EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-02-21 Aldizkari honetan argitaratua: 2018037

EBAZPENA, 2017ko otsailaren 14koa, Enpleguko eta Gizarte Politiketako Saileko Gizarte Zerbitzuen zuzendarirena, zeinaren bidez jakinarazten baita Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuaren 2014ko urriaren 29ko Aginduan aurreikusitako diru-laguntzetarako zuzkidura. Urriaren 29ko agindu horren bitartez, honako prozedura hau ezarri zen: Genero-indarkeriaren aurkako babes integraleko neurriei buruzko abenduaren 28ko 1/2004 Lege Organikoaren 27. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, genero-indarkeriaren biktima diren emakumeei diru-laguntzak emateko eta ordaintzeko prozedura.

Xedapenaren data: 2018-02-14
Hurrenkenaren zenbakia: 201800943
Maila: Ebazpena

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2014/11/19an argitaratutako 2014/10/29ko AGINDUA [201404962]

Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuaren 2014ko urriaren 29ko Aginduaren bidez (2014ko azaroaren 19ko EHAA, 221. zk.), Genero-indarkeriaren aurkako babes integraleko neurriei buruzko abenduaren 28ko 1/2004 Lege Organikoaren 27. artikuluan aurreikusitakoaren arabera genero-indarkeriaren biktima diren emakumeei diru-laguntzak emateko eta ordaintzeko prozedura ezarri zen.
Lehenengo xedapen gehigarriak, finantzaketa- eta aurrekontu-egozpenari buruzkoak, honela dio: «Publikotasun-printzipioa betetzeko, Gizarte Zerbitzuen zuzendariak aurrekontu-ekitaldi bakoitzaren hasieran emango du jakitera, ebazpen bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan horretarako esleitu den zuzkidura».
Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen apirilaren 11ko 75/2017 Dekretuaren 13.l artikuluan ezartzen denez, Gizarte Zerbitzuen Zuzendaritzari dagokio honako funtzio hauek baliatzea: «Genero Indarkeriaren Biktimentzako Telefono Bidezko Arreta Zerbitzua, ordainketa bakarreko diru-laguntzak eta emakumeen kontrako indarkeriaren biktimei arreta eskaintzen dien profesionalei aholkua eta laguntza emateko kudeaketa integratua».
Hori dela eta, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Publikotasun-printzipioa betetzearren, honako hau zehazten da: 2018ko ekitaldian, 1.100.000 euro erabiliko dira 2014ko urriaren 29ko Aginduan aurreikusitako laguntzak finantzatzeko.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Gizarte Politiketako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, hala xedatuta baitago Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 112. artikuluan.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko otsailaren 14a.
Gizarte Zerbitzuen zuzendaria,
EMILIO GERMÁN SOLA VALLOJERA.