EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-02-22 Aldizkari honetan argitaratua: 2017038

147/2017 EBAZPENA, irailaren 5ekoa, Debagoieneko Erakunde Sanitario Integratuko zuzendari gerentearena. Honen bidez, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Debagoieneko ESIn Kirurgia Orokor eta Digestio-aparatuko zerbitzuburu medikoaren lanpostua lehiaketa bidez betetzeko deialdia egiten da.

Xedapenaren zenbakia: 201700147
Xedapenaren data: 2017-09-05
Hurrenkenaren zenbakia: 201800965
Maila: Ebazpena
Sekzioa: AGINTARIAK ETA LANGILERIA (Oposaketak eta lehiaketak)
Debagoieneko ESIn Kirurgia Orokor eta Digestio-aparatuko zerbitzuburu medikoaren lanpostua hutsik dago eta, lanpostua lehiaketa bidez betetzeko deialdi publikoa argitaratzea erabaki du Zuzendaritza Gerentzia honek, arau hauetan xedatutakoari jarraikiz: Euskadiko Antolamendu Sanitarioari buruzko 1997ko ekainaren 26ko 8/1997 Legearen 28. artikuluko Hirugarren Arau Komuna, zerbitzuburu eta atalburu medikoen lanpostuak betetzeari buruzko Osakidetzako zuzendari nagusiaren 1/2016 Jarraibideak, Osakidetzako lanpostu funtzionalak arautzen dituen 2005eko uztailaren 19ko 186/2005 Dekretua eta 1997ko azaroaren 11ko 255/1997 Dekretua. Hauexek dira oinarriak:
OINARRIAK
1.– Parte hartzeko betekizunak.
Deialdi honetan parte hartu ahal izango dute betekizun hauek betetzen dituztela egiaztatzen dutenek:
a) Estatutupekoa, funtzionario edo lan-kontratudun finkoa izatea Osakidetzako edozein zerbitzu-erakundetan edo estatutupeko langile finkoa izatea Osasun Sistema Nazionaleko Erakunde Sanitarioetan eta zerbitzu aktiboan egotea edo eskainitako lanpostuaren lanbide-talde berari dagokion kategoria bateko lanpostua erreserbatzea dakarren beste administrazio-egoera batean egotea.
b) Deitutako lanpostuari dagozkion titulua eta espezialitatea edukitzea.
c) Gutxienez, 4 urteko lan-esperientzia izatea Kirurgia Orokorreo eta Digestio-aparatuko fakultatibo espezialista mediko gisa.
2.– Deialdia argitaratzea.
Deialdiaren ebazpena osorik argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak (EHAA), Estatuko Aldizkari Ofizialean (BOE) eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko web-orrian.
3.– Eskaerak egiteko epea eta aurkezteko modua.
Interesdunek Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Debagoieneko ESIko Pertsonaleko Zuzendaritzara bidali behar dute eskaera (Nafarroa Etorbidea 16, 20500 Arrasate), 15 egun balioduneko epean, dagozkion aldizkari ofizialetan ebazpen hau argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Halaber, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan ezarritako eran ere aurkeztu ahal izango da.
Debagoieneko ESIko Pertsonaleko Zuzendaritzara bidali beharko dute eskabidea interesdunek, datu pertsonal guztiekin eta dokumentatutako «curriculum vitae»-rekin batera, helbide honetara: Nafarroa Etorbidea, 16, Arrasate. Honako hauek osatuko dute dokumentazioa:
a) NANaren, pasaportearen edo gidabaimenaren fotokopia konpultsatua.
b) Funtzionario edo estatutupeko langile izendapenaren fotokopia konpultsatua edo, hala badagokio, lan-kontratu finkodun langilea izatea egiaztatzen duen agiriarena.
c) Eskatutako titulazioaren fotokopia konpultsatua.
d) Deialdia EHAAn argitaratu arte egindako zerbitzuen jatorrizko ziurtagiri eguneratua, dagokion kategoria adierazita.
e) Bete nahi den zerbitzuaren Kudeaketako Memoria-proiektua.
CV aplikazio informatiko korporatiboan behar bezala baliozkotuta dauden alderdiak ez dira ziurtatu behar izango aurreko paragrafoan ageri den moduan; hala ere, eskatzaileak horren berri eman behar du eskaeran.
4.– Onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda.
Eskabideak aurkezteko epea amaitutakoan, Debagoieneko ESIko zuzendari gerenteak ebazpena emango du, onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda onartzeko eta, bazterturik egonez gero, baztertzeko arrazoia ere adieraziko du. Era berean, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko web-orrian eta Debagoieneko ESIko intranetean argitaratzeko aginduko du ebazpen horren bidez, eta hamar egun balioduneko epea emango du, ebazpena azken aldiz argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, erreklamazioak bide administratibotik aurkezteko. Baztertu izanaren arrazoia zuzendu daitekeen akatsa izanez gero, aipatutako behin-behineko zerrenda horren argitalpenaren bidez, eskatuko zaie interesdunei hamar egun balioduneko epean atzemandako akatsak zuzentzeko edo derrigorrezko dokumentuak bidaltzeko; horrela egin ezean behin betiko prozesutik kanpo geldituko direla jakinaraziko zaie.
5.– Onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda.
Erreklamazioak egiteko edota akatsak zuzentzeko epea amaituta, onartutako eta baztertutako izangaien behin betiko zerrenda argitaratuko du ebazpen bidez Debagoieneko ESIko zuzendari gerenteak, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko web-orrian eta Debagoieneko ESIko intranetean.
Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiari. Horretarako hilabeteko epea egongo da ebazpen web-orrian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
6.– Balorazio Batzordea.
Debagoieneko ESIko Zuzendaritza Gerentziaren Ebazpen bidez eratuko da Balorazio Batzordea; hauexek izango dira batzordekideak: zuzendari medikoa (batzordeburua), Pertsonaleko zuzendaria (idazkaria, ahots eta botoarekin) eta hiru kide –horietako bat, IVAPek izendatua–; batzordekide horiek izangaiei eskatutako titulazioa eta espezialitatea eduki behar dute, estatutupeko langile finko, karrerako funtzionario edo kontratupeko langile finkoak izan behar dira eta deitutako lanpostu funtzionalaren maila bereko edo maila altuagoko lanpostua eduki behar dute hierarkikoki.
Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiari. Horretarako, hilabeteko epea egongo da, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Balorazio-batzordeko kide guztiak nor bere izenean egongo dira haren barruan. Independenteak izango dira funtzionamenduan eta diskrezionalitate teknikoaren babespean jardungo dute, zuzenbidearekiko menpekotasunari kalterik egin gabe.
Batzordekideek ezingo dute jardun Sektore Publikoko Erregimen Juridikoko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan jasotako egoeraren baten eraginpean egonez gero eta deialdia egiten duen agintaritzari jakinaraziko diote. Horrelakoetan, interesdunek ere errekusazioa egin dezakete edozein unetan, aipatutako lege-testuaren 24. artikuluan ezarritakoari jarraiki. Era berean, Balorazio Batzordeak aipatutako 40/2015 Legearen 15. eta ondorengo artikuluetan zehaztutako arauen arabera egokituko du jarduna.
Batzordekide guztiek ahots eta botoarekin jardungo dute eta erabakiak boto-gehiengoz hartuko dira; erabakiak aktan jaso behar dira.
Batzordeak erabateko autonomia funtzionala izango du, prozeduraren legaltasuna zainduko du eta objektibotasuna bermatzeaz arduratuko da. Halaber, deialdiaren oinarriak aplikatzerakoan sortzen diren zalantza guztiak argituko ditu, eta horietan aurreikusi ez diren kasuetan zer irizpide erabili behar den erabakiko du. Horretaz gain, hautagaiak ebaluatu aurretik, aktan jaso beharko ditu ebaluazioko irizpide espezifikoak, oinarriak eta bertan jasotako meritu-baremoak kontuan hartuta.
7.– Izangaiei deialdia egitea.
Proiektuaren defentsa publikoa egiteko deituko zaie izangaiei, 10 egun aurretik gutxienez. Deialdian adieraziko da noiz, non eta zein ordutan egingo den; Osakidetzaren web-orrian jarriko da haren iragarkia.
Proiektuen defentsa publikoaren aurretik, izangaiek betekizunak betetzen dituztela eta ez dagoela Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23 eta 24. artikuluetan jasotako Abstentzio- eta Errekusazio-arrazoirik egiaztatuko du Balorazio Batzordeak.
Izangai bakoitzari deituko zaio ondoren, proiektuaren azalpena eta defentsa egin ditzan. Horren ostean, elkarrizketa bat egingo zaio eta, horren bidez, balorazio batzordeko kideek proiektuan jasotako alderdien inguruko galderak egingo dizkiote, gehiago argitzeko edo gaian sakontzeko. Proiektuaren azalpena eta defentsa nahiz elkarrizketa publikoak izango dira.
Izangaien azalpen publikoa amaitu ondoren, Balorazio Batzordeak izangai bakoitza puntuatuko du, deialdiaren oinarrietan aurreikusitakoaren arabera.
8.– Merituen balorazioa.
Balorazio Batzordeak izangai bakoitzaren merituen balorazioa eta puntuazioa egingo du, deialdiaren oinarrietan aurreikusitakoaren arabera.
Inolaz ere ezingo dira baloratu Ebazpen hau EHAAn argitaratzen den egunean eskuratu gabe dauden merezimenduak, ez eta eskaerak aurkezteko epea amaitu aurretik behar bezala alegatu eta ziurtatu ez direnak ere.
Ondoko eranskinean, hautaketa-prozesu honi aplikatu beharreko meritu-baremoa jasotzen da. Gehienezko puntuazioa 66 puntu dira, honela banatzen direnak:
● Proiektua eta defentsa (30 puntu, gehienez).
● Merituen balorazioa (30 puntu, gehienez).
● Euskararen ezagutza (6 puntu, gehienez).
Prozedura bi fasetan garatuko da:
A) Proiektuaren banakako aurkezpena eta jendaurreko elkarrizketa. Izangai bakoitzari deialdiaren oinarrien araberako puntuazioa emango zaio.
B) Merituen balorazioa, deialdiaren oinarrien arabera, banakako balorazio eta puntuazioarekin.
Izendatua izateko prozesu osoan behar den gutxieneko puntuazioa 33 puntu dira; proiektuaren balorazioan eta horren defentsan 15 puntu behar dira, gutxienez.
9.– Prozeduraren ebazpena.
1) Izangaiek aurkeztutako proiektuen eta curriculum-merituak ebaluatzeko fasea amaituta, Balorazio Batzordeak izendapenaren proposamena bidaliko dio Debagoieneko ESIko Zuzendaritza Gerentziari, puntuazio handiena lortu duen izangaiaren alde eginda eta baremoaren epigrafe bakoitzean hautagaiek lortutako puntuazioak modu xehatuan adierazita. Ez baldin badago deialdian eskatutako betekizunak betetzen dituen izangairik edo eskatutako gutxieneko puntuazioa lortzen ez badute, Balorazio Batzordeak deialdia hutsik uztea proposatuko du. Proposamen hori Osakidetzako web-orrian argitaratuko da.
2) Egindako proposamena kontuan hartuta, ebazpena emango du Zuzendaritza Gerentziak, proposatutako izangaia deitutako lanpostua betetzeko izendatzeko edo hutsik utziko du. Azkeneko kasu horretan, arrazoia adierazi beharko du. Arrazoia hauetako bat izan beharko da: a) ez da izangairik aurkeztu, b) ez dago aurkeztutako izangaien artean deialdiaren oinarrietan eskatutako betekizunak betetzen dituenik, c) ez dago eskatutako gutxieneko puntuazioa lortu duen izangairik. Aurreko a) atalaren kasuan, Zuzendaritza Gerentziak deialdia hutsik utzi dezake, onartutako eta baztertutako pertsonen behin betiko zerrenda onartu ondoren, izapide gehiagorik egin gabe.
3) Izendapenaren Ebazpena interesdunei jakinaraziko zaie eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Osakidetzako web-orrian argitaratuko da. Ebazpenaren aurka, gorako errekurtsoa jarri ahalko zaio Ente Publikoko Zuzendaritza Nagusiari.
10.– Esleipenaren ondorioak.
Izendapen Ebazpenak ondorioak izango ditu EHAAn argitaratzen den egunetik aurrera, bertan besterik xedatu ezean behintzat.
Zerbitzuburu medikoaren izendapena lau urteko eperako izango da eta luzatu egin liteke gerora.
11.– Ebazpen honen aurkako errekurtsoak.
Ebazpen honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiari. Horretarako, hilabeteko epea izango da, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Arrasate, 2017ko irailaren 5a.
Debagoieneko ESI-ko zuzendari gerentea,
LUISA DÍEZ AZURMENDI.
ERANSKINA
Merituen baremoa (60 puntu, gehienez)
Merituen balorazioak fase hauek izango ditu:
I.– Proiektua eta haren defentsa (30 puntu, gehienez).
Epaimahai kalifikatzailearen aurrean Atalaren antolaketa eta funtzionamenduari buruzko Memoria Proiektua azaltzea eta izangaiarekin elkarrizketa egitea da fase honen oinarria.
Fase honen puntuazioa honako bi ataletan dago xehatuta:
a) Zerbitzua kudeatzeko aurkeztutako Memoria Proiektuaren edukiaren balorazioa (15 puntu, gehienez).
Kudeaketako Memoria Proiektuak honako atal hauek garatu beharko ditu, gutxienez:
a.1.– Antolaketa- eta kudeaketa-atala.
Zerbitzuaren organigrama, bai burutzako lanpostuaren bai horri atxikitako beste lanpostuen eginkizunak zein diren adierazten duena.
Zerbitzuak erakunde bereko beste zerbitzuekin duen harremana.
Zerbitzuko buruzagitzaren kudeaketa-plana, antolamendu-helburuak definituta, hobekuntzako arloak detektatu eta aztertuta eta horiek lortzeko behar diren neurri egokiak identifikatuta. Horrekin batera, esleitutako giza baliabideak, materialak eta ekonomikoak eraginkortasunez erabiltzeko konpromiso edo plana.
a.2.– Arreta-atala.
Arreta-zerbitzu zorroaren azalpena.
Arreta-adierazle eta -helburuak ezartzea, horien jarraipena eta ebaluazioa etengabe egiteko sistemarekin batera.
a.3.– Irakaskuntza- eta Ikerkuntza-atala.
Zerbitzuan irakaskuntza-plangintza bat ezartzea.
b) Jendaurreko azalpena Balorazio Batzordearen aurrean eta elkarrizketa, haren ostean (15 puntu, gehienez).
Proiektuaren jendaurreko azalpena baloratzerakoan, Memoria Proiektua defendatzeko izandako argitasun eta laburtasuna hartuko dira kontuan, baita haren arlo garrantzitsuenak azaltzeko gaitasuna ere.
II.– Merituen balorazioa (30 puntu, gehienez).
Honelaxe banatuko da puntuazioa:
II.1.– Lan-esperientzia (13 puntu, gehienez).
● Dagokion espezialitatean fakultatibo gisa lan egindako hilabete bakoitzeko: 0,050 puntu.
● Dagokion espezialitatean atalburu gisa lan egindako hilabete bakoitzeko: 0,075 puntu.
● Dagokion espezialitatean zerbitzuburu gisa lan egindako hilabete bakoitzeko: 0,100 puntu.
Lan-esperientziari dagokionez, Osakidetzako, Gizarte Segurantzako eta autonomia erkidegoetako osasun-zerbitzuetako edo edozein administrazio publikotako zerbitzu-erakundeetan egindako lana hartuko da kontuan, bai eta Europar Batasuneko gainerako estatuetako sare publikoko osasun-zerbitzuetan egindakoa ere.
Zenbaketa osoa lan egindako egun naturaletan oinarrituta egingo da, eta baztertu egingo dira hilabetetik beherako soberakinak. Honetarako, hilabetetzat 30 egun naturaleko multzoa hartuko da.
II.2.– Prestakuntza, Irakaskuntza eta Ezagutzaren hedapena (17 puntu, gehienez).
Ikastaroen ziurtagirietan kreditu kopurua bakarrik agertzen denean, 0,1 puntukoa izango da puntuazioa kreditu bakoitzeko.
II.2.1.– Prestakuntza kudeaketa arloan (3 puntu, gehienez).
Osasun-kudeaketari lotutako ikastaro bakoitzeko, iraupenaren arabera:
● 20 eta 30 ordu artean: 0,20 puntu.
● 31 eta 50 ordu artean: 0,30 puntu.
● 51 eta 100 ordu artean: 0,40 puntu.
● 11 eta 200 ordu artean: 0,50 puntu.
● 200 ordutik gora: 1,25 puntu.
Erakunde ofizialek, unibertsitateek, erakunde sanitarioek, eta hala badagokio, elkargo profesionalek eta elkarte zientifikoek emandako eta egiaztatutako ikastaroak baloratuko dira, eta baita Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak hitzartutako etengabeko prestakuntzako akordioen arabera eman eta egiaztatutako ikastaroak ere, betiere titulazio ofiziala lortzeko ikasketa plan baten barrukoak ez badira.
II.2.2.– Espezialitateko etengabeko prestakuntza (3 puntu, gehienez):
Dagokion lanpostuaren espezialitateari lotutako ikastaro bakoitzeko, iraupenaren arabera:
● 20 eta 30 ordu artean: 0,20 puntu.
● 31 eta 50 ordu artean: 0,30 puntu.
● 51 eta 100 ordu artean: 0,40 puntu.
● 101 eta 200 ordu artean: 0,50 puntu.
● 200 ordutik gora: 1,25 puntu.
Erakunde ofizialek, unibertsitateek, erakunde sanitarioek, eta hala badagokio, elkargo profesionalek eta elkarte zientifikoek emandako eta egiaztatutako ikastaroak baloratuko dira, eta baita Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak hitzartutako etengabeko prestakuntzako akordioen arabera eman eta egiaztatutako ikastaroak ere, betiere titulazio ofiziala lortzeko ikasketa plan baten barrukoak ez badira.
II.2.3.– Graduondoko prestakuntza (5 puntu, gehienez).
● Doktorea: 3 puntu.
● Cum laude doktorea: 4 puntu.
● Graduondoko masterra: 2 puntu.
● Unibertsitate-aditua edo -espezialista: puntu 1.
● Ikertzeko nahikotasuna edo Diploma ikasketa aurreratuetan: puntu 1.
● Doktoretza-ikastaroak: doktoretza-ikastaroetako bikain edo ohorezko matrikula bakoitzeko (10 ikastaro, gehienez): 0,10 puntu.
Ez dira baloratuko doktore titulua, cum laude doktore titulua, ikertzeko nahikotasuna edo ikasketa aurreratuetako diploma lortzeko balio izan duten programetako doktoretza-ikastaroak.
II.2.4.– Jarduera zientifikoa (3 puntu, gehienez).
Dagokion espezialitateari lotutako lan zientifikoak argitaratzeagatik, txostenak edo komunikazioak aurkezteagatik eta hitzaldiak edo mahai-inguruak egiteagatik:
● Eskualdeko txosten bakoitzeko: 0,25 puntu.
● Estatuko txosten bakoitzeko: puntu 1.
● Nazioarteko txosten bakoitzeko: 1,5 puntu.
● Eskualdeko ahozko komunikazio/poster bakoitzeko: 0,15 puntu.
● Estatuko ahozko komunikazio/poster bakoitzeko: 0,60 puntu.
● Nazioarteko ahozko komunikazio/poster bakoitzeko: puntu 1.
● Eskualdeko mahai-inguru bakoitzeko: 0,20 puntu.
● Estatuko mahai-inguru bakoitzeko: 0,75 puntu.
● Nazioarteko mahai-inguru bakoitzeko: 1,25 puntu.
● Argitalpen bakoitzeko (lehenengo egilea): puntu 1.
● Argitalpen bakoitzeko (beste egile batzuk): 0,5 puntu.
● Liburu bakoitzeko (lehenengo egilea): 2 puntu.
● Liburu bakoitzeko (beste egile batzuk): puntu 1.
● Kapitulu bakoitzeko (lehenengo egilea): puntu 1.
● Kapitulu bakoitzeko (beste egile batzuk): 0,5 puntu.
● Tesinako: 1,5 puntu.
II.2.5.– Irakaskuntzako jarduera (3 puntu, gehienez).
● Medikuntza Fakultateko katedraduna, dagokion espezialitatean (urte bakoitzeko): puntu 1.
● Medikuntza Fakultateko irakasle titularra, dagokion espezialitatean (urte bakoitzeko): 0,50 puntu.
● Medikuntza Fakultateko irakasle elkartua, dagokion espezialitatean (urte bakoitzeko): 0,25.
● Egoiliarren irakaskuntzarako tutore akreditatua, dagokion espezialitatean (urte bakoitzeko): 0,50 puntu.
● Irakaskuntza, etengabeko prestakuntzako programa ofizialetan (orduko): 0,05 puntu.
III.– Euskararen ezagutza (6 puntu, gehienez).
Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuan Euskararen erabilera normalizatzeko martxoaren 18ko 67/2003 Dekretuak eta hura garatzen duten arauek xedatutakoaren arabera egingo da balorazioa.