EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-03-02 Aldizkari honetan argitaratua: 2018044

26/2018 DEKRETUA, otsailaren 27koa, zeinaren bidez urgentziako deklaratzen baita Arabako Foru Aldundiak, nahitaez desjabetzeko, honako eskubide eta ondasun hauek okupatzea: Santikurutze Kanpezuko baratzeen gunean (Araba), saneamenduko hodi biltzailea berritu eta euri-uren sarbidea ezabatu eta berritzeko proiektua (zatia: gasolindegia-saihesbideko zubia) burutzeko beharrezko ondasunak eta eskubideak.

Xedapenaren zenbakia: 201800026
Xedapenaren data: 2018-02-27
Hurrenkenaren zenbakia: 201801113
Maila: Dekretua
Arabako Foru Aldundiak, «Santikurutze Kanpezuko baratzeen gunean (Araba), saneamenduko hodi biltzailea berritu eta euri-uren sarbidea ezabatu eta berritzeko proiektua (zatia: gasolindegia-saihesbideko zubia)» delakoaren espedientea formalki onartu eta gero, proiektua gauzatzeko lur guztiak erabiltzeko beharra adierazi zuen.
2017ko apirilaren 25ean, Arabako Foru Aldundiak nahitaezko desjabetze-espedientea hastea eta ondasunen eta eskubideen zerrenda jendaurrean jartzea erabaki zuen, hamabost eguneko epean, prentsan eta 2017ko ekainaren 9ko Arabako Aldizkari Ofizialean (65. zk.). Geroago, 2017ko azaroaren 14an egindako bilkuran, Arabako Foru Aldundiak erabaki zuen Eusko Jaurlaritzari eskatzea proiektuak eragiten dituen eskubideak eta ondasunak okupatzeko premiazkotasunaren adierazpena, Nahitaezko Desjabetzearen Legearen 52. artikuluan ezarritakoa betetzeko.
Urgentziaz okupatu beharreko ondasunak eta eskubideak zehaztuta eta banakatuta agertzen dira dosierrean jasotako zerrendan, identifikazioak egiteko behar beste daturekin agertu ere. Zerrenda hori jendaurrean jarri zen egoki zenean, eta bi alegazio aurkeztu ziren, administrazio-espedientean adierazten denez.
Zerbitzu teknikoek ikusi dutenez, ez dago espedientea izapidetzeko inolako hirigintza-oztoporik.
Ondasun eta eskubide horiek okupatzea luzaezintzat jotzen da, honako arrazoi hauengatik:
Santikurutze Kanpezuko hondakin-uren arazketa bermatzea.
Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen 26.1.f artikuluan xedatzen denez, Eusko Jaurlaritzari dagokio: nahitaez desjabetu beharreko ondasunak eta eskubideak urgentziaz okupatu behar direla deklaratzea, nahitaezko desjabetzeak honako hauek hartzen dituenean: burutze-unitate osoak, lurraldearen hirigintza-antolaketari dagozkion sistema orokorrak edo antolaketa horren elementuren bat eta hiri-lurzoruan egin beharreko banakako jarduketak. Goian aipatutako lege horrek 26.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, lurralde-antolamenduaren eskumenak dituen sailburuari zegokion horretarako proposamena aurkeztea Jaurlaritzaren Kontseiluari.
Hori dela eta, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuak proposaturik, Gobernu Kontseiluak 2018ko otsailaren 27ko bilkuran gaia aztertu ondoren, honako hau
XEDATZEN DUT:
Artikulu bakarra.- Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan eta Euskal Herriko Lurralde Antolakuntzari buruzko Legearen 26. artikuluan xedatutakoari jarraituz, nahitaez desjabetzeko, «Santikurutze Kanpezuko baratzeen gunean (Araba), saneamenduko hodi biltzailea berritu eta euri-uren sarbidea ezabatu eta berritzeko proiektua (zatia: gasolindegia-saihesbideko zubia)» burutzeko beharrezkoak diren ondasunak eta eskubideak Arabako Foru Aldundiak urgentziaz okupatu beharrekoak direla deklaratzea. Berariaz hasarazitako espedientean jasotako zerrendan daude zehaztu eta banakatuta ondasun eta eskubide horiek.
AZKEN XEDAPENA
Dekretu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, aurretiaz berraztertze-errekurtsoa jar dakioke Gobernu Kontseiluari, hilabeteko epean, edo, bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Epeok dekretu hau argitaratu eta hurrengo egunean hasiko dira.
Vitoria-Gasteizen, 2018ko otsailaren 27an.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburua,
IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.