EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-02-08 Aldizkari honetan argitaratua: 2018028

42/2018 EBAZPENA, urtarrilaren 30ekoa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita Enpleguko eta Gizarte Segurantzako Ministerioarekin sinatutako lan-hitzarmena argitaratzea, nazioarteko babesaren eskatzaileak eta onuradunak hartzeko eta integratzeko ezarritako jardueren koordinazioa bermatzeko.

Xedapenaren zenbakia: 201800042
Xedapenaren data: 2018-01-30
Hurrenkenaren zenbakia: 201800720
Maila: Ebazpena
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak sinatu du hitzarmen hori, eta hitzarmenari dagokion publikotasuna emateko asmoz, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Enpleguko eta Gizarte Segurantzako Ministerioarekin sinatutako lan-hitzarmena argitaratzea, nazioarteko babesaren eskatzaileak eta onuradunak hartzeko eta integratzeko ezarritako jardueren koordinazioa bermatzeko. Testu hori honen eranskinean dago jasota.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko urtarrilaren 30a.
Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,
JUAN ANTONIO ARIETA-ARAUNABEÑA IBARZABAL.
ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN URTARRILAREN 30EKO 40/2018 EBAZPENARENA
EUSKO JAURLARITZAKO GIZA ESKUBIDE, BIZIKIDETZA ETA LANKIDETZAREN IDAZKARITZA NAGUSIAREN ETA ENPLEGU ETA GIZARTE SEGURANTZAKO MINISTERIOKO MIGRAZIOEN ZUZENDARITZA NAGUSIAREN ARTEKO HITZARMENA NAZIOARTEKO BABESA ESKATZEN ETA JASOTZEN DUTEN PERTSONEN HARRERA ETA INTEGRAZIORAKO EZARRITAKO PROZEDURETAN JARDUKETEN KOORDINAZIOA BERMATZEKO
Madrilen, 2018ko urtarrilaren 15ean.
BILDU DIRA:
Batetik,
Ildefonso de la Campa Montenegro jauna, Enplegu eta Gizarte Segurantzako Ministerioaren (IFK: S2819001E) izenean eta hura ordezkatuz, Migrazioen zuzendari nagusi gisa, urtarrilaren 20ko 34/2017 Errege Dekretuaren izendapenaren arabera emandako eskudantziak baliatuz, ministroak erakunde publikoekin hitzarmenak sinatzeko eskuordetutako eskumena erabiliz, irailaren 14ko ESS/923/2017 Aginduko (horren bidez, Enplegu eta Gizarte Segurantzako Ministerioko administrazio-organoetan eta erakunde publikoetan eskumen-erabilera eskuordetzen dira, eta eskuordetzeak onartzen dira) 8.1.a) artikuluarekin bat etorriz.
Bestetik,
Jonan Fernández Erdozia jauna, Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren idazkari nagusi gisa, apirilaren 11ko 86/2017 Dekretuaren arabera, eta apirilaren 11ko 70/2017 Dekretuak (horren bidez, Lehendakaritzaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen da) esleitzen dizkion ahalekin bat etorriz, Gobernu Kontseiluak 2017ko abenduaren 26ko bilkuran hitzarmen hau sinatzeko baimenduta.
Bi alderdiek hitzarmen hau sinatzeko eskumena eta gaitasuna aitortzen diote elkarri, hurrenez hurren, eta
ADIERAZTEN DUTE:
Eusko Jaurlaritzak Espainiako Gobernuarekin elkarlanean aritzeko eskaintza egin du Euskal Autonomia Erkidegoan nazioarteko babesa eskatzen eta jasotzen duten pertsonentzako harrera hobetze aldera. Halaber, autonomia-erkidego horretan kolektibo horri harrera egiteko gaitasuna areagotzeko eta ahal bada Espainiako Gobernuak Europar Batasunarekin dituen birkokatzeko eta birfinkatzeko konpromisoak betetzen laguntzeko interesa adierazi dio.
Eusko Jaurlaritzak foru-aldundiei, hiru euskal hiriburuetako udalei, euskal udalerrien elkarteari (Eudel) eta kolektibo horrentzako harrera- eta integrazio-prozesuetan parte hartzen duten gizarte-erakundeei aurkeztu die proposamena. Ekimen horren ondorioz, Auzolana lankidetza-proiektua sortu da, hots, lan partekatuko proposamena.
Eusko Jaurlaritzaren eta Espainiako Gobernuko Enplegu eta Gizarte Segurantzako Ministerioko Immigrazio eta Emigrazioko Idazkaritza Nagusiaren (aurrerantzean, IEIN) arteko lankidetza-jarduketak, «Auzolana» proiektu pilotuan sartuak, Enplegu eta Gizarte Segurantzako Ministerioaren, autonomia-erkidegoen eta toki-erakundeen artean nazioarteko babesa eskatzen eta jasotzen dutenentzako jarduketak koordinatzeko protokoloan xedatutakoan kokatzen dira.
Bestalde, Harrera Sistema Nazionalaren kudeaketa-eskuliburuan eta plazak eta laguntzak kudeatzeko prozeduretan xedatutakoari jarraitu beharko diote; izan ere, sistema horren bidez garatzen eta zehazten da Espainiak nazioarteko babesa eskatzen eta jasotzen dutenei ematen dien babesa.
Aipaturiko eskuliburuaren helburu nagusia da programen jasotzaileei arreta emateko zerbitzuen, jarduketen eta proiektuen kudeaketa erraztea; pertsona horiek dagokien diru-laguntza deialdiak edo araubide aplikagarriak zehazten dituenak izango dira. Horretarako, eskuliburuak arau- eta jarduketa-esparru orokor bat ezartzen du jarduketa-ildo bakoitzerako.
Gainera, jasotzaileekin esku hartzeko prozedura zehatzak homogeneizatzeko eta laguntzak eta prestazioak baldintza beretan eskuratzen direla bermatzeko helburua dauka. Aldi berean, kalteberatasun-faktoreak detektatzen laguntzea eta integrazio-ibilbideei banan-banan errazago heltzea du xede.
Halaber, Migrazioen Zuzendaritza Nagusiak (aurrerantzean, MZN), giza eskubideak aldezteko ikuspegitik, genero-berdintasuna eta tratu-berdintasuna ezarri nahi ditu ardatz transbertsal gisa, biak kolektibo horrentzako proiektu eta jarduketa guztietan egon daitezen. Gainera, finantzatutako proiektu guztiek kalteberatasun-egoera hartu behar dute aintzat jasotzaileak hautatzeko lehentasunezko irizpide gisa, baita dauzkaten harrera-behar partikularrak ere. Era berean, garatzen diren proiektuetan ikuspegi transkulturala sustatzen da.
Nazioko eta nazioarteko gomendioak eta protokoloak aplikatuko dira gizakien salerosketen kasu posibleak detektatzeko eta horien aurka jarduteko. Horrez gain, Immigranteen Integraziorako Zuzendariordetza Nagusiaren (IIZN) protokoloa baliatuko da sexu-ustiapenerako gizakien salerosketen kasu posibleak detektatzeko eta horien aurka jarduteko.
Azkenik, torturari, adingabeei eta familiari, genero-indarkeriari, lan-ustiapenari eta, hala badagokio, bestelakoei buruzko nazioko eta nazioarteko beste gomendio eta protokolo batzuk hartuko dira aintzat.
KLAUSULAK
Lehenengoa.– Xedea.
Hitzarmen honen xedea da Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren Idazkaritza Nagusiaren eta Espainiako Gobernuko Enplegu eta Gizarte Segurantzako Ministerioko Immigrazio eta Emigrazioko Idazkaritza Nagusiaren artean jarduketak koordinatzea eta lankidetza bermatzea, nazioarteko babesa eskatzen eta jasotzen duten pertsonen harrera eta integraziorako ezarritako prozedurak garatu eta egikaritzean, harrera-gizartean integratzeko prozesuaren alde egiteko helburuarekin.
Helburu hori betetzeko, beharrezkoa izango da:
a) Harrera Sistema Nazionalaren baliabideei eta nazioarteko babesa eskatzen eta jasotzen duten pertsonen fluxuei buruzko aldizkako informazio eguneratua bidaltzeko bideak ezartzea.
b) Administrazio publikoek partekatzen dituzten eskumen-eremuetako jarduketetan dagoen koordinazioa areagotzea.
c) Administrazioen arteko jarraipen- eta koordinazio-tresnak finkatzea.
Bigarrena.– Pertsona onuradunak.
Auzolana proiektua Espainian nazioarteko babesa eskatzen edo jasotzen duten eta Euskal Autonomia Erkidegoan eta eranskinean jasotako lekuetan harrera egiten zaien pertsonentzat izango da.
Hirugarrena.– Jarraipen-batzordea.
Hitzarmen hau garatzeko eta behar bezala gauzatzeko, ebaluazio- eta jarraipen-tresna hauek ezartzen dira:
Jarraipen-batzorde bat eratuko da hitzarmen honetan jasotako ekintzak koordinatze aldera. Sei hilean behin egingo dira koordinazio-bilera arruntak, beste alderdiari programaren garapenaren berri emateko. Hitzarmenaren jarduerak behar bezala garatzeko behar den guztietan egingo dira bilera bereziak, alderdi batek eskatuta. Alderdi bakoitzetik bi pertsona joango dira bileretara; Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren Idazkaritza Nagusiak eta Espainiako Gobernuko Enplegu eta Gizarte Segurantzako Ministerioko IEINek izendatuko dituzte, hurrenez hurren. Datak bi alderdien artean adostuko dira, eta bi erakundeek konpromisoa hartzen dute bileren aktak txandaka egiteko.
Laugarrena.– Indarraldia.
Hitzarmenak estatuko sektore publikoko Lankidetza Tresnen eta Organoen Estatuko Erregistro Elektronikoan inskribatutakoan eta Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratutakoan izango ditu ondorioak eta 2019ko abenduaren 31ra arte egongo da indarrean.
Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren Legeak (40/2015) 49. artikuluan xedatzen duenaren arabera, aurreko zenbakian aurreikusitako epea amaitu aurretik edozein unetan, hitzarmenaren sinatzaileek aho batez erabaki ahalko dute hitzarmena luzatzea, lau urterako, edo hitzarmena azkentzea. Luzapen hori Lankidetza Tresnen eta Organoen Estatuko Erregistro Elektronikoari jakinarazi beharko zaio.
Bosgarrena.– Hitzarmenaren aldaketa.
Hitzarmenaren edukiaren aldaketak izenpetzaileen ahobatezko akordioa behar izango du Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren Legeak (40/2015) 49.g) artikuluan xedatzen duenaren arabera.
Seigarrena.– Alderdien lankidetza-konpromisoak.
Proiektu pilotua garatzeko, honako hauek edukiko dira:
● IEINek Espainian nazioarteko babesa eskatzen eta jasotzen dituzten pertsonentzako integrazio-ibilbideetarako xedatutako baliabideak, Harrera Sistema Nazionalaren kudeaketa-eskuliburuan eta plazak eta laguntzak kudeatzeko prozeduretan zehaztuak, horietan ezarritako baldintzetan. Baliabide horiek proiektuan parte hartzen duten diruz lagundutako erakundeen bidez kudeatuko dira.
● Eusko Jaurlaritzak eta proiektuan parte hartzen duten toki-erakundeek jasotzaileak harrera-gizartean integratzeko eta autonomo bihurtzeko ibilbidearen garapena indartzeko eta osatzeko xedatutako baliabideak, jarraian garatuko den esku-hartze ereduaren etapa bakoitzean zehazten diren baldintzetan.
Zazpigarrena.– Esku-hartze eredua.
IEINek Espainian nazioarteko babesa eskatzen edo jasotzen duten pertsonentzako arreta-estrategia osoa dauka, helburu bikoitza lortzeko:
● Nazioarteko babesa eskatzen eta jasotzen duten pertsonentzako harrera-baldintzei buruzko araudia, bai naziokoa bai erkidegokoa, aplikatzeari dagokionez Gobernuak dituen betebeharrak betetzea.
● Kolektibo horren harrera eta integrazioaren alde egitea.
Estrategia hori Harrera eta Integrazio Sistema batean gauzatzen da. Banakako integrazio-ibilbideen bidez garatzen da, jasotzaileak gero eta autonomoagoak izan daitezen eta harrera-gizartean gizarteratu eta laneratu daitezen.
Hitzarmen honetan sartutako jarduerei aplikatuko zaien esku-hartze eredua Harrera eta Integrazio Sistemaren kudeaketa-eskuliburuan integrazio-ibilbideak garatzeko azaldutako ereduarekin eta faseekin bat etorriko da.
1.– Integrazio-ibilbidearen faseak.
Ibilbide horiek hiru etapa edo fasetan antolatzen dira. Proiektuaren jasotzaileen behar desberdinei erantzuten diete, gure herrialdean egon diren denbora, haien bilakaera pertsonala eta lortutako autonomia-maila kontuan hartuta. Ibilbideak 18 eta 24 hilabete bitartean irauten du, onuradunen kalteberatasunaren arabera.
Pertsona batek autonomia eskuratzeko prozesua ez da bakarra, lineala eta aldaezina, eta zenbait faktorek (ekonomikoak, lanekoak, familiakoak eta sozialak) baldintzatu eta haren bilakaera alda dezakete. Hala ere, integrazio-ibilbidearen faseen iraupena, kudeaketa-eskuliburuan jasotakoa, esku-hartze metodo orokor gisa hartu behar da aintzat, eta egon daitezkeen salbuespenak justifikatu behar dira.
Integrazio-ibilbidearen hasiera.
Ibilbideek eskatzen dute jasotzaileak aktiboki parte hartzea barne hartzen diren ekintzak planifikatzeko, garatzeko eta ebaluatzeko.
1.1.– Integrazio-ibilbidearen faseen iraupena.
Fase bakoitzak gehieneko iraupen jakin bat izango du. Hala ere, Auzolana esperientzia pilotuaren esparruan, harreraren arduradun den erakundearen irizpide teknikoari jarraikiz, udalerriak harreraren arduradun izendatutako pertsonekin koordinatuta, salbuespenezko kasu justifikatuetan iraupen luzeagoa proposatu ahalko zaio IEINi, behar-beharrezkoa den denboraz, dituzten kalteberatasun-arrazoi partikularren arabera.
Orokorra.
Kalteberak.
Proiektuaren konturako prestazioak jasotzeko gehieneko denbora 24 hilabete izango dira pertsona kalteberentzat, eta 18 hilabete gainerako jasotzaileentzat. Epe hori zenbatzeko, Enplegu eta Gizarte Segurantzako Ministerioak (EGSM) finantzatutako beste proiektu edo baliabide batzuetan parte hartzen duten hartuko da kontuan.
1.2.– Faseen helburuak eta baliabideak.
Hauek izango dira esku-hartzearen faseak, helburuak eta baliabideak Eusko Jaurlaritzari eta IEINi dagokienez:
1.2.1.– Aurretiko ebaluazio- eta biderapen-fasea (E. eta B. fasea).
● Helburua.
Fase honetan hasten da jasotzaileen eta Harrera eta Integrazio Sistemaren arteko harremana. Beharren lehen ebaluazioa egiten da, hala badagokio haien profilerako egokien diren baliabideetara bideratzeko ahalik eta lasterren. Kalteberatasunik edo harrera-behar partikularrik duten ebaluatuko da.
● Baliabideak.
– IEINen esku hartzeko konpromisoa.
IEINek esku-hartze fase honen oinarri diren baliabideak jartzen ditu eskura. EGSMk Harrera Sistema Nazionalaren esparruan finantzatutako erakundeek kudeatzen dituzte.
IEINek integrazio-ibilbidearen 1. faserako harrera-gailuak zabaltzeko behar diren baliabideak jartzen ditu eskura, proiektuan parte hartzen duten udalerrietan, EGSMk Harrera Sistema Nazionalaren esparruan finantzatzen dituen erakundeek horiek zabaltzea egokitzat eta bideragarritzat jo ostean.
IEIN arduratzen da programaren jasotzaileen beharrak ebaluatzeaz eta Eusko Jaurlaritzari Auzolana proiektuaren esparruan harrera egiteko biderapen-proposamena egitea egokia den balioesteaz.
Jasotzaileen oinarrizko eta premiazko beharren estaldura bermatze aldera, IEINek behin-behineko ostatu-baliabideetara bideratu ahalko ditu harrera-gailuetara heldu aurretik.
IEINek, Auzolana proiektuan parte hartzeko hautagaiak balioetsitakoan, Eusko Jaurlaritzak horretarako izendatutako unitatearekin partekatuko du informazioa, proiektuan sartzea komeni den aztertzeko eta haien profilerako egokien diren baliabideetara bideratzeko ahalik eta lasterren.
– Eusko Jaurlaritzaren esku hartzeko konpromisoa.
Eusko Jaurlaritzak bere lurraldeko udalerrietan harrera egiteko aukeren berri emango die EGSMk diruz laguntzen dituen eta proiektuan parte hartzen dituzten erakundeei, herri horietan integrazio-ibilbidearen 1. faserako harrera-gailu bat zabaltzea egokia den balioets ahal izan dezaten.
Esperientzia pilotuaren esparruan, Eusko Jaurlaritzak eta parte hartzen duten udalek, etxebizitzak lagaz, harrerarako plazak prestatu ahal izateko baliabideak emango dituzte.
– Fase hau koordinatzeko mekanismoak.
IEINek izendatutako pertsona Eusko Jaurlaritzako Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritzak izendatutako pertsonarekin koordinatuko da balioesteko egokia den proposaturiko hautagaiak proiektuan sartzea eta IEINek finantzatzen duen eta haien profilerako eta beharretarako egokien den baliabidera bideratzea.
Eusko Jaurlaritzak Harrera Sistemaren gailuak dauzkaten udalerri parte-hartzaileetan dauden baliabide materialen eta giza baliabideen berri emango dio IEINi, proiektuaren jasotzaileen profilak hobeto hautatzea errazteko helburuarekin eta horrela harrera egokia egiten laguntze aldera, bereziki profil kalteberenei dagokienez.
1.2.2.– Harrera-fasea (1. fasea).
● Helburua.
Lehen fasea jasotzaileari zentro batean harrera egitean datza, haren oinarrizko beharrei erantzuteko asmoz eta zentrotik irtetean bizitza independente bat izateko trebetasunak eskuratzen laguntzeko xedearekin. Harrera-gailuek langile tekniko espezializatuak dituzte eta egoiliarrei, ostatuaz eta mantenuaz gain, beste jarduketa batzuk eskaintzen dizkiete, hala nola esku-hartze soziala, arreta psikologikoa, prestakuntza, interpretazioa eta itzulpena eta lege-aholkularitza, autonomia-prozesurako osagarri eta laguntza gisa.
● Baliabideak.
– IEINen esku hartzeko konpromisoa.
IEINek Harrera Sistemaren kudeaketa-eskuliburuan azaldutako baliabideak, ibilbidearen lehen fasean aurreikusitakoak eta ibilbidearen garapen guztirako transbertsalki aurreikusitakoak, EGSMk finantzatzen dituen eta proiektu pilotuan parte hartzen duten erakundeek kudeatutakoak, jarriko ditu eskura.
– Eusko Jaurlaritzaren esku hartzeko konpromisoa.
Eusko Jaurlaritzak proiektuan parte hartu nahi duten bere lurraldeko udalerrietan harrera egiteko aukeren berri emango die EGSMk diruz laguntzen dituen erakundeei (Harrera eta Integrazio Sistemako programak garatzeko ematen dizkie diru-laguntza horiek), erakundeok herri horietan harrera-gailu bat zabaltzea egokia den balioets ahal izan dezaten.
Eusko Jaurlaritza arduratuko da proiektuaren onuradunei dagozkien hezkuntza, prestakuntza eta osasun-arretako zerbitzuetarako sarbidea emateaz.
Eusko Jaurlaritzak tokiko boluntariotza-elkarteei jarduerak finantzatuz babestuko du proiektua, proiektuaren onuradunen eta harrera-gizartearen artean elkar babestu eta ezagutzeko sareak errazago ezartzeko xedearekin. Elkarte horien jardueren helburua harreraren arduradun den erakundeak estaltzen ez dituen alderdiak, funtsean, aisialdiko jarduerak eta hizkuntza-ikaskuntza, indartu edo osatzea izango da. Jarduera hori babesteko, Eusko Jaurlaritzak 1.800 euro emango ditu proiektuko parte hartzaile eta urte bakoitzeko.
Eusko Jaurlaritzak, proiektuan parte hartzen duten udalerriek harreraren arduradun izendatu dituzten pertsonen bidez eta tartean dauden boluntario-elkarteen bidez, proiektuko parte-hartzaileentzako eta erreferentziako erakundeentzako babesa bideratuko du integrazio-ibilbidearen 2. faserako etxebizitza-bilaketan. Bilaketa hori zentroko egonaldia bukatzeko aurreikusitako epea baino bi hilabete lehenago hasiko da.
– Fase hau koordinatzeko mekanismoak.
Harrera-zentroa dagoen udalerriak erreferentziako pertsona bat izendatuko du harreraren arduradun den erakundearekin jorratzeko zentroko egoiliarren integrazio-ibilbidearekin zerikusia duten gaiak.
Proiektuan parte hartzen duten boluntario-elkarteek erreferentziako pertsona bat izendatuko dute harreraren arduradun den erakundearekin jorratzeko zentroko egoiliarren integrazio-ibilbidearekin eta elkartearen jarduerekin zerikusia duten gaiak.
Harreraren arduradun den erakundeak, udalerriak harreraren arduradun izendatu dituen pertsonekin koordinatuta, zentroan geratzeko aldi egokia balioetsiko du, zentroko egoiliarren kalteberatasun-egoeraren arabera. Halaber, egoteko baimena eta luzapen posibleak eskatuko dizkio Immigranteen Integraziorako Zuzendariordetza Nagusiari (IIZN), Harrera Sistemaren plazak kudeatzeko prozeduran xedatuta dagoen moduan.
Harreraren arduradun den erakundeak aurreikusitako egonaldia amaitu baino bi hilabete lehenago jakinaraziko die bigarren fasera bideratzeko proposamena udalerrian izendatutako pertsonei (toki-ordezkariak edo ibilbidean laguntzen duten elkarteetakoak) eta Eusko Jaurlaritzari, Alokabideren bidez (Eusko Jaurlaritzaren menpeko sozietate publikoa, etxebizitzaren funtzio soziala alokairu-politikaren bidez garatzea xede duena), etxebizitza-bilaketan eta hala badagokio integrazio-ibilbidearen 2. fasera pasatzeko behar diren jardueretan laguntza eskatzeko.
Nazioarteko babesa eskatzen edo jasotzen duten eta esperientzia pilotu honen esparruan euskal udalerri batean harrera egin zaien pertsonei zera eskatuko zaie: beren burua tokiko errealitatera egokitzeko prozesuko aktore protagonistatzat jo dezatela. Informazioa emango zaie beren eskubide eta betebeharrei buruz, baita egokitzeko eta autonomia lortzeko helburuak betetzeko egin beharko duten ahaleginari buruz ere.
1.2.3.– Integrazio-fasea (2. fasea).
● Helburua.
Bigarren fasea pertsonek harrera-gailuko egonaldia bukatzen dutenean eta babesa jasotzen jarraitu behar dutenean hasten da. Fase honen helburua da haien autonomia eta independentzia sustatzea eta harrera-gizartean areago integratzea eta parte hartzea. Ahal bada, ibilbidea hasi den udalerri berean gauzatuko da.
● Baliabideak.
– IEINen esku hartzeko konpromisoa.
IEINek ibilbidearen bigarren faserako aurreikusitako baliabideak eta ibilbidearen garapen guztirako transbertsalki aurreikusitakoak, Harrera Sistemaren kudeaketa-eskuliburuan azaldutakoak, jarriko ditu eskura. Baliabide horiek EGSMk finantzatzen dituen eta proiektu pilotuan parte hartzen duten erakundeek kudeatuko dituzte, aipaturiko eskuliburuan ezartzen diren baldintzetan.
Esku-hartzea, fase honetan, Harrera Sistemaren laguntza ekonomikoak emateko eta esku-hartze soziala gauzatzeko jarduketetan aurreikusitako jardueretan oinarrituko da funtsean.
– Eusko Jaurlaritzaren esku hartzeko konpromisoa.
Eusko Jaurlaritzak sustatuko du proiektuan parte hartzen duten toki-erakundeek jasotzaileen integrazio-ibilbidean mailaka parte hartzea eta esku hartzea, udal gizarte-zerbitzuen bidez. Parte-hartzaileen autonomia sustatzea da helburua, herriko baliabide «normalizatuak» ezagutuz, baita zerbitzu publikoei eta harrera-gizarteari programako parte-hartzaileen egoerak eta beharrak hurbiltzea eta jakinaraztea ere. Horretarako, esperientzia pilotu honen esparruan, Eusko Jaurlaritzak udal bakoitzari 6.000 euroko diru-laguntza emango dio hartutako pertsona bakoitzeko, integrazio-prozesuak indartzeko.
Eusko Jaurlaritzak, foru-aldundiekin eta EUDELekin batera, integrazioari eta autonomiari buruzko jarduketa-plan bat sustatuko du, eta plan hori nazioarteko babesa eskatzen eta jasotzen duten pertsonen harrera- eta integrazio-prozesuetan parte hartzen duten udalei eskainiko zaie.
Eusko Jaurlaritzak tokiko boluntariotza-elkarteei jarduerak finantzatuz babestuko du proiektua, proiektuaren onuradunen eta harrera-gizartearen artean elkar babestu eta ezagutzeko sareak errazago ezartzeko xedearekin. Elkarte horien jardueren helburua harreraren arduradun den erakundeak estaltzen ez dituen alderdiak, funtsean, aisialdiko jarduerak eta hizkuntza-ikaskuntza, indartu edo osatzea izango da. Jarduera hori babesteko, Eusko Jaurlaritzak 1.800 euro emango ditu proiektuko parte hartzaile eta urte bakoitzeko.
Eusko Jaurlaritzak, nagusiki Lanbideren (Euskal Enplegu Zerbitzua) bidez, proiektuaren onuradunen prestakuntza eta enplegurako sarbidea sustatuko ditu.
– Fase hau koordinatzeko mekanismoak.
Proiektuaren onuradunen etxebizitza dagoen udalerriak erreferentziako pertsona bat izendatuko du harreraren arduradun den erakundearekin jorratzeko integrazio-ibilbidearen fase honekin zerikusia duten gaiak eta herrian integratzeko prozesuaren bilakaera.
Proiektuan parte hartzen duten boluntario-elkarteek erreferentziako pertsona bat izendatuko dute harreraren arduradun den erakundearekin jorratzeko proiektuaren onuradunen integrazio-ibilbidearekin zerikusia duten gaiak.
Harreraren arduradun den erakundeak, udalerriak harreraren arduradun izendatu dituen pertsonekin koordinatuta, ibilbidearen bigarren fasean geratzeko aldi egokia balioetsiko du, onuradunen kalteberatasun-egoeraren arabera. Halaber, luzapen posibleak eskatuko dizkio Immigranteen Integraziorako Zuzendariordetza Nagusiari (IIZN), Harrera Sistemaren laguntzak kudeatzeko prozeduran xedatuta dagoen moduan.
Eusko Jaurlaritzak, toki-erakundeek, boluntario-elkarteek eta harreraren onuradun den erakundeak pertsona bat izendatuko dute proiektuaren onuradunen integrazio-ibilbideko jarduketak, zenbait esku-hartze eremuri eragiten dietenak, koordinatzeko eta ibilbidearen bigarren fasea prestatzeko.
1.2.4.– Autonomia-fasea (3. fasea).
● Helburua.
Ibilbidea osatzeko, hirugarren fase bat egon ahal izango da. Horretan, baliteke onuradunak behin-behineko edo noizean behingo laguntza edo babesa behar izatea. Ibilbidearen fase honetan, onuradunek ez dute jada alokairurako aldizkako laguntzarik edo oinarrizko beharretarako arretarik jasotzen, baina baliteke laguntza jakin batzuen unean uneko ordainketa edo integrazio-ibilbiderako babesa behar izatea.
● Baliabideak.
– IEINen esku hartzeko konpromisoa.
IEINek ibilbidearen hirugarren faserako aurreikusitako baliabideak eta ibilbidearen garapen guztirako transbertsalki aurreikusitakoak, Harrera Sistemaren kudeaketa-eskuliburuan azaldutakoak, jarriko ditu eskura. Baliabide horiek EGSMk finantzatzen dituen eta proiektu pilotuan parte hartzen duten erakundeek kudeatuko dituzte, aipaturiko eskuliburuan ezartzen diren baldintzetan.
Esku-hartzea, fase honetan, esku-hartze sozialeko, esku-hartze psikologikoko eta laguntza juridikoko jarduketetan aurreikusitako jardueretan oinarrituko da funtsean, eta, horiek osatzeko, Harrera Sistemaren unean uneko laguntza ekonomikoak eman ahalko dira.
– Eusko Jaurlaritzaren esku hartzeko konpromisoa.
Eusko Jaurlaritzak bere gain hartuko du, tartean dauden administrazio horren zerbitzuen bidez eta proiektuan parte hartzen duten toki-erakundeetako udal gizarte-zerbitzuen bidez, proiektuaren onuradunen integrazio-ibilbideari jarraipena egitea eta horretan esku hartzea.
Eusko Jaurlaritzak, nagusiki Lanbideren (Euskal Enplegu Zerbitzua) bidez, proiektuaren onuradunen prestakuntza eta enplegurako sarbidea sustatuko ditu.
Eusko Jaurlaritzak diru-sarrerak bermatzeko eta gizarteratzeko sistemarako sarbidea emango die Harrera eta Integrazio Sisteman aurreikusitako ibilbidea osatu ostean autonomia erdietsi ez duten proiektuaren onuradunei.
– Fase hau koordinatzeko mekanismoak.
Proiektuaren onuradunen etxebizitza dagoen udalerriak erreferentziako pertsona bat izendatuko du harreraren arduradun den erakundearekin jorratzeko integrazio-ibilbidearen fase honekin zerikusia duten gaiak eta herrian integratzeko prozesuaren bilakaera.
Proiektuan parte hartzen duten boluntario-elkarteek erreferentziako pertsona bat izendatuko dute harreraren arduradun den erakundearekin jorratzeko proiektuaren onuradunen integrazio-ibilbidearekin zerikusia duten gaiak.
Harreraren arduradun den erakundeak balioetsiko du egokia den laguntzak ematea edo Harrera Sisteman aurreikusitako jarduketen bidez esku hartzea, proiektuaren jasotzaileek behar duten moduan. Beharrezkoa bada, baimena eskatuko dio IIZNri Harrera Sistemaren kudeaketa-eskuliburuan eta plazak eta laguntzak kudeatzeko prozeduretan xedatutako kasuetan.
Eusko Jaurlaritzak, toki-erakundeek, boluntario-elkarteek eta harreraren arduradun den erakundeak pertsona bat izendatuko dute behar diren jarraipen-jarduketak koordinatzeko.
Nazioarteko babesa eskatzen edo jasotzen duten eta esperientzia pilotu honen esparruan euskal udalerri batean harrera egin zaien pertsonei zera eskatuko zaie: beren burua tokiko errealitatera egokitzeko prozesuko aktore protagonistatzat jo dezatela. Informazioa emango zaie beren eskubide eta betebeharrei buruz, baita bereziki enplegu-bilaketari dagokienez egin beharko duten ahaleginari buruz ere.
Zortzigarrena.– Betetzen ez bada aplikatu behar diren ondorioak.
SPAJLren 51. artikuluan xedatutakoaren arabera, hitzarmenak azkentzen dira beren xede diren jarduketak betetzean edo suntsiarazteko arrazoiak gertatzean.
Hauek izango dira hitzarmena suntsiarazteko arrazoiak: indarraldia igarotzea luzapenik adostu gabe, alderdi sinatzaileek aho batez adostea, erabaki judizial batek hitzarmenaren deuseztasuna adieraztea eta aurrekoez bestelakoa den eta hitzarmenean edo beste lege batzuetan aurreikusten den beste edozein arrazoi.
Era berean, alderdietako edozeinek bere gain hartutako betebeharrak eta konpromisoak urratzea da suntsiarazteko arrazoia. Kasu horretan, alderdietako edozeinek jakinarazi ahalko dio errekerimendu bat urraketa egin duen alderdiari, epe jakin batean bete ditzan urratutzat jo diren betebehar edo konpromisoak. Errekerimendu hori hitzarmenaren egikaritzearen jarraipen, zaintza eta kontrolerako mekanismoaren arduradunari eta gainerako alderdi sinatzaileei komunikatuko zaie. Adierazitako epea igarotakoan, betebeharrak oraindik bete gabe badaude, errekerimendua bidali zuen alderdiak sinatzaileei jakinaraziko die suntsiarazteko arrazoia, eta, beraz, hitzarmena suntsiarazitzat joko da. Hitzarmena arrazoi horren ondorioz suntsiarazten bada, sortutako kalteen ondoriozko kalte-ordaina ezarri ahalko da, hala xedatu bada.
SPAJLren 51. artikuluan aipatutako hitzarmena suntsiarazteko edozein arrazoi dagoenean, haren 52.3 artikuluaren arabera, jarduketaren bat aribidean bada, alderdiek, hitzarmenaren jarraipen-batzordeak hala proposatuta, erabaki ahalko dute egokitzat jotzen dituzten aribideko jarduketak egiten jarraitzea eta amaitzea, bukatzeko epe luzaezin bat ezarrita. Epe hori igarotakoan, jarduketen likidazioa egin beharko da 52.2 artikuluan xedatuta dagoen moduan. Gainera, hitzarmen hau salatzen den egunetik aurrera ez da jarduketarik hasiko.
Enplegu eta Gizarte Segurantzako Ministerioko Migrazioen zuzendaritza nagusiaren aldetik,
ILDEFONSO DE LA CAMPA MONTENEGRO.
Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren idazkaritza nagusiaren aldetik,
JONAN FERNÁNDEZ ERDOZIA.
HITZARMENAREN ERANSKINA
Auzolana proiektuan parte hartzen duten toki-erakundeak: Laudio, Amurrio, Zarautz, Tolosa, Galdakao, Portugalete, Getxo.
EGSMk diruz laguntzen dituen eta Auzolana proiektuan parte hartzen duten erakundeak: Gurutze Gorria, CEAR eta Bakearen, Armagabetzearen eta Askatasunaren aldeko Mugimendua (MPDL).