EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-02-08 Aldizkari honetan argitaratua: 2018028

41/2018 EBAZPENA, urtarrilaren 29koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita argitaratzea Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren eta Conseil des Organisations non Gouvernamentales d’appui au Developpement (Congad) Erakundearen artean sinatutako lankidetza-hitzarmena, Senegalen proiektuak kudeatu, formulatu eta jarraitzearekin lotutako gai teknikoetan tokiko erakundeen gaitasunak indartzeko proiektu bat finantzatzeko.

Xedapenaren zenbakia: 201800041
Xedapenaren data: 2018-01-29
Hurrenkenaren zenbakia: 201800719
Maila: Ebazpena
Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak lankidetza-hitzarmena sinatu du, eta, eman behar zaion publikotasuna emateko, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea lankidetza-hitzarmen honen testua: Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren eta Conseil des Organisations non Gouvernamentales d’appui au Developpement (Congad) Erakundearen artean sinatutako lankidetza-hitzarmena, Senegalen proiektuak kudeatu, formulatu eta jarraitzearekin lotutako gai teknikoetan tokiko erakundeen gaitasunak indartzeko proiektu bat finantzatzeko. Testu hori ebazpen honen eranskinean dago jasota.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko urtarrilaren 29a.
Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,
JUAN ANTONIO ARIETA-ARAUNABEÑA IBARZABAL.
ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN URTARRILAREN 29KO 40/2018 EBAZPENARENA
GARAPENERAKO LANKIDETZAREN EUSKAL AGENTZIAREN ETA CONSEIL DES ORGANISATIONS NON GOUVERNAMENTALES D’APPUI AU DEVELOPPEMENT (CONGAD) ERAKUNDEAREN ARTEKO HITZARMENA, SENEGALEN PROIEKTUAK KUDEATU, FORMULATU ETA JARRAITZEAREKIN LOTUTAKO GAI TEKNIKOETAN TOKIKO ERAKUNDEEN GAITASUNAK INDARTZEKO PROIEKTU BAT FINANTZATZEKO
Vitoria-Gasteiz, 2017ko abenduaren 27a.
BILDU DIRA:
Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendari Paul Ortega Etcheverry jauna, –urtarrilaren 22ko 117/2013 Dekretuan ezarritakoaren arabera– zeinak Agentziaren izenean eta hura ordezkatuz jardun baitu Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia sortu eta arautzen duen 5/2008 Legearen 11.2.e) artikuluan eta aipatutako Agentziaren antolaketa eta funtzionamenduko erregelamendua onartzen duen 95/2010 Dekretuaren 11.1.e) artikuluan esleitutako eskumenen arabera.
Amacodou Diouf, Administrazio Kontseiluko presidente gisa, Conseil des Organisations non Gouvernamentales d’Appui au Developement (hemendik aurrera, Congad) erakundearen izenean eta hura ordezkatuz jarduteko botere nahikoarekin.
ADIERAZTEN DUTE:
Lehenengoa.– Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia sortzen duen araudian ezarrita dagoenez, Garapenerako Lankidetzari buruzko otsailaren 22ko 1/2007 Legean ezarritako printzipio- eta egitura-sarean txertatuta dagoen agentzia hori da, hain zuzen ere, Eusko Jaurlaritzaren garapenerako lankidetzari buruzko politikaren plangintza eratzeko ardura duen zuzenbide pribatuko entitate publikoa, baita hori koordinatu, kudeatu eta gauzatzeko ardura duena ere, herrialde pobreetan pobreziaren aurka borrokatzeko eta giza garapen iraunkorra sustatzeko.
1/2007 Legearen 5. artikuluaren arabera, giza gaitasunak eta gizarte zibila indartzea sektore-lehentasuna da. Halaber, 2014-2017 aldirako Garapenerako Lankidetzaren III. Gida Planaren zehar-lerroen arabera, tokiko erakundeen gaitasunak prestakuntzaz, laguntzaz eta aholkularitzaz sendotzea lehentasuna da. Gainera, gobernantza demokratikoaren eta toki-boterearen sektore-ildoaren lehentasunezko lan-eremuetako bat gizarte zibilaren eta gizarte-mugimenduen erakundeak indartzea da, garapen-eredua eraldatzeko eta pobreziaren aurka borrokatzeko subjektuak diren heinean. Eta, zehazkiago, gaitasun tekniko eta instituzionalak eta antolatutako erakunde zibilen sare-lana sortzeko laguntza aipatzen da.
Azkenik, VI. puntuan (Tresnak eta aurrekontua) espresuki jasotzen da Afrikako kontinentean lana errazteko ekintza positibo bat, eta horren arabera 2017. urterako aurreikusita zegoen gutxienez funts banagarrien % 25 Afrikan garatzen diren ekimenetara bideratzeko konpromisoa betetzea.
Bigarrena.– Congad Senegalgo GKEen plataforma nagusia da, eta une honetan 180 GKE kide ditu, gutxi gorabehera. Herrialde osoan dihardu eskualdeko zelulen bitartez. Plataforma hori 1982an sortu zen, GKE kideei eta kide ez direnei laguntzeko eta haien gaitasunak indartzeko.
Hirugarrena.– 2014-2017 aldirako Garapenerako Lankidetzaren III. Gida Planean jasotako lehentasunezko 22 herrialdeetako bat da Senegal. Azken urte hauetan, proiektu-deialdiaren bitartez herrialde horretara bideratutako funtsak esponentzialki areagotu dira. Alabaina, herrialdean garatzen diren ekimenen kopurua handitu bada ere, euskal GKEek (Afrikaren aldeko Taldearen bitartez bereziki) uste dute Afrikako toki-bazkideek ahulezia handiak dituztela proiektuen kudeaketari/formulazioari dagokienez. 2016. urtean Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak Senegalera bisita egin zuen, besteak beste herrialdeko lankidetza-agente garrantzitsuak ezagutzeko, sinergiak sortu ahal izateko asmoarekin.
GLEAk uste du Congad aliatu estrategikoa izan daitekeela Senegalen, ez bakarrik askotariko toki-erakundeak eratu eta gaitasunak indartzeko prozesuak eskaintzen dituen plataforma delako, baita Senegalgo erakundeen eta euskal GKEen arteko topaketa koordinatu eta ahalbidetzeko aukera ematen duelako ere. Hortaz, Hitzarmen honek aukera ematen du gaitasunak indartzeko eta euskal GKEekiko topaketa erraztu dezakeen gune bat sortzeko. III. Gida Planean Afrikako kontinentearentzat konprometitutako funts banagarrien (% 25) ehunekoa lortzeko lagungarri ere badela ahaztu gabe.
Aurrekoak kontuan izanda, bi alderdiek hitzarmen hau sinatu dute, ondoren adieraziko diren klausulei jarraikiz,
KLAUSULAK
Lehenengoa.– Hitzarmenaren xedea.
Hitzarmen honen helburua garapen-aktore eraginkorrak prestatzea da, Senegalgo komunitateen eta kohesio sozialaren zerbitzuan.
Bigarrena.– Hitzarmenaren emaitzak eta emaitzen titulartasuna.
1.– Hitzarmen honekin lortu nahi diren emaitzak honako hauek dira:
1. emaitza. Congaden eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren artean gaitasunak indartzeko estrategia egitea, bi erakundeek detektatutako premietan oinarrituta.
2. emaitza. 4 eskualdetan (Thiès, Kaolack, Saint Louis eta Kolda) tailerrak antolatzea tokiko GKEek gai teknikoetan eta proiektuen kudeaketa eta formulazioan dituzten gaitasunak indartzeko, 120 pertsonarentzat.
3. emaitza. Euskal lankidetza-ereduaren inguruko gaitasunak indartzeko 2 egun antolatzea Kaolacken eta Thièsen, GLEAk babestutako ekimen gehienak bertan baitaude, 60 pertsonarentzat.
2.– Aurreko emaitzak lortzeko jarduerak eta emaitzak neurtzeko adierazleak erantsitako plangintzari buruzko ideia nagusian zehaztu dira.
Hirugarrena.– Jarduerak egikaritzeko epea.
Jarduerak egikaritzeko epea 12 hilabete izango da, hitzarmena sinatzen denetik aurrera.
Laugarrena.– Izenpetzen duten alderdien aurrekontu-ekarpenak.
Aurreko klausuletan adierazitakoa egiteko aurreikusitako kostua berrogeita lau mila ehun eta hamabi euro eta hamabost zentimo da (44.112,15 euro), eta kopuru hori xehatuta ageri da erantsitako aurrekontu-taulan.
Congadek bere gain hartuko du aurreko klausuletan ezarritako ekintza guztiak egikaritu eta kudeatzeko koordinazio teknikoa, baita erantsitako plangintzari buruzko ideia nagusian bildutakoak ere, guztira lau mila ehun eta hamabi euro eta hamabost zentimoko (4.112,15 €) ekarpena eginez.
Eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal agentziak berrogei mila (40.000) euroko ekarpena egingo du. Zenbateko hori honela ordainduko zaio Congad erakundeari:
% 50, hau da, hogei mila (20.000,00) euro, hitzarmena sinatu ostean.
Gainerako % 50a, hau da, hogei mila (20.000,00) euro, diru-laguntzaren % 40ko edo hortik gorako zenbatekoa justifikatu ondoren. Horretarako, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziara dagokion txosten tekniko-finantzarioa igorri beharko da.
Proiektuaren % 100 sei hilabeteko epean justifikatu beharko da, hitzarmenaren amaiera-datatik aurrera zenbatzen hasita.
Hitzarmen honetan aurreikusitako diru-laguntza bateragarria da beste edozein erakundek, publikoak nahiz pribatuak, helburu berarekin eman litzakeenarekin, betiere horren ondorioz, gainfinantzaketarik sortzen ez bada. Gainfinantzaketa egonez gero, diru-laguntza dagokion gehieneko mugaraino murriztuko da.
Bosgarrena.– Hitzarmenaren jarduera ekonomikoak egikaritzeko soilik erabili behar duen banku-kontua.
Congadek SN08 SN01 0015 2000 7711 4000 6021 zenbakiko banku-kontua erabiliko du kontu espezifiko gisa (CFA frankotan), hitzarmen hau betez Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak helaraziko dion dirua kudeatzeko.
Seigarrena.– Ondasunen jabetza eta jabetza intelektuala.
1.– Hitzarmen honetan aurreikusitako finantzaketarekin eskuratutako ondasunak Congaden jabetzakoak izango dira.
2.– Hitzarmen honen finantzaketarekin garatutako dokumentu eta materialen jabetza intelektuala Congadena eta haren kide diren erakundeena izango da.
Zazpigarrena.– Jarraipen Batzorde Mistoa.
1.– Jarraipen Batzorde Misto bat eratuko da, hitzarmen honetan aurreikusitako jardueren jarraipena, gauzatzea eta koordinazioa bermatzeko; batzordea osatuko dutenak honako hauek dira:
Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren bi ordezkari, Zuzendaritzak izendatuak; haietako bat Batzordeko presidentea izango da, eta bestea, idazkaria.
Congadeko bi ordezkari, organo eskudunak izendatuak.
2.– Batzorde horrek gutxienez ohiko bilera bat egingo du, esku-hartzea amaitzean, azken txosten tekniko-finantzarioa aurkeztu ondoren.
Gainera, behar adina aldiz bilduko da gaitasunak indartzeko estrategia diseinatzeko eta hitzarmenetik eratorritako ekintzak doitzeko.
3.– Salbuespenez, batzordekideek egokitzat ikusten dutenean eta, hala badagokio, batzordekide batek eskatzen duenean bildu ahal izango da Jarraipen Batzorde Mistoa.
4.– Jarraipen Batzordearen erregimen juridikoak Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean kide anitzeko organoei buruz jasotako arauei jarraituko die.
Zortzigarrena.– Hitzarmena suntsiarazteko arrazoiak.
Hitzarmen hau izenpetu duten alderdiek honako hau hartuko dute hitzarmena suntsiarazteko arrazoitzat: hitzarmenean bildutako estipulazioak eta indarrean dagoen legerian hitzarmenaren nondik norakoei buruz jasotako beste edozein estipulazio ez betetzea.
Bederatzigarrena.– Funtsezko aldaketak.
Congad erakundeak baimena eskatu beharko dute Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzian, proiektuan funtsezko aldaketak eta luzapenak dakarren edozein aldaketa egin aurretik. Aldaketa horiek Jarraipen Batzorde Mistoaren esparruan aztertuko dira. Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziari dagokio proposatutako aldaketak onartzea.
Hamargarrena.– Hitzarmenaren iraupena eta aldaketa.
1.– Sinatu eta hurrengo egunetik hasiko da indarrean hitzarmena eta 2019ko abenduaren 31ra arte luzatuko da.
2.– Hitzarmena bi alderdiak ados jarrita amaitu ahalko da.
3.– Era berean, Hitzarmena izenpetu duen edozein alderdik eman ahal izango du amaitutzat hitzarmena modu alde bakarrean, betiere idazki bidezko aurreabisua tarteko, eta gutxienez hiru hilabeteko aurrerapenarekin jakinaraziko zaio beste alderdiari.
4.– Hitzarmena bi alderdiak ados jarrita luzatu ahalko da gehienez lau urtez, hitzarmena amaitu baino hilabeteko aurrerapenarekin gutxienez.
Bi alderdiek, ados daudela eta adierazitako guztia onartzen dutela erakusteko, dokumentu hau sinatu dute, bi aletan, idazpuruan adierazitako lekuan eta egunean.
Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendaria,
PAUL ORTEGA ETCHEVERRY.
Congad erakundeko Administrazio Kontseiluko presidentea,
AMACODOU DIOUF JAUNA.