko otsailaren 1a.
Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusia,
MARÍA JESÚS GEMMA MÚGICA ANDUAGA.
I. ERANSKINA
OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUKO ZERBITZU SANITARIOETAKO ERAKUNDEETAN DESTINOA DAUKATEN FAKULTATIBO MEDIKO ETA TEKNIKOEN LANBIDE-TALDEKO IMMUNOLOGO KATEGORIAN (IMMUNOLOGIAKO FE MEDIKO ETA TEKNIKOAREN LANPOSTU FUNTZIONALA) LOTURA ESTATUTARIO FINKOA ESKURATZEKO HAUTAKETA-PROZESUA ARAUTZEN DUTEN OINARRI ESPEZIFIKOAK
1.– Deialdiko destinoak.
1.1.– Deialdi honetan sartzen dira Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zerbitzu sanitarioetako erakundeetan destinoa daukaten Fakultatibo Mediko eta Teknikoen Lanbide-taldeko Immunologo kategoriako (Immunologiako Fe Mediko Eta Teknikoaren lanpostu funtzionala) destinoak, II. eranskinean jasotakoak. Deialdi honetako destinoetako batzuek, II. eranskinean jasotakoen artean, deialdi espezifikoen bitartez aldaketak jasan ahalko dituzte Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiaren Ebazpenaren bidez.
1.2.– Deitutako destinoen artean, II. eranskinean jasotakoak, % 7 gordeko da desgaitasun bat duten langileek bete ditzaten, oinarri orokorren 1.3. oinarrian ezarritako banaketaren arabera.
2.– Izangaien eskakizunak:
Honen bidez araututako prozesuan parte hartzeko, izangaiek, oinarri orokorretan aurreikusitako salbuespenak kenduta, aurkezteko epearen azken egunean bete beharreko eskakizunez gain, oinarri orokorretan jasota daudenak eta kasuan kasu esleitzen den destinoa jabetzan hartu arte bete beharrekoak, beste eskakizun hauek ere bete beharko dituzte:
a) Oinarri orokorretako 6.2.c) atalean adierazitakoari jarraiki, Medikuntzan, Biologian edo Biokimikan lizentziatu edo horren baliokidea izatea, eta Immunologiaren espezialitatea izatea, eskuratzen den lanpostu funtzionalean aritzeko eskatzen dena, Osakidetza Ente Publikoko lanpostu funtzionalak arautzen dituen uztailaren 19ko 186/2005 Dekretuaren I. eranskinaren arabera.
b) Kasu orotan bete beharko dira eskuratu nahi den lanpostuaren eskakizunak, Osakidetza Ente Publikoko lanpostu funtzionalak arautzen dituen uztailaren 19ko 186/2005 Dekretuaren I. eranskinaren arabera, bai eta indarrean dagoen legeriak ezarritako beste edozein.
c) Eskabideak aurkezteko epearen barruan, izena emateko eskubideengatik dagokion tasa ordaindu izana, eskainitako destinoen Lanbide-taldearen arabera:
A1 taldea (A taldea zena): 25 euro.
3.– Oposizio-lehiaketaren nondik norakoa.
3.1.– Oposizioaldia.
1.– Oposizioaldian bi ariketa egin beharko dituzte:
a) Lehenengo ariketa: Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeari (IVAPi) egokituko zaio proba teorikoa egitea eta epaimahaiari iraupena zehaztea. Idatzizko proba izango da; zehazten den gehieneko denbora-tartean, izangaiek gai-zerrenda orokor eta komuneko IV. eranskineko programako gaiei buruzko galdetegi bat erantzun beharko dute.
Esandako Eranskinean, gainera, proba prestatzeko beharrezkoa den bibliografia agertzen da.
b) Bigarren ariketa: epaimahaiak proposatutako ariketak egin beharko dituzte, galdetegiei erantzunez zein beste modalitateen bidez.
Ariketak destinoen funtzio espezifikoekin lotuta egongo dira eta haien helburua izangaiek destino horietan aritzeko dituzten gaitasunak, abileziak, ezagutzak eta ahalmen profesionala baloratzea izango da.
Medikuntzako mediku espezialistentzat deitutako lanpostu funtzionaletan, mediku kategoriako oposizio-fasea honako hau izango da: proba bakar batean bi ariketa egin beharko dira, bat teorikoa eta bestea praktikoa, eta biak eskainitako lanpostuaren funtzio espezifikoei buruzkoak izango dira. Probaren azken puntuazioa bi ariketen batez besteko haztatua litzateke; ariketa teorikoak % 65eko balioa izango du, eta ariketa praktikoak, ordea, % 35ekoa. Lehenago aipatutakoa ez zaie aplikatuko Medikuntzako mediku espezialistentzako hautaketa-prozesuei. Prozesu horretan, dagozkien oinarri espezifikoen arabera, oposizio-fasean ariketa bakar bat egongo da. Ondorio horietarako, batez besteko haztatua formula honen arabera lortuko da:
Oposizio-fasea gainditutzat jotzeko, bi ariketen batez besteko haztatuaren emaitza gutxienez 50 punturena izango da, 100etik.
3.2.– Oinarri orokorren 14. atalean aurreikusitako puntuazio-ordenaren araberako izangaien behin-behineko zerrenda argitaratu ostean, I. eranskinean proposatutako izangaiek, 14.2 oinarrian zehaztutako dokumentazioaz gain, beste hauen fotokopia konpultsatua aurkeztu beharko dute:
Medikuntzan, Biologian edo Biokimikan lizentziatu, edo horren baliokidearen, eta Immunologiaren espezialitatearen fotokopia konpultsatua edo notario-lekukotza, Osakidetza Ente Publikoko lanpostu funtzionalak arautzen dituen uztailaren 19ko 186/2005 Dekretuaren I. eranskinaren arabera.
3.3.– Lehiaketaldia.
Egiaztatutako merituak III. eranskineko merituen baremoaren arabera balioztatuko dira, oinarri orokorretan ezarritako irizpideen arabera.
3.4.– Lanpostuaz jabetzea.
Oinarri orokorretako 17. atalean aipatutako dokumentazioaz gain, deialdi honetako destinoren batez jabetzen direnek lanpostuaren jabetze-ekitaldian honakoa aurkeztu beharko dute:
– Elkargoko kide izatearen ziurtagiria.
II. ERANSKINA
DESTINOEN ZERRENDA. KATEGORIA: MEDIKUA LANPOSTU FUNTZIONALA: FAK. ESP. INMUNOLOGIAKO MEDIKU TEKNIKARIA
Osakidetzako zuzendari nagusiaren 103/2018 Ebazpenak onetsitako oinarri orokorren 1. oinarrian ezarritakoaren arabera, honako destino hauek deitu dira:
● Txanda irekiaren deialdia: 2 destino.
Sarbide orokorra: 2.
Desgaitasuna duten langileentzako erreserba-kupoa: 0.
– Adimen-desgaitasuna dutenentzako erreserba-kupoa: 0.
– Bestelako desgaitasuna dutenentzako erreserba-kupoa: 0.
Adimen-desgaitasuna duten langileentzako destinoak hautaketa-prozesua gainditzen duten izangai nahikorik ez egoteagatik betetzen ez badira, destino horiek desgaitasuna duten langileentzako erreserba-kupora gehituko dira.
Desgaitasuna duten langileentzako destinoak hautaketa-prozesua gainditzen duten izangai nahikorik ez egoteagatik betetzen ez badira, destino horiek dagokion txandako (barne-sustapena edo txanda irekia) sarbide orokorreko lanpostuetara gehituko dira.
2. oinarrian ezarritakoaren arabera, deialdi honen xede diren zerbitzu sanitarioetako erakundeetako destinoak hautaketa-prozesua gainditu duten izangaien zerrenda argitaratzean zehaztuko dira.
III. ERANSKINA
OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUKO ZERBITZU-ERAKUNDEETAN DESTINOA DAUKATEN FAKULTATIBO MEDIKO ETA TEKNIKOEN LANBIDE TALDEKO IMMUNOLOGIAKO FE MEDIKO ETA TEKNIKOA KATEGORIAREN MERITUEN BAREMOA
1) Lan esperientzia: 60 puntu, gehienez.
Eskabideak aurkezteko azken egunera arte izangaiek aitortuta duten zerbitzu-denbora zenbatuko da.
Dagokion espezialitateko etengabeko arretako behin-behineko izendapen batean egindako zerbitzuen puntuazioari zerbitzu horiengatik normalean ematen den puntuazioaren % 50 aplikatuko zaio.
Zenbaketa osoa lan egindako egun naturaletan oinarrituta egingo da, eta baztertu egingo dira hilabetetik beherako soberakinak. Honetarako, hilabetetzat 30 egun naturaleko multzoa hartuko dugu.
Zerga, administrazio eta gizarte neurriei eta ordena sozialari buruzko abenduaren 23ko 62/2003 Legean xedatutakoaren arabera eta deialdiak ezarri bezala, titulua irailaren 24ko 1497/1999 Errege Dekretuaren babesean eskuratu dutenek espezialista gisa daukaten antzinatasuna interesdunak espezialitatearen berezko eta berariazko eremuaren baitan gauzatutako lan profesional eraginkor osoaren arabera baloratuko da. Jardute horretatik kenduko da, hasierako aldian, Espainian espezialitate horretarako ezarritako prestakuntza aldiaren % 170. Deskontu hori ez zaie aplikatuko 1497/1999 Errege Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarrian ezarritakoaren arabera espezialistaren titulua lortu dutenei.
1.– Osakidetzako, Gizarte Segurantzako eta komunitate autonomoetako osasun zerbitzuetako erakundeetan, edozein herri administraziotan, baita Europar Batasuneko beste estatuetako sare publikoko zerbitzu sanitarioetan ere, dagokion kategorian eta espezialitatean edo medikuntza alorreko kudeaketa-postuetan lan egindako hilabete bakoitzeko: 0,30 puntu.
2.– Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko edota beste edozein herri administraziotako zerbitzu-erakundeetan, zein Europar Batasuneko kide diren gainerako estatuetako sare publikoko zerbitzu sanitarioetan Kupo eta Zonako mediku gisa lan egindako hilabete bakoitzeko: 0,12 puntu.
3.– Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko edota beste edozein herri administraziotako zerbitzu-erakundeetan, edo Osasun Sistema Nazionalari atxikitako ikerketa zentro ofizialetan edo erakundeetan, zein Europar Batasuneko kide diren gainerako estatuetako sare publikoko zerbitzu sanitarioetan Mediku Orokor edo beste espezialitateetako Mediku gisa edo Langile Ikertzaile gisa lan egindako hilabete bakoitzeko: 0,055 puntu.
4.– Erakunde sanitario publikoetan kudeaketa eta zerbitzu orokorren alorrean goi-mailako kudeaketako lanpostuetan lan egindako hilabete bakoitzeko: 0,05 puntu.
Barne-sustapeneko txandaren bidez aurkezten diren langileei horrela zenbatuko zaizkio emandako zerbitzuak:
a) E taldean langileek emandako zerbitzuak: 0,02 puntu hilabeteko.
b) D taldean langileek emandako zerbitzuak: 0,03 puntu hilabeteko.
c) C taldean langileek emandako zerbitzuak: 0,04 puntu hilabeteko.
d) B taldean langileek emandako zerbitzuak: 0,05 puntu hilabeteko.
e) A taldean langileek emandako zerbitzuak: 0,12 puntu hilabeteko.
f) Langileek eskuratu nahi duten lanpostu berean emandako zerbitzuak: 0,30 puntu hilabeteko.
Zerbitzu-eginkizunean edo goragoko kategoriako funtzioetan eskainitako zerbitzuak egondako lanpostuaren arabera zenbatuko dira.
Era berean, jatorrizko lanpostuan zerbitzu berezietako egoeran emandako zerbitzuak zenbatuko dira.
2) Prestakuntza, irakaskuntza eta ikerkuntza (20 puntu, gehienez):
Atal honen barruan ondokoaren arabera egiaztatzen den prestakuntza baloratuko da:
a) Graduatu aurreko prestakuntza:
Espediente akademikoaren balorazioa honela lortuko da ondorengo hipotesien kasuan:
Ez dira ebaluatuko eta, horrenbestez, ez dira zatitzailean agertuko ondorengo ikasgaiei dagozkien kalifikazioak edo baliozkotze ofizialaren helburu izan direnak: erlijioa, heziera politikoa, heziketa fisikoa, hizkuntzak, edo deitutako lanpostu funtzionala eskuratzeko eskatzen den titulazioaren ikasketen oinarrizko edukiarekin lotura nabarmenik ez duten beste ikasgai batzuk.
b) Gradu ondoko prestakuntza:
– Cum laude doktorea: 10 puntu.
– Doktorea: 9 puntu.
– Gradu ondoko masterra: 6 puntu.
– Unibertsitate-aditua edo –espezialista: 5 puntu.
– Ikertzeko nahikotasuna edo Diploma ikasketa aurreratuetan: 4 puntu.
– Lizentziaturako gradua (bikaina edo ohorezko matrikula): 3 puntu.
– Doktoretza-ikastaroa, ikastaro bakoitzeko (10 ikastaro gehienez): 0,25 puntu.
– Lotutako beste unibertsitate-titulu batzuk: 2,5 puntu.
Cum laude doktorearen puntuazioa esleitzen bada, ez da Doktorearen puntuazioa esleituko. Cum laude doktorea edo Ikertzeko nahikotasuna edo Diploma ikasketa aurreratuetan lortzeko balio izan duten programetako doktoretza-ikastaroek ez dute punturik emango.
c) Prestakuntza espezializatua:
1.– Legez aitortutako espezialitate bateko edo batzuetako titulua edo tituluak (kategorian sartzeko eskatutakoa ez direnak) dituzten izangaiak, betiere titulu horiek ofizialki onartutako fakultatiboentzako prestakuntza espezializatuko programa egoiliar gisa bete ondoren lortu badituzte: 2 puntu.
2.– Kategorian sartzeko eskatutakoa ez den espezialistaren titulua edo tituluak dituzten izangaiak (BAME bidez ez): puntu 1.
d) Etengabeko prestakuntza:
Eskatutako destinoko kategoriarekin zerikusia duten ikastaroetara joateagatik:
– 9 ordura arte: 0,25 puntu.
– 10-19 ordu: 0,75 puntu.
– 20-29 ordu: 1,25 puntu.
– 30-49 ordu: 2 puntu.
– 50-99 ordu: 3 puntu.
– 100-249 ordu: 4 puntu.
– 250-599 ordu: 5 puntu.
– 600 ordu edo gehiago: 6 puntu.
Ikastaroen ziurtagirietan kreditu kopurua besterik adierazten ez den kasuetan, puntuazioa emateko orduan, era honetan erabakiko da kreditu eta orduen arteko baliokidetasuna:
– ECTS Europako kreditu sistemako kreditu bakoitzeko: 25 ordu.
– Etengabeko Prestakuntzako Batzordearen kreditu bakoitzeko: 10 ordu.
Alderantziz, kreditu eta orduen arteko baliokidetasun hori bestelakoa denean, edo ikastaroaren ziurtagirian adierazitako kredituak ez direnean aurreko atalean zehaztutako berak, edota agirian ez bada zehazten ikastaroaren iraupena edo kreditu kopurua, epaimahaiak, aurkeztu zaizkion ziurtagiriak eta ikastaroaren edukiak aztertu ondoren, dagokion puntuazioa emango dio izangaiari; betiere, 0,25ekoa edo hortik gorakoa.
Erakunde ofizialek, unibertsitateek, erakunde sanitarioek, eta, hala badagokio, elkargo profesionalek eta elkarte zientifikoek egiaztatutako/ziurtatutako ikastaroak balioztatuko dira, baita edozein administrazio publikok hitzartutako etengabeko prestakuntzako akordioen arabera eman eta egiaztatutako/ziurtatutako ikastaroak ere, betiere titulazio ofizial bat lortzeko ikasketa-plan baten barrukoak ez badira.
e) Irakaskuntza jarduera:
Fakultateko / Unibertsitate Eskolako katedraduna (urteko): Puntu 1.
Fakultateko / Unibertsitate Eskolako irakasle titularra edo elkartua (urteko): 0,50 puntu.
Hala denean, dena delako espezialitatean egoiliarrentzako irakaskuntzan akreditatutako tutorea (urteko): 0,750 puntu.
Irakaskuntza etengabeko prestakuntzako programa ofizialetan (orduko): 0,050 puntu.
f) Jarduera zientifikoak eta ezagutza hedatzekoak:
Eskatutako destinoko lanpostu funtzionalarekin zerikusia duten lan zientifikoak, txosten-aurkezpenak, komunikazioak, hitzaldiak edo mahai-inguruak egiteagatik:
– Eskualde mailako txosten bakoitzeko: 0,50 puntu.
– Estatu mailako txosten bakoitzeko: 2 puntu.
– Nazioarte mailako txosten bakoitzeko: 3 puntu.
– Eskualde mailako Ahozko komunikazio/Poster bakoitzeko: 0,30 puntu.
– Estatu mailako Ahozko komunikazio/Poster bakoitzeko: 1,20 puntu.
– Nazioarte mailako Ahozko komunikazio/Poster bakoitzeko: 2 puntu.
– Eskualde mailako mahai-inguru bakoitzeko: 0,40 puntu.
– Estatu mailako mahai-inguru bakoitzeko: 1,50 puntu.
– Nazioarte mailako mahai-inguru bakoitzeko: 2,50 puntu.
– Argitalpen bakoitzeko (lehen egilea): 2 puntu.
– Argitalpen bakoitzeko (beste egile batzuk): Puntu 1.
– Liburu bakoitzeko (lehen egilea): 4 puntu.
– Liburu bakoitzeko (beste egile batzuk): 2 puntu.
– Kapitulu bakoitzeko (lehen egilea): 2 puntu.
– Kapitulu bakoitzeko (beste egile batzuk): Puntu 1.
– Tesina bakoitzeko: 3 puntu.
Ez da baloratuko atal honetan zehaztu ez den meriturik.
g) Hizkuntzak (3 puntu, gehienez):
Ingelesa: 1,5 puntu, gehienez.
Frantsesa: 1,5 puntu, gehienez.
Alemana: 1,5 puntu, gehienez.
h) Informatika ezagutzak (2 puntu, gehienez).
3) Euskara.
2. HE: 18 puntu.
1. HE: 9 puntu.
IV. ERANSKINA
IMMUNOLOGIAKO FAK. ESP. MEDIKO-TEKNIKOA
I.– Gai-zerrenda orokorra.
1.– Sistema immunitarioaren zelulak eta ehunak. Sistema immunitarioaren zelulak. Ehun linfoideen anatomia eta funtzioak.
2.– Leukozitoen zirkulazioa eta migrazioa ehunetara. Atxikipen-molekulak leukozitoetan eta leukozitoen errekrutamenduarekin loturiko zelula endotelialak. Kimiozinak eta bere hartzaileak. Leukozitoaren eta zelula endotelialaren arteko elkarreraginak. Neutrofiloaren eta monozitoaren migrazioa eta errekrutamendua ehunetara. T linfozitoaren migrazioa eta errekrutamendua. B linfozitoaren migrazioa.
3.– Sortzetiko immunitatea. Antigenoa ezagutzea. Ezagutze-mekanismo immunologikoak. Sortzetiko immunitate-hartzaileak: TOL motako hartzaileak, manosa motakoak, NK zelulen erakoak. Sortzetiko immunitatearen osagai zelularrak. Hantura-erantzuna. Birus-aurkako erantzuna. Sortzetiko immunitatearen estimuluak eta doitze-mekanismoak.
4.– Antigorputzak eta antigenoak. Antigorputzen banaketa naturala eta ekoizpena. Antigorputzen egitura molekularra. Immunoglobulinen sintesia eta adierazpena. Antigorputzen egituraren eta funtzioen arteko loturak. Antigorputzak antigenoekin bat egitea.
5.– Histobateragarritasun Konplexu Nagusia. Erantzun immunitarioaren funtzioa. Histobateragarritasun konplexu nagusiaren molekulen egitura. Peptidoak histobateragarritasun konplexu nagusiaren molekulekin bat egitea. Antolaketa genomikoa. Histobateragarritasun konplexu nagusiaren molekulen adierazpena. Antigenoa T linfozitoei aurkeztea, eta hura prozesatzea. T linfozitoek ezagututako antigenoen propietateak. Antigenoa T linfozitoen azpitaldeei aurkeztea. Antigeno-prozesatzearen biologia zelularra. Antigenoen aurkezpenaren garrantzi fisiologikoa, MHCri lotuta.
6.– Immunitate-hartzaileak eta seinaleen transdukzioa. T linfozitoaren multzo hartzailea eta T linfozitoko seinaleak. B linfozitoaren multzo hartzailea. Immunitate-hartzailearen seinaleak apaltzea. Zitozina-hartzaileak eta seinaleen transdukzioa.
7.– T eta B linfozitoen garapena. T eta B linfozitoen antigeno-hartzailearen genea berrantolatzea.
8.– T linfozitoa aktibatzea. Seinale aktibatzaileak. Erantzun funtzionalak. T linfozitoaren erantzuna doitzeko mekanismoak.
9.– T CD4+ linfozito efektoreak bereiztea eta horien funtzioak. T CD4+ linfozito efektoreen azpitaldeak: Th1, Th2, Th17, beste azpitalde batzuk.
10.– T CD8+ linfozito efektoreak bereiztea eta horien funtzioak. T CD8 linfozito zitotoxikoak bereiztea eta horien funtzio efektoreak.
11.– B linfozitoa aktibatzea eta antigorputzak ekoiztea. Antigenoa ezagutzea eta, antigenoaren eraginez, B linfozitoa aktibatzea. Antigorputzen erantzuna T linfozito kooperatzailearen mendeko ez diren antigenoen aurrean. Antigorputzen erantzuna T linfozito kooperatzailearen mendeko diren antigenoen aurrean. Immunitate humoralaren erantzuna Fc-rako hartzaileen bidez doitzea.
12.– Immunitate humoralaren mekanismo efektoreak. Neutralizazioa, opsonizazioa eta fagozitosia, antigorputzen bitartez. Osagarriaren sistema.
13.– Hesi epitelialetan eta immunitate-pribilegioa duten ehunetan espezializatutako immunitatea. Immunitatea digestio-aparatuan, beste mukosa-ehun batzuk. Larruazaleko sistema immunitarioa.
14.– Tolerantzia immunologikoa eta autoimmunitatea. T eta B linfozitoen tolerantzia. Autoimmunitate-mekanismoak.
15.– Immunitatea mikroorganismoen aurrean, zelulaz kanpoko bakterioak, zelula barneko bakterioak, birusak, onddoak, parasitoak. Txertoak. Immunizazioa. Txertoak garatzeko estrategiak.
16.– Transplante-immunologia. Egokitze-erantzun immunitarioa aloinjertoen aurrean. Aloinjerto-errefusaren ereduak eta mekanismoak. Xenotransplantea. Odol- eta antigeno-transfusioak (ABO eta Rh guztiak). Zelula progenitore hematopoietikoen transplantea.
17.– Tumore-immunitatea. Tumore-antigenoak. Erantzun immunitarioa tumoreen aurrean. Mekanismoak eta sailkapena. T linfozitoek eragindako gaixotasunak. Gaixotasun immunitarioen ikuspegi teraupetikoa.
18.– Hipersentikortasuna. Etiologia. Mekanismoak eta sailkapena. Antigorputzek eragindako gaixotasunak. T linfozitoak eragindako gaixotasunak. Gaixotasun immunitarioen tratamendua.
19.– Alergia. IgE-ren mendeko erreakzio immunitarioak. IgE-ren ekoizpena. Th2 linfozitoen, mastozitoen, basofiloen eta eosinofiloen funtzioa. IgE-ren eta mastozitoaren mendeko erreakzioak. Gaixotasun alergikoak: Patogenia eta tratamendua.
20.– Sortzetiko edo hartutako immunoeskasiak. Giza immunoeskasiaren birusa eta hartutako immunoeskasiaren sindromea.
21.– Gaixotasun autoimmune sistemikoak, organo jakin batzuetakoak eta oinarri immunologikokoak.
21.1.– Endokrinologikoak: tiroiditis autoimmunea, sindrome poliglandular autoimmuneak, diabetes mellitus I. mota autoimmunea, giltzurrun-gutxiegitasun primarioa.
21.2.– Dermatologikoak: dermatitisa eta dermatosia, jatorri immunologikokoak.
21.3.– Hematologikoak: neutropenia autoimmunea, anemia hemolitiko autoimmunea, purpura tronbozitopeniko idiopatikoa, gammapatia monoklonalak, hemofagozitosia.
21.4.– Neurologikoak eta muskuluetakoak: desmielinizazio-gaixotasunak, Guillain-Barré-ren sindromea, miastenia gravisa, neuropatia autoimmune periferikoak, neuritis optikoa, entzefalitis autoimmunea.
21.5.– Hepatobiliarrak: hepatitis autoimmunea, zirrosi biliar primarioa, angiokolitis esklerosatzaile autoimmunea.
21.6.– Digestio-aparatukoak: gaixotasun zeliakoa, anemia perniziosoa, hesteetako gaixotasun inflamatorioa.
21.7.– Arnas-aparatukoak: asma, hipersentikortasunak eragindako pneumonitisa, biriketako fibrosia eta horrekin lotutako gaixotasunak. Ghurg Straus-en sindromea, albeolo-hemorragia.
21.8.– Oftalmologikoak: begietako gaixotasun inflamatorioak, ubeitisa.
21.9.– Ugaltze-sistemakoak (arrazoi immunologikoko antzutasuna, arrazoi autoimmuneko abortuak).
21.10.– Ehun konektiboaren gaixotasunak, eta erreumatologikoak: lupus eritematoso sistemikoa, artritis erreumatoidea, esklerodermia, ehun konektiboaren gaixotasun mistoa, CREST-en S-a, espondilitis ankilosatzailea, dermato-polimiositisa, Sjögren-en sindromea, Behcet-en gaixotasuna. Ehun konektiboaren gaixotasun ez-diferentziatua, antisintetasaren sindromea. Miopatia inflamatorio idiopatikoa, polimiositis-esklerodermia gainjartzearen sindromea.
21.11.– Sindrome antifosfolipidoa.
21.12.– Baskulitisa, urtikaria.
21.13.– Giltzurrunetakoak: Glomerulonefritisa, IgA nefropatia, Good Pastureren sindromea, mintzezko nefropatia.
22.– Neoplasiak eta sistema immunea: leuzemiak eta linfomak. Immunoeskasiei elkartutako neoplasiak. Birus-infekzioengatiko neoplasiak.
23.– Organoen eta hezur-muinaren transplanteak. Histobateragarritasuna. Hartzaileen hautaketa. Errefus aloerreaktiboak: mekanismoak. Ostalariaren aurkako injertoaren gaixotasunak: mekanismoak. Immunoezabatzea. HLA eta gaixotasuna.
24.– Oinarri immunologikoko protokolo terapeutikoak.
24.1.– Eragile immunodepresoreak: kortikosteroideak, zitostatikoak, ziklosporina, takrolimusa, linfozitoaren eta timozitoaren aurkako globulina, erabilera klinikoko antigorputz monoklonalak (anti TNF-alfa, anti CD20, anti IL-1, anti CTL-4, anti –IL-6, anti BLys, etab.). Horren aplikazio-oinarriak, ondorio biologikoak eta printzipio farmakologikoak. Immunomoduladoreak: ziklofosfamida, mofetilo mikofenolatoa, azatioprina, ziklosporina, takromilusa.
24.2.– Ordezpen-terapiak, immunoberreskuratzaileak: zain barneko gammaglobulinak, zitozinak, hazkunde-faktoreak, hezur-muinaren transplantea, ex vivo aktibatutako zelula immunologikoen transplantea, txerto terapeutikoak, terapia geniko eta zelularra.
24.3.– Terapia prebentiboak: txerto profilaktikoak, plasmaferesia.
25.– Laborategiko teknikak.
25.1.– Antigorputzak hautematea, identifikatzea eta aldatzea diagnostikoan eta ikerketan. Antigeno-antigorputz erreakzioaren propietate fisikokimikoak. Antigorputzen afinitatea eta abidezia. Teknikak: RIA, ELISA, kromatografia, aglutinazioa, hemaglutinazioa, prezipitinen erreakzioa, antigorputz monoklonalak, bakteriofagoak, immunofluoreszentzia, immunohistokimika, immunoprezipitazioa, immunoelektrotransferentzia.
25.2.– Linfozitoak isolatzea, fluxu-zitometria (oinarriak eta aplikazioak), zelula-kultiboak, linfozitoaren espezifikotasunaren, maiztasunaren eta funtzioaren ezaugarriak.
25.3.– Babes-immunitatea hautematea. Immunitate-sistema manipulatzea.
25.4.– Geneen egituraren azterketa eta adierazpena. Southern Blot hibridazioa. Northern Blot hibridazioa. DNA eta RNA aztertzeko teknikak. Polimerasaren kate-erreakzioa. DNA errekonbinatzailearen teknologia. Sekuentziatzeko teknikak.
II.– Gai-zerrenda komuna.
1.– Osasun-lanbideen Antolamendurako arau orokorrak. Osasun-lanbideetan aritzea. Profesionalen parte-hartzea.
2.– Osasun Sistema Nazionalaren kohesioko eta kalitateko xedapen orokorrak. Prestazioak. Kalitatea. Parte-hartze soziala.
3.– Osasun-zerbitzuetako estatutupeko langileen Esparru Estatutuaren arau orokorrak. Eskubideak eta betekizunak. Estatutupeko langile finko izaera eskuratzea eta galtzea. Ordainsariak. Lanaldiak, baimenak, lizentziak. Bateraezintasunak.
4.– Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren Legearen xedapen orokorrak. Euskadiko Osasun Sistema: Araudia eta Herritarren eskubideak eta betekizunak. Kontratu-programa. Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua Ente Publikoaren konfigurazioa. Antolaketa gidaria. Kudeaketa-erregimena.
5.– Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua Ente Publikoaren definizioa. Helburuak. Antolaketa gidaria: zerrendatzea. Zuzendaritza Nagusia: sormena. Zerbitzu-erakundeak: lege-aitorpena.
6.– Pertsonen eskubideak eta betekizunak Euskadiko osasun sisteman.
7.– Pazientearen autonomiaren gaineko printzipio orokorrak eta eskubideak eta betekizunak informazio eta dokumentazio klinikoko gaietan. Osasun-informazioaren eskubidea. Intimitaterako eskubidea. Pazientearen autonomiaren errespetua. Historia klinikoa. Alta txostena eta bestelako dokumentazio klinikoa.
8.– Aurretiazko borondateak osasun-eremuan.
9.– 15/1999 Lege Organikoa, abenduaren 13koa, Izaera Pertsonaleko Datuen Babesarena. Xedapen orokorrak. Datuen babesaren printzipioak. Pertsonen eskubideak. Titulartasun publikoko fitxategiak.
10.– Emakumeen eta gizonen berdintasunerako Legearen xedea. Printzipio orokorrak. Jazarpen sexista.
11.– Osasun Sailaren Ildo Estrategikoak 2017-2020.
12.– Osasun Plana. Euskadirako Osasun Politikak 2013-2020.
13.– Osakidetzaren Erronka eta Proiektu Estrategikoak 2017-2020.
14.– Pazientearen Segurtasunaren Estrategia Osakidetzan 2013-2016.
15.– 2017-2020 Arreta Soziosanitarioko Lehentasun Estrategikoak.
16.– Jardun-eremuak eta euskararen erabilera normalizatzeko neurriak Osakidetzan: 2013-2019 Osakidetzan euskararen erabilera normalizatzeko 2. Planaren Irudia eta Komunikazioa eta Kanpo harremanak.
GAI-ZERRENDA OROKORRAREN BIBLIOGRAFIA
1.– Janeway C.A., P. Travers, M. Walport eta M. Shlochick. Inmunobiología (7. edizioa)- Garland Publ. argitaletxea, 2009.
2.– Inmunología Celular y MolecularAbul K. Abbas MD PhD,Andrew H. H. Lichtman MD PhD,Shiv Pillai MBBS PhD (8. edizioa). 2015.
3.– William Paul, Fundamental Immunology (7. edizioa). Raven Press, New York, 2013.
4.– Nina Rezaei, Asghar Aghamohammadi eta Luigi D. Notarangelo, Primary Immunodeficiency Disease. Definition Diagnosis and Management. Springer, 2008.
5.– WHO Classification of Tumours of Haematopoietic and Lymphoid Tissues. OME.
6.– S. Sánchez Ramón, Inmunodeficiencias congénitas y adquiridas. Marban, 2013.
7.– Harrison, Principios de Medicina interna(19. edizioa). 2016. ISBN: 978-607-15-1335-
8.– Farreras Rozman, Medicina interna (18. edizioa). 2016. ISBN: 9788490229965.
331.– Immunitate-sistema: sarrera, elementu nagusiak eta erantzun immunitarioa.
332.– Infekzio immunopatologikoaren aurreko erantzun immunea. Immunoeskasiak.
333.– Alergia. Autoimmunitatea.
334.– Gaixotasunaren tratamendua, sistema immunitarioaren bitartez.
335.– Diagnostikorako interesgarriak diren proba immunologikoak.
9.– Current Issues and future directions in Kidney Transplantation. Editorea: Thomas Rath. ISBN: 978-953-51-0985-3
– 17. kapitulua: Bhadran Bose, David W. Johnson eta Scott B. Campbell, «Transplantation Antigens and Histocompatibility Matching».
Http://dx.doi.org/10.5772/54738
10.– Innovations in Stem cell Transplantation. Editorea: Tanner Demirer. ISBN: 978-953-51-0980
– 1. kapitulua: Amanda Vansan Marangon, Ana María Sell, Daniela Maira Cardozo eta Jeane E. L. Visentainer, «Immunogenetics of Hematopoietic Stem Cell Transplantation».
Http://dx.doi.org/10.5772/54281
– 2. kapitulua: Sun Yuying eta Xi Yongzhi, «The advanced HLA typing strategies for Haematopoietic Stem Cell Transplantation».
Http://dx.doi.org/10.5772/53084
11.– Espainiako Erreumatologia Sozietatea, Erreumatologiako tratamendu-aginduak, 2012.
– Gaixotasun arrunten farmako eraldatzaileak: Metrotexate.
– Gaixotasun inflamatorioetan erabilitako eragile biologikoak.
– Immunomodulatzaileak.
12.– Immunotherapy: Inmunodeficiencias primarias y secundarias: Actualización y su tratamiento con inmunoglobulinas. Future Science Group. 2013.
13.– Aldizkariak:
13.1.– Annual Review in Immunology (Annual Reviews Publ).
13.2.– Trends in Immunology (Elsevier).
13.3.– Journal of Immunology (American Immunology association).
13.4.– Clinical Immunology (Academic Press).
13.5.– Autoimmunity Review (Elsevier).
GAI-ZERRENDA KOMUNAREN BIBLIOGRAFIA
1.– 44/2003 Legea, azaroaren 21ekoa, Lanbide Sanitarioen Antolamenduari buruzkoa.
2.– 16/2003 Legea, maiatzaren 28koa, Osasun Sistema Nazionalaren kohesio eta kalitateari buruzkoa.
3.– 55/2003 Legea, abenduaren 16koa, osasun zerbitzuetako estatutupeko langileen Esparru Estatutukoa.
4.– 8/1997 Legea, ekainaren 26koa, Euskadiko Antolamendu Sanitarioarena.
5.– 255/1997 Dekretua, azaroaren 11koa, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua Ente Publikoaren Estatutu Sozialak ezartzen dituena.
6.– 147/2015 Dekretua, uztailaren 21ekoa, Euskadiko osasun-sistemako pertsonen Eskubideei eta Betekizunei buruzko Adierazpena onartzen duena.
7.– 41/2002 Legea, azaroaren 14koa, pazientearen autonomiari eta informazio eta dokumentazio klinikoaren arloko eskubide eta betebeharrei dagokiena.
8.– 7/2002 Legea, abenduaren 12koa, Aurretiazko Borondateena.
9.– 15/1999 Lege Organikoa, abenduaren 13koa, Izaera pertsonaleko datuak babesteari buruzko: Xedapen orokorrak. Datuen babesaren prìntzipioak. Pertsonen eskubideak. Titulartasun publikoko fitxategiak.
10.– 4/2005 Legea, otsailaren 18koa, Emakumeen eta gizonen berdintasunerako dena.
11.– Osasun Sailaren Ildo Estrategikoak 2017-2020.
Http://www.euskadi.eus/contenidos/informacion/publicaciones_departamento/eu_def/adjuntos/stp/ildo-estrategikoak.pdf
12.– Osasun Plana. Euskadirako Osasun Politikak 2013-2020.
Http://www.euskadi.eus/contenidos/informacion/plan_salud_2013_2020/eu_def/adjuntos/Osasun_plana_2013_2020%20Euskera.pdf
13.– Osakidetzaren Erronka eta Proiektu Estrategikoak 2017-2020.
Http://www.osakidetza.euskadi.eus/contenidos/informacion/buen_gob_planes/eu_def/adjuntos/PE_2017_2020_web_EUS.pdf
14.– Pazientearen Segurtasunaren Estrategia Osakidetzan 2013-2016.
Https://www.osakidetza.euskadi.eus/contenidos/informacion/osk_publicaciones/eu_argital/adjuntos/publikoa/SeguridadPacienteEu.pdf
15.– 2017-2020 Arreta Soziosanitarioko Lehentasun Estrategikoak.
Http://www.osakidetza.euskadi.eus/contenidos/informacion/publicaciones_informes_estudio/eu_pub/adjuntos/Prioridades_estrategicas_17_20_eus.pdf
16.– Osakidetzan Euskararen erabilera normalizatzeko 2. Plana 2013-2019.
Https://www.osakidetza.euskadi.eus/contenidos/informacion/publicaciones_euskera/eu_osk/adjuntos/euskararenPlanaEu.pdf