EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-02-07 Aldizkari honetan argitaratua: 2018027

AGINDUA, 2018ko urtarrilaren 30ekoa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, zeinaren bidez Leintz-Gatzagako (Gipuzkoa) Dorleta santutegia monumentu-kategoriako kultura-ondasun gisa inskribatzen baita Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Nagusian.

Xedapenaren data: 2018-01-30
Hurrenkenaren zenbakia: 201800694
Maila: Agindua

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2017/09/20an argitaratutako 2017/09/18ko EBAZPENA [201704538]

Euskal Autonomia Erkidegoak, Konstituzioko 148.1.16 eta Estatutuko 10.19 artikuluen babesean, eskumen osoa bereganatu zuen Kultura Ondareari dagokionez. Aipaturiko eskumen horretaz baliatuz, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legea onartu zen, kultura-interesa duten Euskal Autonomia Erkidegoko ondasunak deklaratzeko prozedurak arautzen dituena.
Leintz-Gatzagako (Gipuzkoa) Dorleta Santutegiak kultura aldetik duen interesa ikusita eta haren kultur balioan oinarrituta, eta indarrean dagoen legerian xedatutakoari jarraituz, Kulturako sailburuordeak erabaki zuen Dorleta santutegia Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Nagusian sartzeko espedienteari hasiera ematea, 2017ko irailaren 18ko Ebazpenaren bidez (irailaren 20ko EHAAn argitaratu zen, 180. zenbakian).
Espediente horren administrazio-izapidean, jendaurrean jarri zen espedientea, eta interesdunei entzunaldia emateko epea ireki zen, betiere lehen aipaturiko 7/1990 Legearen 17. eta 11.3 artikuluetan eta harekin bat datozen gainerako xedapenetan ezarritakoarekin bat etorriz.
Jendaurrean jarri eta interesdunei entzunaldia emateko izapidea irekita, ez zen alegaziorik aurkeztu.
Hori guztia dela eta, aipaturiko 7/1990 Legearen 17. artikuluan oinarrituz, aintzat hartuta Euskal Kultura Ondarearen Zerbitzu Teknikoek egindako txostena, eta Kulturako sailburuordearen proposamenez, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Leintz-Gatzagako (Gipuzkoa) Dorleta santutegia Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Nagusian inskribatzea, monumentu kategoriako kultura-ondasun gisa.
Bigarrena.– Ondasun horren deskribapen formala egitea, agindu honen I. eranskinean agertzen den mugaketaren arabera eta II. eranskineko deskribapenarekin bat etorrita, betiere Euskal Kultura Ondareari buruzko Legean ezarritakoa betetzeko.
Hirugarrena.– Agindu honen berri ematea Jabetza Erregistroan, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 26. artikuluan ezarritakoa betetzeko.
Laugarrena.– Eskaera egitea Leintz-Gatzagako Udalari, higiezin hori babes dezan udal hirigintza-plangintzan sartuz.
Bosgarrena.– Agindu honen berri ematea interesdunei, Leintz-Gatzagako Udalari, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Turismo, Gazteria eta Kirol Departamentuari eta Mugikortasun eta Lurralde Antolaketa Departamentuari, bai eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailari ere.
Seigarrena.– Inskribatze-agindu hau argitara ematea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Inskribatze-agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, interesdunek aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez diezaiokete Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, edo bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari, bi hilabeteko epean, agindu hau azkenekoz argitaratu eta biharamunetik hasita.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko urtarrilaren 30a.
Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,
BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.
I. ERANSKINA
MUGAKETA
a) Mugaketa.
Mugaketak eraikina bera eta haren ingurumaria hartzen ditu. Horrela, eremuak muga hauek ditu: iparraldean, Santutegiaren iparraldeko fatxadari atxikitako seroren etxebizitza hartzen du barnean mugaketak; mendebaldean, atxikitako zuhaizti-eremua gainerako parajetik bereizten duen euste-hormaraino heltzen da muga; ekialdean, Santutegiaren fatxadatik igarotzen da, eta bertara heltzeko bidetik jarraitzen du; eta, hegoaldean, atxikitako zuhaizti-gune guztia hartzen du barnean mugaketak.
b) Justifikazioa.
Proposatutako mugaketa Leintz-Gatzagako Dorletako Santutegiaren balioa babestu beharrak justifikatzen du, bai ingurumenaren alorrean duen balioa, bai ikusteko duena. Katalogatutako ondasuna behar bezala babesteko eta bere balioa emateko, beharrezkoa da ingurune hori babestea; beraz, eraikuntzari espazialki eta funtzionalki atxikitako guneak ere babestu behar dira, Santutegiaren berezko izaera gordetze aldera; horrekin batera, euren balioa nabarmentzeko gune bat egokitu behar da. Horregatik, hauek barne hartzen ditu mugaketa honek: eraikina bera; atxikitako zuhaizti-eremua, Santutegiaren parean dagoena, eta iparraldeko fatxadari atxikitako seroren etxebizitza.
II. ERANSKINA
DESKRIBAPENA
Dorletako Santutegia Leintz-Gatzaga (Gipuzkoa) udalerrian dago, ingurune natural bateko harkaitz-muino txiki baten goiko aldean, bailara defendatzen zuen gazteluaren hondarren gainean, zeina eraiki baitzen gatz-iturburua babesteko eta Donejakue Bideko erromesak hartzeko.
Oso antzinakoa da tenplu honen jatorria. Hori ematen dute aditzera dokumentu-iturrien arabera XI. mendetik gatz-ustiategi bat existitzeak eta inguruetan nekropoli bat aurkitzeak (XI-XII. mendeak). Horregatik, argi dago garai hartan bazela Dorlasen eremu honetako gatz-iturriak lantzen zituen herri bat, eta, bestalde, badaude adierazleak garai berean kokatzen dutenak Dorletako tenplua, Donejakue Bideko ibilbideetako batean kokatua eta bere biztanleen beharrizan erlijiosoei erantzuten ziena. Aitzitik, ez dago ezer argirik tenpluaren jatorriari dagokionez.
Domingo Bergareche jaunak Leintz-Gatzagari eta Dorletako Amabirjinaren Santutegiari buruzko bere ohar historikoetan dioenaren arabera, «jada zenbatzen ez diren garai haietako laino trinkoetan bildua dago Dorletako Santutegiaren jatorria, eta, bere jatorrizko sorreraren inguruan, alperrik da zehaztasun eta aieruetan sar gaitezen, garai urrun haietako daturik ez baita.»
Santutegiari buruzko liburu eta agiriak antzinatasun historikokoak dira, gutxienez X. mendekoak, parrokia izan zen garaikoak, hain zuzen ere, 988. urtekoak, «Donemiliaga Kukullako Kartularioa» agiri edo aipamenaren urtekoak. Halere, Domingo Bergarecheren arabera, «paper solte batzuek eta XVII. mendearen amaieran bertan egindako obrekin hasten den kontuen liburuak ematen dizkiguten datuak baizik ez ditugu egun».
Halaber, «Generalidades del Valle de Léniz» liburuan (lehenengo zatia) zehaztutakoaren arabera, Dorletako Santutegiak parrokia kategoria galdu zuen 1331. urtean, eta Donemiliagako jurisdikzioaren meneko izatera igaro zen, zeina hiribilduaren harresiz barneko aldean kokatua baitzen.
Egungo trazaketa Felipe de Ezcurrak egin zuen, nahiz eta trazaketa hori egile batek baino gehiagok burutu. Eraikina XVII. mendearen azken herenean eta XVIII. mendearen hasieran altxatu zen.
Gurutze latindarreko oinplanoa duen eliza bat da, zeinaren nabe nagusia lunetodun kanoi-ganga batek estaltzen baitu; lunetok erdi-puntuko parpain-arkutan eutsiak dira. Ebanjelioaren aldea arku karpaneleko kapera batean dago, Sortzez Garbiari eskainitako kapera; gaur egun txirrindularien erakustoki txiki bat da, Dorleta baita txirrindularien zaindaria. Kapera hori ertz-gangek estaltzen dute, eta, sarrerako arkuaren gainean, Uriarteren ezkutua dago –dorretxe bat eta inguruan 14 arrosa–. Nabe nagusiaren alde horretan dago pulpitua ere.
Transeptua nabe nagusiko gangaren tipologia bereko ganga batek estaltzen du, eta, ebanjelioaren aldean, San Juan Bautistaren erretaula dago, epistolaren aldearen antzeko ezaugarri formal eta estilistikoak dituena, Santa Luziari eskainia. Transeptuaren alde horretan bertan, San Joseren beste erretaula bat ere badago, aurreko biak bezala, XVII-XVIII. mendeetakoa.
Gurutzadura petxinen gaineko kupula batek estaltzen du, zeinek ebanjelioen irudiak baitituzte. Haren gaineko aldean, linterna bat dago.
Nabe nagusiaren hondoan, absidea dago, angeluzuzena, eta hori ere lunetodun kanoi-gangak estaltzen du; lunetok erdi-puntuko parpain-arkutan eutsiak dira. Hor dago erretaula nagusia, barrokoa, Dorletako Andre Mariaren irudiarekin. Irudi horri dagokionez, «Generalidades del Valle de Léniz» liburuaren (lehenengo zatia) arabera, «Baliteke egungo irudia ez jatorrizkoa izatea, 1331. urteko hiri-gutunaz geroztik, aldaketa handiak gertatu baitziren santutegian, eta Dorletako Andre Mariaren estatua txiki polikromatuaren faktura XIII-XIV. mendeetakoa da». Ondorioz, esan liteke egungo irudia tailu gotiko bati dagokiola. Erretaulan, birjinaren bizitzako irudiak ageri dira.
Kanpoan, hegoaldeko fatxadak –Santutegiaren fatxada nagusia– ate barrokoa du, bi gorputzek osatua. Behekoa sarrera dintelatu batez osatua dago, baketoiz markoztatua eta pilastra bikoteen ondoan, zeinen gainean baitago triglifo eta metopaz osatutako frisoa dituen taulamendu bat. Gorputz horren gainean, goikoak idi-begi nagusi bat du, eta alboetan pilastra bikoteak, bolutak alboetan eta taulamendu bat bolek errematatutako frontoi triangeluar bat duena. Atea egurrezkoa da, burdinazko zumitzekin.
Halaber, fatxada horretan eta gurutzadan, hegalaren pean, tailatutako buru batzuk kontserbatzen dira, lekukotza erromaniko bakar gisa. Haietariko bat gizonezko pertsonaia bat da, bizarduna, beste bat, emakumea, eta, hirugarrena zaila da identifikatzen, munstro-buru bat dirudi.
Ekialdeko fatxadan, beste sarbide bat dago, dintelatua eta bakoiz markoztatua. Atea egurrezkoa da, burdinazko zumitzezko errematxeekin. Erremate bat du, harrizko erlaitzduna eta irtengune lodiekin markoztatua. XVIII. mendeko kanpai-horma handi batek koroatzen du, zeina bi gorputzek osatzen baitute: behekoa, erdi-puntuko bi arkurekin, eta, goikoa, burdina forjatuzko gurutze batez koroatua.
Azkenik, iparraldeko fatxadari atxikia, seroren etxea dago, «Generalidades del Valle de Léniz» (lehenengo zatia) liburuak dioen bezala, «Haien esku zegoen tenplua garbitu eta apaintzea, eta erromes eta erlijiozaleentzako hari atxikitako ostatuaren zerbitzua. Liburuen arabera, "haien doteekin biltzen ziren eta komunitatean zintzoki bizi ziren» emakumeak ziren.