EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-02-05 Aldizkari honetan argitaratua: 2018025

EBAZPENA, 2018ko otsailaren 1ekoa, Kulturako sailburuordearena. Honen bidez, hasiera ematen zaie Elorrioko (Bizkaia) San Agustin Etxebarria eliza monumentu-izendapenez Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Nagusian sartzeko espedienteari eta espedientea jendaurrean jartzeko eta interesdunei entzuteko aldiari.

Xedapenaren data: 2018-02-01
Hurrenkenaren zenbakia: 201800624
Maila: Ebazpena
Euskal Autonomia Erkidegoak, Espainiako Konstituzioaren 148.1.16 artikuluaren eta Autonomia Estatutuaren 10.19 artikuluaren babesean, kultura-ondarearen gaineko eskumen osoa bereganatu zuen. Aipatutako eskumen hori baliatuta, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legea onartu zen, Euskal Autonomia Erkidegoko kultura-intereseko ondasunak izendatzeko prozedurak arautzen dituena.
Elorrioko (Bizkaia) San Agustin Etxebarria elizak duen kultura-interesa azterturik, eta Kultura Ondarearen Zentroko Zerbitzu Teknikoek aurkeztutako ebazpen-proposamenari jarraituz, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Hasiera ematea Elorrioko (Bizkaia) San Agustin Etxebarria eliza monumentu-izendapenez Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Nagusian sartzeko espedienteari, I. eranskinean azaltzen den mugaketaren eta II. eranskinean azaltzen den deskribapenaren arabera.
Bigarrena.– Aldi batean, jendaurrean jartzea Elorrioko (Bizkaia) San Agustin Etxebarria eliza monumentu-izendapenez Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Nagusian sartzeko espedientea. Hala, alegazioak egin eta egoki iritzitako dokumentuak aurkeztu ahal izango dira, 20 egunez, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 82. eta 83. artikuluetan ezarritakoari jarraituz. Espedientea Euskal Kultura Ondarearen Zentroan dago ikusgai (Donostia kalea 1, Vitoria-Gasteiz).
Hirugarrena.– Ebazpena interesdunei jakinaraztea, bai eta Elorrioko Udalari, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara eta Kultura Sailari eta Garraioak, Mugikortasuna eta Lurralde Kohesioa Sustatzeko Sailari, eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailari ere, egoki iritzitako dokumentuak eta justifikazioak alegatu eta aurkez ditzaten jakinarazpenaren egunetik hamabost eguneko epean.
Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratzea, herritar oro jakitun egon dadin.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko otsailaren 1a.
Kulturako sailburuordea,
JOSÉ ÁNGEL MARÍA MUÑOZ OTAEGI.
I. ERANSKINA
MUGAKETA
a) Mugaketa.
Mugaketak San Agustin Etxebarria eliza eta haren ingurumaria hartzen ditu. Horrela, eremuak muga hauek ditu: Iparraldean, mugaketa hilerriko iparraldeko horman hasi, eliz ataritik igaro eta ondoko apaiz-etxearekiko mugan bukatzen da; mendebaldean, atxikitako hilerria eta elizaren atzealdeko sarrera daude; ekialdean, aurrealdeko parkeko arboladia, eta, azkenik, hegoaldean, San Martín eta Santa Marinako kapera dago, eta udalerrira sartzeko toki-errepideraino heltzen da muga.
b) Justifikazioa.
Proposatzen den mugaketa justifikatuta dago Elorrioko San Agustin Etxebarria elizaren ingurumen-balioak eta balio bisualak babestu beharra dagoelako. Ingurunearen mugaketa beharrezkoa da katalogatutako ondasuna behar bezala babesteko eta haren garrantzia nabarmentzeko, eta berekin dakar eraikinaren ondoko espazioak –berarekin lotura espaziala eta funtzionala dutenak– babestea, elizaren berezko izaera gordetze aldera eta haren balioa azpimarratze aldera. Horregatik, erakina bera ez ezik hauek ere barne hartzen ditu mugaketak: elizaren aurrealdeko arboladia, hilerria eta San Martin eta Santa Marinako kapera.
II. ERANSKINA
DESKRIBAPENA
San Agustin Etxebarria eliza izen bereko auzoan dago, Elorriko udalerriko sarreran, herrigunetik urrun samar.
Zertxobait goititutako terraza baten gainean eraikita dago, Zumelegi ibaiaren eskuin-ertzean, eta eraiki aurretik, eremua lautu beharra izan zen. Terraza itxurako eremu horretatik, maldak behera egiten du ezponda baten erara, udalerrira sartzeko toki-errepideraino.
Dokumentu batean elizari buruz aurkitutako lehenengo aipamenaren arabera, 1053ko otsailekoa da, urte hartan Munio Sánchez jaunak eta haren emazte Leguncia andreak San Agustín Etxebarria monasterio berria sortu baitzuten, ziurrenik lehengo eliza edo monasterio baten gainean eraikita.
XII. mendearen erdialdeko obra erromanikoak monasterio prerromanikoa ordeztu zuen, ondorio hori atera baitzen zizelkatutako bost harlandu aurkitu ondoren, bostak ere dekoratuta sokekin, erregistro hirukoitzeko billeteekin edo irudi figuratiboekin (horien artean, nabarmentzekoa da hegaldun suge bat). Gangak azken aldiz zaharberritu zirenean aurkitu ziren bost harlanduak.
XV. mendearen bukaeran, San Agustin Etxebarria elizaren eraldaketa hasi zen. Batetik, eliza erromanikoa desagertu zen, eta, haren lekuan, San Martín eta Santa Marinako kapera eraiki zen; bestetik, eremua terraza erara prestatu ondoren, eliza gotiko-errenazentista eraikitzen hasi zen. Eliza horrek, XVII. mendean zenbait obra egin ondoren, egun duen itxura hartuko zuen.
San Agustin Etxebarria elizak nabe bakarra du (mendebaldetik ekialdera doana): burualdeari atxikitako dorre bat du nabeak, eta abside angeluzuzen estuago eta baxuago batean amaitzen da.
Barrualdea lau ataletan eta presbiterioan banatuta dago. Gurutze-gangek estaltzen dute nabea, lau arku zorrotz eta molduradunen bidez; gangak parpain-arku bidez banatzen dira, zorrotzak beraiek ere. Lehenengo hiru gangek sei atal dituzte, eta laugarrena, berriz, tertzeletedun ganga bat da oinen aldean. Giza-irudiekin, animaliekin edo irudi geometrikoekin landutako mentsulak dituzte euskarri. Laugarren atala, ustez, ez zegoen proiektatuta hasiera batean, eta eraikitze-prozesuan gehitu zen. Presbiterioa abside angeluzuzen estu batean amaitzen da (1607an eraiki zen), eta, hara heltzeko, pilastra batzuen gainean egindako puntu erdiko garaipen-arku batetik igaro behar da. Kanoi erdiko ganga batek estaltzen du, eta esfera-laurden batean amaituta dago petxinen gainean.
Ebanjelioaren aldean, bi kapera daude, kontrahormen artean. Lehenengoa hirugarrena atalean dago, eta kapera errenazentista bat da, Andra Maria doloretakoari eta Kristo etzanari eskainia. Hara sartzeko, puntu erdiko arku batetik igaro behar da; estaldura tertzeleteduna da eta mentsulen gainean dago. Nabearen oinarrietatik gertu, beste kapera bat dago, txikiagoa, eta, han, bataiarria dago. Oraingoan, kapera horretara sartzeko, ertz zorrotzeko eta puntu erdiko arku batetik igaro behar da, eta, kanoi erdiko ganga batek estaltzen du barrualdea. Kapera horretatik abiatzen dira korura igotzeko eskailerak. XVIII. mendeko obra barroko bat da korua, eta, dirudienez, egurrez egindako aurrekoa ordeztu zuen. Pilastra batzuek eusten diote, eta haien artean zabaltzen da, ertz-ganga batek estalia. Arku eskartzano handi bat du, eta balaustrada kalitate oneko burdinurtuz egina dago.
Presbiterioari eta lehenengo atalari atxikia, sakristia dago, Juan de Burguiña (edo Burguí) hargin-maisuak egina, 1666an. Bi eraikin-gorputz ditu, kontrahorma batek bereizita daudenak, eta bi solairutan banatuta dago. Tiradera-altzari eder bat du, XVII. mendekoa. Sakristiara sartzeko, dinteldutako ate bat zeharkatu behar da, zeinak frontoi txiki bat duen. Sakristia horretatik, pulpitura igotzen da: oinplano erdizirkularra du pulpituak eta elizako horman sartuta dago. Zutabe tortsatu bat du oinarritzat, «Errege Katolikoak» estilokoa, eta haren gainean ezartzen da pulpituaren karela. Gainean, egurrezko sabaia dago, estilo barrokokoa, eta Jesusen bihotza erakusten duen fraile bat duena burualdean.
Jatorriz, XVI. mendean, elizako hormetan zenbait fresko margotuta zeuden. Hala, gorriz margotutako harlandu simulatuen artean, han hemenka ageri ziren animaliak, aingeruak, erlijio-ikurrak eta abar, Zoritxarrez, egun, hiru zati baino ez dira kontserbatzen: bata iparraldeko horman, eta bestea hegoaldekoan.
Eliza barruko altzariei dagokienez, aipagarria da aldare nagusiko erretaula, platereskoa, eta San Agustini eskainia. Lau gorputz dauzka: lehenengo solairuan, lau ebanjelistak ageri dira; bigarren eta hirugarren solairuetako alboetako kaleetan, Jesukristoren bizitzaren zenbait pasarte erakusten dira, eta atikoan, Jesukristoren gurutziltzatzea dago ikusgai, ama eta San Juan apostulua ondoan dituela. Lehenengo bi solairuetan, erdialdeko nitxo batean, San Agustinen irudia ikus daiteke: irudi gotiko bat da, aurreko erretaula batetik datorrena. Hirugarren solairuko erdiko kalean, berriz, Ama Birjina ageri da, Jesus haurra duela.
Bolumenari eta kanpoko itxurari dagokienez, kalitate oneko hareharrizko harlandu-blokez egina dago eliza, eta bi isurialdeko estalkia du.
Historikoki, San Agustin elizak hiru sarrera zeuzkan: nagusia arku zorrotz ireki bat da, nabeko bigarren atalean zabaltzen dena hegoaldera. Parean, ebanjelioaren aldean, ojiba bat dago, itxita dagoena. Bi sarrerok 1500. urtearen ingurukoak dira. Hirugarrena, eta azkena, oinaldean dago, axiala da, eta puntu erdikoa izango zen; egun, ordea, arku karpanela dauka. Ezaugarri erabat errenazentistak dauzka, eta, horregatik, pentsatzekoa da geroagokoa dela, XVI. mendearen erdialde ingurukoa.
Elizak egun duen dorre barrokoa 1742an eraiki zen, aurreko dorre gotiko edo errenazentistaren ordez; izan ere, azken hori erre eta partez suntsitu zen 1718an, tximista batek jota. Hori dela eta, dorre berria egin zen, eta eraikuntzan, euskal arkitekturaren zenbait maisuk parte hartu zuten (Lecuona, Ibero, Lizardi eta Zuaznabar); azkenik, Francisco Javier de Arizabaletak amaitu zuen, 1742an.
Dorreak egitura lerdena du, oinarri karratua, alturako bi gorputzez osatua dago, eta kupula oktogonala du. Lau pilastra ditu euskarri, eta oinarri hutsa du, eliz atarian txertatuta dagoena. Barruan, hiru solairu ditu, eskailera helikoidal baten bidez komunikatuak. Dorre-atariaren motakoa da, Bizkaiko erlijio-arkitekturan tradizio zabala duena.
Egurrezko ataria 1661ean eraiki zen, eta eliza inguratzen du (XX. mendearen bukaeran zaharberritu zen). Atariaren teilatuari eusten dioten zutabeak, denak ere garai desberdinetakoak (XVI-XVII-XVIII. mendeetakoak) itxura askotarikoak dira.
Hegoaldeko atarian, eta elizako atearen parean, San Martín eta Santa Marinako kapera dago, gotikoa (ziurrenik, XV. mendean eraiki zen). Harlanduz egina dago, eta oinplano karratua du. Bi isurialdeko estalkia du, eta ez dauka kanpai-hormarik. Barrura sartzeko, arku gotiko zorrotz bat igaro behar da, egurrezko hesi torneatu bat duena. Barruan, lau zutabe daude, gurutze-ganga bati eusten diotenak; zoladura harrizko lauzaz egina dago. Gainera, kaperaren barruan, bi sarkofago daude, eta, tradizioak dioenez, tenpluko fundatzaileen gorpu momifikatuak gordetzen dituzte: Munio Sánchez konte durangarrarena eta haren emazte Leguncia andrearena.
Eliza-atariari atxikita, halaber, egungo hilerria dago elizaren oinetan. XIX. mendean agindu zen hura eraikitzeko, higiene-arrazoiak tarteko, eta, hartara, lehengo hilerria eliza barrutik ateratzea lortu zen. XX. mendearen hasieran, handitu zen, eta mende horren bukaeran, berriz, birmoldatu.
Elizaren eranskin gisa, apaiz-etxea dago, eta, han, komunitate-bizimodua zuten kanonigoak bizi ziren. XVI. mendean berreraiki eta altzariz hornituz zen.