EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-02-22 Aldizkari honetan argitaratua: 2018038

EBAZPENA, 2018ko otsailaren 7koa, Industriako sailburuordearena, zeinaren bidez argitara ematen baita Global Lehian programaren diru-laguntzak emateko deialdia, 2018ko ekitaldirako. Programa horren helburua da banaka nahiz lankidetzan jarduten duten ETEak nazioartekotzen laguntzea.

Xedapenaren data: 2018-02-07
Hurrenkenaren zenbakia: 201800967
Maila: Ebazpena

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2014/04/01ean argitaratutako 2014/03/19ko AGINDUA [201401522]

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuaren 2014ko martxoaren 19ko Aginduaren bidez (2014ko apirilaren 1eko EHAA, 63. zk.), banaka nahiz lankidetzan jarduten duten ETEak nazioartekotzen laguntzeko Global Lehian programa garatzen da. Aipatutako aginduaren 8. artikuluan ezarritakoarekin bat, han iragarritako diru-laguntzak emateko 2018ko ekitaldirako deialdia egin behar da, eta horretarako eman beharreko arau guztiak eman.
Eusko Jaurlaritzaren 2017-2020 Enpresen Nazioartekotze Planak, ebaluazio, hausnarketa eta planifikazio ariketa bat jasotzen du Gobernuak euskal industriaren nazioartekotzea bultzatzeko garatu beharreko jarduerak zehazteko. Plana egiteak, Basque Country Nazioartekotze Estrategia 2020 esparruan kokatzen dena, Euskadiko 2020 Gobernu Programako konpromisoetako bat betetzen du.
Enpresen 2017-2020 Nazioartekotze Plana Eusko Jaurlaritzaren oinarrizko tresna gisa definitu da euskal enpresen nazioartekotzeari laguntzeko eta horretarako planifikazioa egiteko, egungo globalizazio-egoeraren barruan. Plan horretan, enpresei laguntzeko behar diren mekanismoak daude, eta finantza-iturri egokiak ematen zaizkie baliabide publikoen erabilera eraginkorraren bidez.
Halaber, 2017-2020 Nazioartekotze Planak esku-hartze lerro orokorrak ezarriko ditu, eta, era horretan, bete egin da Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 8.1 artikuluan xedatutakoa. Horretarako, laguntza-programetan zehaztu beharko da zer helburu eta efektu lortu nahi den programa horien bidez, zein izango den helburu horiek gauzatzeko epea eta zenbateko kostuak aurreikusten diren, aurrekontu-egonkortasuna oinarri hartuta, betiere.
Agindu arautzaile horren 8. artikuluan ezarritakoaren arabera, diru-laguntzetarako deialdia urtero egin behar da.
Horiek horrela, honako hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
Ebazpen honen xedea da Global Lehian programa garatzen duen aginduan ezarritako laguntzetarako 2018ko deialdia egitea. Programa horrek helburu du banaka nahiz lankidetzan jarduten duten ETEak nazioartekotzen laguntzea.
2. artikulua.– Diru-zuzkidura.
1.– Deialdiko laguntza horietarako, Euskal Autonomia Erkidegoko 2018ko ekitaldirako aurrekontu orokorretan horretarako ezarrita dauden aurrekontu-kredituen arabera, eta kontuan hartuta 2018. urterako Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 22ko 5/2017 Legea, kopuru hauek bideratuko dira: guztira 5.520.000,00 euro, honela banatuta: ordainketa-krediturako 1.380.000,00 euro eta konpromiso-krediturako 4.140.000,00 euro.
Etapa bakoitzera zenbateko hauek bideratuko dira:
– Hasierako etapa: 828.000,00 euro.
– Sendotze-etapa: 3.864.000,00 euro.
– Ezartze-etapa: 828.000,00 euro.
2.– Hiru etapa horietakoren batean aurrekontu-kreditua agortzen ez bada, soberakina beste etapetara aldatu ahal izango da, hurrenkera honi jarraituz:
1.– Hasierako etapa.
2.– Sendotze-etapa.
3.– Ezartze-etapa.
3. artikulua.– Eskabideak non eta noiz aurkeztu.
1.– Eskabideak betetzea, aurkeztea eta eskatutako dokumentazio osagarria eta ondoren egon daitekeen edozein izapide izapidetze elektronikoaren bidez egin beharko dira, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluan xedatuarekin bat etorriz. Eskabide-eredua www.industria.ejgv.euskadi.eus web-orriaren bidez eskuratuko da, baita Administrazioan aurkeztu ere.
2.– Eskabideak aurkezteko epea ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da, 09:00etan; amaitu, berriz, 2018ko martxoaren 23ko 12:00etan amaituko da.
Hasierako etapan, eta nazioartekotze-plana prestatzeko laguntzak eskatu nahi izanez gero, 2018ko apirilaren 26ko 12:00etan amaituko da aurkezteko epea.
4. artikulua.– Eskakizunak.
Global Lehian Programa garatzen duen aginduan ezarritako laguntzak jasotzeko, eta agindu horren 14. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, proiektu bakoitzak gutxieneko puntuazio hau lortu beharko du etapa bakoitzean:
– Hasierako etapa: 35 puntu.
– Sendotze-etapa: 50 puntu.
– Ezartze-etapa: 40 puntu.
5. artikulua.– Balorazio-irizpideen haztapen orokorra.
Global Lehian programa garatzen duen Aginduaren 12. artikuluan aipatzen diren balorazio-irizpideak haztatzeko, ebazpen honetako II-A eranskinean (banakako enpresak), II-B eranskinean (lankidetzan aritzen diren enpresak) eta III. eranskinean (plana baloratzea) zehaztutakoa aplikatuko da.
6. artikulua.– Bidaia-poltsak, eta bezero eta/edo atzerriko hornitzaile izan daitezkeenei gonbidapena egitea.
1.– Global Lehian Programa garatzen duen Aginduan aipatzen diren bidaia-poltsak ebazpen honetako IV. eranskinean daude zehaztuta. Gehienez, bidaia-poltsa kopuru hau onartuko da:
– Hasierako etapa: 7 bidaia-poltsa, aurkeztutako eskabide bakoitzeko.
– Sendotze-etapa: 5 bidaia-poltsa herrialdeko, eta, gehienez, 3 herrialde aurkeztutako eskabide bakoitzeko.
– Ezartze-etapa: 7 bidaia-poltsa, enpresa nagusiaren eta ezarritako enpresaren artean aurkeztutako eskabide bakoitzeko; deialdi honetan, enpresa nagusia edo ezarritako enpresa kokatuta dauden herrialdeak baino ez dira onartuko jatorri-herrialdetzat edo xede-herrialdetzat.
Atzerriko azoketan erakustokiak jarri eta produktuak aurkeztuz gero, bidaia-poltsak ez dira zenbatuko, atal honetan ezarritako gehieneko poltsa-kopuruaren ondorioetarako.
2.– Bezero eta/edo atzerriko hornitzaile izan daitezkeenei gonbidapena egitea.
Sendotze-etapan, gehienez 9 gonbidapen egin ahal izango dira eskabide bakoitzeko, betiere hilabete desberdinetan egiten badira.
Gonbidapen bakoitzeko, ostatu- eta garraio-gastuen muga 600,00 eurokoa izango da, aginduaren 4. artikuluan zehazten denari jarraituz.
XEDAPEN GEHIGARRIA
Eskabideak aztertu eta ebaluatzeko, ebaluazio-organo bat eratuko da:
Lehendakaria: Iker Arruabarrena. Ordezkoa: Agustín Aróstegui.
Kideak:
Isabel Rodríguez. Ordezkoa: José David García.
Mara Estibalez. Ordezkoa: Nekane Torre.
Amaia Aramburu. Ordezkoa: Maite Urrutia.
Ebaluazio-organoko idazkaria Isabel Rodriguez izango da.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Deialdi-ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Ebazpen honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko otsailaren 7a.
Industriako sailburuordea,
JAVIER ZARRAONANDIA ZULOAGA.
2.A eta 2.B ERANSKINAK
AURKEZTUTAKO PROIEKTUA BALORATZEKO IRIZPIDEAK ETA HAZTATZEKO FAKTOREAK
III. ERANSKINA
NAZIOARTEKOTZE-PLANA BALORATZEKO IRIZPIDEAK ETA HAZTATZEKO FAKTOREAK
IV. ERANSKINA
BIDAIA-POLTSAK