EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-02-28 Aldizkari honetan argitaratua: 2018042

48/2018 EBAZPENA, otsailaren 14koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita argitaratzea Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren eta Wassu Uab Fundazioaren eta Wassu Gambia Kafo Elkartearen artean sinatutako lankidetza-hitzarmena, Casamance-Ko (Senegal) «emakumeen sexu-organoen ebaketa: erritua eta nortasuna» ikuspuntutik garapen-eragileen gaitasunak indartzea helburu duen programa finantzatzeko.

Xedapenaren zenbakia: 201800048
Xedapenaren data: 2018-02-14
Hurrenkenaren zenbakia: 201801056
Maila: Ebazpena
Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak lankidetza-hitzarmena sinatu du, eta, eman behar zaion publikotasuna emateko, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea lankidetza-hitzarmen honen testua: Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren eta Wassu Uab Fundazioaren eta Wassu Gambia Kafo Elkartearen artean sinatutako lankidetza-hitzarmena, Casamance-Ko (Senegal) «emakumeen sexu-organoen ebaketa: erritua eta nortasuna» ikuspuntutik garapen-eragileen gaitasunak indartzea helburu duen programa finantzatzeko. Testu hori ebazpen honen eranskinean dago jasota.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko otsailaren 14a.
Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,
JUAN ANTONIO ARIETA-ARAUNABEÑA IBARZABAL.
ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN OTSAILAREN 14KO 48/2018 EBAZPENARENA
GARAPENERAKO LANKIDETZAREN EUSKAL AGENTZIAREN, WASSU UAB FUNDAZIOAREN ETA WASSU GAMBIA KAFO ELKARTEAREN ARTEKO HITZARMENA, CASAMANCE-KO (SENEGAL) «EMAKUMEEN SEXU-ORGANOEN EBAKETA: ERRITUA ETA NORTASUNA» IKUSPUNTUTIK GARAPEN-ERAGILEEN GAITASUNAK INDARTZEA HELBURU DUEN PROGRAMA FINANTZATZEKO
Vitoria-Gasteiz, 2017ko abenduaren 27a.
BILDU DIRA:
Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendari Paul Ortega Etcheverry jauna, –urtarrilaren 22ko 117/2013 Dekretuan ezarritakoaren arabera– zeinak Agentziaren izenean eta hura ordezkatuz jardun baitu Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia sortu eta arautzen duen 5/2008 Legearen 11.2.e) artikuluan eta aipatutako Agentziaren antolaketa eta funtzionamenduko erregelamendua onartzen duen 95/2010 Dekretuaren 11.1.e) artikuluan esleitutako eskumenen arabera.
Adriana Rosa Kaplan Marcusán andrea, zuzendari gisa, ahalmen nahikoarekin Wassu UAB Fundazioaren izenean eta hura ordezkatuz jarduteko.
Momodu Lamin Touray jauna, Kontseiluko presidente gisa, ahalmen nahikoarekin Wassu Gambia Kafo elkartearen izenean eta hura ordezkatuz jarduteko.
ADIERAZTEN DUTE:
Lehenengoa.– Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia sortzen duen araudian ezarrita dagoenez, Garapenerako Lankidetzari buruzko otsailaren 22ko 1/2007 Legean ezarritako printzipio- eta egitura-sarean txertatuta dagoen agentzia hori da, hain zuzen ere, Eusko Jaurlaritzaren garapenerako lankidetzari buruzko politikaren plangintza eratzeko ardura duen zuzenbide pribatuko entitate publikoa, baita hori koordinatu, kudeatu eta gauzatzeko ardura duena ere, herrialde pobreetan pobreziaren aurka borrokatzeko eta giza garapen iraunkorra sustatzeko.
2014-2017 aldirako Garapenerako Lankidetzaren III. Gida Planak apustu irmoa egiten du Afrikan lana indartzearen alde. Ildo horretan, bere gain hartzen du 2017. urterako funts banagarrien gutxienez % 25 Afrikan garatzen diren ekimenetara bideratzeko konpromisoa. Era berean, Senegal lehentasunezko herrialde gisa biltzen da.
Bigarrena.– Nazioarteko erakunde zientifikoa da Wassu UAB Fundazioa, Bartzelonako Universitat Autònoma ikastegiari lotutakoa, emakumeen sexu-organoen ebaketa prebenitzeko jarduten duena jakintzaren transferentziari aplikatutako ikerketa antropologiko eta medikoaren bidez. Emakumeen Sexu Organoen Ebaketa prebenitzeko metodologia bat garatzen du, kulturalki errespetuzkoa, berritzailea eta jasangarria.
Hirugarrena.– Wassu Gambia Kafo elkartea Gambiako GKE bat da, 1999az geroztik garapenerako lankidetza garatzen duena Gambiaren eta Espainiaren artean osasunaren, ikerketaren eta hezkuntzaren arloan. Wassu Gambia Kafo elkarteak ikerketa-ekintzak egiten ditu UAB Wassu Fundazioarekin koordinatuta, baita jakintza-transferentzia ere emakumeen sexu-organoen ebaketa artatzeko eta prebenitzeko gobernu-agintariei, politika publikoen garapenean inplikatutako pertsonei, profesionalei eta osasun-arloko ikasleei, eta komunitateei.
Laugarrena.– UNICEFen azken estimazioen arabera (2016), 200 milioitik gora emakumek jasan dute emakumeen sexu-organoen ebaketa motaren bat eta 3 miloi neskatxa daude urtero arriskuan. Senegalgo Gobernuak zigor-kodeari egindako zuzenketa bat hartu zuen 1999an, «emakume baten sexu-organoen osotasuna urratzea debekatzen duena». Orduz geroztik, emakumeen sexu-organoen ebaketa alde batera uzten laguntzeko zenbait gobernu-programa daude. Dena den, Casamance eskualdean praktika horrek indar handia erakusten du, hala nola eskualdeko Ziguinchor, Kolda eta Sédhiou hirietan, erasandako emakumeen % 55,5arekin, % 84,8arekin eta % 86,3arekin, hurrenez hurren.
Aurrekoak kontuan izanda, bi alderdiek hitzarmen hau sinatu dute, ondoren adieraziko diren klausulei jarraikiz,
KLAUSULAK
Lehenengoa.– Hitzarmenaren xedea.
Hitzarmen honen helburua da Casamanceko emakumeen sexu-organoen ebaketa egiteari buruzko ezagutza sozio-antropologikoa sortzea, esku hartzeko hezkuntza-estrategia egokiak sustatzeko.
Bigarrena.– Hitzarmenaren emaitzak.
1.– Hitzarmen honekin lortu nahi diren emaitzak honako hauek dira:
1. emaitza. Casamenceko emakumeen sexu-organoak ebakitzeari buruz dagoen jakintza gehitzea aplikatutako ikerketaren bidez.
2. emaitza. Ikerketaren emaitzak zabaltzea emakumeen sexu-organoen ebaketari buruzko jakintzaren transferentzia-estrategiak sustatzeko, praktika hori egiten duten komunitateen errealitatera egokitutakoak.
2.– Aurreko emaitzak lortzeko jarduerak eta emaitzak neurtzeko adierazleak erantsitako plangintzari buruzko ideia nagusian zehaztu dira.
Hirugarrena.– Jarduerak egikaritzeko epea.
Jarduerak egikaritzeko epea 24 hilabete izango da, hitzarmen hau sinatzen denetik aurrera.
Laugarrena.– Izenpetzen duten alderdien aurrekontu-ekarpenak.
Aurreko klausuletan adierazitakoa egiteko aurreikusitako kostua ehun eta hamabost mila bostehun eta berrogeita hamalau euro eta bost zentimo (115.554,05) da; kopuru hori xehatuta ageri da erantsitako aurrekontu-taulan.
Wassu UAB Fundazioak bere gain hartuko du aurreko klausuletan ezarritako ekintza guztiak egikaritu eta kudeatzeko koordinazio teknikoa, baita erantsitako plangintzari buruzko ideia nagusian bildutakoak ere, guztira hogeita hiru mila bostehun eta berrogeita hamalau euro eta bost zentimoko (23.554,05) ekarpena eginez.
Wassu Gambia Kafo elkartea arduratuko da tokian bertan jarduerak egikaritzearekin lotutako kontratazio eta gai logistikoez, ekarpen ekonomikorik egin gabe.
Eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak laurogeita hamabi mila (92.000) euroko ekarpena egingo du. Zenbateko hori honela banatuko da:
– Wassu UAB Fundazioak diru-laguntzaren berrogeita bederatzi mila laurehun eta hirurogeita zazpi euro eta hirurogeita lau (49.467,64) zentimo jasoko ditu.
– Wassu Gambia Kafo elkarteak diru-laguntzaren berrogeita bi mila bostehun eta hogeita hamabi euro eta hogeita hamasei zentimo (42.532,36) jasoko ditu.
Zenbateko hori honela ordainduko da:
– % 40, hots, hogeita hamasei mila zortziehun euro (36.800,00), hitzarmena sinatu ondoren. Wassu UAB Fundazioak hogeita hamabi mila berrehun eta hirurogeita zortzi (32.268,00) euro kudeatuko ditu. Wassu Gambia Kafo elkarteak lau mila bostehun eta hogeita hamabi (4.532,00) euro kudeatuko ditu.
– Beste % 40 osagarri bat, hau da, hogeita hamasei mila zortziehun (36.800,00) euro, diru-laguntzaren % 32ko edo hortik gorako zenbatekoa justifikatu ondoren. Horretarako, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziara dagokion txosten tekniko-finantzarioa igorri beharko da. Wassu UAB Fundazioak zortzi mila laurehun eta berrogeita hamahiru (8.453,00) euro kudeatuko ditu. Wassu Gambia Kafo elkarteak hogeita zortzi mila hirurehun eta berrogeita zazpi (28.347,00) euro kudeatuko ditu.
– Gainerako % 20a, hau da, hemezortzi mila laurehun (18.400,00) euro, diru-laguntzaren % 64ko edo hortik gorako zenbatekoa justifikatu ondoren. Horretarako, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziara dagokion txosten tekniko-finantzarioa igorri beharko da. Wassu UAB Fundazioak zortzi mila zazpiehun eta berrogeita sei euro eta hirurogeita lau zentimo (8.746,64) kudeatuko ditu. Wassu Gambia Kafo elkarteak bederatzi mila seiehun eta berrogeita hamahiru euro eta hogeita hamasei zentimo (9.653,36) kudeatuko ditu.
Proiektuaren % 100 sei hilabeteko epean justifikatu beharko da, hitzarmenaren amaiera-datatik aurrera zenbatzen hasita.
Hitzarmen honetan aurreikusitako diru-laguntza bateragarria da beste edozein erakundek, publikoak nahiz pribatuak, helburu berarekin eman litzakeenarekin, betiere horren ondorioz, gainfinantzaketarik sortzen ez bada. Gainfinantzaketa egonez gero, diru-laguntza dagokion gehieneko mugaraino murriztuko da.
Bosgarrena.– Hitzarmenaren jarduera ekonomikoak egikaritzeko soilik erabili behar duen banku-kontua.
Wassu UAB Fundazioak ES9121 0004 2437 02 0025 9004 zenbakiko banku-kontua erabiliko du Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak hitzarmen hau betez transferituko dizkion funtsak kudeatzeko berariazko kontu gisa (eurotan).
Wassu Gambia Kafo elkarteak euroko 11014903925701 zenbakiko banku-kontua erabiliko du Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak hitzarmen hau egikarituz transferituko dizkion funtsak kudeatzeko berariazko kontu gisa (eurotan).
Seigarrena.– Ondasunen jabetza eta jabetza intelektuala.
1.– Hitzarmen honetan aurreikusitako finantzaketarekin eskuratutako ondasunak Wassu UAB Fundazioaren eta Wassu Gambia Kafo elkartearen jabetzakoak izango dira.
2.– Hitzarmen honen finantzaketarekin garatutako dokumentu eta materialen jabetza intelektuala Wassu UAB Fundazioarena eta Wassu Gambia Kafo elkartearena izango da. Ekintzaren emaitzak eta txostenenak eta ekintzari lotutako beste dokumentuenak onuradunei itzuliko zaizkie. Wassu UAB Fundazioak eta Wassu Gambia Kafo elkarteak Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziari emango diote, baita aldez aurretik eskatuta ikerketa-, prestakuntza- edota sentsibilizazio-ekintzatarako hori baliatu nahi duten garapen-agenteei ere, ekintzaren ondoriozko datu, txosten eta dokumentuak erabiltzeko eskubidea, aldez aurretiko jabetza intelektualeko eskubideak errespetatuz.
Zazpigarrena.– Jarraipen Batzorde Mistoa.
1.– Jarraipen Batzorde Misto bat eratuko da, hitzarmen honetan aurreikusitako jardueren jarraipena, gauzatzea eta koordinazioa bermatzeko; batzordea osatuko dutenak honako hauek dira:
Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren bi ordezkari, Zuzendaritzak izendatuak; haietako bat Batzordeko presidentea izango da, eta bestea, idazkaria.
Bi pertsona Wassu UAB Fundazioa eta Wassu Gambia Kafo elkartea ordezkatuz, organo eskudunak izendatutakoak.
2.– Batzorde horrek ohiko bilkura egingo du gutxienez lehenengo egikaritzapen-urtearen amaieran eta/edo 1. txosten tekniko-finantzarioa aurkeztu ondoren, eta bigarren aldiz, hura amaitzean, azken txostena aurkeztu ondoren.
3.– Salbuespenez, batzordekideek egokitzat ikusten dutenean eta, hala badagokio, batzordekide batek eskatzen duenean bildu ahal izango da Jarraipen Batzorde Mistoa.
4.– Jarraipen Batzordearen erregimen juridikoak Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean kide anitzeko organoei buruz jasotako arauei jarraituko die.
Zortzigarrena.– Hitzarmena suntsiarazteko arrazoiak.
Hitzarmen hau izenpetu duten alderdiek honako hau hartuko dute hitzarmena suntsiarazteko arrazoitzat: hitzarmenean bildutako estipulazioak eta indarrean dagoen legerian hitzarmenaren nondik norakoei buruz jasotako beste edozein estipulazio ez betetzea.
Bederatzigarrena.– Funtsezko aldaketak.
Wassu UAB Fundazioak baimen-eskaera bidali beharko du Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziara, proiektuaren aldaketak eta luzapenak dakartzan edozein aldaketa egin aurretik. Aldaketa horiek Jarraipen Batzorde Mistoaren esparruan aztertuko dira. Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziari dagokio proposatutako aldaketak onartzea.
Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendaria,
PAUL ORTEGA ETCHEVERRY.
Wassu Gambia Kafo elkarteko Kontseiluko presidentea,
MOMODU LAMIN TOURAY.
Wassu UAB Fundazioko zuzendaria,
ADRIANA ROSA KAPLAN MARCUSÁN.