EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-02-08 Aldizkari honetan argitaratua: 2018028

EBAZPENA, 2018ko otsailaren 1ekoa, Ikastetxe eta Plangintzaren zuzendariarena, Eibarko Hezkuntza Esparruko Egoitza Zentroan 2018-2019 ikasturtean ikasleak barnetegian onartzeari buruzkoa.

Organo emailea: HEZKUNTZA SAILA
Xedapenaren data: 2018-02-01
Hurrenkenaren zenbakia: 201800724
Maila: Ebazpena

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2002/07/16an argitaratutako 2002/07/02ko 200200164 DEKRETUA
  • Ikus 2011/03/03an argitaratutako 2011/02/22ko 201100024 DEKRETUA

Hezkuntza eta ikasketa-askatasuna herritar guztioi dagokigun eskubidea da, eta Botere Publikoen obligazioa da hezkuntzara berdintasun-egoeran sartzeko gerta daitezkeen mugapen edo desorekei aurre egiteko neurriak hartzea.
Eibarko Hezkuntza Esparruan bada Egoitza Zentro bat, eta modua ematen du ikasketa jakin batzuk familia-egoitzaren tokitik kanpo egiten dituzten ikasleei eskaintza bereziki egokia egiteko.
Otsailaren 22ko 24/2011 Dekretuak uztailaren 2ko 164/2002 Dekretua aldatzen du, hau da, Eibarko Egoitza Zentroa sortu eta Eibarko Hezkuntza Esparruaren administrazio- eta antolakuntza-egitura zehazten duena. Bada, 24/2011 Dekretuaren arabera, Hezkuntza Saileko Ikastetxe eta Plangintzaren zuzendariaren ebazpen batek arautuko ditu honako hauek: nola onartu ikasleak Eibarko Hezkuntza Esparruko Egoitza Zentroan, nola eta zein modutan aurkeztu eskabideak, zer dokumentazio erantsi behar zaien eskabideei eta zein epetan aurkeztu behar diren.
Horretarako, eta betiere 164/2002 Dekretuko 19. artikuluarekin bat etorriz, hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea. Hona egoitzan tokia eskatzeko epea: uztailaren 2tik uztailaren 26ra, egun biak barne. Ebazpen honetako eranskinean zehazten da egutegi osoa.
2. artikulua.– 220 lagunentzako lekua izango da gehiena. Deialdia erabat ebatzi ondoren plaza hutsik geratuz gero, Egoitza Zentroko zuzendariak egoitzan beste zenbait pertsona onartzeko baimena eman ahal izango du, eskabidea egiten duten unetik ikasturtea amaitu arte, betiere ezarritako eskakizunak betetzen badituzte.
3. artikulua.– Hezkuntzako lurralde-ordezkaritzek edo deialdi honen xede den egoitza-zentroak ematen dituen inprimakietan egin beharko dira eskabideak. Inprimaki horietan jasotzen da zer dokumentu aurkeztu behar diren eskabidearekin batera.
4. artikulua.– Eibar Egoitza Zentroan aurkeztu behar dira eskabidea eta inprimakian eskatzen den dokumentazioa, edo, bestela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeko 16. artikuluan aurreikusitako lekuetan, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren erakunde autonomoen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan.
Eskaera posta-bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal ireki batean egingo da, posta funtzionarioak ziurta dezan eta zigilua ipin dezan.
Eskaerarekin batera, eskabide-inprimakian eskatutako dokumentazioa aurkeztu behar da.
Otsailaren 22ko 24/2011 Dekretuaren 20 artikuluan xedatutakoari jarraituz, ez dute eskaera aurkeztu beharrik 2017-2018 ikasturtean Egoitza Zentroan egon diren pertsonek, baldin eta aipaturiko ikasturtean matrikulatuta egon ziren ikastetxeko egonaldiko baldintzak betetzen badituzte eta 2018-2019 ikasturterako matrikula egin badute. Pertsona hauek automatikoki onartuak izango dira Egoitza Zentroan.
5. artikulua.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legeak 68. artikuluan dioenez, eskabidean baldintzak betetzen ez badira, interesdunari hamar eguneko epea emango zaio akatsa zuzentzeko edo aurkeztu ez dituen nahitaezko agiriak aurkezteko. Era berean, jakinarazi egingo zaio ezen, horrela egiten ez badu, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela. Horretarako, ebazpen bat emango da, lege horren 21. artikuluan ezarritako eran.
Eskaera Egoitza Zentroan egiten bada, aurkezteko unean bertan egin ahal izango da errekerimendu hori, eta idatziz jasota geratuko da eskaera aurkeztu duen pertsonari errekerimendu hori egin zaiola.
6. artikulua.– Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta Datu Pertsonalen Fitxategi Publikoei eta Datuak Babesteko Euskal Agentzia sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legean ezarritakoarekin bat etorriz, deialdian parte hartzen dutenek baimena ematen dute deialdi hau izapidetzean jasotako datu pertsonalak tratatu eta argitaratzeko. Datuok, bestalde, fitxategi batean sartuko dira, diru-laguntzen deialdi hau eta beronekin zerikusirik duen beste edozein prozedura edo administrazio-espediente kudeatzeko, bai eta deialdira biltzen direnei deialdiaren garapenaren berri emateko ere. «Ikasleak onartzea» izeneko fitxategi horretaz Ikastetxeen Zuzendaritza arduratuko da. Datuetara sartzeko, datuak zuzentzeko, ezerezteko eta horien aurka egiteko eskubideez baliatzeko, Ikastetxeen Zuzendaritzara jo beharko da, honako helbide honetara: Donostia kalea, 1 - 01010 Vitoria-Gasteiz.
Era berean, deialdi honetara biltzen diren lagunek baimena ematen dute fitxategian jasotako datu pertsonalak Euskal Autonomia Erkidegoko beste herri-administrazio batzuei lagatzeko, deialdiaren xedearekin bat datozen helburuetarako. Halaber, baimena ematen diote Ikastetxe eta Plangintza Zuzendaritzari beste erakunde publiko batzuetan egiaztatu dezan aurkeztutako dokumentuek diotena.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Hezkuntza Saileko Ikastetxe eta Plangintzaren zuzendariaren ebazpen honen kontra, gorako errekurtsoa jarri ahal izango zaio Hezkuntzako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko otsailaren 1a.
Ikastetxe eta Plangintzaren zuzendaria,
EUGENIO JIMENEZ IBAÑEZ.