EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-02-12 Aldizkari honetan argitaratua: 2018030

16/2018 DEKRETUA, otsailaren 6koa, aurri-egoerako deklarazio-prozeduraren barne dagoen Azkoitiko (Gipuzkoa) Kale Nagusiko 4. zenbakian den higiezina partzialki desafektatzea ebazten duena. Ondasun higiezin hau Azkoitiko Hirigune Historikoa, Monumentu Multzo izendapenaz, Kultura Ondasun gisa izendatu, eta hura zaintzeko babes araubidea ezartzen duen urtarrilaren 25eko 17/2005 Dekretuaren eraginpean dago.

Xedapenaren zenbakia: 201800016
Xedapenaren data: 2018-02-06
Hurrenkenaren zenbakia: 201800771
Maila: Dekretua

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2005/02/04an argitaratutako 2005/01/25eko 200500017 DEKRETUA

Aipatu higiezina (Kale Nagusia, 4), Azkoitiko Hirigune Historikoa, Monumentu Multzo izendapenaz, Sailkatutako Kultura Ondasun deklaratzeari buruzko urtarrilaren 25eko 17/2005 Dekretuaren eraginpean dago (2005eko otsailaren 4ko EHAA, 24. zk.). Horren arabera, higiezin honek oinarrizko babesa du.
Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legeko 36. artikuluan sailkatutako eta zerrendatutako ondasunen eraispena debekatzen da, aldez aurretik Foru Aldundiaren aurri-deklarazioa eta baimen espresa ez bada. Halere, aurretik Eusko Jaurlaritzak desafektaziorako baimena eman beharko du.
Aipatu arauak garatze aldera, azaroaren 10eko 306/1998 Dekretua egin zen, sailkatutako eta zerrendatutako kultura-ondasunen aurri-egoeraren deklarazioari buruzkoa eta beroriek eraisteko erabakiaren aurretik eta ondoren egin beharrekoei buruzkoa (azaroaren 26ko EHAA, 226. zk.).
Azkoitiko udalak Euskal Kultura Ondarearen Zentroari bidali zion hirigune historikoan dagoen Kale Nagusiko 4ko higiezinaren aurri-espedientearen kopia. Horrekin batera, aipatutako 306/1998 Dekretuari jarraituz, desafektatzeko espedienteari hasiera emateko eskatu zuen.
Higiezin honek oinarrizko babesa du urtarrilaren 25eko 17/2005 Dekretuaren arabera (2005eko otsailaren 4ko EHAA, 24. zk.), non Azkoitiko Hirigune Historikoa, Monumentu Multzo izendapenaz, Kultura Ondasun gisa sailkatu eta hura zaintzeko babes arauak ezarri baitziren.
Zerbitzu teknikoen txostenak kontuan harturik, eta aurri-egoeraren espedientea eta izan diren ekintzak ikusirik, Euskadiko Monumentu-Ondarearen Aholku Batzordeak, 2017ko martxoaren 28an egindako saioan, Azkoitiko (Gipuzkoa) Kale Nagusiko 4ko eraikina partzialki desafektatzea eta lursaila babes morfologikoa duten elementuen artean sartzea erabaki zuen.
Kulturako sailburuordearen 2017ko irailaren 29ko Ebazpenaren bidez (urriaren 4ko EHAA, 190. zk.) Azkoitiko Kale Nagusiko 4ko higiezina desafektazeko espedienteari hasiera eman zitzaion, jendaurrean jarri zen eta interesdunei entzun zitzaien.
Horretarako legez ezarrita dauden izapideak bete ondoren, ez zen alegaziorik aurkeztu.
Hori dela-eta, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legean ezarritakoaren arabera, Kultura Ondarearen Zentroko Zerbitzu Teknikoek egindako aldeko txostena ikusirik, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren proposamenari jarraituz eta Jaurlaritzaren Kontseiluak gaia 2018ko otsailaren 6ko bilkuran aztertu ondoren, honako hau
XEDATZEN DUT:
Artikulu bakarra.– Azkoitiko Hirigune Historikoa Kultura Ondasun gisa Monumentu Multzo izendapenaz sailkatzeko eta hura zaintzeko babes arauak ezartzeari buruzko urtarrilaren 25eko 17/2005 Dekretuaren menpean den eta oinarrizko babesa duen Kale Nagusiko 4ko eraikina partzialki desafektatzea, oinarrizko elementuen zerrendatik kentzeko eta lursaila babes morfologikoa duten elementuen artean sartzeko.
LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA
Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak Euskal Kultura Ondarearen Zentroari honako hau eskatuko dio: behin-behinekoz ohartarazita dagoen ondasun higiezin hori, Zentroari atxikita dagoen Sailkatutako Kultura Ondasunen Erregistrotik ezaba dezala.
BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak interesdunei, Azkoitiko Udalari, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Turismo, Gazteria eta Kirol departamentuari eta Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako departamentuari, eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumena, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailari honako dekretu hau jakinaraziko die.
HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, jende guztiak honen berri izan dezan.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Dekretu honen aurka interesdunek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko jurisdikzio horretako salan bi hilabeteko epean, azkenekoz argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteizen, 2018ko otsailaren 6an.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,
BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.