EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-02-28 Aldizkari honetan argitaratua: 2018042

EBAZPENA, 2018ko otsailaren 16koa, Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordearena, zeinaren bidez irekitzen baita eskabideak aurkezteko epea 2018/2019 ikasturterako itunak zehazteko.

Organo emailea: HEZKUNTZA SAILA
Xedapenaren data: 2018-02-16
Hurrenkenaren zenbakia: 201801062
Maila: Ebazpena

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2016/04/27an argitaratutako 2016/04/27ko AGINDUA [201601765]

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren 2016ko apirilaren 27ko Aginduaren bidez, deialdia egin zen 2016-2017 eta 2021-2022 arteko ikasturteetako hezkuntza-itunak sinatzeko eta berritzeko, eta 2016-2017 ikasturterako zenbat unitate itunduko diren zehazteko.
Agindu horren III. kapituluan ezartzen ditu ikasturteka itundu beharreko unitateak zehazteko eskakizunak eta prozedura.
Hori dela eta, agindu horren 13.2 artikuluan xedatutakoarekin bat, hau
EBAZTEN DUT:
Jakitera ematea ireki dela eskabideak aurkezteko epea 2018-2019 ikasturterako itun berriak zehazteko; epe horrek 2018ko martxoaren 1etik 2018ko martxoaren 31ra iraungo du, biak barne.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko otsailaren 16a.
Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordea,
OLATZ GARAMENDI LANDA.