EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-02-07 Aldizkari honetan argitaratua: 2017027

EBAZPENA, 2017ko abenduaren 29koa, Ingurumeneko sailburuordearena, zeinaren bidez ebazten baita Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuaren 2017ko uztailaren 19ko Aginduak egin zuen deialdia. Agindu hartan, diru-laguntza batzuetarako deialdia egin zen garapen iraunkorreko ekintzak gauzatzen dituzten udal, mankomunitate eta beste toki-entitate eta tokiko erakunde autonomo, toki-garapenerako agentzia eta tokiko merkataritza-sozietateetarako, eta deialdi horretarako oinarri arautzaileak ezarri ziren.

Xedapenaren data: 2017-12-29
Hurrenkenaren zenbakia: 201800693
Maila: Ebazpena

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2017/07/24an argitaratutako 2017/07/19ko AGINDUA [201703734]

Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuaren 2017ko uztailaren 19ko Aginduaren bidez, 2017rako diru-laguntza batzuetarako deialdia egin zen, garapen iraunkorreko ekintzak gauzatzen dituzten udal, mankomunitate, beste toki-entitate eta tokiko erakunde autonomo, toki-garapenerako agentzia eta tokiko merkataritza-sozietateetarako. Agindu hori 2017ko uztailaren 24an argitaratu zen Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, 140. zenbakian.
Eskariak aurkezteko epea 2017ko irailaren 14an amaitu zen, eta guztira 141 eskari iritsi ziren Ingurumen Sailburuordetzako egoitza elektronikora.
Organo ebaluatzaileak, 2017ko uztailaren 19ko Aginduko 14. artikuluaren arabera betiere, aztertu eta balioetsi ditu dirulaguntza-eskariak eta egin du zegokion ebazpen-proposamena (berariaz horretarako osatu zen organo hori). Ebazpen horretan dago zehazturik, esleipen-irizpideak betez eta aurrekontu-mugak gainditu gabe, aginduaren argitan zer proiektu diren diru-laguntza jasotzeko modukoak eta diru-laguntzaen zenbatekoa, eta zer proiektu ezetsi diren eta zergatik.
2017ko uztailaren 19ko Aginduko 3.2 artikuluan jartzen du ezen, nahikoa eskari aurkeztu ez bada edo aurkeztuek baldintzak betetzen ez badituzte, eta, ondorioz, jarduera-ildoren baterako gordetako diru guztia ez bada agortzen, beste jarduera-ildo baterako jasota dagoen kopurura batu ahal izango dela, betiere organo ebaluatzaileak horretarako egiten duen proposamenarekin bat etorriz.
Ildo batzuetan ez da agortu diru guztia: Aldaketa klimatikoa eta atmosfera; Ondare naturala eta biodibertsitatea; eta Ekonomia zirkularra. Bada, organo ebaluatzaileak erabaki du banatu gabe geratu den diru hori Lurzoru kutsatuetarako aurrekontura gehitzea.
Behin aurrekontuen doiketa egin ondoren, aurrekontuan badago nahikoa diru Lurzoru kutsatuen ildoan 50 puntu edo gehiago dituzten proiektu guztiei diru-laguntzak emateko, harik eta dirua agortu arte.
Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuaren 2017ko uztailaren 19ko Aginduko 11. artikuluan ezarrita dagoenez –han baitaude arauturik diru-laguntzak–, aurkeztu beharreko agiriak aurkezteko esan zaie 10. artikuluan zehazturik dauden dokumentu guztiak aurkeztu ez dituztenei edo 2.2 artikuluko baldintzak betetzen dituztela egiaztatu ez dutenei edo aginduan eskatzen zen beste edozer falta zutenei. Amaitu da dokumentazioan eginiko hutsak zuzentzeko epea, baina ez dute beste agiririk ekarri, eta, hortaz, ulertu behar da II. eranskinean zehazturik dauden erakundeek ez dutela eskaririk egin.
Beste batzuek, gainera, atzera egin dute, beren kasa: Valle de Trapaga-Trapagarango Udalak eta Hondarribiko Udalak Lurzoru kutsatuetarako eskaria erretiratu dute; eta Abanto y Ciérvana-Abanto Zierbenako Udalak, Oiartzungo Udalak (Ander Santesteban) eta Tolosako Udalak Iraunkortasunerako heziketarako eskaria erretiratu dute.
Ingurumeneko sailburuordeak du eskua behin betiko erabakitzeko nori eman diru-laguntza eta zenbat, betiere 2017ko uztailaren 19ko Aginduko 17. artikuluan xedaturik dagoen moduan.
Deialdia egiteko aginduko 17. artikuluaren arabera, diru-laguntzok banatzeko –Iraunkortasunerako heziketakoak izan ezik–, norgehiagoka-prozedura erabili behar da, hala jartzen baitu Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategineko 51.4 artikuluan (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartu zen); eta, 50 puntu baino gehiago eskuratu dituzten proiektuen artean, hurrenkera hartuko da kontuan baldin eta, soil-soilik, aurrekontuetan nahikoa diru ez badago balorazio-aldian 50 puntu baino gehiago lortzen dituzten proiektu guztietarako. Halakoetan, puntu gehien dituztenei emango zaie laguntza lehenen, harik eta jarduera-ildo bakoitzeko aurrekontu-kreditua amaitu arte.
Ikusi ditugu: Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuaren 2017ko uztailaren 19ko Agindua, han baitaude arauturik eta konbokaturik ebazten ari garen diru-laguntzak, honako hauei zuzenduta daudenak: garapen iraunkorreko ekintzak gauzatzen dituzten udal, mankomunitate eta beste toki-entitate eta tokiko erakunde autonomo, toki-garapenerako agentzia eta tokiko merkataritza-sozietateak; apirilaren 11ko 77/2017 Dekretua, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duena; 24/2016 Dekretua, azaroaren 26koa, Lehendakariarena, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta haien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena; 30/1992 Legea, azaroaren 26koa, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena, eta orokorrean aplikatu beharreko gainerako arauak. Horrenbestez, hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Ebazpen honetako I. eranskinean zehazturik dauden entitateei diru-laguntza ematea. Han bertan dago zehazturik zer proiektutarako eta zenbat.
Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuaren 2017ko uztailaren 19ko Aginduko 23. artikuluan xedaturik dagoen bezala ordainduko dira diru-laguntzak.
Bigarrena.– Ebazpen honetako II. eranskinean argitaratzea, zerrenda batean, zer dirulaguntza-eskari ezetsi dugun.
Hirugarrena.– Ebazpen honetako III. eranskinean zehaztu ditugun entitateei ez diru-laguntzarik ematea, betiere Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuaren 2017ko uztailaren 19ko Aginduan erabakitakoaren arabera. Arrazoiak ere eranskin horretan datoz.
Laugarrena.– Agintzea ordain dakiela, I. eranskinean zehazturik dauden entitateei, ebazpen honen bidez emandako diru-laguntzen lehen zatia.
Diru-laguntzaren gainerako zatiak ordaindu aurretik, onuradunek zenbait agiri aurkeztu behar dituzte. Hala dakar Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuaren 2017ko uztailaren 19ko Aginduko 22. eta 23. artikuluetan.
Agindu horretako 19. artikuluan datozen obligazioak ere bete beharko dituzte onuradunek.
Bosgarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadin agintzea, interesdunei jakitera ematearren –hala egin behar baita Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuaren 2017ko uztailaren 19ko Aginduko 18.1 artikuluaren arabera–, eta publikotasun-printzipioa betetzearren, hala behar baita egin diru-laguntzak emateko prozedura orotan.
Seigarrena.– Baldintza-orriak banan-banan denei jakinaraz dakizkien agintzea, diruz lagundutako proiektuak Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuaren 2017ko uztailaren 19ko Aginduko 18. artikuluaren arabera gauza daitezen.
Zazpigarrena.– Ebazpen honen aurka -ez baitu administrazio-bidea agortzen-, gorako errekurtsoa aurkez dakioke Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuari, jakinarazten denetik hilabeteko epean, hala dakar-eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeko 121. eta 122. artikuluetan eta hirugarren xedapen iragankorreko c apartatuan.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko abenduaren 29a.
Ingurumeneko sailburuordea,
MARIA ELENA MORENO ZALDIBAR.
I. ERANSKINA
EMANDAKO LAGUNTZAK
II. ERANSKINA
LAGUNTZEN ESKAERAN ATZERA EGIN DUTENAK
III. ERANSKINA
UKATUTAKO LAGUNTZAK