EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-02-08 Aldizkari honetan argitaratua: 2018028

39/2018 EBAZPENA, urtarrilaren 29koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita argitaratzea Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren eta Association pour la Promotion de la Femme Senegalaise (Aprofes) elkartearen artean sinatutako lankidetza-hitzarmena, Senegalgo kaolack eskualdean Keur Socé landa-komunitateen oinarrizko eskubideak bermatzeko tokiko gaitasunak indartuko dituen proiektu bat finantzatzeko.

Xedapenaren zenbakia: 201800039
Xedapenaren data: 2018-01-29
Hurrenkenaren zenbakia: 201800718
Maila: Ebazpena
Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak lankidetza-hitzarmena sinatu du, eta, eman behar zaion publikotasuna emateko, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea lankidetza-hitzarmen honen testua: Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren eta Association pour la Promotion de la Femme Senegalaise (Aprofes) elkartearen artean sinatutako lankidetza-hitzarmena, Senegalgo kaolack eskualdean Keur Socé landa-komunitateen oinarrizko eskubideak bermatzeko tokiko gaitasunak indartuko dituen proiektu bat finantzatzeko. Testu hori ebazpen honen eranskinean dago jasota.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko urtarrilaren 29a.
Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,
JUAN ANTONIO ARIETA-ARAUNABEÑA IBARZABAL.
ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN URTARRILAREN 29KO 39/2018 EBAZPENARENA
HITZARMENA, GARAPENERAKO LANKIDETZAREN EUSKAL AGENTZIAREN ETA ASSOCIATION POUR LA PROMOTION DE LA FEMME SENEGALAISE (APROFES) ELKARTEAREN ARTEKOA, SENEGALGO KAOLACK ESKUALDEAN KEUR LANDA-KOMUNITATEEN OINARRIZKO ESKUBIDEAK BERMATZEKO TOKIKO GAITASUNAK INDARTUKO DITUEN PROIEKTU BAT FINANTZATZEKO
Vitoria-Gasteiz, 2017ko abenduaren 27a.
BILDU DIRA:
Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendari Paul Ortega Etcheverry jauna, –urtarrilaren 22ko 117/2013 Dekretuan ezarritakoaren arabera– zeinak Agentziaren izenean eta hura ordezkatuz jardun baitu Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia sortu eta arautzen duen 5/2008 Legearen 11.2 e) artikuluan eta aipatutako Agentziaren antolaketa eta funtzionamenduko erregelamendua onartzen duen 95/2010 Dekretuaren 11.1 e) artikuluan esleitutako eskumenen arabera.
Binta Sarr andrea, presidentea den aldetik, APROFES elkartearen izenean eta haren ordez jarduteko ahalmena duena.
ADIERAZTEN DUTE:
Lehenengoa.– Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia sortzen duen araudian ezarrita dagoenez, Garapenerako Lankidetzari buruzko otsailaren 22ko 1/2007 Legean ezarritako printzipio- eta egitura-sarean txertatuta dagoen agentzia hori da, hain zuzen ere, Eusko Jaurlaritzaren garapenerako lankidetzari buruzko politikaren plangintza eratzeko ardura duen zuzenbide pribatuko entitate publikoa, baita hori koordinatu, kudeatu eta gauzatzeko ardura duena ere, herrialde pobreetan pobreziaren aurka borrokatzeko eta giza garapen iraunkorra sustatzeko.
Garapenerako Lankidetzaren 2014-2017 aldirako III. Plan Zuzentzailean Afrikako kontinentean egindako lana indartzearen alde egin da irmoki. Ildo horretan, 2017. urtean bana daitezkeen funtsen % 25, gutxienez, Afrikan garatuko diren ekimenetara bideratzeko konpromisoa hartu du bere gain. Halaber, Senegal lehentasunezko herrialdetzat jo da.
Bigarrena.– Aprofes elkartea gizarte zibiletik sortu zen 1987. urtean, emakume gazteen talde batek uste zuelako garapen-programek porrot egitearen arrazoia emakumeen kezkak aintzat ez hartzea zela. Emakumeek zuzentzen dute eta herri-dinamikatik sortu eta lanbide, jatorri sozial, arraza, erlijio eta sinesmen politiko desberdinetako emakumeak biltzen dituen elkartea da, beste asko ez bezala. Emakumeen sustapenari laguntzea du xede, sozioekonomiaren eta kulturaren arloetan (emakumeen berariazko premiei erantzunez), baita emakumeen lidergoa sor dadin ahalbidetzea ere, eta horretarako, tokiko biztanleen (batik bat, emakumeen eta gazteen) ekimenei babesa ematen die hainbat programaren bitartez: prestakuntzako, heziketako, intzidentziako, produkzio-jarduerei laguntzeko eta bizi-kalitatea hobetzeko programen bitartez, eta bereziki erreparatuta emakumeen aurkako indarkeriak murrizteari.
Hirugarrena.– Garapenerako Lankidetzaren 2014-2017 aldirako III. Plan Zuzentzailean lehentasunezko 22 herrialde finkatu dira, eta Senegal da horietako bat. 2016. urtean, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia Senegalera joan zen, besteak beste, herrialdeko lankidetza-agente garrantzitsuak ezagutzera, haiekin aliantzak egin eta sinergiak sortu ahal izateko. Bazkide estrategiko potentzial izan zitezkeen hainbat agente identifikatu zituzten, eta horietako bat da Aprofes, emakumeek zuzentzen duten elkartea, erreferente dena emakumeen ahalduntzeari eta genero-indarkeriaren aurkako borrokari dagokionez.
Aurrekoak kontuan izanda, bi alderdiek hitzarmen hau sinatu dute, ondoren adieraziko diren klausulei jarraikiz,
KLAUSULAK
Lehenengoa.– Hitzarmenaren xedea.
Hitzarmen honen xedea da Kaolack departamentuan (Senegal) Keur Socé-ko landa-komunitateen eskubideak –ekonomiaren, gizartearen, kulturaren eta ingurumenaren arloko eskubideak– indartzen laguntzea.
Bigarrena.– Hitzarmenaren emaitzak.
1.– Hitzarmen honekin lortu nahi diren emaitzak honako hauek dira:
1. emaitza. Landa-eremuko familien gaitasunak eta emakumeen lidergoa indartzea elikadura-segurtasunerako programen, heziketaren eta emakumeen aurkako indarkeriaren arreta/prebentzioaren bitartez.
2. emaitza. Aprofes elkartearen kudeaketako gaitasunak eta gaitasun estrategikoak indartzea, Senegalgo landa-komunitateetan emakumeen lidergoa sustatzeko erreferentziako elkartea den aldetik.
2.– Aurreko emaitzak lortzeko jarduerak eta emaitzak neurtzeko adierazleak erantsitako plangintzari buruzko ideia nagusian zehaztu dira.
Hirugarrena.– Jarduerak egikaritzeko epea.
Jarduerak egikaritzeko epea 24 hilabete izango da, hitzarmena sinatzen denetik aurrera.
Laugarrena.– Izenpetzen duten alderdien aurrekontu-ekarpenak.
Aurreko klausulan adierazitakoa egiteko aurreikusitako kostua berrehun eta berrogeita hamar mila (250.000,00) euro da; kopuru hori xehatuta ageri da erantsitako aurrekontu-taulan.
Era berean, Aprofes elkartea aurreko klausuletan hitzartutako ekintza guztien egikaritzapenaren eta kudeaketaren koordinazio teknikoaz arduratuko da, eta baita erantsitako plangintzari buruzko ideia nagusian jasotakoen egikaritzapenaren eta kudeaketaren koordinazio teknikoaz ere.
Eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak berrehun eta berrogeita hamar mila (250.000,00) euroko ekarpena egingo du. Zenbateko hori honela ordainduko zaio Aprofes elkarteari:
% 30, hau da, hirurogeita hamabost mila (75.000,00) euro, hitzarmena sinatu ostean.
Beste % 30 osagarri bat, hau da, hirurogeita hamabost mila (75.000,00) euro, diru-laguntzaren % 24ko edo hortik gorako zenbatekoa justifikatu ondoren. Horretarako, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziara dagokion txosten tekniko-finantzarioa igorri beharko da.
Gainerako % 40a, hau da, ehun mila (100.000,00) euro, diru-laguntzaren % 48ko edo hortik gorako zenbatekoa justifikatu ondoren. Horretarako, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziara dagokion txosten tekniko-finantzarioa igorri beharko da.
Proiektuaren % 100 sei hilabeteko epean justifikatu beharko da, hitzarmenaren amaiera-datatik aurrera zenbatzen hasita.
itzarmen honetan aurreikusitako diru-laguntza bateragarria da beste edozein erakundek, publikoak nahiz pribatuak, helburu berarekin eman litzakeenarekin, betiere horren ondorioz, gainfinantzaketarik sortzen ez bada. Gainfinantzaketa egonez gero, diru-laguntza dagokion gehieneko mugaraino murriztuko da.
Bosgarrena.– Hitzarmenaren jarduera ekonomikoak egikaritzeko soilik erabili behar duen banku-kontua.
Aprofes elkarteak SN011 02030 01400851877933 zenbakiko banku-kontua erabiliko du Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak hitzarmen hau egikarituz transferituko dizkion funtsak kudeatzeko kontu gisa (CFA frankotan).
Seigarrena.– Ondasunen jabetza eta jabetza intelektuala.
1.– Hitzarmen honetan aurreikusitako finantzaketarekin eskuratutako ondasunak Aprofes elkartearenak, elkarteko kide diren erakundeenak eta xede-biztanleriarenak izango dira.
2.– Hitzarmen honetako finantzaketarekin garatutako dokumentu eta materialen jabetza intelektuala Aprofesi eta elkarteko kide diren erakundeei dagokie.
Zazpigarrena.– Jarraipen Batzorde Mistoa.
1.– Jarraipen Batzorde Misto bat eratuko da, hitzarmen honetan aurreikusitako jardueren jarraipena, gauzatzea eta koordinazioa bermatzeko; batzordea osatuko dutenak honako hauek dira:
Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren bi ordezkari, Zuzendaritzak izendatuak; haietako bat Batzordeko presidentea izango da, eta bestea, idazkaria.
Aprofes elkartearen bi ordezkari, organo eskudunak izendatuak.
2.– Batzorde horrek ohiko bilkura egingo du gutxienez lehenengo egikaritzapen-urtearen amaieran eta/edo 1. txosten tekniko-finantzarioa aurkeztu ondoren, eta bigarren aldiz, hura amaitzean, azken txostena aurkeztu ondoren.
3.– Salbuespenez, batzordekideek egokitzat ikusten dutenean eta, hala badagokio, batzordekide batek eskatzen duenean bildu ahal izango da Jarraipen Batzorde Mistoa.
4.– Jarraipen Batzordearen erregimen juridikoak Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean kide anitzeko organoei buruz jasotako arauei jarraituko die.
Zortzigarrena.– Hitzarmena suntsiarazteko arrazoiak.
Hitzarmen hau izenpetu duten alderdiek honako hau hartuko dute hitzarmena suntsiarazteko arrazoitzat: hitzarmenean bildutako estipulazioak eta indarrean dagoen legerian hitzarmenaren nondik norakoei buruz jasotako beste edozein estipulazio ez betetzea.
Bederatzigarrena.– Funtsezko aldaketak.
Aprofes elkarteak baimena eskatu beharko du Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzian, proiektuan funtsezko aldaketak eta luzapenak egitea dakarren edozein aldaketa egin aurretik. Aldaketa horiek Jarraipen Batzorde Mistoaren esparruan aztertuko dira. Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziari dagokio proposatutako aldaketak onartzea.
Hamargarrena.– Hitzarmenaren iraupena eta aldaketa.
1.– Sinatu eta hurrengo egunetik hasiko da indarrean hitzarmena eta 2021eko ekainaren 30era arte luzatuko da.
2.– Hitzarmena bi alderdiak ados jarrita amaitu ahalko da.
3.– Era berean, Hitzarmena izenpetu duen edozein alderdik bere kabuz eman ahal izango du amaitutzat hitzarmena, betiere idazki bidezko aurreabisua tarteko, eta gutxienez hiru hilabeteko aurrerapenarekin jakinaraziko zaio beste alderdiari.
4.– Hitzarmena bi alderdiak ados jarrita luzatu ahalko da lau urtera arte, hitzarmena amaitu baino hilabeteko aurrerapenarekin gutxienez.
Bi alderdiek, ados daudela eta adierazitako guztia onartzen dutela erakusteko, dokumentu hau sinatu dute, bi aletan, idazpuruan adierazitako lekuan eta egunean.
Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendaria,
PAUL ORTEGA ETCHEVERRY.
Aprofes Elkartearen Presidentea,
BINTA SARR ANDREA.