EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-02-23 Aldizkari honetan argitaratua: 2018039

LEHENDAKARITZAREN 1/2018 EBAZPEN OROKORRA, otsailaren 6koa, legegintza-prozeduran gizarte-sektoreen edo -taldeen ordezkari diren pertsona adituen agerraldiak arautzeko (11/09.03.02.0001).

Organo emailea: EUSKO LEGEBILTZARRA
Xedapenaren zenbakia: 201800001
Xedapenaren data: 2018-02-06
Hurrenkenaren zenbakia: 201800984
Maila: Ebazpena
Mahaiak, 2018ko otsailaren 6ko bileran, Bozeramaileen Batzarrari entzun ondoren, onartu du Lehendakaritzaren ebazpen orokor hau, eta agindu du Eusko Legebiltzarraren Aldizkari Ofizialean eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko otsailaren 6a.
Eusko Legebiltzarreko lehendakaria,
BAKARTXO TEJERIA OTERMIN.
LEHENDAKARITZAREN 1/2018 EBAZPEN OROKORRA, OTSAILAREN 6KOA, LEGEGINTZA PROZEDURAN GIZARTE SEKTOREEN EDO TALDEEN ORDEZKARI DIREN PERTSONA ADITUEN AGERRALDIAK ARAUTZEKO.
Eusko Legebiltzarraren Erregelamenduko 134. artikuluan jasotzen da, legegintza-prozedura arruntaren erregulazioaren baitan, Jaurlaritzako kideek agerraldiak egiteko aukera dutela talde parlamentario batek hala eskatuta, legegintzako ekimena izapidetzeko eskumena duen batzordean. Agerraldi-eskaera egin behar da hura argitaratu eta hurrengo zazpi egunetan.
Praktika parlamentarioak berekin ekarri du eskatutako agerraldiak Jaurlaritzako kideenak soilik ez izatea, eta aldiz, eskaera horiek bestelako entitate, organizazio, elkarte, aditu eta abarri zabaltzea, zeinei batzordeak eskatzen baitie izapidetu asmo den legegintza-ekimenari buruzko informazioa eman dezaten.
Ohiko praktikaren ondorioz, batzordeak zuzenketak aurkezteko epea gelditzeko eskatu izan ohi du, gelditze hori agerraldiak gauzatzen diren arte luzatzeko.
Erregelamenduaren mutazio hori ikusita, beharrezkotzat jotzen da ohitura parlamentarioan finkatuz joan den hori arautzea.
1. artikulua.– Talde parlamentarioek, legegintza-ekimena Eusko Legebiltzarraren Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo zazpi egunetan, dagokion batzordean eskatu ahal izango dute gaian interesa duten eta gizarte-sektore zein -taldeen ordezkari diren pertsona adituen agerraldia.
2. artikulua.– Agerraldi horiek egiteko epea hilabetekoa izango da agerraldi-eskaera argitaratzen den egunetik zenbatzen hasita.
3. artikulua.– Agerraldiak egiteko, talde parlamentarioek egindako eskaera-kopuruaren arabera batzordeak egoki irizten dituen bilkurak ezarriko dira.
Batzordeko Mahaiaren arabera eskaera-kopurua oso handia bada, Mahaiak erabaki ahal izango du, bozeramaileekin bat etorrita, talde parlamentario bakoitzak eska ditzakeen agerraldien kopurua murriztea.
Ezarritako datan batzordean agertzerik ez duten agerraldi-egileek egokitzat jotzen duten dokumentazioa bidali ahal izango dute.
4. artikulua.– Batzordearen bilkurari hasiera emanda, agerraldi-egileetako bakoitzak 15 minutuko tartea izango du interesgarritzat jotzen dituen legegintza-ekimenari buruzko alderdiak azaltzeko.
Agerraldi-egile guztien esku-hartzeak amaitzen direnean, talde parlamentarioek bost minutuko tartea izango dute egokitzat jotzen dituzten alderdiei buruzko argibideak eskatzeko.
5. artikulua.– Agerraldiak amaituta, haren berri emango dio batzordeburuak Legebiltzarreko Mahaiari, zeinak zuzenketak aurkezteko epea irekitzeko agindua emango baitu.
AZKEN XEDAPENA
Ebazpen hau Eusko Legebiltzarraren Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.