EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-03-02 Aldizkari honetan argitaratua: 2018044

AGINDUA, 2018ko otsailaren 22koa, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuarena, zeinaren bidez aldatzen baita Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuaren agindu bat, nekazaritzako produktuak, elikagaiak eta arrantzako eta akuikulturako produktuak eraldatzeko eta merkaturatzeko laguntzak emateko 2018. urteko deialdiaren oinarriak onartzen dituena (Lehiatu Berria programa).

Xedapenaren data: 2018-02-22
Hurrenkenaren zenbakia: 201801111
Maila: Agindua

Aurreko erreferentziak:
  • 2017/12/29an argitaratutako 2017/12/27ko AGINDUA aldatzen du [201706298]

2017ko abenduaren 29an, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara eman zen Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako agindu bat, nekazaritzako produktuak, elikagaiak eta arrantzako eta akuikulturako produktuak eraldatzeko eta merkaturatzeko laguntzak emateko 2018ko deialdiaren oinarriak onartzen dituena.
Agindu horren helburua da diru-laguntzak emateko araubide espezifiko eta zehatz bat ezartzea, hau da, nekazaritzako produktuak, elikagaiak eta arrantzako eta akuikulturako produktuak eraldatzeko eta merkaturatzeko inbertsioak eta gastuak egiteko laguntzetarako araubide bat (Lehiatu Berria programa). Nekazaritza-, elikagai- eta arrantza-sektoreetan balio erantsia sortzea lehenesten da, eta eragindako eremu geografikoen dinamika sozioekonomikoa indartu nahi da, bai eta nekazaritza-, elikagai- eta arrantza-arloan eraldatze- eta merkaturatze-industriaren lehiakortasuna sendotu ere.
Agindu honen bidez deitutako diru-laguntzen araubidean bildutako laguntzak Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren abenduaren 17ko 1305/2013 Erregelamenduan (EB) jasota daude, eta Euskal Autonomia Erkidegoan 2015-2020 aldirako EAEko Landa Garapeneko Programaren bidez garatzen dira, zeina Batzordearen 2015eko maiatzaren 26ko C(2015) 3479 azkena Erabakiaren bidez onartu zen (1305/2013 Erregelamendua, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) bidez landa-garapenari laguntzeari buruzkoa eta Kontseiluaren 1698/2005 Erregelamendua (EE) indargabetzen duena). Deialdi-aginduan, erkidegoko nahiz estatuko laguntzak garatzen dira, eta laguntza-lerro hauek ezartzen dira: «Tratatuaren I. eranskinak aipatzen dituen nekazaritzako produktuak eraldatzeko, merkaturatzeko eta garatzeko inbertsioak egiteko laguntzak»; «Basogintzako produktuak eraldatu eta merkaturatzeko inbertsioak egiteko laguntzak»; «Arrantzako eta akuikulturako produktuak eraldatzeko eta merkaturatzeko inbertsioak egiteko laguntzak», eta «Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza- eta elikagaigintza-industrietan bestelako proiektuak egiteko laguntzak, aurreko lerroetan sartzen ez direnak».
LGP Landa Garapeneko Programan, 8.6 azpineurria jasotzen da, «Basogintza-teknologietan inbertitzeko eta basogintzako produktuak eraldatzeko, mobilizatzeko eta merkaturatzeko inbertsioak egiteko laguntzari buruzkoa, aipatutako EAEko 2014-2020 aldiko LGPn jasota dagoena». Azpineurri horretan, diruz lagundu daitezkeen zenbait inbertsio biltzen dira, eta, besteak beste, honako hau: «Makinak eskuratzeko kostuak eta kanpo-lanak kontratatzeko kostuak».
Azpineurri hori batera kudeatzen dute Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak, Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzaren bidez, eta hiru foru-aldundiek, mendi-zerbitzuen bidez.
Kudeaketa-dualtasun horren ondorioz, jakin da badagoela baso-makineria mota espezifikoa bat, 2014-2020 aldiko LGPren 8.6 azpineurrian jasota dagoena, baina aipatzen ez dena, ez Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuaren Aginduan, ez foru-aldundiek 8.6 azpineurria aplikatuz ematen dituzten laguntzen arauetan (aipatutako aginduaren bidez, nekazaritzako produktuak, elikagaiak eta arrantzako eta akuikulturako produktuak eraldatzeko eta merkaturatzeko laguntzak emateko 2018. urteko deialdiaren oinarriak onartzen dira).
Horrenbestez, beharrezkoa da diruz lagundu daitekeen beste inbertsio bat jasotzea egurra eraldatzeko eta merkaturatzeko eragiketen arloan, zehazki III. kapituluan («Basogintzaren gaitasuna hobetzeko inbertsioak egiteko laguntzak eta basogintzako produktuak eraldatu eta merkaturatzeko inbertsioak egiteko laguntzak», Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren abenduaren 17ko 1305/2013 (EB) Erregelamenduan jasotzen direnak). Hartara, aukera zabalduko da halako inbertsioak diruz laguntzeko.
Egurra eraldatu eta merkaturatzeko eragiketen arloan diruz laguntzeko moduko beste inbertsio mota bat sartzeko, aldatu beharra dago Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuaren Agindua, Nekazaritzako produktuak, elikagaiak eta arrantzako eta akuikulturako produktuak eraldatzeko eta merkaturatzeko laguntzak emateko 2018. urteko deialdiaren oinarriak onartzen dituena (Lehiatu Berria programa). Aldaketa hori eginda, inbertsio berriak jasota geratuko dira agindu horretako eranskinaren III. kapituluan.
Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearekin bat etorriz –lege horren 26.4 artikuluaren arabera, Jaurlaritzako kide gisa dagozkien eskumenei kalterik egin gabe, sailburuek beren sailari dagozkion gaietan administrazio-xedapen orokorrak eta ebazpenak emateko eskuduntza izango dute–, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Paragrafo berri bat gehitzea, 6 zenbakiduna, honako agindu honen I. eranskineko 30. oinarrian: Agindua, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuarena, Nekazaritzako produktuak, elikagaiak eta arrantzako eta akuikulturako produktuak eraldatzeko eta merkaturatzeko laguntzak emateko 2018. urteko deialdiaren oinarriak onartzen dituena (Lehiatu Berria programa). Hona hemen:
«6.– Basogintzako makinak erosteko kostuak: herrestatze-makinak; autokargatzaileak; prozesadoreak; kamioi gaineko basogintzako garabiak; erauzketarako baso-kablea; ezpal-makinak; biomasa eremuan birrintzeko, ezpaltzeko eta paketatzeko prozesatze-ekipoak».
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA.– Errekurtsoak.
Agindu honen aurka, berraztertzeko errekurtsoa jar diezaiokete interesdunek Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuari, hilabeteko epean. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Kasu bietan, agindua argitaratu eta biharamunean hasiko da epea.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA.– Ondorioak.
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko otsailaren 22a.
Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua,
MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.