EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-02-20 Aldizkari honetan argitaratua: 2017036

AGINDUA, 2017ko abenduaren 20koa, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuarena, zeinaren bidez Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzen baita «Fundación para la Formación Técnica en Máquina-Herramienta/Makina-Erreminten Hezkuntza Teknikorako Fundazioa» fundazioaren estatutuetako 2. artikuluan egindako aldaketa.

Xedapenaren data: 2017-12-20
Hurrenkenaren zenbakia: 201800912
Maila: Agindua
Ikusi eta aztertu da Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko egindako eskabidearen espedientea.
AURREKARIAK
Lehenengoa.– 2017ko abenduaren 19an, eskabide bat sartu zen Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailean, «Fundación para la Formación Técnica en Máquina-Herramienta/Makina-Erreminten Hezkuntza Teknikorako Fundazioa» fundazioaren estatutuetako 2. artikuluan egindako aldaketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko. Fundazioaren Patronatuak 2017ko urriaren 20an erabaki zuen aldaketa hori egitea. Espedientean jasotako dokumentazioa erantsi zitzaion eskabide-idazkiari.
Bigarrena.– Fundazioaren helburuak handitzeari buruzkoa da aldatutako artikulua; zabalago jaso nahi dira funtzioak egiten dituen jarduerak.
Hirugarrena.– Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako zuzendariaren 2017ko abenduaren 19ko Ebazpenaren bidez onetsi da fundazioaren estatutuetan egindako aldaketa hori, eta espedientearen ebazpen-proposamena igorri da, honako oinarri juridiko hauek kontuan harturik:
OINARRI JURIDIKOAK
Lehenengoa.– Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak eman behar du, agindu bidez, estatutuak aldatzeko espediente honi buruzko ebazpena; honako arau hauetan xedatutakoarekin bat: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 3.1 artikulua; Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzari buruzko Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 100/2007 Dekretuaren 4.1.a) artikulua; Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzeko eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzeko Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuaren 6.1.m) artikulua; eta Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 71/2017 Dekretuaren 3.1 artikulua.
Bigarrena.– Funtsezko iritzitako datu eta agiriak erantsi zaizkio espediente honi, eta, bereziki, xedapen hauetan eskatutakoak: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legearen 37. eta 51.2 artikuluetan, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 100/2007 Dekretuko 33.1 artikuluan, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 44. artikuluan; horrenbestez, aplikagarriak diren lege eta erregelamenduetan xedatutakoarekin bat dator estatutuen aldaketa.
Aipatutako artikuluak eta aplikagarriak diren gainerako arauak ikusita, hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Elgoibarko «Fundación para la Formación Técnica en Máquina-Herramienta/Makina-Erreminten Hezkuntza Teknikorako Fundazioa» fundazioaren estatutuetako 2. artikuluan egindako aldaketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzea. Fundazioaren Patronatuak 2017ko urriaren 20an erabaki zuen aldaketa hori egitea, eta bat dator 2017ko azaroaren 10ean Jorge Aramburu Soraluce notarioaren aurrean egiletsitako eskritura publikoko zehaztapenekin (protokolo-zenbakia: 1164).
Bigarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea, eta interesdunei bidaltzea.
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuari, hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko abenduaren 20a.
Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,
JOSU IÑAKI ERKOREKA GERVASIO.