EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-02-06 Aldizkari honetan argitaratua: 2018026

EBAZPENA, 2018ko urtarrilaren 26koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez Berangoko (Bizkaia) Hiri Antolamenduko Plan Orokorreko SZ-RA Hirigintza Antolamenduko Eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa egiten baita.

Xedapenaren data: 2018-01-26
Hurrenkenaren zenbakia: 201800659
Maila: Ebazpena
AURREKARIAK
Berangoko Udalak, 2017ko irailaren 26an, eskabide bat aurkeztu zuen ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozeduraren izapideak egiten hasteko, honako plan honi dagokionez: Berangoko Hiri Antolamenduko Plan Orokorreko SZ-RA Hirigintza Antolamenduko Eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Berezia; aurrerantzean, Plana. Eskaerarekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu ziren, hala nola planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikuluan ezarritako edukia zuela. Gainera, ingurumen-dokumentu estrategikoan, dokumentu hori egin duten pertsonak aipatzen dira, sinatuta dago eta amaiera-data dauka.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikulua betetzeko, 2017ko azaroaren 6an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak egoki iritzitako oharrak egiteko eskatu zien zenbait erakunderi, ohar horiek oinarritzat hartuta ingurumen-organo horrek ingurumen-txosten estrategikoa egin zezan. Zehazki, kontsulta egin zitzaien Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzari eta Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendariordetzari –biak Eusko Jaurlaritzarenak–, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritzari eta Bizkaiko Ekologistak Martxan elkarteari. Era berean, Berangoko Udalari izapidearen hasieraren berri eman zitzaion.
Halaber, espedientean jasotzen den dokumentazioa eskuragarri ipini zen Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumen-arloan egoki iritzitako oharrak egiteko.
Behin abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan ezarritako epea amaituta, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren eta Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara eta Kulturako Sailaren txostenak jaso dira, eta espedientean bertan islatu da haien emaitza.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, lege horren helburua da ingurumenean ondorio adierazgarriak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautu behar duten oinarriak ezartzea. Eta, horrenbestez, ingurumenaren babes-maila handia bermatzen du lege horrek, garapen jasangarria sustatzeko helburua izanik.
Era berean, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, besteak beste, ingurumenaren gaineko ondorioen analisia plangintza-prozesuaren lehen faseetan egingo dela, betiere aukerarik egokienak hautatzeko asmoz, eta aintzat hartuta hor gauzatuko diren jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak.
Ebazpen honetan aztergai den Berangoko Hiri Antolamenduko Plan Orokorreko SZ-RA Hirigintza Antolamenduko Eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Berezia ez dago Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren IA eranskineko kasuen barruan –ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren aplikazio-eremua ezartzen du–, ez baitu ezartzen legez ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioa egin behar zaien proiektuak etorkizunean baimentzeko esparrurik eta ezin baitie eragin Natura 2000 Sareko guneei ezta ondare naturalari eta biodibertsitateari buruzko oinarrizko legeria edo Euskal Autonomia Erkidegoko natura zaintzeko legeria aplikatuz emandako arau-xedapen orokorrek edo nazioarteko hitzarmenek eragindako ingurumen-babeserako erregimenen bat duten eremuei ere, lekuaren kudeaketarekin loturarik izan gabe.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan aurreikusten da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasa behar diren planak eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo planen edo programen gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra, haiek ingurumenerako eragin nabarmenak ekar litzaketelako.
Aipatutako 6.2 artikuluan honako hau zehazten da, besteak beste: planak eta programak, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren eremuan egon ez baina proiektuak etorkizunean baimentzeko esparrua ezartzen dutenak izanik, ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatu batetik pasa beharko dira, zeinaren prozedura 29. artikulutik 32.era bitartean arautzen baita; guztia ere, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen V. eranskinean ezarritako irizpideekin bat etorriz.
Aztertuta geratu dira Berangoko SZ-RA Hirigintza Antolamenduko Eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko txostenak eta dokumentazio teknikoa, eta kontuan hartu da ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdiekin bat datorrela. Horrenbestez, txosten horiek aintzat hartuta, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak –ingurumen-arloko organo eskuduna den aldetik otsailaren 27ko 3/1998 Legearen eta Ingurumen eta Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera– judizio-elementu nahikoa dauka, eta, beraz, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du, zeinak Planaren proposamenean ingurumen-arloko alderdiak sartzearen alde egiten baitu eta Plana aplikatzearen ondorio adierazgarrien aipamena jasotzen baitu, baita sartu behar diren azken oharrak ere, soilik ingurumen arlokoak.
Hauek guztiak aztertu dira: Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra; Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legea; Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretua; Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; Sektore Publikoko Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legea eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Berangoko indarreko Hiri Antolamenduko Plan Orokorreko SZ-RA Hirigintza Antolamenduko Eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziari buruzko (aurrerantzean, Plana) ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea, Berangoko Udalak sustatua, jarraian adierazten diren zehaztapenekin:
A.– Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.
Planaren xedea da 847 m
Planaren helburua da baserriaren barrualdea birmoldatzea eta 4 etxebizitza eraikitzea. Horretarako, gaur egun daukan kalifikazioa aldatzen da; bizitza bateko edo biko tipologia duen bizitegirako isolatua izatetik, etxebizitza familiar isolatua izatera pasatzen da, partzelako 4 etxebizitza onartzen duen tipologiaduna.
Ez dira aldatzen indarrean dagoen Hiri Antolamenduko Plan Orokorreko eraikigarritasuna eta beste parametro batzuk. Era berean, ez dago zertan aldatu ez urbanizazioa ezta dauden azpiegiturak ere (ur-hornidura, hondakin-uren eta euri-uren saneamendua, hornidura elektrikoa, telekomunikazioak eta gasa), nahikoa baitira proposatzen diren etxebizitzetarako.
B.– Proposatutako planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluarekin bat etorriz, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira, Planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez zehazteko.
1.– Planaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:
a) Planak zer neurritan ezartzen duen proiektuetarako esparrua. Planak aurretiaz ezarrita dagoen antolamendu xehatua aldatzen du, eta egungo partzela pribatuaren barruan birmoldaketa bat baimendu baino ez du egiten. Aurkeztutako dokumentazioa ikusita, Planak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapenari, ezaugarriei, neurriei edo funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legedian zerrendatutako kategorietako baten batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.
b) Beste plan edo programa batzuekin duen zerikusia: Planak soilik aldatzen ditu indarrean dagoen Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean ezarritako antolamendu xehatuaren hirigintza-parametro batzuk; beraz, ez du eraginik izango beste plan edo programa batzuetan.
c) Plana egokia den edo ez ingurumen-oharpenak integratzeko, bereziki garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin bat eginik. Eraikina diseinatu da Eraikingintzaren Kode Teknikoan isolamendu akustikorako ezarritako neurriak kontuan hartuta, eta, horrek eraikinaren efizientzia energetikoa hobetuko du. Hori dela eta, Planaren xedea egokia dela irizten da garapen jasangarria sustatzen duten ingurumenaren arloko kontsiderazioak integratzeko.
d) Planarekin lotutako ingurumen-arazo esanguratsuak. Planak ez du ingurumen-eragin nabarmenik planteatzen; izan ere, Elexalde Barri baserriaren barneko egituran egingo dira lanak, kanpoko ezein elementuri eragin gabe. Ez da hauteman Plana gauzatzearen ondoriozko ingurumen-arazo adierazgarririk, betiere, besteak beste, segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, paisaiari eta kutsadura akustikoari dagokienez indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira ukitutako eremuarekin lotutako esku-hartze eta jarduerak.
e) Plana egokitzat jotzen da ingurumen-arloko legeria komunitario edo nazionala txertatzeko.
2.– Ondorioen eta agian eragina jasango duen eremuaren ezaugarriak.
Planaren eraginpean dagoen eremua hiri-lurzoru finkatuan dago sartuta, eta, bertan, ez zaio natura-inguruneko ezein faktoreri eragingo, eta Planaren aplikazioak ezin du ezein ingurumen-arrisku larriagotu.
3.– Neurri babesle eta zuzentzaileak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, Ingurumen Txosten Estrategikoak formulatzen duen ebazpenean adierazitakoarekin bat, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, Ingurumen Agiri Estrategikoan eta Planean bertan jasotakoarekin bat etorriz; hauek dira neurri horiek, besteak beste:
– Obrako langileek erabiltzeko jardunbide egokien eskuliburua.
– Hondakinen sorrera eta kudeaketa: obrak egin eta garbiketa-kanpainak dirauen bitartean sortutako hondakinak kudeatzeko, Hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta berariazko arauetan xedatutakoa beteko da.
Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko den uztailaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira eraikuntza- eta eraispen-hondakinak.
Hondakin arriskutsuak dituzten ontziek hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko oinarrizko araudia onartzen duen uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak bete beharko dituzte.
– Olio erabiliak, berriz, industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuan eta EAEn erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen irailaren 29ko 259/1988 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.
– Airearen kalitatearen eta kalitate akustikoaren babesa: era berean, zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta isuri akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-isuriei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-isuriak arautzen dituen Errege Dekretuan (otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretua, apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatua) eta arau osagarrietan ezarritakora.
Halaber, eguneko lan-ordutegian jardungo da eta kamioiak obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo kaleak erraztatzeko makina mekanikoak erabiliko dira.
– Eraikigintza eta eraikuntza jasangarria: IV. Ingurumen Esparru Programa 2020 egitasmoak eraikigintza eta eraikuntza jasangarriagoa sustatzea ezarri zuen lehentasun gisa, baliabideak euren bizi-ziklo osoan erabiltzea eta ostean ere sortutako hondakinak aprobetxatzea lehenetsiz [2017rako lehentasuna]. Horrenbestez, kontuan izan beharko dira eraikuntza jasangarriko gidetan jasotako gomendioak eraikinetan energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko, bai eta energia berriztagarriak sustatzeko ere.
Neurri horiek, gutxienez, alderdi hauetan eragin beharko dute:
– Materialak. Lehengai ez-berriztagarrien kontsumoa murriztea.
– Energia. Berriztagarriak ez diren iturrien bidez sortutako energia kopurua edo/eta kontsumoa murriztea.
– Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa gutxitzea.
– Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.
– Atmosfera. Gas, hauts, bero eta argi gutxiago isurtzea.
– Barne-kalitatea. Barruko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasungarritasuna hobetzea.
Bigarrena.– Ingurumen-dokumentu estrategikoan eta ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoa oinarri hartuta, hau zehaztea: aurrez ikusitakoaren arabera, Berangoko indarreko Hiri Antolamenduko Plan Orokorreko SZ-RA Hirigintza Antolamenduko Eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziak ez du eragin garrantzitsurik izango ingurumenean, eta, beraz, ez da ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik egin behar.
Hirugarrena.– Ebazpen honen edukiaren berri ematea Berangoko Udalari.
Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko urtarrilaren 26a.
Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,
IVAN PEDREIRA LANCHAS.