EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-02-28 Aldizkari honetan argitaratua: 2018042

AGINDUA, 2018ko otsailaren 15ekoa, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuarena, Enkarterriko billanoa arrazaren erregelamendu espezifikoa onartzen duena.

Xedapenaren data: 2018-02-15
Hurrenkenaren zenbakia: 201801057
Maila: Agindua

Aurreko erreferentziak:
  • 2004/01/13an argitaratutako 2003/12/09ko AGINDUA indargabetzen du [200400136]

Etxeko abereen dibertsitatea funtsezkoa da agrodibertsitaterako. Inguruneak nahiz gizakiak eragindako hautapen-prozesuetatik sortu dira arrazen arteko desberdintasun genetikoak. Etxeko abere-espezie eta -arrazen behar desberdinek, bai eta jokabide eta produktu desberdinek ere, ondorioak dituzte ekoizpen-ingurune bakoitzean. Denetariko ingurune horiek jasangarriak izango badira, denetariko mota genetikoak egon behar dute. Etxeko abereen dibertsitatea eboluzionatuz joan da 12.000 urte baino gehiagoan; gure ondarearen zati bat da, eta zutik eutsi behar diogu hurrengo belaunaldientzat.
1993ko Biologia Dibertsitatearen Konbentzioa biologia-dibertsitatearen alderdi guztiei heltzeko lehen akordio orokorra izan zen; lehenengo aldiz aitortu zuen, halaber, biologia-dibertsitatea kontserbatzea gizaki guztien ardura dela eta garapen-prozesuaren zati integral bat dela.
Kontserbazioa eraginkorra izan dadin, besteak beste, bi zutabe behar ditu: lehenik, arrazak identifikatzea eta haien zerrenda egitea; eta, bigarrenik, haiek deskribatzea eta haien ezaugarriak zehaztea, haien berezitasunak ezagutzeko eta etorkizunik aberatsena zein arrazatatik letorkeen jakiteko.
Gizarteak eta erakundeek urteak daramatzate Euskal Herriko arraza autoktonoen ondare genetikoaren alde egiten. Zehazki, 2003an egin zen Enkarterriko billanoa txakur-arrazaren erregelamendua. Ordutik hona gertatu diren arautegi-aldaketek beharrezkoa egin dute Genealogia Liburuaren egitura eta kudeaketa moldatzea. Era berean, batzorde kudeatzaileak hautaketan eta hobekuntzan egindako lanari esker, arraza-estandarraren ezaugarri morfologikoak zehaztu ahal izan dira.
Enkarterriko billanoak Euskal Herriko mendebaldeko muturrean –alegia, Bizkaiko Enkarterrin– sortutako heltze-txakurrak dira. Chato arraza zenaren ondorengoak dira, eta montxina arrazako behi erdi-basatien abeltzainek antzinatik erabiltzen dituzte, behiok harrapatzeko hazten diren ibar malkartsuetan.
Horiek horrela, honako hau
XEDATZEN DUT:
Artikulu bakarra.– Enkarterriko billanoa txakur-arrazaren erregelamendu espezifikoa onartzen da, eta eranskinean dago jasota.
XEDAPEN GEHIGARRIA
Fundazio Erregistroa 24 hilabetez irekita egongo da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
XEDAPEN INDARGABETZAILEA
Indargabetu egiten da 2003ko abenduaren 9ko Agindua, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuarena, Enkarterriko billanoa txakur-arrazaren erregelamendu espezifikoa onartzen zuena.
AZKEN XEDAPENA
Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko otsailaren 15a.
Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua,
MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.